2026-05-04
Blog Page 554

Burujabetza aldarrikatzen dugu hezkuntzan

0
COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean, hilabete pasa bada ere, etengabekoak dira Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propio eta Burujabearen beharra agerian uzten duten erabakiak. Inposizioz eta dekretuz Madril eta Pariseko Gobernuek hartu eta haien ordezkari autonomikoek era traketsean aplikatzen dizkigutenak.

Sed ut perspiciatis unde omnis iste natus error sit voluptatem atzoko egunez, Madrileko Gobernuak ezarriak, eskola ikasturtearen bukaerari buruzkoak, ebaluazio, promozio eta titulazioei dagozkienak. Horren aurrean LABetik hurrengoa adierazi nahi dugu:

• Berriz ere argi geratu da 155 ezarrita dagoela hezkuntzari dagokionez, erabaki guztiak Madrildik baitatoz, erkidego autonomikoei malgutasunerako aukera eman badiete ere.

• Ebaluazio jarraia egingo dutela adierazi dute, baina eredu ez-hezitzaile bera aplikatzen segitzen dute. Ebaluazio-motak irakaskuntza-eredua jartzen du agerian: konpetentzietan oinarritua izatetik edukietan jartzen dute arreta, oinarrizko edukiak lortu diren edo ez.

• Unibertsitatean sartzeko probekin aurrera egiten dute; DBH 4, Batxilergo 2., Lanbide Heziketako erdi zein goi zikloko 2. mailako azterketak mantenduko dira. Ez dute kontuan hartu konfinamenduak ikasleengan duen eragina. Beste eredu bat beharrezkoa da, ebaluazio eta unibertsitaterako sarbide sistema propioa behar dugu, euskal curriculumean zentratuko dena. Ikasleen garapena helburu izatea nahi bada, azterketen erabateko erabakitasuna ezbaian jarri beharra dago.

• Udan hezkuntza zentroen irekiera planteatzen dute, ikasleen parte hartzea hautazkoa izanik; "lanerako eta aisialdirako" esan dute, baina inolako planteamendurik gabe, programa zehaztu barik, eta langileengan izango den eragina kontuan hartu gabe (irakasle, hezitzaile, zerbitzuetako langile,…). Ikasle guztiek izan behar dute deskantsurako aukera, kalean, jolasean eta harremanetan egoteko beharra dute.

• Ikasle asko atzean geratu direla aitortu dute, arrakala digital eta soziala dagoela onartuz ere. Ez dute aipatu irakasle eta hezkuntza laguntza espezialisten ordezkapenak ez betetzeagatik ere egoera horretan geratu direnak. Beraz, ikasle guztien hezkuntza-eskubidea ez da bermatu eta lehenetsi dute ikasleen tele-ikaskuntza, eredu produktibo bati guztiz lotuta, ikasleen aniztasuna kontuan izan gabe.

• Ikasleen konfinamenduari aipamenik ez, haur eta nerabeen bizitzetan eraginik izango ez balu bezala. Ez dute ikasleek izan ditzaketen behar emozionalak lantzeari begirako inolako ekarpenik egin; ezta bizitakoaren inguruan behar duten osatzeari buruzkoa ere. Hau dugu hezkuntza komunitatearen etorkizuneko erronka, ikasleen osatze prozesuan bidelagun izatea.

• Ikaskuntza-irakaskuntza eredua agorturik dago. Hezkuntza-komunitateari beharrean programazioari begirako irtenbidea bilatu dute, ikasle, langile edo komunitateari bizkarra emanez. Irakasle, hezitzaile, ikasle eta familiek egindako esfortzu gehigarriaren bitartez aurrera atera dena, Hezkuntza departamentuen ziurgabetasunaren aurrean eta bitartekoak eskaini gabe.

Ondorio argi batzuk atera ditzakegu guzti honetatik:

 Hezkuntza komunitatearen esfortzua dela gure hezkuntzaren zutabe nagusia. Behetik eta egungo ereduak irauliz egunerokoan eraikuntza prozesuan dagoen Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten jarraitzen dugula.

