2026-07-30
Blog Page 556

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak Urazurrutian erakutsitako jarrera gaitzesten dugu

Gaur goizean Urazurrutia kalean Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak egindako ekintza larriaren aurrean, auzoko bizilagun baten etxegabetzea saihestu nahi zuten pertsonak erasotu dituzte, Bilboko Udaleko LABeko atal sindikalak gogor gaitzetsi nahi du bi poliziek izan duten jarrera.

Bestalde, Udaltzaingoa bere eskumenekoak ez diren ordena publikoko eginkizunetan erabili dela salatu nahi dugu.

Gaur gertatutakoarekin, Juan Maria Aburto alkatea Bilboko Udaltzaingoa eredu autoritario eta errepresibo batera eramaten ari da, eta gero eta gehiago urruntzen ari da ustez defendatzen duen hurbileko polizia-eredutik.

Alkateak alde batera uzten du Segurtasun Akordioa, aho batez onartua, eta praktikan EAJ-PSEren gobernuak Arkauteko polizia akademiatik inplementatzen duen polizia errepresiboaren eredua babesten du.

Horrenbestez, alkateak Udaltzaingoaren gutxiengo baten sektore baten eskakizunei men egiten die. Sektore honek, jarrera atzerakoi eta autoritarioa denak, behin eta Berriro eskatzen du hurbileko polizia-ereduarekin bateraezina den materiala (kaskoak, ezkutuak, taserra).

Gogorarazi nahi dugu 2013an Bilboko Udaleko Enpresa Batzordeak (ELA, LAB, SVPE, CCOO eta UGT) aho batez onartu zuela adierazpen bat, non Gobernu Taldeari honako hauek eskatzen zaizkion:

– Udaleko langileak etxegabetzeen ondoriozko kaleratzeetan ez erabiltzea.

– Langile publikoak ez daitezela bihurtu banketxeen interesen zerbitzurako tresna.

Gainera, sindikatu sinatzaileok, une hartan gure konpromisoa eta babesa adierazi genituen egoera horietan zuzenean eragin zezaketen langile-taldeekin.

LAB behin eta berriz agertu da Udaltzaingoa ordena publikoko jardueretan erabiltzearen aurka; gu izan gara Udaltzaingoak istiluen aurkako materiala erosi eta erabiltzearen aurka agertu garen bakarrak.

Jarduera horiekin, Alkatea, Zinegotzia eta Udaltzaingoaren Zuzendaritza arriskuan jartzen ari dira agenteen segurtasuna, eta, gainera, herritarrak gero eta gehiago aldentzea eta errepresio-gorputz gisa ikustea lortzen ari dira. Segurtasun Itunean adostutakoa errespetatzea eskatzen dugu.

Horrez gain, gure elkartasuna adierazi nahi diegu etxegabetzeak kaltetutako pertsonari eta gaur hari laguntzera modu solidarioan hurbildu eta eraso egin dieten pertsonei.  

Premiazkoa da migrante eta errefuxiatuen segurtasuna eta duintasuna errespetatuko duten neurriak hartzea

LAB Sindikatutik bart gauean Moriako errefuxiatuen akanpalekuan (Lesbos irla, Grezia) gertatuko sutea eta, oro har, bertan dauden errefuxiatuek bizi dituten egoera salatu nahi dugu. Nahiz eta oraindik ez dagoen argi nola eta zergatik gertatu den sutea, ukaezina da akanpalekuaren baldintza prekarioek erraztu egin dutela sutearen hedapena.

Akanpalekua 2.500 pertsonentzako prestatuta egon arren, momentu honetan 13.000 pertsona daude bertan. Osasun neurriak ez betetzeaz gain, egoera horretan gutxieneko bizi baldintzak bermatzea ezinezkoa egiten da. Gainera, akanpalekuan dauden pertsonen %40 haurrak dira, horrek eragiten duen zaurgarritasun egoera bereziarekin.

Europako Batasunaren arduragabekeria salatzen dugu. COVID19a baino lehen ezinbestekoa baldin bazen migrazio bide seguruak bermatzea, birusak sortu duen egoeran are premiazkoagoa egiten da pertsona migrante eta errefuxiatuen segurtasuna eta duintasuna errespetatuko duten neurriak hartzea.

