2026-02-03
Blog Page 572

Lantokietan ere autodefentsa feminista!

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako, astelehenerako, elkarretaratzeak deitu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan dauden Lan Ikuskaritzetan, "Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu. Lantokietan autodefentsa feminista" leloarekin. Azaroaren 25eko mobilizazioak 12:00etan izango dira Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.

Hilero, astero, egunero amorru berdina. Egunero, astero, hilabetero itotzen gaituen ezinegon berdina. Lankidea, laguna, auzokidea, istorio berdinak, egoera berdinak, behin eta berriz errepikatzen den emakumeenganako* indarkeria eta jazarpena, espazio eta modu anitzetan. Begirada morboso eta mingarriak, botere harreman ikusezinak, soldata arrakala, baimen gabeko ukituak, korresponsabilitate eta kontziliazio neurri faltsuak, emakumeen* inguruko txisteak, paternalismoa, bortxaketak, prekarietatea, lan baldintza penagarriak, inposatutako zaintza lan karga bikoitzak eta hirukoitzak, gure lana gutxiestea,….

Egoera hauek gutxitan salatzen dira, gehienetan botere harremanek eragin zuzena daukate salaketa kopuru murritz horretan. Emakume* langileok salatzeko beldur gara, gure lanpostua galdu dezakegulako, zalantzan jarriko dutelako bizitako jazarpena. Lantokietan babes falta igartzen dugu, jazarpenari aurre egiteko ez dago ez mediorik ez borondaterik.

Lan zentro askok ez dute sexu jazarpenen aurkako protokolorik, eta dituztenak ez dira errealak, ez aplikagarriak. Urteak aurrera joan ahala argiago eta garbiago ikusten dugu protokoloek ez dutela bermerik, areago, langileen artean ez dira protokoloak ezagutzera ematen.

Gizarte heteropatriarkal honi lantokietan aurre egiteko tresna bat izan behar lukeena paper huts bilakatzen da, patronalaren interes ekonomiko eta aurpegi zuritzearen mesedetan. Lantokietan, kalean bezala, gertatzen zaiguna salatzen dugun bakoitzean gure hitza, gure ezinegona, gure errelatoa, guri gertatutakoa zalantzan jartzen da, eta erasotuak gu izanik ere, geure buruak justifikatzen bukatu behar izaten dugu. Horrek, lagundu beharrean, zaildu egiten digu erabat indarkeriarekin bukatzeko egin dezakegun edozein ahalegin.

Jazarpena zer den eta gugan nola eragiten duen jabetu gara emakumeok*, jazarpen sexuala identifikatzen ikasi dugu, irmoki eta zorrotz ekin behar diogu egunero lantokietan beste emakumeekin* babes sareak sortuz. Lantokietan autodefentsa feminista gure eredu eta jarraibide izan behar du. Emakumeak* saretuko gara, bazterretatik erdigunera, erresistentzia harresiak eraikiz, gure artean indartuz eta zainduz. Gure lantokietan borrokatzeko asko dugu, aldarrikatzeko asko dugu, batez ere asko dugu irabazteko.

Gizonok: lagun, afiliatu, lankide, delegatu gizonok, zuek ere erantzule zarete. Zuek ere konplize zarete. Zuen jarreren eta jokabideen arduradun zarete. Ez gehiago begiratu beste aldera, aurre egin bustitzen eta zeharkatzen zaituzten matxismo eta jarrera sexistei.

Emakumeok sistema heteropatriarkala kapitalista aspaldi jarri dugu auzitan, askotan ausardiaz hortzak erakutsi dizkiogu, altxatu egin gara, heteropatriarkatuaren arauekin konfrontatu dugu, eredu disidenteak erdigunean dantzan jarri ditugu, eta zuek? Noiz arte izango zarete konplize? Zuen konplizitatearekin apurtu, zuen maskulinitatea deseraiki. Lantokiak emakumeentzako* jazarpenik gabeko espazio askeak izan arte emakumeok* ez dugu etsiko. Gizonok borroka honetan non kokatuko zarete?

