2026-02-05
Blog Page 524

Aernnovak adostu gabeko ABEEEren alde egin du, baldintzak okertu nahi dituelako enplegua ezta 6 hilabetez ere bermatu gabe

0
Azken proposamenaren baldintzek ez zuten akordioa bilatzen, soilik enpresa arduratsuaren etiketa luzatu nahi zuen xehetasun kosmetikoekin. Honela, enpresa honetan ABEEEtarako hitzartutakoak baino baldintza okerragoak eskaintzen zituen, eta uko egin zion enplegua bermatzeari, ezta 8/2020 Errege Dekretuak jasotzen dituen 6 hilabeteetan ere.

Aernnovako Zuzendaritzak ABEEE honen negoziazioa erabili nahi izan du langileen baldintza ekonomikoak jaisteko eta etorkizunarekiko eta enpleguarekiko edozein konpromiso saihesteko. Horrela, zuzendaritzak eta langileen batzordeak, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin, 2016-2020 aldirako sinatutako akordioaren esparruan jada hitzartutako ABEEEi buruzko baldintzak okertu nahi izan ditu. Beraz, enpresak akordio hori murriztu nahi zuen, baldintza horiek aplikatu gabe.

Lehen hitzartutako ordainsari ekonomikoen hobekuntzak alde batera utzita, LABek konpromiso bat adostu nahi zuen, egungo plantilla-mailei eusteko borondatea dagoela egiaztatzeko. Jakin badakigu egungo ziurgabetasunak ondorioak izango dituela hegazkingitza sektorean eta, beraz, zuzenean gure enpresan. Hala ere, kudeaketa partekatua ahalbidetuko lukeen akordioa lortzeko aukera posible zela uste dugu, epe ertainean egoerari heltzeko formula adostuak bilatuz. Hala ere, enpresak lehen minututik errefusatu du aukera hori.

Aernnovak ez du enpresaren etorkizunari aurre egiteko barne negoziazio prozesu hori jorratu nahi izan, baina epe laburrean enplegua bermatzea ere baztertu du. Izan ere, uko egin dio 8/2020 Errege Dekretuak jasotzen dituen 6 hilabeteetan enpleguari eustea onartzeari, eta horrek zalantzan jartzen ditu bere asmoak.

Gainera, enpresak ezarritako negoziazio eredua salatu nahi dugu. ABEEEtik kanpoko elementuak gehitzen aritu da hasieratik, zuzenean edo iradokizunekin, azken egunean bakarrik argitu duen nahasmena sortuz. Are gehiago, negoziazioak luzatzeko aukera ukatu du, akordioa lortzeko azken aukerak arakatzeari uko eginez.

Hori guztia dela eta, LABek ezin du onartu Aernnovako langileentzako baldintzek okertzea, ziurgabetasunez betetako agertoki bati atea irekiz, non enpresak bere nahierara egin edo desegin dezakeen, kaleratzeak baztertu gabe. Batzordearen gehiengoa jarrera horrekin bat datorrenez, enpresak ABEEEa akordiorik gabe erregistratuko du.

Nolanahi ere, LABek berresten du prest dagoela negoziazio-prozesu bati ekiteko, Aernnovaren etorkizunari modu adostu eta partekatuan aurre egin ahal izateko, betiere enplegua eta langileen eskubideak defendatuz.
 

