2026-01-29
Blog Page 513

Osakidetzako EPEaren filtrazioak ikertzeko kasuak abiadura hartu duela eta guk eskatutako jarduerak aurrera dozela ikusteak pozten gaitu

Ana Jesus Zulueta epaileak auto bat kaleratu du LAB sindikatuak neurokirurgia epaimahaiburua inputatzeko, 24 pertsona lekuko gisa deklaratzen hasteko eta 2020ko ekainaren 9an eskatutako hainbat ofizio hasteko egindako eskaerak babesteko. Halaber, irekita uzten du Osakidetzaren zuzendaritza zaharra inputatzeko aukera, zilegi ez den elkarteagatik, kontratazioan iruzur egiteagatik eta sekretuak jakinarazteagatik, auto honetan erabakitako eginbideak egin arte.

LABek lekuko gisa eskatutako lekukotzak 24 dira guztira, eta epaileak deklarazioa hartzea erabaki du:

-José Muñiz Fernandez jauna, Osakidetzak Oviedoko fakultateari eskatutako azterketa psikometrikoaren egilea. Eginbide hori egokitzat jotzen da bere koordinaziopean idatzitako txostenak argitzeko.

-LAB sindikatuak egindako estatistika-azterlanaren arduraduna, anestesia kategoriatik haragoko filtrazioak ikusteko aukera eman zuena, emaitza anomaloak zituzten kategoriak 19ra igoz.

-Anestesia, angiologia eta traumatologia probetako 6 oposiziogile.

-Digestio-aparatuko irregulartasunen salatzaile bat.

-Kirurgia plastikoko irregulartasunen salatzaile bat.
-Mikrobiologiako irregulartasunen salatzaile 1.

-Angiologiako 7 kide, Maria Reyes Vega izan ezik, inputatuta baitago eta deklarazioa hartu baitzioten.

-Traumatologia epaimahaiko 3 kide.

-Kirurgia plastikoko epaimahaiko 2 kide.

-Urologia epaimahaiko kide 1.

Era berean, Ana Jesus Zuluetak emandako autoak LABek Covadonga Fernández Maiztegi neurokirurgiako epaimahaiko presidentearentzat eskatutako inputazioa babesten du, neurokirurgiako proban oposiziogileen anonimotasuna hautsi baitzen.

Autoak egokitzat jotzen ditu, LABek eskatuta, ofizio hauek:

-Epaitegira bidaltzea urologia epaitegiaren akta guztiak, Osakidetzaren espedientean jasota ez daudenak, bai eta kontsultak eta erantzunak ere, batez ere ariketak jendaurrean irakurtzeko aukerari dagokionez, zuzenketa anonimotasunaren eskubidea urra baitaiteke, eta, hala badagokio, nork erantzun zien planteatutako galderei.

-Giza Baliabideen Zuzendaritzak (Juan Carlos Soto) Angel Loma-Osorio doktorearekin egindako bilera egiaztatzeko eskaera. Bilera hori Osakidetzaren espedientean aipatzen da, eta egin zen Lomak filtrazio-salaketa argitaratu ondoren. Bilera horren ondorioz, Angel Loma-Osoriok eta Izaskun Obietak uko egin zioten epaimahaiko kide izaten jarraitzeari.

-Epaimahaiko kideek azterketak egin baino egun batzuk lehenago (2018ko maiatzaren 27an) Astoria hotelean egindako bileragatik traumatologiako epaimahaiko kideei espedienterik ireki zaien ala ez argitzea, epaimahaiburuaren eta idazkariaren bizkar. Erantzuna baiezkoa bada, espediente osoa bidaltzeko eskatu.

-Kirurgia plastikoko oposiziogile baten oposiziotik kanpo uzteko espediente osoa, bai eta oposiziogile horrek egindako azterketak epaitegira bidaltzea ere, lortutako nota eta Kirurgia Plastikoko epaimahaiaren eta Osakidetzaren arteko komunikazio guztiak zehaztuta.

-Neurokirurgia kategoriaren espediente osoa eta epaimahaikideen arteko komunikazioak, kategoria horretan ere oposiziogileen anonimotasuna hautsi ote zen argitzeko.

