2025-12-21
Blog Page 51

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

LAB sindikatua gure aldarrikapenak defendatzen jarraituko dugu:

• Helduen egoitzetako langileak publikoak dira, zerbitzu publiko bat ematen dute eta LABen apostua, zerbitzu hau publifikatzea da eta modu honetan pribatizazioarekin amaitzea.

• Ratioen gaia lantzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu eta komisio bat eratzea proposatu dugu.

• Sektorean ematen den partzialtasuna salatzeaz gain, neurri zehatzak eskatzen ditugu.

• Langileen adina eta ondorioz ematen diren osasun arazoak medio hainbat ideia proposatu ditugu.

Guzti honengatik, LAB sindikatutik mobilizazio dinamika bat martxan jarri dugu, egoera iraultzeko garaia da eta denon ardura da zaintza lanari bere balioa eta lekua ematea, beraz antolatzeko eta mobilizatzeko garaia da.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.

Udalak hartutako erabaki hau guztiz okerra da LABen ustez, udalak eskaintzen zuen zerbitzu publikoak murrizten dituelako, eta sindikatuak dei egiten dio udalari hartutako erabakian atzera egin dezan.

LABen iritziz, udal eskumena den eta udaletik bermatzen den zerbitzu bat ezin da bertan behera utzi, horrek sortzen duen kaltearekin. LABen iritziz, 0-3 zikloa udal eskaintza publiko bateratuaren bitartez eskaini behar da, eta tresna desberdinak daude horretarako. Adibidez orain arte zerbitzu hori kanporatuta ematen egon diren langileak udaleko langileak bilakatuz, udala eta ikastolaren artean titularitatea partekatuz, udala haur eskolaren titularitatearen jabegoaren parte izanik eta honen kontrol publikoa bermatuz, edo Lilitegia haur eskola Pasaiako Karmengo Ama haur eskola bezalaxe, Haurreskolak Partzuergoan integratuz, LABek lan-hitzarmenean jaso zuen bezala langileen subrogazioa bermatuz, hau da, orain zerbitzua ematen ari diren langileak partzuergoko langile bilakatuz.

LABek udal eskaintza publiko bateratu berria proposatu eta borrokatuko du 0-3 ziklorako, Haurreskolak Partzuergoa ardatz izango duena, eskaintza publiko bateratuan beste udal haur eskola publikoak edota titularitate partekatua defendatuko dituen moduan.

Pasaiako Udalak hartutako erabakia LABek eraiki nahi duen Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren kontrako norabidean doa, eta sare publiko berri bakar eta deszentralizatua eraikitzen hasteko aukera galdua da.

Manu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek mintegia egingo dute “Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai” izenburuarekin maiatzaren 16an Bilbon

Mintegia 9:00etatik 14:30era izango da eta EHUko Bizkaia Aretoan egingo da.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioaren aldeko jarrera zabala agertu da Euskal Herriko jendartean. Patronalen itxikeriak ezinbesteko eztabaida politiko, ekonomiko eta sozial honi ateak itxi nahi badizkio ere, agerikoa da bide hau egitea gure herriarentzako eta langileriarentzako garrantzitsua dela.

Horregatik, antolatzaileak garen bi fundazioek gogoeta honi espazioa eman nahi diogu eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa hainbat ardatzetatik aztergai jarri dugu. Hiru bloketan antolatuko dugu mintegia:

• Lehen atalean, testuinguruari erreparatuz, nazioarteko analisi konparagarria, Euskal Herrian egin daitekeen bide juridiko-politikoaren azterketa, eta burujabetzan aurrera egiteko tresna gisa duen gaitasuna jorratuko dira. Horretarako Isidro Esnaola, Iñaki Lasagabaster, Endika Alabort, Jone Etxeberria eta Jule Goikoetxea izango ditugu hizlari.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propio bat lortzeak aldaketak eskatzen ditu, baina aldaketak eragingo ditu ere. Hego Euskal Herrian lekutzeko LGS propio bat, eskumena izan behar dugula aldarrikatzen dugu. Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da. Baina zenbatekoaz harago, LGS propioa erabakitzeko gaitasuna, burujabetzarekin estu lotuta dago zalantzarik gabe. Zenbateko inpaktua du LGSak lurralde batean? LGSa ezartzeko eskumena izateak zein onura ekar ditzake Euskal Herrira? Nola indartu dezake bertako lan harremanen esparrua eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adosteak?