 

 

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasketa presentzialetara itzulera ikastetxe bakoitzaren ardurapean uzteko erabakia are arduragabeagoa litzatekeela salatu dugu sindikatuok

0

EAEko Hezkuntza Sailari eskatzen diogu bere ardurak bere gain hartzeko, osasuna bermatuko duten baldintzak ahalbideratzeko eta itzulera neurriak eragileokin negoziatzeko. Sindikatuok mobilizazioa egingo dugu maiatzaren 13an, asteazkena, 11:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Gran Via, 85), "Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu" lemarekin.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGTren ohar bateratua:

Hezkuntza Sailburuak pasa den Ostegunean hezkuntzako hainbat eragileri aurkeztutako plana, hezkuntza eragileekin negoziatu eta landu gabeko plana izan da. Plan horretan jaso beharko lirateken irizpide zein neurriak aplikatu, aurrera eraman, bete eta betearazi beharko dutenen parte hartzerik gabe Hezkuntza Sailak hartutako aldebakarreko erabaki baten aurrean gaude beraz. Behin plana ezagututa gainera, sindikatuon deialdiari jarraituz gaur burutu dugun bileran hezkuntza eragileok ondorio komun batera iritsi gara, gaur gaurkoz langile zein ikasleen osasuna bermatuz datorren maiatzaren 18tik aurrera itzulera abian jartzeko baldintzarik ez dagoela. Are gehiago, familien zein ikasleen iritzia, langileen ordezkariena bezalaxe, ez dela inolako momentuan kontuan hartu eta osasunaren ardura ere haingan jarri dutela.

Plana, motz geratzen diren segurtasun irizpide orokorregiak jasotzera mugatzen da. Hezkuntza Sailak irizpide orokor horiek betetzeko hartuko diren neurriak ikastetxeekin landu gabe hartu ditu, baita neurri horiek abian jartzeko baliabideak aurreikusi gabe ere, zentruetako zuzendaritzengan neurrigabeko ardura maila ezarriz. Itzulera planaren ezaugarri nagusia inprobisazioa, prezipitazioa eta zehazgabetasuna direla esan dezakegu beraz.

Egoera honetan erabateko arduragabekeria litzateke datorrean maiatzaren 18an planteatutako itzulera abian jartzea, langile zein ikasleen osasuna, eta ondorioz gizarte osoarena, arrisku larrian jarriko litzatekeelako.

Planak Hezkuntza Komunitate osoaren gaitzespena eta kritika jaso ditu ezagutzera eman zenetik. Komunikabideen bidez jakin dugunez, eta eragindako presioaren eraginez, badirudi Hezkuntza Sailak bere erabakia aldatu dezakeela. Hezkuntza Sailak Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta DBH4n ikasketa presentzialetara itzultzea edo ez, zein datetan eta zein baldintzetan, ikastetxe bakoitzaren esku uztea planteatuko luke. Erabaki hau are arduragebekia handiagotzat jotzen dugu eragileok sindikatuok. Alde batetik, osasuna bermatu gabe jarraitzen duen bitartean, Hezkuntza sailak ardura guztia ikastetxeen, familien eta ikasleen bizkar gainean jartzen duelako, bere arduraz beste larriki kale eginez.

Hezkuntza Sailari dagokio osasuna bermatzeko irizpide zehatzak, protokoloak, neurriak eta hauek aurrera eramateko baliabideak plan egoki batean jaso eta aurreikustea, ondoren ikastetxe bakoitzak bere autonomiaren baitan aurrera eraman ahal ditzan. Bestetik, erabakia ikastetxe bakoitzaren esku utzita, ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko arrakalak sortu edo areagotzeko arrisku argia duelako, batzuk ikasketa presentzialak jasoko lituzketelako eta besteek ez esaterako. Dagoeneko egoera honek ikasleen arteko hezkuntza prozesuetan eragin duena.

Idatzi hau sinatzen dugun sindikatuok, hezkuntza sailari galdegiten diogu bere ardurak bere gain hartzeko, hezkuntza eragile bakoitzarekin, dagokion esparruan, itzulera neurriak negoziatu ditzala eta osasuna bermatzeko neurriak ahalbideratu ditzala.
 

