2026-01-26
Blog Page 475

Mobilizaziorako deia egiten dugu lan heriotzen aurrean

Gaur hilak 15, garraiolari bat hil da A-15ean, Andoainen. Bestalde, atzo jakin genuen, urrian lanetik etxeko bidean zioala auto istripua izan ostean zauritu zen Papelera Zikuñagako 23 urteko langilea abenduaren 12an hil zela, istripuak eragindako lesioen ondorioz. Bada, datorren ostiralean, abenduaren 18an, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera mobilizazioa egingo dugu Donostian 11:00etan, Eusko Jaurlaritaren egoitzaren aurrean. Gaur, berriz, Azpeitian egin dugu protesta, euskal gehiengo sindikalak ere deituta, ostiralean hildako langilea gogoan.

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoen senitarteko eta gertukoei.

Gaurkoarekin gutxienez 68 langile hil dira lanean Euskal Herrian urte hasieratik, eta horietatik 13, garraiolariak izan dira. Gainera, otsailaren 6tik, Joaquin Beltranek desagerturik jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripu nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak baitira, eta gainera, euren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontuan hartzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartzen dituzte. Guzti hauei gehitu behar zaie muturreko tenperatura, errepideen egoera negargarria, eguraldia… Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituko dugu eta enpresa eta administrazio publikoei esparru honetan hobekuntzak eskatzen. Deia egiten diogu langileklaseari,deitukodensalaketamobilizazioan partehartzera.

Hitzarmen duin bat negoziatzeko aldarria Lan Harremanen Kontseilura eraman dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek

Joan den astean egindako protesten ondoren, helduen egoitzetako langileak Donostian egoitza duen Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean mobilizatu dira, LAB eta ELA sindikatuok adostu dugun edukien dokumentua bertan aurkeztu eta gero. Hilabeteak dira helduen egoitzetako hitzarmenaren mahai negoziatzailea ez dela elkartu, eta, ekintza honen bidez,  hitzarmenaren negoziazio baterako apustu garbia egiten dugula adierazi nahi dugu berriro ere.

Gipuzkoako hitzarmen duin bat edukitzeko garaia da. Sektoreko langileak, nahiz eta egoera oso gogorrak bizi behar izan, onena ematen ari dira eta ez dute onartuko herrialdeko hitzarmen duinik gabe jarraitzea. LAB sindikatutik ADEGI, MATIA 2020, LARES eta ACGG patronalei beraien ardurak asumitu eta mahaian hitzarmena negoziatzera eseri daitezen exijitzen diegu. Sektoreko arduradun  nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiari berriz, herrialdeko hitzarmen duin bat lortzeko bidean, beharrezkoak diren erabakiak hartu ditzala exijitzen diogu, hitzetatik ekintzetara pasatuz.

Jaurlaritzak beste lau urtez murrizketei, inposizioari eta propagandari eutsiko die langile publikooi dagokienean

Atzo, Eusko Jaurlaritzaren menpeko langileon baldintzak arautzen dituen Mahai Orokorraren bilera egin zen Lakuan. Aurreko urteetakoekin alderatuta, nabaritu dugun aldaketa bakarra aurpegiak izan dira, bilera dinamikaren ezaugarria ez-negoziazioarena eta formalismo hutsa izan baitira.

LABen ustez, negoziaziorako gai zentrala izan beharko zen enpleguaren aurrean, Jaurlaritza Lan Eskaintza Publikoen asmoen informazioa ematera mugatu da, baina ostiralean dagoeneko prentsaren bidez ezagutu genituen. Aipagarria da hasiera batean bilera ostegunerako deituta zegoela, seguruenik komunikazio eta propaganda helburuei lotuagoa zegoelako negoziazio asmoari baino. Asmatutako zifrak eztabaidatzen itsutu baino, enpleguaren gaiari errotik behar bezala heldu behar zaio hasieratik, eta Jaurlaritzak azaldutako jarrera propaganda hutsarena izaten ari da.

