2026-06-22
Blog Page 46

Bilboko Portuko Amarradoreen kolektiboak Ezkerraldeko herritarren babesa jasotzen du, txandakako sistema berri baten inposaketaren aurrean

Bilboko portuko Amarradoreen plantillak, laugarren greba egunean, 300 pertsona baino gehiagoren babesa jaso du atzo arratsaldean Portugalete eta Santurtzi lotu zituen manifestazio batean. Manifestazio horretan, Bilboko portuko hainbat enpresak eta ezkerraldeko herritarrek bat egin zuten, Amarradoreen kolektiboari babesa adierazteko.

Amarradoreek bermatzen dute, urtean 365 egunetan eta egunean 24 ordutan, portuko trafikoaren behar guztiei eta sor daitekeen edozein larrialdiari erantzungo zaiela. Bilboko Portuaren funtzionamendurako funtsezko zerbitzua dira.

1990etik, ibaia eta Bilboko portua lotzeko enpresak bateratu zirenetik, 35 urteko bake soziala, akordioak eta zuzendaritzaren eta langileen arteko lankidetza izan dituzte. Denbora horretan enpresa bideragarri bat eraiki dute, zerbitzu eredugarri batekin, lan gatazkarik gabe eta egonkortasuna, profesionaltasuna eta kide izateaz harro egotea ahalbidetu duten baldintza duinekin.

Hala ere, hori guztia aldatu egin da zuzendari nagusi historikoak erretiroa hartu ondoren. Gerente berriak, P&O Reyser multinazionalaren babesarekin, hainbat hamarkadatan eraikitako eredua desegin nahi duen prozesu bat hasi du, besteak beste, gure lan baldintzak eta bizi kalitatea larriki prekarizatzen dituen Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa bat ezarriz.

Lan sistema berri bat, onartezina

Enpresaren azken jakinarazpenaren arabera, urtarrilaren 16tik aurrera lan sistema bat sartuko litzateke indarrean, eta horrek honako hau dakar:

  • 2.100 ordu baino gehiago urtean, 12 orduko sei txandatan banatuta, enpresaren irizpide esklusiboaren arabera.
  • Oporren murrizketa erreala: 15 egun baino ez dira bermatzen, eta beste 15ak txanden arteko atsedenaldietan “gozatutzat” jotzen dira.
  • Lanbide-kategoriak desagertzea edo aldatzea, soldata nabarmen galduz.
  • Lana eta familia uztartzeko ezintasuna.
  • Legezko gutxieneko atsedenaldiak ez betetzea.

Gainera, enpresak apurtu egin nahi du kontratazio berri guztiak gainerako langileen baldintza berberekin sartzeko akordio historikoa. Gure orainak ez ezik, funtsezko zerbitzu horretan lan egitera etorriko direnen etorkizunak ere kezkatzen gaitu.

Demanda judiziala eta lehen ondorioak

LAB sindikatutik demanda bat jarri dugu funtsezko aldaketa kolektiboki aurkaratzeko, benetako arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produktiborik ez duela argudioa. 

Gainera, LABek kautelazko neurriak eskatu ditu epaitegian, enpresak ezin dezan aldaketa aplikatu prozedura judiziala abian dagoen bitartean.

P&O Reyser enpresaren jarrera ondorio larriak eragiten ari da dagoeneko: azken egunetan, lankide batek kontratua azkentzeko eskatu du, kalte-ordaina jasota, iragarritako aldaketek kalte jasanezinak eragin dizkietelako.

Atzo laugarren greba eguna izan zen, urtarrilaren 5ean eta 12an jarraituko duen mobilizazio zikloaren barruan. Enpresak ez badu aldaketa mahai gainetik kentzen, Amarradoreen plantillak erantzuna gogortzea aztertuko du, eta bere eskubideak defendatzeko konpromiso irmoari eutsiko dio. 