Emakumeok* argi daukagu, lantokietan autodefentsa feministara joko dugu eta ekintza sindikalarekin erasoei erantzungo diegu. Kontatzen ez dena ez da existitzen, horregatik guk gogor eta ozen oihukatuko dugu lantokietako pareta guztiak astinduz. Jazarpen eta erasoen aurrean ez gara isilduko, haserre gaude, eta amorru hori antolatuko dugu, saretuko dugu, eta erantzule guztiak seinalatuko ditugu. Enpresei gogorarazi nahi diegu ere, haien arduragabetasuna eta demagogia alde batera uzteko eta behingoz protokolo errealak enpresetan martxan jartzeko garaia dela.

GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!

 

 

 

ESI Arabako Osasun Zentroetako garbiketa zerbitzuko langileek eserialdia egin dute Txagorritxun, euren egoerari buruz hitz egiteko premiazko bilera bat eskatzeko

0

Garbialdi enpresakoak diren ESI Arabako Osasun Zentroetako garbiketa zerbitzuko langileek Osakidetzako ESI Arabako zuzendaritzari zuzendutako premiazko bilera eskaera bat erregistratu dute Txagorritxuko Ospitalean, baita ere eseraldi bat egin Garbialdik ezarritako murrizketak salatzeko eta bilera eskaera horren garrantzia nabarmentzeko. Bada, protestak emaitzak eman ditu, eta lortu dugu bilera gauzatzea. ESI Arabako finantzetako zuzendaria eta langileen kudeaketa arloko zuzendaria aurkeztu dira.

Garbialdi enpresakoak diren ESI Arabako Osasun Zentroetako garbiketa zerbitzuko langileek eserialdia egin dute Txagorritxuko ospitalean, Gasteizen, administrazioko bulegoetan, Osakidetzako ESI Arabako zuzendaritzarekin premiazko bilera bat izateko asmoz.

Bilera eskaera hau, aldebakarrez Garbialdik hartutako erabaki larri baten ondorioz dator, zeinaren arabera goizeko txanda kendu eta Gasteizko ia Osasun Zentro guztietan zerbitzu orduak murriztu nahi dituen. Murrizketa honen aurrean, langileak ez dira geldirik egongo, eta datozen egunetan mobilizazio egutegi bat adostuko dute.
 

 

 

Elecnor enpresak aurpegia eman gabe jarraitzen duela salatu dute langileek, eta greba mugagabea iragarri dute

0

Elecnor Telecomunicaciones enpresako langileak berriro mobilizatu dira gaur Gasteizen, lantokian deitutako bosgarren greba eguna dela eta. Era berean, abenduaren 9an abiatuko duten greba mugagabearen deialdia erregistratu dute. 

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Aurreko greba egunean esan bezala, enpresak baldintza minimo batzuk negoziatzeko erakutsi duen borondate ezaren aurrean, langileek mobilizazio gehiago egitera eraman ditu, zeintzuk urte amaierako greba mugagabea izango duten puntu nagusi.

Elecnor Telecomunicaciones enpresan deitutako bostgarren greba jardunaldia berriro ere oso arrakastatsua izan da. Langileek bi elkarretaratze burutu dituzte haien lan egoera salatzeko: lehena 09:00-10:00 bitartean Lakuan dagoen Telefónica Eraikinaren aurrean, eta bigarrena eguerdian General Loma plazan dagoen Telefónica dendaren aurrean.

Esan bezala, dagoeneko erregistratu da abenduaren 9an hasiko den greba mugagabea. Bi aste hauetan enpresak ez du egoera konpontzeko mugimendu bakar bat egin. Are gehiago, beste herrialdeetako lankideei esker, Arabako Delegatuek jakin ahal izan dute enpresak Nafarroatik langileak bidaltzen ari dituela Agurain eta Araiara lanera, grebalarien greba eskubidea bera kolokan jarriz.

Enpresak arazo ekonomikoak argudiatzen ditu langileen egoera duinduko lituzken neurriak hartzeko, baina aldi berean ezkutatzen du soilik 2018an bere laguntxoen artean 28 milioi euro banatu zituztela. Gainera, egun hauetan hainbat komunikabidek argitara eman dute aurtengo urtarrila eta iraila artean Elecnorrek fakturazioa % 1,5 handitu duela. Honek enpresak langileon baldintzak duintzeko duen borondate falta agerian uzten du, langileon izerdiaz baliatzen delarik poltsiko gutxi batzuk diruz betetzeko.