 

 

Iñigo Urkulluri aurrez aurre helarazi diogu gure haserrea eta langileen babesgabetasuna Gurutzetako Ospitalean

0

Urkullu Lehendakaria, Murga sailburu eta Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Diegorekin batera, bisitan egon da gaur goizean Gurutzetako Ospitalean, COVID arretarako birmoldatu diren instalazioak ezagutzeko asmotan. Bisitak iraun bitartean, dozenaka langile eta ordezkari sindikalek protesta ekimena egin dugu osasun arloko langileok bizi dugun egoera salatzeko, eta gobernu zein osasun arlotik egin den kudeaketa kaskarra eta propagandistikoa agerian uzteko.

LABen ordezkarien hitzetan, osasungintzako langileok pairatu behar izan ditugun egoera jasan ezinak eta gure osasuna eta bizitza bera arriskuan jarri dituztenak ekidin zitezkeen neurri handi batean, baina langileon eta jendartearen osasun gainetik, interes ekonomikoak eta kalkulu elektoralak ipini ditu EAJ alderdiak. Horregatik, LAB sindikatutik Murga sailburuaren dimisioa eskatu dugu.

Bisitariei gure kexak eta aldarrikapenak helaraztea eragozten saiatu badira ere, LABeko delegatuok lortu dugu lehendakariari aurrez aurre helaraztea gure haserrea eta gure babesgabetasuna haien errua dela argi uztea.

Zentzu honetan, adierazpen askatasuna eta gure eskubideak mugatzeko saiakera berri hau salatu nahi dugu. Urkulluk, Murgak eta Juan Diegok eman nahi duten irudi bukolikoa babesten saiatu dira, langile irribarretsuak eta bisitagatik eskertuak, osakidetzako langile guztion haserrea ezkutatzen duten bitartean. Baina gaur, txarto atera zaie jokaldia eta gure haserrea entzun behar izan dute.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak langileen babes neurriak ez dituela bermatzen salatu dugu

Eusko Jaurlaritzako LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu administrazio honek Gasteizen (Lakuan), Bilbon (Gran Vian) eta Donostian (Andia kalean) dituen egoitzetan.

Hiru aldarri adostu ditugu sindikatuok:

1.- Jaurlaritzak ez ditu bermatzen langileon babes neurriak. Lanpostu mota aniztasuna da ia 7500ko plantillan, eta lanpostu mota bakarra aztertu dute.

2.- Jaurlaritzak egiten dituen ataza asko era ez presentzialean egin daitezke. Modalidade hau gomendatzen dute Osalanek, Europak eta baita Jaurlaritzak ere autonomiako enpresa pribatuei. Gu ostera, lan presentzialera behartzen gaitu.

3.- Legegintzaldi osoan zehar Jaurlaritzak ez du ezer negoziatu sindikatuekin. Negoziazio mahaia bere erabakien berri modu bertikalean emateko erabili izan du, eduki berberak aldi berean hedabideekin partekatu izan dituen bitartean.

Hiru aldarri hauez gain, LABek salatu nahi du Gobernu honek ez duela utzi lanaldi murrizketak desegiten nagusiki femenizatuta dagoen Administrazioan. Ondorioz, emakumeak izan dira beste behin ere pobretuak izan direnak,  ezin baitituzte euren lan-baldintzak zaintza beharrizan berrietara egokitu. Azken finean, lanaldi murrizketa mantentzera behartzen dituzte; alegia, soldata murriztua izatera.
 

 

 

Tuvisaren kudeaketa txarra erabiltzaileek ere ordainduko dute

0
Oraingoan Tuvisako gerentziaren kudeaketa txarra Gasteizko herritarrek ere jasango dute. Gure inguruko hiriburu guztietan autobusen maiztasuna pixkanaka handitzen ari den bitartean, kasu batzuetan %100ekoa izango da. Baina, Tuvisaren gerentziak, Gasteizko Udalaren agindupean, zerbitzu bera eskaintzen jarraitzen du, hau da, 0 fasean geundenekoa. Euskotreneko Gasteizko tranbia zerbitzua %100ekoa izango da hilaren 11tik aurrera.

