2026-03-07
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaHilketa matxista Barakaldon

Hilketa matxista Barakaldon

Gizon batek emakume* bat hil du Barakaldon. LABek eraildako emakumearen* senideei bere babes eta elkartasun osoa helarazi nahi die, eta, halaber, bat egiten du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak egindako irakurketarekin. Hark deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten du. Jarraian duzue irakurketa:

INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK ORAIN!

Atzo, abenduaren 21ean, indarkeria matxistaren aurpegi krudelenak berriro kolpatu gintuen Euskal Herrian. Barakaldoko Urban auzoan, emakume baten gorpua aurkitu zuten bere etxean, indarkeria zeinuekin. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du dagoeneko, gertakariarekin lotura duelakoan. Urtea amaitzear denean, beste emakume bat erauzi dute gure artetik, bere etxean, ustezko segurtasun eremuan. Feministok ongi jakin arren sarri ez dela hala izaten.

Emakumeon Mundu Martxatik, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei. Zuen mina gurea da.

Hau ez da kasu isolatu bat, ezta ezbehar bat ere. Emakumeon aurkako indarkeria sistema cishetero-kapitalista, arrazista koloniala eta patriarkalaren tresnarik krudelen eta zuzenena da. Sistema honek gure gorputzak eta bizitzak kontrolpean mantendu nahi ditu, eta indarkeria erabiltzen du bere ordena mantentzeko. Kapitalaren metaketa eta heteropatriarkatuaren nagusitasuna emakumeon bizitzen kontura eraikitzen dira.

Nahikoa da! Ezin dugu onartu urtea beste erailketa batekin amaitzea. Ezin dugu onartu indarkeria matxista gure egunerokoaren parte gisa normalizatzea. Hilketak izozmendi baten punta besterik ez dira; baina azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna.

Gaur, ozen diogu:

  • Erakunde publikoei: Berdintasun politikek ezin dute izan marketin hutsa. Premiazkoa da baliabide errealak, integralak eta norabide politiko argia jartzea indarkeriaren erroari aurre egiteko. Prebentzioa eta babesa ez dira aukera bat, betebehar bat baizik.
  • Jendarteari: Indarkeria matxistaren aurreko pasibotasuna konplizitatea da. Erantzukizun kolektiboa dugu inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eta sistema honen oinarriak pitzatzeko. Batez ere, gizonei; hartu zeun ardura orain! Ez dugu onartuko emakume bat
    gehiago bere etxean edo kalean beldurrez bizitzea.
  • Mugimendu Feministari: Elkartasuna eta autodefentsa feminista dira gure tresnarik indartsuenak. Elkarrekin, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu, mundu hau eraldatu arte.

    Gure bizitzak ere garrantzitsuak dira! Ez dugu onartuko bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka honetan emakumeok beti galtzaile izatea. Borrokan jarraituko dugu denok aske izan arte, gure gorputzen jabe izan arte eta indarkeria matxistarik gabeko Euskal Herria eraiki arte.

    Azkenik, indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntza indartzen jarraitzeko eta aurrera urratsak emateko, urtarrilaren 31an Zornotzan antolatuko dugun jardunaldian parte hartzera gonbidatzen dugu Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Informazio gehiago Euskal Herriko Mundu Martxaren sareetan aurkituko duzue.

    DENOK MARTXAN, ASKE IZAN ARTE!

    Gora borroka feminista!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak enpresei soldata igoeren inguruan gezurretan aritzea leporatu die, eta martxoaren 10, 11 eta 12an jangelak hustera deitu du

LAB sindikatuak gezurtatu egin ditu enpresek jangeletako ustezko soldata igoeren inguruan zabaldutako azken informazioak. Igoera horiek ez dira egungo negoziazioaren parte, nahitaez bete beharreko soldata-igoerak...

Dulantziko RTA (Revestimientos de tuberia y accesorios, S.L) enpresako langileek planto egin dute azken lan istripuaren aurrean eta segurtasun neurri errealak exijitu dituzte

RTA enpresako langileek gaur planto egin dute azken asteetan eman diren istripuen harira. 2026An iada 3 istripu eman dira. Datu horrek agerian uzten du...

LABek salatu du ez dagoela arrazoirik altzairutegia ixteko, ezta Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeko ere, eta ohartarazi du gatazkak kontsultalditik harago jarraituko duela

Tubos Reunidosek planteatutako EEEaren kontsultaldiaren azken bileratik egun gutxira, LABek argi eta garbi berresten du ez dagoela altzairutegia ixtea edo 301 lanpostu suntsitzea justifikatzen...