2026-01-29
Blog Page 520

Hautsi ditzagun konfinatutako identitateak! Etxe, kale eta lantokietako fobiak suntsitu!

Maiatzaren 17a lesbo-, homo-, trans- eta bifobiaren kontrako eguna da. Salbuespen egoera honek are gehiago konfinatuarazi gaitu asko, sexu aniztasuna askatasunez bizitzeko genituen apurrak desagertuta. Etxeak arrotz eta etsai, LGBTIQ+ pertsonentzako prozesuak paralizatuta, zerbitzu publikoetarako sarbidea etenda… heteroaraua erdigunean duen konfinamendu eredu honek LGBTIQ+fobia kasuak etxean, lanean eta kalean areagotzea besterik ez dakar.

Behin baino gehiagotan salatu dugu, covid-19ak ekarritako krisi hau ez dela berria, askatasunez bizitzeko aurretiaz genituen baldintza, aukera eta zerbitzuak oso mugatuak eta urriak zirela. Argi daukagu: gure gorputz eta identitateak behin eta berriz erasotzen, urratzen eta zapaltzen dituen sistema zisheteropatriarkala da birusa, eta beraz, ez, ez dugu normaltasunera itzultzeko asmorik. Eta ez dugu nahi ere estatu zapaltzaileen garbiketa bilatzen duten normaltasun berririk, kapitalismo arros, more, berde ez ortzadarrik.

Oso kezkatuta gaude lan eremuan hartutako neurriek, beste behin ere, kolektibo zaurgarrienak eta bazterrekoak kolpatzen dituztelako gehien. Halaxe ikusten ari gara: LGTBIQ+ pertsona askok lana galdu dute, sexu-langileenganako bazterkeria muturrekoa izaten ari da, eta oro har, lan munduaren ezegonkortasun eta segurtasun eza handiago denez zein beldurra erraietaraino sartu digutenez, lantokietan askatasunez bizitzera ez gara ausartzen, LGTBIQ+ pertsonek eta emakumeek pairatzen dugun soldata arrakala izugarri handitzea eragiten ari da, eta azkenik, aurrez trans pertsonen langabezia tasa altuaren datu kezkagarria are gehiago larriagotzen ari da.

Enpresek gure aniztasun sexualarekiko inongo diskriminaziorik eman ez dadin baldintzak bermatzeko derrigortasuna dute. Beraz, kaleratze gehiagorik ez, pertsona transen lanerako sarbidea bermatzeko eta soldata arrakalarekin amaitzeko politikak martxan jartzea exijitzen dugu, eta hala dela ziurtatzeko gainean izango gara. Ez dugu onartuko osasun krisiaren aitzakipean enpresen ezkutuko eraso Lesbo-Homo-Trans-Bifoborik!

Gainera, egoera hau larriagotuko duten neurriak iragartzen ari dira jada instituzio publikoetatik, aurrekontuetako gastu sozialak indartzea tokatzen den honetan, zerbitzu publikoak eta beraz, berdintasunerako eta LGBTIQ+ fobiaren aurkako politiketan murrizteari ekingo baitiote. Onartezina da. LABen argi dugu krisi anizkoitz honi erantzuteko eta betikook ordain ez dezagun, gaur ezinbestekoa dela ikuspegi intersekzional batetik antolattu eta erbakiak hartzea, eta etxe, kale eta lantokietan sexu eta genero askatasuna bermatuko duten neurriak martxan jartzea.

Era berean, sistema kapitalista heteropatriarkalaren beldurraren hedapen eta gorrotoaren sustapenaren birusaren aurrean, elkartasun sareak, elkarren zaintza, langile antolakuntza, ekintza kolektiboa, proiektu askatzaileak eta bizitza erdigunean jartzeko harremanen goxotasun beharra sentitzen dugulako lanean eta borrokan jarraituko dugu.

Lan munduan ere sexu aniztasuna askatasun osoz!
 