Honekin guztiarekin, greba egunetarako mobilizazioak adosten doaz. Gabonen bezperetan egonik, Telefonica-ko bezero eta bezero posible horiei azpi-kontratako langileen egoera azalduko zaie. Honetaz gain, Plaza Berrian egiten den merkatuaren harira elkarretaratze intentsiboa burutuko da, eta ostiralerako, abenduak 20, Arabako langileak Bilbora hurbilduko dira bertan dauden Elecnor eta Telefonica enpresen egoitza zentralen aurrean protestak burutzeko. Azken mobilizazio honek Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan dauden ELA, LAB eta ESK sindikatuen langileon ordezkarien babesa izango du.

 

 

 

Presoen afera konpontzeko garaia dela aldarrikatu dugu berriro Bilbon

Ostiral honetan, sindikatuok hilabetero Bilbon antolatzen dugun elkarretaratzea egin dugu, "Konponbide garaia da. Orain Presoak" lelopean. Hain zuzen ere, Eliptika plazan bildu gara, euskal presoen eskubideen defentsan.
 

 

 

Enplegu zentro berezietan dagoen prekarietatea salatuko dugu abenduaren 3an

Gipuzkoako enplegu zentro berezietako langileak Tolosan elkartu dira, eta bertatik dei egin dute abenduan 3an, goizeko 11:00etan, Eusko Jaurlaritza aurrean gauzatuko duten mobilizazioan parte hartzera. Hain zuzen ere, egun hori aniztasun funtzionala duten pertsonen Nazioarteko Eguna da, eta LAB sindikatuak data hori baliatuko du pertsona hauek enplegu arrunta lortzeko dituzten zailtasunak eta enplegu zentro berezietan dagoen lan prekarietatea salatzeko.


 

 

 

DSBEri buruzko lege proposamena bertan behera uzteko exijitu eta Greba Orokorrera deitzeko arrazoiak plazaratu ditugu Eusko Legebiltzarrean

LABeko Ekintza Sozialeko ordezkari Edurne Larrañagak eta Mikel Alvarezek Eusko Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordean egin dute agerraldia, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) inguruan eztabaidatzen ari diren lege proposamenaren harira. Edurne Larrañagak, lege proposamena bertan behera uzteko exijitzeaz gain,  Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Marko propio bat aldarrikatu du, eta mobiliazioen eta urtarrileko Greba Orokorraren garrantzia aipatu du, lan, pentsio eta bizi duinaren defentsan.

DSBEri buruzko lege proposamena bertan behera uztea exijitu dugu batzordean: "Ez du pobrezia ezabatu nahi, jasangarria egin baizik, harekin bizi", adierazi du Edurne Larrañagak. Hain justu, lege proposamenak ez duela egoera konpontzeko proposamen bakat bat ere jasotzen salatu du. Hau esanda, gure aldarriak eraman ditugu batzordera:

-Kronifikatzen ari den prekarizazio sozial eta laboralari erantzukizunez heldu behar zaio, egiten diren enplegu politika aktiboak patronlaren interesen araberakoak baitira, prekarietatea sustatuz eta sarituz.

-EAEn egiten den babes sozialerako gastua BPG-ren arabera handitu dadila, Europako batez bestekoarekin parekatzeko.

-Neurriak har daitezela DSBE jaso beharko luketen eta jasotzen ez duten pertsonek (%30) prestazioa eskura dezaten.

-Sistemaren iraunkortasuna ezin da oinarritu pobrezia mailarik larriena pairatzen duten pertsonentzat baliabideak murrizten.

Honela gauzak, lan, pentsio eta bizitza duina ahalbidetuko duen Lan Harremanetarako eta  Babes Sozialerako Marko propio bat behar dugula berretsi dugu, justu eta kalitatezkoa izango dena. "Orain arte bide horretan gauzatu diren urratsak herri mobilizazio eta herritarron dinamikari esker lorturiko garaipenak izan dira. Horrregatik, urtarrilaren bigarren hamabostaldian, lan, pentsio eta bizi duinaren alde Greba Orokorra egingo dugu. Langileon garaipen berria izango da", jakinarazi du Edurne Larrañagak.
 

