2026-02-05
Blog Page 520

LIDLekin EAE mailan adostutako akordioan ez da Gipuzkoako langileen iritzia kontutan hartu

0
Gaur goizean jakin dugu ELAk EAE mailako akordio bat adostu duela LIDLen, COVID19ak eragindako ondorioen aurrean. Egun ELA sindikatuak EAE mailan gehiengoa badu ere, Gipuzkoan errealitatea bestelakoa da. LAB sindikatua da ordezkaritza zabalena duena herrialde honetan, eta inolako momentutan ELAk ez du gurekin negoziaketa marko hau dagoenik ofizialki konpartitu, eta are gutxiago bertan lantzen ziren edukiak helarazi, edo deialdiak konpartitu.

Larriena da, bereziki, Gipuzkoako langileekin ere ez dela inolako lanketarik egin. Egun batetik bestera eta whatsapp bidez heldu zaizkien lanuzte deialdiez gain, Gipuzkoako langileen gehiengo ia osoak ez du marko hau dagoenik jakin, eta are gutxiago bertan lantzen zena ezagutu. Baina paroak bai.

LAB sindikatutik gogor salatu nahi dugu, eta are gehiago egun bizi den tentsio eta giro nahasian, ELAk Gipuzkoako langileen izenean negoziatzea, haiekin hitz egin eta konpartitu gabe, eta Gipuzkoan gehiengoa duen sindikatuari bizkarra emanez. Langileen beharrizanak baino, helburu korporatibo eta elektoralak lehenetsi dituzte.

Gipuzkoako komitetik aldarrikapen batzuen inguruko sinadura bilketa bat abiatu genuen. Lehenik, langileek komiteko kideen irakurketa konpartitzen zuten ikusi; ondoren, aldarrikapenak egoki ikusten zituzten jakin eta amaitzeko, kolektibo gisa enpresaren aurrean aurkezteko. EAE mailako aipatu akordioan aldarrikapen hauetako batzuk jaso dira, beste batzuk ez. Eta azken asteetan enpresak ere Gipuzkoako denda batzuetan kontratazio eta lanaldiak handitu ditu. Azken hau, ekiteari esker.

Horregatik, komiteko kide garen LAB sindikatuko delegatuok, Gipuzkoako langile askoren babesa jaso duen sinadura bilketan markatutako eta jasotako aldarrikapen berriekin aurrera jarraituko dugu.
 

 

 

Ikasgeletara itzulera seguru, adostu eta kalitatezko baten aldeko sindikatuok egindako proposamenari entzungor egin dio Lakuako Hezkuntza Sailak

0

Astelehenetik aurrera ikastetxeren batean osasun bermerik ez badago, Hezkutzako sindikatu guztiok (LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT) ikastetxe horretako langile eta ikasleen osasuna bermatzeko beharrezko mobilizazio eta ekimenak abian jarriko ditugu.

2019-2020 ikasturte amaierako planifikazioari begira Hezkuntza Sailak erakutsitako inprobisazio, arduragabekeria eta etengabeko irizpide aldaketen aurrean, aste honetan ikastetxeetara itzulera seguru, adostu eta kalitatezko baterako proposamen zehatz bat helarazi diogu sindikatuok Hezkuntza Sailari.

Proposamenean, ikasturte amaierarako plangintza, aurrez aurreko ikasketetara zein lanera itzultzeko baldintzak, zein segurtasun eta osasun neurri eta protokoloak, langileon ordezkariokin negoziatu eta adosteko galdegiten genion Hezkutza Sailari. Baita, negoziazio prozesu hori ematen ez den bitartean aldebakarrez hartutako erabakiak bertan behera uzteko ere.

Dokumentu propositibo honetan, Sailak egindako azken planteamenduari ikusten genizkion gabeziak eta hutsuneak aipatzen genituen, ondoren osasuna bermatzeko irizpideak lehenetsiz eta irizpide pedagogikoak aintzat hartuz, ikasturte amaierarako proposamen egoki bat eginez.

