Krisi berri baterako oinarriak ezartzen ari dira, eta 24 eta 65 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran dago.
Langileon lan eta bizi baldintzak aztertzen dituen 20. Ikusmiran txostena publikatu du Ipar Hegoa fundazioak. Egoera ekonomikoa lehen mailako kezka da euskal jendartearentzat eta gerta daitekeenaren gaineko galderak ugaldu dira.
Azterlanarekin (Hego) Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzen argazki ahalik eta osatuena eskaini nahi izan du fundazioak. Argazkiak erakusten duena argia da: sistema kapitalistak langileon lan eta bizi baldintzak gero eta oinarri prekarioagoetara eraman ditu.
Azterketatik 4 ondorio nagusi nabarmentzen dira:
24 eta 65 urte arteko 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua eduki arren diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko. Azterketa lan honetan prekaritate indizea eguneratu du fundazioak. %49an mantentzen da, eta, langabeziak behera egin arren eta aktibo kopuruak gora, 1.600 €tik beherako diru-sarrerak dituzten langileak ugaritzen ari dira.
Sortzen ari den enplegua prekarioa da eta lan baldintza duinagoak dituen enplegua suntsitzen ari da. Azken hilabeteetan gero eta herritar gutxiago daude langabezian, eta erregimen orokorrean afiliazioa gora egiten ari da. Azken urtean sortu den afiliazioaren %89 zerbitzuen sektorean kokatu da, industria sektoreko enpresen itxiera edota langileen kaleratze kolektiboak ugaritzen ari diren bitartean. Datuek, ordea, ez dute industria sektoreko egoera irudikatzen, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente asko daudelako indarrean. Bestalde, aldizkako kontratu finkoak igotzen ari dira, 4 emakumetik* batek jardunaldi partzialean egiten du lan eta kontratuen %76 inguruk behin-behinekoa izaten jarraitzen du.
Bizi baldintza gero eta traketsagoak eskaintzen dizkio langile klaseari sistema kapitalistak.
Eguneroko bizitza etengabe garestitzen ari den bitartean, langile klasearen erosahalmena galtzen ari da. 2009-2022 urteen artean 5.194 € galdu ditugu, azken bi urteetako hiper-inflazioaren eragina kontutan hartu gabe (ez daudelako datuak).
Politika publikoek ez dute aberastasunaren birbanaketa funtzioa betetzen, soldatek BPGean gero eta pisu gutxiago izateak adierazten duen bezala. Horrek, era berean, pobrezia eta ezberdintasun sozialak areagotzen ditu, lanaren eta kapitalaren arteko arrakalak iraunaraziz.
Osasun sistema publikoa gero eta ahulagoa da, merkantilizazioaren eta pribatizazioaren eraginez. Horren erakusle da Osakidetzan zein Osasunbidean ohe kopuruak izaniko beherakada esponentziala.
Azkenik, etxebizitzari erreparatuta, prezioak izaniko gorakada langileon prekarizazioaren aldagai nagusi bilakatu da. Alokairuaren prezioa da gehien igo dena eta soldataren gero eta proportzio handiagoa bideratzen dugu berau ordaintzera. Era berean, etxebizitza soziala edota babes ofiziala eskuratzeko duela urtebete baino 8 urte gehiago beharko lirateke gaur egun.
Beraz, ate aurrean dugun krisira nola, zein baldintzatan, iristen garen erakusten digu azterlanak. Krisi berri baterako oinarriak emanak daude orain arteko egoera kudeatu dutenen aldetik; kezkagarria da prekaritatearen hedaduraren dimentsioa, eta kezkagarria, prekaritate maila horrekin heldu behar izatea etorriko denari. Gauzak ez dira horrela: erabakiak hartu dituzte horrela izan daitezen. Euskal Sindikalismo Eraldatzaileak eremu guztietan lanean jarraituko du, aldaketaren alde.
Gaur, LABeko hainbat kide bildu dira Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean, GUREAK enpresako LABeko bi ordezkarik, barnean, batzarkideen aurrean agerraldia egin duten bitartean.