 

 

Elkarretaratzea egin dugu Bilbo Zaharreko La Merced anbulategian, Osakidetzak Lehen Mailako Arretan egindako murrizketak salatzeko

0

Murrizketa hauek EAJk ezarritako politika neoliberalen fruituak dira, eta bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen dugu. Eskubideen eta zerbitzu publikoen murrizketak gelditzea exijitzen diogu Gobernuari. Osasun publikoaren deuseztatzea ez dugu onartuko.

Lehen Mailako Arretan ditugun arazoak ez dira berriak. Urteak daramatzagu Osakidetzaren barruan lehen mailako arretak jasaten duen utzikeria salatzen, batez ere langile faltagatik. Bestalde, jakina zen urte gutxiren buruan profesional fakultatibo askok erretiroa hartuko zutela. Urte hauetan Osakidetzak ez du ezer egin, eta orain ez daki mediku eta mediku falta egoerari nola aurre egin. Langileak falta dira, halaber, erizaintzako laguntzaileen eta zeladoreen kategorietan; lehen mailako arretako zentroetatik desagertzen ari dira kategoria horiek, eta horrek esan nahi du lan-kargak handitu egin direla beste kategoria batzuetan.

Azken hilabeteetan mobilizazioak eta hiru greba egun arrakastatsu burutu ditugu Lehen Mailako Arretaren egoera salatzeko. Presio horren ondorioz, Osakidetzak hainbat jarduketa jarri ditu martxan esparru horretan, baina euskal gizarteak eskatzen duen Lehen Mailako Arreta eredu berri baten aurkako norabidean. Osakidetzak adabakiak jartzearen alde egiten jarraitzen du, berehalako egoera gainditzeko eta eskainitako zerbitzuak murrizten joateko; bitartean, langile fakultatiboen falta diruarekin eta aparteko orduekin konpontzen saiatzen jarraitzen du. Ildo horretan, Osakidetzako zuzendari nagusiaren adierazpenen arabera, "Uda honetan, aurreko urtearekin alderatuta, 2018an baino 7.000 lanaldi gehiago bete dira, eta horrek esan nahi du 2018ko epe berean egindako inbertsioa 2,6 milioitik gorakoa izan dela".

LABetik ez dugu aurrerapausorik ikusten, eta salatu egiten dugu:

-Sortutako lantaldeen helburua Osakidetzaren eredua esklusiboki ezartzea da. Lehen Mailako Arretako langile gehienek ez dute talde horien berri izan.

-Zuzendari nagusiari eskatzen diogu azal dezala nola gastatu diren 2,6 milioi horiek. Zenbakiek ez gaitzatela engaina. 3 hilabete eta erdiko udako kontratu bat 70 lanaldi ingurukoa izango litzateke, eta, beraz, benetan hitz egiten ari zaigu 100 bat udako kontratuez… 2,6 milioi eurora?

-Anbulatorio askotan familiako medikuen eta pediatren plazak bete gabe daude oraindik.

-Lehen Mailako Arretaren egoerak, hobetzetik urrun, okerrera egin du ekainetik, murrizketa berriekin. Zerbitzuak ixten ari dira (Bilboko Zazpikaleetako edo Txurdinagako EAG, edo Gasteizko San Martin) eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuetan ordutegiak murrizten (Bilboko Solokoetxeko EAG edo La Mercedeko Osasun Zentroa).

Egoera onartezina iruditzen zaigu, murrizketok bai Osakidetzako langileoi bai erabiltzaile guztioi eragiten digutelako. Honako neurriak osasun publikoaren kontrakoak dira eta Osakidetza pixkanaka zerbitzuak kentzen ari da.

 

 

 

“Poligono honetan lan eskubideak urratzen dira”

0

Lan finkoa eta iraunkorra edukitzea eskubidea delako, ez patronalaren esku dagoen kapritxo bat, Berriatuako HEISA, Matithor eta Urlapesca arrain kontserba eta merkataritzako enpresen aurrean egin dugu protesta, Pikete Feministaren eskutik.

HEISA arrain kontserba enpresak (Hermanos Echevarria Idoeta) lan kontratu finkoa duten langileei aldizkako lan kontratua inposatu nahi die, neurri horrek dakartzan eskubideen galera izugarria izanik, langileen eguneroko bizitza baldintzatuko duelako oso-osorik. Esandakoaren harira, argitu nahi dugu Berriatuako Gadortza Industriagune berean kokatuak dauden beste bi enpresek lehenagotik ireki zutela gatazka bidea hau, hots, Matithor Iberica enpresak eta Urlapesca enpresak; arrain kontserba enpresa bata eta arrain merkataritzara dedikatutakoa, bestea.