Olentzerok ikatza utzi dio posta zuzendaritzari Arabako Lautadan

LABek Correosen duen atal sindikalak murrizketa berriak salatu nahi ditu, Arabako Lautadako herritarrei bereziki eragingo dietenak, 10.000 pertsona ingururi kalte eginez.

Posta Zuzendaritzak ordutegi-murrizketa bat egin nahi du 2026ko urtarrilaren 1erako, Aguraingo Bulegoaren jendaurreko arretan. Bulego horrek zerbitzua ematen die bai Aguraingo udalerriari, bai inguruko beste batzuei, hala nola Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondori, eta abar, herritarrei arreta emateko ordutegia %25 murriztuz, gutxi gorabehera.

Murrizketa horrek eragin negatiboa izango du Lautadako 10.000 herritar ingururengan eta Correosek bidalketak edo beste edozein kudeaketa (posta bidezko botoa, adibidez) jaso eta izapidetzeko orduan eskaini behar duen zerbitzu publikoan. Bestalde, enpresak ez du inolako argudiorik eman herritarren eskubideen aurkako erabaki hori hartzeko.

Bidezkoa da posta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzea, landa-inguruneak atzean utzi gabe. Herritar guztientzat Posta Zerbitzu Unibertsala bermatu beharra dago, funtsezko zerbitzu publikoa baita eta premiazkoa da udalerri horietako gizarte-kohesioari eta biztanleen eskubideei eusteko.

ELA, UGT eta CCOO-ek Arabako ostalaritzako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute eros ahalmena bermatu gabe eta errestaurazio modernoa sartu gabe

5 urte iraun duen negoziazioaren ostean patronalarekin egindako adostasuna urria da edukietan, eros ahalmenean eta sektoreko langile askoren lan baldintzak alde batera utzi dira, hain zuzen ere Errestaurazio Modernoko Markak. 

ELAk, UGT eta CCOOekin batera, Arabako ostalaritzako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute. Adostutakoak ez ditu langileen beharrak bermatzen, behin baino gehiagotan LABetik adierazi dugun moduan. 

Aurreakordioak ez ditu errestaurazio modernoko langileak barnebiltzen. 2022an, ostalaritzako kate eta marka handien estatuko patronalak CCOO eta UGT sindikatuekin estatuko mailako hitzarmen bat sinatu zuten kateetan aplikatzeko, sektore honetako 140000 langileen lan baldintzak okertuz eta ostalaritzako hitzarmenetatik kanpo geratuz. Patronal estatalak, CCOO eta UGTrekin batera, sektore bat asmatu zuen estatalizazioaren bitartez, milaka langile prekarizatzeko, eta horrela lan baldintzak okertu ostalaritzako hitzarmen sektorialen kanpo geratuta. 

Kasu honetan, Ostalaritza kate eta marka handien eremua Arabako hitzarmenean ez barnebiltzean, langile hauen prekarizazioak bere horretan jarraitzen du.

Ez da kasualitatea sektore hau oso feminizatu eta arrazializatua egotea. Sistemak, berriro ere, egoera zaurgarrienean dauden langileen kontra egin du, eta LABek ez dugu prekarizazio konstante honetan parte hartuko.

Aurreakordioak ez du erosteko ahalmena bermatzen. 2025Eko abenduaren 1etik aurrera eta iraunaldi osorako %17,6ko igoera sinatu da kategoria guztientzat, urte guzti hauetako atzerapenak galduz. 2020tik metatutako KPIa % 18,1ekoa izanik.

ITetan, nahiz eta hilabete bat gehiago konplementatzen den, lehenengo hiru egunak zigortuak izango dira. Hau da, 4. egunetik 210. egunerarte konplementatuko dira. LABentzat ez da nahikoa, baja asko lehenengo hiru egun hauten ematen dira eta modu honetan, patronalak diru asko aurreztuko du.

Lanaldi-murrizketa irrigarria da, 2 orduko murrizketa baino ez hitzarmenaren indarraldiko 4 urteetarako. Ez dugu ahaztu behar sektoreak aspaldidanik daramala lanaldi altua izaten. 

