2026-05-05
Blog Page 541

Osasun arloko politika publikoak errotik aldatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

0

Joan den ekainaren 26an deitutako kontzentrazioen ondoren, jarraipen handia izan zutenak, eta osasun sailaren erantzunik jaso ez zenez, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok beste urrats bat eman dugu mobilizazioetan, eta berriz ere dei egiten diegu Osakidetzako langileei eta herritarrei uztailaren 9an, 18:00etan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo ditugun elkarretaratzeetan parte hartzera.

Joan den ekainaren 26an, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak deitu genituen Donostiako, Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetan, baita Osakidetzako Lehen Arretako osasun-zentroetan ere, Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikak eta euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria salatzeko. Mobilizazio horien jarraipen garrantzitsua, zalantzarik gabe, lantokietan bizi den egoera eskasaren eta osasunaren arloko politika publikoak errotik aldatzeko beharraren erakusgarri da.

Ildo horretan urrats zehatzak eta irmoak eskatzeko, eta Osasun Sailaren erantzunik jaso ez denez, elkarretaratze berriak deitu ditugu datorren ostegunean, uztailaren 9an, 18:00etan, Bilbon (Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gran Via 85), Donostian (Boulebardeko kioskoan) eta Gasteizen (Olagibeleko Osasun Zentroaren aurrean). Osakidetzako langileei eta herritarrei parte hartzera gonbidatzen ditugu, ongizate kolektiboko tresna den osasun publikoaren defentsan. Tresna hori indartu eta garatu egin behar dugu guztion ongia bermatzeko. Zalantzarik gabe, koronabirusaren krisiak agerian utzi du zerbitzu publikoen garrantzia, eta, zehazki, osasun publikoarena.

Azken urteotan, osasuna negozio iturri bihurtu da batzuentzat. Hala, osasun publikoa ahuldu egin dela ikusi dugu, eta horren ondorioak agerikoak izan dira osasun-krisi honi aurre egiteko orduan. Langileen ahalegina eta inplikazioa izan da gure osasun-sistemaren gabeziak arintzea lortu duena, egunerokoan gertatzen den bezala. Langileek guztiz salbuespenezko baldintzetan egin dute lan: lan-karga onartezinak; babes-neurrien falta kezkagarria; eta langile urriek osatutako ekipoak, Osakidetzak ez baitie baliabide egokirik eta nahikorik eman krisiari aurre egiteko.

Horren ondorioz langileak akitu dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes-neurririk ez izateagatik. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18 izan dira, eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20 izatera iritsi dira.

Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria eragin dute: aurrekontu-partidak EBko batez bestekotik behera; enpleguaren suntsiketa; egiturazko plantilla oso urria; kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera; lan-eskubideen murrizketak; pribatizazioak; lan-karga onartezinak, etab.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok berriro eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari, premiaz eta atzerapenik gabe, errotik alda ditzatela osasun-arloko politika publikoak, eta neurri hauek har ditzatela:

‱ Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoarekin parekatuko dena.

‱ Enpleguaren arloan:
◩ Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan
txertatuz.
◩ Plantilla egonkortuko duten eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihestuko duten behin-behineko langileak sendotzea.

‱ Murrizketa guztiak lehengoratzea: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak.

‱ Zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzea, dagoen enplegua galdu gabe.

‱ Plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, bai haren eguneroko lanean: kategoria guztietarako babes- material nahikoa eta egokia; arreta-maila guztietako lan-arriskuak baloratzea eta prebentzio eta babes neurriak hartzea; arrisku psikosozialak ebaluatzea, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.

Egoera hori zuzentzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Bestela, protestak areagotuko ditugu, bat ere baztertu gabe.

Asko dugu jokoan! Orain inoiz baino gehiago, kalitatezko osasun publikoaren alde!

Inoiz baino beharrezkoagoa jotzen dugu Gipuzkoako metalgintzako langileek hitzarmen eguneratu eta duina izatea

0

LABek anbizioz eta ilusioz ekingo dio Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari. Covid-19k sortutako egoeraren ondorioz 4 hilabetez bildu ezin izan ondoren, bihar, uztailak 7, hasiko dira Gipuzkoako metalaren hitzarmena berritzeko negoziazioak.

Zalantzazko une hauetan, LABek uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela Gipuzkoako metalgintzako langileek negoziazio esparru arautzaile propioa, egonkorra eta langileen eskaera nagusiei erantzuten diena izatea. 9 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, asko dira konpondu beharreko gaiak.

