2026-07-31
HomeEkintza SindikalaAdministrazio publikoaren euskalduntzeak behar duen segurtasun juridikoa bermatzeko exijitu dio LABek Eusko...

Administrazio publikoaren euskalduntzeak behar duen segurtasun juridikoa bermatzeko exijitu dio LABek Eusko Legebiltzarrari

Euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi den eta lan egiten duen langile ororen lan eskubidea dela defendatu du sindikatuak, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak eskatu ditu. Aldarrikapen berberarekin, mobilizazioak areagotuko ditu sindikatuak datozen aste eta hilabeteetan.

Denbora da eragile euskaltzaleak euskarak bizi duen atzerakadaz eta larrialdi egoeraz ohartarazten ari direla, eta euskararen normalizazioak behar duen jauziaz ari direla, zeinak administrazioaren euskalduntzea azkartzea eskatzen duen. Aldi berean, Hego Euskal Herrian etengabekoak dira euskara eremu judizialetik jasaten ari den erasoak, eta azken lau urteetan ia hilero zapuztu dituzte epaitegiek administrazio publikoak euskalduntzeko ahaleginak. Horren adibide dira EAEko Udal Legearen kontrako epaiak eta aldundi eta udal ugaritako lanpostu deialdietan euskararen eskakizunak jaitsi dituztenak. Testuinguru horretan, LABek hainbatetan adierazi du mobilizazio sozialean eta aktibazio sozialean jauzi bat egiteko beharra, eta, gaur, administrazio publikoko dozenaka ordezkari elkartu ditu Gasteizen. Batzarra egin ostean, mobilizazioa egin dute Eusko Legebiltzarrera, eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lege bermeak exijitu dituzte, baita datozen hilabeteetan mobilizazioak areagotzeko borondatea adierazi ere. 

LABek zerbitzu publikoak euskalduntzeko lan eta mobilizazio eskerga egin du, bai arreta euskaraz eskaintzeko, eta baita langileok lana euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko ere. Azpikontratetan eta zaintza bezalako pribatizatutako zerbitzuetan ere zerbitzuak eta langileak euskalduntzeko planen alde borrokan ari da etengabe. Era berean, proposamen orokorragoak ere egin ditu. Dagoeneko hiru urte igaro dira, esaterako, LABek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta ELArekin batera, administrazio publikoak 15 urteko epean euskalduntzeko proposamena aurkeztu zuenetik. Instituzioen erantzuna hutsala edo okerrera egitea izaten da: hizkuntza-eskakizunak apaltzea eta derrigortasun -indizeak eta -datak atzeratzea. Agerikoa da okerrera goazela, eta honezkero proposamena zaharkituta gelditu dela. Bestelako urratsak eman beharra dago.

Kontrako norabidean, oldarraldi juridiko-politikoa elikatu eta hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak kontrajarri dituzte alderdi politiko eta sindikatu batzuek. Dikotomia hori elikatzeak, baina, erasotu egiten ditu kohesio soziala eta euskara. Eskubide bat defendatzeko ezin da beste bat ukatu; are gehiago, euskaraz lan egin ahal izatea Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun langile guztion lan eskubidea da, gainerako lan eskubideak bezain garrantzitsua eta kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak izateko ezinbestekoa. Gainera, euskaraz lan egitea eskubidea dela ere gogorarazi beharra dago oraindik, zoritzarrez; nabarmen urratzen den eskubidea, gainera. 

Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko, epe ertain eta luzeko estrategiekin batera, epe motzeko neurri eta erabakiak behar ditugu, premiaz, euskararen normalizazio-prozesuari segurtasun juridikoa emango diotenak eta epaitegien etengabeko injerentzien aurrean euste-horma izango direnak. Eta horrek euskarari lehentasuna emateko politikei segurtasun juridikoa emateko neurriak hartzea eskatzen du. 

Norabide horretan, administrazio publikoan euskararen eskakizuna orokortzearen aldeko neurriak begi onez ikusten ditu sindikatuak, eta baita EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamena, norabide horretan koka daitekeena. Lege aldaketa horrek jasoko lituzke: euskararen eta gazteleraren eskakizunak parekatzea; kudeaketa malgua ezartzea testuinguru soziolinguistikoaren arabera; eta langile publiko guztien euskalduntzea ahalbidetzeko baliabideak eta liberazioak areagotzea. Aldiz, EAJk egin duen “proportzionaltasun-irizpideen” lege aldaketarako proposamenak arazoa betikotzen duela uste du sindikatuak: zerbitzu publikoak euskalduntzea zaildu egiten du, eta atzera jotzea errazten. 

Horrenbestez, zerbitzu publikoak euskalduntzeko eta administrazio publikoan euskaraz lan egiteko eta artatua izateko bermeak emango dituen aterpe juridikoa eskatu dio LABek Eusko Legebiltzarrari. Era berean, aipatutako berme legalak mobilizazio soziala eta euskal langileon aktibazioa eskatzen dituela uste du LABek, eta, horregatik, mobilizazioak areagotuko ditu. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.