LABek herri-akusazio gisa defendatzen jarraitzen du Osakidetzako filtrazioak aspalditik datozela, eta saihesten ez saiatzeaz gain, Osakidetzako zuzendaritzak eskura zituen baliabide guztiak erabili zituela azterketak egin aurretik lanpostuak nahierara banatzeko sistema hori hobetzeko, eta filtrazioak aurkitu ondoren, haiek ezkutatzen eta argitzea oztopatzen saiatu zela.

Lurgoien enpresako langileen egoera eta langileak kaleratzeko asmoa salatu ditugu

0

LABek Lurgoien S.A. enpresako langileak jasaten ari diren egoera salatu du, eta enpresak 35 langileak kaleratu nahi izatearen aurka agertu da erabat. Gure salaketa enpresaren egoitzara eraman dugu gaur, Donostiara, elkarretaratze baten bitartez.

Lurgoien enpresako langileak babesik gabe daude erabat. Enpresak hilabete batzuk daramatza lanik eman gabe. Maiatzeko eta ekaineko nominak eta udako aparteko ordainsaria zor dizkie. Eta, azkenik, ekainaren 15ean jakinarazi zien Enplegu-Erregulazioko Espedientea (kaleratze kolektiboa) egiteko asmoa zuela, data horretatik aurrera beste berririk izan gabe.

Egoera horren ondorioz, egiten ari ziren edo esleituta zituzten hainbat kontratu eta obra deuseztatu dira. Lurgoien Balzola taldeko kidea da, eta duela hilabete batzuk Bizkaiko langileentzako Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurkeztu zuen.

Gure ustez, enpresa itxiera-egoera hori justifikatzen duen egoera bat sortzen ari da, kontratu horiek nahita galduz. Argi dugu Lurgoien enpresak lana bazuela eta bideragarria zela, baina Balzola taldearen finantza-egoerak itxiera-egoerara eraman du.

LABek zor diren nominak ordaintzea, enpresaren planen berri berehala ematea eta enpresaren itxiera saihestuko duen bideragarritasun-plan bat eskatu dio taldeari.

Bere langileen egoera ez dela harrotzeko modukoa gogoratu diogu Eusko Jaurlaritzari Lakuan

Eusko Jaurlaritzako LABek kontzentrazioa egin du Lakuan, Gobernuaren 2016-2020 legegintzaldiaren akabera dela eta. Hala, pandemiak Eusko Jaurlaritzaren jarrera negargarria areagotu besterik ez duela egin salatu dugu.

COVID 19 krisiak areagotu baino ez ditu egin gobernuak legegintzaldian izandako jarreraren ezaugarriak: sindikatuokiko eta langileokiko errespetu eza eta negoziazioaren ukazioa. Izan ere, prentsaz jaso izan ditugu negoziazio mahai izan behar zuten batzarretarako deialdiak, baita alde bakarrez hartutako erabakien edukiak ere. 

Finean, gobernu honek negoziazio plantak eta antzerkeriak egiten dituen informazio hutsezko mahai bihurtu du sindikatuon esparrua. Seguru asko, Eusko Jaurlaritzan langilegoak duen egoera ez delako harrotzeko modukoa: Langilegoaren erdia baino gehiago behin-behinekoa da; eros-ahalmenaren %15 ostu zaigu; 10 urte baino gehiago daramatzagu lan-hitzarmena negoziatu barik; eta, langilegoaren batez besteko adina 60 urtekoa izanik, Gobernuak ez du plangintzarik garatu ezta erretiroa laguntzeko hobaririk eta pizgarririk ezarri ere.

Siemens Gamesak Agoitzeko lantegia ixteko dituen asmoak gelditu eta nafar jendarteari larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egiten diogu

0

Asteazkenean egin zen Siemens Gamesa multinazionalak Agoitzeko lantegia ixteko EEEaren lehen bilera. Itxierak 239 familia utziko ditu kalean. Bilerarekin batera, 24 ordutako lanuztea egin zuten langileek multinazionalari argi eta garbi esateko ez dutela lantegiaren itxiera onartuko.

