2026-05-04
Blog Page 55

Juaristi eta Aitek-eko langileek egoera jasanezina salatu dute

Juaristi eta Aitek enpresetako langileek azken urtean jasaten ari diren egoera jasanezina salatu dute gaur goizean egindako agerraldian. Zuzendaritzaren aldetik proposamen zehatzik eta plan bideragarri argirik ez izateak eta ordainketetan eta informazioan agertzen diren desberdintasunek, lanpostuen etorkizuna eta langileen duintasuna arriskuan jarri dituzte.

Langileek azpimarratu dute egoera honen aurrean ezin direla isilik egon. “Nahikoa da. Ez gara isilduko; langileon duintasuna ez dago salgai”, adierazi dute.

Salaketa nagusien artean daude ordaindu gabe dauden 4 nomina, 5 hilabeteko paga extra partziala eta 16 hilabeteko Geroa (pentsioak), zuzendaritzaren aldetik enpresa eta lanpostuak bermatuko lituzkeen plan sinesgarri baten falta, maiatzaz geroztik indarrean dagoen ERTEaren baldintzak ez betetzea eta langileei informazioa ezkutatzea, besteak beste pabiloiaren salmentaren inguruan. Halaber, ordainketetan sailkapen arbitrario eta bidegabeak ezarri izan dituzte, langileen batasuna apurtu eta indar kolektiboa ahultzeko helburuarekin.

Langileek azaldu dutenez, zuzendaritza ezkutuko itxiera bat prestatzen ari da, eta dagoeneko langileen %40 alde egitera behartua izan da, inolako kalte-ordainik gabe. Horren aurrean, LABek berehalako aldaketa sakona exijitzen du zuzendaritzan, gardentasunean eta profesionaltasunean oinarritua, eta enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatuko duen plan serio eta bideragarria aurkeztea. Aldi berean, instituzioei ere eskatzen die ez daitezela albo batean geratu eta langileen eskubideak eta lanpostuak defendatzeko inplikatu daitezela.

Bukatzeko, LABek herritarrei dei egin die datorren ostiralean, irailaren 26an, egingo den manifestazioan parte hartzera, langileen borrokari babesa emateko.

Gora langileen borroka! 

SCPSAko batzordeak lanuzteak iragarri ditu Global Sumud ontzidiari eraso egiten badiote

Era horretan, LABek proposatuta, “flotilla ukitzen badute mundua geldituko dugu” ekimenarekin bat egiten du.

Joan den ostegunean, irailaren 18an, SCPSAko (Iruñerriko Zerbitzuak SA) enpresa batzordeak “flotilla ukitzen badute, mundua geldituko dugu” ekimenarekin bat egitea onartu zuen. Hala, LABek landutako proposamenari jarraituz, ontzidiak eraso bat jasaten duen bakoitzean geldialdia egitea eta Salesasko eraikinaren aurrean (enpresaren egoitza nagusia) elkarretaratzea egitea erabaki zen.

Horrela, besteak beste uren tratamenduan aritzen den enpresa honetako batzordeak testu bat onartu zuen, non palestinar herriari erabateko elkartasuna adierazten zion, honek ur hornikuntza eza jasatearen larritasuna salatzen zuen eta Israel Gazan burutzen ari den genozidioa gogor kritikatzen zuen. Atxikita doa onartutako testua.

PDF SCPSAko batzordearen komunikatua

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Enpresa Batzordeari, eta CAF langile tituludunei antzinatasuna ordaintzera behartu du

Unibertsitate-ikasketak dituzten eta CAFen lan egiten duten langileek ez zuten enpresako antzinatasunari lotutako inolako plus ekonomikorik. LABek hamarkadak zeramatzan irregulartasun hori konpondu nahian. Izan ere, Gipuzkoako siderometalurgia-hitzarmenak eta CAFen hitzarmenak antzinatasun-kontzeptu hori jasotzen zuten arren, enpresako zuzendaritzak ez zion enpresan metatutako bosturteko bakoitzari zegokion zenbatekoa ordaindu nahi langile kolektibo honi.

Horregatik, 2023ko apirilean, enpresa-batzordeak, LABen ekimenez, prozesu judizial bat hasi zuen kontzeptu horren aplikazioa eskatzeko. Hainbat epai eta helegiteren ondoren, azkenean, Auzitegi Goreneko lan-arloko salak auzia ebatzi du, eta arrazoia eman dio enpresa-batzordeari. Gainera, ezin da errekurtsorik jarri azken ebazpen horren aurka, eta, beraz, amaitutzat ematen da ibilbide judiziala.