 Kapitalismo heteropatriarkalak osasun krisi hau ere baliatuko duela moldaketak egin eta bere burua erreproduzitzeko, konfinamendu garaiko esperimentuak etorkizunean aplikatuz. Produkzioan zentratzen den irakaskuntza bultzatuz, ikasleei tele-ikaskuntza txertatuz, etengabe disponible egon beharra –langileen zein ikasleen kasuan- inposatuz, inklusibitatea baztertuz, indibidualismoa eta lehian zentratuz, kontrol soziala areagotuz eta zaintza lanak ikasketekin zein lanarekin bateragarri ez eginez. Badirudi berriro ere murrizketak datozela arlo publikoan. Herri bezala erantzun diezaiogun!

 Hezkuntza komunitate eta hezkuntzako eragile ezberdinon adostasun eta konfluentziak josteko ordua dela, Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Propio eta Burujabearen aldarrikapenaren bueltan.
 

 

 

Ohiko lan jarduera abiatzearekin batera ezaguna dugun zorigaiztoko irudia itzuli da; langile bat hil da Arrigorriagako Talleres Berasategin

Une gogorrak bizitzen ari gara, bai langileok zein jendarte osoa. Lanera bueltatzera behartu gaituzte, gure osasuna eta bizitza bermatua ez dagoen arren eta egoera kontrolatuta egon ez arren. Erakunde publikoek eta patronalak kapitala langileon bizitzen gainetik jartzea lehenetsi dute. LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatutako salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Gaur goizaldean Laudioko langile bat hil da Arrigorriagako Talleres Berasategin, istripu ez traumatiko batean, egungo presio eta tentsio egoeran. Arrigorriagako enpresa honetan zuzendaritzak aktibitateari ekin zion asteartean eta oraindik ez du aurkeztu koronabirusaren aurrean aurkeztu beharreko prebentzio protokoloa.

Gaurkoarekin, gutxienez 24 dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian lanean hildako langileak, horietatik 10 Bizkaian. Atzo, lan istripu larria izan zen Atarrabiako San Andres papertegian eta garraiolari baten heriotza Pasaiako Portuan. Honetaz aparte, bi langilek, Alberto eta Joaquinek, desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik.

LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei.

Argi dugu laneko indarkariarekin amaitzeko lan eta bizitza duina bermatu behar direla, lanetik onik eta bizirik bueltatzea eskubidea dugulako. Ezinbestez eredu berri bat behar dugu, enpresen etekinen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatutako salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Talleres Berasategiko langileek 24 ordutako lanuztea egingo dute bihar, apirilaren 17an, eta goizeko 12:00etan mobilizazioa egingo dute enpresa atarian.

Honetaz gain, Aiaraldeko greba-batzordeak bi deialdi egin ditu eskualdean gaurko. 19:00etan, 5 minututako isilunea eta 19:05etik 19:15era, lapiko jotzea.
 

 

 

Atarrabiako San Andres papertegiko gure atal sindikalak enpresan izandako lan istripua gaitzesten du

Apirila 15ean gauean Atarrabiako Solidus San Andres lantegian izandako lan istripuaren aurrean, zeinetan gure lankide bat larri zauritu den, LABeko atal sindikalak, enpresa-batzordeko lehen indar bezala, gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu zaurituaren senideei, gertukoei eta orohar langile klaseari. Gure prestasuna adierazi diegu behar duten edozertarako. Bigarrenik, istripu honen aurrean gure gaitzespenik irmoena adierazi nahiko genuke.

LABen atal sindikaletik gure indar eta ahalegin guztiak jarriko ditugu istripu honen ikerketaren jarraipena egiteko, berau sortu duten arrazoi eta baldintzak argitzeko berriro gerta ez dadin. Gainera, egon litezkeen erantzukizun guztiak garbitzea exijitzen dugu.
 

 

 

Pobrezia inoiz ez da heriotza naturalaren kausa

LABek Saiden heriotza salatu nahi du; kalean bizi zena eta gaur Bilboko Miribillako kiroldegian hil dena. Toki hau, hain zuzen, beste hainbat kiroldegi bezala, COVID19aren krisiaren testuinguruan etxerik gabeko pertsonentzat irekitako espazioetako bat da.