Agoitzeko lantegia errentagarria eta bideragarria da, bileran multinazionalari adierazi zitzaion moduan. Kosteak apaltzea beste helbururik ez duen deslokalizazio bat da, lantegia itxiz eta ekoizpena eskulan merkeagoa duten Portugal eta Tangerreko beste lantegi batzuetara bideratzeko. LABek tresna guztiak erabiliko ditu bidegabekeria hau gelditzeko, greba, mobilizazioak eta ekimen judizialak. Itzelezko kaltea ekarriko luke Agoitzeko lantegiaren itxierak, ez soilik langileentzat, baita honezkero oso zigortuta dagoen eskualdearentzat.  

Bere egunean, enpresaren kontrola galduz Gamesa Siemensi saldu izana txalotu zutenen erantzukizun politikoaren ordua da. LABetik dei egiten diogu gure militantzia osoari eta baita nafar jendarteari ere enpresa-batzordeak datorren larunbatean deitu duen manifestazioan parte hartzera. Uztailaren 11an izango da, 18:00etan, autobus geltoki zaharretik abiatuta. Itxiera hau gelditu egin daiteke. Guztion artean lortuko dugu. 

Lan-Ikuskaritzak behin betiko arrazoia eman digu eta behartu egin du Osakidetza lanaldiaren barruan norbere garbiketarako denbora ematera

0

Joan den apirilean, Garbialdi enpresako LABeko gure lankideek salaketa jarri zuten Lan Ikuskaritzan enpresaren (kontrata) eta Bilbo-Basurtu ESIaren (kontratatzailea) aurka, Arrisku Biologikoei buruzko 664/1997 Errege Dekretua ez aplikatzeagatik. LABek 2018an jada lan-ikuskaritzara eraman zuen salaketa, egoitzetako langileei arrisku horien eraginpean zeudela aitor ziezaieten.

Maiatzean, ikuskaritzak arrazoia eman zigun eta, ondorioz, Osakidetza bere erakunde guztietan eta kategoria guztietarako neurri batzuk hartzera behartzen zuen.Osakidetzak alegazioak aurkeztu ondoren, lan-ikuskaritzak ezetsi egin ditu, eta behin betiko behartu du Osakidetza berehala neurriak hartzera bere ESI guztietan eta kategoria guztietarako, Arrisku Biologikoei buruzko Errege Dekretua betetzeko eta langile guztiei 10 minutu aplikatzeko, bazkaldu aurretik eta lanetik irtetean garbitu ahal izateko; hala ere, Osakidetzak alegazioak eta oztopoak aurkeztu ditu, “aplika dadila soilik Laborategiko langileei, eta eskuak garbitzearekin nahikoa dela” argudiatuz, Covid-19aren eraginpean dauden milaka langile kanpoan utziz. Ikuskaritzak Osakidetzari berehala eskatzen dion beste neurri bat da langileek armairuak izatea, norberaren arropa eta kutsatutako arropa bereizi ahal izateko.

Errekerimendu horrekin, berriz ere frogatu dugu Osakidetzan lan egiten duten langileen babesgabetasuna, eta ente publikoak eta kontratatutako enpresa pribatuek ez dutela aitortzen osasun-arloan lan egiten duten pertsonek, bai enpresetako pertsonek, bai Garbialdikoek, bai Osakidetzako langileek, duten esposizio-maila.

Beste behin ere, legea bera betetzeko eskatu behar izan dugu, ikuskaritzainstantzietan edo auzitegietan salaketak jarrita, eta argi utzi behar izan dugu Osakidetzako zuzendaritzak abandonaturik utzi dituela langileak pandemiaren une gogor eta zailetan. Agintariek txalo egin eta kameren aurrean laudorioak egiten zizkiguten bitartean, ospitale eta osasun zentroetan bakarrik eta babesik gabe utzi gaituzte.