Hala, aurrerantzean, CAFek antzinatasun plusari dagozkion bosturtekoak ordaindu beharko dizkie tituludunen kolektiboko 1.500 langile baino gehiagori.

Digiko lan baldintzen prekarizazioari EZ

Arabako eta Bizkaiko DIGIko langileek borroka ziklo bati hasiera eman diote, eskubide eta lan baldintzen defentsan eta DIGIk ezarri nahi duen prekarizazioaren aurka

Gaur, Arabako eta Bizkaiko DIGIko langileek borroka ziklo bati hasiera eman diote, irailaren 23, 24 eta 25erako 3 eguneko grebarekin, lan eskubide eta baldintzen defentsan eta DIGIk inposatu nahi duen prekarizazioa geldiarazteko.

Enpresak eta CCOO/UGT sindikatuek estatu mailan enpresa talde hitzarmen bat inposatzeko lortutako negoziazio eta akordioaren ondoren, gelditzea eta kalera ateratzea besterik ez dago Bizkaiko metalaren hitzarmenean borroka egunekin eta EHko borroka sozialarekin lortutako lan eskubideak eta baldintzak defendatzeko.

LAB sindikatutik, CCOOk, UGTk eta DIGI enpresa taldeak sinatu berri duten hitzarmen kolektiboa salatu nahi dugu, Euskal Herri mailan DIGIko langileen lan baldintzak denboran okertzea eta arriskua ekarriko duena, langileak erabateko prekarietate egoerara bultzatuz.

CCOOk eta UGTk ia ez dute ordezkaritzarik Euskal Herrian, eta, hala ere, Estatuko hitzarmen bat inposatu nahi dute, euskal langileen borondatearen gainetik igaroko dena. Lan baldintzak “homogeneizatu” nahi dituztela saldu nahi dute, desberdintasunak saihesteko. Baina ondo dakigu horrek zer esan nahi duen: gehien konkistatu diren eskubideak murriztea.

Hitzarmen horrek, baldintzak hobetu beharrean, soldata txikiak iraunarazten ditu, lanaldia luzatzen du eta funtsezko bermeak murrizten ditu, jada ezegonkortasunak eta presio etengabeak markatutako sektore batean.

LABek ez du ez atzerapausorik ez apurrik onartuko. Agurtzen ditugu Gipuzkoako gure lankideak, bai eta A Coruñako eta Kantabriako lankideak ere, inposizioaren/prekarizazioaren aurrean fronte batean batzea.

Bada garaia antolatzeko, mobilizatzeko eta borrokarekin bat egiteko, eraso hau iraultzeko eta baldintza justu eta duinak konkistatzeko.

LABetik, errespetua eskatzen diogu negoziazio kolektiboari bere eremu naturalean: Euskal Herrian, eta gure eskubidea aldarrikatzen dugu hemen gure baldintzei buruz erabaki ahal izatea. LABek lanean jarraituko du langileen borondatea errespetatua izan dadin.

Euskal Herrian, bizi, lan eta erabaki! 

LABek elkartasuna eta laguntza eskaini dizkio Salam Gaza erakundeari

Imanol Karrera LABen Nafaroako bozeramailea eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkaria Salam Gaza erakundeko Ola Arafat eta Txemi X-rekin bildu dira gaur LABek Iruñean duen egoitzan, Gazan bizi den egoeraren berri lehen eskutik jasotzeko eta, aldi berean ,elkarlanean sakontzeko.

LABeko kideek Palestinarekin elkartasunez egiten duen lanaren berri eman diete Salam Gazako kideei, eta sindikatuaren ateak zabaldu dizkie. Gobernuz kanpoko erakunde horrek Gazan zuzenean lan egiten du, lurraldearen eta pertsonen gaineko ezagutzan oinarrituta eta Gazak bizi duen genozidioaren aurrean hain beharrezkoa den laguntza humanitarioa eskainiz.

Salam Gazako kideek, egiten duten lana azaldu dute eta egiten dituzten hainbat dinamikei begira laguntza eskatu diote LABi, eta sindikatuak elkarlanerako prestasun osoa helarazi die.