Eskubide guztiak pertsona guztientzat!

Garbiñe Aranburu: “Mobilizatzen eta aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza erdigunean jarriko duten akordio sozialak gauza daitezen”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute Bilbon, Covid-19aren pandemiaren bigarren olatu honetan bizi dugu egoera soziokonomikoaren inguruan egiten dugun irakurketaren berri emateko. Kurtso politikoaren hasieraren harira egindako prentsaurrekoan, akordioak beharrezkoak direla nabarmendu dugu, baina inolaz ere egungo sistema elikatzen jarraitzeko; enpleguaren suntsiketa gelditzeko, lan baldintzak duintzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, zaintza lanak aitortzeko eta aberastasuna modu bidezkoago batean banatzeko baizik.

“Herritarren interesak eta beharrak erdigunean jartzeko akordioak behar ditugu, eta honek elite ekonomikoaren interesekin talka egiten du. Horregatik, patronala-erakundeak bikoteak ez dio gai honi heltzen”.

Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Bilbon egindako agerraldian esandakoak. Herri honetan arduraz jokatzen ari direnak herritarrak direla esan du; horregatik, ardura politikoak saihesteko erakundeetatik norbanakoei zuzendutako ardura dei etengabea salatu du, ondoko gabeziak daudenean:

-Ez dago inolako planik enplegua salbatzeko. Lan erreformak bertan behera utzi behar dira, eta formula berriak bilatu enplegu suntsiketa saihesteko eta berria sortzeko; zaintza, osasungintza eta irakaskuntza arloetan, kasu. Era berean, egungo enplegua duindu behar da. Pandemia honek erakutsi digu zeintzuk diren oinarrizko sektoreak, zer den garrantzitsua bizitza sostengatzeko. Sektore horietako asko eta asko feminizatuak eta prekarizatuak daude.

-Ez dira hilabete hauek baliatu osasungintza publikoa indartzeko, ez da kontratazio berririk egon. Oso larria da Lehen Arretan ematen ari den egoera. Aurreikuspen eta planifikaziorik eza egon da.

-Hezkuntzari dagokionez, urteak eman ditugu ratioak jaitsi behar direla esaten eta murrizketak salatzen. Ez dago Hezkuntzan inbertitzeko apusturik. Ikasturte hau planifikatzeko unean, berandu eta gaizki ibili dira. Ez da borondaterik egon eskola itzulera negoziatzeko hezkuntza komunitatearekin, ez Nafarroan, ezta EAEn ere, eta neurriak oso motz geratu dira.

-Pertsona helduen eta adin txikikoen zaintza lanak berrantolatu behar dira erabat. Ez da inolako neurririk hartu ratioak jaisteko eta lan taldeak indartzeko helduen egoitzetan, eta ez dakigu nola erantzungo ahal zaion adin txikikoen zaintzari etxera itzuli beharko dutenean.

-Oinarrizko beharrak bermatuak ez dituzten pertsona kopuruak gora egin du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “gobernu desberdinek elkarrizketa eta akordioak behar direla diote. Ideia hori oso presente egon zen atzo, Jaurlaritzako sailburu berrien izendapenean. Kontua da gobernu honentzat elkarrizketa dela mahai sozioekonomiko bat egokitzea propaganda hutsa egiteko. Gobernu honek aldebakartasunez jokatzen du, gobernu honek gehiengo sindikalari muzin egiten dio. Hau guztia ez dator bat elkarrizketa eta akordioen aldarriarekin”.

LAB sindikatuari oso garrantzitsua iruditzen zaio abiapuntua ezartzea eztabaidari ekin aurretik, “behar duguna ez baita eredu kapitalistaren berreraikitze bat, behar duguna norabide aldaketa bat da. Beste eredu ekonomiko eta sozial batera abiatzeko oinarriak jarri behar dira. Trantsizio ekosozialista eta feminista bat behar dugu”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “arduraz jokatuko dugu, eta mobilizatzen eta beste eredu ekonomiko eta sozial bat defendatzen dugunon artean aliantzak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza erdigunean jarriko dituzten akordio sozialak gauza daitezen”.

