2026-02-04
Blog Page 578

Bizkaiko Metalgintzako patronalari antzerkia egiteari utzi eta benetako negoziazio bati bide eman diezaiola exijitu diogu

0

Berriro ere Bizkaiko Metalgintzako mahaia elkartu da. Berriro ere, zoritxarrez, FVEMen negoziatzeko borondate falta agerian gelditu da. Azaroan 7an izan zen aurreko bilera, bertan sindikatuok mugimendu garrantzitsuak egin genituen; behin-behinekotasunean, ABLE bidezko kontratazioan eta berdintasunetan egin genituen moldaketak. Gaurkoan beste urrats bat eman dugu, eta proposamen berria egin diogu patronalari lan osasunean.

Patronalak ez die eskaera hauei erantzun nahi, ez du urratsik proposatu, atzera urratsak mantentzen ditu (IT osagarritan eta malgutasunean) eta, gainera, negoziazio tempusak luzatu eta atzeratzen ari da. Hasieratik, argi esan genuen FVEMek ez duela negoziatu nahi, ez da sindikatuon borondate falta; argi eta garbi dago, FVEM gezurretan ari da.

Subrogazioa da hitzarmen honetako korapilo garrantzitsuenetako bat, eta patronalak zein Metalgintzako langileriak hori argi daukagu. Horregatik, patronalari proposamen serio eta egingarria aurkezteko eskatu diogu gaur ere. Azpikontratetako langileek, enpresa nagusiak azpikontrataz aldatzen duenean, beraien lana eta eskubideak bermatuta izan ditzaten gutxienekoak adostu behar dira hitzarmen honetan. Eskaera sindikal historikoa da azpikontratak desagertu eta langile horiek enpresa nagusira pasatzea; baina ez gara hori eskatzen ari, azpikontrata batetik, beste azpikontratara pasatzerakoan langileen eskubideak bermatzeaz ari gara.

Beraz, eta asteazkenean eta ostiralean ditugun mahaiko bileretarako, LABek FVEMi erantzukizunez joka dezala eskatzen diogu; proposamen sindikal berriei erantzun diezaiela, atzera urratsak mahai gainetik kendu ditzala eta subrogazioan proposamen duina egin dezala. Urte eta erdi baino gehiago izan du edukiak aztertu eta bere norabide eta gutxienekoak argitzeko. Ez diegu sinisten, oraindik zer eta nola erantzun behar diguten aztertzen dabiltzanik; antzerki gutxiago eta has daitezela benetako negoziaziori bide ematen.

FVEMek antzerki horretan jarraitzen duen bitartean, eta negoziaziorako borondate gabe jarraitzen duten bitartean, LABek borrokarako konpromiso irmoa adierazten die Bizkaiko Metalgintzako langile guztiei.

 

 

 

Bilbao Kirolak kiroldegietako garbitzaileak bihar mobilizatuko dira berriro

0

LAB, CCOO, ELA eta ESK sindikatuok antolatutako mobilizazioetatik bigarrena bihar asteartean, azaroaren 12an, izango da, 12:15ean, Bilbao Kirolak-en bulegoen aurrean.

Hauxe da sindikatuok igorritako oharra:

Joan den asteartean Bilbo Kirolak kiroldegietako garbitzaileak, Zaintzen enpresak azpikontratatua mobilizazio bat egin zuten asteko atsedena aldarrikatzeko. Langile askok bat egin eta elkarretaratzea egin zuten Bilbao Kirolaken bulegoen aurrean, kontziliaziorako eta 48 orduko atsedenaldirako eskubidea aldarrikatzeko.

Garbitzaile askok 20 urte baino gehiago daramatzate igandeetan bakarrik libratzen; horrek esan nahi du hilabete jakin batzuetan lau egun libre baino ez dituztela.

Egoera horrekin nazkatuta, akordioa lortzearekin bakarrik amaituko diren mobilizazioak hastea erabaki dugu. Hori dela eta, datorren asteartean, azaroak 12, 12: 15ean, Bilbao Kirolaken bulegoen aurrean bilduko gara berriro, Bilboko Nafarroa kalean.

Ez dugu ezezko erantzunik onartuko. Gure bizitzek, gure atsedenak zuen gainkostuak baino gehiago balio dute.

ASTEKO ATSEDENALDIA ESKUBIDE BAT DA, BILBAO KIROLAK/ZAINTZEN EXPLOTAZIORIK EZ!
 

 

 

Urratsak ematen jarraitzen dugu etxeko langileen EAE mailako hitzarmen kolektiboa gauzatzeko

Larunbatean, azaroak 9, tailer parte hartzaile bat antolatu genuen etxeko langileekin Bilbon, non gure plataforma aurkeztu dugu eta langileekin ibilbide orri bat diseinatu dugu.

