2025-12-23
Blog Page 54

LAB sindikatua Katalunian egon da Intersindical Catalanarekin batera sindikalismo soberanista eraldatzailearen aldarrikapena partekatzen

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Endika Perez Ekintza Sozialeko arduraduna Bartzelonan egon dira azken egunotan, Intersindical Catalanak gonbidatuta, haien militantziarekin eta hainbat eragile sindikal eta sozialekin gure eredu sindikal soberanista eraldatzailearen berri ematen.

Apirilaren 8an Garbiñe Aranburuk, Sergi Perelló Intersindical Catalanaren idazkari nagusiarekin batera, sindikalismo eraldatzailerantz LAB egiten ari den ibilbidea partekatu zuen 70tik gora ordezkari sindikalen aurrean.

Bertan, LABek azken 50 urteetan eginiko ibilbidea azaltzeaz harago, Euskal Herriko testuinguru politiko, sozial eta sindikala aztertu zituen, sindikalismo soberanista indartsu baten beharra azpimarratuz. Hitzartzean, nazioarteko testuingurua aztertu zuen, sorreratik klase sindikatu independentista bezala eginiko ibilbidea azaldu zuen, inposatzen zaigun sistema kapitalista heteropatriarkal eta biozidaren aurrean sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialista aldarrikatu zuen, eta kapitalari espazioak borrokatuko dizkion kontrabotere sindikalismo baten beharra azpimarratu zuen.

Arratsaldean, Endika Perezek Sindikalismo ekosozialista. Sindikatuen eta eragile sozialen arteko aliantzak izenburupean egindako konferentzian parte hartu zuen Intersindical Catalanako militante nahiz hainbat eragile sozialetako militanteekin batera. Bertan, LABek Kapital-Bizitza paradigma nola ulertzen duen azaldu zuen, 2017tik hona garatzen ari garen sindikalismo sozialaren berri emanez.

Òmnium Culturalekin bilera

Apirilaren 9an, goizeko 9:30etan, LABen ordezkaritza Xabier Antich lehendakaria buru zuen Ómnium Culturaleko ordezkaritza batekin bildu zen.

Euskal Herriko nahiz Kataluniako testuinguru sozial eta politikoa aztertu zituzten , eta gure hizkuntzek pairatzen dituzten erasoen inguruan aritu ginen, horien aurrean zer egin aztertuz. LABek eta Òmniumek elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea berretsi genuen.

ERC-rekin bilera

Òmnium Culturalekin bildu ondoren, Esquerra Republicana de Catalunya-rekin bilera izan zuten Garbiñe Aranburu eta Endika Perezek, zehazki Lan Munduko Forumaren arduradun den Eduard Perez eta Nazioarteko Harremanen Arduraduna den Adrià Guevararekin.

Katalunia eta Euskal Herriko testuinguruaren eta errealitate sindikalaren ezagutzan sakontzeko aukera izan genuen eta sindikalismo soberanista indartzeko konpromiso komuna erakutsi genuen.

Industria politikan planifikazioa, esku-hartze publikoa eta langileon parte hartzea exijitu dizkio LABek Eusko Jaurlaritzari

Trantsizio ekosozialerako industria politika eraginkorrak eskatu ditu LABek Industria Defendatzeko Taldearen foroan.

Gaur, apirilak 9, Industria Defendatzeko Taldearen bileran parte hartu du LABen ordezkaritza batek. Lehenik eta behin, argitu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak ez zuela sindikatuok mahai honetara gonbidatzeko inolako asmorik. LABek horrela salatu zuen foroa osatu eta berehala, sindikatuon parte-hartze eza kritikatuz. Oraingoan, hirugarren bileran, parte hartzera gonbidatu gaituzte. Horrela izanda, eta berandu bada ere, gure erantzukizunei entzungor egin gabe, foroan parte hartu dugu helburu bikoitz batekin: batetik, langileen interesak eta beren lanpostuak defendatzea; eta bestetik, trantsizio ekosozialerako industria politika eraginkorrak aplika ditzaten exijitzea, herri honek behar-beharrezkoak dituelako.