 

 

Borrokan dauden Asturieseko EBHI enpresako langileekin elkartasuna

0
LAB sindikatutik beren eskubideen aldeko borrokan dauden EBHIko langileei elkartasun eta babes ohar hau helarazten diegu. Distantzia geografikoak eta pandemia garaian mugitzeko ezintasunak urrun mantentzen gaituen arren, borroka hau gurea balitz bezala sentitzen dugu, eta horregatik gure babes osoa bidaltzen dugu.

Pasa den maiatzaren 13tik EBHI enpresako lau langile lantegi batzordearen geletan itxialdian daude, eta enpresak harturiko neurrien kontra protesta egiteko gose grebari ekin diote. Egoera honetan enpresak aldebakartasunetik langileen eskubideak urratuko dituen erregulazio espediente bat aurkeztea onartezina dela deritzogu. Are okerragoa deritzogu, egoera hau iraganean langileekin harturiko konpromisoak apurtzeko aprobetxatzea, neurri hauek zazpi langileen kaleratzea eta etorkizunean lantegiko langile kopuruaren jaitsiera suposatuko duelako.

LAB sindikatutik Asturieseko gobernuari, Industria, enplegu, eta garapen ekonomikoaren kontseilaritzatik gatazka honetan bitartekari lana egiteko eskatzen diogu, enpresak harturiko konpromisoak apurtu ez ditzan, eta langile kopurua egonkortu dezan 2019 eta 2020-ko birjartze tasa denboraz eta modu egokian eskatuz.

Lau langilek EBHIko langileen nahiz langile klasearen lanpostuak eta etorkizun bat defendatzeko gose grebari ekin diote. Hartu daitekeen protesta modurik gogorrena eta zailena da,, etorkizun duin baten alde haien bizitza arriskuan jartzen ari baitira.

Argi daukagu kapitalak krisi sanitario hau eskubide laboral eta sozialak murrizteko erabiliko duela, eta murrizketa horiek inposatzeko oinarrizko eskubideen urraketan sakonduko duela. Sistema kapitalistaren krisia gainditzeko kapitalismo gehiago behar dugula sinestarazi nahi digute, baino guk ipuin hori ez dugu sinisten.

LAB sistema birformulatzeko operazio berri hau errefusatzen dugu, azken finean helburua langile klasearen eta herrien zapalkuntzan oinarritzen den erregimenaren biziraupena bermatzea helburu duelako. LABek bizitzea egokitu zaigun errealitate hau eraldatzeko borrokan jarraituko dugu. 2008-ko krisian bezala langile klaseak krisia ordaintzea ez dugu onartuko. Erakunde eta gobernuen betebeharra gatazkei konponbidea bilatzea eta pertsona guztien bizitza duina bermatzea da, eta EBHI-n bizi duten gatazkan ezin dute beste aldera begiratu.
 

 

 

SEPE langile prekarizatuenak zigortzen ari da

LAB sindikatuak gogor arbuiatzen du egoera hau. Horregatik, datozen egunotan LABek SEPEri langile hauen egoera ofizioz berrikusi dezan exijituko dio. SEPEk ekaineko ordainketan egoera hau konponduko ez balu, afiliatuei eta orohar enplegu asko dituzten langileei, sindikatura hurbildu eta erreklamatzeko deia egin eta bideak eskainiko dizkiegu. Ez dugu onartzen langile zaurgarrienak bi aldiz zigortzea.

Bizi dugun osasun-krisiaren ondorioak prekarizatutako langileak ari dira bortitzen pairatzen. Lana galdu dute euretariko askok eta beste batzuk ERTEan daude. Miseriazko langabezi prestazioak jasotzen ari dira, beraien bizitza era duin batean aurrera eramatea bermatzen ez dutenak.

Hau gutxi balitz, Berriz ere, langile prekarizatuenak direnak, jardun txikiak izatearren hainbat enplegu izatera behartuak daudenak, eta ABEEEtan ikusi dutenak euren burua, beste neurri prekarizatzaileagoak ezarri zaizkie. SEPEk euren diru sarrerak kontutan hartu beharrean, jardunaldien araberako kalkulu bat egiten die, dagokiena baina askoz gutxiago ordainduz.