Ekainean, etxeko langileen EAE mailako hitzarmen kolektiboa gauzatuko genuela aditzera eman genuen. Ekimen hori, LABeko azken kongresuan hartutako erabakiaren baitan jaso zen; bertan, sektore prekarizatuak, babes sindikala gabekoak eta feminizatutakoak sindikatuko agendan sartuko zirela erabaki zen.

Etxeko langileen egoera ez da jasangarria, ez sozialki, ez politikoki, ezta sindikalki ere. Azken hilabete hauetan etxeko langileekin eta haien elkarte ezberdinekin harremanetan ibili gara, gure diagnostikoa eta alternatibak haiekin partekatzeko. Ondorioz, plataforma bat aurkezten dugu: etxeko langileen lan baldintzak erregulatzen eta aztertzen dira proposamenean. Egungo erregulazioa atzean utzi eta emakumeak prekarietatera eta diskriminaziora kondenatzen dituen legedia gaindituko dugu.

 

 

 

Bat egin dugu Etxeko Langileen Elkarteak ostegunerako deitutako mobilizazioarekin

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo du elkarteak, 12:30ean, etxeko langileen egoera salatzeko. Izan ere, gutxieneko soldataren azpitik kotizatzen ari dira, horrek dituen ondorioekin euren pentsio, baja eta amatasun baimenetan.

 

 

 

ELA eta patronalen prozedura eta Eusko Jaurlaritzaren oportunismoa salatu nahi ditugu Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen gatazkan

LAB sindikatuak gaur jasotako dokumentua aztertuko du eta hurrengo egunetan, delegatu eta afiliatuekin kontrasteak egin eta gero, akordioaren balorazioa egingo du.

39 Mahai negoziatzaile eta 27 greba egun egin ostean, aurreko urriaren 28an eta hilabete bateko greba deitu ostean, sindikatuak, patronalak eta Eusko Jaurlaritza Lan Harremanetarako Kontseiluan elkarrizketa, negoziazioa eta adostasunera iristeko prozesu bat hasi genuen batasun sindikalean gauden sindikatuok, Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako gatazkari amaiera ematen saiatzeko.

LABetik ELAk eta patronalek negoziazioetan erabilitako prozedura kritikatu nahi dugu. Egun hauetan guztietan, ELA sindikatuak bakarrik parte hartu du Jaurlaritzarekin eta patronalarekin izandako negoziazioetan, gainerako sindikatuok ez dugu proposamenik ikusi azken unera arte, eta alde guztiekin esparru komun batean biltzeko aukerarik ere ez dugu izan.

Beste aldetik ere Eusko Jaurlaritzaren jarrera gatazka honetan salatu nahi dugu. 2017an sindikatu guztiok langileen birkokapenaren inguruko proposamena aurkeztu genion. 3 urte hauetan Gobernuak sindikatuek aurkeztutako proposamena ez du aintzat hartu eta bakarrik hauteskunde kanpainan egonda mugitu da interes elektoralista bati erantzuteko.

Birkokatzeko ekarri duten proposamena errelebo-kontratuaren baldintzak ixtera mugatu da soil-soilik, birkokatze-premien inguruko beste konpromiso batzuk baloratu gabe eta enplegua mantentzeko konpromisorako lanpostu hutsen definizioan zehaztapenik gabe.

Errelebo-kontratuaren baldintzak negoziatzeak eskubideak galtzea ekarri die irakasleei, eta hori LABen aldetik ezin dugu positiboki baloratu.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok hausnarketarako deia luzatu dugu, igandeko hauteskundeen atarian

0

Hauteskunde kanpaina amaierara iritsi da, eta Bizkaiko Metalgintzako langileak Bilbon elkartu gara borrokan gaudela esateko. Larunbatean hausnarketarako eguna izango da eta igandean bozka eguna. Astelehenean, batzuk hauteskundeetako erresaka pasatzen duten bitartean, Bizkaiko Metalgintzako langileok borrokan jarraituko dugu. Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean agerraldia egin dugu, alderdiek gatazkarekiko erakutsitako jarrera zein izan den jakinarazteko.

Horrela jarraitzen du Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok gaur arratsaldeko agerraldi jendetsuan irakurritako adierazpen bateratuak:

Oso argi daukagu, lan gatazkak eta politika eskutik doazela, nahiz eta batzuek kontrakoa sinestarazi nahi diguten. Izan ere, lan gatazka asko gaur egungo sistemaren eta egindako lan erreformen ondorio dira, eta horiek politikariek egin eta onartutakoak dira.