Hezkuntza Sailak sindikatuon proposamenaren aurrean izan duen ekimen bakarra proposamen horretan jasotzen genituen ikasturte amaierako plangintzarako plantemanduei erantzuten ere egiten ez dien dokumentu bat bidaltzea izan da; bere aldebakarreko plangintza abian jarri baino bi egun lehenago gainera. Argi dago helburua ez dela negoziaketa eta elkarrizketa erreal bat bilatzea ez eta langileon ordezkarien proposamenak aintzat hartzea ere. Are gehiago, hezkuntza Sailak langileen ordezkariak parte hartze eta negoziaketa esparruetatik kanpo utzi nahi gaituela berresten da, izan ere dokumentuan esaten denez, sindikatuok ordezkaritzarik izango en dugun jarraipen batzorde bat sortu baitu Hezkuntza Sailak.

Sindikatuok daukagun informazioaren arabera, eta zentzuzkoa denez, Astelehenean aurrez aurreko ikasketak oso ikastetxe gutxik jarriko dituzte abian, eta abian jarriko dituztenek ikastalde oso mugatuentzat egingo dute, nagusiki errefortzu bat eskatzen duten ikasleentzat edota 2. Mailako Batxilergoko ikasleentzat EBAU azterketaren prestaketari begira.

Edozein kasutan, Hezkuntza Sailak, denbora eta aurreikuspen nahikoz, ikastetxe bakoitzarekin ikasgeletara modu seguru batean itzuli ahal izateko prozesurik, baliabiderik eta jarraibide egokirik jorratu ez izanak, eragina izan dezake itzulera baldintzetan. Eta litekeena da ikastetxe bakan batzutan osasuna bermatuz ikasketak ekiteko baldintzarik ez egotea edota osasun irizpideak lehenesten ez dituzten baldintzatan planteatzea itzulera.

Sindikatuok, ikastetxez ikastetxe aztertuko dugu egoera, eta ikastetxeren batean itzulera honi begira, osasun neurriak bermatzen ez badira gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu, ikastetxe horretako langileak lanera ez joateko aukera izan dezaten bai langile beraien bai ikasle horien osasuna bermatzeko.

Hau horrela, gaurtik aurrera, sindikatuon arteko jarraipen batzorde propio bat sortuko dugu, langile eta ordezkarien esku osasun neurrien inguruko galdetegi bat jarriko dugu, osasun neurriak ez betez gero edo osasun irizpideak lehenensten ez dituzten baldintzak identifikatuz gero, sindikatuokin harremanetan jarri eta osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte beharrezko mobilizazio eta ekimenak abian jarriko ditugularik, greba aukera barne.
 

 

 

Gure alegazioen ondoren bi zerbitzuburuk ikertu gisa deklaratuko dute Osakidetzako LEParen filtrazioen kasuan

0
LABek oso positibotzat jo du epaitegiaren erabaki hori, eta uste dugu urrats berri bat dela Osakidetzako LEParen filtrazioak argitzeko bidean aurrera egiteko. Ildo horretan, beste bi pertsona ikertu gisa agertzeak sinesgarritasuna kentzen dio Osakidetzako Zuzendaritzak eta Osasun Sailak babestutako bertsioari; izan ere, orain arte adierazi dute irregulartasun puntualei buruz ari ginela beti, eta inork ez zuela horien berri izan.

Herri-akusazioak, Neurokirurgiako eta Neurofisiologiako LEPen azterketen emaitzetan agerian geratzen ziren anomalia deigarriak eta kointzidentzia susmagarriak aztertu ondoren, Jose Antonio Elexpuru, Bilbao Basurtoko ESIko Neurokirurgiako zerbitzuburua, eta Eduvigis Alvarez, Arabako ESIko Neurofisiologiako zerbitzuburua, ikertuak izateko eskatu zuen.

