LABetik zinez eskertzen dugu Administrazioko langile guztien inplikazioa, bai eta nafar gizarte osoarena ere grebaren mobilizazioetan. Zuen laguntza ezinbestekoa izan da jardunaldi hau sendoa eta eraginkorra izan dadin.
Gaurko egunak batasun sindikalaren indarra erakutsi du, non LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGTk sinergiak batzea lortu dugun gure aldarrikapenak aurrera eramateko. Horrek bidea irekitzen digu Administrazio osoarentzako Estatutu berri bat eta karrera profesionala lortzeko.
Prozesu hau guztia 2023ko otsaileko grebarekin hasi zen, orduan lortu baikenuen Gobernua behartzea Administrazio Publikoetako langileen estatutu berri bat egiteko konpromisoa har zezan. Ordutik aurrera, proiektu honek argia ikus zezan lan egin dugu LABen, baina bidean trabekin eta inora ez daramaten promesa faltsuekin baino ez dugu topo egin.
Egoera honen aurrean, Nafarroako Gobernuak emandako pausoak guztiz eznahikoak direla uste dugu. LABetik gai honekiko konpromiso serio eta erreala exijitzen dugu, baita araua Parlamentura iristen den egun berera arteko egutegia ere.
Bestalde, LABen ere badakigu Amparo Lopez Funtzio Publikoko kontseilariak ahalegin ikaragarria egin duela Estatutuak aurrera egin ez zezan. Prozesua modu posible guztietan boikotatzen eta gure lan guztia pikutara botatzen saiatu da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu kontseilaria kargutik kentzeko, soberan erakutsi baitu bere gaitasunik eza eta fede txarra Administrazio Publiko guztiarentzat ezinbestekoa den Estatutuaren garapenean.
MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean.
Langileek muturreko egoera bati egin behar diote aurre. Datozen asteetan, enpresak langile guztien kontratuak etengo ditu Enplegu Erregulazioko Espediente (EEE) bat aplikatuz: jarduera behin betiko gelditu, eta 107 pertsona kaleratuko dituzte. Egoera kritiko hau enpresako zuzendaritzaren kudeaketa negargarri baten emaitza da.
Automozio sektorean 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen enpresa da, motelgailu eta auto barruko segurtasun-sistemetarako osagaien fabrikazioan espezializatua. Edozein ibilgailutan beharrezkoak diren piezak dira, motorizazioa edozein dela ere; beraz, aurrez aurre dugun trantsizio ekologikoaren erronkara egokitu daiteke.
Kualifikazio handiko langileak eta sektorean urte askotako esperientzia izanik, jarduera produktiboak bideragarria izaten jarraitzen duela uste dute. Erakunde publikoei dei egiten diete MFSn lan egiten duten pertsona guztien lanpostuak eta lan baldintzak mantentzea berma dezaten.
Jardueraren jarraipena borondate politikoaren araberakoa da. Langileen ordezkariek interpelazio instituzionala hasi dute Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Trapagarango Udalarekin, lanpostuak mantentzeko duten ardura har dezaten.
MFS Trapaga Sintering enpresako langileak ez daude borrokatu gabe amore emateko prest. Lantegia ixteak zuzeneko 107 lanposturen galera eragiteaz gain, kolpe berri bat ekarriko luke Meatzaldeko eta Ezkerraldeko industriarentzat, desindustrializazio politika basatiek zigortutako eskualdeak.
Langileak enpresa ixteko erabakia baldintzatzeko borrokarako prest daude.
Elkarretaratzea egin dugu LAB eta ELA sindikatuok Bilboko Udalean, martxan dauden hautatze prozesuak hizkuntza eskakizunen berrazterketaren aitzakipean bertan behera uzteko erabakia irmoki salatzeko.
Izan ere, onartezina iruditzen zaigu Udaleko agintariek hartu nahi duten erabaki hau. Aurretik ere egon dira prozesu arantzatsuak eta udalaren jarrera bestelakoa izan da: bere prozesuen Oinarriak defendatu ditu eta prozesuetan izena emanda zuten horiei segurtasuna ematen saiatu da beti. Euskara eskakizunak direla eta, prozesuak juridikoki salatzeko mehatxua egiten duten sindikatu eta erakundeak hauspotu besterik ez ditu egiten udalak hartu nahi duen erabaki honek.