Kolektibitateei dagokionez, LABetik sektorerako eskatzen genituen 1592 orduak baztertuak izan dira eta EAE mailan hitzarmena sortzen bada hau aplikatu behar dela klausula jartzera mugatu dira. 

Negoziazioaren bitartean ez dira mobilizazio nahikoak egin eta egin direnak ez dute eraginik izan. LABetik behin baino gehiagotan guztion artean mobilizazioak burutzeko apustua egin dugu eta grebekin batera bestelako borroka moldeak proposatu ere, baina ez dugu beste sindikaturik izan bide honetan lagun. 

LAB sindikatutik argi dugu borrokaren bidez hitzarmen duin bat lortzeko aukera izango genuela, sektoreko langile guztiak barnebiltzen dituena eta eros ahalmena bermatzen duena. 

Gabonetan egitekoa zen beiraren bilketako greba bertan behera utzi dute, azken orduetan akordioa lortu ostean 

LAB sindikatuak bertan behera utzi du abenduaren hasieran Enviser enpresan deitutako zazpi eguneko greba. Enviser enpresa beira biltzeaz arduratzen da Nafarroa osoan, eta hasiera batean, eguberri osorako deituta zegoen greba, abenduaren 24tik urtarrilaren 5era arte.

Egun hauetan zehar hainbat negoziazio egin ondoren, egoera desblokeatzea lortu da eta 10 langilez osatutako plantilla osoak berretsitako aurreakordio bat lortu da, aurreikusitako greba-deialdia bertan behera geratuz. 

LABen arabera, azaroan enpresa-ituna blokeatzea eragin zuten abusuzko baldintzak eta baldintza murriztaileak ezabatu dira, eta akordio bat lortu da urtero KPIari lotutako soldata-igoerekin, itun berria egin arte; peoi-espezialistaren kategoriaren funtsezko hobekuntza egin da, hilean 100 euro gordineko balio-aniztasuneko plusa ezarriz; antzinatasuneko langile guztientzako nominaren kontzeptu berri gisa 2026ko uztailean sartzea lortu da, eta plantilako langileengan horrenbesteko ezinegona sortu zuen xedapen iragankorra ezabatu da, itun horren hobekuntza guztiak etorkizuneko administrazio-kontratuan sartzearen baldintzapean jarri baitziren. 

LABetik, beste behin ere, ENVISEReko langile horien borroka eta batasuna azpimarratu nahi dugu. Izan ere, langile horien ahaleginari eta dedikazioari esker, errespetua lortu da azken urteotan, borrokaren eta negoziazioaren bidez itun duin bat lortu baita, hasierako egoera prekarioa hobetuz doana, estatuko hitzarmen zaharkitu batekin batera, hala nola saneamendu publikoa, bide-garbiketa, hondakinen bilketa, tratamendua eta deuseztapena. 

Hilketa matxista Barakaldon

Gizon batek emakume* bat hil du Barakaldon. LABek eraildako emakumearen* senideei bere babes eta elkartasun osoa helarazi nahi die, eta, halaber, bat egiten du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak egindako irakurketarekin. Hark deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten du. Jarraian duzue irakurketa:

INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK ORAIN!

Atzo, abenduaren 21ean, indarkeria matxistaren aurpegi krudelenak berriro kolpatu gintuen Euskal Herrian. Barakaldoko Urban auzoan, emakume baten gorpua aurkitu zuten bere etxean, indarkeria zeinuekin. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du dagoeneko, gertakariarekin lotura duelakoan. Urtea amaitzear denean, beste emakume bat erauzi dute gure artetik, bere etxean, ustezko segurtasun eremuan. Feministok ongi jakin arren sarri ez dela hala izaten.

Emakumeon Mundu Martxatik, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei. Zuen mina gurea da.

