2026-07-24
Blog Page 498

Salatu dugu Geroa Baik eta PSNk erregimenaren urteetako irizpide baztertzailea berreskuratu dutela, Nafarroako Kontratazio Batzordetik kanpo utzi baigaituzte

2018ko apirilaren 12an, Nafarroako Parlamentuak Kontratu Publikoen Legea onartu zuen, hortik aurrera administrazio publikoek enpresa pribatuei esleituko zizkieten kontratuak arautuko zituena. LABen ekimenez CCOO eta ELA sindikatuekin batera osaturiko gehiengo sindikalaren lanari esker —UGTk alde batera egin zuen azken unean euskarari dion fobiagatik— lege hori hobetu zen, eta baldintzak jarri ziren administrazioek azpikontrataturiko enpresetako milaka langileren lan-baldintzak duintzeko. Hala ere, LABek orain salatu du lege hori ez dela betetzen ari, eta horretarako sindikatu hau Kontratazio Batzordetik baztertu dutela.

Ordu hartan, LABek administrazioei galdegin zien aurrerantzean Kontratu Publikoen Legea zorrotz bete zezaten. Aitzitik, indarrean sartu zenetik bi urte baino gehiago igaro ondoren, egiaztatu dugu haren ez-betetzeak asko direla. Beste era batera esanda, zinismo ariketa argi batean, Geroa Bairen aurreko Gobernuak eta egungoak, PSNrekin batera, bere irudia salbatu zuten, baina ezer ere ez egiteko erabakiarekin jarraitzen dute. Hau da, Gobernuak enpresa pribatuei laguntzen jarraitzen du diru publikoaz baliatzen, interes orokorraren eta baldintza prekarioetan dauden langileen interesen gainetik.

Honetan guztian berriak ez garenez, legea tramitatzen ari zen bitartean, aldarrikapen garrantzitsuenetako bat izan zen erakunde sindikal guztiek Kontratazio Batzordean parte har zezaten bermatzea, batere bazterketarik gabe. Kontratazio publikoaren sistemaren funtzionamendu ona zaintzea da Batzorde horren zeregina. Helburua argia zen: diru publikoarekin iruzurrik egiten ez dela, zerbitzua betetzen dela eta milaka langileren lan-baldintzak errespetatzen direla bermatzea. Bada, horretarako konpromisoa lortu zuten sindikatuek legeqaren alde bozkatu zuten alderdi politikoekin.

Hala eta guztiez ere, Geroa Bairen aurreko Gobernuak azken orduan egindako Kontratazio Publikoaren Batzordea arautzen duen ekainaren 26ko 74/2019 Foru Dekretuak berreskuratu egin zuen erregimen zaharreko urteetako irizpide baztertzailea; CCOO eta UGTren parte-hartze bakarra bermatzeko. Irizpide diskriminatzaile hori zuzentzeko eskatuz sindikatu honek bidalitako gutun bati 2021eko otsailaren 5ean emandako erantzunean, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Elma Saizek egungo diskriminazioa berretsi zuen, eta LABen parte-hartzeari atea itxi zion.

LAB sindikatutik oso larritzat jotzen dugu hartutako konpromisoak ez betetzea eta iraganeko irizpide baztertzailea berreskuratzea. Era berean, argi daukagu erabaki horren atzean borondate politiko zitala dagoela, egungo eskema apurtuko duten aldaketak eragozteko; eskema horretan Gobernuak ahalbidetzen du, enpresek irabaziak lortzen dituzte, eta milaka langile kaltetzen dira. Eta hori egin ahal izateko, UGTk eta CCOOk bezala jokatzen ez duten beste sindikatuak baztertu behar dira. Izan ere, zer lan egin dute bi urte hauetan CCOO eta UGT sindikatuek, kontratazio publikoak langileen lan-baldintzak urratzen jarraitu baitu? Zergatik edo zeren truke ez dute konpromisoa bete eta beste alde batera begiratu dute?

Praktika hori zuzendu egin behar da, bere larritasunagatik eta irudikatzen duenagatik. Hori da Nafarroako Gobernuari eskatzen dioguna. Gainera, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin bilera bana eskatu dugu, apartheid sindikal hori lehenbailehen buka dadin, eta legea benetan bete dadin.

Nafarroako garbitzaileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute patronalaren aurrean

LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok deituta, Nafarroako Garbiketa sektoreko langileek elkarreraratze jendetsua egin dute CEN Nafarroako enpresaburuen elkartearen egoitza aurrean, Iruñean. Bertan, patronalaren trapu zikin guztiak salatu eta hitzarmen duin baten aldarria zabaldu dugu. Tuteran ere mobilizatu dira.

Hain zuzen ere, sindikatuok gogoratu dugu garbiketa enpresetan emakume langileen %80 lanaldi partzialekin dabilela, eta emakume langileen %90ek gizon langileek baino gutxiago kobratzen dutela. Soldata arrakala eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatuko dituzten hobekuntzak lortzen ez badira, grebara joko dugula ohartarazi dugu berriro, duela pare bat aste egindako batzarrean jakinarazi bezala.

Arabako helduen egoitzetako langileak berriro mobilizatu dira, hitzarmen propio eta duin baten defentsan

Blokeo egoeran dago Arabako helduen egoitzen gatazka, eta, horren aurrean, sindikatuok sektoreko mobilizazioekin eta grebekin jarraitzen dugu. Hain zuzen ere, berriro ere gure adinekoak zaintzearen aldeko apustua egiteko eskatu diogu Aldundiari, aurrekontu partiden bidez egoitza pribatuetarako hitzarmen probintzial bat sinatzearen aldeko apustua eginez.

Arabako egoitzak kudeatzeaz arduratzen diren enpresekin izandako bileretan, bertaratutako enpresa guztiek (gogoratu behar da haietako batzuk ez direla joaten, batzuk joango ez direla jakinarazi gabe) adierazi zuten garrantzitsua dela probintzia-hitzarmen propio bat izatea (hori bai, arrazoi erabat desberdinekin), eta, halaber, beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jotzen dute Arabako Foru Aldundiak hitzarmen honetan parte hartu behar duela, horretarako aurrekontu-partida bat emanez, bidezko eredu bat lortzeko bidean enpresa, sektoreko langile eta erabiltzaileei begira.

Zentzu honetan, sindikatuok berriro bildu gara Aldundiko Batzar Nagusietan dauden talde politikoekin, helduen egoitzekin dugun kezka helarazteko; izan ere, Aldundiak hitzarmen hau ekonomikoki babesten ez badu, ezingo litzateke sinatu. Talde politiko guztiek adierazi dute oso kezkatuta daudela sektorearen egoerarekin, eta, aldi berean, langileei baldintzarik gabeko babesa eman diete, baina bik bakarrik proposatu dute ekintzaren bat Diputazioa presionatzeko.

Osakidetzak Tolosako Asuncion Klinika bere baitan txertatzeko eta langileak subrogatzeko eskatu dugu

Agerraldia egin dugu Tolosan, Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik buru, Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresaren inguruan dabiltzan albiste eta mugimendu desberdinen aurrean gure jarrera azaltzeko. Hala, berretsi dugu klase sindikatu bezala Invizako langileak defendatuko ditugula beti, eta Tolosaldeko herritar guztien eskubideak bermatzeko beharra ikusten dugula; hots, ospitale publiko bat izateko eskubidea. Hain justu, horregatik izan gara hasieratik Tolosaldeko Osasun Publikoaren aldeko Plataformaren (TOPA) parte.

LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzak zor historikoa dauka Tolosaldearekin, EAE-ko eskualde bakarra delako ospitale publiko bat ez duena; aldiz, ospitale pribatu kontzertatu bat inposatu digute. “Argi dago esperimentua gaizki atera zaiela, nabarmen gaizki”, adierazi dugu. Era berean, zor historikoa dauka ere Invizako 350 langileekin, zeintzuk urteetan zehar beste eskualdeetako zerbitzua eskaini behar izan dute bitarteko eta baldintza okerragoetan. Erabat diskriminatzailea.

Agerraldian azaldu dugun bezala, “ibilbide luze baten ondorioz gaude gauden tokian eta hasiera hasieratik egin genuen aldarrikapenak oraindik ere indarrean jarraitzen du: eskualdeko ospitale publikoa nahi dugu. LAB urteetan zehar aldarrikapen honen alde borrokan egon da eta horretan jarraitzen dugu: Asuncion Klinika publifikatzearen alde!”.

Gorka Berasategiren esanetan, “Tolosaldeako ESIan diru publikoa mozkin pribatua sortzeko erabilia izan da. Osakidetzak bere zerbitzuak handitu eta indartu beharrean, pribatizazioari eta kontzertazioari ekiten dio behin eta berriz. Hiritarron osasunarekin diruzalekeria sustatzea erabat salagarria dela uste dugu eta horrela adierazi nahi izaten diogu Osakidetzako zuzendaritzari egiten ditugu mobilizazio eta greba guztietan”. 

Pandemia egoerak zerbait erakutsi badigu, oinarrizko zerbitzuetan inbertsioa eta kontrola handitu behar dela da. Osasun langileak babes neurririk gabe lanean egon dira denbora luzez; osasungintza eremu pribatuetan egoera are eta okerragoa izan da. “Argi eta garbi esan behar dugu, osasungintzan ematen diren pribatizazio eta kontzertazioekin amaitu egin behar dela. Kalitatezko osasun zerbitzu publiko bat beharrezkoa dugu, baita Tolosaldean ere”, azaldu du Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkariak.

LABen iritziz, Tolosaldean osasun zerbitzu publiko bat martxan jarri behar da lehen lehenbailehen. Diru publikoa esku pribatuetara bideratzea utzi eta kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaini behar zaie hiritarrei. Horrelaxe adierazi izan du Tolosaldeako biztanleriak urteetan egin diren mobilizazioetan. Premiazkoa dela uste dugu; ospitale berriaren eztabaidatik harago, zerbitzu publikoa lehenetsi behar da, gure iritziz. 

Hori guztia dela eta, AsunciĂłn Klinika publifikatzeko pausoak eman daitezen aldarrikatzen dugu. “Osakidetzak klinika bere baitan txertatu eta langileak subrogatzea eskatzen dugu, prozedura legalek agintzen duten bezala, hain zuzen ere. Invizari ematen zaion dirutza zerbitzua hobetzeko erabiltzea eskatzen dugu, diru publikoaren xahuketarekin amaitzeko. Era berean, Tolosaldeak beharrezkoak dituen osasun zerbitzuei buruzko hausnarketa kolektibo bat abiatu behar dela aldarrikatzen dugu”, erantsi du Gorka Berasategik.  

EAEko Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoa mugiarazi ditugu

Pasa den astean EAEko Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoari egin genien bilerarako deiak erantzuna izan du, gaur bertan jaso baititugu martxoaren 24rako mahai negoziatzale baterako deia eta gai-ordena. Hori dela eta biharko, martxoak 23, Lakuan deituta genuen mobilizazioa 24ra pasatu dugu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoa hilaren 23rako Mahai Negoziatzailera deitu genituen pasa den astean. Azkenean, haurreskoletako langileok 8 greba egun eta hamarnaka mobilizazio burutu ostean, deia heldu da.

Gogoratu, bestalde, abenduaren 22an izan genuela ikasturteko mahai megoziatzaile bakarra, zeinetan administrazioak zalantzan jarri zituen Haurreskolak Partzuergoaren bideragarritasuna eta dauden akordioak.

Lotsagarria da Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen Lehendakaria den Jokin Bildarratzek, eta Zorione Etxezarraga gerenteak hezkuntza-proiektu honekiko orain arte erakutsi dituzten arduragabekeria eta langileekiko errespetu falta. Orain, ikusteke dago negoziatzeko duten borondatea eta gaitasuna. Hori dela eta, langileok familiekin batera deituta ditugun mobilizazioak inoiz baino garrantzitsuagoak direla esan beharra dugu. Ondorioz, biharko Gasteizen deituta genuen mobilizazioa asteazkenera pasatuko dugu. Hitzordua, 15:30ean izango da, Lakuan.

Gaur hainbat herritan deituta dauden mobilizazioak aldaketa barik egingo dira.

Covid kasuengatik baheketa eskatu dugu Bilboko instrukzio epaitegietan

Bilboko 10. instrukzio epaitegian izan zen lehena hainbat covid kasu izaten. Gaur egun 8 kasu positibo daude epaitegi honetan. Horietako bik hasieran negatibo eman zuten.

Hirugarren solairuan 7., 8., 9. eta 10. epaitegiak daude. Bertan, 50 pertsona inguruk lan egiten duten leiho gabeko solairu itxian. Birusa erraz iritsi zen 9. instrukzio epaitegira, eta kasu positibo bat agertu da. Gaur jakin dugu 8. instrukzio epaitegiko langile batek ere positibo eman duela. Gainera, Instrukzioko 9. epaitegiko langilearen senide batek ere positibo eman du, lehen solairuan dagoen 7. zigor epaitegian lan egiten baitu.

Ez diogu geure buruari azaltzen nola ez duten baheketa berehala egin. Sindikatu honen salaketa eta kexaren aurrean bakarrik erabaki dute instrukzioko 9. zenbakiko langileei ere deitzea, baina oraindik ez diete guztiei deitu; izan ere, etxean sintomak dituen langileari oraindik ez diote deitu.

Esan digutenez, Osakidetzaren irizpideak dira horiek, baina ezin dugu sinetsi, albisteetan ikusten ari gara gimnasioaren kasua, bertatik igaro diren langile guztiei deitu baitiete, edo taberna baten kasua, non positibo batekin probak mundu guztiari egingo baitizkioten.

Izan al daiteke arrazoia Osakidetzak IMQri (Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak kontratatutako prebentzio-zerbitzu medikua) langile bakoitzari egindako proba bakoitzeko kobratzen diola

Esan digute langileek gezurra esaten dutela denbora guztian maskara jantzita ote zeramaten galdetzen dietenean, baina sindikatu honek egia esan duen lankide baten baino gehiagoren berri du, eta hala ere, berretsi egin dute Osakidetzaren irizpidea dela PCRak ez egitea.

Bilboko epaitegietara etengabe joaten da publikoa, manparek ez dute mostradore osoa estaltzen, epaitegiko langileek kutxak, paperak, edozein gauza jarri behar izan dute mostradoreak estaltzeko. Kasu askotan, telefonoak partekatzen jarraitzen dute kasu askotan, baita ordenagailuak ere. Mostradorean 8 laguntza judizial ari dira lanean, egunero telefonoak eta ordenagailuak partekatuz, mostradore osoa estaltzen duen manpararik gabe. Pandemiatik hona, gainerako langileak mostradorean daude, laguntza judizialei itsatsita, euren telefono eta ordenagailuak erabiliz…

LABek denbora darama langileak kutsaduratik babesteko behar diren baliabideak jartzeko eskatzen. Era berean, aktiboki eta pasiboki eskatu diegu langile guztiei maskara erabil dezatela lanpostuan dauden bitartean.

Lan heriotzen sarraskia salatu dugu Bermeon

Enagas enpresak kudeatzen duen Bermeoko kostaldeko La Gaviota plataformari laguntza ematen dion itsasontziko langile bat hil zen joan den, laguntza-ontzitik itsasora erorita. Lan heriotza hori salatu dugu gaur Bermeon, portuan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Dagoeneko, gutxienez, 13 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Bermeokoa ez zen azken lan istripu hilgarria izan, asteburuan garraiolari bat hil baitzen Zuastin, bertako zerbitzu gunean atseden hartzen ari zela kamioiak su hartu eta gero.

Mobilizazio jendetsua Laudion, Tubacex-en iragarritako kaleratzeen aurka

Hainbat enpresa batzordek deitutako mobilizazioa izan da Laudion, enpleguaren defentsan. Hain zuzen ere, Tubacex-en iragarritako kaleratzeak salatzeko kaleak hartu dituzte ehundaka lagunek, egoerak Aiaraldean izango duen eraginarekin kezkatuta. Mobilizaziora batu diren enpresa batzordeen artean daude, besteak beste, Autoglas OPCO Laudio, Guardian LLodio, Amurrio Ferrocarril y Equipos, Envases, Imegar, Amurrioko Udaleko Batzordea, Supermercados Berriak, Maderas de Llodio, Montajes Mecánicos Jauregui, Inauxa, Deguisa, Jez, Vidrala-Aiala vidrio, Tubos Reunidos, Junta de Personal Ayuntamiento Llodio, Laudio Ikastola eta ITP-PCB enpresetakoak.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren arduradunek ez dute Euskararen Legea betetzen

Euskararen Legeak agindu arren Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu behar dela, Aldizkariaren arduradunek eta, horrenbestez, Nafarroako Gobernuak ez dute legea betetzen, kapitulu batzuk baino ez baitituzte euskaratzen.

Abenduaren 15eko 15/1986 Euskarari buruzko Legeak 7. artikuluan xedatzen du Nafarroako Aldizkari Ofiziala gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko dela, aldi bereko edizio bananduetan. Agindu hori eman zenetik ia 35 urte igaro ondoren, legeak dioena bete gabe segitzen du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, Aldizkariak dituen 6 kapituluetatik 3 baizik ez dira euskaratzen. Gainerako 3 kapituluak gaztelaniaz argitaratzen dira euskarazko edizioan ere.

Hori gutxi balitz bezala, gaur egungo arduradunek, kapitulu gehiago euskaratzera jo beharrean, gero eta iragarki gutxiago euskaratzea erabaki dute. Adibiderik garbiena Justizia ataleko jakinarazpen ediktuekin gertatutakoa da. 2017ko ekainean, egun batetik bestera, Justizia ataleko iragarki horiek –ordura arte euskaraz ere argitaratzen zirenak– gaztelania hutsez argitaratzen hasi ziren, aurreko urteetan arlo horretako iragarki-ereduak eta hizkuntza-estiloa bateratzeko egindako lan guztia alferrik galduz. Gaur den egunean, egoera ez da aldatu.

Ez da hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren arduradunek euskarekiko erakusten duten gutxiespen jarrera bakarra. 2016ko hauteskundeetatik sortutako gobernu berriaren egitura organikoan, Koordinazio Elebidunaren Bulegoa sortu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalaren barruan, “bere gain hartzen dituena, berez itzulpen lanak izan gabe, Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskaraz argitaratzeko ezinbestekoak diren eginkizunak”. Ezinbesteko eginkizun horien artean, Euskarabideko itzultzaileekiko koordinazioa eta euskarazko edizioaren azken zuzenketa eta berrikuspena egitea dago: euskarazko argitalpenaren behar bezalako kalitatea bermatzeko ezinbesteko lana, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalean lan egiten duten 15 langile ingurutik bat ere ez dela euskalduna.

Koordinazio Elebidunaren bulegoburu berria 2018ko abenduan hasi zen lanean, eta 2019ko urriaren hasieran utzi zuen kargua, berak eskatuta. Geroztik, euskarazko edizioaren kalitatea bermatzeko hain garrantzitsua den lan hori ez du inork egiten, burutza bete gabe dago oraindik, eta ez dirudi ahalegin handia egiten ari direnik beste bulegoburu bat bilatzeko. Bitartean, Aldizkariko langile erdaldunek ahal dutena egiten dute ezagutzen ez duten hizkuntza batean idatzita dauden testuak editatzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, LABek Nafarroako Aldizkari Ofizialaren arduradunei exijitzen die, batetik, bete dezatela behingoz Euskararen Legeak agintzen duena eta Aldizkari Ofizial guzti-guztia argitara dezatela euskaraz, Justizia ataleko iragarkietatik hasita; eta bestetik, bete dezatela lehenbailehen Koordinazio Elebidunaren Bulegoko burutza, aldizkariaren euskarazko edizioaren endekapen prozesuari galga jartzen hasteko lehenengo urrats gisa.