Bilboko Udal gobernuak, segurtasun juridikoaren aitzakipean, hainbat lanposturen hizkuntza eskakizunetan atzerapausuak ematea erabaki du, administrazioan behar den hizkuntza normalizazioaren kontrako bidea egiten. Erabaki horrek ondorioak ekarriko ditu Bilboko herritarren eta langileen eskubideetan eta zerbitzu publikoa eta Bilboko herritarrak izango dira horren kaltetuak..
Udal gobernuko kideak gero etorriko dira Euskaraldiaren argazkia ateratzen udal langileekin eta herritarrekin batera. Ez dugu horrelako itxurakeriarik behar.
Udal langileek eta herritarrok behar duguna da euskararentzako marko legal berria. Gure hizkuntzak behar duen zoru juridikoaren aldarrikapenean ondoan izango gaituzte, baina euskararen normalizazioan atzerapausuak planteatzen duten bitartean aurrean izango gaituzue.
Udalari bere erabakia atzera bota dezan eta deituta dauden prozesuak bere horretan aurrera jarraitzea exijitzen diogu. Euskararen normalizazioan ezin dugu atzerapausu gehiago onartu.
Euskara dalako euskaldun egiten gaituena eta uskal erakundeek euskaldun behar dutelako izan, Euskal Herrian Euskaraz!
Gaur, Bilboko Guggenheim Museoan kontzentrazioa egin du LABek Hezkuntza Sailak antolatutako Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketaren atarian, lanbide heziketa euskaldundu eta baliabidez hornitzea eskatzeko.
Izan ere, irakasleak gatazka laboralaren erdian daude eta azken bi asteetan hezkuntza publikoko irakasleak Gasteiz, Bilbo eta Donostiko kaleak bete eta indar erakustaldiaren ondoren Hezkuntza Sailak zerbitzua hobetuko duten baliabideak eztabaida publikoaren erdigunean jarri dituen arren, akordio baterako idatzizko proposamenik eta mahai negoziatzailerik deitu gabe jarraitzen du.
Urtarriletik apirilera bitarte egindako bederatzi greba egun hauetan irakasleek hezkuntzarekin duten konpromisoa argi geratu da. LABek hainbatetan aldarrikatu izan duen bezala, irakasleek ere mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailari, hezkuntza publikoa indartu behar dela, alegia. Hau da, lan baldintzak hobetu eta hezkuntza kalitatea hobetuko duten eta ikasleak erdigunean jarriko dituen baliabideak eta neurriak behar direla. Lanbide heziketan, gainontzeko etapetan bezala, behar beharrezkoa da bitartekoak jartzea eta irakasleak zein langileak euskalduntzeko neurriak eta planak garatzea.
Hezkuntza sailburuak zein Lehendakariak, azken hilabeteetan egindako prentsa agerraldietan edota publikatutako iritzi artikuluen bidez, hezkuntza publikoa indartzeaz aritu dira eta hezkuntza kalitatea bermatzeko baliabideak txertatzea beharrezkoa dela adierazi dute behin eta berriz. Hala ere, azken greba egunetik astebete igaro den honetan, sailak ez du hitzez adierazi duen hori idatzizko proposamenean jaso ezta mahai negoziatzaile baterako deialdirik bidali ere.
Beraz, Hezkuntza Sailak izandako jarrera itxiaren aurrean, LABek ezinbestekotzat jotzen du mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraitzea akordio duin bat lortu arte.
2024ko otsailaren 23an eratu zen eskola garraio eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenaren negoziazio mahaia eta patronalaren jarrera negoziatzeari uko egitea izan da une oro.
Patronaleko enpresa nagusiak, Centro Internacional de Idiomas-ek (CIDI), izan diren bederatzi bileretan erakutsi duen jarrera esplotatzailea gogor salatu nahi du LABek. Gainera, azken bileran, harrokeriaz, negoziazioa uztea erabaki du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lizitazioak argitaratu eta hauek esleitu arte, hau da, diru publiko gehiago jaso arte.
Beste behin ere, eskola garraio eta jolastokiko zaintzaileak dira kaltetuak. Lanaldi partzialak nagusi diren sektore feminizatu honetan, soldatak oso prekarioak dira, eta onartezina da patronalaren jarrera, baita Begoña Pedrosaren Hezkuntza Sailaren isiltasun konplizea ere.