Medio ezberdinek aipatu bezala, “heriotza natural” baten aurrean egongo ginateke, izan ere, antza denez hildakoak ez zituen COVID-19aren sintomak. LABen argi daukagu pobrezia eta bazterketa sozialeko egoeran hiltzea ez dela, inolaz ere, heriotza natural bat. Pobreziak arduradun zehatzak ditu eta eredu kapitalista neoliberalaren ondorio zuzena da; gainera, berriro ere ikusi dugu nola Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babes sozialeko sistemen defizientziak agerian geratu diren.

Era berean, gure elkartasuna, babesa eta aitorpena adierazi nahi diegu zerbitzu sozialetako langile guztiei, baita ere herri eta auzo askotan elkartasun sareetan antolatuta dauden milaka herritarrei. Lehenengo lerroan dauden langile hauek gabe eta sareetan artikulatu den herri indar hori gabe, COVID-19ak eragindako krisia askoz gogorragoa izango litzateke kolektibo zaurgarrienentzat.
 

 

 

Udaltzaingo herritar eta komunitarioa behar dugu

LAB sindikatuak kezka azaldu nahi du, Espainiako Gobernuak alarma egoera aldarrikatu zuenetik, Hego Euskal Herrian barrena polizia-gorputz ezberdinek erakutsitako jarrerengatik, Mozal Legearen aterpean sarri.

LABek azken asteotan emandako polizia-ekintza desegoki, arbitrario edota neurrigabe ugariak salatu nahi ditu. Halaber, Espainiar Armada, Polizia Espainiarra eta Guardia Zibila zuritzeko abiatutako kanpaina instituzionala arbuiatzen dugu. Inolako lotsarik gabe, udaltzaingoa erabili dute propaganda birzentralizatzailea egiteko. Bereziki larria eta mingarria iruditzen zaigu Intxaurrondoko kuartelean antolatutako omenaldira hainbat udaltzain bertaratzea.

Testuinguru zail honetan, ezinbestekoa iruditzen zaigu Udaltzaingoaren jardunaren ardatz izan behar duten balioen garrantzia azpimarratzea, hurbileko polizia herritarra izan behar duen aldetik.

Jendarte osoak elkar zaindu behar duen une honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Udaltzaingoa ezaugarritzen duen izaera komunitarioa nabarmentzea. Une honetan, lehentasuna langileon osasuna da eta alor honetan Udaltzaingoak ekarpen handia egin dezake (kasu askotan horrela izaten ari dela azpimarratu nahi dugu), funtsezko zerbitzuetan diharduten beharginentzako prebentzio neurriak ikertuz, esate baterako.
Egungo egoera latzean jokabide solidario eta arduratsuak behar dira, eta Udaltzaingo ezberdinen ekarpena derrigorrez pedagogikoa izan behar du.

Udalak instituzio publiko gertukoenak dira eta udaltzainok nor bere udalerrian, jendartearen mesedetan, auzolanean diharduten udal langileak izan behar dugu, salbuespenik gabe.

LAB sindikatuak herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzaingo eredu bat defendatzen du, komunitatea eraikitzen laguntzeko aktiboa, herritar ororen ongizatea bermatuko duen antolamendu sozial, ekonomiko eta politiko berri batetan kokatua.

Betiko errezeta zaharrek ez gaituzte aterako pairatzen ari garen krisi honetatik. Are gutxiago Kapitalak sustatzen duen eredu polizialak. Bada garaia pertsonak eta bizitza duina erdigunean jartzen dituen babes esparru publikoa eratzeko.
Apustu honetan Udaltzaingoaren ekarpena ezinbestekoa izango da.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Antolatu eta borroka sindikalak aktibatu beharko ditugu krisiaren ondorioak langileok ordain ez ditzagun”

0

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu elkarrizketatu dute Radio Euskadin, Boulevard saioan, koronabirusaren ondorioz bizi dugun egoerari buruz hitz egiteko. Enpresen politiketan prebentzioa ez dagoela erdigunean salatu du, eta, konfinamendutik noiz eta nola irtengo garen oraindik jakiterik ez dagoen arren, langileok antolatzea eta borrokatzea beste biderik ez dugula izango nabarmendu du. "Enpresa mailako borroketatik harago, mobilizazio orokorragoak beharko ditugu egin. Zentzu honetan, balorean jarri behar dugu eragileen artean dugun aliantza, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bitartez". 