LABek plataforma berritu eta gaurkotu bat aurkeztuko du bihar, hainbat elementu berritzaile eta sozial biltzen dituena, hala nola, lana eta familia uztartzea errazteko neurriak, lizentziak hobetzea, deskonexio digitalerako eskubidea bermatzea, aukeraberdintasuna eta emakumeek metalgintzan duten presentzia bermatzea, azpikontratatutako langileen subrogazioa bermatzea, gazteen kontratu-egoera hobetzea… Halaber, plataforma honek elementu historikoak eta funtsezkoak biltzen ditu, hala nola erosteko ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak, lanaldia murriztea familiaren zaintza errazteko, lan-prekarietatearen aurkako elementuak, besteak beste, behin-behinekotasuna murriztea eta ABEEak mugatzea, edo lan-erreforma kanpoan uztea ultraaktibitatea bezalako neurriekin eta hitzarmena aldebakarrez bertan behera uzteko aukerarik ez izatearekin.

LABen argi dugu bide hau langileekin batera egin behar dugula; horregatik, plataforma ehunka langilerekin elkarbanatu dugu, ekarpenak jaso ditugu eta datozen urratsak ematerakoan ere langile kolektibo guztiaren ekarpenak ezinbestekoak izango direla argi daukagu. Horregatik, aktibazioa eta borroka ere lan zentro guztietara hedatu beharko da; tokian tokiko aldarrikapen eta borrokak sektorearekin uztartuz.

Gainera, sektorean emakumeon egoera nolakoa den ikusirik, metalgintzako LABeko emakumeekin ere bilerak abiatu genituen, bide horretan urratsak ematea ezinbestekoa izango da.

Ez dago aitzakiarik hitzarmenaren negoziazioari aurre ez egiteko. Bihar, patronalaren benetako negoziatzeko borondatea zein den ikusteko aukera ona izango da. LABek indar guztiekin egingo du borroka, oraingoan bai, hitzarmen duin bat lortzeko Gipuzkoako metalgintzako langile guztientzat.

Bilera bihar goizeko 9:30ean izango da Donostian, Adegi patronalaren egoitzan.

Premiazkoa da lan heriotzen egiturazko arazoa agenda politikoan kokatzea

Aurten gutxienez 39 langile hil dira lanean Euskal Herrian eta bi langilek desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik. Uztailaren 2an langile bat hil zen GI-636 errepidean Irun parean eta ostirala eguerdian, baso langile bat hil zen Muxikan mendi garbiketa egiten ari zela.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik, gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko eta gertukoei.

Basogintza sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu. Langileek lan desberdin asko egin behar izaten dituzte, askotan bakarrik; zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak, orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinari kopuru altua erabiltzen dute. Guzti horrek sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten dio eta gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute.

Guzti honek eragina du jasan behar duten istripu tasa altuan. Gainera, hauetariko batzuk larriak eta hilgarriak izaten dira. Sektoreko langileak arriskupean daude. Beraz, administrazio publikoei eskatzen diegu, berehala, neurriak hartu ditzatela langileon lan eta bizi-kalitatea hobetzeko, eta lan arriskuen alorrean formakuntza plana martxan jarri dezatela.
Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu.

Hauteskunde atarian gauden honetan, Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu zein pauso emateko prest dagoen egoera eta eredu hau geldiarazteko. Prest ahal daude agenda politikoan lan istripuen arazo estrukturala kokatzeko?
LAB sindikatutik argi dugu. Bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu.
Sarraski honekin amaitzeko, eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikalismoak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile klaseari.

Dei egiten diegu langileei Zaldibar Argitu!-ren larunbateko manifestazioan parte har dezaten

Uztailaren 6an bost hilabete beteko dira Zaldibarreko Verter Recycling-en zabortegia hondoratu eta Alberto eta Joaquin lurperatu zituenetik. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun lan baldintzen ondorio baizik, eta Zaldibarrekoa bereziki, sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzukizunak argitzeak. Desagertuen bilaketa eta bertan lanean ari direnen osasuna bermatzea ere lehentasunezkoak dira.

Istripua gertatu zenetik hona etengabeak izan dira sindikatuaren ekimenak bertan gertatutakoa argitzea helburu hartuta, langileak, osasuna eta erantzukizuna kontuan hartuko dituen konponbidea lortzeko. Horrela, bere sorreratik bertatik babestu ditugu Zaldibar argitu!-k egindako ekimen eta deialdiak.

