2025-12-22
Blog Page 48

Herrien burujabetzaren eta bizitza duinaren aldeko aldarriak entzun behar izan ditu Confebaskek

Sistema kapitalista zisheteropatriarkalaren interesak defendatzen dituzten patronalen aurrean bizitza duina defendatuko dutela ohartarazi dute sindikatuek eta mugimendu feministak Bilbon egindako mobilizazioan.

Emakumeen* Mundu Martxaren VI. Nazioarteko Ekintza lurreratu da Euskal Herrian, Herrien burujabetza eta bizita duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra! lelopean. Ekintza sindikala egin dute Bilbon LAB, STEILAS, ELA eta ESK sindikatuek, mugimendu feministarekin elkarlanean, eta Confebask aurrera eraman dituzte herrien burujabetzaren eta bizitza duinaren aldeko, eta gerraren eta kapitalismoaren aurkako aldarrikapenak.

Euskal Herriko Emakumeen* Martxak hiru gaitan jarri du aurten fokua: lurraren defentsan, migrazio politiketan eta indarkeria matxistan, eta horietan eragile soziosindikalek eta mugimendu feministak elkarlanean aritzeko konpromisoa adierazi dute:

Klima larrialdiaren aurrean, lurraren defentsa eta mundu eta bizitza bizigarriak

Baliabide naturalen ustiaketa, biodibertsitatearen galera masiboa, lurren esplotazioa eta abar oso abiadura azkarrean gazuatzen ari direla salatu dute, eta hori planetaren ustiatzea eta xahutzea oinarri duen gizarte ereduaren ondorio dela, hori bultzatzen, sostengatzen eta ahalbidetzen duten erakunde finantzario eta ekonomikoekin batera. Hain justu, erakunde ekonomiko zein finantzario horiek interpelatu dituzte Iberdrola dorrearen paretik. Halaber, ustiapen eta xahutze hori ipar globalak hego globalarekiko egiten duela gogoratu dute, eta hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko mekanismoa dela. “Ezin dugu beste aldera begiratu. Bizi garen lurralde honetatik ere badugu erantzukizuna”, adierazi dute.

Era berean, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista honi zuzenean begiratzeko beharra ere aipatu dute: “Jendarte egitura hau lur eta gorputz jakin batzuen gaineko esplotazioan oinarritzen da. Bazterreko subjektuak kolpatzen dituen sistema batean bizi gara, sistemak berak sortzen dituen ete etengabe erreproduzitzen dituen subjektuak. Gorputz migratu eta arrazializatuak dira zapalkuntza horien jopuntuan daudenak, besteak beste”.

Migrazio politikak, munduko sistemaren egitura kolonialaren ondorio

Sistema hau sostengatu eta ahalbidetzen duten estatuen arteko mugekin apurtu beharra aldarrikatu dute, horiek gorputz batzuenganako dominazioa eta indarkeria gauzatzeko tresna gisa ulertzen baitituzte. Hori horrela, atzerritartasun legea bezalako politikak abolitzea urgentziazko neurrien artean kokatu dute, eta indarkerkeria eta arrazismo instituzionala salatu dituzte, baita egitura horiek guztiak sostengatzeko bideratzen dituzten inbertsioak ere.

Indarkeria matxistak, egiturazkoak

Indarkeria matxistak egiturazkoak direla berretsi, eta erakunde patriarkalek eta estatuek emakume eta gorputz disidenteen bizitzak, gorputzak eta sexualitatea kontrolatzeko tresna gisa erabiltzen dituztela salatu dute.

Horren guztiaren aurrean antolatuta eta kaleak hartzeko prest daudela ohartarazi dute, eta “sistema kapitalista zisheteropatriarkalaren interesak defendatzen dituzten” patronalen aurrean, Confebask kasurako, bizitza duina defendatuko dutela: “Gure gorputz eta lurraldeak erasotzen dituztenei aurre egiteko eta indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde antolatuko gara; feminismotik eragiten jarraituko dugu”.