Izan ere, duela aste batzuk LABek salatu zuen GUREAK enpresan langileek bizi duten errealitate gordina. Izan ere, enpresaren eta mutualitateen arteko harremanak langileak kaltetu, diskriminatu eta prekaritatera kondenatzen ditu. Aniztasun funtzionala duten langileei ez dizkiete lan istripuak aitortzen mutualitateek, aniztasun funtzionala aitzakitzat erabilita. Mutualitateekin laneko kontingentziekin dituzten arazoak aspalditik datozen arren, azken denboran okerrera jo duen jarrera eta praktika azaleratzeko helburuarekin, eta, bide batez, jasaten ari diren diskriminazioari amaiera eman eta soluziobideak eskatzeko, hitza hartu dute LABeko ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hitzartzea, ordea, ez da mutualitateekiko salaketa hutsera mugatu, enpresak ere ardura zuzenak baititu langileek bizi duten egoera jasangaitz honetan, eta ez txikiak.
Enpresa eta mutualitateen jarduerak langileak, kaltetzen, diskriminatzen eta prekaritatera kondenatzen ditu. Aniztasun funtzionala duten langileak ere lan istripuen minbiziak erasaten ditu, nahiz eta batzuen iritziz hala ez izan eta duten praktikak haien bizitzetan sekulako ondorioak eduki.
LAB saiatu da enpresarekin nahiz mutualitatearekin egoera honi aterabidea ematen; hau da, laneko kontingentziak hala izan daitezela aitortu dezaten eta ez langileen aniztasun funtzionalaren ondorio, baina ez da ezertxo ere konpondu. Ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiko batzar nagusietako alderdi politiko ezberdinekin bildu zen LAB, arazo honen berri emateko. Gaur, batzar nagusietako bozgorailua baliatu nahi izan du langileek arazoari konponbidea eman behar zaiola eskatzeko eta aniztasun funtzionala duten langileen egoera lehen lerrora ekartzeko.
Horrenbestez, bi eskaera nagusi eraman ditu LABek batzar nagusietara:
-Kontingentzia guztiak, izan laboralak nahiz arruntak, biak ala biak, gizarte segurantzaren bitartez egitea; jarraipena gizarte segurantzak egin diezaiela.
-Gipuzkoako Foru Aldundiak, GUREAK enpresaren jabe den heinean, egoera hau konponbidean jartzeko dagozkion ardurak har ditzala.
Gaur, maiatzak 16, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai izan dute Bilbon, 100 pertsonatik gora bildu dituen mintegian.
Gaian adituak eta arituak direnak izan dira mintegian, baita, euren esperientzia propioetatik, testigantzak eman dituztenak ere. Hiru ondorio nagusi hauek nabarmenduko daitezke haien hitzartzeetatik:
Egingarria da, badirelako esperientziak mundu luze-zabalean eta bertako egoera juridiko-politikoak aukerak ematen baituelako, Iñaki Lasagabasterrek adierazi bezala, Herri Ekimen Legegileak bidea urratzeko ematen dituen aukerak nabarmenduz. Burujabetza ariketa praktiko gisa ulertu behar da, borondate politikoen gainetik, politika publikoen bidez gauzagarria baita. Bide horretan, Jule Goikoetxeak ohartarazi du “demokraziak hemen ekoiztutako eta banatutako gaitasun politiko zein ekonomikoak eskatzen dituela”. Eta erantsi:“Edozein borroka eta negoziazioetan indar korrelazioak garrantzia du, borroka eta negoziazio oro daukagun boterearen araberakoak izango baitirelako”.
LGS propio bat ezartzeak onurak ekarriko lituzke bizi-eremu ezberdinetan. Hitzartze guztietan presente egon da LGS propioa aberastasunaren banaketarako tresna eraginkorra dela eta pobrezia-atalasearen azpitik dagoen pertsona kopurua murrizteko mekanismoa. Jon Ormaetxeak gazteen bizitzak hobetuko lituzkeela ondorioztatu du, eta Xiomara Suazak atzerritartasun araudian inpaktu zuzena izango lukeela, erregularizazioa lortzeko baldintzak erraztuz. Txefi Roco bide beretik aritu da, langile migratu edota arrazializatuentzat arnas eta babes marjen bat ekarriko lukeela nabarmenduz. Jabier Sáenzek pobrezia egoeran dauden eta DSBE jasotzeko eskubidea duten herritarrak ekarri ditu erdigunera, LGS propio batek jasotzen duten prestazioaren igoera ekarriko lukeela azpimarratuz. Andoni Garciak nekazaritza jarduera laguntzeko dagoen sistema errotik aldatu beharra aldarrikatu du, eta LGS propioak jende gaztea nekazal jardueretara eramango lukeela nabarmendu. Jon Bernat Zubirik egungo LGS eta 1.500 euroko LGS propioa kobratuko luketen langileen arteko azterketa enpirikoa ekarri du lehen planora, gazte, emakume, estatutik kanpo jaiotako langile edota ikasketa mailaren araberako onuradunak zenbakietara ekarriz. Sexu-genero arrakalari dagokionean, ildo beretik jo dute. Izan ere, egungo soldata arrakala ezbaian jarri eta negoziazio kolektiboaren estaldurarik gabeko sektoreetan (emakumeak gehiengoa direnetan, etxeko langile migratuak, kasurako) LGS propioa arrakalari aurre egiteko tresna eraginkorra izango dela nabarmendu dute.