Hau ez da kasu isolatu bat, ezta ezbehar bat ere. Emakumeon aurkako indarkeria sistema cishetero-kapitalista, arrazista koloniala eta patriarkalaren tresnarik krudelen eta zuzenena da. Sistema honek gure gorputzak eta bizitzak kontrolpean mantendu nahi ditu, eta indarkeria erabiltzen du bere ordena mantentzeko. Kapitalaren metaketa eta heteropatriarkatuaren nagusitasuna emakumeon bizitzen kontura eraikitzen dira.

Nahikoa da! Ezin dugu onartu urtea beste erailketa batekin amaitzea. Ezin dugu onartu indarkeria matxista gure egunerokoaren parte gisa normalizatzea. Hilketak izozmendi baten punta besterik ez dira; baina azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna.

Gaur, ozen diogu:

  • Erakunde publikoei: Berdintasun politikek ezin dute izan marketin hutsa. Premiazkoa da baliabide errealak, integralak eta norabide politiko argia jartzea indarkeriaren erroari aurre egiteko. Prebentzioa eta babesa ez dira aukera bat, betebehar bat baizik.
  • Jendarteari: Indarkeria matxistaren aurreko pasibotasuna konplizitatea da. Erantzukizun kolektiboa dugu inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eta sistema honen oinarriak pitzatzeko. Batez ere, gizonei; hartu zeun ardura orain! Ez dugu onartuko emakume bat
    gehiago bere etxean edo kalean beldurrez bizitzea.
  • Mugimendu Feministari: Elkartasuna eta autodefentsa feminista dira gure tresnarik indartsuenak. Elkarrekin, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu, mundu hau eraldatu arte.

    Gure bizitzak ere garrantzitsuak dira! Ez dugu onartuko bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka honetan emakumeok beti galtzaile izatea. Borrokan jarraituko dugu denok aske izan arte, gure gorputzen jabe izan arte eta indarkeria matxistarik gabeko Euskal Herria eraiki arte.

    Azkenik, indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntza indartzen jarraitzeko eta aurrera urratsak emateko, urtarrilaren 31an Zornotzan antolatuko dugun jardunaldian parte hartzera gonbidatzen dugu Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Informazio gehiago Euskal Herriko Mundu Martxaren sareetan aurkituko duzue.

    DENOK MARTXAN, ASKE IZAN ARTE!

    Gora borroka feminista!

Jaurlaritza eroso dago Madrilen adostutako soldatak bere langileei inposatuta

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean argi geratu da Jaurlaritza Madrilen negoziatutakoa hemen inposatzera mugatzen dela, eta soldaten eta lan baldintzen negoziazioa hemen egiteari uko egiten diola EAJ-PSEren gobernuak.

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren negoziazio bilera egin da gaur Lakuan. Gai bakarra izan da: Madrilen adostutako soldata igoera EAEn ezartzea. Akordio horrek Jaurlaritzaren menpeko administrazioko eta enpresa publikoetako langileei eragingo die.

Aurreikusi bezala, oraingoan ere Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak hango sindikatuekin adostutako soldata igoeraren muga hemen nola ezarriko duen azaltzea izan da bileraren muina, eta jakinarazi dute, besterik gabe, 2025eko igoera urtarrileko nominan ordainduko dela. Igoerak ez du erosahalmena berreskuratzea ahalbidetuko, eta hemengo langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du.

Jaurlaritza Madrilen negoziatutakoa hemen inposatzera mugatu da. Beste behin, soldaten eta lan baldintzen negoziazioa hemen egiteari uko egin dio EAJ-PSEren gobernuak, eta bileran oso argi gelditu da horretarako borondate falta. LABek argi du borondate falta hori borrokaren bidez aldarazi daitekeela, beste sektore batzuetan eman diren greba eta mobilizazioekin ikusi den bezala. Salagarria da, halaber, EAJk langileekiko erakusten duen mespretxua; kasu honetan, langile publikoekiko.