Gaurko mobilizazioa baliatu dute sindikatuek eta mugimendu feministako kideek, era berean, bihar Tuteran hasi eta Donostian amaituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiteko, baita ekainaren 13an, 14an eta 15ean Marsellan egingo den Nazioarteko VI. Ekintzara joateko deialdia egiteko ere.

Sindikatuei hilabetez negoziatzeko aukera ukatu arren, gatazka presaka itxi nahi izan du Hezkuntza Sailak

Gaur EAEko irakasleen mahai negoziatzailea bildu da. Mahaia bildu arte Hezkuntza Sailak aurrera eramandako prozedura erabat desegokia izan dela adierazi nahi du LABek. Hasteko, hilabete pasa da azken mahai negoziatzailea bildu zenetik; bestetik, gaurko bileraren berri prentsaren bidez izan zuen LABek asteartean, eta irakasle eta sindikatuekiko errespetu falta argia da; azkenik, mahaia hasi baino lau ordu lehenago jaso dute sindikatuek idatzizko azken proposamena. Hortaz, negoziazio eraginkor bat gauzatu ahal izateko ez da abiapuntu egokia.

Proposamenari dagokionez, Hezkuntza Sailak aldagai berri gutxi batzuk txertatu baditu ere, LABek ez ditu nahikotzat jotzen. Are gehiago, neurri horietako batzuetan atzerapausoak daude; hala nola, gazteberritzerako atalean aurretik jasotako lizentziak 3 hilabete gutxiagoko iraupena izango luke. Bestalde, LABentzat funtsezkoak diren baliabideetan ez da hobekuntza eta zehaztapen nabarmenik jasotzen; euskara indartzeko figuren inguruan, adibidez. Azkenik, soldatari dagokionez, Hezkuntza Sailak martxoaren 24aren ondoren publiko egindako aurreakordio proposamenean eskainitako baldintzarik gabeko %6ko igoera ez da jasotzen; izan ere, proposatutako igoeraren zati handiena BPGri lotu dio.

Sailak proposamen berriaren azalpenak eman ditu, eta sindikatu guztiak entzun ondoren, bi orduko etenaldia proposatu du 17:00 aldera, 19:30ean sindikatuen ekarpenekin dokumentu berria prestatu eta beste mahai bat egiteko. Jaso beharreko idatzizko proposamen berria aztertzeko denbora nahikorik ez zegoela iritzita, sindikatuek mahaia ostiralera atzeratzeko eskaera egin diote, eta sailak onartu egin du.

Aste honetan akordioa lortu arte aulkian iltzatuko direla adierazi du Pedrosa sailburuak. Torlojuak baino, proposamen zehatzak behar dituzte langileek.

Argi dago irakasleek egindako mobilizazio eta greba dinamikaren jarraipen zabalak, batetik, eta larunbateko manifestazioetarako hezkuntza komunitatearen atxikipen andanak, bestetik, eragina izan dutela Hezkuntza Sailak eman dituen pausoetan; mugitzera behartu dute.

LABek negoziatzen eta mobilizatzen jarraitzeko borondate irmoa dauka 15 urteren ondoren akordio arautzaile (hitzarmen) duina lortu arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak ahal izan duen guztia egin du emakumeak prebentzio, suhiltzaile eta salbamendu zerbitzuan sartzeko ekintza positiboko neurriak saihesteko

Bizkaiko Foru Aldundiak SPISZan emakumeen presentzia sustatzeko plana onartzea erabaki du, LAB, UGT eta CCOOk ordezkatzen duten Langileen Batzordearen gehiengoaren irizpidearen aurka, eta ELAren babesa soilik izanda. Hori oso larria iruditzen zaigu, kontuan hartuta akordioa iruzurra dela, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 23ko 12/2023 Legean, suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzuei buruzkoan, jasotako prebentzio-zerbitzuetan eta suteak itzaltzeko zerbitzuetan emakumeen presentzia sustatzeko helburuari dagokionez. Lege hori gehiengo politiko zabal batekin onartu zen.

