2026-04-10
Blog Page 531

Ez dugu onartzen Aernnovan kaleratzerik egiterik

0

Ez da kasualitatea azken egunotan jakin izana komunikabideen eskutik ITP, Tubacex, Siemens-Gamesa, eta orain Aernnova enpresek enplegua suntsitzeko hartu duten erabakia, eta aldi berean Tapia kontseilariak adierazpenak egitea soldatak jaistea proposatuz. Arantxa Tapiak berriro ere Confebask-en txotxongilo papera hartu du, eta ukitu instituzionala ematen dio patronalaren intentzioei: osasun krisi hau langileon kontura gainditzea. Badirudi honek denak erantzuten diola beldurra eta ezjakintasuna zabaltzea helburu duen estrategiari, non murrizketa eta eskubideen galera justifikatuak egongo diren.

Salatu nahi dugu ere kasu honetan zein beste kasuetan, langile batzordea prentsaren bitartez izan dela egoeraren jakitun, eta oporren bezperan. Ezin da onartu jendea bere kaleratzeaz enteratzea prentsa bidez eta hainbeste merezi duten atsedenaren egun gutxiren aurretik. Hau sekulako errespetu falta da, bai enpresa batzordearekiko, eta baita langile guztiekiko. Hori dela eta zalantzan jartzen dugu enpresaren akordiorako borondatea. Gure buruari galdetzen diogu nola espero duten negoziazioa burutzea ez badiote batzordeari edota langileei egoera helarazi prentsara bidali aurretik.

Gogorarazi nahi dugu ere enpresa honetako langileok 10 urte daramatzagula soldatak izoztuta. 10 urte non eros ahalmena galdu dugun, eta beraz egoerari aurre egiteko formulak ezin du inola ere jo langileon soldata gehiago murriztetik. Are gutxiago langileok ABEEE batean murgilduta gaudenean. Gainera, esan beharra dago ere azken urteetan enpresak hainbat ABEEE burutu dituela, eta horren ondorioz 100 lanpostu baino gehiago galdu direla, beti Eusko Jaurlaritzaren onarpenarekin. Honek denak erantzuten du enpresak duela urteak martxan jarri nahi zuen plan bati, eta orain burutzea erabaki duena Covid-19ak sortutako egoeraz baliatuz.

Enpleguak mantentzeko gakoa denon artean sortu dugun aberastasuna banatzean dago. Horretarako, beharrezkoa da lan jardunaldia murriztea eta lana banatzea. Instituzioek hobe lukete norabide horretan bultzatzea, eta ez izatea enpresen eta patronalaren bozeramaile hutsak.

Horregatik guztiagatik, eta enpresaren deialdi ofizialaren zain prentsa titularretatik at, LAB-ek erabat baztertzen ditugu aditzera eman diren kaleratzeak, eta dagoeneko nahikoa ordaindu dugun langileon enpleguaren defentsaren alde borrokatuko dugu.

Pandemia eta iraganeko akatsak koktel hilgarria dira langile-klasearentzat: enpleguari emandako kolpe gogorraren ondoren EAJk soldatak murriztea proposatu du

Osasun krisiak, ekonomia gelditzeak eta muturreko ziurgabetasunak bortizki jo dute jendartea eta ehun produktiboa, aurrekaririk gabeko enplegu suntsiketa eraginez eta ondorioz, pobrezia zabaltzea.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, urteko bigarren hiruhilekoan 43.200 lanpostu garbi suntsitu ziren Hego Euskal Herrian, besteren kontura ari ziren 32.900 eta 23.500ek aldi baterako soldatapeko enplegua zeukaten.

Gainera, enpleguak jasotako kolpeari ABEEEen erabilera masiboa gehitu behar zaio. Unerik gogorrenean aldi baterako enplegu erregulazioan zeudenak 202.630 izan ziren eta hauei ere murriztu egin zaizkie soldata bidezko diru-sarrerak.

Mekanismo honek lehen kolpea leundu eta enplegu galera handiagoa ekiditea ahalbidetu du. Hala ere, ekaina amaieran 87.140 langile zegoen oraindik ABEEEan eta euren lanera itzulera inkognita bat da.