Ez gara hutsetik abiatzen, ibilbide baten ondorio da egungo aldarrikapena. Proposamenak badaude; ELA eta LAB sindikatuek gaur aurkeztu dituztenak, kasurako. Luze eta zabal aritu dira. Roser Espeltek xehetu duen proposamenak honako hiru ondorio hauek ekarriko lituzkeela adierazi du: “soldata maila kokatzea negoziazio kolektiboarekiko independienteki”, “bizitza erreproduzitzeko nahikotasun-maila kokatzea” eta “banaketa hobetzea zein kapitala disziplinatzea”. LGS propioaren zenbatekoa zehazteko Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina jarri du irizpide moduan. Martin Arbeok LGS propioaren aldeko borrokak epe motzean irabazteko batailak eta eredu sozioekonomiko berri baterako proposamen estrategikoak barnebiltzearen garrantzia azpimarratu ditu. Epe motzean, larrialdi sozialak eragindako urgentziari erantzungo lioke, klase subjektua berrosatzen lagunduko luke eta burujabetzan jauzia ematea ahalbideratuko luke, hemen ezarriz klase borrokaren markoa. LGS propioaren proposamen estrategikoa, aldiz, hitz bakarrean laburbildu du (banaketa hirukoitza; hau da, lanaren, ondasunaren eta zaintzen banaketa), xehetasun ugari eman baditu ere.
Gaurkoa Manu-Robles Aranjiz eta Ipar Hegoa Fundazioek LGS propioaren aldeko bideari egindako ekarpena izan da, ezberdinen arteko eztabaida zein iritzi espazioa zabalduz. Bidea, ordea, ez da hemen bukatzen. Izan ere, batetik, sinadura bilketa masibo bat martxan dago, zeinaren bidez Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko den LGS propioa hemen ezartzeko eskumena eskuratu ahal izateko; eta, bestetik, negoziazio kolektiboaren esparruan, akordio interprofesional baten bidez langile guztiei LGS propioa ezartzeko, patronalak interpelatzen jarraituko dugu. Beraz, LGS propioaren alde esparru sindikalean, sozialean, politikoan zein instituzionalean lanean jarraituko dugu, gaurko mintegiak eskaini dizkigun ekarpenak presente izanik.
2023ko uztailaren 21ean Asteasuko BOST enpresako arduradunen enpresa politikak, prebentzio faltak, 33 urteko langile gaztea hil zuen. Heriotza aurreikusi egin behar zen, makina batek harrapatuta hil baitzen.
Gertakari horren ostean, enpresa LABeko ordezkariei jazarpena egiten hasi zitzaien argudio ezberdinak erabiliz, istripuaren beraren ardura egozteraino.
Enpresaren aldetik jazarpena jarraitua eta etengabea izan da gerora ere. Mehatxuak, kaleratze saiakerak, kargu gogorrak egozteko ahaleginak eta beste egin ditu enpresak. Horren aurrean, LABek enpresaren kontrako salaketa jarri du, kide hauek jazartzeagatik, eta Donostiako epaitegian auzi saioa izan da gaur.
LAB sindikatuak BOST enpresako bere delegatuei erabateko babesa erakutsi die, eta ohartarazi du beharrezkoak diren bideak jorratuko dituela bere ordezkarien eta afiliatuen defentsan.