Egoera honetan daude derrigorrezko jardun txikiekin dauden langileak, normalean sektore feminizatuetakoak, jangeletakoak, garbitzaileak, kiroldegietakoak…. Langile hauek, sistemaren prekarizazioa jasatearekin gutxi ez balitz, orain, zerbitzu publikoaren zigorra jasan behar dute.
 

 

 

Elkarretaratzea egin dugu Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Hezkuntza Kontseilariaren agerraldiaren harira

0

Nafarroako hezkuntza publikoan zein itunpekoan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok ez dugu baldintzarik ikusten aurrez aurreko hezkuntza-jarduerara itzultzeko.


 

 

 

Gurutzetako Ospitaleko zelariek elkarretaratzea egin dute, pandemiaren hasieratik babesik gabe egon direla salatzeko

0

Covid-19ren osasun-krisian, Gurutzetako Ospitaleko zelariak ahaztuta, diskriminatuta eta bigarren mailako langiletzat hartuta sentitu dira. Egoera kudeatu dutenen errespetu falta eta arduragabekeria salatzeko, mobilizazio bateratua egin dugu Gurutzetako Ospitalaren atarian bertan.

Hauxe da gaurko elkarretaratzearen harira egindako ohar bateratua, LAB, ESK, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok sinatuta:

Covid-19ren osasun-krisian, Gurutzetako Ospitaleko zelariok ahaztuta, diskriminatuta eta bigarren mailako langiletzat hartuta sentitu gara. Egoera hau kudeatu dutenen errespetu falta eta arduragabekeria horrek hurrengoa salatzera garamatza:

1. Gure kolektiboak positiboen ehuneko handia duela, beste kategoria batzuen gainetik.

2. Jarduera-protokoloetan ‘arrisku txikiko langiletzat’ jotzen gaituztenez, babesik gabe egon gara pandemiaren hasieratik. Norbera babesteko ekipoak (NBEak) ukatu dizkigute, eta gure lanari aurre egiteko unitateetan eskean ibili behar izan gara.

Gure lanagatik zelariak lehen lerroan gaude koronabirusaren aurkako borrokan, pazientearekin harreman zuzena baitugu. Larrialdietan gaixo egon daitezkeen pertsonak hartzen lehenak gara, jarreraaldaketak egiten ditugu, baita mobilizazioak ere, ospitaleko barne-lekualdaketak egiten ditugu eta gaixoa zaintzen laguntzen dugu. Zelariak gaixoarekin ia harremanik ez duela adierazi nahi duten arren, asistentzia prozesuaren pieza guztiz integratu eta funtsezkoa gara.

Nola liteke hau onartu izatea? Gure nagusiek ez al dakite zer lan egiten dugun?

3. Ia bi hilabetez, kokapen, tamaina eta aireztatze-sistema desegokia dituen lokal batean lan egin behar izan dugula, krisiaren aurretik zalantzan jar zitekeena, eta erreteneko zelariek kutsatzeko izan duten arrisku handia agerian utzi duena.
Lan-eremu horretan ezinezkoa izan da nahitaezko segurtasun-distantzia errespetatzea, kutsatzeko arriskua areagotzen zuen aireztapen-sistema batekin, eta transmisio-bektore bihurtuz, gure lana unitate guztietan egiten baita.

Egoera onean dagoen lanpostu bat izatea kolektibo honen aldarrikapen zaharra da, eta behin eta berriz atzeratuta ikusten duguna.

Ospitaleko beste kategoria batzuekin alderatuta, gure kolektiboak positibo ugari izateak, sinadurak biltzera eta maiatzak 15, goizeko 11:00etan, kontzentrazio bat egitera bultzatu gaitu dugu, gure egoera salatzeko eta egoera horiek errepikatu ez daitezen eskatzeko. Langileen eta pazienteen bizitza eta segurtasuna horren mende dago.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu:

-Gure kolektiboa “arrisku txikikoa” dioen baieztapena protokoloetatik kanpo uztea, eta egiten dugun lana onartzea.