Era berean, nabarmendu beharrekoa da gazteen langabeziak %31,6raino egin duela gora (aurreko hiruhilekoan baino 10 puntu gehiago) 25 urtetik beherakoen okupazioak 8.500 pertsonetan behera egin ondoren, aurreko hiruhilekoan baino %16,7 gehiago eta duela urtebete baino %27,4 gutxiago.

Beste behin ere egiaztatzen dugu krisiaren ondorioek gogorrago kolpatzen dituztela gazteria eta kolektibo prekarioenak eta soldata apalenak dituztenak, euren esplotazio eta zaurgarritasun baldintzengatik.

Beste alde batetik, hilabete baino pixka bat gehiago pasatu da alarma egoeraren indarraldia amaitu zenetik eta “inor atzean ez gelditzearen” erretorikak klase enpresarialarekin erabat lerrokatuta dauden adierazpenei leku egin die.

2008ko krisian egin zuen bezala, Arantxa Tapia funtzioetan dagoen sailburuak soldatak murriztera animatu du, talka-terapia bezala.

Egoera honetan benetako arriskua dago politika publikoek eta patronalaren jarrerak bat egiteko iraganeko akatsak errepikatzeko helburuarekin; pandemia aurretik jasan behar genituen arazo estrukturalak larritzera baino ez garamatzan bide ezaguna: soldata desberdintasunak eta lan-prekarietatea.

Hortaz, enpleguei eta soldatei eustea borroka berdinaren parte izan behar dira.

Covid-19ak kutsatutako osasun zentro eta zentro sozio-sanitarioetako langileei lan-istripua aitortzea eskatzen dugu

Eskatzen dugu berehala lan-istripua aitor diezaietela, ondorio guztietarako, osasun-zentroetan eta zentro soziosanitarioetan lan egiten duten covid-19az kutsatutako langile guztiei, bai eta haien osasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak ere.

Maiatzaren 26ko 19/2020 Errege Dekretuak, alarma-egoeran SARS-CoV2 birusa kutsatzearen ondorioz zentro sanitario edo sozio-sanitarioetan lan egiten duten langileek jasandako gaixotasunak lan-istripuak eragindako kontingentzia profesionaltzat jotzen ditu alarma egoeran zehar eta hilabete geroago ere bai.

Ez dira egoera guztiak kontuan hartzen, ez dira ordaintzen aplikatzen diren hitzarmen kolektiboetan araututako soldata-osagarriak, eta dekretuaren babesa uztailean amaitzen da. Hau da, uztailetik aurrera sortutako kutsatzeek ez dute lan-istriputzat hartzeak eragiten duen legezko ondoriorik izango.

Egia da alarma-estatua amaitu dela, baina pandemiak jarraitu egiten du, eta horrek kutsatzeko arrisku-egoerak sor ditzake berriro, osasun-zentroetan zein zentro soziosanitarioetan ere.

Ulertezina da aplikazio-denborak larrialdi-egoerara eta ondorengo hilabetera mugatzea, eta aldi horien aurretik eta ondoren kutsatu diren milaka langile kanpoan uztea. Eman daiteke kutsatze berdinak langile desberdinei eragin izana eta batzuk lan-istripu bezala eta beste batzuk kutsatze arrunta jo izana, sintomak noiz azaleratu diren edo langileari baja noiz eman diotenaren arabera.

Ezagunak dira gaixotasun horren albo-ondorioak; beraz, lan-istriputzat jotzen ez badira, sor litezkeen gastuak ez daude estalita langilea baja arruntean baldin badago.

Aurreikuspen eta kontingentzia-plan egoki eta eraginkorrik ez egoteak eragin suntsitzailea eta hilgarria izan zuen osasun-sistemako eta sistema soziosanitarioko langile eta erabiltzaileen artean.

LAB sindikatuak Lege Dekretua luzatzeko eskatzen du, lan-istripuak eragindako kontingentzia profesionaltzat har daitezen SARS-CoV2 birusa kutsatzearen ondorioz osasun-zentroetan edo zentro sozio-sanitarioetan lan egiten duten langileek jasandako gaixotasunak.