Gaur aurkeztu dituzten laguntzen inguruan honakoa adierazten dugu:

– Enplegua bermatzeko, enpresei zuzenduriko laguntza orok baldintzatua behar du izan. Esperientziak erakutsi digu askotan administrazio publikoetatik dirulaguntzak jaso ondoren enpresek itxierak, kaleratzeak, murrizketak edo deslokalizazioak planteatzeak ez duela inolako kosturik enpresarientzat. Bai, ordea, eskualde eta langileentzat. Enpresei zuzenduriko laguntzek ezinbestean beharko lukete enplegua mantentzeko konpromiso espresua, baita enpresak bertan errotzekoa ere. Bestela, laguntza guztiak itzultzeko betebeharra ezarri beharko lukete.

– LABetik defendatzen dugu etorriko diren, eta dagoeneko gainean ditugun, erronken aurrean behar-beharrezkoa dela planifikazioa, esku-hartze publikoa eta langileon parte hartzea. Emango den trantsizioa ezin da merkatuaren logikan egin, bizitzaren, jendartearen eta langileon beharren aurkakoa izango delako. Horregatik, instituzioetatik eta Gobernutik jarraipen zorrotza egitea ezinbestekoa da, eta kapital pribatua baldintzarik gabe diruz ureztatzeko formulak alboratu behar dira, horrek ez baitu funtzionatzen. Langileak protagonista izango diren erabakiguneak sortu behar dira, datorrenari ezin zaio aurre egin langileen lanpostuen eta lan baldintzen kontura. Beraz, behin-behineko egoera bati aurre egiteko erantzunaz gain, politika industrial sendo eta integral bat eskatzen dugu, langileon parte hartzearekin eraikia.

Nafarroako Gobernuak Estatutu berriaren aldeko aldarria entzun behar du

LABetik zinez eskertzen dugu Administrazioko langile guztien inplikazioa, bai eta nafar gizarte osoarena ere grebaren mobilizazioetan. Zuen laguntza ezinbestekoa izan da jardunaldi hau sendoa eta eraginkorra izan dadin.

Gaurko egunak batasun sindikalaren indarra erakutsi du, non LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGTk sinergiak batzea lortu dugun gure aldarrikapenak aurrera eramateko. Horrek bidea irekitzen digu Administrazio osoarentzako Estatutu berri bat eta karrera profesionala lortzeko.

Prozesu hau guztia 2023ko otsaileko grebarekin hasi zen, orduan lortu baikenuen Gobernua behartzea Administrazio Publikoetako langileen estatutu berri bat egiteko konpromisoa har zezan. Ordutik aurrera, proiektu honek argia ikus zezan lan egin dugu LABen, baina bidean trabekin eta inora ez daramaten promesa faltsuekin baino ez dugu topo egin.

Egoera honen aurrean, Nafarroako Gobernuak emandako pausoak guztiz eznahikoak direla uste dugu. LABetik gai honekiko konpromiso serio eta erreala exijitzen dugu, baita araua Parlamentura iristen den egun berera arteko egutegia ere.

Bestalde, LABen ere badakigu Amparo Lopez Funtzio Publikoko kontseilariak ahalegin ikaragarria egin duela Estatutuak aurrera egin ez zezan. Prozesua modu posible guztietan boikotatzen eta gure lan guztia pikutara botatzen saiatu da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu kontseilaria kargutik kentzeko, soberan erakutsi baitu bere gaitasunik eza eta fede txarra Administrazio Publiko guztiarentzat ezinbestekoa den Estatutuaren garapenean.

%100eko jarraipena Trapagarango MFS Sintering enpresako greba mugagabeko lehen egunean

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean.