Gobernuak aurkeztutako lan-kontratuko langile finkoentzako erretiro partzialaren planak eta igoera proposamenak murrizketekin jarraitzeko asmo argia adierazten dute. Langileoi urratutako eskubideak konpondu gabe mantendu nahi du.

Aurreko legegintzaldian gobernuak bere planak aurrera ateratzeko negoziazioa eta akordioak beharrezkoak zituen, baina uko egin zien, eta kaxoian gorde. Oraingoan, parlamentuan gehiengoa edukita ez du akordioren beharrik ikusten eta bere egitasmoak inposatzeko aukera probestuko du. Bitartean, “elkarrizketa” eta “negoziazio” hitzak etengabe errepikatuko ditu medioetan jendarteak sinetsiko dionaren ustean.

LABen aldetik bi aldarrikapen eraman dugu: erretirorako pizgarriak itzultzearena eta behin-behineko langileen egoera behingoz konpontzeko egonkortasun lege bat negoziatzea. Hau azken urteetan  eskatu izan dugu, eta bilerarako gai zerrendan sartzeko eskatu bagenuenere, bi gaiak “galde-eskaerak” delako atalean komentatzera mugatu behar izan dira.

Esan bezala, murrizketak eta Madrildik eta Lakuatik inposizioak datoz, eta langileon eskubideak babestu nahi baditugu, ezin dugu bilera mahai formal hutsetara mugatu. Gizarte zerbitzuetan, Irakaskuntzan eta Osakidetzan dagoeneko borrokan hasi diren bezala, aurrera pausurik nahi badugu gainontzeko eremu publikoetan ere mobilizazioei ekin beharra dugu.

UDAPAko langileek lan-istripuen kontrako mobilizazioa egingo dute

UDAPAko enpresa batzordearen oharra:

Joan den abenduaren 11n, lan-istripu larria gertatu zen, patata ekoizten eta merkaturatzen duen UDAPA S.Coop. enpresaren instalazioetan. Zehazki, goizeko 5:30ak aldera, lankide bat lanean hastera zihoala, egiten ari diren indusketa-lanei dagokien zanga batera erori zen. Istripuaren ondorioz, langilea ospitalera eraman behar izan zuten egindako zauri eta lesioen ondorioz. Une honetan plantan dago.

Argi daukagu lan-istripuak ez direla zorte txarraren edo kasualitatearen ondorio, lan- harremanen, prekarietatearen eta lan-erregulazioaren ondorio baizik.

Istripua gertatu baino egun batzuk lehenago, prebentzioko delegatu batek enpresako arduradunei ohartarazi zien ez direla segurtasun-neurri egokirik hartzen ari indusketa-lanetan, eta jakinarazi zien zer arriskuri aurre egin behar dieten langileek; besteak beste, irekidurengatik erortzeko arriskuari. Baina enpresak ez zituen aintzat hartu langileen ordezkarien eskakizunak.

UDAPAko langileok argi daukagu: bizitza eta lanpostu duinak behar ditugu. Gure lanetik onik eta bizirik itzultzeko eskubidea dugu. Lan-istripu hori edo beste edozein lan-istripu ez dira gertakari isolatuak; ekonomia, langile-klasearen osasuna eta bizitzaren gainetik lehenesten duen ekoizpen-eredu baten isla dira.

Lan-istripuak onartezinak dira. Gaur egun, baliabide pertsonal eta tekniko nahikoak daude istripuak saihesteko, baina kostu ekonomikoa dakarte, eta enpresek eta patronalek ez dute prebentzioan inbertitu nahi. Produktibitatea eta epe laburreko onura ekonomikoa lehenesten dituzte beti, langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik.

Salatu nahi dugu laneko ezbehar-kopuruari buruzko datuak okerragoak direla urte batetik bestera, eta gobernuen aldetik ez dugu aldaketa esanguratsurik ikusten. Gobernuei eskatzen diegu segurtasuna bermatzeko eta langileen osasunari lehentasuna emateko. Lantokietan neurri eta tresna eraginkorrak bermatu behar dira, eta ezin zaizkie enpresei soilik egokitu horiek betetzea. Administrazio publikoek enpresen gaineko kontrola eta jarraipena areagotu behar dute.