2024 urtean, 102.000 istripu gertatu dira Euskal Herrian, eta horietarik 64 hilgarriak izan dira. Hauen faktore eragileen atzean honelako jarrera enpresarialak daude, politika enpresarial jakin batzuk egiten dituzten enpresaburuak; prebentzioa gauzatzeko betebeharrak onartu beharrean, lan osasuna langileen ardurapean uzten duten enpresariak. Jarrera hau, zitala izateaz gain, legearen aurka doa modu zuzenean. Izan ere, araudiak argi dio enpresariak berak izan behar duela lan osasunaren bermeak emango dituena, eta horretarako, gainera, legeak hainbat baliabide eskaintzen dizkiola.
BOSTeko jabeak aldiz, nahigo du jarrera oldarkor eta bortitza erabili eta LABeko ordezkariak jazarri. Helburua argia da: langile baten heriotza estaltzea zalaparta zabalduz. LABek argi adierazi nahi du heriotz horren ardura bakarra enpresa politika jakin batena dela, prebentzio faltarena hain zuzen, eta horren arduradun bakarrak enpresaren arduradunak direla.
Era berean, dei egiten die instituzioei, horrelako jarrerak dituzten enpresa jabeak gertutik jarrai ditzaten, horiek zigortu ezean laneko osasuna ez delako bermatuko, eta langileek egun pairatzen dituzten datu beldurgarriak pairatzen jarraituko dutelako.
LGTBIfobiak mila aurpegi ditu. Lan munduan ere, asko eta asko dira LGTBI kolektiboko kideek jasan behar dituzten erasoak: heteroarauaren disidentziaren ikusgarritasuna ukatzen dituzten askotariko portaerak, trans pertsonen aurkako jazarpen eta kaleratzeak edota lanpostuak eskuratzeko zailtasunak diskriminazio zuzenagatik, mespretxuzko keinu, komentario edo irainak…
Faxismoaren eta autoritarismoaren eskutik datorren kapitalaren berrantolaketaren testuinguru honetan, oldarraldi LGTBIfobikoaren inguruan hitz egin dezakegu. Kaleetan, lantokietan zein instituzioetatik (eta zenbaitetan baita gure artean ere) zabaltzen eta normalizatzen ari diren gorroto diskurtsoen aurrean, LGTBI kolektiboaren eskubideen defentsan atzera urratsik emango ez dugula adierazten dugu. Izan ere, LABen aldarrikatzen dugu sexu- eta genero-disidentzia sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela: kapitalismo heteropratiarkalak esleitutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua da.
LGTBIfobiaren aurkako konpromisoa irmoa, jarrera aktiboa eta hitz eta ekintzen garrantzia aldarrikatzen dugu. Kontrabotere sindikalgintza feminista den gure antidotoa. Konpromiso horietan sakontzeko tresnak eta sareak garatu behar ditugu; hala nola, duela gutxi kaleratu dugun lantokietarako LGTBI pertsonen berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko neurrien gida.
Era berean, dei egiten dugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan egongo diren mobilizazioetan parte hartzera!
Pasa den martxoan LAB, ELA eta UGT sindikatuok mobilizazio prozesu bati ekin genion kolektibitateetako enpresei exijitzeko behingoz eser daitezela sektoreko langileentzat EAEn hitzarmen propioa negoziatzera.
Gaur, berriro ere, hiru sindikatuok sektoreko enpresa batzuen aurrean mobilizatu gara Zornotzan (Gasca-Gastronomía Cantábrica), behingoz EAEko kolektibitateen hitzarmen baterako negoziazio mahaia eratzera eser daitezela eskatzeko.
Negoziazio mahaia osatzeko hurrengo deialdia maiatzaren 30ean izango da Lan Harremanen Kontseiluan. LAB sindikatutik argi daukagu mobilizazioekin jarraitu behar dugula EAEko langileontzat kolektibitateetan hitzarmen propioa lortu arte.
Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko, erabakigarria izan da LABen lana, bai akordio laboralean adostutako neurriak eremu bakoitzera eramaten, eta baita grebak eta mobilizazioak sustatzen ere.
LABek hainbat akordio garrantzitsu lortu ditu ikasturte honetan hezkuntza publikoan; azkena, iragan astean, EAEko hezkuntza publikoko irakasleei dagokiena. Hori dela eta, lortutakoaren berri emateko agerraldia egin du sindikatuak Donostian
LABek zer-nolako hezkuntza sistema defendatzen duen gogoratuz hasi du agerraldia Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak: “LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa defendatzen du. Burujabea izango den eta sare publiko berri bakar deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza eredu propio eta berria sortzeaz ari gara: unibertsala eta doakoa; euskararen murgiltze eta mantentzen ereduan oinarritutakoa; euskal kurrikulumean oinarrituko dena; inklusibitatea oinarri izango duena; laikoa; pedagogia feminista bultzatuko duena eta ikastetxeen autonomia eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatuko duena”.