Argi dago gobernuak zainketen gaiari eta horrelako zerbitzuei ematen dien garrantzia, hutsaren hurrena. Ekoizpen-jarduera batean ulertezina litzateke enpresaren barruan eta bertan egiten duzun jardueraren ondorioz gertatu den istripu bat zalantzan jartzea.

Gure osasunarekin jolasten jarraitzen dute, behar genuenean NBEak eman gabe, eta orain, gure lanaren ondorioz noiz gaixotu gaitezkeen edo gaixotu ezin gaitezkeen epeekin.  

Akordio sozialak eskatu ditugu eredu berriranzko trantsizioa egiteko

Oraindik osasun krisia gainditu gabe dugun honetan, krisi ekonomiko eta sozialaren ondorio latzak sufritzen hasi gara langileok. Pobrezia eta bazterketa sozialean dauden herritarren kopurua gorantz doa eta erreferentziazko enpresa handiak, Gamesa, Tubacex, ITP, enplegu suntsiketa gehiago iragartzen hasi dira. Enpleguaren bilakaerak aurreikuspen baikorretarako tarterik uzten ez duen honetan, Gober-nu eta patronaletatik egunotan helarazitako mezuei erantzun, eta egoerak eskatzen duen aterabidearen inguruan, prentsaurrekoa eman dute Bilbon LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburu eta Eraketa Idazkari Dabid Lizarraldek.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi du sistema kapitalista gaur arte ezagutu dugun moduan ezin dela berreraiki; “bidegabea delako eta planetak ez duelako jasango”. “Aro berri baten aurrean gaude beraz, nola bizin nahi dugun, nolako Euskal Herria nahi dugun erabakitzeko bidegurutzean gaude. Gaurdanik erabaki behar delako. Kapitala elite ekonomikoaren interesak ala bizitza eta jendartearen gehiengoaren interesak”.

Trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatu du Aranburuk langile eta herri moduan aurrera egiteko. “Eta trantsizio hori egiteko akordio sozialak behar ditugu. Akordioak enplegua babestu eta duintzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, zaintza sistema publikoa eraikitzeko. Akordioak, lana eta aberastasuna banatzeko, egungo produkzio eta kontsumo eredua aldatzeko”.

Gobernu eta patronalaren inguruan, adierazi du “ez ditugu sintonia horretan ikusten. CONFEBASKek aurreko astean herri akordiorako deia egin zuen. Zinismo hutsa da. Demagogia egiten ari dira. Jendartearen ziurgabetasunaz eta beldurraz baliatuz”.

“CONFEBASKek ez du akordiorik nahi. Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren ondoren prekarietatea mugatzeko proposamen bat egin genion gehiengo sindikal eta sozialetik, erantzunik ez. LABetik egin diogu enplegu plan baterako proposamen bat, izan dugu bilera beraiekin eta hitz hutsak, konpromiso bakar bat ere ez enplegu suntsiketa geratzeko, zerga politika progresiboago bati buruz hitz egiteko ere ez daude prest”.

“Nola bultzatuko ditu akordioak patronalak? Mehatxuak eta xantaia izango dira erabiliko dituen bidea? Enpresa itxierak eta kaleratze planak komunikabideetan iragarri eta gero kolaboraziorako deia egingo digute? Azken urteetan irabazi handiak izan dituzten, dibidendoak banatu dituzten eta murrizketak egin gabe egoera honi aurre egin al dioten, Gamesan, Tubacex edo ITPn egin moduan”, gaineratu du LABeko idazkari nagusiak.

Honetan sakonduz, “Gauzak egiteko modu horrek, enpresa horretako eta orokorrean langilego osoan etsipena nagusitzea bilatzen du, horrela borrokarako ahalmena ahuldu eta murrizketak onartzen bukatu dezagun”, gaineratu du.