• Bigarren bloke batean, hainbat begiradetatik aztertuko dugu LGS propio batek izan ditzakeen onurak: sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak, ikuspegi ekologikoa, lehen sektoreko langileak… Xiomara Souza, Txefi Roco, Jon Ormaetxea, Andoni GarcĂ­a, Jaime Nieto, Jon Bernat Zubiri, mugimendu feministako kide bat eta ESK sindikatuko kide bat izango ditugu gurekin atal honetan.

Gizartearentzat babes-dimentsio zabala du. Lehenik eta behin, soldatapeko langileentzat zuzeneko eragina du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen den heinean. LGS-ren zenbatekoak, honenbestez, erabateko inpaktua du soldatarik txikienengan, baina horretaz gain, LGS-ren igoera batek, modu orokortuago batean soldata mailaren igoera ekarriko luke berekin: legezko lan-baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena. LGSa lurraldean bertan erabakitzeak zein onura izan ditzake? Politika sozial eta ekonomikorako tresna ere bada LGS. Zentzu horretan, aberastasun banaketa eta gizarte kohesiorako mekanismoa izanik, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizteko gaitasuna du. LGS baten igoerak, berebiziko inpaktua izango du beti, sektorerik pobretu eta prekarioenetan: sektore prekarizatuenak, sektore feminizatuak ere izan daitezke zenbaitetan, eta baita ere herrialde pobretuetatik migratutako pertsonak jarduten diren sektoreak.

• Hirugarren eta azken tartean, ELA eta LAB sindikatuek, LGS propio baterako dituzten proposamenak azalduko dituzte. ELA Sindikatuaren izenean Roser Espert Alba arituko da eta LAB sindikatuaren izenean Martin Arbeo Sarriugarte.

Zergatik LGS propio bat? Modu desberdinetan proposa liteke LGSaren kalkulua? Zer proposamen daude mahai gainean eta zer zentzu ematen diegu proposamen horiei? Nola erabili nahi ditu sindikatu bakoitzak bere proposamenak?

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

Era berean, plantillaren ordezkaritza batek Udalaren Osoko bilkuran parte hartu du txanda herrikoiaren bitartez. Bertan, pairatzen ari diren gatazkaren berri eman dute eta udal gobernuari eskatu diote bitartekaritza lanak egin ditzala eta ez diezaiola enpresari ordaindu, izan ere, ez da zerbitzua ematen ari plantilla osoa greba babesten ari delako.

Gaur egun, estatu mailako hitzarmen bat aplikatzen zaie, eremu honetako errealitateari eta hemen lan egiten duten pertsonen beharrei erantzuten ez diena. Enviserreko langileak ez daude prest ehunka kilometrora negoziatzen denaren ikusle huts izaten jarraitzeko, ahots propioa izateko aukerarik gabe. Haien lan-baldintzak arautzeko orduan protagonistak izan nahi dute.

“Hemen lan egin, hemen erabaki” lelopean egiten ari dira borroka, besteak beste, soldata duinak izateko, urteko lanaldia murrizteko, gaixotzeagatik soldatan murrizketarik ez jasotzeko eta kontziliazio-neurriak lortzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

Iruñeko Udalak eta Ride On-ek sinaturiko akordio berriaren puntu batek adierazten du herriko etxeak 200.000 euro aurreratuko dituela enpresak berehala ordain ditzan langileei zor dizkien soldatak. LAB sindikatuak oso ontzat jo du akordioaren puntu hori, langileen uneko egoera larriari berehalako konponbidea ematen baitio. Era berean, LABek ontzat jo du zerbitzuaren bideragarritasuna bermatzeko hartuko diren bertze neurriak ere, batez ere lau langile gehiagoren kontratatzeak, horrek langile guztien lan baldintzak hobetzea ekarriko baitu.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.

Langile faltagatik banatu gabeko milaka bidalketa daude Gasteizen, bereziki Alde Zaharrean, Santa Luzian eta Salburua auzoetan. Eremu batzuek bi hilabete baino gehiago daramatzate banatu gabe. Horri gehitu behar zaio enpresarentzat lehentasuna paketeria eta jakinarazpen jakin batzuk banatzea dela, adibidez, gutunen banaketa alde batera utziz, herritarrentzat orohar oso garrantzitsuak direnak.

