2026-02-04
Blog Page 590

CIE Alurecy-ko greba amaitu da, CIE Automotiveko beste lantokietan langileen birkolokazioa bermatuko duen akordioa lortu eta gero

0

Akordioa lortzea gogorra izan da, 26 eguneko erabateko greba egin behar izan baitute langileek CIE Automotive taldeak euren eskaerak onartzeko. CIE Alurecyko langileen konpromisoa txalotu nahi dugu eta Elgetako herriaren eta inguruko langileen elkartasuna eskertu. Horrelako akordio onek erakusten dute eskubideak borrokaren bidez lortzen direla.

Ohar honen bidez jakinarazi nahi dizuegu LAB sindikatuak akordioa lortu duela Elgetako CIE Alurecy enpresako zuzendaritzarekin. Akordio horretan grebari jarri genizkion helburu guztiak lortu ditugu. Gaur gauzatutako langileen batzarrean, langileek akordioa ontzat eman dute. CIE Alurecyko langileak greba mugagabean zeuden irailaren 16az geroztik. Ordutik hainbat mobilizazio egin dituzte Elgetako lantokiaren itxieraren aurrean, lanpostuen defentsan.

LABek lortutako akordioan, langile guztien birkolokazioa bermatu da CIE Automotiveko beste lantokietan. Langile bakoitzari, gainera, gutxienez orain arte zituen soldatak eta lan baldintzak bermatuko zaizkiela hitzartu da. Langileen esku egongo da, era berean, hala nahi izanez gero, birkolokazioei uko egitea, legeak ezartzen duen kalteordaina baina handiagoaren truke.

 

 

 

Gasteizko Legebiltzarrera iritsi da Bizkaiko Metalgintzako langileen aldarria

0

Bizkaiko Metalgintzako langileen aldarriak entzun ditu, bertatik bertara, Iñigo Urkullu lehendakariak. “Bizkaiko Metala borrokan” eta “Urkullu FVEM berdin da" oihuen artean kaleratu dituzte langileak Gasteizko Legebiltzarretik, euren haserrea erakutsi ondoren. Behin kanporatuta, lan hitzarmen duin bat lortu arte borrokak aurrera jarraituko duela berretsi dugu sindikatuok, komunikabideen aurrean. "Urkulluk, berriro ere, bizkarra eman die langileei", adierazi dugu.


 

 

 

Aste osoko greba erregistratu dugu Gipuzkoako Grafikagintzan, azaroaren 4tik 8ra, hitzarmen duin baten alde

0

Greba egunez gain, mobilizazio ugari ere egingo ditugu sektorean. LABek langile guztiei dei egiten die mobilizazioetan parte hartzeko. Gaur bertan, Adegiren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, greben erregistroa bertan egin eta gero.

Ozen eta argi diogu: borroka soilik amaituko da Gipuzkoako Grafikagintza sektoreko langile guztientzako hitzarmen duina sinatuko den egunean. Zortzi greba egunen ostean, LAB, ELA eta UGT sindikatuok greba deialdi berria erregistratu dugu azaroaren 4tik 8ra negoziazioari ekin eta hitzarmen duina exijitzeko. Guztira, 13 greba egun.

Funtsezko gauzak eskatzen ari gara, egun sektoreak bizi duen egoera onarekin bat datozenak. KPItik gorako soldata igoerak, lizentziak gaurkotzea eta hobetzea, kontratazioa hobetzea eta Estatuko hitzarmenaren mehatxuaren aurrean hitzarmena blindatzea dira gure aldarrikapen nagusiak. Neurri hauek guztiak, justuak izateaz gain, lorgarriak dira. Urteetan sakrifizioak jasan ostean, sektoreko langileok behar-beharrezkoak ditugu,

Enpresariek badakite: 8 greba egun egin ditugu eta gehiago egingo ditugu akordio justua lortu arte. Lantokiak aste osoa geldiaraziko ditugu ADEGIk langile guztiontzako akordio justu bat negoziatu gabe jarraitzen baldin badu. LABek negoziaketa eta akordioa lehenesten ditu, baina ate guztiak ixten zaizkigunean, borroka egitea beharrezkoa izateaz gain, erantzukizun ariketa bat da. Patronalak akordioa nahi badu, izango du. Patronalak sindikatuetako eskaerei entzungor egiten dien bitartean, gatazka areagotuko da. Patronalak aukeratu behar du. 

 

 

 

Sexu-jazarpen kasu berri bat salatu egin dugu, azpikontratatutako garbitzaile baten kontra oraingoan, Derioko enpresa batean

Kasu hau salatzeko elkarretaratzera deitu dugu, datorren astelehenean, urriaren 14an, goizeko 11:00etan, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean.

Gertakariak 2016ko amaieran hasi egin ziren, enpresa horretako arduradun nagusi bat langilearengana zuzentzen hasten denean kafea egin ziezaion eskatuz. Ordurarte ez zuen berarekin elkarrizketarik mantendu, baina une horretatik aurrera sexu-jazarpen bati ekingo dio, gaur egun arte iraun egin duena.