Hain zuzen ere horregatik, eta Bizkaiko Metaleko negoziazioan dagoen blokeoa gainditu asmoz, irailean Bizkaiko Instituzio ezberdinak interpelatzen hasi ginen.

Emaitza argia izan da, sindikatuok aurkeztutako mozioa soilik Durango, Lemoan eta Sestaon onartu da; aurkeztu dugun gainerako udal edo diputazioan edo ez da onartu edota edukiz guk aurkezturikotik oso urruti zegoen kontramozioa onartu dute. Batzuetan, gainera, plenoan mozioa eztabaidatzea bera ere ez da lortu.

Mozio horien eztabaida ezberdinetan, PNV zein PSOE entzun genituen ez zirela nor negoziazioan “sartzeko” esaten, ez zutela horretarako konpetentziarik. Noski ezetz! Eta horregatik mozioak ez zuen hori eskatzen, ez genizueke gure izenean negoziatzen utziko. Negoziazioa langileon tresna da eta ordezkatzen gaituzten sindikatuena. Mozioetan argi eta garbi eskatzen genuen Instituzioak FVEMi deitzeko eta negoziatzeko borondatea eskatzeko, negoziazio zintzo bati ekiteko; eta horretaz gain, Bizkaiko Metaleko langileok daramagun borrokarekiko elkartasuna adierazi eta bidelagun izateko eskatu genizuen. Halere, ez dute egin, ez baita beraien konpetentzia negoziaziotan sartzea.

Hala ere, irailaren 30eko Urkullu lehendakariaren hitza gogorarazi beharrean gaude; uda osteko lehen greba eguna zen; “seguru nago, enpresen aldetik eta Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioaren aldetik, beraien esku zegoen guztia egin dutela azken hilabeteotan akordiotara iristeko”… “horregatik pentsatu behar dut, akordio edo negoziaziorako borondaterik, greba deialdia udaberritik dagoenean… borondaterik ez dela egon”.

Seguru daki, Patronalak borondatea daukala, baina sindikatuetaz susmoak; baina normala da hori, gurekin ez baitu hitz egin! Hori esatearren, Urkullu Lehendakaria ez zen negoziazioan sartu, ez horixe! Baina argi eta garbi kokatu zuen bere burua, Patronalaren ondoan, noski!

Ordutik zenbat dei egon ote dira Urkullu/Erkoreka/Ajuria Enea/Sabin Etxea/FVEM/CEBEK eta CONFEBASKen artean? Argi eta garbi diogu; guri ez digu inork ere deitu. Bizkaiko Metaleko langileekin ez dira harremanetan jarri, ez dute gurekin daturik edo informaziorik kontrastatu; Lehendakariak FVEMen informazioa bakarrik dauka. Horregatik diogu, argi eta garbi, Urkullu Lehendakariak bizkarra eman diela Bizkaiko Metaleko milaka langileri. Orduan esan genuen, eta zuzendu ez duenez, berriro diogu, jarrera guztiz tamalgarria da.

Astelehenean, azaroak 4, agerraldia egin genuen. Bost ohar bota genituen eta bat politikarientzako zen. Bizkaiko Metaleko langileentzako zein alternatiba daukaten argi esan zezatela eta hau da orain arte entzun eta jaso duguna:

– PNV: Ez ditu Mozioak babestu Dipuztazioan, Bilbon, Zamudion, Mungian, Gernikan, Barakaldon, Durangon, Lemoan eta Abadiñon. Basauri eta Erandion plenora ere ez zuten eraman eztabaida. Sestao izan da mozioa babestu duten Udal bakarra. Kanpainan zehar ere ez dira gerturatu, ez dute keinu edo mezurik egin. Salbu, asteazkenean, poliziak gu jipoitzen gintuen artean Arantza Tapia norekin zegoen gogoratzen badugu, horretan ere posizionamendua baitago.

– PSOE: Sestaon bakarrik babestu dute mozioa; Diputazioan, Bilbo, Mungia, Gernika eta Barakaldon ez babesteaz gain, Basauri eta Erandion plenoan eztabaidatzea ere ukatu dute. Hauek ere kanpainan zehar ez dira harremanetan jarri, ez dute Bizkaiko metaleko langileontzako alternatibarik, edo ez dute aurkeztu gutxienez.

– EHBILDU: Mozioa aurkeztu den toki guztietan babestu dute mozia. Durango eta Lemoako udaletan mozioa Aurrera atera da. Kanpainan zehar Bizkaiko Metaleko langileon borroka duinari erreferentzia egin diote. Mobilizazio ugaritan egon dira.