Ratioen inguruan hartutako konpromisoak bete ditzatela eskatu diegu alderdi politikoei

Mobilizazioa egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, “Oinarrizko zerbitzuekin ez da negoziorik egiten. Zerbitzu publikoak, publiko!” leloarekin. Behin eta berriz salatu dugun bezala, gizarte-zerbitzu guztien egoera kezkagarria da, bai asistentziari dagokionez, bai lan-baldintzei dagokionez.

Pandemiak agerian utzi du zerbitzu horiek berebiziko garrantzia dutela, eta egoera are gehiago larritu du. Agerian utzi du kudeaketa pribatuko gizarte-zerbitzuen egungo eredua, non lehentasuna ematen baitzaie onura ekonomikoei zerbitzuaren kalitateari eta zer baldintzatan ematen den. Bertan, EAJko kargudun ohiei lotutako bezero-sare garrantzitsu baten onura eta interes izugarriak tartean daude, hirugarren adinekoen egoitza-zentroetako enpresa kudeatzaileen sare garrantzitsuak islatzen duen bezala.

LAB sindikatuarentzat erabatekoa da zaintza-sistema birformulatzeko beharra, bai zaintzaren ikuspegitik, bai lan-baldintzenetik, bai zaintza-sistemara sarbidetik eta sistemaren kudeaketatik, eta baita zaintza-sistema publiko, unibertsal, kalitatezko eta doakoaren sistema integrala eraikitzearena ere, langileek egiten duten funtsezko funtzioa aitortuz.

Gizarte-zerbitzuak birformulatzeko beharrezkoa den dinamika horren barruan, 14.000 sinaduratik gora bildu genituen gizarte-zerbitzu guztietarako arautze egoki baten beharra bermatzen zutenak. Honetan, arreta-ratio nahikoak sartu beharko ziren, kopuruz, kategoriaka eta aurrez aurrekoak, zerbitzuen antolaketa erabiltzaileen beharretara eta langileen lan-eskubideetara egokituta egongo zela ziurtatuz, eta lan-osasuna bermatuz.

Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrak 2016an Eusko Jaurlaritzari eskatu zion eguneratu zitzala gizarte-prestazioak eta zerbitzuak arautzen dituzten dekretuak, ratioak eta langileei dagozkien beste gai batzuk zehazten dituztenak. Ratioak zehazterakoan erabiltzaileen, ordezkarien eta lan-kontratuko langileen partaidetza teknikoa izatea eskatu zuen, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta langileen lan-baldintza duinak bermatzea.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak hirugarren adinekoentzako egoitza-zentroetarako dekretu bat onartu zuen 2019ko abuztuan, langileen eta erabiltzaileen parte-hartzerik gabe. Aurkeztutako alegazioak ere ez zituen kontuan hartu. Dekretuan ezarritako arreta-ratioek ez dute langile kopurua handitzen, eta ez du aurrez aurreko ratiorik ezartzen, kategorien arabera, erabiltzaileen benetako profilak kontuan hartuta. Enplegu eta Gizarte politiketako Sailaren txosten juridikoak berak adierazten zuen ez zegoela justifikaziorik eta objektibaziorik ezarritako ratioak ezartzeko.

2019 amaieran, Eusko Legebiltzarrak berak eskatu zion Eusko Jaurlaritzari dekretua berrikusteko, funtsezko gaietan kalitatezko arreta bermatzeko, besteak beste, arretarako ratio egokiekin.

Ezarritako arreta-ratio horiek eragotzi egiten dute erabiltzaileen eta langileen eskubideak betetzea, eta lan-arrisku larriak izatera kondenatzen dituzte, lan-erritmo eta -karga handiak dituztelako.

LAB sindikatutik uztailaren 12ko hauteskundeetatik sortuko den legebiltzar berriari eta alderdi politikoei eskatzen diogu bete ditzala legebiltzarrean bertan hartutako konpromisoak. Txaloak gainditzeko garaia da. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bermatu ditzala erabiltzaileek pertsonengan zentratutako esku-hartzea jasotzeko eta langileen eskubideak lan-baldintza ezin hobeetan bermatzeko dituzten eskubideak, lan-arriskurik eta prekarietate-faktorerik gabe. Hori da zaintza-sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa bermatzeko oinarria.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dute Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena betetzen

0

Hainbat obratara bisitak egin ditu LABek lan-araudia betetzen dela bermatzeko. Ikusitakoen ondoren, Gipuzkoako lau obra salatu ditu Lan Ikuskaritzan, herrialdeko hitzarmena ez betetzeagatik.

