2026-07-30
Blog Page 547

Urdulizko ospitaleak formazio espezifikorik gabeko praktiketako erizaintza ikasleak erabili ditu PCR probak egiteko

0

Urdulizko ospiteleko zuzendaritzak (Uribe ESI) praktikak egiten dabiltzan 4. kurtsoko erizaintza ikasleak erabili ditu PCR probak egiteko, berezko formakuntzarik eman gabe (NBEak nola erabili eta PCR probak nola egin) eta beharrezko den gainbegiratzerik gabe, ikasle horien arduraduna ondoko gelan zegoelako, PCRak egiten ere bai.

Egoera honek 11 egun iraun zuen, eta azkenenean, irailaren 23an formakuntza eman eta gero (ordubeteko saioa) ikasleak kezka handiz konturatu ziren ez zirela PCRak ondo egiten ari. Ikasleek eurek kexa helarazi zieten fakultateko arduradunei, baina erantzun zieten “ezin zela ezer egin”.

LABen ustez, eman den egoera onartezina da. Osakidetzako ESIetako zuzendaritzek ezin dituzte erizaintza ikasleak erabili esku-lan merke bezala, formazio nahikorik eman gabe eta zuzenko gainbegiradapean egon gabe. Erabiltzaileon osasunean ondorio txarrak izan ditzakeen arduragabekeria galanta baten aurrean gaude, erantzuleak dauzkana.

Erizain ikasleen eskubideak errespetatu behar dira, praktiken izaera eta helburuak ere, eta batez ere, modu seguruan eta gainbegiratuan egin behar dira.

Zentzu honetan, uste dugu PCR probak eta aztarnari lanak egitea seriotasunez eta arduraz kudeatu behar diren gaiak direla. Baina, zoritxarrez, eginkizun hauek guztiak modu deszentralitatuan kudeatzen ari dira, ESI bakoitza bere estiloan, eta inprobisazioa, ardura falta, kaosa eta errekurtsoen erabilera okerra nagusi dira. Izan ere, berriro ere eskatu nahi diogu Osakidetzako zuzendaritzari modu argian arau ditzala ekimen hauen funtzionamendua; osasun zentroetatik lan hauek egiteko atera dituzten langile guztiak ordezka ditzala, euren lan-zentroetako hutsuneak betetzeko; eta aztarnari lanak egiteko behar diren pertsonak perfil administratiboko kategorietako kontratazio zerrendetatik dei ditzala.

Hiru greba egun deitu ditugu EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan

Gasteizko Gobernuaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Lakuan, eta, bertan, jangeletako langileek grebara joko dutela jakinarazi dugu; urriaren 21, 27 eta 29an, hain justu. Enpleguaren eta lan baldintzen defentsan egingo dute greba, baita kolektiboaren osasuna bermatzeko ere.

Hauxe da LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok irakurritako oharra, gaurko agerraldian:

Gaur hemen gaude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jangeletako langileekin duen jarrera salatzeko. Aurreko ikasturtearen amaieratik eta ikasturte honen hasieratik, behin eta berriz eskatu diegu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta hezkuntzako patronalei sindikatuekin eser daitezela kalitatezko jangelak antolatzeko eta sektoreko langileen enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatzeko, bai eta langile eta erabiltzaileentzako osasun-bermeak ziurtatzeko ere. Gaur egun, izan dugun erantzun bakarra inposaketarena izan da, elkarrizketarik gabe. Daukagun informazio guztia komunikabideen bidez edo protokoloak sailaren web orrian bilatuz lortu dugu.

Aurreko ikasturteetako ratio berberak mantenduz gain, eta talde egonkorrei, espazioei eta abarrei dagokienez egungo premiei jaramonik ez egiteaz gain, bistan da, ez dela ez enpleguari, ez kolektiboaren lan-baldintzei eustea mantentzen ari. Langile asko ez dira beren lanpostuetara deitu.

Bestalde, inprobisazioak eta kalitatezko jangela seguru baterako langile faltak mesfidantza sortzen ari dira familiengan, eta, ondorioz, askok ez dute zerbitzua eskatzen, nahiz eta beharra izan. Ez dugu ahaztu behar jangela-zerbitzua erabiltzen duten ikasle askorentzat dela egunean jasotzen duten otordu oso bakarra dela.

Ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jangeletan azpikontratatutako langileek merezi duten errespetua eskatzen dugu, neurri negoziatu eta inposaketa gabeekin, beharrezko segurtasuna eta enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatzeko.