– PODEMOS: Ordezkaritza duten udal guztietan eta Dipuztazioan babestu dute mozioa. Mobilizazio ugaritan egon dira.

– PP: Ordezkaritza daukaten inon ez dute mozioa onartu.

Gainera, mobilizazio aste indartsua izan dugu Metalean. Asteartean, kotxe karabanak egin genituen Bizkaiko Metaleko empresa handi batzuek hitzarmena blokeatzen dutela salatzeko. Asteazkenean, Barakaldoko BECen egon ginen, FVEMek gazteen aurrean egin nahi zuen aurpegi zuriketa salatzeko. Gogoratu nahi diegu, milaka gazte daudela, gaur egun, FVEMek prekarietatera kondenatu nahi dituenak. Gazteek, lan baldintza duinak behar dituzte eta, are gehiago, Hitzarmen honetan behin behinekotasuna, ABLE bidezko kontratazioa eta subrogazio eskubidea bermatu beharko ditugu prekarietate horri frenoa jartzeko.

Bukatzeko, Bizkaiko metaleko langile guztiei esan nahi diegu, bihar hausnartu dezatela, eta bakoitzak metaleko gatazkan duen jarrera eta posizionamendua ere aztertu dezatela. Eta, bai, argi diogu, Bizkaiko metaleko langileok astelehenean mobilizatzen eta borrokan jarraituko dugu Hitzarmen duina lortu arte.

 

 

 

Langile bat hil egin da Iruñean, bihotzekoak jota, presioak eta atseden tarteen urraketa nagusi diren Benecke Kaliko enpresan

Aurten, gutxienez, 40 langile hil egin dira lanean, Euskal Herrian. Azkenekoa, gaur goizean izan da, Iruñean, Landaben industriagunean dagoen Benecke Kaliko enpresan. 46 urteko P. T. langilea bihotzekoak jota hil egin da, erritmo altuak, presioak eta atseden tarteen urraketa nagusi diren enpresan. Heriotz ez traumatikoa da, baina eragin zuzena du, zalantzarik gabe, bertako langileek pairatzen dituzten lan baldintzekin. Prekarietatea, berriro ere, presente dago lan heriotza batean.

Hain zuzen ere, enpresa horrek 15 minutuko atsedenak ezarri dizkie langileei, barne komunikazio baten bitartez. Lan Ikuskaritzan salatu genuen egoera, baina honek ez du ezer egin, barne komunikazio batean eman zutelako neurriaren berri. Hildakoak bere jardunaldian soilik 45 minutu zituen bazkaltzeko.

Enpresa batzordea arratsaldean bildu da lan heriotza honen aurrean antolatuko dituen mobilizazioak zehazteko. Hain zuzen ere, txanda bakoitzeko ordubeteko lanuztea egitea erabaki dute astelehenerako, eta elkarretaratze bat enpresaren aurrean, 13:00etatik 15:00etara.

LAB sindikatutik gure babes osoa erakutsi nahi diogu hildako langilearen familia eta lagunei, eta heriotz hau salatzeko mobilizazioekin bat egiten dugu.

 

 

 

‘Bizilan.eus’ webgunea abian dago, langileriarentzat zuzendutako tresna berria

0

‘Bizilan.eus’ webgunea aurkeztu dugu; hots, langileria osoari baliagarriak zaizkien informazioak ezagutarazteko sortutako tresna berria. Hainbat kolektiborentzat atal desberdinak sortu ditugu informazioa erraztasunez aurkitu ahal izateko: etxeko langileak, gazteak, migranteak, autonomoak, aniztasun funtzionala, pentsioak, prestazioak… Langileen eskubideen inguruko informazio argia aurkitu ahalko da atari berrian, ohiko zalantzak erantzuteko eta informazio gehigarria eskaintzeko.

Lelo honekin laburtu genezake tresna berriaren izaera: “Bizilan.eus, zure eskubideak klik batean. Ezagutza da aldaketarako lehen pausoa”

Norentzat zuzendua dago?
Bizilan.euswebgunea, langileria osoari baliagarriak zaizkien informazioak ezagutarazteko sorturiko tresna da. “Langile” hitza erabiltzen dugunean lanean, langabezian, erretiratuta edo ikasten dauden pertsonen inguruan hitz egiten ari gara, eta, horregatik, Bizilan webguneak kolektibo hauen guztien egoerak hartzen ditu kontutan. Kolektibo hauentzako atal desberdinak sortu ditugu informazioa erraztasunez aurkitu ahal izateko: etxeko langileak, gazteak, migranteak, autonomoak, aniztasun funtzionala, pentsioak, prestazioak.

