2026-08-01
Blog Page 589

Euskal gehiengo sindikaletik bat egin dugu Zaldibar Argitu plataformak martxoaren 12rako deitutako mobilizazio eta lanuztearekin


Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuok herri plataformek ostegunean publiko egindako mobilizazio eta lanuzterako deia babesten dugu, eta langileei dei egiten diegu martxoaren 12rako deitutako mobilizazioekin bat egitera.  


Otsailaren 6tik, Zaldibarko zabortegia behera etorri zenetik, bi langile ditugu desagertuta. Arduradunek istripua deitu arren, Verter Reciclingek egindako kudeaketa negargarri eta iruzurtiaren, Eusko Jaurlaritzaren kontrol faltaren eta ekoizpen eta kontsumo ereduari buruzko hausnarketa faltaren ondorio izan da gertatutakoa.

Zaldibarren edozein hondakin mota isurtzen zen, inolako kontrol eta tratamendu egokirik gabe. Zabortegi horrek ez du baimenik isuritako hondakin arriskutsu askorentzat. Amiantoarekin hondakinak jaso zitzakeen, baina aurretik eskatutako tratamendurik gabe egiten zuten, eta langileek ez zeukaten horretarako tresneria egokirik.

Hondakinak mendi-mazelan pilatzen ziren, finkatze lanik egin gabe. Mendi-mazelan pitzadurak zeuden, berehalako arriskua adierazten zutenak, eta aurretik lur-jausiak izan dira, baina ez dira jakinarazi. Eta azkenean langileek jada salatzen zutena gertatu da.

Eusko Jaurlaritza da instalazio kutsatzaile eta arriskutsu baten gaineko kontrol zorrotza eramateko betebeharra duena, zabortegi bat den aldetik, eta beste alde batera begiratu du. Zaldibarren egindako azken ingurumen ikuskapenean 23 hutsegite atzeman zituzten, baina ez zen nahikoa izan espedientea ireki eta enpresa zigortzeko. Kontrol zorrotz bat balego, ez zen hau guztia gertatuko.

Baina Eusko Jaurlaritzaren ardura ez da hemen amaitzen. Eraitsi eta gero, A8 autobidea irekitzea izan zen lehentasuna. Errepidea ireki arte lanean ari ziren pertsonei ez zitzaien abisatu han amiantoa zegoela eta segurtasun neurri bereziak hartu behar zituztela. Ezer gutxi axola izan zitzaion Eusko Jaurlaritzari han lan egiten zuten pertsonen osasuna. Inguruko udalerrietan bizi diren pertsonen osasuna ere ez da asko axola izan. Informazioa eskatzen zutenean alarma piztu nahi izatea leporatzen zieten agintariek. Futbol partida izan zen inflexio puntua. Izango da Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsuagoa dela futbola pertsonen osasuna baino. Airearen neurketen lehen emaitzak oso berandu eman ziren, eta erakutsi zuten kezka ez zela alarmismoa, herritarrak dioxinak eta furanoak arnasten ari zirela.

Eusko Jaurlaritza ez da inoiz arduratu langileen osasunaz. Kirola ez egiteko argibideak ematen zituen edo etxeetako leihoak ixteko gomendatzen zuen, eta Eibar, Ermua, Elgeta, Zaldibar eta Mallabiko langileen osasuna zaintzeko gomendiorik ere ez du eman. Ezin da kirolik egin ordu eta erdiz, baina ez dago inolako arazorik lan egiteko, nahiz eta fisikoki jarduera zorrotzak izan. Horiek dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak.
 

 

 

Arabako Larrialdietako Osasun Garraio Sareko anbulantzia bateko langileek pairatu zuten egoera salatu nahi dugu

0
Otsailaren 29an, larunbatean, mediku-agindu bat jaso zuen Arabako LOGSko anbulantzia batek eta egoitza batera joan zen gaixo bat Txagorritxuko larrialdietara eramate aldera. Langileei, ez zieten jakinarazi gaixotasun kutsakor baten aukeraren aurrean zeudenik, beraz, ez zuten erabili eskura zuten Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE).

Martxoaren 3an, astearte iluntzean, beste anbulantzia bateko lankideek esan zieten ospitalean komentatu zela larunbatean euren anbulantziak koronabirusen positibo eman duen gaixo bat eraman zuela.

Gau horretan bertan, langileek koordinaziora deitu zuten informazio hori egiaztatzeko, baina ordubete zain egon ostean, esan zieten koordinatzailea oso lanpetuta zegoela eta ezin zuela une horretan baieztatu. Enpresari ere egoera horren berri eman zioten.