SAste honetan Gasteizko saltoki txikiak eta ostalaritzaren zati bat lanean hasiko dira, osasun publikoko kanpoko kontsultak bere funtzionamendua normalizatzen hasiko dira eta ospitaleetan bisitak egin ahal izango dira, familiak harremanetan jarri ahal izango dira eta, ondorioz, Gasteizko mugikortasuna handituko da. Hala eta guztiz ere, Tuvisak ez du ezer jakin nahi eta aurreko faseko zerbitzu bera mantenduko du. Horretaz gain, denok dakigu linea batzuek, eta are gehiago puntako orduetan, autobus gehiago behar izango dituztela; izan ere, segurtasun-neurriak direla eta, haien okupazioa ezin da %100ekoa izan. Udalak eta Tuvisako gerentziak, ordea, ez diote jaramonik egiten errealitate berri horri.

Gaurtik aurrera, Gasteizko biztanleria bi mailatan banatuko da: pribilegiatua, Euskotreneko tranbiak erabil ditzaketenak eta, horrela, lanera azkar eta modu seguruan iritsiko dira, eta bigarren mailako herritarrak, Tuvisaren erabiltzaileak, autobus geltokietan zain egon beharko dutenak, lekua izango duen autobus bat iritsi arte ibilbidea segurtasunez egin ahal izateko.
Azken aste hauetan kexa asko jaso ditugu Tuvisako langileok erabiltzaileen aldetik, herritarrei ematen zaien zerbitzu eskasagatik. Egun hauetan erabiltzaile askok funtsezko zerbitzuak bete behar izan dituzte, eta garraio publiko eta eraginkorrik gabe geratu dira.

Tuvisako langileontzat gerentziak egindako kudeaketa negargarri hori ez da berria, urteak daramatzagulako jasaten. Edalontzia gainezkatu duen tanta gerentziak alde bakarreko ABEEE bat aurkeztea izan da, enpresa batzordeak aho batez egindako eskaerei jaramonik egin gabe.

Neurri horren legezkotasuna alde batera utzita, hori hilaren 19an Gasteizko epaitegietan erabakiko baita, tamalgarria iruditzen zaigu enpresa osasun-krisialdi egoera hau erabiltzen saiatzea enpresaren kontuak hobetzeko eta langileok ditugun atseden egunak galtzera behartzeko, nahiz eta dena duela bost urteko kudeaketa txarraren ondorio izan.

Atal sindikal honetatik uste dugu kudeaketa txar horren erantzukizunak hartzeko unea iritsi dela, eta, horregatik, Tuvisako gerentziaren eta kontseiluko presidentearen dimisioa eskatzen dugu.
 

 

 

Zerga-erreforma proposamen bat aurkeztuko dugu foru erakundeetan, ekonomia eta jendartea berreraikitzeko oinarri sendoak ezartzeko

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako foru erakundeetan aurkeztuko dugun zerga-erreforma proposamena aurkeztu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Txostena osatu dugu fiskalitatearen inguruan egindako azterketarekin, eta nabarmendu dugu lan-errentek eta kontsumoak jasaten duten gehiegizko ahalegin fiskala ez datorrela bat enpresa-etekinak, kapital-errentak eta aberastasuna zergapetzen dituen fiskalitate murritzarekin. Hala, fiskalitate bidezkoago eta birbanatzaileago bat finkatzeko helburuarekin, aldarrikatu dugu funtsezko zerbitzu publikoak blindatzeko diru-sarrera publikoen bolumena handitzea; zerga-ekitatea eta zerga-progresibotasuna bermatzea; eta zerga-sistemak desberdintasunak murrizteko eta pobreziaren aurka borrokatzeko duen banaketa-gaitasuna hobetzea.