Oinarrizkoa ez den jarduera berriro abian jartzeari buruz galdetu diote Garbiñe Aranbururi, eta azpimarratu du mailakatua egiten ari den itzulera honek ez diela osasun irizpideei erantzuten. Munduan ekonomia geldirik dagoelako ari da horrela gertatzen, eskaerak eta abar asko jaitsi direlako. "Gaixotasunaren igoera berri bat ez bada ematen, ehuneko ehunean ezin dutelako lan egin izango da. Horrek salba gaitzake", esan du.

"Enpresetan sindikatuekin adostu gabe aurkeztu dituzte Prebentzio Planak, eta kopìa-pega bat besterik ez dira izan itxurakeria egiteko", azaldu du idazkari nagusiak. Patronalaren irizpideak oinarri hartuta egindako itzulera batean lan osasuna erdigunean egotea ezinezkoa dela berretsi du, lan heriotzei dagokienez daramagun urte odoltsua lekuko.
 

 

 

Kapitala eta produkzioa langile eta hauen senideen osasunaren gainetik jarri direla salatu behar dugu berriro ere

0

Jasotzen ari garen informazioaren arabera, orokorrean, jarduna nola aktibatu, orduak nola errekuperatu edota ABEEE berriak proposatzen ari da patronala. Oso gutxi dira prebentzio planak aurkeztu dituzten enpresak, eta aurkeztu den tokietan Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren irizpideen kopia aurkeztu dute, lan zentro horietako errealitateari egokitu gabe; hau da, espedientea betetzeko egin dute, ez langileen osasuna zaintzeko.

LABek argi dugu jarrera hau onartezina dela, eta gobernu ezberdinek eta patronalek langileen osasuna zaldu nahi badute ere, ez gaude hori onartzeko prest. Beharrezko salaketa guztiak sartuko ditugu. Galdera argia Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuei, horrenbeste babestu dutenean oinarrizkoa ez den aktibitatea martxan jartzea, ze kontrol neurri eta ze zigor egongo dira langileen osasuna bermatzen ez duten enpresentzako?
Patronalak bizpahiru enpresa handi hartu ditu, eredu bezala erabiliko dituenak; prebentzio neurri eredugarriekin, babes mediatiko itzelarekin… baina gainerako enpresa gehienetan, batez ere ertain eta txikietan, miseria eta COVID19aren kutsadura. Berriro ere, patronal handien mesedetan ikusiko dugu sistema guztia.

Enpresetan badaude oinarri-oinarrizko prebentzio neurriak hartzen baina inondik ere ez beharrezkoak direnak; bereziki ezinezkoa denean COVID-19aren kutsadura %100ean ekiditea. Gainera, azpimarratu behar da, ezinbestekoa dela prebentzio neurrien baitan eta NBEkin batera, horiek erabiltzeko informazioa eta prestakuntza ematea eta hori ez da inon ere gertatzen ari. Ondorioz, neurri minimo batzuekin, oinarrizkoak ez diren jardunak aktibatzen ari dira. Hori, noski, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritza zein Nafar Gobernuak patronalei erakutsitako babesaren ondorio da.

Michelin bezalako enpresa batean prebentzio neurri eredugarriak ezartzen ari dira; kontua da, ez dagoela produkzioaren beharrik, badutelako nahikoa stock jada produzituta. Baina patronalak eta Jaurlaritzak eredugarritzat joko dituzte enpresa handi honetan hartutako erabakiak. Produkziorako beharrik ez dagoenean eta oinarrizko zerbitzuetan ez dituzten milaka eta milaka maskara edo eskularru alperrik galduko direnean.