Larunbatean, manifestazio nazionala deitu du Zaldibar Argitu!-k, “5 hilabete, konpromisoak nahi ditugu” lemarekin. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Eibarreko Untzaga plazatik. LABek ordezkaritza bidaliko du bertara eta langileei dei egiten die mobilizazioan parte hartzera, herri erantzuna beharrezkoa baita horrelako gertakarien aurrean eta bizitza erdigunean izango duen eredu bateranzko trantsizioa indartzeko.

“Ez gaude prest berriro ere krisiaren faktura gazteon bizkar gainean jartzeko; krisiaren faktura aberatsek ordain dezatela!”

Langileria eta bereziki gazteak pairatzen ari diren egoeraren aurrean, Ernairekin batera, enplegu duina aldarrikatzeko mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Lanbideren egoitzaren aurrean, “Krisiaren faktura aberatsen kontura. Gazteok lan duina, bizi duina!” leloarekin.

Hauxe da, Ernai gazte erakundearekin batera, gaurko mobilizazioaren harira egin dugun irakurketa:

2008an krisiari erantzuteko ezarritako errezetek lan merkatua are eta gehiago desegituratu zuten, lehendik ere prekarietatea hedatuta zegoen arren, kapitalismo basatian sakondu eta gazteen enpleguarekin amaitu zuten.

Ondorengo urteetan, errekuperazio ekonomikoa gazteon eta langileon eskubideen bizkar egin da. Enpresak irabaziak metatzen hasi eta enplegua sortu zen, enplegu prekarioa ordea, pobreziatik ateratzeko enplegua izatea nahikoa ez izateraino, miseriazko soldata eta lan baldintza negargarrietan.

2010 eta 2012ko erreformak, Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuak ezarritako murrizketak
 oraingo krisiari aurre egiteko arazo estruktural bilakatu dira eta argi geratu da hori Martxotik hona galdu den enplegua nolakoa izan den erreparatzen badugu. Elite ekonomikoaren eta merkatuaren beharrei solik erantzuten dien lan merkatua sortu zuten, erabili eta botatzeko enpleguarekin, flexibilitatea muturreraino eramanez. Lan baldintza kaxkarretan lan egiten ondoren, orain enplegu hori botatzeko garaia iritsi da.

Gazteok betetzen genituen lanpostu gehienak pandemian zehar desagertu edo suntsitu egin dira.

â–Ș Ostalaritzako gazte langileak izan gara pandemiaren lehen egunetik kaleratuak izan garenak

â–Ș Udalekuetan lan egin izan dugun gazteak, aurten asko eta asko gazteontzako sustengo ziren udako lanik gabe geratuko dira

â–Ș Kontraturik gabe eta beltzean lan egiten dugun gazteak gara asko eta asko (klase partikularrak ematen, lanik prekarioenak eta baldintzarik okerrenak dituztenak betetzen…)

Atzo kaleratutako langabezia datuek argi adierazten dute egoera hau:

â–Ș Langabeziaren zifra ofiziala Hego Euskal Herrian 184.912 langabetura igo da, eta horri beste 87.143 gehitu behar zaizkio. Izan ere, EABET (Enplegua Aldi Batera Erregulatzeko Txosten) egoeran daude eta ziurgabetasun handia dute etorkizunari begira.

â–Ș EAEri dagokionez %84 igo da gazteen langabezia, aurreko urteko ekaineko datuekin alderatuta. Datu hauek oso esanguratsuak dira, kontutan hartzen baldin badugu iazko datuek gazteriaren prekarizazo egoera bat islatzen zuten datuak zirela.

Gazteok kapitalismo heteropatriarkalaren ondorio bortitzenak bizitzen ari gara belaunaldi bezala, 2008ko krisiak eta baita oraingoak, gogor kolpatuko duen sektorea gara.

◩ Ongi ezagutzen ditugu krisiaren aitzakipean jarraitzen diren errezeta neoliberalak: Horren ondorio dira enplegu egoera prekarioak, emantzipatzeko ezintasun nabaria, hezkuntza publiko eta euskaldunaren pribatizazioa.