Langileek muturreko egoera bati egin behar diote aurre. Datozen asteetan, enpresak langile guztien kontratuak etengo ditu Enplegu Erregulazioko Espediente (EEE) bat aplikatuz: jarduera behin betiko gelditu, eta 107 pertsona kaleratuko dituzte. Egoera kritiko hau enpresako zuzendaritzaren kudeaketa negargarri baten emaitza da.

Automozio sektorean 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen enpresa da, motelgailu eta auto barruko segurtasun-sistemetarako osagaien fabrikazioan espezializatua. Edozein ibilgailutan beharrezkoak diren piezak dira, motorizazioa edozein dela ere; beraz, aurrez aurre dugun trantsizio ekologikoaren erronkara egokitu daiteke.

Kualifikazio handiko langileak eta sektorean urte askotako esperientzia izanik, jarduera produktiboak bideragarria izaten jarraitzen duela uste dute. Erakunde publikoei dei egiten diete MFSn lan egiten duten pertsona guztien lanpostuak eta lan baldintzak mantentzea berma dezaten.

Jardueraren jarraipena borondate politikoaren araberakoa da. Langileen ordezkariek interpelazio instituzionala hasi dute Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Trapagarango Udalarekin, lanpostuak mantentzeko duten ardura har dezaten.

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak ez daude borrokatu gabe amore emateko prest. Lantegia ixteak zuzeneko 107 lanposturen galera eragiteaz gain, kolpe berri bat ekarriko luke Meatzaldeko eta Ezkerraldeko industriarentzat, desindustrializazio politika basatiek zigortutako eskualdeak.

Langileak enpresa ixteko erabakia baldintzatzeko borrokarako prest daude.

Euskarari egindako erasoen aurka mobilizatu gara Bilboko Udalean

Elkarretaratzea egin dugu LAB eta ELA sindikatuok Bilboko Udalean, martxan dauden hautatze prozesuak hizkuntza eskakizunen berrazterketaren aitzakipean bertan behera uzteko erabakia irmoki salatzeko.

Izan ere, onartezina iruditzen zaigu Udaleko agintariek hartu nahi duten erabaki hau. Aurretik ere egon dira prozesu arantzatsuak eta udalaren jarrera bestelakoa izan da: bere prozesuen Oinarriak defendatu ditu eta prozesuetan izena emanda zuten horiei segurtasuna ematen saiatu da beti. Euskara eskakizunak direla eta, prozesuak juridikoki salatzeko mehatxua egiten duten sindikatu eta erakundeak hauspotu besterik ez ditu egiten udalak hartu nahi duen erabaki honek.

Bilboko Udal gobernuak, segurtasun juridikoaren aitzakipean, hainbat lanposturen hizkuntza eskakizunetan atzerapausuak ematea erabaki du, administrazioan behar den hizkuntza normalizazioaren kontrako bidea egiten. Erabaki horrek ondorioak ekarriko ditu Bilboko herritarren eta langileen eskubideetan eta zerbitzu publikoa eta Bilboko herritarrak izango dira horren kaltetuak..

Udal gobernuko kideak gero etorriko dira Euskaraldiaren argazkia ateratzen udal langileekin eta herritarrekin batera. Ez dugu horrelako itxurakeriarik behar.

Udal langileek eta herritarrok behar duguna da euskararentzako marko legal berria. Gure hizkuntzak behar duen zoru juridikoaren aldarrikapenean ondoan izango gaituzte, baina euskararen normalizazioan atzerapausuak planteatzen duten bitartean aurrean izango gaituzue.

Udalari bere erabakia atzera bota dezan eta deituta dauden prozesuak bere horretan aurrera jarraitzea exijitzen diogu. Euskararen normalizazioan ezin dugu atzerapausu gehiago onartu.

Euskara dalako euskaldun egiten gaituena eta uskal erakundeek euskaldun behar dutelako izan, Euskal Herrian Euskaraz!

EAEko lanbide heziketa euskaldundu eta baliabidez hornitzea eskatu du LABek

Gaur, Bilboko Guggenheim Museoan kontzentrazioa egin du LABek Hezkuntza Sailak antolatutako Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketaren atarian, lanbide heziketa euskaldundu eta baliabidez hornitzea eskatzeko.

