2026-11-04
HomeEkintza SindikalaEgiturazko prekarietatea lehen lerroan; arrakala estrukturalak eta industriaren gainbehera

Egiturazko prekarietatea lehen lerroan; arrakala estrukturalak eta industriaren gainbehera

Biztanleria Aktiboaren Inkestak langabeziak gora egin duela erakusten digu, lan merkatuaren egoera larri eta kezkagarrian utziz. Hego Euskal Herriko langabezia tasa %8,4koa da urteko lehen hiruhilekoan, azken urtean baino 12.500 langabetu gehiago daudelarik. Hobekuntza puntual batzuk badaude ere –6.500 langile gehiago lanean, 19.000 aktibo gehiago– egiturazko arazoak areagotu egin dira, azken urteko datu tamalgarrienak adieraziz. 

Prekarietateak, halaber, izen abizen zehatzak ditu: langabezia adinaren, jatorriaren eta generoaren arabera banatzen dela aspaldiko premisa da. Eta, urteak daramatzagu salatzen arazoa estrukturala dela. Egiturazko arrakalak ditugu mahai gainean. 

Esan bezala, prekarietateak ez digu denoi modu berean eragiten. Emakumeak gara talde zaurgarrinetako bat. Azken urtean, 16.400 emakume gutxiago daude lanean eta 15.200 emakume gehiago lan bila. Gizonen artean, berriz, 22.900 langile gehiago daude lanean eta 2.600 langabetu gutxiago. Emakumeen langabezia tasa %7,3tik %9,5era igo da, eta aktibitate tasa %52,45ean geratu da (gizonena %60,88). Horrek zera adierazten du: emakumeen ia erdia ez dagoela lan-merkatuan sartuta, bitik bat.

Emakumeez gain, gazteak eta migratuak dira kolpatuenak. Nahiz eta gazteen langabezi tasa jaitsi egin den, 12.500 langabetu gehiago dira (aktibo kopuruak gora egin baitute). Migratuen egoera are zaurgarriagoa da. Arrakala arrazistaren bete-betean gaude: migratuen langabezi tasa %28,3ra igo da. Horien artean, gizonak %21 dira, eta emakumeak % 35,8. Hiru adierazleak uztartuz gero, emakume arrazializatu gazteak dira talde zaurgarriena, sistemaren problematikak agerian utziz. 

Langabeziak sektore bakoitzean izaniko bilakaerari dagokionean, azken urtean gora egin du zerbitzuetan (%16,91ko langabeziarekin), eta bereziki industrian, non langabetu kopurua %31,53 hazi den. Industriaren kasuan, denboraldia da jada horren gainbeheraren ikusle izan garela. Eta, bereziki kezkagarria da etorkizunean izango duen eraginarengatik. Gure jendartean horren ondorioak ikusten hasi gara; Maderas Llodio eta Tubos Reunidos-ekin, enpleguaren defentsan daudelarik.

Gero eta testuinguru ezegonkorragoan gaude, langileria espazio arrotz batean egotera behartzen ari dira. Honen aurrean, borroka sindikalak izan behar du erantzuteko tresna. Kapitalismoa mozorrorik gabe azaltzen den momentu honetan, patronala ezezkoan agertzen da gutxieneko soldataren negoziazioaren aurrean eta instituzioak kudeatzen ari diren alderdiak ere ezezkoa eman dute. Datuek erakusten dute, bizitzaren etengabeko garestitze honetan langile klasea dela kaltetuena. Behin eta berriz azpimarratu dugu langabezia datuek bakarrik ez digutela enpleguaren eremuko argazkiaren berri ematen. Izan ere, enplegu prekarioak egunerokotasunean aurkitzen ditugu, eta halako enplegua edukitzeak ez du bermatzen subjektua pobrezia-ataletik kanpo kokatzea.

Horrexegatik guztiagatik, borroka sindikalaren beharrean erabat sinetsirik, gure aldarrikapen nagusiak kaleetara eramango ditugu. Funtsean, sistema kapitalista heteropatriarkal eta kolonial honi aurre egiteko, lehenik eta behin, gutxieneko soldata eta pentsioa eskatzen dugu, bizitzaren garestitzeari erantzuteko. Zerbitzu publikoak sendotu hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko. Horrekin batera, etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu, eta trantsizio ekosoziala eta enplegua defendatu. Langile klase osoaren bizi eta lan baldintzak hobetuko dituen bidean gaude. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.