Eta orain, berriz ere elite ekonomikoen eta patronalaren interesen araberako politikak bultzatu edo herri eta langile klasearen alde, justizia sozialaren alde, migranteen, emakumeen, gazteen eta orohar bazterrean kokatzen diren langile guztien aldeko politikak martxan jartzea, horiek dira bi aukerak. Pobrezia eta prekarizazioa hedatzea hautu politiko bat da, eta Madriletik eta Gasteiz eta Iruñetik datozen haizeek ez dute ezer onik ekartzearen itxura. Asteazkenean bertan PSOEk EH Bildurekin izenpeturiko akordioaren aurka bozkatu eta lan erreforma bertan behera uztearen aurkako posizioa hartu zuen. Eta hemen ondoan, Gasteizen dugun Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den Urkullu jauna ere hasia da esfortzua eskatzen langile publikoei. Gure agintariek dagoeneko hautua egina dutela dirudi, elite ekonomiko eta patronalaren aldeko hautua, herri honen gehiengoari bizkarra ematearen aldeko hautua.

Guk ere, Ernai eta LABek, aukera egina dugu. Bazterketa sozialarekin, pobreziarekin eta prekarizazioarekin amaitu nahi dugu, bizitza duinak nahi eta behar ditugu! Eta horretarako enplegua behar dugu, baina ez edozein enplegu, aberastasuna banatuko duen enplegua da behar duguna, soldata eta baldintza duinak bermatuko dizkigun enplegua, arrakalekin amaituko duena.

Madril, Gasteiz eta Iruñetik datozen haize txarrei aurre egingo diegu, modu kolektiboan. Ez gaude prest berriro ere krisiaren faktura gazteon bizkar gainean jartzeko; krisiaren faktura aberatsek ordain dezatela! Ez dugu utziko elite ekonomiko eta euren mesedetarako agintari autoritarioek gazteon eta oro har langile eta herritarron bizi baldintzak zapaltzea, krisi hau ez dugu guk ordainduko!

Eta bide horretan, gazteon eta langileon lan eta bizi baldintza duinak nahi baditugu nahitaezkoa izango da gaurdanik Euskal Errepublika Sozialistaren aldeko indarrak metatzen hastea.

Gora euskal gazteria! Gora euskal langileria! Gora Euskal Errepublika Sozialista!

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola-jantokiekiko duen aldebakarreko jarrera eta utzikeria salatzen dugu

LABek ekainaren hasieratik salatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez duela informaziorik eman 2020-2021 ikasturterako eskola-jantokiei buruz.

DBHko ikastetxeei dagokienez (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), sailak eskolaegutegiari buruzko ebazpen bat argitaratu zuen, honako hau adierazten duena: “20192020 ikasturtean gertatutako konfinamendu-aldiaren ondorioz gertatutako kontingentziak direla-eta, antzeko egoera bat gerta daitekeelakoan, 2020-2021 ikasturterako salbuespen gisa, DBHko ikastetxeek ikasturte osoa eman ahal izango dute goizeko lanaldi jarraituan, eta OOGk onartu beharko du proposamen hori (
)”. 2020-2021 ikasturtea antolatzeko Hezkuntzako sailburuordearen ebazpenean, eskolako jangeleei buruzko aipamenik ez da egiten.

Bestalde, Hezkuntza Saileko langileak kudeatzeko zuzendariak bidalitako dokumentuan adierazten denez, “DBHko eta Batxilergoko ikastetxeek autonomia izango dute jantoki-zerbitzua emateko”; hau da, ikastetxeek erabakiko dute jangelazerbitzua eman ala ez, eta ez Hezkuntza Sailak berak. Etapa horietan jangelazerbitzurik emango ez balitz (131 zentro), 500 lanpostu baino gehiago galduko lirateke. Gainera, gaur egun, haur eta lehen hezkuntzako zentroetan ez dakigu zer eragin izan dezakeen kontingentziak abian jartzeak, ezta jangela-zerbitzua emango bada ere, eta 7.000 langilek baino gehiagok kaltetuak izango lirateke, kontratu partzialak eta prekarioak dituzten emakumeek, eta horietako asko azpikontratatuta daude.

Ez dugu ahaztu behar eskola-jangela funtsezkoa dela ikasleek etapa akademikoan jasotzen duten hezkuntza integralean, 0 urtetik derrigorrezko hezkuntza amaitu arte. Zerbitzu hori funtsezkoa da eta hortaz, ez dugu onartzen hezkuntza-etapa bakar batean ere ez ematea ikasturtearen lehen egunetik.