12/2023 Legeak, itzaltze zerbitzuetan emakumeen eta gizonen artean dagoen desorekaz jabetuta, sustapenerako eta ekintza positiborako neurriak ezartzen ditu. Legeak, zehazki, ezartzen du hautaketa-prozesuetan plazen erreserba-ehuneko bat ezarri beharko dela emakumeek bete ditzaten, gutxienez % 33ko presentzia lortzen ez den bitartean.

Testuinguru honetan, BFAk, hasieratik, legeak sustapen-plana egiteko emandako agindua betetzen ari zelako plantak egin ditu eta, horrela, emakumeek betetzeko plazen erreserba ehuneko txikiagoa ezarri ahal izango du, legeak planik izan ezean ezartzen duena baino (%25ekoa da); eta ELAren laguntza izan du.

Horrela, hasieran BFAk berdintasun plan bat aurkeztu zuen, eta Langileen Batzordearen gehiengoak atzera bota zuen, ez zuelako betetzen planak diseinatzeko ezarritako prozedura (diagnostikoa eta kolektiboaren parte-hartzea), ezta edukia ere (diagnostikoa, helburu kualitatiboak eta kuantitatiboak, tarteko helburuak, neurriak, kronograma…). Langileen Batzordeak “SPISZan emakumeen presentzia sustatzeko plan” bat egitea proposatu zuen, eta, ondoren, berdintasun-plan bat egitea, seriotasunez eta zehaztasunez.

Planaren arabera, 2025etik 2027ra bitartean aurreikusitako hautaketa-prozesu bakarrean, deitutako 23 plazetatik, % 10 emakumeentzat erreserbatuko dira, hau da, 2 plaza, SPISZ-ko suhiltzaile kategorian 400 pertsona inguruko talde batean, eta horietatik 7 baino ez dira emakumeak gaur egun. Era berean, lan-poltsei dagokienez, eta soilik eskaintza arruntetarako, emakumeei deien % 10 egitea jasotzen du planak, gehiengo sindikalaren proposamena asko murriztuta.

Zehaztu behar da “erreserba” ehuneko horren eraginkortasuna oso mugatua dela, ez delako automatikoki aplikatzen: emakumezko hautagai batek lehentasuna izango luke soil-soilik baldin eta gizonezko hautagai batekin duen puntuazio aldea, lehiaketako puntuak barne (hautaketa prozesuaren %25 dira), %15tik beherakoa bada. Hori ez da inoiz gertatuko, neurri hori aplikatuko litzaiekeen hautagai berriek ez dutelako
esperientzia punturik.

Gure proposamena honako hau zen: alde batetik, helburu argiak zehaztea eta, bestetik, hurrengo EPEan gutxienez %15eko erreserba eta ordezkapenen %33ko ehunekoa (eskaintza arruntetan), hurrengo deialdietan pixkanaka emakume gehiago sartu ahal izateko. Hau da, beti 20 emakume inguruko presentzia egotea ordezkapenak egiten, kontutan hartuta egunean batez beste 65 langile daudela lan poltsan ordezkapenak egiten. Horrela, 2029ko hurrengo EPErako puntuak egiten joango lirateke; etorkizunerako proposamena da, beraz, etxeko interinoei kalterik egin gabe. Aipatzekoa, bide batez, egun, zerbitzu honetan bitarteko funtzionario emakumezko bakarra dagoela eta beraz abiapuntuzko desoreka egoera dugula.

Langile Batzordearen gehiengoak eskatu izan duguna da planak, legeak hitzez hitz ezartzen duen bezala, honako hau finkatu behar zuela: “kasuan kasuko plangintzaldirako, dagokion zerbitzuko plantillan iritsi nahi den emakumeen ehunekoa, emakumeen presentzia baxua zuzentzeko”, eta erreserbatutako plaza kopurua koherentea izan behar zela “suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko
zerbitzuan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko helburuarekin”.

BFAk gutxiengo sindikalean onartutako planak ez du ezartzen lortu beharreko portzentajerik, ezta presentzia oreka hori lortzeko urratsak emateko egokia izan litekeen portzentajerik ere.