Lau obra horietako bi obra publikoak dira, bat ArrasateElorrio-Bergara zatian Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa. Obra honetan jakin dugu langileak 8 ordu ari direla fitxatzen, baina egunero 11 ordu egiten ari direla astelehenetik ostiralera. Kasu honetan, gainera, dokumentuen faltsutze delitu baten aurrean egon gaitezke, eta hori oso larria iruditzen zaigu.

Salatutako bigarren obra publikoa Errotaburun dagoen Gipuzkoako Ogasuneko fatxada berritzeko obra da. Lan hori egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak Arabako enpresa bat kontratatu du, Indenort S.L., eta honek lan horiek Bizkaiko enpresa bati azpikontratatu dizkio, Euskogres S.L. enpresari. Azken honek, Bizkaiko eraikuntzaren hitzarmena aplikatzen baitie Errotaburuko obran lan egiten duten langileei.

Salatutako beste bi lanak, Igaran (Donostia) zaharren egoitza bat eta Astigarragan etxebizitza batzuk eraikitzea dira. Bertan, salatutako enpresak azpikontratatutakoak dira, eta langileei beren jatorrizko hitzarmenak aplikatzen ari zaizkie, Burgosko eta Madrilgo hitzarmenak, hurrenez hurren.

Salatutako 4 obretan izendatzaile komun bat dago, azpikontratazioa kostuak merkatzeko erabiltzea, langile horiei gutxieneko soldatak ez errespetatzea dakarrena. Administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia dira lurraldeko sektoreko hitzarmena betetzen ez dutenak. Oso larria iruditzen zaigu, eta, horregatik, salaketen kopia bat aurkeztu diegu bi erakundeei, egiten ari direnari erantzuteko.

Salaketa horiek erakusten dutenez, hitzarmena ez betetzea eguneko gai zerrendan dago eraikuntzan, eta sektore horretan ez dago lan-prekarietatearekin amaitzeko borondate politikorik. Ezin dugu onartu erakundeek beraiek arauak ez betetzea eta Gipuzkoa “low cost” lurralde baten irudia proiektatzea.

Hauteskunde autonomikoak laster izango direnez, alderdi politiko guztiei konpromiso argia eta aktiboa eskatzen diegu langileen eskubideak errespetatzeko, baita eraikuntzaren sektorean ere, era guztietako ez-betetzeak prebenituko dituzten benetako neurrien bidez.

Zerbitzu publikoak indartzeko aldarria instituzioetara eraman behar dugu uztailaren 12an

Berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa nahi dugu, eta halaxe ari gara aldarrikatzen “Badugu aukera” kanpainaren baitan. Bada, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik agerraldia egin dute egungo egoeran sindikatuaren erronka nagusienetakoak zerbitzu publikoak indartzea eta zaintza sistema publiko bat sortzea direla nabarmentzeko. Hain zuzen ere, bi helburu hauek lortzeko proposamen zehatzak aurkeztu ditugu, eta, uztailaren 12ko hauteskundeen atarian, alderdiei hauek kontutan izateko dei egin diegu.

“Pandemiak oso agerain utzi ditu osasungitzan edota helduen zaintzan dauden hutsuneak. Orain dugu aukera, Zerbitzu publikoen ereduak behar duen aldaketa sakonak egiteko. Pribatizazio, merkantilizazio eta kontzertazio politikekin amaitu behar da. Zerbitzu publikoak ez dira negozioa egiteko, herritarrei kalitatezko zerbitzua eman behar zaie”. Horrela ekin dio Garbiñe Aranburuk bere hitzartzeari, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Hala, herritarrei kalitateko zerbitzua emateko lehenik langileen lan baldintzak hobetu egin behar direla adierazi du, sektore publikoan prekarietatea nagusi delako. Argi dugu sindikatuan: langile publikoen behin behinekotasuna %8ra murriztu behar da; ratioak hobetzeko legea berriak behar dira, zaintzan, osasun arretan eta hezkuntzan; langile interinoen egoerari irtenbide bat ematekoa urgentea da; enplegua egonkortzeko prozesuak martxan jarri behar dira; hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten legeak behar dira.