Gutun ofizialen, mediku-ziten, ogasuneko eta epaitegiko jakinarazpenen, fakturen eta abarren banaketa duela hilabete batzuetatik dago trabatuta. Posta Zerbitzu Unibertsala betetzen da ala ia zergarik ordaintzen ez duten Internet bidezko salmenta erraldoien interesak baino ez dira asetzen? Correosen ez kontratatzeak eta enpresa horien interesak interes orokorraren gainetik jartzeko hartutako erabakiak kaosa sortu dute zerbitzu publikoan. Milaka gutun daude banatu gabe Gasteizen. Adibidez, 10.000 posta-bidalketa baino gehiago daude pilatuta Salburua, Alde Zaharra eta Santa Luzia auzoetan bakarrik.

Banaketa zuzendaritzaren kudeaketa txarrak eta murrizketek kalte larriak eragin dizkiete herritarrei. Correosek plantilla nahikoa izan behar du Posta Zerbitzu Unibertsala behar bezala bermatzeko, herritarren eskubidea baita. Horrela, lan-baldintza duinak eta posta publiko eta kalitatezkoa eskatzen ditu LABek.

Hezkuntza Sailak ez du bete berak proposatutako negoziazio egutegia

Martxoan eta apirilean deitutako greba zikloan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziaketak eten ondoren eta mobilizazioetan irakasleek indarra eta konpromisoa erakutsi ostean, negoziaketetarako bidea egingo zuela adierazi zuen hedabideetan Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, baina hitzetatik ekintzetara pasa ez izana eta negoziaziorako benetako borondaterik ez duela salatu du LABek.

Urtarrilean hasitako bederatzi greba egunetan irakasleek erakutsitako konpromisoak Hezkuntza Saila negoziaketak berrartu eta proposamen berriak egitera behartu du. Azken greba zikloaren ondoren, apirilaren 4an izandako lehen eta azken bileran, egutegi baten berri eman eta ikastetxeen beharrei bere osotasunean erantzuten ez zien baliabide gutxi batzuk aurkeztu zituen, ahoz. LABek egutegi horren bidez negoziaketak luzatu nahi zirela salatu zuen arren, sailak aurrera eramatea erabaki zuen, eta ondoren, gainera, ez du bertan jasotakoa bete. Izan ere, egutegiaren arabera, apirilaren 16ra bitarte luzatzen zen negoziaketa gauzatzeko administrazioak hartutako konpromisoa.

Era berean, LABek uste du propagandan eta jendartearen iritzi publikoan eragitean jarri duela indarra Hezkuntza Sailak, alde batera utziz negoziaziorako eta akordioetara iristeko bide guztiak. Are gehiago, sailak gutxietsi egin nahi izan du hezkuntza publikoa indartuko duten lan baldintzen eta ikastetxeek hainbeste behar dituzten baliabideen aldeko borroka, kalitatezko hezkuntza helburu duena. Horretarako, LABek ezinbestekotzat jo du inbertsio publikoa handitzea, eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadin.

LABek behin eta berriz adierazi izan du negoziaketarako duen prestasuna. Horren erakusle dira lehen indarra den hezkuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan langileen alde egindako borrokaren eta lanaren ondorioz lortutako akordioak. Beraz, LABek negoziaketarako benetako jarrera bat izan dezan exijitzen dio Hezkuntza Sailari.

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Ezer baino lehen, LABek bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi dizkie hildako langilearen familiari eta lagunei.

Sindikatuak berriro salatu behar du beste garraiolari baten heriotza. Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. LAB ez da nekatuko lan istripuak lan baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurririk ezaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraio-sektorearen baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen den prezio baxua, bizimodu eta elikadura osasuntsua mantentzeko zailtasunak, etab. Horregatik dio LABek garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa besterik ez da behar, baita erakunde eta enpresa guztien inplikazioa ere, garraiolarien lan-eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren zigorgabetasunarekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute beste alde batera begiratzen jarraitu, bestela konplizeak izango dira.

Lan istripu hau salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du LABek.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraio sektorean, ez beste inon.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.