Izan ere, irakasleak gatazka laboralaren erdian daude eta azken bi asteetan hezkuntza publikoko irakasleak Gasteiz, Bilbo eta Donostiko kaleak bete eta indar erakustaldiaren ondoren Hezkuntza Sailak zerbitzua hobetuko duten baliabideak eztabaida publikoaren erdigunean jarri dituen arren, akordio baterako idatzizko proposamenik eta mahai negoziatzailerik deitu gabe jarraitzen du.

Urtarriletik apirilera bitarte egindako bederatzi greba egun hauetan irakasleek hezkuntzarekin duten konpromisoa argi geratu da. LABek hainbatetan aldarrikatu izan duen bezala, irakasleek ere mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailari, hezkuntza publikoa indartu behar dela, alegia. Hau da, lan baldintzak hobetu eta hezkuntza kalitatea hobetuko duten eta ikasleak erdigunean jarriko dituen baliabideak eta neurriak behar direla. Lanbide heziketan, gainontzeko etapetan bezala, behar beharrezkoa da bitartekoak jartzea eta irakasleak zein langileak euskalduntzeko neurriak eta planak garatzea.

Hezkuntza sailburuak zein Lehendakariak, azken hilabeteetan egindako prentsa agerraldietan edota publikatutako iritzi artikuluen bidez, hezkuntza publikoa indartzeaz aritu dira eta hezkuntza kalitatea bermatzeko baliabideak txertatzea beharrezkoa dela adierazi dute behin eta berriz. Hala ere, azken greba egunetik astebete igaro den honetan, sailak ez du hitzez adierazi duen hori idatzizko proposamenean jaso ezta mahai negoziatzaile baterako deialdirik bidali ere.

Beraz, Hezkuntza Sailak izandako jarrera itxiaren aurrean, LABek ezinbestekotzat jotzen du mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraitzea akordio duin bat lortu arte.

LABek auzitara eraman du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen patronala, negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik

2024ko otsailaren 23an eratu zen eskola garraio eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenaren negoziazio mahaia eta patronalaren jarrera negoziatzeari uko egitea izan da une oro.

Patronaleko enpresa nagusiak, Centro Internacional de Idiomas-ek (CIDI), izan diren bederatzi bileretan erakutsi duen jarrera esplotatzailea gogor salatu nahi du LABek. Gainera, azken bileran, harrokeriaz, negoziazioa uztea erabaki du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lizitazioak argitaratu eta hauek esleitu arte, hau da, diru publiko gehiago jaso arte.

Beste behin ere, eskola garraio eta jolastokiko zaintzaileak dira kaltetuak. Lanaldi partzialak nagusi diren sektore feminizatu honetan, soldatak oso prekarioak dira, eta onartezina da patronalaren jarrera, baita Begoña Pedrosaren Hezkuntza Sailaren isiltasun konplizea ere.

LABek behin eta berriz salatu du publikoki patronalak hasieratik hitzarmenaren negoziazioa erabat blokeatu izana, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak gatazka honetan duen jarrera ere. Ez da ahaztu behar eskola garraioa eta patioa zaintzeko zerbitzua EAEko eskola publikoetan ematen diren zerbitzu publikoak direla eta diru publikoz kudeatzen direla.

Hori esanda, LABek auzitara eraman du eskola garraio eta jolastokiko zaintzaileen patronala, negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik. LAB sindikatuak, orain arte bezala, mobilizatzen jarraituko du, langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresnarik onena borroka delako.

Mecaner Herriarentzat dinamikak bere bideari bukaera eman dio Urdulizen egin den balantzea eta irakaspenak jasotzen dituen txostenaren aurkezpenarekin

Atzo, Mecanerr Herriarentzat-ek bere ibilbidearen balantzea eta irakaspenak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuen Urdulizko Kultur Etxean. Txostena eragile ekologista, sindikal, politiko eta sozialen esku utzi dute, etorriko diren prozesu berriei bultzada emateko asmoz.