Hego Euskal Herriko funtzio publikoko langileek azken urteetan greba eta mobilizazio andana egin dute. Enpleguari zein soldatari dagozkien gaiak hemen erabaki behar direla aldarrikatu dute etengabe, bertako esparru negoziatzaileak errespetatzeko eta negoziazio kolektiboa ez blokeatzeko. LABek borrokaren bitartez erakutsi du bestelako formulak baliatuta aukerak daudela Mahai Orokorrean zein bestelako mahai sektorialetan soldatari eta enpleguari loturiko neurriak negoziatzeko eta adosteko; hala nola, hezkuntza publikoan.

Madrilen autogobernuaren defentsan agertzen duen irmotasun bera exijitzen dio LABek Euskal Herriko langileen eskubideei begira.

Osasun mentaleko sare publikoaren defentsan, mobilizazioa egin du LABek Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Osasun mentaleko sarea indartzeko eta eratzeko prozesuan langileekin batera egin behar dela uste du LABek. Profesional kopurua handitu egin behar da, eta aurreikusita dauden beharrei aurre egiteko kategoria berriak ezarri behar dira.

Osasun mentaleko arreta-eskaria modu esponentzialean hazten ari den une honetan, Osasun Sailak arreta eredua aldatzeko mugimenduak hasi ditu. Osasun Mentaleko Sareko langileekin kontrastatu gabe egin nahi du hori, ilunpean. Antzezpen ariketa gisa, eta langileek eragindako presionaren aurrean, sailburuak propagandara eta egia erdietara jo du berriro ere, bere hitzak entzuten ditugunon adimena mespretxatuz.

Osasun Mentaleko Sareak indartzeko aldarrikapenei erantzunez 31 lanpostu sortu izana erabili du sailburuak ezkutu gisa, indartze hori gertatzen ari dela frogatzeko. Esan beharra dago, ordea, Osakidetzako gainerako zerbitzuetan lanpostuen erregularizazioak eta egituran sartzeak %6,6ko gehikuntza ekarri duela, eta, aldiz, Osasun Mentaleko Sareetan %1,55ekoa izan dela.

Osasun mentaleko pazienteak estigmatizatuta egongo ez balira, beren gaitzaren tratamendua emateko baldintzek eragindako haserrea mobilizazio iraunkor eta masiboaren arrazoi izango litzateke. Baina sailburua ez da estigmatizazio horren jakitun bakarrik. Are, horretaz baliatzen da, pentsatzen baitu inork ez dituela bere adierazpenak aztertuko. Sortutako zalapartaren aurrean, eztabaida publikotik onik ateratzeko datuak bihurritzeaz harago, gezur horrek ziurtatzen duena da indartze gisa saldu nahi digutela guztiz kontrako norabidean egindako urratsa.

Osasun Mentaleko Sareetako profesionalek, hamaika zailtasun eta baliabide falta gaindituz, ibilbide propio, integral, koordinatu eta komunitarioa josi dute. Eredu horrek, aurrekontu propioak izanik, aukera eman du etapa eta premia ezberdinetara egokitutako zerbitzu espezializatuak eskaintzeko; hala nola, haurtzaroa, nerabezaroa, lehen gertakariak edo adikzioak. Asistentziaren jarraitutasuna eta pertsona bakoitzaren gizarte- ingurunearekiko lotura ziurtatzen saiatu da artatze hori. 

Egia da errealitate hori ez dela berdina hiru herrialdeetan. Bizkaian horrela bada ere —gabeziak gabezia, eta indartzekoak egon badauden arren—, Araban hiriburuan dago kokatua osasun mentaleko arreta, eta herrietan bizi diren erabiltzaileak kilometroak egin behar dituzte artatuak izan ahal izateko. 

Gipuzkoan, ordea, ez dago osasun mentaleko ospitale espezifikorik, eta zerbitzu hori euren bizitzako uneren batean behar duten erabiltzaile gehien-gehienak negozio pribatura bideratzen ditu Osakidetzak. Dauden eguneko zentro guztiek edo/eta osasun mentaleko zentroek ez diete herritarren beharrei erantzuten. 