Azkenean martxoaren 4an, asteazkenean, langileetako bat egoitzara joan zen informazioa biltzeko. Ikusi bezain laster, egoitzako zuzendariek arreta eskaini zioten baina esan zioten haiek ezin ziotela informaziorik eman.

Jarraian, Osakidetzako koordinaziora deitu zuen eta baieztatu zioten jarduera horrek zabalik jarraitzen zuela gaixoak koronabirusean positibo eman zuelako.

Baieztapena jaso ondoren, langileek enpresako ikuskatzaileari deitu zioten eta, larrialdiekin kontsultatu ostean, erantzuna izan zen ohiko bizitza/lana egiten jarraitzeko eta sintomaren bat sumatuz gero, abisatzeko. Une horretan, enpresak anbulantzia desinfektatzeko agindua eman zuen.

Langile horiei ez zieten ezein momentutan probarik egin. Atzo, LABen abisuari esker, langile horiei koronaviruseko protokoloa aplikatu zieten.

Anbulantzietako langileak erabat babesgabe daude egoera horren aurrean, izan ere, ez dute beharrezkoa den informazioa jasotzen eta ezin dituzte eskura dauden protokoloak erabili. Hori gutxi balitz, enpresek eman dituzten NBEak ez datoz bat Osakidetzak martxoaren 3an argitaratu zuen koronabirusaren aurrean jarduteko azken prozeduran jaso dituen NBEkin.

LAB sindikatutik egoera larri honen kudeaketa eskasa salatu nahi dugu eta Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu, arduradun subsidiarioa den heinean, beharrezkoak diren baliabideak abian jar ditzala Larrialdietako Osasun Garraioko Sareko langileak ez daitezen gaixotu eta ez dezaten gaixotasuna hedatu.

LABen ustez, Eusko Jaurlaritzak, enpresa horiek kontratatzen dituen heinean eta diru publikoarekin kudeatzen den zerbitzu bat denez, ezin du egoera horren aurrean ezikusiarena egin.

Halaber, Osakidetzak ere badu erantzukizuna; izan ere, langile horiek harreman zuzena daukate EAEko ospitale guztietako osasun langileekin, Osakidetzakoak alegia.
 

 

 

Haurreskolak Partzuergoko gerentziak eta Eusko Jaurlaritzak negoziatzeari uko egin diote

0
Gaur, Martxoak 9, Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloko aurreakordioa sinatu zenetik bi hilabete betetzen direla eta, kudeaketako langileen arloko aurreakordioa akordio bihurtzeko ez dela mahai negoziatzailerik bildu salatu nahi du LAB sindikatuak. Hainbatetan eskatu dugun dokumentazioa ez zaigu oraindik aurkeztu eta birritan deitu duten mahai negoziatzailea bertan behera utzi dute, inongo azalpenik gabe.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ez du bere hitza bete eta desagertuta dago. Kudeaketa arloko lanpostuen zerrenda, 32 plazekin onartu eta argitaratu behar zen 2020ko otsailean; horren baitan, lanpostu berriak betetzeko barne sustapenaren deialdia ere egin behar zuten.

EAJ-k Haurreskolak Partzuergoarekiko duen utzikeria eta arduragabekeria behin baino gehiagotan salatu dugu, oraingoan martxoaren 11rako mahai negoziatzailea deitu dute, gai ordenan puntu bakarra jarriz, 2020ko soldataren igoera. Hau guztia gutxi balitz, emailez ekarpenak bidaltzeko aukera ematen digute.

LAB sindikatuak eskaera bideratu dio Haurreskolak Partzuergoko gerenteari negoziatzeko ditugun beste gai batzuk gaiordenean txertatzeko. Orain arte, negoziazioa motel joan bada ere, Gerente berriaren izendapenak negoziazioa etetea besterik ez du ekarri.

Gauzak horrela, LAB gero eta arduratuago dago Haurreskolak Partzuergoan gertatzen ari den egoerarekin eta horregatik, bitartekaritza eta bide judiziala hartzea besterik ez zaigula geratuko susmatzen dugu.

 

 

 

EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek Emakunderen egoitzara eraman dituzte euren aldarrikapenak

0

Sindikatuok esan nahi diegu enpresei gure eskuak luzatuta jarraitzen duela, eta edozein momentutan mahai baten bueltan esertzeko prest gaudela, edukiez hitz egin eta gatazka konpodu. Horixe da gure borondatea. Horretarako ezinbestekoa da patronalaren borondatea langileon eskariak aintzat hartzeko. Horrela ez bada, tinko jarraituko dugu borrokan, amaieraraino heltzeko erabakia hartuta dugulako.