BFAk, negoziazio prozesuaren ondoren, plan bat aurkeztu du. Langile Batzordearen gehiengoaren iritziz, plan horrek ez du helburu zehatzik ezartzen (beraz, ezinezkoa izango da betetze-maila eta inpaktua ebaluatzea), eta planean jasotako neurriekin zer lortu nahi den ez dagoenez zehaztuta, uste dugu ez dagoela ondo diseinatuta eta ez diola erantzuten SPISZ-ko plantillan emakume gehiago egoteko lege aginduari.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak proposamena ezagutu gabe doaz EAEko hezkuntza publikoko irakasleen negoziazio mahaira

Gaur Legebiltzarrean osoko bilkura eta irakasleen mahai sektoriala deitua izan dela eta, Legebiltzarraren atarian bildu dira irakasleak urtarrilean hasitako greba eta mobilizazio zikloa bukatzeko benetako negoziazioa eskatzeko.

Bederatzi greba egunen ondotik eta hamaika mobilizazioren ostean, apirilaren 10ean Hurrengo aste osorako greba deialdia iragarri zuten %90eko ordezkaritza duten LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek. Sindikatuek negoziatzeko prestasuna adierazi arren, Hezkuntza sailak gaur arratsalderako deitu duen mahaian aurkeztuko duen proposamen berria ezagutu gabe jarraitzen dutela azpimarratu dute. Izan ere, eskatutako eduki, zehaztapen eta bermeak proposamenean jasoko diren ezagutu gabe eta deialdiaren berri prentsa bidez jakin dutela salatu dute, hilabete egon baita hezkuntza saila sindikatuekin harremanik izan gabe.

Argi dute aurreko grebetako jarraipenak, mobilizazio arrakastatsuek, greba deialdi berriak eta hezkuntza komunitateari luzatutako deiak eragina izan dutela negoziazio deialdi berri honetan.

Egindako grebetan langileek argi eta garbi adierazi dute hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta sindikatuen aldetik, erabateko prestasuna izan dute beraiekin biltzeko. Gaurkoan hitzetatik negoziazioetara pasatzea espero dute.

Greba ziklo honetan aldarrikapen zehatzak igorri dizkiete sindikatu eta langileek Hezkuntza Sailari: gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta jaiotze-tasa aitzaki hartuta aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, lan-osasuna zaintzea, kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko, baliabide pertsonalak eta hauetarako beharrezkoak diren formakuntzak ezartzea, eta azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea eskatu dute behin eta berriz sindikatuek eta langileek.

Era berean, eskertu nahi dute orain arte eta ostiral arratsalderako familia eta ikasleek antolatutako mobilizazioak, baita sindikatuek adostutako manifestuari atxikimendua eman izana ere. Milaka dira jaso dituzten norbanakoen sinadurak eta hamarnaka eragileenak. Guztiek
aldarrikapenak babestu eta larunbaterako deitu duten manifestazioan bat egingo dute EAEko hiru hiriburuetan. Donostian, arratsaldeko 17:00etan, eta Bilbo eta Gasteizen 18:00etan.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea.

Orain arte 3.000 lagunek baino gehiagok sinatu dute manifestua eta eragile hauek:

Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik!
Aintzira Familien Elkartea
Aita Iparragirre herri eskolako Guraso Elkartea
Aita Iparragirre HLHI (Idiazabal)
Aitor Ikastola
ALBIZ Guraso Elkartea
Alkizako Herri Eskola
Allende Salazar eskolako Guraso Elkartea
Altzoan Zaintza Sarea elkartea (Arrigorriaga)
Antonio Lopez de Guereñu eskola
Arteako Guraso Elkartea
Atxondo HLHI
Ballonti BHI
Barakaldoko Grebalariak
Barakaldoko grebalarien batzordea
Barakaldoko Hezkuntza Bilgunean BHB
Basartea Guraso Elkartea-Ramon Bajo HLHI
eskolako
Berango-Merana IGE-AMPA
Berri-Otxoak (Barakaldo)
Berrioiz guraso elkartea
Berriz BHI
Bertsopilota Kirol eta kantu elkartea
Besopean Guraso elkartea (Zaratamo)
Bizi Txoriherri
Bizkarreta Guraso Elkartea (Unamunzaga eskola)
Bolatoki Kultur Elkartea
Downaraba
ELAK-PCTE
Elorrio Eskola Publikoa
Elorrioko Eskola Publikoko Guraso Elkartea
EPA Zalla HHI
ESK Sindikatua
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea
Feministalde
Fleming Herri eskolako zuzendaritza
FP Barakaldo LH grebalarien batzordea
Fray A. Urdaneta Ikastetxea
Gasteizko Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataforma
Gasteizko IRALE
Gerrarik Ez Euskal Herria
Gorbea Guraso Elkartea
Harri Berri-Oleta ikastetxeko klaustroa
Heriotza Haurrekin
Herria Kultur Elkartea
Hezikuntza Guraso Elkartea (Lezo)
Ibai Ikastola Guraso Elkartea
Ibarrekolanda BHI
IGE Laudio institutua
Ikama Bilbo
Ikama Ibarreko
Ikama Ikasle Antolakundea
Ikas-Bide Ikastola HLHI
kaztegietako herri eskola
Izartegia IGE (Ganivet)
Jaikin IGE Ruperto Medina Guraso Elkartea
(Portugalete)
KAIXO Karmelo Ikastolako Gurasoen Elkartea
Kakitzat (Koordinadoraka Antimilitarista)
Kardala LHII
Karmelo Etxegarai ikastola
Karmelo Ikastola IPI
Katiluzar Guraso Elkartea
Kaxkagor kultur elkartea
Kaxkardi K.E.E.
Koloretxe
La Escontrilla Eskolako Guraso Elkartea
Lanbide Heziketa Defendatzen
Landazuri HLHI
Larrea Eskola
Larrea HLHI (Amorebieta)
Leku Eder familia elkartea (Gasteiz)
Lezo Herri Eskola
LH/FP Barakaldoko grebalarien batzordea
Lizartzako Herri Eskola
Lopez de Gereñu
Mariturri Guraso Elkartea
Mendekoa IFE-AFA Mukusuluba
Mendialdea IPI (Kanpezu)
Olaberriko Herri Eskola
OMAL-Paz con Dignidad
Oroko Andra Mari HLHI
Plentzia Eskola
ROCK KAM BROOM!!! (musika taldea)
Salbuberri guraso elkartea- Salburua BHI
Salburua HLHI Ikastetxea
SAN GABRIEL BIGE Guraso Elkartea
SOS Aiaraldea – Aiaraldeko Greba Batzordea
Talaia Eskola Hondarribia
Toki eder eskola
Txinparta Feminista Konpartsa
Txurdinaga eskola HLHI
Urdanetarrak Ordiziako Euskal Eskola Publikoko
Gurasoen Elkartea
Urkipe Herri Eskola
Urrunagako Administrazio Batzarra
Urrundi Kultur Elkartea
Zabalgana BHIko Mendibea Guraso Elkartea
Zadorra Etxea
Zamudioko eskola
Zeberioko Zubialde eskola
Zornotzako Larrea Eskolako Ikasleen Guraso
Elkartea
Zornotzako Talde Feminista

Bilboko TMB Arraizen lanuzteak hasi dituzte, soldata duinak eta lan baldintza seguruak bermatu diezazkieten

Lanuzteak hasi dituzte hiri hondakinen kudeaketaz arduratzen den Bilboko TMB Arraiz enpresan, lantegi horretan denbora luzez pairatzen ari diren egoera larria dela eta. Izan ere, enpresa batzordeak urteak daramatza instalazioak hondatu direla eta makinen mantenua behar bezalakoa ez dela salatzen. Valoriza-Eco enpresak, ordea, neurri eraginkorrik hartu gabe jarraitzen du, eta langileen osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen segitzen du. Gaur izan dute lehen lanuzte eguna, eta langileen %98k egin du bat deialdiarekin. Ondorioz, produkzioa erabat eten behar izan da, eta hondakinak Zabalgarbira bideratu behar izan dituzte.