Bartzelonan egongo gara Diada egunean, Kataluniako herriari babesa emateko

Irailaren 11n berriro ere Diada berri bat ospatzen den egunaren atarian, LABek agur eta babes mezua bidali nahi dio Kataluniako herriari. Urtero bezala, irailaren 11n Kataluniako herria Diada baten ospakizun eta aldarrikapenerako prestatzen da. Aurtengo Diada eguna, nola ez, Covid-19ak baldintzatuta dator, eta urteroko Kataluniako herriaren erakustaldi masibo hau bizi dugun osasun testuingurura egokitu beharko da. Hala eta guztiz ere, pandemiak ez du Kataluniako herria bere eskubide nazionalak aldarrikatzera kalera ateratzea eragotziko.

Pandemia egoerak mugimendu independentistako 9 pertsona herriaren borondate demokratikoa gauzatzen laguntzeagatik kartzelan egotea, beste militante politiko batzuk erbestean egotea eta Dani Gallego madrildarra Kataluniaren kontrako errepresioa salatzeagatik kartzelan egotea salatzea ez du geldituko. Estatuaren errepresioak urtero irailaren 11n olatu independentistak Katalunia osoko kaleak betetzea gelditzea lortu ez duen bezala, aurten pandemiak ez du geldituko Kataluniako herriaren eta herri sektoreen askatasunarekin amesten jarraitzea.

Aurten ez dira egongo mundu osoari herri bat kalean erakutsi eta guztioi oilo ipurdia jartzen diguten airetik ateratako argazkirik. Aurtengoa ez da horretarako garaia; bai, ordea, kalera ateratzeko unea, ezerk geldituko ez gaituela erakusteko, baino egoerak erakusten duen segurtasun neurriak betez, zeren guretzat jendearen bizitza eta zaintza lehen mailako lehentasunak dira.

Berriro ere LAB sindikatua irailaren 11n Bartzelonan egongo da Kataluniako herriari bere babesa adierazteko. Diada guztietan bezalaxe, LAB sindikatuko ordezkaritza batek egunean zehar antolatuko diren ekimen ezberdinetan parte hartuko du, eta bereziki Assemblea Nacional Catalanak antolaturiko mobilizazio bateratuan eta Ezker Independentistak antolaturiko mobilizazioan.

Kataluniako herriaren azken urtetako historiaren lekuko izateko ohorea izan dugu; irailaren 11 guztietan egoteaz gain, 2017ko urriaren 1eko erreferendum historikoan eta handik bi egunera urriaren 3an deituriko greba orokor historikoan egon garelako, eta halaber ondoren antolatu izan diren greba orokor masibo guztietan. Gure aldetik, Kataluniako herriak historia nola egiten duen bizitzen jarraitu nahi dugu, eta, batez ere, bi herrien arteko anai-arrebatasunean sakontzen jarraitu nahi dugu, indarrak batu eta eskuz-esku askatasuna lortu arte borrokan jarraitzeko.

Galdakaon mobilizatuko gara azken lan heriotza salatzeko

Productos Tubulares aurrean salatu genuen atzo kapitalismoak eragindako azken lan heriotza, bertako enpresa batzordeak deituta. Gaur arratsaldean, Galdakaoko greba batzordeak deituta, berriro mobilizatuko gara, hildako langile galdakoztarra gogoan.

Euskal Herrian, aurten, 47 langile hil egin dira gutxienez lan istripuz eta langile batek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

EAEko Hezkuntza arloko azpikontratetako langileek grebara deitu dute irailaren 15erako

Hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza dugun LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok grebara deitu dugu irailaren 15erako, Hezkuntzan deitutako grebarekin bat. Garbiketa, eskola-jantoki eta eskola-garraioetako langileak feminizatu, ikusezin eta prekarizatutako hiru langile kolektiboren parte dira.

Deialdiaren arrazoia da ez dagoela negoziaziorik eta prebentzio- eta segurtasun-neurrien planifikaziorik, osasun-alarmako egoera batean, garbiketa, jantokiak eta eskola-garraioa bezalako eremu garrantzitsuetan.