Horretarako, egungo hezkuntza sistemak eraldaketa sakon bat behar duela hainbatetan errepikatu du LABek: euskal kurrikuluma eguneratu eta egiturazko bilakatu, hezkuntzak euskaldundu dezan neurriak hartu, segregazioari aurre egin, aniztasuna eta inklusioa bultzatzea eta eskola publikoa sistemaren ardatz bilakatzea dira erronka horietako batzuk. Alabaina, egungo eredua gainditu eta sare publiko, bakar eta burujabe hori eratzea “urratsez urrats egin beharreko bidea” dela azpimarratu du Aranburuk, “trantsizio bat”.
Zentzu horretan, EAEn onartu zen Hezkuntza Legea eraldaketa horretarako motz geratu zela baloratu zuen LABek, eta sindikatuak egindako hainbat ekarpen ez zirela bertan txertatu. Hala ere, Aranburuk azaldu duenez, ireki zen eztabaida baliatu zuen sindikatuak Hezkuntza Sailarekin hezkuntza komunitateko langile guztien lan baldintzak hobetzeko akordio laborala egiteko: “akordio laboralean hainbat neurri jaso genituen eta ondoren eremu bakoitzean egin beharreko negoziazioetarako oinarriak jarri genituen, bertako edukiak mahai negoziatzaile bakoitzean depositatuz”.
Azken urteetan, ordea, Jaurlaritzak hezkuntza publikoan behar besteko apusturik egin ez duela deitoratu du Aranburuk, eta horren ondorio direla “eskola segregazio izugarria eta eskola publikoaren azpifinantzazioa eta azpigarapena”. Horregatik, hainbat greba eta mobilizazio izan direla, eta horietan LABen inplikazioa “erabatekoa” izan dela azaldu du koordinatzaile orokorrak: “lehen indar sindikala gara hezkuntzan eta intersindikalean dagokigun ardura hartu eta langileen aldeko, batasun sindikalaren aldeko, jarrera argia izan dugu, baita greba eta mobilizazioen aldeko jarrera argia ere”.
“Erabakigarria” izan da LAB akordio onak lortzeko, Aranbururen esanetan, eta akordio horiek hezkuntza publikoko langile guztietara zabaltzeko sindikatuak egindako lana goraipatu du: “langile guztiak dira ezinbesteko hezkuntza zerbitzu egokia emateko eta, irakasleen hitzarmena sinatu aurretik, Heziketa Bereziko, Sukalde eta Garbitzaileen eta Haurreskoletako hitzarmenak sinatu ditugu. Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzea lortu dugu. Soldatak hobetzea, behin-behinekotasuna %5era murriztu eta egonkortasuna ziurtatzea, lan zamak arintzea, ordezkoen lan-baldintzak finkoekin parekatzea edo erretiro adina aurreratzea lortu dugu”.
Irakasleen mahaiari dagokionez, soldata eta lan baldintzekin batera, hezkuntza kalitatea hobetzeko baliabide, figura berri eta neurrietan arreta jartzea izan da LABen helburu nagusia, Aranbururen arabera: “baliabide gehiagarriak hezkuntzak eskatzen duen eraldaketa horretarako: euskalduntzean sakontzeko, inklusiorako, pedagogia feminista bultzatzeko”.
Neurriok mahai gainean jartzen indar gehien egin duena LAB izan dela ere azpimarratu du Aranburuk: “Egun hauetan entzun dugu Hezkuntza sailburua, Pedrosa andrea, hezkuntza kalitateaz hitz egitenl baina argi esan behar dugu bere apustua ez dela izan hezkuntza hobetzeko baliabide gehiago lortzea, oso gatazkatsua izan dela, eta LAB izan dela horren aldeko indar handiena egin duena”.