Egoera hori are gehiago larriagotu du zuzendaritzaren utzikeriak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren kontrolik ezak, eta, horren aurrean, erantzun sindikal sendoa beharrezkoa dela uste du enpresa batzordeak. “Ez dugu onartuko gure osasuna arriskuan egotea. Baldintza seguruetan lan egitea oinarrizko eskubidea da”, adierazi du enpresa batzordeak. Lan osasuna eta segurtasuna bermatuko duten neurriak ez ezik, “baldintza duinak bermatu ahal izateko” moduko soldatak ere eskatzen dituzte langileek, bizitzaren kostuaren igoerari erantzungo diotenak.

Aldarrikapenokin lanuzteak egingo dituzte langileek bihar, etzi eta maiatzaren 15ean ere.

LABek maiatzaren 10eko manifestazioetara dei egiten du, Hezkuntza Sailaren itxikeria gainditzeko

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza publikoa indartu asmoz hainbat borroka abiatu ditu LABek ikasturte honetan. Izan ere, hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa gauzatu behar dela uste du LABek, irakasleen lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoa herri honek dituen erronkei erantzungo dioten neurriez eta baliabideez hornitzeko: aniztasunari erantzuteko, hezkidetza eta politika feministak bultzatzeko edota euskara indartzeko; finean, Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean urratsak emateko.

Norabide berean, EAEn hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzeko urteetan egindako greben eta mobilizazioen ondorioz, LABek akordioak lortu ditu lehen indarra den Hezkuntza Saileko kolektiboetan, langileen lan baldintzak hobetuko dituztenak eta kolektibo horiek ematen duten zerbitzuaren kalitatea hobetuko dutenak. Heziketa Berezian lan hitzarmena berritu du, 20 urteren ondoren, eta baita Sukalde eta Garbiketan eta Haurreskolak Partzuergoan ere, 20 urteren ostean.

Irakasleen gatazka konpontzeko dago, eta, gainerako kolektiboetan bezala, akordioa posible dela uste du LABek. Hori hala izan dadin eta hitzarmen berria lortzeko, ezinbestekotzat jotzen du LABek, langileen lan baldintzak hobetzeko neurriekin batera, herri gisa ditugun erronkei erantzungo dieten baliabide gehigarriak eta neurriak jasotzea. Izan ere, beharrezkoak dira hezkuntza kalitatea hobetzeko eta eskola publikoa sistemaren ardatz izan dadin.

Irakasleek igorritako mezua argia izanik ere, Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailak eta Imanol Pradales lehendakariak momentuz ez diote egoerari behar bezala erantzun.

Horregatik, LABek gonbitea egiten dio hezkuntza publikoko komunitateari sindikatuok adostutako manifestuarekin bat egin dezan eta maiatzaren 10ean kaleak har ditzan. Eusko Jaurlaritzari mezu argi bat helarazi behar zaio, irakasleek urtarriletik hona egindako bederatzi greba egunetan erakutsitako konpromiso eta indar berarekin: hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ezinbestekoak dela irakasleen lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea.

Herrien burujabetza eta bizitza duina gerra eta kapitalismoaren kontra!

LAB parte den Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak VI. ekintza internazionalaren berri eman du gaur Donostian, eta ekintza hori Euskal Herrian nola lurreratuko den ere azaldu du. Hemen duzue agerraldian irakurritako testua:

Gaurko agerraldia Emakumeen* Mundu Martxako VI. ekintza internazionalaren berri emateko deitu dugu, eta ekintza hori nola lurreratuko dugun Euskal Herrian. Hogei urte baino gehiago dira bost urtean behin ekintza martxan jartzen dugula, eta aurten ere halaxe egingo dugu.

Aste honetan zehar, Euskal Herriko txoko ezberdinetan hainbat ekintza egingo ditugu eta “Herrien burujabetzak eta bizitza duinak” jarriko ditugu erdigunean. Mugimendu Feminista eragile sozio-sindikalekin batera, hilabeteak daramatzagu dena prestatzen, eta nazioarteko ekintzara batuz gai eta aldarrikapen hauek ekarri nahi ditugu mahai gainera.

