2024-04-20
HomeEkintza SindikalaAkordio sozialak eskatu ditugu eredu berriranzko trantsizioa egiteko

Akordio sozialak eskatu ditugu eredu berriranzko trantsizioa egiteko

Oraindik osasun krisia gainditu gabe dugun honetan, krisi ekonomiko eta sozialaren ondorio latzak sufritzen hasi gara langileok. Pobrezia eta bazterketa sozialean dauden herritarren kopurua gorantz doa eta erreferentziazko enpresa handiak, Gamesa, Tubacex, ITP, enplegu suntsiketa gehiago iragartzen hasi dira. Enpleguaren bilakaerak aurreikuspen baikorretarako tarterik uzten ez duen honetan, Gober-nu eta patronaletatik egunotan helarazitako mezuei erantzun, eta egoerak eskatzen duen aterabidearen inguruan, prentsaurrekoa eman dute Bilbon LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburu eta Eraketa Idazkari Dabid Lizarraldek.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi du sistema kapitalista gaur arte ezagutu dugun moduan ezin dela berreraiki; “bidegabea delako eta planetak ez duelako jasango”. “Aro berri baten aurrean gaude beraz, nola bizin nahi dugun, nolako Euskal Herria nahi dugun erabakitzeko bidegurutzean gaude. Gaurdanik erabaki behar delako. Kapitala elite ekonomikoaren interesak ala bizitza eta jendartearen gehiengoaren interesak”.

Trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatu du Aranburuk langile eta herri moduan aurrera egiteko. “Eta trantsizio hori egiteko akordio sozialak behar ditugu. Akordioak enplegua babestu eta duintzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, zaintza sistema publikoa eraikitzeko. Akordioak, lana eta aberastasuna banatzeko, egungo produkzio eta kontsumo eredua aldatzeko”.

Gobernu eta patronalaren inguruan, adierazi du “ez ditugu sintonia horretan ikusten. CONFEBASKek aurreko astean herri akordiorako deia egin zuen. Zinismo hutsa da. Demagogia egiten ari dira. Jendartearen ziurgabetasunaz eta beldurraz baliatuz”.

“CONFEBASKek ez du akordiorik nahi. Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren ondoren prekarietatea mugatzeko proposamen bat egin genion gehiengo sindikal eta sozialetik, erantzunik ez. LABetik egin diogu enplegu plan baterako proposamen bat, izan dugu bilera beraiekin eta hitz hutsak, konpromiso bakar bat ere ez enplegu suntsiketa geratzeko, zerga politika progresiboago bati buruz hitz egiteko ere ez daude prest”.

“Nola bultzatuko ditu akordioak patronalak? Mehatxuak eta xantaia izango dira erabiliko dituen bidea? Enpresa itxierak eta kaleratze planak komunikabideetan iragarri eta gero kolaboraziorako deia egingo digute? Azken urteetan irabazi handiak izan dituzten, dibidendoak banatu dituzten eta murrizketak egin gabe egoera honi aurre egin al dioten, Gamesan, Tubacex edo ITPn egin moduan”, gaineratu du LABeko idazkari nagusiak.

Honetan sakonduz, “Gauzak egiteko modu horrek, enpresa horretako eta orokorrean langilego osoan etsipena nagusitzea bilatzen du, horrela borrokarako ahalmena ahuldu eta murrizketak onartzen bukatu dezagun”, gaineratu du.

“Patronalak ez ditu akordioak nahi, gastu publikoa handitzea eskatzen dutenean diru publikoa esku pribatuetan jartzea nahi dute, punto. Inolako baldintzarik gabe, kontrol publikorik gabe. Enplegua bermatzeko eta enpresaren bideragarritasuna ziurtatzeko konpromisorik gabe. Eta enpresa itxierak edo deslokalizazioak daudenean Arantza Tapia albiste txar bat dela esatera mugatzen da eta harago ere joan da, enpleguaren izenean soldata murrizketak zuritzen ari da. Beti patronalaren interesak defendatzen”.

LABen prestasuna ere adierazi du. “Enpresaz enpresa, bakoitzak dituen arazo koiunturalak kontuan hartzeko prest gaude. Guztiaz hitz egiteko prest gaude, soldatei buruz, malgutasunaz….baldintza argi batekin, enpleguari eusteko konpromisoa, kaleratzerik egongo ez denaren konpromisoa eta noski, egoera koiunturala pasatzen denean, egondako murrizketak aurreko egoera itzultzea. Eta zer esaten digu aurreko krisialdiko esperientziak? Enpresak direla horrelako akordioak nahi ez dituztenak”.

“Berriro ere krisiaren ondorio guztiak langileon bizkar gainean jarri nahi dituzte. Eta bide horretan LAB ez dute topatuko. Guk jarraituko dugu lantokietan eta kalean antolatzen eta mobilizatzen, beharrezkoak diren akordio sozialak bultzatzen eta aliantzak sendotzen” amaitu du.

Egoera kezkagarria
Dabid Lizarraldek, bere aldetik, adierazi du krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak oso latzak izaten ari dira, hainbat datu aipatuz.

Pobrezia eta bazterketa sozialean dauden herritarren kopurua gora doa. Enpleguaren bilakaeraren datuak egoeraren larritasunaren adierazle dira. Otsaila bukaeran 151.000 langabe zeuden Hego Euskal Herrian eta ekaina bukaeran 185.000 (%22 gehiago).

25 urtetik beherakoei dagokienez, ekainaren bukaeran ia 18.000 langabetu zeuden (%52ko igoera otsailetik) eta emakumeei dagokienez, 102.460 ziren, eta otsailetik hona, %19ko igoera izan dute. Gainera, ekainean suntsitutako enpleguaren %70a emakumeena zen.

Pandemiaren lehen bi hilabeteetan suntsitutako enpleguaren %90a aldi baterakoa zen. Eta Euskal Herrian egiten diren kontratuen %91a aldi baterako da.

ABEEEi dagokienez, ekainean 87.000 langilek ABEEEean jarraitzen zuten. Eremuetan gehiengoa zerbitzuen sektorekoa da (ostalaritza, merkataritza, hotelak, kirol zerbitzuak…) Sektore hauen etorkizunaz kezka izateko arrazoiak sobera daude.

Industrian ere txarrak dira iragarpenak. Gamesa, Tubacex eta ITPk kaleratzeak iragarri dituzte. Hiru enpresa handi, azken urteetan irabazi itzelak izan dituztenak. 2019an, Tubacexek 11 milioi, ITP 95 milioi eta Gamesak 140 milioitakoak izan zituen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.