LABek behin eta berriz salatu du publikoki patronalak hasieratik hitzarmenaren negoziazioa erabat blokeatu izana, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak gatazka honetan duen jarrera ere. Ez da ahaztu behar eskola garraioa eta patioa zaintzeko zerbitzua EAEko eskola publikoetan ematen diren zerbitzu publikoak direla eta diru publikoz kudeatzen direla.
Hori esanda, LABek auzitara eraman du eskola garraio eta jolastokiko zaintzaileen patronala, negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik. LAB sindikatuak, orain arte bezala, mobilizatzen jarraituko du, langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresnarik onena borroka delako.
Atzo, Mecanerr Herriarentzat-ek bere ibilbidearen balantzea eta irakaspenak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuen Urdulizko Kultur Etxean. Txostena eragile ekologista, sindikal, politiko eta sozialen esku utzi dute, etorriko diren prozesu berriei bultzada emateko asmoz.
Plataformaren ustez, balantzea gazi-gozoa da ezinbestean, Stellantisek langileak kaleratu eta instalazioak saldu baitzituen. Hala ere, esperientzia garatzea aurrerapausoa izan dela uste dute, eta etorkizuneko gatazketarako baliagarriak diren ikaskuntza batzuk atera daitezkeelakoan. Euskal Herrian itxiera-prozesu baten aurrean trantsizio ekosozialeko plan bat lehen aldiz erabiltzea esperientzia aitzindaria izan da.
Krisi ekosozialaren eta industriaren eraldaketaren arteko nahitaezko konbergentzia, gatazkak piztu aurretik eztabaidak hastearen garrantzia, plantillen ahalik eta parte-hartze handiena lortzeko beharra eta gizarte-eragile desberdinen artean gutxieneko akordioak lortzeko premia nabarmendu dira. Halaber, trantsizio ekosozialeko plan baten alderdirik garrantzitsuena mobilizazioa indartzeko tresna erabilgarria izatea dela adierazi da.
Udal-erakundeen babesa izatearen garrantzia eta Eusko Jaurlaritzaren gaitzespenak ekarri zuen blokeoa deskribatu ditu. Plataformatik ondorioztatu dutenez, prozesu horiek langileen eta eragile ekologisten protagonismoarekin eta lidergo publikoarekin egitea da trantsizio justu eta jasangarri baterako berme bakarra.
Txostenaren aurkezpenarekin plataformak amaiera emango dio bere ibilbideari.
Pasa den astean hasi zen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) luzatzeko prozesua. Hiru sindikatuek eta enpresak ia tarterik ez diote eman negoziazioari. Atzo, apirilaren 7an astelehena, akordioa itxi zuten.
Honako adostasunetara iritsi dira CCOO, UGT eta USO sindikatuak eta enpresako zuzendaritza:
-Urriaren 30era arte luzatuko da.
-Bataz beste, gehienez %35 arte aplikatuko da (kontuan hartu Azkoitian %22 aplikatu dutela batez beste orain arte. Beraz, tarte handia daukate oraindik ere ABEEE gehiago aplikatzeko)
-Laguntza neurriak deitutakoak lan-zentro bakoitzean negoziatzea adostu dute apirilaren amaierara arte.
Azkoitiko hitzarmenean negoziatu beharreko neurriak ABEEEren Lan Egokitzapenerako Planaren pean negoziatu nahi dituzte, ABEEEaren xantaiarekin, eta honen eraginez langileen lan-baldintzak kaskartuz, ABEEE arintzeko direla argudiatuta. Bien bitartean, enpresako hitzarmena negoziatu gabe uztea dute xede. Beti bezala, xantaiarik onartuko ez duela garbi utzi nahi du LABek.
Kontuan hartu behar da Azkoitia eta Reinosan plantilaren %11 gutxiagori aplikatuko zaiola ABEEE (49 langile gutxiagori eragingo die ABEEEk); 2024rako tren handirako (Azkoitiko trena) eta T21erako aurreikuspenak (Reinosako trena) %20 handiagoak direla; eta 2025erako tren txikirako aurreikuspenak (Azkoitikoa), praktikan, 2024ko berdinak direla: Datuek erakusten dute beste era batera kudeatu daitekeela Azkoitiko egoera, eta ez ABEEE bat aplikatuta.
Azkoitiko enpresa-batzordeko gehiengoa osatzen duten LAB eta ELA sindikatuek ez dute sinatu akordioa, beraz, iaz bezala, Azkoitian gutxiengoa diren sindikatuek adostuta aplikatuko dute ABEEE.
Testuinguru global ezegonkorrari aurre egiteko, burujabetzaren beharra defendatu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak.
Gaur Bilbon egindako agerraldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak Maiatzaren Leheneko mobilizazioen berri eman dute. LABek manifestazio propioak egingo ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran; iaz bezala, Baionako manifestazio intersindikalean ere bloke propioa izango du.
Arroyok testuingu globalari egin dio erreferentzia: “Nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa da. Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko”.
Azken urteotako borroka sozial eta sindikalak goraipatu ditu: “horiei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu dira, hala nola, osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak edota gutxieneko soldata”. Halere, eztabaida hauek faltsuan ixteko arriskuaz ohartarazi du: “Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza”.
Hau dela eta, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio egitearen beharraz mintzatu da Arroyo; hiru lehentasun aipatu ditu: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea.
Zerbitzu publikoei dagokionez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu du LABeko koordinatzaile orokorrak: “Sindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistemaren pribatizazioa, eskola publikoaren azpigarapena, zaintza eskubidearen urraketa edota etxebizitzen gaineko espekulazioa. Politika publikoen sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzeko. Euskal Herrian badago horretarako ahalmena: enpresariek eta errenta altuek dagozkien zergak ordaindu behar dituzte, herri honek behar dituen zerbitzu publikoak finantzatzeko”.
Industria politikari dagokionez, hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde egiten du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea. Ildo honetan, armagintzaren aldeko diskurtso enpresarial eta instituzionalak kritikatu ditu Arroyok: “Euskal Herriko susperraldi industriala ezin da armagintzan oinarritu, militarismoak bizitzaren suntsipena, larrialdi ekologikoaren azkartzea eta murrizketa sozialak dakartzalako. Aitzitik, Euskal Herriak lidergoa hartu behar du trantsizio ekosozialean, hortik etorriko da euskal industriaren etorkizuna”.
Hirugarrenik, gutxieneko soldata eta pentsioari egin dio erreferentzia Arroyok: “Herritar guztiei oinarrizko diru-sarrera duinak bermatzeko eta aldagai desberdinen araberako arrakalak murrizteko bi neurri egiturazkoak dira. Euskal Herrian gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea ezinbestekoa da, hemen bizitzeko diru-sarrera handiagoak behar direlako. Baina gainera, autogobernuaren ikuspegitik garrantzia handiko helburuak dira. Bertako herritarrei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko gai ez dena autogobernu mugatua da”.
Jakina denez, gutxieneko soldata eta pentsio propioak finkatzeko ekimenak abian dira. Pentsiodunen mugimendua herri ekimen legegile arrakastatsua burutu du eta gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren eskumena Hego Euskal Herrirako ekartzeko herri ekimena abiatzear du.
Gutxieneko soldata finkatuko lukeen lanbidearteko akordioari dagokionez, berriz, Confebask eta CENek uko egin diote lanbidearteko akordio bat negoziatzeari. Arroyok onartezintzat jo du CEN eta Confebasken jarrera: “Alde batetik, babes instituzionala jasotzen dute, diru publikoa jasotzen dute, onura fiskalak jasotzen dituzte, ordezkaritza instituzionala bereganatzen dute. Baina beste alde batetik, muzin egiten diote fede onez negoziatzeko betebeharrari, bai gutxieneko soldatari dagokionez, bai etxeko langileen hitzarmenari dagokionez, baita blokeatuta dauden dozenaka hitzarmenei dagokionez ere. Jendartearen eta instituzio publikoen baliabideez baliatu bai, baina dagokion betebeharrari muzin egitea, bizkarroi bat bezala jokatzea da”.
Confebasken ezezkoaren aurrean esku hartzea eskatu dio Arroyok Jaurlaritzari: “Confebaskek onura ugari jasotzen ditu instituzio publikoengandik. Bada, hauxe eskatzen diogu Jaurlaritza, EAJ eta PSEri: baldintzatu dezatela Confebaski ematen dioten babesa. Esan diezaiotela, argi eta garbi, negoziazio mahaian eseri ezean Confebaski babes politiko, instituzional eta materiala kenduko diotela”.
Azken asteko mobilizazioetan egin bezala, Maiatzaren Lehenean ere mezu argia helaraziko LABek hala Patronalari nola instituzioei: “izan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte. Goizago ala beranduago, negoziazio mahaia eratzeari Confebaskek ezarritako betoa gainditu egingo dugu”.
LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Iruñean, eta bertan eman du ezagutzera sindikatuak epaitegietan lorturiko garaipena, Nafarroa Garaian 48 orduko asteko atsedena aspalditik betetzen ez duen FCC garbiketa enpresaren kontra, eta orain bi epairi kasu eginez errespetatu beharko duena. Era berean, LABek irmoki salatu du langileen zati batek pairatzen duen diskriminazio egoera, enpresak babes judizial eraginkorrerako eta ukigabetasun bermerako duen eskubidea urratzen ari delako; gainera, bere ordezkaritza sindikalaren kasuan FCC askatasun sindikalerako eskubidea ere urratzen ari da.
FCC Medio Ambiente enpresak langileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dituela salatu du gaur LABek, bai kale garbiketan, bai Iruñeko eta Iruñerriko zabor bilketan, baita Nafarroan esleituta dituen gainontzeko kontratetan ere. LABek epaitegietara jo behar izan zuen FCCk langile baten asteko 48 orduko atsedenerako eskubidea errespeta zezan. LABek irabazi zuen epaiketa hura, eta FCCk errespetatu egin behar izan zuen atsedenaldi hura, baina hori egiteko langilearen lan baldintzak aldatu zituen. Beraz, LABek epaitegietara jo zuen berriz, eta berriz ere irabazi du. Hori dela eta, FCCk atsedena errespetatu beharko du, langile horren txandak aldatu gabe.
LABen iritziz, onartezina da langileon oinarrizko eskubide guztiak judizializatu behar izatea: atsedenerako eskubidea, antzinatasuna, ordaindutako lizentziak, lan osasuna, berdintasuna… Zentzu horretan, LABek ATSU, CCOO eta UGT sindikatuen jokabidea ere salatu nahi du, borroka kolektiboa alde batera utzi eta sententziak ez betetzeko enpresako zuzendaritzaren diktatuei obedientzia itsua erakusten baitiete. Era berean, LABek Iruñeko Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari kontratazio agiriek diotena betearazteko exijitu die.
Gainera, LABek irmoki salatu du FCCk, bere eskubideak errespeta zitezen eskatzen zutenen lan baldintzak nabarmen aldatzean, benetako babes judizialerako eta ukigabetasun bermerako eskubideak urratu dituela, hau da, enpresaren aldetik errepresaliarik ez jasateko eskubidea, eskubideak aldarrikatze hutsagatik edo horiek betetzea eskatze hutsagatik. Errepresaliak areagotu egin dira LABeko delegatu sindikalen kasuan, izan ere, delegatu izateagatik jazarri dituztelarik, askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea ere urratu dute.
FCC enpresak jaso duen astindu judiziala nabarmena da, eta, zalantzarik gabe, asteko 48 orduko atsedena errespetatzera behartzen du, igandeetan ere atseden hori errespetatuz eta funtsezko aldaketarik egin gabe, hala nola txanda-aldaketak. Hala ere, FCC arauak ez betetzeaz gain, galtzaile txarra ere bada, eta ez ditu epaiak betetzen eta kale-garbiketako langile guztiei aplikatzen. Eta jokabide enpresarial horrek ATSU, UGT eta CCOOen aliantza eta konplizitate negargarri eta antisindikalak ditu, langile bakar batek ere eskubide hori eska ez dezan presionatu duena, eta legez ezarritakoaren azpitik dauden Zuzenbidearen aurkako akordioak sinatu dituena. Hori horrela izanik, Nafarroako Gobernuko Enplegu Departamentuak berak hitzarmen berriaren erregistroa geldiarazi du, epaien arabera zuzendu eta konpon dadin, langile bakoitzaren txandak errespetatuz, asteko gutxieneko atsedenaldi legalak jaso eta bete ditzan.
LABek Iruñeko Udalari zein Iruñerriko Mankomunitateari exijitu nahi die kontratazio agiriak betearaz ditzatela, eta enpresa esleipendunei langileen oinarrizko eskubideak errespetaraz diezazkietela. Zentzu horretan, LABek dagoeneko jakinarazi dio Iruñeko Udalari FCCk udalarekin sinatuta duen kontratuaren lan-eskubideen arloko ez-betetzeen berri, enpresa zigor oso larriengatik zigortzeko beharrezko izapideak has ditzan, eta esleipen berrian arreta berezia jar dezan, kontratua adjudikatzen zaion enpresak orain urratutako eskubideak errespeta ditzan.