2010eko murrizketen ondotik lehenebizikoz, soldatak Euskal Herrian bertan erabaki eta adostea lortu izana eta lan baldintzak hobetu izana azpimarratu du koordinatzaile orokorrak, eta hori “langileen borrokarako determinazioari esker” izan dela: “Borrokak merezi duela erakutsi dugu. Langileak borrokan erakutsitako indarragatik zoriondu besterik ezin ditugu egin. Langileen ahalduntze ariketa handia izan dira greba hauek, eta etorkizunari begira eutsi beharko diogu orain bildutako indarrari. Hezkuntzak erronka handiak ditu, sistema publikoa baliabide gehiagoz hornitu behar delako eta horretarako hor egon beharko dugulako, hezkuntza sistema publikoa indartzeko presio egiten”.
Lorpenak, sisteman zein lan baldintzetan
Aritz Villar LABeko Irakaskuntzako arduradunak, bestalde, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordioan lortutakoak xehetu ditu. Lortutako baliabideak urteetan LABek egindako lanaren eta lortutako akordioen jarraipena dela azaldu du: “2022an sinatutako plantillak esleitzeko irizpideen akordioan oinarri garrantzitsuak jarri zituen LABek, eta ostiralean sinatutako akordioaren bitartez hori hobetzea lortu da. Hezkuntza publikoa indartzea lortzeaz gain, kalitatean eragina izango du”.
Ikastetxeetako baliabideetan eta hezkuntzaren kalitatean akordioak izango duen eraginari dagokionez, honako neurri hauek nabarmendu ditu Villarrek:
-Lehen Hezkuntzan gehienez 22 ikaslekoak izango dira ikasgelak. Orain dela 3 urte 25 ikasle izateaz gain, ez ziren ikasle errepikatzaileak kontuan hartzen
-Aniztasunari erantzuteko aholkulari eta orientatzaile gehiago izango dira.
-Oinarrizko Lanbide Heziketan hartuko diren irizpideak HKI (Hezkuntza Konplexutasun Indize) altuko ikastetxeen parekoak izango dira. Era berean, entzumen eta hizkuntzarako figura estrukturalak txertatuko dira.
-Zuzendaritza taldeek, dituzten lan zamei erantzuteko, ordu kreditu gehigarriak izango dituzte.
-Hezkidetza lantzeko baliagarriak izango diren ongizate eta babeserako koordinatzaileak txertatuko dira.
-Euskara indartzeko neurriei dagokionez, alde batetik, Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen figurak ikastetxeetan txertatzea lortu da. 2025-26 ikasturtean pilotaje bat hasiko da gutxienez HKI altu eta oso altuko 10 ikastetxetan, 2026-27 ikasturtean HKI altu eta oso altuko zentroetara zabalduko da lehentasunez, eta 2027-28 ikasturtetan gainontzeko zentro guztietara. Bestalde, EUSLE programa Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBH 4ra zabalduko da eta HIPI eta EUSLE baliabide gehiago jarriko dira datorren ikasturtetik aurrera.
Baliabide eta neurriok hezkuntza kalitatean hobekuntzak ekartzeaz gain, lan zametan ere eragingo dutela, eta, beraz, zerbitzua hobetuko dela azpimarratu du Villarrek.
Lan baldintzei dagokienez, honako neurri hauek azpimarratu ditu:
-Haur eta Lehen Hezkuntzan 2 ordu lektibo murriztuko dira. Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan gehieneko 17 orduetan hedatze eta analogoak diren programak barne hartuko dira.
-Galdutako erosahalmena berreskuratze bidean jartzeko, EAEko funtzio publikoan azken 15 urtetan lehen aldiz, soldatak bertan adostea lortu da, datozen hiru ikasturteetan% 7ko soldata igoera adostuz irakasle guztientzat.
-LABek ordezko irakasleen lan baldintzen garrantzia behin eta berriz jarri izan du erdigunean. Ordezkoen udako kobraketaz gain, LABek historikoki eskatu bezala, ordezko edo bitarteko funtzionarioen lizentzia eta baimenak karrerako funtzionarioen baimenekin parekatzea jaso da. Era berean, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak hezkuntzan mantentzea lortu da.
-Erretiro adina 18 hilabetez aurreratzeko aukera jaso da, 60 urtetik erretiro adinera bitarteko jardunaldi murriztuak pilatuz.
-Enplegua egonkortuko da, LABek 2023ko ekainaren 1ean akordio laboralean sinatutakoari esker. Behin-behinekotasun tasa %5etik behera kokatuko da, eta oposaketa eredua negoziatzeko aukera jasoko da.