Hain da enpresari hauen aurpegia, hain da langileenganako axolagabekeria azken muturreraino esplotatzearen prestutasuna badutela argi eta garbi utziz, non ez dira lotsatu ere egiten langileei eskatzen euren eskubideei uko egitea euren beharretara moldatzea lehenestea eskatuaz eta exigituaz, langileon egunerokotasuna, eskubidea eta etorkizuna lurperatzen badituzte ere. Eta, noski, enpresari hauen esana ez onartzea erabakitzen duen langilea kaleratze bidean ipintzeko presta daude.

Ez da harritzeko ere (bai, ordea, mingarria ikusterakoan esplotazio bikoitza edo hirukoitza ematen dela sektorean), gatazka eta eskubide urraketok arlo honetan ematea, hots, emakume asko egoera prekarioan dagoen arloan izatea; soldata oso baxuekin, lan finkoa lortzea ia ezinezkoa den esparruan eta finkotasunak berak ere lan duina eta bizi duina edukitzea ziurtatzen ez duenean.

LAB sindikatuak argi utzi nahi du ez gaudela prest isiltzeko. Langile emakume inplikatuak defendatzera gatoz eta enpresari zapaltzaileak salatzera. Argi utzi nahi dugu ere, HEISA, Matithor edo Urlapesca bezalako enpresek inposatu nahi duten lan ereduarekin XIX. mendera eraman nahi gaituztela, enpresen etekinen eta enpresen etorkizunaren aitzakiapean. Honako dinamika eta martxan, laster batean janaren truke eskainiko dute lana. Enpresari mota hauek Euskal Herritik at behar ditugu, bai langile eskubideak zapaltzeko duten prestutasuna agerian uzten ari direlako, baita gure herria aurrera ateratzeko dinamika eta ideia kapitalistarik ez ditugulako onartzen ere.

 

 

 

Mugimendu milimetriko eta ez nahikoak patronalaren aldetik, Bizkaiko Metalgintzan deitutako greba deialdi berrirako astebe falta denean

0

Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren Mahai Negoziatzailearen beste bilera bat izan dugu gaur, zortzi eguneko greba deialdi berrirako astebete falta denean. Zoritxarrez, patronalak beste aukera bat galdu du urrats garrantzitsuak eta benetakoak emateko. Patronala zertxobait mugitu den arren, urrats milimetrikoak dira, eta hori arduragabekeria bat iruditzen zaigu greba deialdi berrirako astebeteren faltan. FVEM-ek adierazi du negoziatzeko prest dagoela, baina sindikatuok erantzun diogu negoziatzea edukietan urrats sendoak ematea dela.

FVEM beste proposamen batekin etorri da lan osasun arloari dagokionez, eta sindikatuok esan diogu baloratuko dugula. Subrogazio gaian mugimendu bat egin du, baina sindikatuentzat ez nahikoa da. Izan ere, subrogazioa esparru publikora mugatzen jarraitzen du, sindikatuok esparru pribatura eramatea ezinbestekotzat jotzen dugunean. Era berean, soldaten gaian mugimendu bat egin du, baina eskasa da hau ere. IT osagarrien arloan ere mugitu da zertxobait, baina negoziazio hasieratik mahai gainean dauden atzerapenak mantenduz. Behin behinekotasuna eta ETT gaietan, berriz, ez du inolako planteamenturik egin. Are gehiago, patronalak atzerapen garrantzitsuak mantentzen jarraitzen du malgutasunari dagokionez.

Astelehenean beste bilera bat egingo dugu. Sindikatuak prest gaude beharrezkoak diren bilera guztiak egiteko greben aurretik, beti ere edukietan aurrerapausoak ematen badira, sindikatuok planteatutako norabidean.

Egunotan, batzarrak egiten ari gara enpresetan, eta oso balorazio baikorra egiten dugu. Langileak indartsu daude, grebara joateko tinkotasun handiarekin, hitzarmen duin baten alde borrokatzen jarraitzeko.