Sindikatuok (LAB, ELA, ESK eta CCOO) orain arte egindako greba egunei buruz egin dugun balorazioa:

Gaur, martxoaren 5ean, laugarren greba eguna ari gara egiten Hezkuntza eta EHUko garbiketa kontratetako langileak. Gaurko mobilizazioa Emakunderen egoitzaren aurrean amaitu dugu, euskal administrazioari gogorarazteko prekarietatea onartzen ari dela bere instalazioetan, garbiketa bezalako sektore batean zeinetan emakumeak diren langileen %90a. Administrazioa martxoaren 8an publizitate-kanpainak egitera mugatzen da, eta ardura %40 baino gehiagok lanaldi partzialak izatea, eta gizonen %100ak lanaldi osokoa. Ez da kasualitatea emakumeak izatea hezkuntza komunitatean txartoen ordaindutako langileak emakumeak izatea.

Greba deitu dugun sindikatuok orain arte gertatutakoren balorazioa egin nahiko genuke.

Lehenik eta behin, zabala izan da grebaren jarraipena, eta balioa eman nahiko genioke langileak hiru lurraldeetan erakusten ari diren determinazioari. Era berean, greba irmoa izaten ari da. Lehen egunetaik nabarmena da lan-zentro asko zikin daudela. Baina hemendik ukatu egin nahi dugu ekintza bandalikoak gertatzen ari direnik, EHUren zuzendaritzak salatzen duen moduan. Lan zentroak zikin daude hezkuntza-komunitatea kontura dadin garbiketako langileok egunero egiten dugun lanaz.

Fakultateak zikinak daude, gure lan mesprexatu eta izkutukoak duen garrantziaz jabetu daitezen. Ez gara bigarren edo hirugarren mailako langileak, hezkuntza-komunitatearen parte gara gainontzeko langileak bezala. Nabarmena da besteak bezain ezinbestekoak garela hezkuntza-jarduerak funtziona dezan.

Bestalde, oso larritzat ditugun gertakari batzuk salatu nahi genituzke, azken egun bietan gertatu direnak eta greba izkutatu eta oztopatzea dutenak helburutzat.

• Asteartean, Gasteizko Farmazioako dekanatoak deialdia egin zuen fakultatea bolondresek egiteko. Honek legez kanpoko langileen ordezkatzea esan nahi du eta ondorioz, grebarako eskubidea urratzea.

• Goizean ez zioten utzi Greba-Batzordeari Arabako Campuseko Errektoreordetzara sartzen utzi.

• Atzo asteazkena, Ertzaintzak eragotzi egin zien manifestariei Arabako Campuseko fakultateetan sartzera, parte-hartzaileetako bat identifikatuz.

• Gipuzkoako zenbait ikastetxetan zuzendaritzak ikasleak animatzen ari dira, garbi dezaten.

Era berean, itogarria izaten ari da poliziaren presentzia campusetan. Gure ustez, errektoretza-ekipoak eskatu duena. Guztiz gaitzesten dugu EHUren Zuzendaritza erakusten ari den jarrera, langileon gain jartzen duelako egoeraren erantzukizuna eta ez zilegizko neurrietan, patronalaren alde kokatuz. Onartezina da unibertsitateko arduradunak greba eskubidea urratzen ibiltzea, ez dagokien lan bat egiterakoan. Tamalgarria da langileak kriminalizatu nahia.

Guzti honetatik ateratzen dugun ondorioa da greba oso ondo ari dela ateratzen eta mina egiten ari dela. Baina hemendik dei egiten diogu EHUren zuzendaritzari garbitzaileak seinalatzen ibili beharrean, Hezkuntza Sailera jo dezala lan-gatazka honen konponbidean inplika daitezen.

 

 

 

Sindikatu feministatzat dugu gure burua eta praktika feminista bateranzko bidea egiten ari gara

0

Emakumeon* Batzarra egin dugu Donostiako Eureka Zientzia Museoan. Bertan, sindikatuko 100 emakume elkartu gara Martxoaren 8aren bezperako egunetan. 2019ko Greba Feministatik hona egindako ibilbidea aztertu eta hainbat gairen inguruan egin dugu eztabaida: berdintasun politikak, etxeko langileak eta zaintza lanak, sindikatuak martxan jarritako eskola feminista aitzindariak eta ekintza sindikala.