“Patronalak ez ditu akordioak nahi, gastu publikoa handitzea eskatzen dutenean diru publikoa esku pribatuetan jartzea nahi dute, punto. Inolako baldintzarik gabe, kontrol publikorik gabe. Enplegua bermatzeko eta enpresaren bideragarritasuna ziurtatzeko konpromisorik gabe. Eta enpresa itxierak edo deslokalizazioak daudenean Arantza Tapia albiste txar bat dela esatera mugatzen da eta harago ere joan da, enpleguaren izenean soldata murrizketak zuritzen ari da. Beti patronalaren interesak defendatzen”.

LABen prestasuna ere adierazi du. “Enpresaz enpresa, bakoitzak dituen arazo koiunturalak kontuan hartzeko prest gaude. Guztiaz hitz egiteko prest gaude, soldatei buruz, malgutasunaz….baldintza argi batekin, enpleguari eusteko konpromisoa, kaleratzerik egongo ez denaren konpromisoa eta noski, egoera koiunturala pasatzen denean, egondako murrizketak aurreko egoera itzultzea. Eta zer esaten digu aurreko krisialdiko esperientziak? Enpresak direla horrelako akordioak nahi ez dituztenak”.

“Berriro ere krisiaren ondorio guztiak langileon bizkar gainean jarri nahi dituzte. Eta bide horretan LAB ez dute topatuko. Guk jarraituko dugu lantokietan eta kalean antolatzen eta mobilizatzen, beharrezkoak diren akordio sozialak bultzatzen eta aliantzak sendotzen” amaitu du.

Egoera kezkagarria
Dabid Lizarraldek, bere aldetik, adierazi du krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak oso latzak izaten ari dira, hainbat datu aipatuz.

Pobrezia eta bazterketa sozialean dauden herritarren kopurua gora doa. Enpleguaren bilakaeraren datuak egoeraren larritasunaren adierazle dira. Otsaila bukaeran 151.000 langabe zeuden Hego Euskal Herrian eta ekaina bukaeran 185.000 (%22 gehiago).

25 urtetik beherakoei dagokienez, ekainaren bukaeran ia 18.000 langabetu zeuden (%52ko igoera otsailetik) eta emakumeei dagokienez, 102.460 ziren, eta otsailetik hona, %19ko igoera izan dute. Gainera, ekainean suntsitutako enpleguaren %70a emakumeena zen.

Pandemiaren lehen bi hilabeteetan suntsitutako enpleguaren %90a aldi baterakoa zen. Eta Euskal Herrian egiten diren kontratuen %91a aldi baterako da.

ABEEEi dagokienez, ekainean 87.000 langilek ABEEEean jarraitzen zuten. Eremuetan gehiengoa zerbitzuen sektorekoa da (ostalaritza, merkataritza, hotelak, kirol zerbitzuak…) Sektore hauen etorkizunaz kezka izateko arrazoiak sobera daude.

Industrian ere txarrak dira iragarpenak. Gamesa, Tubacex eta ITPk kaleratzeak iragarri dituzte. Hiru enpresa handi, azken urteetan irabazi itzelak izan dituztenak. 2019an, Tubacexek 11 milioi, ITP 95 milioi eta Gamesak 140 milioitakoak izan zituen.

Errege-erreginen presentzia arbuiatu dugu Nafarroan

Espainiako errege-erreginak Zizur Txikian izan dira gaur, Aspaceko Ramon y Cajal eguneko zentroan. Testuinguru honetan, kontzentrazioa egin dugu eta erabateko adierazpena adierazi diegu eta nabarmendu dugu Nafarroan ez direla ondo hartzen. Monarkia erabat arbuiatzen dugu, erakunde arkaikoa, antidemokratikoa, matxita eta ustela delako.

Eredu polizial demokratikoa eta komunitarioa aldarrikatzen dugu

Gasteizko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak Polizia Legearen testu bategina onartu berri du. Urkulluren gobernuak PPren babesa jaso du Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk errefusatutako testu baten aurrean. LABen ustez, EAEko polizia eredua birpentsatzeko galdutako beste aukera bat da. Urkulluren gobernuak udaltzaingoak indartzeko eta polizia-eredu komunitarioaren bidean aurrera egiteko aukera galdu du.