Hori horrela, eta Eusko Jaurlaritzaren eta zerbitzua kudeatzen duten enpresen jarrera ikusita, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek hiru greba egun deitu ditugu urriaren 21, 27 eta 29rako, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan.

Hemendik berriz ere dei egiten diogu Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari alde bakarreko bidea utz dezan eta behingoz eskola-jantokietako langileen ordezkariekin hitz egitera eser dadin.

Gora langileen borroka!!

Arabako helduen egoitzetako langileak kalera irten dira, iragarritako hiru greba egunetatik lehenean

Gipuzkoan, atzo; Araban, gaur. Helduen egoitzetako langileek datozen asteetarako iragarritako hiru greba egunetatik lehena egin dute Araban, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, lanuzteak ez ezik, kalejira ere egin dute Gasteizko Plaza Berritik Arabako Foru Aldundiaren egoitzara. Gaurko mobilizazio egunarekin mezu garbi bat helarazi diogu Aldundiari berari: foru erakundeak ezin ditu bazterrean utzi ez zerbitzuaren kalitatea, ezta langileen lan baldintzak ere.

Urriaren 9tik aurrera deitutako greba mugagabea berretsi dute

0

Greba mugagabea egitea berretsi dute Matriceria Deusto eta GTSko langileek, enpleguaren defentsan. Lehen bilerak egin dira gaur, eta Gestamp-en asmoak bere horretan darrai: bi enpresak itxi eta 230 langile kaleratu.

Enpresa batzordeen oharra:

Gaur egin dira Gestamp taldeko Matriceria Deusto eta GTSko itxieraren inguruko lehen bilerak. Hauetan Gestamp-en asmoak berretsi dira, bi enpresak itxiko dituzte eta zuzeneko 230 langile eta zeharkako beste horrenbeste kaleratuko dituzte.

Bilerotan, enpresa-batzordeak eta LAB eta ELA sindikatuetatik eskatu dugu Gestamp- ek sinatutako akordioak betetzea, eta hortaz, itxiera espedienteak erretiratzea. Era berean, nabarmendu eta gogoratu dugu GTS eta MatricerĂ­a Deusto es direla uharte isolatu bat, Gestamp taldeko parte baizik, eta talde honek 212 milioi eurotik gorako irabaziak izan zituena.

Kontsulten aldiko hurrengo bilerak urriaren 14an izango dira, eta azaroaren 6an amaituko da kontsulten aldia.

Matriceria Deusto eta GTSko langileek greba mugagabea egiteko erabakia berretsi dira. Datorren ostiralean hasiko da, urriaren 9an, euren lanpostuen defentsan eta Bizkaiko matrizeria-sektorearen etorkizunaren alde.

Horrela, urriaren 9an, grebaren lehen egunean, mobilizazioa egingo dute eta adierazpenak eskainiko dizkiete komunikabideei Matriceria Deustoren sarreran, Zamudioko Torrelarragoiti poligonoaren 6. zenbakian.

Bat egin dugu Nafarroako Osasunaren Plataformaren deialdiarekin

0

Oso positiboki baloratzen dugu plataforma horren deialdiak osasun etxeak defendatzeko sortu duen herri mobilizazioa, eta osasun arloko profesionalak eta gizarte osoa animatzen ditugu asteroko ekitaldi horiek bultzatzen jarrai dezaten.

LABek erabateko babesa eman nahi dio Nafarroako Osasunaren Plataformak osasun etxeen defentsan egindako ekimenari, guztiz bat gatozelako haren planteamenduekin: osasun etxeak defendatzea osasun sistema publiko guztien oinarrizko zutabea defendatzea da.

Nafarroako Osasun Departamentuak hartu dituen neurriekin, itxi egin da herritarrentzat osasun sisteman sartzeko bidea –Oinarrizko Osasun Laguntzako sareko osasun etxeak eta kontsultategiak–.

Telelaguntzak huts egin du asistentziarako kudeaketa-eredu gisa, eta osasun etxeetako plantillak gaindituta daude asistentzia-lanaren alferrikako burokratizazioa dela kausa. Gainera, horri guztiari baliabide telematikoen gabeziak eta errefortzuko langile falta gehitu behar zaizkio.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak iragarritako berrikuntzak, argi eta garbi, ez dira nahikoak izan osasun etxeen egoera larriari konponbide irmo eta iraunkorra emateko; izan ere, iragarri dituzten 55 profesional berriekin, batez beste, errefortzuko pertsona bat jarriko da oinarrizko osasun eskualde bakoitzean.

