2026-10-08
HomeEkintza SindikalaEibarko alkateak SEPEri buruz esandakoari erantzunez

Eibarko alkateak SEPEri buruz esandakoari erantzunez

Azken egunetan Eibarko alkateak SEPEren bulegoari buruz esan duenaren arabera, irailaren 4tik aurrera bulego horrek normaltasunez funtzionatzen du Eibarren. Baieztapen hau gezurra da; izan ere, Eibarko SEPEk publikoarentzat itxita darama uda osoa, eta gaur egun ere berdin jarraitzen du: ez dago telefono bidezko hitzordurik, ez dago aurrez aurreko hitzordurik eta, bertan baieztatu digutenaren arabera, ez da horrelakorik egongo oraingoz. 

Honek, noski, ardura eta kezka sortzen digu, lehen ematen zen zerbitzu bat, gaur gaurkoz behintzat ez delako ari ematen, eta etorkizunean zer gertatuko den ere guztiz kolokan dagoelako: baieztatu ahal izan dugunaren arabera, agindu berri bat egon arte ez da publikoarentzat aurrez aurreko zitarik egongo eta, beraz, lehen Eibarko bulegoan egin zitezkeen eta egiten ziren hamaika izapide oraingoz ezingo dira bertan egin. Argi dago, hortaz, SEPEk ez duela normaltasunez funtzionatzen, lehen zegoen egoerarekin alderatuz gero, aldaketak nabarmenak baitira. 

Alkateak zuhurtziaz jokatu eta informazioa egiaztatu behar dela esan du. Bada, informazioa zuzenean kontrastatu dugu bulegoan, lortu ezinezko hitzorduetan, zerbitzu honetara sartzerik izan ez duten langileen ahotsean. Ikusten duguna oso sinplea da: gezurra esaten digute, eta langile klasea bete-betean kolpatzen duen egoera bat ezkutatu nahi digute. Normaltasuna, norentzat? Alkatetzarentzat agian? Dagoen normaltasun bakarra artatu gabeko herritarrena da, oraindik ezagutzen ez ditugun eta instituzioetatik argitu nahi ez duten arrazoiengatik, egun batetik bestera ematen ziren zerbitzu asko emateari utzi baitzaio. 

SEPEa ez da egiten diguten mesede edo fabore bat: langile klasearen eskubidea da. Eta zapaltzen ari dira. Lasaitasun mezua bidaltzen digute zerbitzurik gabe uzten gaituzten bitartean: gaur gaurkoz (eta etorkizun ilunarekin) Eibarko SEPEren bulegoak ez du normaltasunez funtzionatzen. 

Eibarren bizitzen ari garena, ordea, ez da arazo koiuntural bat: publikoa urteetan zehar alde batera uztearen emaitza da, babes gehien behar dutenak defentsarik gabe uzten dituen politika baten emaitza. Erantzukizunak, berehalako irtenbideak eta behar adina langile eskatzen ditugu, Eibarko SEPEa berriro ere izan behar dena izan dadin: langileen eskura dagoen eta egongo den zerbitzua. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.

FVEMi aitzakiak amaitu zaizkio, LABek eta gainerako sindikatuok plataforma bateratua aurkeztu dugu Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenean

Gaur Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bederatzigarren bilera egin da. Bilera honetan, LABek, negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun gainerako sindikatuekin batera, hitzarmenerako plataforma bateratua aurkeztu dugu. Horrekin,...

Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte lehen arretako zentroetan beren aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatzeko

Irailaren 30ean egindako bileran, Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektorialeko sindikatuoi bidalitako proposamena aurkeztu zigun. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborroa bat da eta dokumentuak...