2026-06-17
HomeErrepresioaEspazio autogestionatuak funtsezkoak dira eraldaketa sozialaren bidean

Espazio autogestionatuak funtsezkoak dira eraldaketa sozialaren bidean

LAB sindikatutik, koronabirusaren salbuespenezko egoera baliatuta, azken egunotan Gasteizko Talka espazio feminista, Añorgako Firestone lantegi berreskuratua eta Getxoko Itzubaltzetako gaztetxean eman diren huste zein prozeduren abiatzeak salatu eta gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu proiektu eta espazio autogestionatuak aurrera eramaten dabiltzan Euskal Herriko gazte, feminista eta bizilagun guztiei. Halako erasoaldiaren ostean, garrantzitsua iruditzen zaigu ekimen herritarren aldeko konpromisoan berrestea, eta adieraztea, hain zuzen, gure lurralde, gorputz eta identitateez bortizki desjabetu nahi gaituzten honetan hori dela borrokarako bidea.

Osasun krisiaren aitzakiapean, EAJk proiektu herritar eta autogestionatuen aurkako eraso bat bestearen atzetik agindu duela ikusten ari gara, eta hain zuzen ere, bizi dugun une erabakior honetan, honelako proiektuek betetzen duten paper garrantzitsua aitortu eta berresteko unea dela uste dugu. Urkullu, Urtaran, Agirre eta Goia kapitalismoaren eta elite ekonomikoen aldeko bortizkeria politikoa sustatzen ari direnean, beldurra hedatu eta gehiegikeria polizialak justifikatuz, orain proiektu askeen, kolektiboen eta espazio autogestionatuen eta lantegi berreskuratuen are behar gehiago dugula azpimarratu nahi dugu, zapalkuntza oroz gaindi, herri gisa antolatzeko, ahalduntzeko eta euskal langileria are itoago nahi gaituen kapitalismo heteropatriarkalaren aurrean alternatibak ereiteko haziguneak direlako.

Beraz, dei egin nahi diegu euskal herritarrei salbuespen egoera honetan bizitzen ari garen eskubideen urraketen aurrean, ekintza kolektiboa eragotzi nahi diguten honetan, autoritarismoaren eta kapitalaren hazkundearen aurrean, proiektu hauek babesteko deialdiekin bat egitera. Defenda ditzagun guztion bizitzak bizigarri eta duinak izateko funtsezko balioak eta proiektuak, aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko indar bilakatuz. Bizitza erdigunean jartzeko espazio eta proiektu askak eraikitzen jarraituko dugu. Parean izango gaituzue!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.