Salam Gaza lagundu nahi duen edonork https://salamgaza.org/ webgunean egin dezake ekarpena, egindako ekarpena oso-osorik Gazara iritsiko den konbentzimendu osoarekin.

Correosen marko akordioari EZ

LAB CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek sinatutako “IV. Hitzarmen Kolektibo eta Akordio Orokorrera eraman beharreko oinarrizko ildoei buruzko Correosen Akordio Markoaren” aurka agertzen da. Akordio honek hainbat puntu oso negatibo jasotzen ditu plantillarentzat. Bai soldatei dagokienez, bai familia-kontziliazioari, kontratazioari eta abarri dagokienez. Lortutako eskubideetan atzerakada handia izango da.

Akordio honen edukiak Hitzarmen Kolektibo berri batera eramateak milaka lanpostu suntsitzea ekar dezake, langileen gastuak gaur egungo % 85etik 2 urteko % 70era igaroko baitira; ekoizpenari lotutako banakako ordainsari-araubide bat ezartzea, KPIarekiko igoerarik gabe; lanegutegi bat ezartzea non lanaldi bakoitzeko orduen % 10 aurreikusitako kargaren arabera aldatuko diren; eta bultzada berria ematea mugikortasun funtzionalari, geografikoari eta zentro artekoari, edo Enplegu Poltsekin amaitzea. Horrek guztiak eragin zuzena izango du enpleguaren kantitatean eta kalitatean, baita enpresa publikoak egiten duen komunitatearen aldeko kalitatezko zerbitzu publikoan ere.

LABek kalitatezko posta publiko baten aldeko apustu irmoa eginten duela adierazi nahi du, eta Euskal Herrian gure lan-baldintzak erabakitzearen aldekoa. Horregatik, Correoseko langile publikoen aurkako eraso berri honen aurrean planto egiten dugu.

GUK ERE PLANTO!

Eibarko alkateak SEPEri buruz esandakoari erantzunez

Azken egunetan Eibarko alkateak SEPEren bulegoari buruz esan duenaren arabera, irailaren 4tik aurrera bulego horrek normaltasunez funtzionatzen du Eibarren. Baieztapen hau gezurra da; izan ere, Eibarko SEPEk publikoarentzat itxita darama uda osoa, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du: ez dago telefono bidezko hitzordurik, ez dago aurrez aurreko hitzordurik eta, bertan baieztatu digutenaren arabera, ez da horrelakorik egongo oraingoz. 

Honek, noski, ardura eta kezka sortzen digu, lehen ematen zen zerbitzu bat, gaur gaurkoz behintzat ez delako ari ematen, eta etorkizunean zer gertatuko den ere guztiz kolokan dagoelako: baieztatu ahal izan dugunaren arabera, agindu berri bat egon arte ez da publikoarentzat aurrez aurreko zitarik egongo eta, beraz, lehen Eibarko bulegoan egin zitezkeen eta egiten ziren hamaika izapide oraingoz ezingo dira bertan egin. Argi dago, hortaz, SEPEk ez duela normaltasunez funtzionatzen, lehen zegoen egoerarekin alderatuz gero, aldaketak nabarmenak baitira. 

Alkateak zuhurtziaz jokatu eta informazioa egiaztatu behar dela esan du. Bada, informazioa zuzenean kontrastatu dugu bulegoan, lortu ezinezko hitzorduetan, zerbitzu honetara sartzerik izan ez duten langileen ahotsean. Ikusten duguna oso sinplea da: gezurra esaten digute, eta langile klasea bete-betean kolpatzen duen egoera bat ezkutatu nahi digute. Normaltasuna, norentzat? Alkatetzarentzat agian? Dagoen normaltasun bakarra artatu gabeko herritarrena da, oraindik ezagutzen ez ditugun eta instituzioetatik argitu nahi ez duten arrazoiengatik, egun batetik bestera ematen ziren zerbitzu asko emateari utzi baitzaio. 

SEPEa ez da egiten diguten mesede edo fabore bat: langile klasearen eskubidea da. Eta zapaltzen ari dira. Lasaitasun mezua bidaltzen digute zerbitzurik gabe uzten gaituzten bitartean: gaur gaurkoz (eta etorkizun ilunarekin) Eibarko SEPEren bulegoak ez du normaltasunez funtzionatzen. 