"Hildakoen kopuru handia eta pertsonen osasunean eragindako kalteaz gain, pandemiaren hedapenak ondorio larriak ditu ekonomian, lan munduan eta jendeartean. Bi kasuetan, pertsonak babestea izan behar da lehentasuna. Bizitzak salbatzeko, osasuna zaintzeko eta diru-sarreren iturria galdu dutenei edo zaurgarritasun-egoeran daudenei ongizate-maila egokia bermatzeko".

Halaxe diogu fiskalitateari buruz egin dugun txostenean, Garbiñe Aranburuk gaurko agerraldian aurkeztu duen azterketan. Hain zuzen ere, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako foru erakundeetan aurkeztuko dugun zerga-erreforma proposamenaren berri eman dugu, gaur egungo fiskalitatea etikoki onartezina, ekonomikoki justifikaezina eta sozialki jasanezina baita. 

Hori bai, fiskalitate bidezkoago eta birbanatzaileago bat finkatzeko proposatzen ditugun aldaketak ez lirateke salbuespenezkoak edo aldi baterakoak izan behar; behin betiko txertatu behar dira, hiru helburu nagusi hauek lortzeko:

– Diru-sarrera publikoen bolumena handitzea, funtsezko zerbitzu publikoak blindatzeko.

– Zerga-ekitatea eta zerga-progresibotasuna bermatzea, aberastasun gehien metatzen dutenek eta diru-sarrera handienak dituztenek ekarpen handiagoa egin dezaten.

– Zerga-sistemak desberdintasunak murrizteko eta pobreziaren aurka borrokatzeko duen banaketa-gaitasuna hobetzea.

Erronka zerga-sistema indartzea eta oinarri sendoak ezartzea litzateke, ekonomia eta jendartea berreraikitzeko. Horretarako, gehiago eta modu progresiboagoan biltzeko aldaketa-proposamena egin dugu, printzipio hau oinarri: aberastasuna izatea gaitasun ekonomikoaren ageriko adierazpena da eta, hori horrela izanda, zergapetu egin behar da.

 

 

 

Gure erreakzioa CONFEBASKek PFEZen inguruan egindako proposamenaren inguruan

0

Ez dugu onartuko, 2008ko krisialdiaren ondoren gertatu zen bezala, langileok izatea COVID-19aren krisiaren ondorioak ordainduko ditugunak, eta CONFEBASKen proposamena norabide horretatik doa.

CONFEBASKen proposamenaren zehaztasunak ezagutu gabe, esan beharra dago PFEZen aldaketa bat planteatzeak suposatzen duela fase ekonomiko eta sozial honetan patronalak duen erantzukizun sozialari aurre ez egitea. Zerga hau lanaren errentetan oinarritzen da nagusiki eta ez da batere progresiboa. Gure ikuspuntutik Sozietate Zergari erreparatu behar diogu enpresek, dituzten irabazien arabera ordain ditzaten zergak eta kapitalaren errentek gehiago ordain dezaten mekanismoak ezarri.

LABen uste dugu iritsi dela unea pilaketa eta aberastasun kapitalistaren zikloari amaiera emateko. Eta horrek aberastasunaren banaketari buruz hitz egitera garamatza. Garaia da beste zerga-politika bati buruz hitz egiten hasteko. Gehiago biltzen duen eta modu progresiboagoan egiten duen politika fiskala. Horretarako, egungo zerga-politikaren norabidea aldatu behar da. Eta, gainera, premiazkoa da, beharrezkoa da zerga berri bat ezartzea, kapital-errentak gehiago ordain dezan.

LABek datorren astelehenean aurkeztuko du fiskalitatearen inguruan egiten dituen proposamenak.
 