Sindikatuak aurten “Kapitalismoak gure bizitzei erasotzen die, kapitala hautsi, bizitzari eutsi” lemapean ardaztu du martxoaren 8a. LABeko emakumeok badugu ardura bat eta erantzukizun bat, gure zeregina eta helburua delako sindikatu hau feminismora eramatea, sindikatu honen praktika feminista bilakatzea: “Askotan esan dugu sindikatu honen ezaugarri nagusietakoa dela hitza eta ekintza garela eta horretaz harro azaldu izan gara. Hori da lortu behar duguna feminismoarekin ere. Lortu behar duguna, urratsez urrats bide bat egiten ari garelako”.

LABen iritziz, “gu ez gara zuriketa morearen parte izango, guk onartzen dugu oraindik ere bide batean gaudela, urrats berriak eman behar ditugula, sindikatua feminista aldarrikatzetik sindikalismo feminista egitera oraindik ere ibilbidea egin behar dugu. Baina, determinazio osoa daukagu horretarako, borondatea, gogoa eta ilusioa ez zaigu falta, proposamenak ere ez. Gaur proposamen horiek eztabaidatu eta horien inguruan gogoeta egiteko tartea izan dugu”.

Igandean, martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburu eta herrietan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du LABek.
 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu diogu lehenbailehen egin dezala Hezkuntza Itunaren Jarraipenerako Batzordea biltzeko deia

0

Nafarroako Irakaskuntza publikoaren Hezkuntza Ituna sinatu dugun sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Hezkuntza Departamenduaren aurrean, eskatzeko lehenbailehen bildu dadila Hezkuntza Itunaren Jarraipenerako Batzordea. Horrela lortu nahi dugu 2020rako adostutako neurri guztiak bete daitezela behingoz eta egutegi bat ezar dezatela erabaki gabe dauden gainerako kontuei ekiteko. Eskaera erregistratu dugu.

Ikusirik Nafarroako Gobernuak ez duela partida espezifiko bat sartu nahi izan Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2020rako Hezkuntza Itunean adostutako neurriak betetzeko, Ituna sinatu genuen sindikatuok (LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT) Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu lehenbailehen egin dezala Itunaren Jarraipenerako Batzordea biltzeko deia, adostutakoa betetzeko dauden bideak aztertzeko.

Gure ustez, aurrekontu-partida espezifiko bat ez egoteak nabarmen galarazten du 2020rako adostutako neurriak betetzea. Hezkuntza Departamentua oraindik prest badago 2020-2021 ikasturtean 57 urtetik gorako irakasleei eskola-karga murrizteko eta ikastetxeei ordu gehiago emateko zuzendaritza-lanak konpentsa ditzaten, lehenbailehen jakinarazi beharko du. Bi neurri horiek behar-beharrezkoak dira, eta irakasle lanpostu gehiago sortzea ekarriko lukete.

Horregatik guztiagatik, Ituna sinatu genuen sindikatuok Hezkuntza Departamentuari exijitzen diogu batzorde horren bilerarako deia egin dezala, Itunaren agirian jasota dauden neurri guztiak kuantifikatzeko eta aplikazio egutegi bat zehazteko. Izan ere, Ituna 2022-2023 ikasturtea hasi baino lehen bete behar da oso-osorik.

 

 

 

Arabako ESIko zuzendaritzari ikerketa espedientea abiatzea eskatu diogu, “0 Pazientearen” inguruko kudeaketaren egokitasuna argitzeko

0

Gaur, Arabako ESIko zuzendaritzari erregistro bidezko eskaera egin diogu Txagorritxu ospitaleko “0 pazientearen” inguruan egindako kudeaketa argitzeko. Adibidez, deigarria da Txagorritxuko lehen kasu ziurra pasa den ostiral arratsaldeko 19:30ean izanda, protokoloa ez zela gaueko 22:00ak arte aktibatu.

Ikerketa honen bitartez argitzea nahi dugu ea protokoloak bete ziren eta bete baziren, egokiak izan ote ziren langileen osasuna babesteko eta gure zentroetan koronabirusaren hedapenari eusteko. Azken finean, Txagorritxun sortutako egoera ikusita, halako ikerketa batek protokoloak eta ekinbideak hobetzeko aukera emango digu, eta balizko hobekuntza horiek ahalik eta lasterren gauzatzeko parada, Txagorritxun gertatutakoa ez errepikatzeko gainerako lekuetan.

Bestaldetik, LABek jarraitzen dugu aldarrikatzen langile guztien (kategoria guztiak, finkoak eta behin-behinekoak, publikoak eta kontratakoak) formakuntza etengabea egoera aurre egiteko, informazio eguneratuarekin, eta pertsonal errefortzuak lan gehien jasotzen duten zerbitzuetan (osasun garraioa, osasun zentro eta ospitaleetako mostradoreak eta telefonoak, larrialdiak, garbiketa, laborategiak, Oinarrizko Prebentzio Unitateak, etab…).
 