-Behar diren segurtasun, aireztapen eta osasungarritasun baldintzak beteko dituen eta gure lana duintasunez egiteko aukera emango digun zelari-erreten lokala lehenbailehen bilatzea. 

-Larrialdietako zelarien lokala zabalago egitea, gure lana segurtasunez egin ahal izateko, orain dela gutxi egin zen handitzea ez baita nahikoa. 

-Zentro publiko honetako langile eta pazienteen segurtasuna arriskuan jarri duten kudeaketa tamalgarria eta arduragabe horren arduradunek erantzun eta dimititzea.

Salatutako gertaeren larritasunak eta planteatutako eskarien justiziak aski dela esatera behartzen gaitu. 
 

 

 

Kristau Eskola eta AICE-IZEAren negoziazio-borondate falta eta hitza behin eta berriro ez betetzearen aurrean, mobilizatzera deitzen dugu

Testuinguru honetan panorama iluna da. Patronalek hitza ez betetzeari eta negoziatzeko borondate ezari, Osasun krisi honetan diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe batzuk langileei ABEEEak inposatu dizkietela gehitu behar zaio, beraien kontura negozioa eginez. Horrek guztiak erakusten du mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa dela, egoera hau ezin baita gehiago jasan. LABek, bere aldetik, hurrengo astean mobilizazioak egingo ditu eta beste sindikatuei dei egiten die horietan parte hartzera.

Gaurko egunez, maiatzaren 15ean, orain dela hamabost egun sindikatu guztiok eta patronalek horrela adostuta, lan hitzarmeneko mahaia egin behar genuen bi gairen inguruan: Lanbide Heziketako langileen lan-baldintzak eta lanpostua galduko duten langileen birkokatzeko lan-poltsaren prozedura.

Azken aldi honetan, LABentzat behintzat ohikoa bihurtzen ari den bezala, Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk patronalek sektoreko langileei errespetu falta ikaragarria erakutsiz, eskuartean dugun gaiaren eta egoeraren neurrira egokitzen ez den aitzakia erabiliz, hirugarren aldiz lan hitzarmeko mahai bertan behera utzi dute.

Gogoratu behar dugu sektoreko langileek 29 greba egun egin zituztela ELA, STEILAS eta CCOOk sektoreko patronalekin aurreko azaroan akordio bat sinatu arte.

Momentu horretan, akordioak gabezia handiak zituela eta patronalek benetan sinatutako beteko zutela ziurtatzeko berme gutxi zuela esan zuen LABek. Beste batzuek, aldiz, historikotzat saldu nahi izan ziguten aipatutako akordioa, momentuz ez dena betetzen ari:

-Urtarriletik aurre-erretiroa har zezaketen langile batzuk errendimendu osoz jarraitzen dute lanean, patronalek ez dituztelako erretiroak kudeatzen.

-Ikastetxe batzuetako langileek ez dute oraindik ere urte hasieratik jaso behar zuten soldata-igoera jaso.

-Osasun krisi honen ondorioz bukatzear dagoen ikasturte honetan lanpostua galduko duten langileak birkokatzeko benetako birkokapen prozedurarik ez dago, eta horren ordez martxan jarri nahi zuten lan-poltsako prozedura ere zalantzan dago.

Akordioa kolapso egoeran egoteaz gain, hitzarmen berriaren negoziazioa adarjotze bat izaten ari da. Mahaiak behin eta berriro bertan behera geratzen ari dira pisuzko arrazoirik gabe, patronalek negoziazio mahai ezberdinetan aurkeztutako proposamenak hutsune handiak dituzte, langileek gaur egun dituzten eskubideetan atzerapausoak baino ez dituzte jasotzen eta sektoreko langileek dituzten beharrei ez diete erantzuten aldarrikapen historikoak bete gabe utziz.
 