Zer aurkitu ahal da bertan?
Langileen eskubideen inguruko informazio argia aurkituko dugu; ohiko zalantzak, kolektibo bakoitzaren eskubideak, informazio gehigarria… Informazioa atal desberdinetan sailkaturik aurkitu ahal da:

– “Zer da?”: egunerokotasuneko kontzeptuen azalpena
– “Nora jo?”: nork lagundu gaitzake kasuaren arabera
– “Zer egin?”: nola jokatu kasuaren arabera
– “Ohiko zalantzak”: langileek maiz aurkitzen dituzten egoeren erantzunak

 

 

Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok astelehen, asteazken eta ostiral guztietan biltzea proposatu diogu patronalari hitzarmen duin bat erdiesteko akordioa lortu arte

0

Bizkaiko Metalgintzako Mahaia elkartu da gaur berriro, eta sindikatuok, proposamen berri bat mahaigaineratzeaz gain, bilera egutegi bat proposatu dugu patronalaren borondate falta ikusita.

2018ko apirilaren 22an egin zuen proposamenetik oso mugimendu gutxi egin du, momentuak eskatzen duen planteamenduetatik oso urruti dago FVEM eta, batez ere, atzera urratsak mantentzen ditu, irabazi ditugunak kendu nahirik gainera.

Hala ere, Bizkaiko Metalgintzako langile kolektibo osoari begirunez, sindikatuok, beste behin ere, erantzukizunez erantzun diogu egoerari. Proposamen berria jarri dugu mahai gainean, hiru puntutan:

1. Berdintasuna. Patronalak aurkeztu zuen azken proposamena oinarri, bermatzaile izateko (eta ez borondatezkoa) beharrezkoak gehitu dizkiogu:

-Gaian aditua den pertsona tekniko baten kontratazioa, benetan sektoreak behar duen diagnostikoa egingo duelako eta beharrezko irizpideak ezarriko dituelako.

-Sexu jazarpen protokoloari, sexu arrazoiengatik jasandako jazarpena gehitu diogu. Ez delako berdina, baina biek oinarri bera dutelako eta garrantzi bera.

-Enpresetako planei dagokienez, enpresetako diagnostikoak egiteko ere gaian aditua den kanpo aholkularien kontratazioa, baita planak beteko direla bermatzeko neurriak ere (arduradunak ekimen bakoitzerako, aurrekontu espezifikoak eta kronogramak); hori guztia langileen parte hartzea bermatuz eta Berdintasun Plana enpresa eta langileen ordezkarien artean adostutako izango dela bermatuz.

-Emakumeen kontratazioa bultzatzearekin batera, erantzukidetasun neurriak bultzatzea ere eskatu dugu.

2. ABLE bidezko kontratazioa. Aldi baterako enpresen kontratuak epetan mugatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, gaur egun, prekarietatearen ezaugarri handienetako baita. Hala ere, negoziaziotan aurrera egin nahian, hasieran proposaturiko zazpi egunetako gehienezko kontratutik hamar eguneko kontratuak onartzeko prestutasuna adierazi dugu.

3. Malgutasuna eta behin behineko kontratazioa. Patronalak malgutasun gehiago nahi du, eta sindikatuok argi eta garbi esan diogu horrek langileen lan baldintzak okertuko lituzkeela. Gainera, bi arazo elkarlotu genituen maiatzean prekarizazio egoera horri aurre egin asmoa: %10 baino gehiagoko behin-behinekotasun kontratazioa daukaten enpresek malgutasuna ezin erabiltzea. Ezin da onartu, kontratazioan dagoen iruzurrarekin, dagoen behin-behinekotasun mailarekin, patronalak lan jarduna eta lan egutegiaren erabilpen askea egitea, gainera. Hala ere, behin-behinekotasun portzentaia %12ra igo dugu, baina beti ere malgutasunaren erabilpenari loturik.

Era berean, akordioetara heltzeko patronalaren borondate falta dela eta, bilera egutegi bat proposatu dugu. Astelehen, asteazken eta ostiral guztietan biltzea proposatu dugu, akordioa lortu arte. Momentuz, patronalak ez ditu gure proposamen berriak erantzun, bai bai deitu gaitu hurrengo asterako, bi bileretarako.

LABetik Bizkaiko Metaleko Hitzarmen duina lortzeko konpromisoan berresten gara; borrokan zein negoziazioan. Horregatik, aipatu urrats horiekin batera, datozen egunetan ditugun deialdi ezberdinetan parte hartzera deitu nahi ditugu langile guztiak.