 

 

Laminaciones Arreguiko enpresa-batzordeak inplikazioa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

0

Gaur, martxoaren 4an, lanuztea eta kontzentrazioa egin dute Laminaciones Arreguiko langileek, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Lakuan. Bihar osteguna, martxoaren 5ean, kontzentrazioa egingo dute 11:00etan, Europa Jauregian, bertan egingo den Enplegu Foroaren aurrean. 19:00etan, manifestazioa egingo dute Bilbo plazatik hasita.

Laminaciones Arreguiko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, enplegua eta etorkizunaren defentsan. Gaur, enpresa-batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin batzartu da. Langileek lanuztea egin dute eta kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren kanpokaldean.

Gaur, martxoaren 4an, bilera egin dute Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko enpresa-batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak, 8 langileren kaleratzeak sortutako egoeraren aurrean. Bileran, langileek ordezkariek, 2012an gatazka sortu zenetik honako ibilbidearen berri emateaz gain, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu dute enpleguari eutsi eta Gasteiz eta Urbinako lantegien etorkizunerako bermeak bilatzeari begira.

Zehazki, enpresa-batzordeak planteatu du Industria Sailak enpresari etorkizunerako plan industriala exiji diezaiola, produktuen dibertsifikazioa eta enpleguaren mantenuan oinarrituko dena.

Batzarrak iraun duen bitartean, Laminaciones Arreguiko langileek enplegua eta etorkizunaren aldeko mobilizazioekin jarraitu dute. Langile gehienek egin dute bat gaur deitutako lanuztearekin eta kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Bihar, martxoaren 5ean, jarraituko dute mobilizazioek, txanda guztietan lanuzteak egingo dituztelarik. Honetaz aparte, langileek kontzentrazioa egingo dute 11:00etan Europa Jauregian egingo den Enplegu Foroan. Arratsaldez, manifestazioa egingo dute 19:00etan Bilbo plazatik hasita, eta honetan parte hartzeko deia egin diete gasteiztarrei.
 

 

 

Enpresa batzuk egiten duten feminismoaren erabilera salatzen dugu

Aspalditik ari dira hainbat enpresa feminismoaren gurdira igotzen edo berdintasunaren defendatzailetzat jotzen, emakumeen diskriminazio-egoera iraultzeko zerbait egiten duen ala ez axola gabe.

Erantzukizunak saihestuz eta irudi publikoaren erabilera zitala eginez, gero eta enpresa gehiago aurkitzen ditugu, data honen inguruan, galeriari begira ekitaldiak eta ekintzak antolatzen dituztenak, errealitatearekin bat ez datorren berdintasunaren aldeko enpresen irudi bat saltzeko.

Lan-taldeko emakumeekin argazkiak ateratzea, berdintasunari buruzko eztabaidatzeko deialdiak egitea, hortik ateratzen diren ondorioetako bakar bat ere (ateratzen badira) gauzatzeko inolako asmorik izan gabe izen edota morez argiztatzea eraikin publikoak izen bat dauka: feminismoaren erabilera edo zuriketa morea!

Enpresak, benetako diagnostikoetan oinarritutako berdintasun plan eraginkorrak egitera behartuta daude. Diagnostikoetan lantokietako emakumeen egoeraren ikuspegi orokorra agertu behar da: soldatak, kategoriak, erakundean betetzen dituzten lanpostuak, sarbidea, sustapena, kontziliazio eta erantzunkidetasun neurriak, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako neurriak… eta planak eraginkorrak izatea eta betetzea eta atzemandako diskriminazioekin bukatzea da enpresaren betebeharra eta erantzukizuna, inoiz ez neurri mediatikoa edo postureoa.

Guzti horrengatik, dei egiten diegu Mercedes edo TUVISA bezalako enpresa guzti hauei albo batera utz ditzaten euren marketing operazioak eta euren lantokietan emakumeek bizi duten egoera aztertzeko konpromisoa har dezaten, baita bizitzen egon daitezkeen diskriminazio moduak ere, jasan ditzaketen diskriminazio egoerak, zainta lanen inguruan korrespontsabilitateari begirako kontziliazio neurrien eraginkortasuna, zergatik ari diren hain emakume gutxi sartzen euren lantaldeetan… helburu batekin, ordezkaritza sozialarekin batera guzti honen aurrean neurri eraginkorrak planteatzeko. Honetarako, LABen prestasun guztia izango dute. Euren aurpegia garbitzeko, ez dute sindikatu honen laguntzarik izango.