Olarra edo Alconza bezalako enpresetan Jaurlaritzaren gomendioak bere horretan aurkeztu dituzte inolako egokitzapen eta langileekin adostu gabe. Zer gertatuko da enpresa horietan COVID-19arekin kutsaturen bat dagoen momentuan? Norena izango da erantzukizuna? Nork ordainduko du?
Laminados Losal edo Sidenor bezalako enpresetan ez dute inolako planik aurkeztu eta tokian toki patronalek aldebakartasunez erabakitako neurriak ezarri dituzte. Badakigu enpresa txikietan NBE gabe dabiltzala, enpresa batzuetan maskara bakarra ematen dietela langileei aste osorako…

Gainera, OSALAN ere salatu behar dugu, ez baitago jarduera berriro martxan jartzeko eskatzen denaren neurrira. Ez ditu langileen beharrak asetzen ezta kontsultak erantzuten. Horren adibide da, gaur Arabako enpresa batean arazo larria egonik, goizeko 6:38an telefonoz deitu dela. Erantzuna beraiek lan jardun ordutegia dutela eta 8:00tatik aurrera deitzeko. Hau, Tapiaren eta Jaurlaritzaren planaren porrotaren beste adibide bat besterik ez da.
 

 

 

Plantora deitu dugu, enpresak irekitzeko langileekin osasuna bermatzen dela adostu ezean

0

Asteartean oinarrizkoa ez den industria jarduera abian jarriko dute berriz, eta milaka langile lanera itzultzera behartuko dituzte. Hori dela eta, Garbiñe Aranburuk agerraldia egin du, LABen jarreraren berri emateko. Hain zuzen ere, sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du, enpresetan sindikatuekin prebentzio plan bat adostu ezean, jardueraren abiatzea saihesten saiatuko garela, langileak plantora deituz.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "osasuna eta gehiengo soziala" versus "kapitala salbatzea" dikotomiaren aurrean gaude. Koronabirusak eragindako heriotza kopurua oraindik jasangaitza denean, presa dute oinarrizkoa ez den industria jarduera abiatzeko: "Etetea beranduegi iritsi zen neurria izan zen eta oso gutxi iraun du, eta OMS erakundeak jada ohartarazi du erabaki goiztiarrek heriotzen hazkunde bat ekarri dezaketela. Bitartean, Madrilgo Gobernuak alarma egoera luzatu du, baina CEOE patronalaren eta EAJ-Confebask osatutako bikotearen presioei men egin die. Gobernuak lanera itzultzeko erabakia hartu du, adituen batzordearekin kontsultatu ere egin gabe".

Eusko Jaurlaritza jarduera abiatzeko plan bat prestatu du, baina LABek erabat baztertu du, ez baitu sindikatuaren ekarpen bat bera ere jaso: "Jaurlaritzari manipulatzeari utz diezaiola eskatzen diogu, planak sindikatuen oniritzia duela zabaltzerakoan. Gezurretan ari da", esan du Garbiñe Aranburuk.

Gure proposamenean hiru neurri nagusi planteatu ditugu:

1-Prebentzio neurriak jasotzen dituen plan bat egon dadila, sindikatuen ordezkariekin adostuta. Plan honek halako neurriak beharko lituzke: EPIak, distantziak mantentzea lanerako sarrera eta irteeretan eta lanpostuetan, eremu komunak desinfektatzeko plana, garbiketa neurriak…

Planaren inguruan akordiorik egon ezean, jarduera ezingo lizateke abian jarri. Desadostasunak Osalan edo Nafarroako Lan Osasuneko Institutuak eta Lan Ikuskaritzak konpondu beharko lituzkete, arriskurik egon ez dadin ziurtatzeko eta ardurak behar bezala finkatzeko. Aipatutako Prebentzio Planarik gabe jarduera abiatzen duten enpresak zigortzea eskatzen dugu.