Enpresako goi mailako kargu honek whatsapp bitartez mezuak idazten dizkio, lan ordutegitik kanpo eta konnotazio sexual argiarekin. Behin eta berriz deitu egiten dio, batzutan baita 5 alditan jarraian ere eta gaueko ordu txikietan. Lan egin izan duen bitartean behatu eta kontrolatu egin du, bere bulegoan sar dadila aditzera emanez. Espazio isolatu eta txikietan topaketak bilatu ditu, eta, langilea etxera itzultzen zegoela, tren geltokirako bidean, bere atzetik ibiltzera ailegatu izan da.

Denbora luzez, langileak ez zuen salaketarik jarri errepresaliak pairatzeko beldurragatik. Lan zentro honetan ematen zuen bere lanaldiko atalik handiena, bertan egiten zituen lan ordu gehienak. Ondorio negatiboen beldur zen, bai garbiketa enpresaren aldetik, baita bezeroaren aldetik ere, azken honetan, akosatzailea lehen lerroko kargua zelako. Hilabete askotan zehar bortitza eta umiliagarria zitzaion egoera bat sufritu behar izan du, azkenean gaixoarazi egin diona. Gaur egun antsietate handiko jazoerak pairatzen ditu.

Emakume langile honen ausardia azpimarratu nahi dugu. Lan eremuan, emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria kasuak egunero ematen dira, baina esaten eta salatzen ez den errealitate bat da. Salaketa jartzen duen emakumearen integritatea bermatzeko baliabide instituzionalen faltari eta gaur egungo justizia patriarkalak eragiten duen konfidantz faltari, elementu berriak gehitzen zaizkio: lana galtzeko beldur eta mehatxu latentea, alegia.

Salaketa sartzera ausartzea ez da erraz, horregatik langileak izan duen duintasuna eta kemena balioan jarri nahi dugu. Era berean, LAB sindikatutik jakitera ematen dugu lan eremuan ematen den indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarraituko dugula. Kasu honi aurre egingo diogula bide juridikotik, baina batez ere, antolatutako ekintza sindikaletik. Ahizpatasun eta elkar zaintzako mekanismoak martxan jarriko ditugu, oraindik eta indartsuagoak izan gaitezen eta irmotasunez erantzungo diogu emakumeen aurkako indarkeria seinale txikienari ere.

 

 

 

Cristina Uriartek eskola jangeletako iruzurra elikatu du

0
Behin jangeletako iruzurraren ardura politikoak berretsita, LABek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Departamentuari Eskola Jangela publikoen eredu berri bat eraikitzen has dadila exijitzen dio.

Sailburu ezberdinen interes falta agerian geratu da, tartean Cristina Uriarterena. Urteotan, enpresa batzuen aberastasuna elikatzen egon da eskola jangeletako langileon kaltetan.

Gogoratu behar dugu iruzurraren diruaren erdia, 35 milioi euro, pertsonalaren partidari dagokiola, eta denbora horretan guztian zehar, azpikontratazio eta prekarietate maila itzela sufritzen egon da.

Iruzurrak hamar urte iraun du, eta kolektiboa duintzeko emandako pausuak hutsaren hurrengoak izan dira.

Hau guztia posible izateko, Administrazioak eskuak gurutzatuak izan ditu. Horrela egin du argi eta garbi, ez du inolako kontrol neurririk jarri aurrekontutik bideraturiko lizitazioetan.

LAB sindikatuaren exijentziak hauek dira:

-Eskola jangeletan azpikontratazioarekin bukatu behar da. Hezkuntza sistemaren oinarrizko errekurtsoa da.
-Azpikontrataturiko langile guztiek langile publikoak izan behar dute.
-Eskola guztietan, sukaldeek bertan egon behar dute.

 

 

 

350 autoinkulpazio inguru aurkeztu ditugu Iruñeko epaitegietan, Imanol Salinas eta Jose Javier Oses kideei elkartasuna adierazteko

Imanol Salinas eta Jose Javier Oses LABeko kideen aurkako epaiketa egitekoa zen egunean dozenaka autoinkulpazio idatzi erregistratu ditugu Iruñeko epaitegietan. Hain zuzen ere, Huerta de Peraltako lan gatazkan egindako protesta batengatik auzipetu dituzte.

 

 

 

Huerta de Peraltako borrokaren inguruko Hokoke dokumentala aurkeztuko dugu Katalunian, asteburu honetan

0

Ostiralean eta larunbatean Bartzelonan eta Vic herrian proiektatuko dugu dokumentala, hurrenez hurren.

Asteburu honetan, LAB sindikatuaren ordezkaritza bat Katalunian Huerta de Peraltako borrokaren Hokoke dokumentala aurkezten egongo da. Konkretuki, ostiral eta larunbaterako bi aurkezpen antolatu ditugu Katalunian borroka sindikal honen berri izan dezaten.