Ekitateaz hitz egiten du Sailburuak, eta LABek ere horrela izan behar duela uste du, baina nahikoa baliabide publiko izan behar da horretarako. Profesional kopurua gehitu egin behar da, eta aurreikusita dauden beharrei aurre egiteko kategoria berriak ezarri behar dira Osakidetzan. Bizkaian dagoen eredua hobetu, eta Araban eta Gipuzkoan ezarri eta indartu behar da. 

LABek argi du osasun mentala lehentasunezkoa dela, eta indartze eta eratze prozesuan langileekin batera lanean arituko da. Sailburuak jakin behar du, titulartasun publikoa eta sistema publikoa indartzea ez den beste edozein estrategiaren aurrean, LAB eta gizartea aurrean izango dituela. 

Lan Ikuskaritzak behin-behineko 93 kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu dio Volkswagen Navarrari

Lan Ikuskaritzak, LAB sindikatuak aurkeztutako salaketa baten ondorioz, behin-behineko 93 kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu dio Volkswagen Navarrari, 10 eguneko epean. Ebazpena betetzen ez badu, enpresak zigor-prozedura bati aurre egin ahal izango dio.

Eragindako langile bakoitzeko arau-hauste bat da, eta, Ikuskaritzaren arabera, 239 kontratu identifikatu dira guztira bat ez datozenak indarrean dagoen araudiarekin. Gainera, enpresak 151 kontratazio zergatik formalizatu zituen justifikatu beharko du.

LABetik positibotzat jo dute ebazpena eta gogorarazi dute behin eta berriz ohartarazi dutela “Volkswagen Navarrak kontratazio arloko araudia sistematikoki urratzen duela, helburu bakar batekin: langile prekarioak, baldintza ekonomiko okerrenak dituzten langileak, lan txanda okerrenak dituztenak, haien onura ekonomikoak handitzeko”.

Sindikatuak adierazi du Volkswagen Navarrak behin-behineko langileak erabiltzen dituela plantillari ezartzen zaizkion lan-baldintzek eragindako egiturazko absentismoa ordezteko. Horrek esan nahi du hilean 600 euro baino gehiago aurrezten direla soldatako kontratu bakoitzeko, plusak edo beste faktore ekonomiko batzuk kontuan hartu gabe.

LABek, gainera, kritikatu du enpresak milioika euro jasotzen dituela diru-laguntza publikoetan, kalitatezko enplegua sortu beharrean enplegu prekarioetara bideratzen direla, kontratazio arloan indarrean dagoen araudia urratuz. Sindikatuak adierazi duenez, “VW Navarrak inpunitatez jokatzen du UGT eta CCOO sindikatuekin egindako Enplegu Akordioari esker, nahi duena egin dezakeelako Enpresa Batzordeari kontratazio arloko azalpenik eman gabe, eta uste du berdin joka dezakeela Administrazioarekin”.

Erakunde sindikalak ohartarazi duenez, “akordio opaku honek, Enpresa Batzordearen kontrolik gabekoak, aukera ematen dio konpainiari askatasunez erabakitzeko zer kontratu formalizatzen dituen, bai mugagabeak, bai aldi baterakoak, gainbegiratze eta egiaztapenik gabe”. Sindikatuaren arabera, ez dira ezagutzen ez hautaketa proben emaitzak, ez Giza Baliabideen balorazioak ezta kontratazio behar errealak ere.

Azkenik, LABek gogorarazi du kontratuen kopiak Lan Ikuskaritzan hainbat erreklamazio egin ondoren soilik eman zirela, eta froga horiek ebazpena eragin duen salaketarako balio izan zutela. Sindikatuak ondorioztatu duenez, “Volkswagen Navarrak Hitzarmen Kolektiboa zein lan arloan indarrean dagoen araudia bete behar ditu”, eta ebazpena behin-behineko kontratuak dituzten gainerako langileei zabaltzea espero du.