Lurraren defentsan, mundu eta bizitza bizigarriak erdigunean jarri nahi ditugu klima larrialdi bete-betean aurkitzen garen honetan, non baliabide naturalen ustiaketa, biodibertsitatearen galera masiboa, lurren esplotazioa, etab. oso abiadura azkarrean gauzatzen ari den. Argi utzi nahi dugu, guzti hau planetaren ustiatze eta xahutzea oinarri duen gizarte-ereduaren ondorio dela, aipatutakoa bultzatu, sostengatu eta ahalbidetzen duten erakunde finantziario eta ekonomikoekin batera. Horregatik, Emakumeon* Mundu Martxatik, jendarte-eredu horretara bideratzen gaituzten eta arduradun diren erakunde ekonomiko zein finantziarioak interpelatuko ditugu. Hauek salatu eta bizi-eredu jasangarriago baterantz joan nahi dugula argi uzteko. Ahaztu gabe, ustiaketa hori ipar globalak hego-globalarekiko egiten duela eta, egun, hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko mekanismoa dela. Ezin dugu beste aldera begiratu. Bizi garen lurralde honetatik ere badugu erantzukizuna.

Era berean, Emakumeon* Mundu Martxatik, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista honi zuzenean begiratzeko beharra mahagaineratu nahi dugu. Jendarte-egitura hau lur eta gorputz jakin batzuen gaineko esplotazioan oinarritzen da. Bazterreko subjektuak kolpatzen dituen sistema batean bizi gara, sistemak berak sortzen dituen eta etengabe erreproduzitzen dituen subjektuak. Non gorputz migratu zein arrazializatuak diren zapalkuntza hauen jopuntuan aurkitzen direnak, besteak beste.

Migrazio politikak mundu sistemaren egitura kolonialaren ondorio dira. VI. Nazioarteko Ekintza honetan, beraz, sistema hau sostengatu eta ahalbidetzen duten Estatuen arteko mugekin apurtu nahi dugula adieraziko dugu, hauek gorputz batzuen gain dominazioa eta indarkeria gauzatzeko tresna gisa ulertzen baititugu. Hori horrela, atzerritartasun legea bezalako politikak abolitzea urgentziazko neurrien artean kokatzen dugu, eta indarkerkeria eta arrazismo instituzionala salatu nahi dugu, baita egitura guzti hauek sostengatzeko bideratzen dituzten inbertsioak ere.

Hirugarrenik, indarkeria matxisten ildoari helduko diogu. Indarkeria matxistak egiturazkoak direla ulertzen baitugu, beste zapalkuntza sistema batzuekin batera, emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko, gizonek, gizon-taldeek, erakunde patriarkalek eta Estatuek tresna gisa erabiltzen dituztenak.

Aipatutako guztiari aurre egiteko, beraz, indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde antolatuko gara, feminismotik eragiten jarraituko dugu. Eta Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik aste honetan zehar herrietan burutzen ari diren ekimenetara batzera animatzen zaituztegu: mobilizazioak, ekintza performatiboak, espazio publikoak hartu…

Horrekin batera, ezin aipatu gabe utzi Marsellako hitzordua. Ekainaren 13, 14 eta 15ean Europa mailako Nazioarteko VI. ekintza bertan burutuko da eta Euskal Herritik bertan izango gara ere. 

Azkenik, larunbatean, Maiatzaren 10ean, Euskal Herriko ekintzan parte hartzera deitu nahi dugu Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Bardean hasi eta Donostian amaituko dena. Tartean, Aramaio, Gernika eta Irun-Hendaia arteko zubitik igaroko gara hainbat ekintza eginez. Ekintza Donostian amaituko dugu manifestazio nazional batekin. Arratsaldeko 19:30ean Easo Plazatik abiatuko gara. Parte-hartzera animatzen zaituztegu!