 

 

Testak eskatu ditugu udal langile guztientzat

EUDEL elkartea bera albiste bilakatu zen apirilaren 25ean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalen artean 300.000 maskara banatu ostean, den-denak bueltan eskatu behar izan zituen, akastunak baitziren. Anekdota hutsa izan liteke, beste hankasartze bat baino ez. Baina berri honek zenbait galdera eragin zizkigun: Espainiako Gobernuak martxoaren 14an alarma egoera ezarri zuenetik, zertan aritu da EUDEL? Non geratu da EUDELen lidergoa osasun krisi larri honen aurrean? Maskaren kalitatea konprobatzeko astirik izan barik, EITBk eskainitako publierreportaia ziztu bizian probestu zuten EUDELen arduradunek. Zertara datoz marketing kanpaina hauek?

Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakunde publikoak dira eta udalgintzaren benetako erronka langile zein herritarren osasuna babestea da, baliabide nahiko izango dituen zerbitzu publikoa berrantolatzea. EUDELek osasun krisi hau gainditzen lagundu nahi badu, ezinbestean udal autonomiaren alde egin beharko du, eraso berzentralizatzaile ororen aurka eginez eta, ahal den heinean, udal autonomia sendotzeko irizpideak ezarriz. Eta hori guztia langileokin batera egin beharko du.

EUDELek maiatzaren 6an iragarri du udaltzain, suhiltzaile eta etxez-etxeko laguntzaileentzako testak burutuko dituela Osakidetzak. Berandu datorren neurria bada ere, aurrerapausoa izan liteke, udal langile guztion jarraipenerako plan integral bat balego. Premiazkoa da udal langile guztion benetako osasun egoera ezagutzea. Funtsezko zerbitzuetan diharduten kidegoak lehenetsi behar dira, noski, baina helburua langile zein herritar guztiontzako froga nahikoak burutzea izanik.

Ezinbesteko baldintza da herritar ororen eta udal enplegatu guztien osasunerako eskubidea bermatzeko.
 

 

 

Indarkeria matxistaren egiturazko pandemiaren aurka mobilizatzera deitu du Emakumeon Mundu Martxak, Angelun eraildako emakumea gogoan

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, Angelun asteazkenean izandako erailketa matxista salatzeko protesta eguna izango da gaur. 19:00etan burrunba egiteko deia egin dugu Mundu Martxaren baitan gauden eragileok.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren oharra:

Emakume bat erail dute Angelun, Lapurdin. Laugarren hildakoa 2020. urtean. Prentsak dioenaren arabera, «nahita egindako homizidio bat eta suzidio bat» izan da. Erailketa matxista bat izan dela esaten dugu guk.

Koronabirusaren pandemiak gure bizitza pertsonal, politiko eta mediatiko guztia menderatzen jarraitzen duen bitartean, emakumeon aurkako indarkeria matxistak tinko darrai beste emakume baten bizitza bat aurretik eramanez. Egiturazko pandemia hau ez da desagertzen.

83 urteko emakume bat da kasu honetan erailketa matxistaten azken biktima, garai gogor hauetan adineko pertsona izateak suposatzen duen guztiarekin; alegia, konfinamendu zorrotzena eta biztanleriaren hilkortasun arrisku handiena duen kolektiboa, besteak beste.

Hainbat eta hainbat emakume bere erasotzailearekin konfinatuta
jarraitzen dute. Balkoietan sasi polizia asko baditugu ere, oraindik indarkeria matxistari era eraginkorrean aurre egiteko baliabide falta dago, errealitate hau benetako lehentasun politikoa ez izateaz gain ezarritako botereentzat.

Kaleak berreskuratzen hasten garen bitartean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik, herritar guztiak azken hilketa hau salatzera animatzen zaituztegu:

NOIZ ?

* MAIATZAREN 8an ARRATSALDEKO 19:00tan

NOLA ?

* Peto bat jantzi kalera irteten garenean. Peto horretan hurrengo
mezua agertuko da: HILTZEN GAITUZTE / BESTE EMAKUME BAT ERAILA.

* Argazkia atera eta sareetara igo #ErasorikEzErantzunikGabe eta #NosMatan hashtag-a erabiliz.

* Ordu horretan gure balkoietan kazerolada eta sirena jarri.

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!