Arabako garbitzaileek soldata duinak eskatu eta patronalaren blokeoa salatu dute

Garbiketa-sektoreko langileok aitortu gabeko eta gutxi balioetsitako lana egiten dugun kolektiboa gara, edozein jarduera aurrera eraman ahal izateko funtsezkoa denean. Gure lana ezkutatuta eta isilduta dago, bezeroaren langileak lanean ez daudenean lana egitera behartuta baikaude.

Lanaren banaketa sexualak dakarrenaren isla eta adibide garbia gara, eta soldata-arrakalaren biktima nagusiak. Sektorearen % 80 baino gehiago emakumeak gara, eta sektorean lan egiten duten gizon apurrek goragoko kategoriak dituzte. Eta horrek, azken finean, baldintza prekarioak eta miseriazko soldatak izatea dakar. Soldata baxuek eta partzialtasun altuak, kasu askotan, hainbat enpresarentzat lan egitera bultzatzen gaituzte, hilaren amaierara hala moduz iritsi ahal izateko.

Joan den martxotik, zabalik dago Arabako Eraikin eta Lokalen Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko Mahaia. Negoziazio horrek gure lan-baldintzak hobetzeko aukera eman lezake. Hala ere, 9 hilabeteko negoziazioen ondoren, kontuak ez du itxura onik.

Patronalak, ASPEL eta APEL, eztabaida “absentismoa” deritzonean zentratzen saiatzen ari dira, eta, zentzu horretan, argudio faltsu horren pean, murrizketak planteatzen ari dira Hitzarmenean finkatuta zeuden hainbat gaietan, hala nola ABE osagarrietan.

Bestalde, soldatei dagokienez, oso igoera epelak proposatzen dituzte berez oso txikiak diren soldatetan, KPIri inolako erreferentziarik egin gabe. Gogoratu behar dugu aurreko hitzarmenean (2020-2024) igoera eskas batzuk sinatu zirela KPIari lotu gabe, eta horrek 5 urteren bueltan % 15eko eros ahalmena galtzea ekarri digu.

LAB sindikatuan ez gaude prest negoziazioa nola luzatzen den ikusteko, ezta patronalen asmoen aurrean amore emateko ere. Irailean, LABeko ordezkariok negoziazio-mahaian dauden gainerako sindikatuei gutxienekoen proposamen bat adostea eta mobilizazio egutegi bateratua adosteko deia luzatu genien, baina UGTk, ELAk eta CCOOk gonbidapenari ezezkoa eman zioten.

LAB ez da inoren zain egongo. Zentzu horretan, abenduan sektorearen egoera kaskarra sozializatzeko kanpaina bat hasi dugu, “Garbitzaileok axola dugu” lelopean. Era berean, jakinarazi nahi dugu hurrengo asteetan mobilizatu egingo garela eta gure egoeraren arduradun nagusiak seinalatuko ditugula. Alegia EULEN, CLECE, ISS FACILITY, SERVEO, SAMSIC, NORTE BRILLANTE,… bezalako enpresak.

Lanaldi osoa duen langile batek 1042 € garbi irabazten ditu hilean. Patronalen planteamendua onartzeak, gaixo egoteagatik zigortuak izateaz gain, gutxienez beste 5 urtez miseriara kondenatzea ekarriko liguke.

Arabako garbitzaileok soldata duinak behar ditugu; zehazki, 1.500 euroko soldata, Europako Gutun Sozialean ezarritakoarekin bat datorrena, eta, hain zuzen ere, horixe da euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako egindako greba orokorraren deialdiaren aldarrikapen nagusia. Halaber, partzialtasun handiari mugak jarri behar dizkiogu, enpresek absentzia oro % 100ean bete dezaten aldarrikatu, eta errelebo-kontraturako sarbidea ahalbidetu, jarrera behartuen eta mugimendu errepikakorren arrisku faktoreen eraginpean dauden plantillak gaztetu ahal izateko, besteak beste.