LABek larritzat jotzen du mahai negoziatzailearen berri hedabideen bidez jaso izana, eta ardura eskatzen dio Hezkuntza Sailari

Hezkuntza sailburuak prentsa agerraldian egindako adierazpenen bidez izan du LABek mahai negoziatzailearen berri, eta hori larritzat jotzen du, baita balizko proposamen berri baterako edukiak ahoz eta medioen bidez zabaldu izana eta hiru ordu beranduago sindikatuei idatzizko proposamenik helarazi gabe jarraitzea ere. Sailburuak egindako adierazpenen ondoren heldu zaio LABi deialdi ofiziala.

Mahaiari daukan garrantzia kentzen ari zaio Hezkuntza Saila, eta sindikatuekiko eta langileekiko errespetu faltaz jokatzen. Izan ere, negoziaketarako eremua baztertu, dagokion balioa kendu eta prentsara eraman du negoziaketa, hilabete honetarako hitzeman zuen egutegia bete gabe utzi ostean eta sindikatuekin inongo harremanik izan gabe. Gaurko adierazpenak hezkuntza komunitateak mobilizatzeko deia egin ondoren eta bost greba berriren erregistroa egin ostean datoz.

LABek hainbatetan adierazi izan duen bezala, negoziaketa erreal baterako ezinbestekoa da idatzizko proposamen baten gainean lan egitea, akordioetara heldu nahi bada.

Beraz, LABek bere parte hartzea aztertuko du, argi baitu negoziaketarako proposamena medioen bitartez egitea, aurrez sindikatuei inolako idatzizko proposamenik helarazi gabe, marketing ariketa bat dela.

Bestalde, urtarriletik maiatzara bitarte luzatu den gatazka luze honetan arduraz jokatzeko eskatzen dio LABek Hezkuntza sailburuari.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek Arte Grafikoen Industriako Nafarroako hitzarmena berreskuratzearen aldeko apustu sendoa egin dute

Patronalak hitzarmena negoziatzeari uko egin ondoren, LAB, ELA; UGT eta CCOO sindikatuek, Nafarroako Arte Grafikoen Industriako langileen ordezkaritzaren % 100 baitute, argi utzi nahi dute konpromiso irmoa dutela 2014n desagertu zen nafar hitzarmena berreskuratzeko.

2014an, Nafarroako Arte Grafikoen patronala PP-UPNk ezarritako lan-erreformaz baliatu zen sektoreko hitzarmen probintziala bertan behera uzteko. Hitzarmen hori 1977tik zetorren, eta ezinbesteko tresna izan zen sektorean gutxieneko baldintza duinak ezartzeko. Enpresen aldetik 1990eko eta 2000ko urteetan baldintza horiek desagerrarazten saiatu ziren, baina sektorearen mobilizazioek intentzio hori geldiaraztea lortu zuten.

Hitzarmen autonomikoa erori zenean, enpresa gehienek negoziazio-esparru berria erabili zuten sektoreko langileek hitzarmen autonomikoan aitortuta zituzten eskubideak ezabatzeko eta Estatuko baldintzak inposatzeko. Horrek berretsi besterik ez zuen egin Nafarroako sektoreko hitzarmenak ezinbestekoak eta beharrezkoak direla lan-baldintzak duintzeko tresna gisa.

Horregatik, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk atzera bueltarik ez duen bide bati ekin diote, Arte Grafikoen Industriaren Nafarroako hitzarmena berreskuratzeko helburu argiarekin, langile klasearentzako bermea baita. Eta AEGRAN patronalak negoziazio-mahaia osatzearen aurrean eman duen ezezko borobilaren aurrean, aipatu sindikatuek argi utzi nahi dute ez direla geldirik geratuko. Gaurtik aurrera, lantokiz lantoki sinadurak biltzeko kanpaina hasiko dute, patronalaren aurrean sektoreko langileek aldarrikapen hori babesten dutela egiaztatzeko.

Dinamika horren ondoren, patronalak ezezkoarekin jarraituz gero, mobilizatzen eta tonua igotzen jarraituko dute sindikatuek Nafarroako Arte Grafikoen hitzarmena berreskuratu arte.