 

 

Espazio autogestionatuak funtsezkoak dira eraldaketa sozialaren bidean

0

LAB sindikatutik, koronabirusaren salbuespenezko egoera baliatuta, azken egunotan Gasteizko Talka espazio feminista, Añorgako Firestone lantegi berreskuratua eta Getxoko Itzubaltzetako gaztetxean eman diren huste zein prozeduren abiatzeak salatu eta gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu proiektu eta espazio autogestionatuak aurrera eramaten dabiltzan Euskal Herriko gazte, feminista eta bizilagun guztiei. Halako erasoaldiaren ostean, garrantzitsua iruditzen zaigu ekimen herritarren aldeko konpromisoan berrestea, eta adieraztea, hain zuzen, gure lurralde, gorputz eta identitateez bortizki desjabetu nahi gaituzten honetan hori dela borrokarako bidea.

Osasun krisiaren aitzakiapean, EAJk proiektu herritar eta autogestionatuen aurkako eraso bat bestearen atzetik agindu duela ikusten ari gara, eta hain zuzen ere, bizi dugun une erabakior honetan, honelako proiektuek betetzen duten paper garrantzitsua aitortu eta berresteko unea dela uste dugu. Urkullu, Urtaran, Agirre eta Goia kapitalismoaren eta elite ekonomikoen aldeko bortizkeria politikoa sustatzen ari direnean, beldurra hedatu eta gehiegikeria polizialak justifikatuz, orain proiektu askeen, kolektiboen eta espazio autogestionatuen eta lantegi berreskuratuen are behar gehiago dugula azpimarratu nahi dugu, zapalkuntza oroz gaindi, herri gisa antolatzeko, ahalduntzeko eta euskal langileria are itoago nahi gaituen kapitalismo heteropatriarkalaren aurrean alternatibak ereiteko haziguneak direlako.

Beraz, dei egin nahi diegu euskal herritarrei salbuespen egoera honetan bizitzen ari garen eskubideen urraketen aurrean, ekintza kolektiboa eragotzi nahi diguten honetan, autoritarismoaren eta kapitalaren hazkundearen aurrean, proiektu hauek babesteko deialdiekin bat egitera. Defenda ditzagun guztion bizitzak bizigarri eta duinak izateko funtsezko balioak eta proiektuak, aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko indar bilakatuz. Bizitza erdigunean jartzeko espazio eta proiektu askak eraikitzen jarraituko dugu. Parean izango gaituzue!
 

 

 

Lan Ikuskaritzari eskatu diogu UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren jarduera presentzialera itzultzea gelditzeko

0

LABek UPV/EHUn duen atal sindikalak salaketa aurkeztu zuen atzo goizean Bizkaiko Lan Ikuskaritzan. Bertan, eskatzen dugu unibertsitatearen Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) jarduera presentzialera itzultzea geldiaraztea, harik eta salatutako eskubide-urraketak konpontzen diren arte eta langileen osasunerako eta segurtasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzen den arte.

Salaketan, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren ondorioz hartutako hainbat erabaki gogoratzen ditugu, eta hartutako erabaki gehienak sindikatu eta lan-osasun ordezkarien zein Lan-Segurtasun eta Osasun Batzordeen aldez aurretiko parte hartzerik eta ezagutzarik gabe jarri direla indarrean salatzen dugu.

Era berean, gerentziari eskatutako hainbat informazio ere ukatu egin zaigula adierazten dugu eta, bide batez, salatu egiten dugu administrazioak sortarazitako nahasmena langileen artean, batzuk maiatzaren 11tik bertatik lanera joateko deituak izan baitziren, lanik ez zegoenean antolatuta.

Ildo beretik, UPV/EHUk talde kalteberen langileekin izaten ari den jokabidea salatzen dugu, besteak beste, errektoreak berak onartutako lehen Itzulera Planean jasotakoa ez baita betetzen ari, hots, aurrez aurreko lanera itzultzekotan, talde horietako langileak izango zirela azken txandan bertaratuko zirenak eta telelanean jarraitzeko lehentasuna izango zutenak. Hori bera salatu genuen astelehenean ere gerentearekin izandako bilera “ez formalean”.

Aipatzekoa da, iragan asteleheneko bilera goizeko 11:30ean hasi zela eta gerentearen azken erabaki-proposamena 8:49an jaso genuela sindikatuetako kideok. Deialdia bera ere, ez zuen bete horrelako bilerak deitzeko gorde behar den aldez aurreko denbora-tartea.

