2026-11-04
HomeUncategorizedLAB sindikatuak aurkako botoa eman dio “EUSKADI 2030 INDUSTRIA PLANA”ri EGAB-eko osoko...

LAB sindikatuak aurkako botoa eman dio “EUSKADI 2030 INDUSTRIA PLANA”ri EGAB-eko osoko bilkuran

EGABeko osoko bilkurak “Euskadi 2030 Industria Plana” delakoari buruzko Dekretu Proiektua dagokion irizpena onetsi berri du; LAB sindikatuak aurkako bozka eman dio, honako argudioak tarteko:

Ez da langileen parte-hartzea aurreikusten. Irizpenak aipamena egiten badio ere, LAB ez dator bat Elkarrizketa Sozialeko Mahaira eramatearekin, bertan gutxiengo sindikala dago ordezkatua eta Industria Planaz aritzeko, espezifikoki, bestelako parte hartzerako gune baten beharra aldarrikatzen du.

Planak kolaborazio publiko-pribatua ontzat ematen du, baina trantsizio industrialak bestelako esku-hartze publikoa behar du. Partehartze publikoa duten proiektu industrialak bultzatu behar dira. Bestalde, diru publikoa jasotzen duten enpresek baldintza eta konpromiso batzuk izan behar dituzte, enplegu duina bermatzeko, diskriminazioekin amaitzeko, berrikuntza teknologikoan inbertitzeko. Dibidendoak banatzen dituzten enpresek ez lituzkete laguntza publiko horiek jaso behar.

Industria eraldaketak irauten duen bitartean enplegurako eskubidea eta lan baldintza duinak zein kalitatezkoak bermatzeko inolako neurririk ez da aurreikusten. Planak ez du enplegu duina bultzatzeko neurririk jasotzen. Planak industriaren trantsizio energetikoak EAEn izango duen inpaktu sozio-laboralaren azterketa jaso beharko luke. Gabezia bereziki larria da testuinguru global eta ekonomiko hain konplexuaren aurrean. Patronalak absentismoaren inguruan duen diskurtsoa errepikatzen da, baina, kontrara, ez da enpresa askotan prebentzio neurririk ez dagoela aipatzen. Planak enplegu industriala berez kalitatezko enplegutzat jotzen du eta hori ez da horrela. 

Planak ez du industria eraldaketa esanguratsu eta premiazkoenei buruzko plangintzarik, automozioan esaterako, eta eraldaketa horietan sindikatuen zein langileen parte-hartzerik ez da bermatzen. Deskarbonizazio planei dagokienez ere, ez dago plan horiek egingo eta beteko direnaren inolako bermerik. Plangintzarik ezak erabaki guztiak patronalaren esku uztea dakar, eta lan ondorio traumatikoak egotea errazten du. Aldaketa guztiek sindikatuen eta langileen parte-hartzea aitortu eta jaso behar dute.

Deslokalizazioei buruzko egungo legeria ez da nahikoa, argi eta garbi. Baldintzapen zorrotza ezarri beharko da, enplegua suntsitu edo okertzen denean laguntzak jasotzea saihesteko, eta dirua itzultzeko betebeharra, zehapenak jasotzea eta laguntzetarako sarbidea ukatzea.

Ez da industria militarraren aipamen espliziturik egiten. Eusko Jaurlaritzak adierazi du Europa mailan industria militarraren bultzada berriak dakartzan negozio aukerak aprobetxatu nahi dituela. LABetik, ordea, gure lurraldeko behar sozialei erantzuteko gai den oinarri industriala mantentzearen aldeko apustua egiten dugu. Horretarako, hainbat sektore eraldatu egin behar dira, emisioak, energiaren erabilera eta materialak murriztuz. Aldi berean, armagintzak ezabapenerantz jo behar du, bere ekoizpen ahalmena sozialki erabilgarriak eta ekologikoki beharrezkoak diren produktuetara bideratuz. 

LAB sindikatuak benetako industria plana eskatzen du, eta horretarako hastapenetatik ezinbestekotzat jotzen dugu sindikatu eta langileen parte-hartze loteslea. Horregatik guztiagatik, eta 2030 Industria Planak trantsizio ekosozialerako industria plan bat egiteko oinarri nahikorik ezartzen ez duela ondorioztatuta, ezezkoa izan da LABen bozka. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.