Eibarren bizitzen ari garena, ordea, ez da arazo koiuntural bat: publikoa urteetan zehar alde batera uztearen emaitza da, babes gehien behar dutenak defentsarik gabe uzten dituen politika baten emaitza. Erantzukizunak, berehalako irtenbideak eta behar adina langile eskatzen ditugu, Eibarko SEPEa berriro ere izan behar dena izan dadin: langileen eskura dagoen eta egongo den zerbitzua. 

Administrazio publikoaren euskalduntzeak behar duen segurtasun juridikoa bermatzeko exijitu dio LABek Eusko Legebiltzarrari

Euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi den eta lan egiten duen langile ororen lan eskubidea dela defendatu du sindikatuak, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak eskatu ditu. Aldarrikapen berberarekin, mobilizazioak areagotuko ditu sindikatuak datozen aste eta hilabeteetan.

Denbora da eragile euskaltzaleak euskarak bizi duen atzerakadaz eta larrialdi egoeraz ohartarazten ari direla, eta euskararen normalizazioak behar duen jauziaz ari direla, zeinak administrazioaren euskalduntzea azkartzea eskatzen duen. Aldi berean, Hego Euskal Herrian etengabekoak dira euskara eremu judizialetik jasaten ari den erasoak, eta azken lau urteetan ia hilero zapuztu dituzte epaitegiek administrazio publikoak euskalduntzeko ahaleginak. Horren adibide dira EAEko Udal Legearen kontrako epaiak eta aldundi eta udal ugaritako lanpostu deialdietan euskararen eskakizunak jaitsi dituztenak. Testuinguru horretan, LABek hainbatetan adierazi du mobilizazio sozialean eta aktibazio sozialean jauzi bat egiteko beharra, eta, gaur, administrazio publikoko dozenaka ordezkari elkartu ditu Gasteizen. Batzarra egin ostean, mobilizazioa egin dute Eusko Legebiltzarrera, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak exijitu dituzte, baita datozen hilabeteetan mobilizazioak areagotzeko borondatea adierazi ere. 

LABek zerbitzu publikoak euskalduntzeko lan eta mobilizazio eskerga egin du, bai arreta euskaraz eskaintzeko, eta baita langileok lana euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko ere. Azpikontratetan eta zaintza bezalako pribatizatutako zerbitzuetan ere zerbitzuak eta langileak euskalduntzeko planen alde borrokan ari da etengabe. Era berean, proposamen orokorragoak ere egin ditu. Dagoeneko hiru urte igaro dira, esaterako, LABek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta ELArekin batera, administrazio publikoak 15 urteko epean euskalduntzeko proposamena aurkeztu zuenetik. Instituzioen erantzuna hutsala edo okerrera egitea izaten da: hizkuntza-eskakizunak apaltzea eta derrigortasun -indizeak eta -datak atzeratzea. Agerikoa da okerrera goazela, eta honezkero proposamena zaharkituta gelditu dela. Bestelako urratsak eman beharra dago.

Kontrako norabidean, oldarraldi juridiko-politikoa elikatu eta hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak kontrajarri dituzte alderdi politiko eta sindikatu batzuek. Dikotomia hori elikatzeak, baina, erasotu egiten ditu kohesio soziala eta euskara. Eskubide bat defendatzeko ezin da beste bat ukatu; are gehiago, euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun langile guztion lan eskubidea da, gainerako lan eskubideak bezain garrantzitsua eta kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak izateko ezinbestekoa. Gainera, euskaraz lan egitea eskubidea dela ere gogorarazi beharra dago oraindik, zoritzarrez; nabarmen urratzen den eskubidea, gainera. 

Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko, epe ertain eta luzeko estrategiekin batera, epe motzeko neurri eta erabakiak behar ditugu, premiaz, euskararen normalizazio-prozesuari segurtasun juridikoa emango diotenak eta epaitegien etengabeko injerentzien aurrean euste-horma izango direnak. Eta horrek euskarari lehentasuna emateko politikei segurtasun juridikoa emateko neurriak hartzea eskatzen du. 

Norabide horretan, administrazio publikoan euskararen eskakizuna orokortzearen aldeko neurriak begi onez ikusten ditu sindikatuak, eta baita EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamena, norabide horretan koka daitekeena. Lege aldaketa horrek jasoko lituzke: euskararen eta gazteleraren eskakizunak parekatzea; kudeaketa malgua ezartzea testuinguru soziolinguistikoaren arabera; eta langile publiko guztien euskalduntzea ahalbidetzeko baliabideak eta liberazioak areagotzea. Aldiz, EAJk egin duen “proportzionaltasun-irizpideen” lege aldaketarako proposamenak arazoa betikotzen duela uste du sindikatuak: zerbitzu publikoak euskalduntzea zaildu egiten du, eta atzera jotzea errazten. 

Horrenbestez, zerbitzu publikoak euskalduntzeko eta administrazio publikoan euskaraz lan egiteko eta artatua izateko bermeak emango dituen aterpe juridikoa eskatu dio LABek Eusko Legebiltzarrari. Era berean, aipatutako berme legalak mobilizazio soziala eta euskal langileon aktibazioa eskatzen dituela uste du LABek, eta, horregatik, mobilizazioak areagotuko ditu. 

LABek enplegu politika oro bertan erabakitzea aldarrikatzen du 

46 urte behar izan dira Gernikako Estatutuak jasotako Langabezi Sariaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku egongo dela iragartzeko. LABentzat positiboa da eskualdaketa, baina langileon aldeko politikak egiteko guztiz ez nahikoa dela salatzen du; beharrezkoa da enplegu politika aktibo eta pasibo guztiak bertan erabakitzea. 

Atzo Jaurlaritzak eta Madrileko Gobernuak iragarritako akordio politikoak ia mende erdiz bete gabeko eskumen transferentzia bati bide emango dio, Langabezi Sariaren kudeaketarena hain zuzen. Horrela, langabezian egoteagatik jasotzen dena eta langabezia bukatzean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen diren prestazioak kudeatzeko aukera izango du Gasteizko Gobernuak, baita SEPErenak diren 50 egoitza eta bertan lanean ari diren 600 langile. 

LABek gogorarazi nahi du, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia oraindik bete gabe dagoen honetan, akordio honek eskualdaketa partziala dakarrela, langabezia prestazioaren kudeaketa baino ez delako delako eskualdatzen. Hala, oraindik orain prestazioen zenbatekoa, iraupena, jasotzaileen betebeharrak… Madrileko Gobernuak ezarriko ditu. Era berean, ezin dugu ahaztu egungo subsidioa 480 eurotakoa dela eta langabetuen erdiek baino gehiagok ez dutela langabezia prestaziorik jasotzen. 

Bidenabar, aipatu beharra dago akordio honek agerian uzten dituela LANBIDEren gabeziak. Enplegu politiken bitartekaritza aktiboa behako lukeena, prestazioen kudeatzaile soil bilakatu da EAJ-PSEren gobernu desberdinek emandako norabidearen ondorioz. Gaur gaurkoz, epe luzeko langabezia dauden langileen egoera kronifikatua dago eta LANBIDE ez da enplegua lortzeko erreferentea. 

Urte luze guzti hauetan, Euskal Herriko langile sektore zabalek argiki erakutsi dute haien lan eta bizi baldintzak hemen arautzeko nahia eta beharra. Langile publiko eta azpikontratetako langileen borrokak, Greba Orokorrak eta baita legez aurrerapausoak emateko Herri Ekimenak jarri dira martxan. Azkenak, gutxieneko soldata propioa ezartzeko eta gutxieneko pentsioak osagarritzeko ehunka mila sinadurak bildu dituzten Herri Ekimen Legegileak. Horiei bide ematea beste aukerarik ez du langileon aldeko politikak sustatu nahi dituenak. 

LABek berretsi nahi du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren ezinbestekotasuna. Ezin dugu beste lau hamarkada itxaron. Behar beharrezkoak ditugu autogobernuan jauzi berriak eta Madriletik agindutako injerentziei muga jarriko dizkioten berme eraginkorrak. Gaur, Legebiltzarrean autogobernuari buruzko eztabaida ematen ari denean, Euskal Herrian herritar guztientzako lan eta bizitza duinak bermatzeko autogobernu tresna berriak behar ditugula aldarrikatzen du LABek. Guk, orain arteko konpromiso eta erantzukizunarekin egingo dio aurre erronka honi. 

Azkenik, batzuek babes sistemaren transferentzia partzial eta mugatuak ahotan darabiltzaten bitartean, LABek larunbat honetan gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko sistema osagarri baten aldeko Herri Ekimen Legegilea babesteko deia luzatzen du. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko iniziatiba hau, langile klase osoaren aldeko ekimena delako. 

Larunbatean, denok kalera!