LABek Oinarrizko Osasun Laguntzan hartutako neurriak berehala berraztertzeko eta zuzentzeko eskatzen du, bai eta kudeaketa-eredua goitik behera aldatzeko ere, eremu hori indartzean oinarrituta. Horretarako, lehenik eta behin, dauden plantillak handitu behar dira, eta lanbide-kategoria berriak sartu (fisioterapeutak, psikologoak, EZLTak, etab.), ebazteko gaitasuna handitzeko.

Donostiako kaleak hartu ditugu, helduen egoitzetarako kalitatezko arreta eredu bat aldarrikatzeko

Grebara deitu dugu gaur Gipuzkoako helduen egoitzetan, eta, mobilizazio egunaren harira, manifestazioa egin dugu Donostiako kaleetan zehar. Hain zuzen ere, Gipuzkoa plazatik abiatu dugu protesta, Aldundiaren egoitza paretik, foru erakundearen pasibotasunak eraman baigaitu grebara. Helduentzako beste arreta-eredu bat sortzeko beharra berretsi dugu, ereduaren erdigunean gure helduak jar daitezen, ez enpresa kudeatzaileen negozioa.

Enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenarekin aberasten ari direla salatu dugu Donostiako manifestazioarekin. izan ere, helduen egoitzak zerbitzu publikoa dira, eta gipuzkoar guztiek finantzatzen dituzte zergen bitartez. Are gehiago, egoiliarrentzat arreta kalitatezkoa izan dadin, arreta ematen dieten langileek lan-baldintza duinak eta kalitatezkoak izan behar dituzte, eta horiek gabe arreta ezin da gauzatu.

Zentzu honetan, bada garaia Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek euren funtsezko eginkizuna aitortuko duen hitzarmen bat izan dezaten, emandako lanari egokitutako arauketa eta konpentsazioen bidez. Hauxe izan da greba egunaren beste aldarri nagusietako bat.

Azken finean, egungo zaintza-eredua sakon jorratzeko garaia da, pandemia egoerak agerian utzi duen bezala. Horretarako, kudeaketa publikoaren aldeko apustu garbia egin behar da, zaintzaren funtsezko funtzioa aitortuz eta langileen lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuz.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen duina aldarrikatu dugu, mehatxuen gainetik

0

Gipuzkoako Metalgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu Donostian, Adegiren egoitzaren aurrean. Patronalaren xantaiaren aurrean ez dugula men egingo eta negoziazioak aurrera egin behar duela adierazi dugu, patronalak mahai gainean jarritako proposamena hobetzeko.

Gipuzkoako metalgintzako seigarren bileran negoziazioak bukatutzat eman nahi izan ditu patronalak. LABek gaur kontzentrazioa egin dugu ADEGIn eta, argi eta garbi esan nahi dugu, mahai gainean dagoena ez dela nahikoa eta ez dugula onartzen. Ondorioz, borrokan jarraituko dugu.

Soldatetan badago gako bat, garrantzitsua, ez dira atzerapenak kobratuko (batzuk horrela esan badute ere), soldata taulen eguneratze bat egongo da urte luze hauetan inolako igoerarik izan ez dutenentzako. Garrantzitsua, baina 50.000 langile baino gehiagotatik, zenbati eragingo dio? ADEGIk berak esan du, behin eta berriro, Gipuzkoako metaleko enpresek aldebakarrez igo izan dituztela soldatak. Beraz, ADEGIk gezurra esan du orain arte edo kolektibo txikiari eragingo dio?

Badago, ordea, soldatetan esanguratsua den gauza bat; tauletan eta errealetan igoera berdina onartzea. Beti izan dira tauletan soldata igoera handiagoak, gutxien irabazten duenari laguntzea du xede garrantzitsu herrialdeko hitzarmenak. Kasu honetan ez? Gainera, datozen 3 urteetan KPI-a 0 edo gutxiago izanez gero, langile guzti horiek inolako igoerarik gabe geldituko lirateke.

Horrekin batera, gogorarazi nahi dugu 14 urte daramatzala lan jardunak bere horretan. Negoziazio propioa duten enpresetan hobetu da baldintza hori, baina zenbat milaka langile, batez ere, enpresa txikietan daude orain 14 urteko lan jardunarekin?

Berdintasunean urratsak ezinbestekoak dira, helburu zehatzak, neurgarriak eta denboretan ongi zehaztuak. Edukiz ongi jantzia behar du, ez “asmo” eta “intentzio hutsez” beteriko paragrafo bat; batzorde bat sortzea bere funtzio zehatzekin eta epe konkretuetan, berdintasun planak 50 langile baino gehiago enpresetan, diagnostikoa egiteko neurriak… 2020ko hitzarmen batek ezin ditu emakumeak baztertu, ezta Gipuzkoako metalekoak ere.