Plataformaren ustez, balantzea gazi-gozoa da ezinbestean, Stellantisek langileak kaleratu eta instalazioak saldu baitzituen. Hala ere, esperientzia
garatzea aurrerapausoa izan dela uste dute, eta etorkizuneko gatazketarako baliagarriak diren ikaskuntza batzuk atera daitezkeelakoan. Euskal Herrian
itxiera-prozesu baten aurrean trantsizio ekosozialeko plan bat lehen aldiz erabiltzea esperientzia aitzindaria izan da.

Krisi ekosozialaren eta industriaren eraldaketaren arteko nahitaezko konbergentzia, gatazkak piztu aurretik eztabaidak hastearen garrantzia, plantillen ahalik eta parte-hartze handiena lortzeko beharra eta gizarte-eragile desberdinen artean gutxieneko akordioak lortzeko premia nabarmendu dira. Halaber, trantsizio ekosozialeko plan baten alderdirik garrantzitsuena mobilizazioa indartzeko tresna erabilgarria izatea dela adierazi da.

Udal-erakundeen babesa izatearen garrantzia eta Eusko Jaurlaritzaren gaitzespenak ekarri zuen blokeoa deskribatu ditu. Plataformatik ondorioztatu dutenez, prozesu horiek langileen eta eragile ekologisten protagonismoarekin eta lidergo publikoarekin egitea da trantsizio justu eta jasangarri baterako berme bakarra.

Txostenaren aurkezpenarekin plataformak amaiera emango dio bere ibilbideari.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek eta SIDENOReko zuzendaritzak Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea luzatzea adostu dute Azkoitiko gehiengoa errespetatu gabe

Pasa den astean hasi zen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) luzatzeko prozesua. Hiru sindikatuek eta enpresak ia tarterik ez diote eman negoziazioari. Atzo, apirilaren 7an astelehena, akordioa itxi zuten.

Honako adostasunetara iritsi dira CCOO, UGT eta USO sindikatuak eta enpresako zuzendaritza:

-Urriaren 30era arte luzatuko da.

-Bataz beste, gehienez %35 arte aplikatuko da (kontuan hartu Azkoitian %22 aplikatu dutela batez beste orain arte. Beraz, tarte handia daukate oraindik ere ABEEE gehiago aplikatzeko)

-Laguntza neurriak deitutakoak lan-zentro bakoitzean negoziatzea adostu dute apirilaren amaierara arte.

Azkoitiko hitzarmenean negoziatu beharreko neurriak ABEEEren Lan Egokitzapenerako Planaren pean negoziatu nahi dituzte, ABEEEaren xantaiarekin, eta honen eraginez langileen lan-baldintzak kaskartuz, ABEEE arintzeko direla argudiatuta. Bien bitartean, enpresako hitzarmena negoziatu gabe uztea dute xede. Beti bezala, xantaiarik onartuko ez duela garbi utzi nahi du LABek.

Kontuan hartu behar da Azkoitia eta Reinosan plantilaren %11 gutxiagori aplikatuko zaiola ABEEE (49 langile gutxiagori eragingo die ABEEEk); 2024rako tren handirako (Azkoitiko trena) eta T21erako aurreikuspenak (Reinosako trena) %20 handiagoak direla; eta 2025erako tren txikirako aurreikuspenak (Azkoitikoa), praktikan, 2024ko berdinak direla: Datuek erakusten dute beste era batera kudeatu daitekeela Azkoitiko egoera, eta ez ABEEE bat aplikatuta.

Azkoitiko enpresa-batzordeko gehiengoa osatzen duten LAB eta ELA sindikatuek ez dute sinatu akordioa, beraz, iaz bezala, Azkoitian gutxiengoa diren sindikatuek adostuta aplikatuko dute ABEEE.