Bi kategoria horietako zantzuen kopurua ikusita (emaitzetan ezin azalduzko aldeak, bi espezialitate horietan oposiziogile onenak prestatu diren zentroak bat etortzea, Osakidetzako Zuzendaritzak bi pertsona horiek oposizioaren kudeaketan parte hartzeko izendatzea, etab.), Epaitegiak, 2019ko azaroaren 25eko probidentziaren bidez, Elexpuru eta Alvarez ikertu gisa deklaratzea erabaki zuen, 2020ko urtarrilaren 21eko data zehaztuta.

Elexpuru eta Alvarezen defentsak (ikertutako beste batzuen defentsarekin bat datorrena) deuseztasun-gertakari bat planteatu zuen zitazioak baliogabetzeko eta prozeduraren garapena oztopatzeko.

LABen akusazioak eta Fiskaltzak alegazioak aurkeztu zituzten aipatutako intzidentearen aurrean, eta Epaitegiak, 2020ko martxoaren 17ko autoaren bidez, alegazio horiek onartu ditu, deuseztasun-eskaera ezetsiz, eta berriz ere erabaki du ekainaren 9an, 10: 00etatik aurrera, Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegian, Elexpuru eta Alvarezek ikertu gisa deklaratu beharko dutela.
 

 

 

Lan heriotzen odolusteak ez duela etenik salatu dugu Beasainen eta Santurtzin

Konfinatuta dagoen Italiako Zirkuko langile bat hil zen asteartean, Beasainen. Lan heriotza salatzeko, Beasainen bertan mobilizatu gara goizean, gehiengo sindikalak deituta. Asteazkenean, ordea, beste langile bat hil zen Bilboko Portuan. Bertako enpresa batzordeek elkarretaratzera deitu dute eguerdirako; estiba, Bilboko Portuko Agintaritza, amarradoreak eta barruko trafikoan ibiltzen diren langileek, alegia. Portuko sarreran izan da elkarretaratzea, Santurtzin. Aurten jada 33 langile hil dira, gutxienez; 3, aste honetan bertan.



 

 

 

Arcelor Mittaleko ABEEE salatuko dugu auzitegietan

0

Enpresak ABEEEren negoziazio mahaiaren beste bilera batera deitu bezperan, LABek iragarri nahi du ABEEE auzitegietara eramango duela, Lan Ministerioari oposizio txostena aurkeztu ondoren. LABek ez du ABEEE berri honen beharrik ikusten. Enpresak ez du inoiz egiaztatu COVID-19ak enpresaren egoeran izan duen eragina. Eta hori ez du LABek bakarrik esaten, sindikatu guztiok salatu dugu jendaurrean.

Komeni da gogoratzea azken urteetan enpresak lortutako irabazi handiak, hedapen politika mundu mailako enpresen erosketarekin, Ilva italiarra eta Essar Steel indiar enpresa kasu. Arcelor Mittal estatuko enpresa bakarra da ABEEE bat aplikatzen 11 urtez jarraian, gaur egun indargabetuta dagoen legedia bati esker. ABEEE iruzurrez erabili du, enpleguaren erdia baino gehiago suntsituz Euskal Herrian eta 4.000 lanpostu baino gehiago estatu osoan.

Duela gutxi, enpresak publikoki onartu behar izan du ezin dela ABEEE aplikatu Euskal Herriko zenbait lantokitan, normaltasunez lanean ari direlako, baina ABEEEn lantoki zein langile guztiak sartzen dituzte.