Bilkuran, LABek bere ezinegona adierazi zuen guzti horregatik, eta duela gutxi publiko egin ditugun aldarrikapen nagusiak defendatu genituen. Sindikatuoi ez zitzaigun eman ezta, aurreko baten bezala, 24 orduko epea proposamenak egiteko. Eta berriro bildu gabe, atzo argitaratu du UPV/EHUk gerentearen azken erabakia, AZPko langileak aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana “eguneratzeko” dena.

Bilerak, hala ere, bizpahiru gauza argi geratzeko balio izan zuen: Lehenik eta behin, UPV/EHUko errektoreak ez duela ezelako asmorik langileon osasun egoera testeatzeko, ez premiazko zerbitzuetan egondakoak, ez kalteberak diren taldeetakoak, ez aurrez aurreko jardunera itzuli beharko direnak. Gerentearen esanetan, “behartzen ez gaituztenera arte”, behinik behin.

Bigarrenik, ikastegi, zerbitzu, sail eta unitate ezberdinetako berezko itzulera planak ez direla aldez aurretik jarriko lan-osasun ordezkarien esku, ezta Lan-segurtasun eta Osasun Batzordeen esku ere. Eta plan horiek balioztatu eta onartzea, gerentearen beraren esku geratuko da. Beste behin ere, langileoi eta lan-osasun ordezkariei zein batzordeei dagozkien eskumenak kontuan hartu gabe.

Hirugarrenik, SARS-CoV-2 birusarekiko kalteberak diren langileak gaur, lehen txandan, sartuko direla lanera baieztatzeko balio izan zuen, eta hori onartezina iruditzen zaigu, besteak beste, aurretik esandakoa gezurtatzen duelako eta ez delako kontuan hartzen haien lanpostuetan dituzten baldintzak eta zereginek osasunean eragin dezaketen kaltea.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi UPV-EHUk haien jardunerako lan-arropa erabiltzen duten langileek (mantentze zerbitzuko langileak, kasurako) bere etxera eraman dezatela garbitzera nahi du, hots, birusa etxera eramateko aukerari ateak parez pare zabaltzen dizkio, horiek garbitu eta desinfektatzea enpresaren ardura izan behar denean, noiz eta arrisku biologiko baten aurrean gaudenean. Zur eta lur geratzeko moduko “prebentzio” neurria, alajaina.

Halaber, ez gatoz bat administrazioak telelanaren eta kontziliazioaren aurrean duen jarrerarekin; izan ere, adierazi duenez, "nahitaezko betebeharrengatiko baimena" lehen hiru egunetarako baino ez zuen eman. Hiru egun horietatik aurrera haien defentsarako bide posibleak aztertzen ari gara. Era berean, ulertezina da unibertsitateko langile batzuek ikasturtea amaitu arte UPV/EHUn telelana egin ahal izatea eta beste batzuek bigarren hezkuntzako ikasturtea amaitu arte soilik egin ahal izatea. Dirudienez, UPV/EHUk aitona-amonek haurrak zaintzea nahi du.

Espero dugu Lan Ikuskaritzak, UPV/EHUren lan-arriskuei buruzko legezko eta erregelamenduzko ez betetzeak kontuan hartuta, gure eskubideak defendatzearen aldeko hautua egitea. Edonola ere, LABen ez dugu baztertzen gure eskubideak eta aldarrikapenak defendatzeko biderik.

 

 

 

Zerbitzuen murrizketa, hondatze eta pribatizazioa eta egoiliar eta langileentzako prebentzio- eta sendatze-neurrien falta salatzen dugu

LABen bat egiten dugu egoitzetako langileen, zerbitzuen erabiltzaileen elkarteen eta nagusi eta pentsionisten mobilizazio eta aldarrikapenekin, eta dei egiten dugu bizitza, lan-baldintza eta pentsio duinen alde lanean jarraitzera, lan-zentroetan zein kalean.