LAB sindikatutik berretsi egiten dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aldebakarreko jarrera eta utzikeria, eta eskola-jangela guztiak irekitzea eskatzen dugu, inolako diskriminaziorik gabe eta lanpostu-galerarik eta murrizketarik gabe.

Mobilizazioa egin dugu Bilbon, Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurrean, anbulantzia zerbitzuaren publifikazioa eskatzeko

Eusko Jaurlaritzari exijitu nahi diogu sektore horren azpikontratazioarekin amaitu dezala, anbulantzien zerbitzua publiko egin dezala eta gure zergen euro bat bera ere ez dadila enpresa pribatuetara joan; izan ere, osasun krisi honetan frogatu den moduan, zerbitzu hori publikotik eskaini behar da.

Covid-19ren ondoriozko pandemiak funtsezko osasun zerbitzuen garrantzia agerian jarri du. Hala nola, medikuak, erizainak, garbitzaileak, anbulantziak, egoitzetako langileak, etab. Hauek osatu baitute herritarren osasuna defendatzeko lehenengo lerroa.

Maiz salatu den moduan, askotan bitartekorik gabe lan egin duten profesional horien ahalegin nekaezin eta dedikazioagatik, egunero esker ona ematen zitzaien balkoietatik. Dena den, egoera horren harira, sektore publikoaren prekarizazio orokorraren eta suntsipen sistematikoaren berri izan dugu, betiere, negozio pribatuaren eta lan-esplotazioaren alde.

Ezohiko normaltasun fase berri honetan, bai larrialdietako anbulantzien zerbitzuan, bai kontzertatuen kasuan, berriz ere betiko arazoei aurre egin behar diegu. Azken aste hauetan ezinbesteko langile izan garenok, orain enpresa pribatuetan baztertuta gaude berriro, enpresaerabakien zoriaren mende.

Beste behin ere, EAEko herritarren osasuna interes pribatuen esku geratu da eta euren lehentasuna, Osasun sailburuaren oniritziarekin, zerbitzuaren errentagarritasuna besterik ez da. Xedea zerbitzu horren truke altxor publikotik ahalik eta diru gehien ateratzea da, ez zaie inporta aberaste hori arretaren kalitatearen eta langileen lan-baldintzen kontura egiten bada.

Sektore honetan lan egiten dugunok aurrerapauso garrantzitsua eman genuen EAEko anbulantzietako langile guztien lan-baldintzak hobetu eta berdindu zituen hitzarmen autonomiko bat sinatu genuenean, baina hain funtsezkoa den zerbitzu hori erabat publikoa izan behar dela aldarrikatzeko unea heldu dela uste dugu.

Zerbitzua kanpora ateratzeak erantzukizuna saihestea dakar Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat, are zehatzago Osakidetzako larrialdietako zerbitzuarentzat. Izan ere, zerbitzuaren ardura enpresen esku dagoela argudiatuta, prozedura operatiboak, anbulantzietako langileen lanbaldintzak eta egunero, zerbitzuan zehar, pairatzen ditugun eraso fisiko etengabeak jorratzea saihesten dute.

Anbulantzietako zerbitzua publiko egiteak euskal herritarrei eskaintzen zaien arreta zerbitzuaren hobetzea bermatuko luke eta, etorkizunean, hain funtsezkoa den zerbitzu horren kalitate profesionala ziurtatuko luke.

Azken lan heriotza salatuko dugu astelehenean, Irun eta Hondarribi arteko Mendeluko biribilgunean

Langile autonomo bat hil zen atzo goizean Irunen, beste ibilgailu batekin talka egin ondoren. Gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, gutxienez Euskal Herrian 2020an 38 langile hil direla eta Zaldibarko zabortegiko 2 langilek desagertuak jarraitzen dutela otsailak 6tik.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna eta babesi adierazi nahi dizkie langilearen senide, lagun eta ingurukoei.

Hauteskunde atarian gauden honetan, exijitzeko garaia da. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko?. Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak ekonomia, eredu zehatz bateko lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik mobilizatzera dei egiten dugu, eta astelehenean, uztailaren 6an, gehiengo sindikalak (LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU) deituta burutuko den elkarretaratzean parte hartzeko deia zabaltzen dugu. Irun eta Hondarribi arteko mugan izango da, 11:00etan, Mendeluko biribilgunean. Mobilizazioa “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” lemarekin egingo da. Guztion artean, langile zein jendartean odoluste hau geldiarazi dezagun.

Borrokarako tresna izango gara riderrentzat, besteren konturako langileak izan daitezen eta lan baldintza duinak izan ditzaten

0

Agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, Uberizazioaren balizko Lege Erregulatzailearen aitzinean sindikatuak egiten duen azterketa azaltzeko. Hain zuzen ere, LABek riderrekin martxan jarriko duen dinamikaren berri eman dugu, sektoreko hainbat langileren parte-hartzearekin; Glovo enpresako LABen sail sindikal sortu berriko hainbat kideren parte hartzearekin, Iruñeko agerraldiaren kasuan.

Pandemia honek Kapitalismo neoliberalaren ofentsiba hainbat arlotan areagotu egin du, esaterako plataforma digitalen zabaltzean. Hilabete hauetan, inork kalera atera nahi ez zuenean, gure kaleetan ikusi ditugu “rider” bezala ezagunak direnak, alde batetik bestera, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen, etxeetaraino kutxa batean sartzen den edozer eramaten.

LABek Euskal Herriko 4 hiriburuetan salaketak sartu zituen, langile hauen lan osasuna arriskuan jartzen ari zirelako Glovo, Delivero eta antzeko plataformek. Lan ikuskaritzaren ebazpen ezberdinak daude langile hauek besteren konturako langileak direla esaten dutenak, baina gaur gaurkoz, Ridersen egoerak erregularizatu gabe jarraitzen du. Testuinguru honetan, ohiko antolakuntza sindikalaren mugak gainditzen dituen ‘Riders X Derechos’ plataformak, pandemia honetan Espainiar Gobernuarekin intorlokuzioa izan du, Uberizazioaren balizko Lege Erregulatzaile baten harira. LABek parte hartze aktiboa dauka plataforma honetan, eta orain, Espainiar Estatuari ateratako lege konpromiso hori Euskal Herrirako eskaintza batekin ekartzea dagokigu.

LABek abian jarriko duen dinamikaren xehetasunak:

1. Langile hauek, autoantolakuntzara behartuak izan dira, lan araudi orokorretatik kanpo utzi dituztelako eta beraz, sindikalismo klasikoaren eskaintzarik gabe ikusi direlako. Horregatik, gure babes osoa ‘Riders X Derechos’ plataformak egiten duen lanari, riderrak antolatzeko eta borrokatzeko espazioak eskaintzeagatik, bai eta mundu mailako beste hainbat eragileri ere. LAB bidelagun izango da.

2. Ez dugu onartzen langile hauek Erregimen Orokorretik kanpo egotea. Argi eta garbi diogu, langile hauek plataforma konkretuentzat lan egiten dutela, esklabotzara hurbiltzen den prekarietatezko baldintzetan egiten dutela lan. Urgentziazkoa da langile hauek besteren konturako langile bezala aitortzea eta beraien baldintzak duintzea. Horretarako ondorengo interpelazioa egiten dugu:

> Euskal instituzio publikoei eta bertan parte hartzen duten alderdiei: euren esku dagoena egitea langile hauen aldarrikapenei lege forma emateko eta horrela babesteko edozein espazio instituzionaletan, aipatutako Madrilen eztabaidagai dagoen Lege Proiektuan adibidez. Aldi berean, ikuskaritzaren lana gogortzea eskatzen diegu, plataforma hauek darabilten iruzurrari jarraipena egitearekin batera.

> Patronalei: langile hauei besteren konturako kontratuak egitea eta euren lan baldintzak arautu eta duintzeko langileokin esertzea.

3. LAB sindikatuak langile hauen bidelagun izateko bokazioa du eta aipatutako bi helburuak lortzeko, hau da, langile hauek besteren konturako langileak izan daitezen eta euren lan baldintzak duintzeko, orain arte bezala, borrokarako tresna izango gara, bai eta, autoantolakuntza espazioen bidelagun ere.

Nafarroan, abian
Nafarroari dagokionez, LABen Glovoko atal sindikala eratu dugu jada afiliatuta dauden langileekin, enpresarekin elkarrizketa ofiziala egin ahal izateko eta dagozkien eskubideak defendatzeko.

Gainerako riderrei informazioa eman eta afiliatzeko gonbitea egingo diegu, Espainiako Gobernuak langile gisa aitortzen dituen legea ematen duenean irekitzen diren egoera juridikoak modu kolektiboan kudeatzeko. Laster izango dela espero da.