Beraz, arrazoi asko daude ABEEE berri honi ezetz esateko. Ez dezagun ahaztu baldintza okerragoak ekarriko dituela langileentzat. Eta horiei guztiei beste bat gehitu behar zaie, negoziaziorako fede txarra. Enpresak negoziazioa amaitutzat eman eta ABEEE aldebakarrez aplikatuko zuela iragarri ondoren, Asturiaseko komunikabideen bidez ezagutu dugu ABEEEren ustezko negoziazioa eta haren eduki zehatzak, negoziazio-batzordea alde batera utzita. Enpresaren jarduteko modu hori ez da berria, baina, hala ere, oso larria da. Enpresak estatu-esparrua erabiltzen du indar-korrelazioa aldatzeko eta euskal langileei ziurgabetasun eta prekarizazio handiagoa eragiten dieten erabakiak inposatzeko. Euskal lantokiak trukerako txanponak dira beti, eta euskal langileak dira sakrifikatuak. Enpresak “legezkotasun barniza” eman nahi dio fartsa horri, orain ABEEEren negoziazio-mahaira deituz, itxuraz beste esparru batzuetan negoziatu eta hartutako erabaki bat formalki jasotzeko.

LABek ez du gure eskubideak baztertzen eta urratzen dituen fartsa hori legitimatuko. Euskal lantokientzat esparru propioa behar dugu. Euskal langileen eskubideak defendatuko ditugu. Gure lantokien etorkizuna defendatuko dugu.
 

 

 

Exijitzen dugu Bizkaibuseko kabinetan eskuz ez ordaintzea

0

LABek eskaria erregistratu du Bizkaiko Foru Aldundian Bizkaibuseko kabinak berriro zabaldu behar dituztenean. Sindikatuak eskatu du “modu prebentiboan eskuz ordaintzea bertan behera uztea”, ohikoa izaten ari den bezala, momentuz, autobusa ordaintzerakoan.

Aipatutako eskaria beharrezkoa da, COVID-19aren kutsaketa eta hedapena eragozteko modurik onena arriskua ahalik eta gehien gutxitzea delako eta kobraketa kreditu txartelaren bidez egin baitaiteke.

Txartel bidez ordaintzeko datafonoak jartzea, 2013 eta 2014an Bizkaibusen egondako gatazkan zehar sindikatuek eskatutako zerbait da, eta ordutik hona Aldundiak ez ditu Bizkaibuseko kabinetan ez hau eta ez beste hainbat hobekuntza martxan jarri. Gaur egun, asko dira zerbitzu hau ez duten kabinak, hortaz, berriz martxan jartzen direnerako datafonoak izatea exijitzen dugu.

Langile eta erabiltzaileek ez dituzte Aldundiaren geldotasunaren ondorioak ordaindu behar. LABek uste du kabinak berriro zabaldu behar direla, baina segurtasun neurri guztiekin, eskuz egindako ordainketek birusaren hedapen eta kutsaketan lagundu baitezakete.

Zertarako balio du maskara edo eskularruak erabiltzeak, birusa kabinetan geratzen diren txanponetan baldin badago? Zertarako balio du maskarak erabiltzera behartzeak gero eskuz ordain badezakegu, birusa izan dezaketen txanpon eta bileteak gure boltsikoetan sartuz?

LABek espero du, autobusetan eskuz ordaindu ezin daitekeen modu berean, bere eskaria onartua izatea. Horrela ez bada, eskuz ordaintzeagatik egon daitezkeen kutsatzeak diruz ordaintzea ahalbidetu dutenen erantzukizuna izango dira.
 

 

 

SEPEk langile prekarizatuenak zigortzen dituela salatu dugu Bilbon

SEPE (Servicio Público de Empleo Estatal) langile prekarizatuenak, hau da, jardun partziala izateagatik kontratu bat baino gehiago dituztenak, zigortzen ari dela salatu nahi dugu. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dugu Bilbon SEPEk duen egoitzaren aurrean, “Diskriminaziorik ez. SEPEk lapurtu egiten digu” lemarekin.

Aurreko astean salatu genuen SEPE langile prekarizatuenak zigortzen ari dela. Gaur, SEPEn sartutako salaketa egin dugu publiko:

Lotsagarria da berriro ere langile zaurgarrienak, babestu ordez, zigortzea. Lotsagarria da SEPE langile zaurgarrienen langabezia prestazioaren kalkuluan “erratzea”.