-Lizentzia eta baimenak: bizitza eta lana uztargarriak egiteko baimenei dagokienez, gurasotasun baimena 18 astetatik 22 astetara luzatuko da eta edoskitzea 24 egunetatik 28ra. Azken hori modu proportzionalean handituko da, jardunaldiaren arabera.
Adierazitako lorpenen bitartez, LABek hezkuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan egin bezala, 15 urteren ondoren irakasleetan ere lan baldintzak hobetuko dituen akordio on bat lortu du. Beraz, hezkuntza publikoa indartu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioren bidean beste urrats bat egin du.
LABek sinatutako lan-hitzarmenek hezkuntzaren kalitatea eta langileen baldintzak hobetuko dituzte
LABeko Sunsundeguiko ordezkariek eta sindikatuko Sakanako arduradunak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Iruñean 338 pertsona kalean utziko dituen lantegiaren itxieragatik erantzukizunak eskatzeko.
Sunsundeguiko langileak kalera joateko zain daude, apirilaren 30ean amaitu baitzen 338 lan-kontratu amaitzeko espedienteari dagokion kontsultaldia. Oraindik ere, langileak alta emanda daude enpresan, epaile batek kaleratzeak baimendu, langabezia-prestazioa eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren Zorra (Fogasa) kobratzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu arte.
Fogasak urteko 20 eguneko legezko gutxieneko kalte-ordaina ordainduko du. Volvorekin dagoen akordioak lantegian geratzen diren autobusak amaitu nahi dira, Kitapena eta ordaintzeko dauden soldatak ordaindu ahal izateko. Une honetan, apirilaren 30etik, langileak kobratu gabe daude, zorra sortzen eta erabateko ziurgabetasun-egoeran.
LAB sindikatuaren iritziz, sortutako egoerak erantzuleak ditu: Sunsundeguiren itxiera ez da ustekabekoa izan; hemen egon dira hainbat pertsona eta multinazional urteetan nafar guztiek finantzatutako enpresa baten onuradun izan direnak. Lantegiak zituen antolakuntza eta ekoizpen arazoak konpondu ez dituztenak. Horrenbestez, LABek konkurtso-administrazioari eskatu dio zehatz mehatz ikertzeko eta egoera horren errudunak aurkitzeko.
2009ko krisian hasi zen dena, Sunsundeguiko langileen borrokari esker 70 kaleratze baino gehiago saihestu zirenean. 2010ean, Nafarroako Garapen Elkarteak (Sodena), orduan UPNren gobernupean, enpresa erosi zuen 1 euroren truke. Sodenaren helburua hasieratik bazkide inbertitzaile bat aurkitzea izan zen, produktua eta merkatua zituen lantegi bat eraldatu gabe. Hiru urtean 36 milioi euro galdu zituen lantegiak, eta UPNk Sunsundegui uztea erabaki zuen, Jose Ignacio Murillo buru zuen zuzendaritzari zorraren zati bat barkatuta.
2013an, zuzendaritzak, UPNk eta UGTk adostutako bideragarritasun plan baten ondorioz, gobernuak Sunsundegui utzi zuen, enpresaren % 51 Jose Ignacio Murilloren esku utziz eta gainerakoa langileei % 49 ari inposatuz. Hori da orain arte iraun duen eredua, betiere helburu batekin: bazkide inbertitzaile bat bilatzea.
UPNk bere galerengatik oztopo bihurtu zen enpresa bat kentzeko helburua lortu zuen, Jose Ignacio Murillok bere konfiantzazko jendea, senideak barne, kokatu zituen enpresan, eta UGTk bere afiliatuak enpresan geratzea lortu zuen. LABek, berriz, plan haiek babestu ez zituen sindikatu bakarrak, bere garaian ideologikotzat jo zituen kaleratzeen eragin handiena jasan zuen.
Testuinguru horretan, zuzendaritzaren bideragarritasun-plana posible izan zen neurri handi batean, Volvoren laguntzari esker, hark jartzen baitzuen lan karga. Baina LABi zalantza logikoa baino gehiago geratzen zaio, ea Volvo arazoaren konponbidearen zati bat izan zen edo arazoaren zati bat izan den denbora guzti honetan. Haiek izan dira beren produktua, beren “txasis” ak saltzea lortu dutenak, Sunsudeguik galerak bere gain hartzen zituen bitartean. LABek uste du gertakari hori ikertu egin beharko litzatekeela erantzukizunak argitu daitezen. LABek uste du gertakari hori ikertu egin beharko litzatekeela erantzukizunak argitu daitezen.