Argi daukagu mobilizazioa eta borroka direla lan-istripuak bezalako gaitz indibidual, familiar eta sozialarekin amaitzeko ditugun arma bakarrak. Norabide-aldaketa bat behar dugu, eredu- aldaketa bat, non langileen osasuna eta bizitza izango den elementu nagusia. Horregatik, UDAPAko Enpresa Batzordetik gertatutakoa ikertzeko eskatzen dugu, eta, era berean, langileei dei egiten diegu lan-baldintza duinen aldeko borrokara batu daitezen. Bihar abenduak 15 asteartea, elkarretaratzea burutuko dugu enpresaren ateen aurrean 14:00etan, Gasteizko Paduleta kaleko 1.an.

Auzi politiko guztien amaiera exijitzen dugu, herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean

Bateraguneko epaiketa ez zen inpartziala izan, eta hori ez du LAB sindikatuak soilik esaten, Estrasburgoko auzitegiak hala ebatzi zuen, Euskal Herrian beti argi izan dugun baieztapena berretsiz. Bada, errealitateak fikzioa gainditzen jarraitzen du, Espainiako Auzitegi Gorenak Bateraguneko auzipetuak berriro epaitzeko hartutako erabakiarekin. Espainiak justizia modu injustuan erabiltzen jarraitzen du; herrien erabakitzeko eskubidea termino demokratikoetan konpontzeko eskaintzarik gabe jarraitzen du; eta jarraitzen du etengabe eskubide zibil eta politikoak bidegabeki urratzen.

Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Herria bake bidean jartzeagatik bost lagun espetxeratu eta zigortzea basakeria izan bazen, disparate politiko eta juridikoa da berriro epaitzea. Eskandalu bat da.

Herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean, auzi politiko guztien amaiera eta preso politikoen askatasuna eskatzen dugu LABetik. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko.

Cofelyko langileek Nafarroako Gobernuari esku hartzeko eskatu diote, Nafarroako lanpostu guztiak salbatzeko

Cofely enpresako Nafarroako langileen ordezkaritza batek bilera izan du gaur, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren Lan Zerbitzuko arduradunekin eta, haien kezka helaratzeaz batera, lan gatazka honetan esku hartzeko eskatu die. EEE Enplegu Erregulazio Espedientea negoziatzeko hirugarren astean gauden honetan, LAB sindikatuak salatu nahi du enpresa ez dela ia deus mugitu bere hasierako planteamendutik, eta gaur gaurkoz penintsula osoan 583 langile kaleratzeko arriskuan daudela, horietako 13 Nafarroan (hemengo ia plantila osoa).

LABek azpimarratu nahi du ez duela ez EEEren kausa ez eta berau gestionatzeko modua onartzen. Ia Nafarroako langile guztiak kalean utzi nahi dituen EEE hemen, Nafarroan, negoziatu beharko litzateke. Horixe da enpresari beste ezer baino lehen LABek eskatu ziona; baina enpresak uko egin zion eskaerari. Argi dago horren atzean dagoena dela enpresak badakiela hemen lan postuak mantentzeko sindikatu bat eta langile batzuk dituela aurrean eta hori ez zaiola interesatzen.

Ez dugu ulertzerik, enpresak, burofax eta eskutitzen bitartez, bezeroekin unilateralki kontratuak etetea, horietako asko Nafarroan, are gutxiago kontratu horiek errentagarriak direnean. Honek guztiak agerian uzten du enpresak negoziatzeko eta irtenbideak bilatzeko duen interes falta.

Nahiz eta zoritxarrez lehen aldia ez izan, berriz ere kasu honetan badugu diru sarrera estratosferikoak dituen enpresa talde batean kokatutako enpresa bat, diru publikoaz baliatzen dena eta Nafarroan irabaziak dituen lan zentro bat duena, eta batere lotsarik gabe langileak kaleratu nahi dituena.