Zigor hau kasu konkretu batean ematen da: jardun partziala izategatik, kontratu bat baino gehiago dutenen kasuan.

Egoera hauek ez dira kasualitatea. Langile hauek, soldata duin batera hurbiltzeko, derrigortuak daude lan kontratu bat baino gehiago izatera. Langile hauek, alarma egoera honetan, kontratuetako bat ERTE bidez suspenditua izan dute, baina beste kontratua mantendu dute, oinarrizko lanak gauzatzen dituztelako.

Langile hauen gehiengoa, beraz, emakumea da, derrigorrezko jardun partzialetan dagoena, miseriazko soldataren truke kontratu bat baino gehiago izatera derrigortua eta alarma egoeran kontratu bat oinarrizko lanak gauzatzeagatik mantendu duena da.

Berriro diogu, hau ez da kasualitatea. Patriarkatua da. Langile hauei egunero txalo egin zaie, baina langile hauek ez dira txaloetaz bizi.

Gaur hemen egoera salatzearekin batera, SEPEri "akats” hau berehala konpontzeko eskatu diogu, sartu dugun idatzia aintzat hartuz. Aukera bakarra emango diogu. Ekaineko ordainketan langile hauen prestazioak zuzendu ez badira, salaketa indibidualen bideari ekingo diogu.

Hala, jardun partzialetan lan-kontratu bat baino gehiago dituen langileei, kontratu bat langabezian eta bestea mantendu duen kasuetan, ekaineko ordainketan egoera aldatu ezean, LAB sindikatura hurbiltzeko deia egiten diegu.
 

 

 

Salatzen dugu Ambuiberica beren bizitza gugatik jokoan jarri duten langileak kaleratzen ari dela

0
Ez gara isilduko. Gure lankideen alde borrokatuko gara, eta zerbitzu publiko bat azpikontratatzearen ondorioak zeintzuk diren kontatuko dugu: Euskal Herriaren osasuna saltzea HTG taldeko enpresa zikinen poltsikoak betetzeko.

Ambuibericak, berriro ere, bere langileak kaleratu ditu eta diruaz aparte ez zaiola ezer axola erakutsi du. Enpresa abokatu-bulego batek kudeatzen du, eta honen helburua ahalik eta errentagarritasun handiena lortzea da, pazienteen eta langileen gainetik, LABek behin eta berriz salatu duen bezala. Bizi dugun osasun-larrialdi egoeran ere, Ambuibericak eta haren zuzendariek ez dute zerikusirik beren langileen sakrifizioarekin; izan ere, langile horiek ondo aritu dira lanean, eta beren osasuna arriskuan jarri dute, askotan nahikoa ez diren babes-bitartekoekin. Hala ere, hauek kaleratu eta merkeagoak diren beste langile batzuekin ordezkatzeko asmoa dute, kromoak izango balira bezala.

Langile hauek praktiketan kontratatu ziren, nahiz eta egiturazko lanpostuak betetzen egon. Hala, Ambuiberica eta HTG taldea langileen nominaren % 40raino lotsarik gabe lapurtzen aritzea ahalbidetuz.Horrela, hilabetez hilabete, gu zaintzen gaituztenen diruarekin geratu dira, gainerako lankideen lan berbera egin arren. Enpresak, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren partida ekonomiko bera kobratzen jarraitu du. Jaurlaritzak ondo baino hobeto ezagutzen du egoera hori, baina nahiago izan du beste alde batera begiratu, Confebasken beldur. HTG talde osoaren ohiko praktika da, eta hil amaieran nomina ordaintzen dizuna salatzeak sortzen duen beldurraz baliatzen da. Langileek nahiago dute isilik egon eta beren kontratua berrituko dutela uste izatea, baina errentagarri izateari uzten diotenean, zakarki kaleratuko dituzte.
 