Era berean, herritarrei kalitateko zerbitzua emateko zerbitzu publikoek publiko izan behar dute, egungo ereduak dituen hutsuneetatik abiatuz, lehentasunez:

-Osasungintza sistema publikoa indartzeko apustua egin behar da: Osasungintzan kontzertazioarekin amaitzeko plan bat martxan jarri behar da. Kontzertatuak dauden zerbitzuak publikoak berreskuratu behar ditu; Osasungitza publikoaren zerbitzu katalagoa handitu egin behar da. Adibidez, dentistak;lehen arretaren aldeko apustua egin behar da, baliabideak eta inbertsioa handituz.

-Helduen zaintza publifikatu egin behar da: Enpresa eta fundazio pribatuak erabat desagerrarazi behar dira eta langileen publifikazio prozesuari ekin behar zaio.

Hau guztia posible egiteko, herritarrei kalitateko zerbitzua emateko bidean, zentralizazio politikarekin amaitu egin behar da. Zerbitzu publiko eredua eta langile publikoen lan baldintzak ezin dira Madrilen erabaki. Euskal Herrian erabaki nahi ditugu. Funtzio Publikoaren Estatutua berritu behar da Nafarroan eta EAEn Funtzio Publikoaren Lege burujabe bat onartu behar da, langile publikoen baldintzak estatuaren menpe ez egoteko lege propioak onartu behar dira eta estatuak errespetatu egin behar ditu, esku hartzerik gabe.

Bestalde, ditugun eskumenak baliatu behar dira, sektore publikoa indartzera diru inbertsio handiagoa bideratzeko. Azken urteetan, kontrako bidea egin da eta pandemian ikusi dugu. Azken urte hauetan, EAE zein Nafarroako aurrekontuetan murrizketak egon dira eta geroz eta diru gutxiago bideratu da osasungintzara edota hezkuntzara. Oinarrizko Euskal Sektore Publikoa sortzea proposatzen dugu, esku pribatuetatik legez babestuta.

Sektore publikoa indartzeko diru gehiago inbertitu behar da. Eta ez dago inbertsiorik politika fiskala ukitzen ez bada. Diru gehiago bildu behar da eta modu progresiboagoan egin behar da. Urkullu lehendakariak esan du zergak ez igotzea ez dela murrizketen parekoa, hori gezurra da. Argi hitz egin behar da: egungo Gobernua mantentzen bada, sektore publikoa ahuldu egingo da. Politika neoliberalak eta murrizketa-politika egiten ari dira eta jarraituko dute.

Aldaketa politikoa beharrezkoa
Uztailaren 12ko hauteskundeetarako egun gutxi falta dira. Euskal Herrian gehiengo sindikal eta sozial bat atera da kalera aldaketa soziala aldarrikatzera. Gehiengoa gara beste sektore publiko bat defendatzen dugunak. Asko dugu esateko uztailaren 12an, aldaketa sozialaren aldeko borroka hori erakundeetara eramanez eta aldaketa politikoa bultzatuz.

Gasteizen gaur eta Muxikan bihar; lan heriotzen odolustea salatzen jarraitzen dugu

SEA patronalaren aurrean mobilizatu gara, gehiengo sindikalak deituta, “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietate hiltzailea” leloarekin. Hain zuzen ere, ekainaren 29an Gasteizen lan istripua izan zuen langilearen heriotza salatu dugu. Kamioi baten atoitik erori zen, eta zauri larriekin ospitaleratu zuten. Handik egun batzuetara zendu zen. 40 dira, gutxienez, aurten hildako langileak Euskal Herrian. Muxikan bihar elkarretaratzea egingo dugu berriro, joan den astean baso lanetan ari zen langilea gogoan.