Honengatik guztiarengatik, Cofelyko Nafarroako langileek eta bere ordezkari sindikalek Nafarroako Gobernuari eskatu diote beharrezkoak diren baliabide eta bideak erabil ditzan EEE bertan behera gera dadin eta Nafarroak duen egoerari Nafarroan egikarituko den negoziazio batean irtenbidea bilatzeko exijitu dezan.

EAEko aurrekontuetan ondasuna banatzea, eskubideak bermatzea eta zerbitzu publikoak garatzea eskatu dugu Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kaleetan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok deituta, manifestazioak egin ditugu EAEko hiriburuetan. Hain zuzen ere, Gasteizko Gobernuak abenduaren 17an Parlamentura bidaliko du aurrekontu proiektua, eta, orain arte entzun ditugun adierazpenen arabera, ez da inongo borondaterik antzematen neurri sozialak bermatzeko aurrekontuetan dotazioak handitzeko. Hori ela eta, kalera irten gara aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak eskatzeko, azken asteotan Hego Euskal Herrian egindako mobilizazioei jarraipena emanez. Bilboko manifestazioan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza: “Azken hilabeteotan inoiz baino ageriago geratu dira sistemaren hutsuneak, inoiz baino argiago geratu da kapitalismoa dela bizitzaren etsairik handiena. Eredu berri bat behar dugu”.

Herritarron bizitza eta beharrak erdigunean jartzen dituen lehentasunezko zazpi aldarrikapen mahai gaineratu ditugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, eta urgentea iruditzen zaigu aurrekontuek lehentasuna horiek bermatzeko diru partida zehatzak, prozesuak edota errekurtsoak aurreikustea.

Hauek dira Kartaren zazpi aldarrikapenak:

1.Zerbitzu publikoak garatu.
• Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuen eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoen lan baldintzekin parekatzea. Horretarako beharrezko partidak bideratzea.
• BPGaren %6 hezkuntzara bideratzea. Hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko, doakoa eta aniztasuna integratuko dituena ardatz izango duen euskal hezkuntza sistema propio eta inklusibo bat berma dadin.
• BPGaren %7 osasungintzara bideratzea.

2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea eta horretarako beharrezko partidak bideratzea.

3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak.
• DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a.
• Etxebizitza eskubidea.

4. 1.080 eurotako gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.
• Pentsioak 1.080 arte osatzeko neurriak hartu/partidak bideratu.a

5. 1.200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia sektore publikoko azpikontrata guztietan bermatzea.

6. Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7. Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatu.

Langile bat hil da Azpeitian, urteko 66. lan heriotza Euskal Herrian

Gaur, langile bat hil da lanean, Azpeitian. 58 urtetako J.M.A makina batek harrapatu du Erraztiola Serrategia SL enpresan. Aste berean Euskal Herrian hiltzen den bigarren langilea, izan ere, abenduaren 7an Indusaleko langile bat hil zen Muskizen, Petronor-en. Gaurkoarekin, gutxienez 66 langile hil dira Euskal Herrian urtea hasi denetik eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarreko Zabortegian duela 10 hilabetetik. Gehiengo sindikalak, kontzentrazioa egingo du abenduaren 15ean, 12:00etan, Erraztiola Serrategia SL-ren aurrean.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, hildakoaren senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu.
Lan istripu guztien atzetik lan baldintza eta lanaren ezaugarriak daude, azpikontratazioa, erritmo azkarrak, presioa, autoritarismoa… Gaixotasunak sortu eta batzutan langileak heriotzara eramaten dituztenak.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuta, ematen diren lan harremanen, prekarietatea, lan arautegia eta azpikontratazioaren emaitza baizik.