Agortutako polizia-eredu baten gabeziak konpontzen saiatu beharrean, testu bateginak eredu zaharkitu hori bera blindatu nahi du, 4 urtean 22 milioi euroko ordainsari-igoeretan oinarrituta.

Sektore publikoko murrizketez hitz egiten digun gobernu berak ez du zalantzarik Diputazio Iraunkorrean azeleragailua zapaldu eta sakonera horretako soldata-igoera bat onartzeko.

Gaur egungo krisi-testuinguruan, inoiz baino beharrezkoagoa da zerbitzu publikoak indartzea, enplegu egonkorra sortzea eta gizartea kohesionatzea, EAJk, PSEk eta PPk ez dituzte beren lehentasunak disimulatzen, Urkulluren gobernuarentzat funtsezko zerbitzu bat dena berretsiz: polizia-eredu komunitario bati bizkarra ematen jarraitzen duen eta udaltzaingoen autonomia gutxiesten duen Ertzaintza.

Eta, hain zuzen ere, udaltzaingoen autonomia aldarrikatu nahi dugu:

– Udalerriz udalerri zein eskualdeka udaltzain lan eskaintza publikoak ezinbestekoak dira.

– Herrizaingo Sailak sustatzen dituen deialdi bateratuek herritarrekiko hurbiltasunean oinarritzen den udaltzaingo-eredutik urruntzen gaituzte.

– Udaltzain lanpostuak egonkortzeko prozesuak adostu behar dira langileon ordezkaritzarekin.

LAB sindikatuak herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritutako tokiko polizia-eredu bat defendatuko du, komunitatea eraikitzen laguntzeko aktiboa; herritar guztien ongizatea bermatuko duen antolaketa sozial, ekonomiko eta politiko berri baten barruan kokatzen den komunitate bat.

Betiko errezeta zaharrek ez dute balio. Are gutxiago lehentasunezko gizarte zerbitzuetan murrizketak egiten dituztenek sustatzen duten polizia eredua.

Bada garaia pertsonak babestuko dituen eta bizitza duina bermatuko duen esparru publikoa eraikitzeko.

Eredu polizial demokratikoa eta komunitarioa behar dugu.Euskal Herrian.  

14 urteren ondoren, lanaldia jaitsi behar dugu Gipuzkoako metalgintzan

LABek ezin du balorazio positiborik egin Gipuzkoako metalaren gaurko bilerari buruz. Adegik gaur ez du ezer berririk ekarri. Gainera, mehatxatu egin du eta negoziazioari mugak jarri dizkio. Argi utzi du ez dagoela prest ez lanaldiari buruz hitz egiteko, ez bajak osatzeko, etab.

Atzo bertan Confebaskek 45.000 lanpostutan enplegua suntsitzeko aurreikuspenak iragarri zituenean, nola da posible patronal horrek berak lanaldia murrizteari buruz hitz egiteari uko egitea suntsiketa hori arintzeko neurri gisa, are gehiago 14 urte daramatzagunean lanaldi berarekin? Beharrezkoa da lanaldia murriztea enplegua defendatzeko eta lana eta familia bateratu ahal izateko. Errealitate horren aurrean, sindikatuok ezin dugu beste alde batera begiratu, eta gure aldarrikapenetan enpleguak lehentasuna izan behar du

Oso larria eta arduragabea iruditzen zaigu Adegik esatea zeri buruz hitz egin daitekeen eta zeri buruz ez. Sindikatuok ezin dugu onartu Adegik ezartzea hitzarmenaren edukia.

Irailaren 4an berriro bilduko gara, baina Adegik ez badu inposaketa uzten eta jarrera aldaketarik ez badago, ezinezkoa izango da akordio bat lortzea.

Instituzioetan, krisiaren ondorioak langileek ez ordaintzeko neurrien alde egitea eskatu diogu EH Bilduri

0

Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia, Edurne Larrañaga Ekintza Sozialeko Lurralde Egiturako Idazkaria eta Dabid Lizarralde Eraketa Idazkariak osatutako LABen ordezkaritza batek bilera egin du gaur EH Bilduren ordezkaritza batekin, azken hau eragile sozial eta politikoekin egiten ari den bilera-errondaren barruan.

