2024-04-26
HomeIndustriaMetalgintzaBizkaiko Metalgintzako sindikatuok hausnarketarako deia luzatu dugu, igandeko hauteskundeen atarian

Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok hausnarketarako deia luzatu dugu, igandeko hauteskundeen atarian

Hauteskunde kanpaina amaierara iritsi da, eta Bizkaiko Metalgintzako langileak Bilbon elkartu gara borrokan gaudela esateko. Larunbatean hausnarketarako eguna izango da eta igandean bozka eguna. Astelehenean, batzuk hauteskundeetako erresaka pasatzen duten bitartean, Bizkaiko Metalgintzako langileok borrokan jarraituko dugu. Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean agerraldia egin dugu, alderdiek gatazkarekiko erakutsitako jarrera zein izan den jakinarazteko.

Horrela jarraitzen du Bizkaiko Metalgintzako sindikatuok gaur arratsaldeko agerraldi jendetsuan irakurritako adierazpen bateratuak:

Oso argi daukagu, lan gatazkak eta politika eskutik doazela, nahiz eta batzuek kontrakoa sinestarazi nahi diguten. Izan ere, lan gatazka asko gaur egungo sistemaren eta egindako lan erreformen ondorio dira, eta horiek politikariek egin eta onartutakoak dira.

Hain zuzen ere horregatik, eta Bizkaiko Metaleko negoziazioan dagoen blokeoa gainditu asmoz, irailean Bizkaiko Instituzio ezberdinak interpelatzen hasi ginen.

Emaitza argia izan da, sindikatuok aurkeztutako mozioa soilik Durango, Lemoan eta Sestaon onartu da; aurkeztu dugun gainerako udal edo diputazioan edo ez da onartu edota edukiz guk aurkezturikotik oso urruti zegoen kontramozioa onartu dute. Batzuetan, gainera, plenoan mozioa eztabaidatzea bera ere ez da lortu.

Mozio horien eztabaida ezberdinetan, PNV zein PSOE entzun genituen ez zirela nor negoziazioan “sartzeko” esaten, ez zutela horretarako konpetentziarik. Noski ezetz! Eta horregatik mozioak ez zuen hori eskatzen, ez genizueke gure izenean negoziatzen utziko. Negoziazioa langileon tresna da eta ordezkatzen gaituzten sindikatuena. Mozioetan argi eta garbi eskatzen genuen Instituzioak FVEMi deitzeko eta negoziatzeko borondatea eskatzeko, negoziazio zintzo bati ekiteko; eta horretaz gain, Bizkaiko Metaleko langileok daramagun borrokarekiko elkartasuna adierazi eta bidelagun izateko eskatu genizuen. Halere, ez dute egin, ez baita beraien konpetentzia negoziaziotan sartzea.

Hala ere, irailaren 30eko Urkullu lehendakariaren hitza gogorarazi beharrean gaude; uda osteko lehen greba eguna zen; “seguru nago, enpresen aldetik eta Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioaren aldetik, beraien esku zegoen guztia egin dutela azken hilabeteotan akordiotara iristeko”… “horregatik pentsatu behar dut, akordio edo negoziaziorako borondaterik, greba deialdia udaberritik dagoenean… borondaterik ez dela egon”.

Seguru daki, Patronalak borondatea daukala, baina sindikatuetaz susmoak; baina normala da hori, gurekin ez baitu hitz egin! Hori esatearren, Urkullu Lehendakaria ez zen negoziazioan sartu, ez horixe! Baina argi eta garbi kokatu zuen bere burua, Patronalaren ondoan, noski!

Ordutik zenbat dei egon ote dira Urkullu/Erkoreka/Ajuria Enea/Sabin Etxea/FVEM/CEBEK eta CONFEBASKen artean? Argi eta garbi diogu; guri ez digu inork ere deitu. Bizkaiko Metaleko langileekin ez dira harremanetan jarri, ez dute gurekin daturik edo informaziorik kontrastatu; Lehendakariak FVEMen informazioa bakarrik dauka. Horregatik diogu, argi eta garbi, Urkullu Lehendakariak bizkarra eman diela Bizkaiko Metaleko milaka langileri. Orduan esan genuen, eta zuzendu ez duenez, berriro diogu, jarrera guztiz tamalgarria da.

Astelehenean, azaroak 4, agerraldia egin genuen. Bost ohar bota genituen eta bat politikarientzako zen. Bizkaiko Metaleko langileentzako zein alternatiba daukaten argi esan zezatela eta hau da orain arte entzun eta jaso duguna:

– PNV: Ez ditu Mozioak babestu Dipuztazioan, Bilbon, Zamudion, Mungian, Gernikan, Barakaldon, Durangon, Lemoan eta Abadiñon. Basauri eta Erandion plenora ere ez zuten eraman eztabaida. Sestao izan da mozioa babestu duten Udal bakarra. Kanpainan zehar ere ez dira gerturatu, ez dute keinu edo mezurik egin. Salbu, asteazkenean, poliziak gu jipoitzen gintuen artean Arantza Tapia norekin zegoen gogoratzen badugu, horretan ere posizionamendua baitago.

– PSOE: Sestaon bakarrik babestu dute mozioa; Diputazioan, Bilbo, Mungia, Gernika eta Barakaldon ez babesteaz gain, Basauri eta Erandion plenoan eztabaidatzea ere ukatu dute. Hauek ere kanpainan zehar ez dira harremanetan jarri, ez dute Bizkaiko metaleko langileontzako alternatibarik, edo ez dute aurkeztu gutxienez.

– EHBILDU: Mozioa aurkeztu den toki guztietan babestu dute mozia. Durango eta Lemoako udaletan mozioa Aurrera atera da. Kanpainan zehar Bizkaiko Metaleko langileon borroka duinari erreferentzia egin diote. Mobilizazio ugaritan egon dira.

– PODEMOS: Ordezkaritza duten udal guztietan eta Dipuztazioan babestu dute mozioa. Mobilizazio ugaritan egon dira.

– PP: Ordezkaritza daukaten inon ez dute mozioa onartu.

Gainera, mobilizazio aste indartsua izan dugu Metalean. Asteartean, kotxe karabanak egin genituen Bizkaiko Metaleko empresa handi batzuek hitzarmena blokeatzen dutela salatzeko. Asteazkenean, Barakaldoko BECen egon ginen, FVEMek gazteen aurrean egin nahi zuen aurpegi zuriketa salatzeko. Gogoratu nahi diegu, milaka gazte daudela, gaur egun, FVEMek prekarietatera kondenatu nahi dituenak. Gazteek, lan baldintza duinak behar dituzte eta, are gehiago, Hitzarmen honetan behin behinekotasuna, ABLE bidezko kontratazioa eta subrogazio eskubidea bermatu beharko ditugu prekarietate horri frenoa jartzeko.

Bukatzeko, Bizkaiko metaleko langile guztiei esan nahi diegu, bihar hausnartu dezatela, eta bakoitzak metaleko gatazkan duen jarrera eta posizionamendua ere aztertu dezatela. Eta, bai, argi diogu, Bizkaiko metaleko langileok astelehenean mobilizatzen eta borrokan jarraituko dugu Hitzarmen duina lortu arte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.