Lehenengo aurkezpena Bartzelonako Euskal Etxean izango da ostiral honetan, urriak 11, arratsaldeko 20:30ean. Hitzaldi edo aurkezpen hau Bartzelonako Euskal Etxearekin batera antolatu dugu eta Kataluniako sindikatu ezberdinek parte hartuko dute. Bartzelonako aurkezpen eta hitzaldia CUP parlamentaria den Vidal Aragonesek aurkeztuko du eta, LABeko kide den Rosalia Bonaren parte hartzeaz gain, Huerta de Peraltan egondako Kataluniako sindikalista baten testigantza emango da.

Hurrengo egunarekin, larunbatean, urriaren 12an, arratsaldeko 19:00etan, Vic-eko Kasinoan egingo da dokumentalaren aurkezpena. Vic-eko hitzaldian, LABeko kide Rosaliaz Bonaz gain, COS sindikatuko kide eta Càrnies en Lluitako Montse Castañék parte hartuko du. Gogoratu haragi industria lantegietan ere langile etorkinek lan baldintza prekario eta bortitzak jasan behar dituztela eta prekarietateaz gain arrazismoa eta xenofobia oso presente dauden errealitateak direla. Horregatik, Huerta de Peraltako eta haragi industriako langileen errealitateen inguruko hitzaldi bat prestatu dugu, langile etorkinek dauzkaten lan baldintza prekarioen berri emateko.

 

 

 

Altsasukoekiko basakeria salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokatzera deitzen dugu

0

LABen iritziz, Altsasuko gazteen epaia aurrez idatzitako gidoiaren araberakoa izan da; Espainiako Estatuak inboluzio antidemokratikoa bizi du eta jendarteak, gero eta gehiago, sistema auzitan jartzen duen honetan, autoritarismorako Estatuaren joera areagotzen ari da.

Eskandaluzko akusazioekin hasi zen guztia, eskandaluzko zigorrekin jarraitu zuen eta eskandalua berrestera dator Altsasuko gazteekiko Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia.

Altsasuko gazteen auziari buruzko azken epaiaren aurrean, lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun oso helarazi nahi diegu amesgaiztoaren protagonista diren gazteei, haien senide eta hurbilekoei eta Altsasuko herriari. Urteetako zigorrak ezarri dizkie Gorenak gazteei, absoluzioa beharrean. Hortaz, zigorrak zertxobait murrizteko erabakiak ez du epaiaren larritasuna arintzen, ez dio zentzugabekeria juridikoari amaiera ematen. Hain zuzen ere, Estatu antidemokratiko batean bakarrik gerta daiteke Altsasuko gazteak bizitzen ari diren injustizia. Justizia aberatsekiko, boteredunekiko, malgua eta oparoa den bitartean, zigortzailea bezain ankerra da gazteriarekiko, langileekiko.

Altsasuko gazteek ez dute epaiketa justurik eta proportzionaturik izan, errugabetasun-presuntzioa, defentsarako eskubidea eta epaile naturalaren eskubidea urratu zirelako. Horrekin batera, 2016an tabernako liskar bati lotuta atxilotuak izan zirenetik, muntaia polizial, judizial eta mediatiko baten biktima izan dira gazteak. Hala, auzi honetan eman diren epaiak aurrez idatzitako gidoiaren araberako sententziak izan dira, gaur ezagutu duguna barne.

Espainiako Estatuan inboluzio antidemokratiko erabatekoa bizi dugu. Politikoki, sozialki, demokraziaren ikuspegitik gero eta injustuagoa da sistema eta jendarte gero eta zabalagoak ari dira eredua auzitan jartzen. Horren aurrean, inboluzio politikoarekin ari da erantzuten Estatua, autoritarismorako joera gero eta nabarmenagoarekin.

Ez dugu halako Estatu antidemokratiko batean bizi nahi, ez dugu horrelako injustiziarik nahi. Beharrezkoa dugu hemen, Nafarroan, Euskal Herrian, benetako justizia eta demokrazia eraikitzeko apustu garbi bat egitea. Nazkatuta gaude hainbeste bidegabekeriekin. Jendartea geldiarazi eta isildu nahi dutenen aurrean mobilizaziorako deia egiten dugu. Gaur, inoiz baino gehiago, basakeria hau salatu eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokan jarraitzera deitzen dugu.

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Bizkaiko Metalgintzako borroka eredugarria izaten ari da”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk babes mezua helarazi die Bizkaiko Metalgintzako langileei, hitzarmen duin baten aldeko borroka historikoaren harira: "Ez gezurrek, ez pikete patronalek, ezta Eusko Jaurlaritzak prekarietatearen alde egiten duen patronalari eskaintzen dion baldintzarik gabeko babesak ere, ez gaituzte geldituko”.