Bileran zehar pandemia ondorenak utziko digun egoeraz dugun kezka konpartitu dugu. Osasun krisiaren segidan, krisi ekonomiko eta soziala gainera datorkigu eta krisi berri honen ondorioak langileon bizkar gainean ez erortzeko, bizitza erdigunean jarriko duten eredu berri batera egin beharreko bideaz aritu gara. Lana eta aberastasuna hobeto banatuko duen eredu berriaz aritu gara. Aberastasuna hobe birbanatzeko zerga politikan egin behar diren aldaketak ere hizpide izan ditugu.

Lehentasunez, enpleguaren defendatu eta duindu beharraz (eta hau lortzeko lan-erreformak bertan behera utzi beharraz), pobreziaren hedapenari mugak jarriko dizkion babes sozial eredu bat eraikitzeaz, zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazio politikarekin amaitu eta herritarren zerbitzura egongo den zerbitzu publikoak ereduaz, bereziki osasungintzan eta zaintza sistema publiko indartsu baten beharraz aritu gara.

LABetik gure konpromisoa adierazi dugu, langileon bizi baldintzak hobetzeko proposamenak egiten jarraituko dugula eta proposamen horien alde lantokietan eta kalean borroka sindikal eta sozialak sustatuko ditugula. Era berean, EH Bilduri eskatu dioguna da, kaleko aldarrikapen horiek instituziotan borrokatu ditzala.

Azkenik, burujabetzaren beharra ere mahai gainean jarri dugu. Indarrean dagoen autonomi estatutuen eredua gainditu egin behar da, langileon bizi baldintzak hobetzeko,

Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal izateko enplegu eta babes sozial gaietan ahalmen legegilea eta eskuduntzak izango dituen estatus politikoen alde egiten jarraitu dezala eskatu diogu. Besteak beste, 1.200 eurotako gutxieneko soldata, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, soldata eta pentsio arrakalak ezabatzea, ABEEEen baldintzak, langile publikoen lan baldintzak, negoziazio kolektiborako eredua hemen erabaki nahi ditugulako

Euskal presoen etxeratzea eskatu dugu Gasteizen

Kontzentrazioa egin dugu gaur Gasteizko Andra Mari Zurian, “Konponbide garaia da, presoak etxera” lemarekin. Adierazi dute euskal preso eta iheslariak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugula.

Ezinbesteko urratsa da, gainera, gatazkaren konponbidean, bake eta bizikidetzaren bidean aurrera egiteko. Bada garaia salbuespen legediarekin amaitu eta presoak etxeratzeko prozesua martxan jartzeko, jendartearen aktibazioarekin eta eragileok inplikazioarekin, Gobernua mugiaraziz.

Zehazki, LABek bere egiten ditu aldarrikapen hauek:
– Preso guztiak Euskal Herriratzea.
– Larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak berehala askatzea.
– Gradu aldaketak ahalbidetzea eta baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egotea.
– Bisitetareko eskubidea bermatua izatea.

Covid-19aren pandemiak ondorio larriak izan ditu espetxeetan ere. Beste gobernu batzuk gaixotasunak dituzten presoak eta adinekoak askatu dituzten arren, euskal presoei dagokienez ez da horrelakorik izan. Gobernuek salbuespeneko neurriei eutsi diete, etxetik ehunka kilometrora dituen sakabanaketarekin jarraituz. Ezin dugu ahaztu, alarma egoeran izan garen bitartean presoek eta senitarteko zein hurbilekoek bisitetarako eskubidea ukatua izan dutela.

LABetik babes osoa adierazi nahi diegu SARE eta Etxerat-i, eta norabide horretan, LABek bat egiten du SAREk antolatutako Izan Bidea ekimenarekin.

Era berean, uztailaren 30ean mobilizazioa egingo du LABek Debako hondartzan, 12:00etan, “Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugu” lemarekin.