Azken hilabeteotan sindikatuok hainbat bilera eskatu dizkiegu Hezkuntza Sailari eta azpikontratatutako enpresei, ikasleen eta langileen segurtasuna bermatuko duten kontingentzia-planak negoziatzeko.

Abuztuaren amaieran, Hezkuntzako sailburuak iragarri zuen aurrekontu-partida gehigarri bat bideratu zutela garbiketa-zerbitzurako, egungo egoerari erantzuteko. Kontratatu diren errefortzu eskasak neurri ez nahikoak dira ehunka ikasle hartzen dituzten ikastetxeak desinfektatzeko. Gainera, gaixotasunagatiko bajak bete gabe daude oraindik.

Gaur egun eskola-jantokiei eta eskola-garraioari dagokienez, aldizkako kontratu finkoak dituzten langile guztiekin ez dute negoziatzen eta ez digute esaten nola antolatuko diren zerbitzuak. Argi dago baliabide gehiago behar direla, langile gehiago kontratatu behar direla eta ratioak jaitsi behar direla zerbitzu segurua eta kalitatezkoa eskaini nahi badugu.

Gaur egun, enpresek eta Hezkuntza Sailak ez digute informaziorik ematen eta ez digute erantzunik ematen. Gaur egun milaka langilek ez dakite zer baldintzatan eta zer neurrirekin hasiko diren lanean, hasten badute.

Greba-deialdi honek gure lanak irakaskuntza presentzialean duen garrantziaz ohartarazi nahi du. Hori egin ahal izateko, segurtasun-neurriak planifikatzea eta garatzea eskatzen dugu, eta, horregatik, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu, berriz ere, kaltetutako kolektibo guztiekin negoziatzera eser dadila, irtenbiderik onena bilatze aldera, lanpostu guztiak eta lanpostu horiek betetzen dituztenen osasuna babesteko segurtasun-baldintzak izango dituen irakaskuntza bermatzeko. Irailaren 15ean garbiketa, jantoki eta eskola-garraioko langileok greba egingo dugu. Ostegunean, hilak 10, egingo diren mobilizazioetan parte hartuko dugu eta irailaren 11n, ostirala, Arriaga Antzokian bilduko gara.

Lanuzteak egingo dituzte Artiachen, lankide bat kaleratu dutelako

0

Orozkoko Artiachen langile bat kaleratu dute, eta, halako egoeretan ohi den moduan, enpresa-batzordearen gehiengoak (LAB, ESK eta ELA) mobilizazioak deitu ditu erabakiaren kontra. Gaur elkarretaratzea egin dute, mobilizazioekin abiatzeko.

Langileek gaur eta bihar elkarretaratzeak egingo dituzte 13:00etatik 14:30etara enpresa atarian; eta irailaren 15 eta 16an, 2 orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean (04:00etatik 06:00etara gauekoan, 09:00etatik 11:00etara goizekoan eta 16:00etatik 18:00etara arratsaldekoan).

Abuztuaren 20an izan zen kaleratzea Orozkoko Artiach enpresan. Diziplina bidea baliatu zuen zuzendaritzak horretarako, eta gutun bidez jakinarazi zion langileari.

Euskal presoak hiltzen dituen kartzela politika honekin amaitu behar dugu

Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoa hil da Martutenen. 15 urte zeramatzan kartzelan. LABek bere heriotza salatzen du eta babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkio bere familiari. Gonzalez Sola kalean egon beharko zen, zigorraren 3/4ak martxoan beteta. Kartzela politikak beste preso bat hil du. Hau onartezina da.

Euskal presoak hiltzen dituen kartzela-politika honekin amaitu behar dugu. Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugu lehenbailehen, denborarik galdu gabe, eta gobernuak interpelatzen ditugu espetxe politika anker honekin amaitzeko.

Salbuespen neurriak eten behar dira lehenbailehen. Aldarrikapen hauek gehiengo zabalaren babesa dute sindikatuen artean eta euskal jendartearen artean:

– Larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak berehala askatzea.

– Zigorraren 3/4ak bere dituztenak etxeratzea.