ABLEen proposamenean urrats garrantzitsua dago, hauen kontratazioa mugatuz, baina urtebete asko da. Hala ere, larriagoa iruditzen zaigu, urte bete pasa ostean, enpresaren aldebakarreko erabakia izatea pertsona hori kontratatu edo ez. Hau da, urtebete lanean egon eta gero, ABLE bidezko kontratu hori hautsi eta beste pertsona bati beste urte betez ABLE bidezko kontratua egiteko aukera ematen du. Prekarietatearen erruleta ezin dugu sortu eta onartu. Urte betez enpresa batean ABLE bidez lanean egon bada eta lanpostu horrek jarraituko badu, enpresak langile hori kontratu zuzenera pasa beharko luke. Eta kontraturik egingo ez balio, ABLE bidez urte betez kontratatzeko debekua eduki beharko luke, gutxienez.

Lizentzietan ulertezina da ADEGIk mahai gainean jarri duena; lizentzia batean onartzen duena ez du hurrengo lizentzian onartzen (bizikidetasunaren adibidea dugu) edota lizentzia egunak nola konputatu behar diren ere ez dago onartzeko prest, nahiz eta LAB sindikatuak aldeko jurisprudentzia aurkeztu dion. Hitzarmena negoziatzen gaudenean, gauzak argi uzteko momentua denean, jurisprudentziak argi eta garbi diotenean; langileak epaitegietan nahi gaituzte.

Lan osasunean, bizi eta sufritzen ari garen urtearekin, prebentzio, laneko gaixotasunak edota osagarriak bezalako gai garrantzitsuetan ez dute ezer ere jarri mahaiaren gainean.

Esan dugu, argi eta ozen, garrantzitsuak direla Hitzarmen honetan lortzen ari garen babes juridikoa (ultraaktibitatea, blindajea…); subrogazioan emandako urratsa edota taulen eguneratzea. Halere, argi dugu oraindik ere ez nahikoa dela. Ez nahikoa dela, gainera, gehiengoarentzako. LABen anbizioa, ordea, ez da gehiengo eta gutxiengoez hitz egitea.

Une honetan ez dago hitzarmenik, eta ADEGIk ez duela negoziatzeko borondaterik esan du. Hori da errealitatea eta denon ardura da, denon erantzukizuna. Horregatik, datozen ordu eta egunetan, LAB-ek erronda abiatuko dugu gainerako sindikatuekin, guztiekin. Berdintasunagatik, ABLEtako kontratazio prekarioekin bukatzeko, soldata igoera duinak lortzeko… sindikatu guztiak elkartzea eta borrokatzea merezi duelako.

Tasubinsako enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du plantilla pobretzea eragotziko lukeen hitzarmen duina eskatzeko

Gaur, 12:00etan, Tasubinsako Enpresa Batzordea -LABeko 8 ordezkarik, UGTko 6k, ELAko 4k eta CCOOko 3k osatua-, enpresako bulego orokorren aurrean kontzentratu da, enpresak Batzordeak aurkeztutako gutxienekoen plataforma bere gain hartzeari uko egin diola salatzeko.

Batzorde honek balioa eman nahi dio, bere ustez, egin duen erantzukizun mugimenduari, hasierako oso aldarrikapen garrantzitsuak alde batera utzi baititu, pandemiaren ondorioz negoziazioa gelditu egin delako. Batzordeak, Nafarroako 2019ko KPIaren aurtengo igoeraz gain, errelebo kontratua eskatzen du langile guztientzat, laguntzaileen kategoriak gorantz parekatzea eta kategorien disfuntzioak aztertuko dituen batzorde paritarioa sortzea.

Aitzitik, plantilla egiten ari den ahalegin guztiak kontuan hartuta, Batzordeak ez du ulertzen nola Tasubinsako zuzendaritzak makina bakar batean milioi bat euro baino gehiago gastatu dituen eta beste hainbeste lokal bat erosten, eta ez duen 200.000 mila euro gastatu nahi aurten bere 1.000 langileen soldatak eguneratzeko -kantitate hori nahikoa izango litzateke langileak ez pobretzeko-.

Tubacex-eko langileak zuzendaritzaren asmoen kontra mobilizatu dira

0

Tubacex-eko langileek greba eguna dute, Laudio eta Amurrioko lantegietan iragarritako murrizketak salatzeko. Bada, LABek ez du kaleratzerik onartuko, ezta langileen eskubideen galera edo murrizketa ekarriko duen edozein neurri ere. Hortaz, babes osoa erakutsi diegu mobilizazioei.