Konfinamendu eredu hau Kapitalaren neurrira antolaturiko salbuespen egoera da. Langile eta herri sektore zabalak babesgabe utzi eta gogor pairatzen ari garen itxialdia. Gobernu espainiarrak ezarritako alarma egoeraren bidez, estatua birzentralizatzen ari da, gure errealitateari hobe erantzuteko burujabetza inoiz baino garrantzitsuagoa den bitartean eta Nafarroako zein funtzioetan dagoen EAEko Gobernuaren geldotasunaren aurrean.

Azken asteetan asko hitz egin da pertsona helduen egoeraz eta alarma egoeraren baitan harturiko neurriek zer nolako eragina izan duen kolektibo honen bizitzatan. Neurriok hartzerako garaian, ordea, ez diote kolektibo honi ahotsa eman eta eskubiderik gabeko herritar gisa biktimizatu dituzte.

Zalantzarik gabe, pertsona helduak dira krisi sanitarioa gehien pairatu dutenak, heriotza kopuru altuena kolektibo honetako izaten ari delako. Datu bat aipatzearren, Hego Euskal Herriko hildakoen %40a bano gehiago zahar egoitzetan izan da. Hala ere, kontuan hartu behar da instituzioek datu horiek modu kontzientean ezkutatu dituztela, gizarteari informaziorako eskubidea ukatuz. Koronabirusaren erasoa pairatu dute, baina sistemaren krisia lehenagokoa da. Politika neoliberalak gidatu dituzte politika publikoak eta sistemaren aurretiazko murrizketak edota indarrean babes sozialerako ereduaren ondorioak zuzen zuzenean pairatu dituzte.

Pertsona helduak edota dependentzia egoeran bizi diren herritarrak zerbitzu sozial anitzen erabiltzaileak dira (eguneko zentroak, nagusien egoitzak, etxez-etxeko laguntza, udaletako zerbitzu sozialak… ), egoera honi aurre egiteko guztiz ez nahikoak izan diren zerbitzuak. Zentzu honetan, babes sozialerako eredua eta egin den kudeaketaren inguruko salaketa ozena egin nahi dugu, eremu honetan ere kapitalaren araberako neurriak nagusitu direlako. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak dira zerbitzu sozialak modu integralean garatzea eta jabetza eta kudeaketa publikoa ziurtatzea; azkeneko urteetan handituz joan da azpikontratazioan oinarritutako eredua. Horrek, langileen prekarietatea areagotzeaz gain, zerbitzuan ere defizit handiak dakartza, irabaziak lehenetsiz bizitzaren kaltetan.

Ezaguna den helduen egoitzetako langileen egoera prekarioari, bertako erabiltzaileen egoera latza gehitu beha zaio. Hilotzak pilatzen ari dira, zenbat diren ere oraindik ez dago argi eta udal batzuk egindakoa salbu (Errenteria kasu) ez da egon helduak babesteko ekimen instituzionalik. Ez haien baldintza ekonomikoak ziurtatzeko pentsioei begirakoak ez eta haien zaintzari begira.Aipatzekoa da, zentzu horretan, auzolanean sorturiko Zaintza Sareek egin duten lana pertsona helduen eta zaurgarrienen zaintza bermatuz.

Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak ezinbestekoa ikusten du pentsionisten mugimenduaren aldarrikapenak indartzea. Sistemaren krisi anizkoitz honi aurre egiteko, jendarte eredu berria behar dugu eta pentsionistek sustatu dituzten aldarrikapenak erdigunean kokatu behar dira, politika publikoak pertsonen beharrizanen arabera kokatuz:

-Zerbitzu sozial publiko integralak, behar propioei erantzungo dietenak, pertsona guztientzat irekiak izango direnak eta pertsona helduen gaitasunak zein autonomia sustatuko dituztenak.

-Osasun sistema publikoa indartzea.

-Dependentzia eta Zaintza Lege propioa EAE eta Nafarroan.

-Pentsio sistema propioa eta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa.

-Aldarrikapen guzti hauei orube politiko instituzionala emango dien Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua.