2026-01-27
Blog Page 481

Astebetean bi garraiolari hil dira Araban

Atzo, hilak 25, garraiolari bat oso gaixorik topatu zuten Gasteizko parkin batean, ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. Gainera, azaroaren 18an, garraiolari bat topatu zuten hilik kabinaren barrualdean Araiako zerbitzu eremuan. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoen senitarteko eta gertukoei.

Honekin gutxienez 63 langile hil dira lanean Euskal Herrian urte hasieratik, 15 Araban, eta horietatik 11 garraiolariak izan dira. Gainera, otsailaren 6tik, Joaquin Beltranek oraindik desagerturik jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripu nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak baitira, eta gainera, euren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontuan hartzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartzen dituzte. Guzti hauei gehitu behar zaie muturreko tenperatura, errepideen egoera negargarria, eguraldia… Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituko dugu eta enpresa eta administrazio publikoei esparru honetan hobekuntzak eskatzen. Horrela, euskal gehiengo sindikaleko sindikatuekin batera, datorren astelehenean, azaroaren 30ean, kontzentrazioa egingo dugu Gasteizen 11:30ean, SEAren egoitza aurrean, Correos plazan. Bihar ere elkarretaratzea egingo dugu; kasu honetan, Nafarroan asteartean hildako langilea gogoan.

Gasteizko Udaleko Ataria zentroko emakume langile batek jasandako jazarpena salatu dugu epaitegian

Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegien Zentruak kudeatzen duen Atarian dagoen langile baten kasua salatu dugu: alde batetik, haurdunaldian osasuna babesik gabe geratu delako; eta, bestetik, jazarpen sexistaren protokoloa ez delako aplikatu. Hala, Gasteizko epaitegiaren aurrean mobilizatu gara, salaketaren berri emateko.

Hain zuzen ere, epaitegiaren atarian egin ditugun adierazpenetan azaldu bezala, salaketa jarri duen langileak adierazitako kexa gutxietsi, infantilizatu eta minimizatu da. Gainera, osasunari modu larrian eragin dioten era guztietako presioak jasan ditu. Haurdunaldiko arriskuak ebaluatzeko eskaera, legez beharrezkoa dena gainera, baztertu egin zen eta ez zen kontuan hartu berandu izan arte. Langileak erditu aurreko fetu-heriotza izan zuen, eta bere lanpostuan egonez utzi zion fetuaren seinaleak sentitzeari, baina Udalarentzat ez zen osasunaren zaintzarekin arazorik egon. 

Tratu desegokiaren eta sexuagatiko jazarpenaren salaketa dela eta, Udalak erabaki du jazarpen-protokoloa ez aktibatzea, nahiz eta jazarpen sexista den ala ez zehazteko modu egokia izan.

Oso larria eta salagarria iruditzen zaigu Udalaren jokamoldea. Izan ere, Udalak eskaera horien aurrean bere erantzukizuna dauka, baina mekanismoak jarri ordez, ez du garaiz jokatu langilearen osasuna babesteko, eta sexu-jazarpenagatiko salaketa ere ez du onartu, nahiz eta jakin langileak zer tratu eta iruzkin jasotzen zituen.

Eta bereziki larria iruditzen zaigu kasu honetan Udalak eta, oro har, administrazioek plazaratzen duten mezua hauxe delako: emakumeok salatzen duguna ez sinestea, adierazten dugunari garrantzia kentzea, minimizatzea edo gure eskubideak aldarrikatzen dugunean giro txarra sortzen dugula leporatzea. Hori guztia Gasteizko Udalak publikoki adierazten duen berdintasunaren eta genero-indarkeriaren aurkako borrokaren diskurtsoarekin nahiko kontrakoa da.

Ez da, gainera, horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. Jazarpen sexistari eta sexu-jazarpenari buruzko salaketa gehiago ere badaude, baina horiek ere ez dira kontuan hartu, salaketa horien aurrean ez da protokoloa aktibatu, eta langileei beraien salaketekin giro txarrak sortzeko errua leporatu zaie. Aurrekari bat ezarri da, horren ondorioz, babesik gabe eta zaurgarritasun egoeran uzten dira arlo horretan egindako salaketa guztiak.

Zer balio du indarkeria matxisten aurkako protokoloak izateak, baldin eta, kasua iristen denean, ez badira aktibatzen eta zehaztasunik gabe zehazten bada zer den eta zer ez den jazarpena ikertzen hasi gabe?

Utz ditzagun  poseak, jardun gaitezen posible denean. Erakundeek serioski zaindu behar dute osasuna. Genero-indarkeria egiturazkoa da, ez du balio emakumeen heriotzak salatuz argazki bat ateratzeak. Esparru guztietatik egin behar zaio aurre.

Emakumeenganako indarkeriaren testuinguruan, jendarteak horrelako jarreren kontrako iniziatiba irmoa erakusten duenean, ez da onargarria tratu sexistari garrantzia kentzea eta kasu horien larritasunari kasurik ez egitea.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu salatutako gertakariak egiazki ikertzeko eta egiaztatzeko, eta neurri eredugarriak hartzeko Gasteizko Udaleko IGI erakunde autonomiko eta azpikontratatutako enpresako arduradunei dagokienez, kasuaren larritasunaren arabera, langileen osasuna kaltetzen duten praktika edo jarrera txarrak saihesteko.

Productos Tubulares-eko ABEEEa erretiratzea eskatzen dugu

Atzo asteartez egin zen ABEEEaren negoziazio batzordearen hirugarren bilera. Bertan, proposamen bat aurkeztu zuen enpresaren zuzendaritzak, asteburuetan aparteko orduak sartzea adostea jasotzen duena. Gainera, kontsulten aldia luzatzeko aukera eskaini zuen eta datorren ostegunean bilera egitea, proposamena azter ahal izan dadin. Horrela, mahai negoziatzailearen bilera berria egun horretan egingo da, azaroaren 26an.

ESK-LABetik amaitutzat eman genuen kontsulten aldia eta ABEEEa bertan behera uztea eskatu genuen, dokumentazioa aztertu ondoren, espedienterako arrazoiak behar bezala justifikatu gabe daudela ulertzen dugu.

Behin baino gehiagotan eskatu dugu Bideragarritasun Plana eta honen inguruko informazioa, baina ez zaigu honen inguruko inolako daturik eman. Azalpen memorian berrestrukturazioak eta antolaketa arloko neurriak iragartzen dituzten eta ABEEEaren akordioa sinatzeak aipatu arrazoi guzti hauek babestea suposatzen du, eta baita iragartzen ari zaizkigun neurriak ere.

Productos Tubulares-eko langileek kontziente izan behar dute aipatu akordioak etorkizunenan ekar ditzakeen ondorioz. 2018an gertatutakoa gogorarazi nahiko genuke, edo ITP bezalako gure inguruetako enpresetan gertatzen ari dena, ABEEEa akordioarekin sinatu ondoren EEE baitaukate mahai gainean.

Arrazoi guzti hauengatik, ESK-LABetik ezetz esaten diogu ABEEEaren akordioari.

Lan istripuen pandemiaren aurrean, noiz hasiko da administrazioa neurri gogorrak hartzen?

Atzo asteartea, Lizarraldeko Aranaratxen izandako istripuan, Noi Montajeseko 44 urteko langilea hil zen, elektrokutatua. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide eta gertuko guztiei. Gogor salatu nahi dugu, heriotza berri honekin, gutxienez 61 langile hi direla aurten Euskal Herrian, hauetako 10 Nafarroan. Gainera, Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik.

Pandemiaren aurrean beharrezkoak diren neurri gogor eta lazgarriak hartzen ari gara, eta gure galdera da, lan istripuen pandemiaren aurrean, noiz hasiko da administrazioa neurri gogorrak hartzen odoluste honekin bukatzeko? Zein urrats emango dute egoera hau eta langileoi miseria eta heriotza soilik ekartzen dizkien eredu hau aldatzeko? Laneko heriotzak gora doaz, neurri eraginkorrak falta diren neurri berean. Neurri sendoen faltak, esplotazio neoliberaleko politika eta sistema batekin, heriotza eta miseria soilik ekar ditzake.

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak ekonomia, eredu zehatz bateko lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Salatu behar dugu eraikuntza eta eraberritze sektorean maiz gertatzen diren istripuak dira.

Azkenik, dei egiten dugu ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek datorren ostiralean, azaroaren 27an, 12:00etan, Iruñeko Tomas Caballero Parkean kokatuta dagoen Nafarroako Gobernuaren Lan Sailaren aurrean egingo duen kontzentrazioan parte hartzera. Herritar eta langileak izan behar gara laneko heriotzek dakarten odoluste honen aurrean nahikoa dela esango dugunak.

Protokolo espezifiko eta eraginkorrak exijitu ditugu indarkeria matxistarekin amaitzeko

Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Hala, LABek mobilizazioak egin ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste eskualde batzutan, “indarkeria matxista identifikatu, salatu eta borrokatu!” lemarekin. Donostian, LABeko Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak hartu du hitza, eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloetan jarri nahi izan du arreta.

Hain zuzen ere, azken datuen arabera, indarkeria matxistak gora egin du hilabete hauetan. Bizi dugun salbuespenezko egoerak argi uzten du jendarte gisa dugun askatasun-murrizketa, non argi eta garbi baiezta baitezakegu emakumeok pandemia honen ondorio zuzenenak pairatuko ditugula eta jasango ditugula. Gure bizitzaren prekarizazioa etengabea da eta egoera honetan intentsitate handiagoz gertatzen da.

Indarkeria matxista egiturazkoa da. Sistema patriarkalak emakumeok eta sexu-genero arauarekiko disidenteak garen pertsonak egokitu nahi diguten mendeko lekuan mantentzeko duen moduetako bat da. Eremu guztietan ematen da: ostalaritzan, lantegietan, udaletan, garbiketan, Eusko Jaurlaritzan, nekazaritzan, etxeko lanean, nagusien egoitzetan, supermerkatuetan, etxez etxeko laguntzan, edozein bulegotan, merkataritzan, garraioan, baita gure erakunde eta sindikatuetan ere. Ezkutuan gelditzen da hainbat arrazoiengatik: kontzientziazio falta, protokoloen falta, beldurra, enpresen jarrera matxista, berme gutxi erreparaziorako, emakumeon hitza kolokan jartzea, enplegua galtzeko beldurra, botere harremanak…

Guztion ardura da baliabide eta mekanismo guztiak martxan jartzea, baina, noski, erantzukizun guztiak ez dira berdinak. Guk gure barrura begira indarkeria matxista identifikatzeko eta borrokatzeko medio guztiak jarri ditugu, erreparazioan, ez zigortzailean eta erantzun komunitarioan oinarritzen den protokolo berri bat eginez.

Lan-arloan, enpresari dagokio horrelako indarkeriak prebenitzeko eta, behin gertaturik, aurre egiteko eta erreparatzeko mekanismo horiek erabiltzea. Horregatik, aurtengo azaroaren 25ean,  protokolo espezifikoak eta eraginkorrak abian jartzeko exijitu dugu Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetan, sektore ezberdinetako enpresak, patronalak eta instituzioak interpelatuz.  Indarkeria matxistarik gabeko lantokiak nahi ditugu.

A25. Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna

PCBk 136 kaleratze proposatu ditu EEEaren negoziazioaren lehen bileran

Gaur, PCBren zuzendaritza, pauso bat harago joan da ITP taldean ematen ari den kaleratzeen bidean. Duela hilabete gutxi ikusi genuen epaitegiek atzera bota zutela ABEEEa eta, orain, zuzendaritza erasora dator berriro PCBko langileen kontrako neurri basati honekin.

136 kaleratze hauek, honezkero egin diren 117ekin, 253 kaleratze suposatzen dituzte Barakaldo eta Sestaoko lantegietan urtea amaitu aurretik.

EEEa berehala bertan behera uztea exijitzen du LABek, argi dugulako krisi koiuntural honek ezin dituela egiturazko neurriak ekarri.

Amaitzeko, langileak animatu nahi ditugu gehiegikeria honi aurre egitera eta dei egiten diegu borrokan tinko egin dezatela, euren lanpostuen alde eta neurri hauekin arriskuan egon daitekeen lantokien bideragarritasunaren alde.

Azkenik, galdera nahiko genuke non dagoen Eusko Jaurlaritza eta ia Ezkerraldeko enpresa handienetako bat arriskuan egon ahal izatea ahalbidetuko duen.

[IRITZIA] “Azaroak 25: pandemiak Osakidetzan”

Lurdes Barragan, Osakidetzako LABeko Emakume arloko arduraduna.

Osakidetzak %80 emakume ditu bere plantillan, gaur egun COVIDen aurka borrokatzen lehen lerroan, eta pandemia horri aurre egiteko behar bezala babestuta ez egoteaz gain, babesik gabe jarraitzen dute berdintasunaren aldeko borroka zahar honetan. Izan ere, gelditzen ez den bizitza honetan, dena ez da koronabirusa, hori eta konpondu gabeko betiko arazoak dira.

Baliabide eta langileen urritasuna eta lidergo eta antolaketa faltak lan-ingurunea gero eta aurkakoagoa bihurtzen ari dira.

Ez gobernatzen gaituena, eta are gutxiago Osakidetza, ez dira egon eta ez daude prestatuta errealitateari aurre egiteko: emakumeak bizitzari eusten, ordaindutako zaintzaren edo ordaindu gabeko zaintzaren mende dagoen bizitza horri. Zaintzen ez den kontu hori.

Erantzunkidetasuna edo kontziliazio-eskubidearen aldeko neurriak partxeatu egiten dira, eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala areagotzen baino ez dute laguntzen;  Osakidetzan, %24koa da emakumeen aurkako arrakala. Euskal enpresa publiko handieneko langileek babesgabetasuna pairatzen dute desberdintasunaren aspaldiko pandemiaren aurrean.

Enpresa honek ez du Berdintasun Planik. LAB hasieratik borrokatu da eta ekarpenak egiten aritu da, araudia betetzeko soilik ez den plan bat ateratzeko ahaleginean, hori bait da, zoritxarrez, ohikoena. Zirriborroek hainbat urte daramatzate trastelekuan, berrikusi eta baztertu egiten dira Berdintasun sailetik buruzagitza desberdinak igarotzen diren heinean; zirriborro bat han hemen… Osakidetzako Berdintasun Plana marmotaren egunarekin konpara dezakegu.

Komikoa izango litzateke, ez balitz izango gertaera horrek eta sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko protokolo espezifikorik ez izateak, beste gabezia batzuen artean, kasuistika onartezinak uzten dizkigulako, esate baterako, langileek salatutako jazarpenak egotea, epaitegietan ebazten diren bitartean, salatzaileek, oro har, beren lanpostua lekuz aldatzea eskatzeko prest dauden laneko baja hartzea eragiten dutenak, kasu askotan ustezko jazarleek beren lekuetan lasai lan egiten jarraitzen duten bitartean. Ez nahastu, ez da erruduna babestu behar, errugabetasun-presuntzioa babestu behar da!

Zer egiten du Osakidetzak? Nola babesten ditu salatzaileak? Bada, beti bezala: eskuak garbituz, inolako erantzukizunik bere gain hartu gabe, batzuetan auzibidean dagoela argudiatuz (nahiz eta barneko administrazio-prozesua geldiarazten duen, demandatuaren aurkako prebentzio-neurriak hartzeko aukera dago); beste batzuetan, berriz, gatazken-konponbide auzi gisa kudeatuz.

Urte luzez beste aldera begiratzeak sortutako amnesiak gertaera horiek beren antolaketan, egituran, gertatzen direla ahaztarazten die. Lankideen arteko gatazka gisa ezkutatzea indarkeria-mota hori EZ IDENTIFIKATZEA, EZ SALATZEA ETA HORREN AURKA EZ BORROKATZEA DA.

Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta sarriegi erakusten digu bigarrenaren pisua lehenarena baino handiagoa dela; izan ere, berdintasun-plana eta sexuagatiko indarkeriaren aurkako protokoloa edukitzeko derrigortasunari buruzko legeak ez betetzera ausartzen da. Baina gogorarazi nahi diegu, beste edozein enpresak bezala, jazarpen-jokabideak edo antzekoak prebenitzeko, egiaztatzeko eta zuzentzeko mekanismoak sortu behar dituela, eta ez lukeela etsipenera eraman behar jazarpen jarduerak salatu nahi dituen langilea.

Jokabide horiek gizartean sortzen duten alarma soziala eta Osakidetzaren ekintzarik ezak biktimei eragindako kalte morala salagarriak dira. Jakina, ezer gutxi espero daiteke berdintasunari buruzko prestakuntzarik gabeko zuzendaritza batean egituratutako erakundetik, hau da, berdintasunari buruz hitz egiteko lehenik desberdintasunei eta genero-indarkeriari buruz hitz egin behar dela ulertzeko gai ez den erakundetik. Ez da eredu bat gizartearentzat, ezta pazienteentzat ere. Eta ez dugu nahi infantilizatuko gaituen neurririk, horretaz arduratzen baita jada Eliza eta haren segizioa.

Noiz arte salatzailearen babesgabetasuna eta estigmatizazioa, tratu txarrak ematen dituenaren zigorgabetasuna, erru guztien gaineko administrazioaren absoluzioa?

Argi dago Berdintasun Plan bat edo hainbat protokolo izateak ez duela gizarte honetan egiturazko arazo bat konponduko, baina benetan lagungarria EZ dena da Plan eta potrokolo horiek ez edukitzea. Eta horiek ditugunean, aktibatu ditzagun, amaitu dezagun indarkeria eta diskriminazio mota guztiekin.

Nekatuta gaude beti gu eta gure bizitzak baino lehentasunezkoagoa den zerbait egoteaz.

Pediatriak eta Psikiatriak azpiegitura duinak behar dituzte Nafarroan

Pandemiak eta pandemia dela medio Ospitalegunean dugun egoerak lotsagarri utzi dute Nafarroako osasun sistema, eta agerian gelditu da zenbait zerbitzuren azpiegiturak eskasak eta zaharkituak daudela,  hala nola Pediatria eta Psikiatria. Horregatik, LABek berriz ere eskatzen du premia larri horiei erantzuteko.

Datorren urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak adostu ondoren, zuzenketak egiteko unea iritsi da. LABek aukera aprobetxatu nahi du Ospitaleguneko azpiegituretan arreta jartzeko; bereziki Pediatria eta Psikiatria zerbitzuetan, azpiegitura espezifikorik ez dutelako edo zaharkituta daudelako.

Ospitaleguneko Pediatriako zainketa intentsiboen egoera larria da. Azpiegitura eta espazio egonkorrik gabe, pandemia honetan “inolako arazorik gabe” nonahi eta noiznahi birkokatu zitekeen komodina izan da. Egia da une honetan lehentasuna dutela pandemiak eta Covid-19agatik ospitaleratutako pertsonek, baina hori ez da aitzakia kolektibo horrekin arinkeriaz jokatzeko, talderik ahulenetako bat baita.

Planifikazio faltaren ondorioz (baita bigarren olatu honen aurrean ere), hainbat osasun zerbitzuk gainezka egin dute; horregatik, zenbaitetan, inprobisazioan jardun behar izan dute, batez ere Covidek ospitaleratutakoentzat ZIUko oheak prestatzeari dagokionez, kasu horiek larriagoak baitziren.

Kolektibo kaltetuenen artean ditugu ZIU pediatrikoa behar zuten adingabeak eta haien familiak. LABek urteak daramatza modulu horretarako azpiegitura eta espazio egonkorrak eskatzen. Eta orain, osasun krisia eta kutsatze oldea direla eta, inoiz baino nabarmenago geratu da eskaera historiko hori gauzatzeko beharra. Aski da adin txikiko ahulenak eta haien familiak zorabiatzeaz! Nahikoa da! Bukatu behar da Ospitalegunean eskaini beharko liratekeen zerbitzu horiek beste ospitale batzuetara bideratzea!

Horiekin batera, beste zerbitzu batean ere  jarri nahi dugu arreta: Psikiatria zerbitzuan. Zerbitzu honetako azpiegiturak erabat zaharkituta daude, eta ez daude gure langileen beharren eta prestakuntzaren mailan.

Horrela, bada, LABek eskatzen die Foru Parlamentuko kideei Nafarroako herritarren behar horiek kontuan har ditzatela eta, aurrekontu hauek ematen dieten aukeraren bidez, ekin diezaiotela azpiegitura duinak eta kalitatezkoak atontzeari, bai Pediatriako ZIUrako, bai Psikiatria zerbitzurako. Haien esku dago Nafarroako osasun sistemak aspaldian zuen kalitatea berreskuratzea; guk hemen proposatzen ditugunak aurrerapauso txikiak dira kalitate hori lortzeko.

Matriceria Deusto eta GTSk kaleratzeak egingo dituztela jakinarazi dute

Gestamp Taldeak jakinarazi digu akordio gabe amaitu zen Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurrera eramateko borondatea duela. Hortaz, kaleratzeak egingo dituela GTS eta Matriceria Deusto enpresetan. Birkolokazio gutxi batzuk egongo dira, baina langile gehienak kalera joango dira. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu multinazional gupidagabe honek kaleratuko dituen eta borroka eredugarria egin duten langileei. Ahal zuten guztia egin dute, eta ez dute instituzioen babesik jaso. LABentzat lotsagarria da Gestampek hartu duen erabakia eta salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera prozesu honetan.

Non gelditu dira lehendakariaren hitzak esanez diru publikoa jaso duten enpresetan onartezina dela kaleratzeak egiteko erabiltzea? Gestampi txantaia eta mehatxua erabiltzea erraztu dio Eusko Jaurlaritzak. Ordainsari handiago Lan erreforma muga gabe erabiltzeko aukera duten bitartean, deslokalizazio eta desindustrializazio prozesuak ugarituko dira.