LABen argi dugu, bizi eta enplegu duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Hau edo beste edozein lan-istripu ez dira gertakari isolatuak, langile-klasearen osasun eta bizitzaren aurretik ekonomia jartzen duen eredu produktiboaren isla dira.

Laneko heriotzekin bukatzeko bide bakarra borrokan eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Norabide-aldaketa behar dugu. Eredu berri bat, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena. Horregatik, LABetik dei egiten diegu langileei lan-baldintza duinen aldeko borrokara.

Euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko eskatu dugu hainbat sindikatuk eta alderdi politikok

Iragan otsailaren 8an Etxerat elkarteak Donostian bilera bat egitera deitu zituen alderdi politiko eta sindikatuak, LAB barne. Bilera horretan honako hau planteatu nahi zen: “Espetxean dauden pertsona euskaldun presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia”. Bildu ginenok Etxeratekin konprometitu ginen, hauteskunde garaiaren ostean, adierazpen publiko bateratu bat egingo genuela. Bada, emandako hitzari jarraiki, adierazpen bateratua aurkeztu dugu Bilbon, eta, hedabideen aurrean egindako agerraldian, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu izan da.

EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, ELA, LAB, UGT, CCOO, STEE, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT-ren ADIERAZPENA

Gaur komunikabideen aurrean aurkezten garen alderdi politiko eta sindikatuok pertsona euskaldun presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko gure azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi dizkiegu Espainiako Gobernuari eta euskal zein nafar iritzi publikoari.

Sinatzen dugun alderdiok, euskal erakunde gehienetan eta sindikatu gehienekin askotan adostu ditugun adierazpenetan honako hau eskatu izan dugu: “Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila, askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan. Zentzu honetan, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan honako hau adierazten dute: beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz”.

Covid-19ak eta konfinamenduak pandemia honek espetxeratuentzat dituen ondorioei buruzkoeztabaida ireki dute. Hilabete hauetan ugariak izan dira erakunde politiko eta sozialen ekimenak, nazioarteko erakundeen gomendioak jarraituz, Europatik, Madriletik, Gasteizetik eta Iruñetik eskaera hau egin dutenak: dagokien agintariek har ditzatela neurri espezifikoak pertsona presoei begira, haien osasun eta segurtasun baldintzak hobe daitezen eta hobera egin dezaten osasun krisialdiaren ondorioek bereziki ukitu dituzten legedi juridikoko eskubideek ere.

Zentzu honetan, bereziki garrantzitsua jotzen dugu 2020ko apirilaren 27ko Eusko Jaurlaritzaren proposamena, honako hau baieztatzen duena: “Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluaren arabera, Covid-19 izurritearen ondorioen testuinguruan eta osasun publikoa prebenitu eta babesteko helburuarekin, egitasmo orokor bat artikulatu behar da espetxeratu guztiak preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbilduak izan daitezen”

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin du. Hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin.

Ondorioz, honako hau adierazi nahi dugu:

  • 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari helarazten diogu Euskadiko Autonomia Erkidegoko gizartearen eta adierazpen honen sinatzaileen sostengu osoa, pertsona euskaldun presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea erabakitzen badu, aldatzear dugun iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.
  • Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu berriro ere, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.
  • Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.
  • Helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen. 

Konpromiso hau gizarteratu eta ezagutarazteko helburuarekin, akordio hau aurkezten diegu: 

– Pedro Sánchez, Espainiako presidenteari eta Iñigo Urkullu, Lehendakariari;.

– Friendship elkarteari. 

– Euskal pertsona presoak aurkitzen diren Espetxeetako Zuzendaritzei.

Era berean, akordio hau Eusko Legebiltzarrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletxe guztiei bidaliko zaie, oniritzia eman dezaten eta modu horretara konpromisoa gizarte osora heda dadin. 

Amaitzeko, egoera hau jasaten ari diren pertsona presoen senitarteko eta adiskideei ezagutarazi nahiko genieke hartua dugun konpromisoa, aipatu helburua lortzen laguntzeko beharrezkoak diren urratsak ematekoa.