– Preso guztiak Euskal Herriratzea.

– Gradu aldaketak ahalbidetzea eta baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egotea.

Euskal presoak etxeratze bidean jarri behar ditugu, adostasun zabalak eraiki eta langile eta herritarrak honen inguruan aktibatuz.

Horrela, LABek bat egiten du igandean Bilbon SAREk eta Baionan Bakearen Artisauek deitu dituzten mobilizazioekin. Bilboko manifestazioa 12:00etan hasiko da Plaza Eliptikotik eta Baionakoa ordu berean izango da Espainiako Kontsulatuaren aurrean. Bertan egongo da sindikatuaren ordezkaritza bana eta dei egiten diegu langileei euretan parte har dezaten.

Premiazko neurriak exijitzen ditugu Nafarroan, eskola-jantokietan jankideen beherakadak izango dituen ondorio lazgarriak arintzeko

0

LAB sindikatutik kezka handiz ikusten ditugu jantokien eskaerari buruz argitaratutako datuak, sektoreko langileentzat suntsitzaileak baitira. Sektore hori aldez aurretik ukitua zegoen, gehienak emakumezkoak, lanaldi partzial irrigarri batzuekin, eta, beste behin ere, Nafarroako Hezkuntza sailak hartutako neurriak mantentzen badira, “normaltasun berriaren” kaltetuak izango dira.

Zentzurik eta aldez aurreko azterketarik gabeko neurriak hartu dira, negoziaziorik eta adostasunik gabe eta haurren osasunaren alde begiratu gabe. Ekainean salatu genuen moduan, ehunka lanpostu desagertu egingo dira. Hezkuntzako kontseilariak jakinarazi zuen eskoletako jantokietan 183 lanpostu gehiago sortuko zirela, baina, bistan da, hala ez bada ere, lanpostuak langileen heren bateraino murriztuko direla.

Hezkuntza Departamentuak, zerbitzu hori bermatu eta jantokiak sustatu beharrean, ikastetxearen eta hezkuntza proiektuaren parte direla kontuan hartuta, haiek ezabatu nahi ditu. Ekainean ikasturte berrirako protokoloaren zirriborroa aurkeztu zuen, eta jantokiei aurreikusitako lau egoeretako batean bakarrik uzten zien lekua, eta gainerakoetan ezabatu egiten zuen. Hainbat ekintzari esker, hori aldatu egin da, eta protokolo berrian jantokiak 2. egoeran daude, eta egoera horretan kokatu dute ikastaroaren hasiera. Jantokiak mantentzen dituzte eta lanaldi jarraitua ezartzen dute.

Lanaldi jarraitua ezartzearen ondorioz, familiek barneratu egin dute kutsatzeko arriskua jantokietan dagoela, eta haurrak eskolan bazkaltzen uzteko kezka eta beldurra sortu dira. Hori dela eta, gol bat izan da hezkuntza-komunitatean, lehen ere ez baikeunden horrekin ados. Hala ere, konfinamendu-hilabeteetan, eskolak ixtean, agerian geratu zen eskola-jantokiek ehunka familiarentzat zuten garrantzia.

Ikasgeletara itzultzeko lehentasunak osasuna izan behar zuen zentzurik zabalenean, eta, horregatik, jantokia ere barne hartu beharko luke, baina, zoritxarrez, ez da hala izan; izan ere, ikastetxe askotan, familia-beharrak direla eta, ez diete plaza-bermerik ematen apuntatuei, edo ez dago lankidetzarik jantokirako espazio berriak prestatzeko.

Eskola-jantokietako matrikulazioari buruzko datuak, irailean %40ko beherakada izan dutenak, drama bat dira martxotik ERTE enpresan egon diren eta Hezkuntza Sailak ezarritako neurrien ondorioz beren lanpostura itzuliko direla bermatuta ez duten ehunka emakumerentzat. Horregatik, LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die geletara itzultzeko hartutako neurriak berehala zuzentzeko. Sektore osoan zuzenean sortuko den enplegua suntsitzearen erantzuleak dira, baina oraindik garaiz daude hori ez gertatzeko.