Lanera itzultzeko erabakia enpresek har dezakete aldebakarrez. Zentzu honetan, LABeko idazkari nagusiak oso garbi hitz egin du: "Itzulera Confebask-en irizpideen arabera oinarritzen bada, norbaitek uste du, benetan, langileen osasuna berma daitekeela? Ezin dugu ahaztu urte odoltsua daramagula. 22 langile hil egin dira eta 2 desagertuta daude. Saihestu zitezkeen heriotzak dira. Hiru langile hil egin dira ere koronabirusak jota".

Garbiñe Aranburuk aurreratutakoaren arabera, "enpresetan Prebentzio Plana exijituko dugu, eta, aurkeztu edo sindikatuen ordezkariekin adostu ezean, jarduera abiatzea saihesten saiatuko gara, langileak plantora deituz".

2-Oinarrizkoak diren jardueretako langileek segurtasun eta prebentzio neurriekin lan egin dezaten lehenetsi behar da.

3-Koronabirusa detektatzeko test azkarrak egin behar dira: oinarrizko jardueretan ari diren langileei, konfinamenduan egon ondoren lanera itzultzen direnei eta jendarte osoari modu progresiboan.

Antolatu eta borrokatu
Erabakiak elite ekonomikoen mesedetan hartzen ari dira, eta hori arduragabekeria handia da, Garbiñe Aranbururen ustez: "Gobernuek euren erabakiekin enpresa handien interesak lehenetsi dituzte. Erabat ezgai dira herritarren osasuna bermatzeko". 

Hain zuzen ere, hartutako erabakiekin herritarren osasunarekin jolasten ari direla, konfinamendua luzatu daitekeela, ostalaritza, tokiko ekoizleak, autonomo txikiak eta halako hainbat sektorek oso kolpatuak bukatuko dutela eta ondoro sozialak biziki larriak izango direla salatu du. "Langileoi antolatu eta borrokatu beste biderik ez zaigu geratzen lan osasunaren eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak sendotu ditzaten eta zaintza lanen arazoari konponbidea eman diezaioten, enplegua eta lan baldintzak mantendu ahal izateko", erantsi du.
 

 

 

COVID-19aren ondorioz hil den Lesakako Arcelor Mittal-eko langilearen heriotza salatzen dugu

0

Gaur, apirilak 11, Lesakako Arcelor Mittal-eko 58 urteko langile baten heriotza tamalgarriaren berri eman nahi dugu. Ezer baino lehen, gure babesa eta doluminak helarazi nahi dizkiegu senide eta lagunei, eta gure burua eskaini beharrezko iritzitako ekintza guztiak egiten laguntzeko. Langile horrek, Lesakako Arcelor Mittal-eko lantokiko kide izan arren, margolari gisa egiten zuen lan Arcelor Mittalek Lesakatik gertu duen Legasako lantegian.

Heriotza hori saihestu zitekeen. LABek enpresari ohartarazi zion segurtasun-neurriak hartu behar zirela, are gehiago martxoaren 13an sintomak bazituen lehendabiziko langilea etxera bidali zutenean, baina ez zitzaigun jaramonik egin, eta horregatik LABek salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan martxoaren 17an segurtasun-neurri handiagoak eskatzeko.

Gaur egun, enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja-egoeran COVID-19rengatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude. Baina ez da lantegi horietara mugatzen den egoera bat ere; izan ere, multinazionalak dituen beste lantegi batzuetan kutsatutako langile gehiago daude.

Heriotza hau astindu izugarria da, egungo egoeraren larritasunaren berri ematen baitigu, eta segurtasun neurriak zorroztu eta funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztera behartzen gaitu. LABek Lan Ikuskaritzari exijitzen dio hildakoaren lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta jarduera oro geldiarazteko, lan baldintza seguruak egon arte. Era berean, langileen osasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenesteko eta jarduera oro geldiarazteko eskatzen diogu multinazionalari, langileen ordezkariekin adostutako segurtasun-protokolo eraginkor bat eduki arte. Ez dugu fabrikara onik sartu eta hilkutxa batean irten nahi.

LABek dei egiten die langileei heriotza hau salatzeko deituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.