 

 

Lan erreforma osoki derogatzea ekarri duen akordioa betetzeko borrokatuko dugu

Lan erreformaren derogazioa geltoki garrantzitsua izanik ere, LABen azken helburua euskal langile guztiei lan duina bermatuko dien lan harremanetarako esparru propioa dela gogorarazi nahi du. Euskal Herriko langileon lan baldintzen, pentsioen edo zerbitzu publikoen inguruko erabakiak Euskal Herrian bertan har daitezen, burujabetza osoa aldarrikatzen dugu.

PSOE, Podemos eta EH Bildu alderdiek lan erreforma osoki derogatzeko akordioa egin zuten Espainiako Kongresuan. Gertakari garrantzitsu honen aurrean, LAB sindikatuak zera adierazi nahi du:

• Lan Erreformaren derogazioa euskal langileon lan baldintzak okertzeko tresna nagusietako bat izan da azken zortzi urteetan. 2012an gehiengo sindikalak Greba Orokorra deitu zuen haren kontra eta gerora Estatu osoko sindikalgintza batu zen Greba horretara. Geroztik asko borrokatu gara lan erreforma Euskal Herriko hitzarmenetan ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinaren alde egindako Greba Orokorraren aldarrikapen taularen puntuetako bat ere bazen lan erreformaren derogazioa.

• Euskal langileok 2012ko lan erreforma derogatzearen alde borrokatu dugu, eta atzo Madrilen lortutako akordioak langileentzat hainbeste galera ekarri zuen akordioa bertan behera osoki uzteak langile klasearen garaipen bat dela esaten dugu. Bizi dugun lan prekarietatearekin amaitzeko hartu beharreko erabaki bat da, euskal langilegoa eskertzen duena.
Akordio honek agerian uzten du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) eratzeak lehentasunezko premia bat dela, eta burujabetza osoa lortzea beharrezkoa dela, Euskal Herrian bertoko egoera sozio laboralei bertoko tresna eta ikuspuntuarekin aurre egin ahal izateko, inongo injerentziarik gabe.

• Akordio honek erakusten du Euskal Herrian badagoela bere indarra Madrilen euskal langileen alde erabiltzen duen alderdi bat, langileok eta sindikatuok aldarrikatzen ditugun beharrak kontutan hartzen dituena. Aldiz, EAJk Confebasken interesak defendatzeko, AHT aurrera eramateko eta bere interes propioak asetzeko baino ez du Madrileko akordioak erabiltzen.

• LABek atzoko akordioa, hau da lan erreforma osoki derogatzea, betetzeko borrokatuko du, jakin badakigulako Estatu eta Euskal Herriko patronalak, botere ekonomikoak eta eskuineko alderdiek presioa egingo dutela akordio hau zapuzteko, atzo gertatu moduan PSOEren aklarazioa behartuz. Estatuko Gobernua eta hau osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos-ek dira akordioa gauzatu behar dutenak, eta LABetik exijitzen diegu adostutakoa betetzea eta lan erreforma osoki bertan behera uztea.

Horrekin batera Zapateroren Gobernuak 2010ean onartutako negoziazio kolektiboaren erreformaren derogazioa ere aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko du, honek bidea ireki baitzuen estatuko lan hitzarmenek Hego Euskal Herrikoen aurretik lehentasuna izateko aukerari.

• Erakunde autonomiko, foral eta lokalak COVID19ak sortutako ondorioei baliabide gehiago izateko aukerak ere aurrera pauso bat dela uste dugu, egoera hau gaizkien pairatzen ari direnei laguntzeko bide ematen duena.

• EAE eta Nafarroako autonomia elkarteen zorpetze mailak beraien egoera finantzieroen arabera ezartzeak, hainbestetan aldarrikatu dugun esparru propioaren bidean doan neurri bat da, bertatik hartutakoa eta bertako egoeran oinarritutakoa, eta ez Estatuaren egoeraren araberakoa.