LABek, 2013an kolpea jaso arren, beti lan egin du lantegi honetarako etorkizuna bermatzeko. 2017an aktiboki parte hartu zuen zuzendaritzarekin eta Sodenarekin akordio bat lortzeko. Akordio hori 5,1 milioiko inbertsio-plan bat izan zen, lantegia modernizatzeko. Hala ere, inbertsio-plan hura ez zen nahikoa izan nahi zen modernizaziorako, eta kanpoko aholkularitza enpresek egindako antolaketa gomendioak ere ezin izan ziren gauzatu.
2023an, Volvo Busekin akordio estrategiko bat lortu zenean, LABek errezeloz ikusi zuen Sunsundeguin 800 lanpostu sortuko zirela. Izan ere, ordura arte, Sunsundegui hazten zen bakoitzean, arazoak ere hazi egiten ziren. Zenbat eta autobus gehiago egin, orduan eta handiagoak izaten ziren galerak. Horrek finantzaketa publiko edo pribatu gehiago behar izatea ekartzen zuen… Beraz, LABek ez zuen inoiz espero proiektu horrek etorkizunik izango zuenik lantegia eraldatu edo modernizatu gabe.
Inflexio-puntu bat egon zen Jose Ignacio Murillo kargutik kendu eta Sodenaren bitartez Nafarroako Gobernuak parte hartzen zuen kontseilu bat sortu zenean. Albiste ona izan zen hura, lehen aldiz 2013tik enpresaren kontrol publikoa berreskuratu baitzen. Gainera, aldaketa horrekin batera, kanpoko aholkularitza enpresek lantegirako bideragarritasun plan batean lan egin zuten eta enpresaren finantza-arazoak konpontzen saiatu ziren.
Horrek ekarri zuen Gobernua lehen aldiz jabetu izana Sunsundeguiren benetako egoeraz. KPMG aholkularitza-enpresak ikuskatutako benetako bideragarritasun plan bat egin zen, eta LABek pentsatu zuen Sunsundeguik bideragarria izateko moduko produktua eta merkatua zituela.
Baina azken erabaki hori berandu etorri zen, hamarkada bat baino gehiagoko atzerapenarekin. Hamarkada bat baino gehiagoan ez zen ia kontrol publikorik izan, eta dena Jose Ignacio Murillo y Volvoren zuzendaritzaz osatutako tandemaren esku geratu zen. LABek uste du beraiek izan direla Sunsundegui finantzatzeko diru publikoaren onuradun nagusiak. Langileak beren zorren eta kudeaketa txarraren paganoak izan dira. Hamarkada bat baino gehiago murrizketak eta prekarietatea jasaten.
Hori ezin da horrela geratu, errudunak eta erantzuleak bilatu behar dira, publikoak zein pribatuak. Sunsundeguin gertatutakotik ikasi behar da berriro gerta gauza bera gerta ez dadin. Sektore publikoak zeregin aktiboa izan behar du lanpostuen defentsan, eta ezin ditu besoak jaitsi, Sunsundeguin egin den bezala. Irudimena eta konpromisoa falta izan dira; aurre egin behar diogun trantsizio industrialak ausardia behar du, eta ezin dugu gure industriaren etorkizuna utzi Dumarayk bezala beren interesak bakarrik lehenesten dituzten inbertitzaileen gain.
Horregatik guztiagatik, LABek azpimarratu nahi du konkurtso administrazioari gertatutakoa ikertu behar duela eta erantzunkizunak eskatu. Foru Gobernuak Sunsundeguiri benetako alternatiba aurkitu behar dio.
Gaur publiko-pribatu lan taldean zein zerbitzu-zorrokoan osatutako dokumentuak mahaira ekarriko zituztela adierazi zuten arren, aldebakarrez erabaki dute horien aurkezpena atzeratzea.
Osasun Mahaiaren 8. bilera egin da gaur, eta bertan estrategien fasea diseinatzeko osatu ziren 24 lantaldeetatik 7tan egindako dokumentuak aurkeztu dituzte. LABen harridurarako, atzo bidalitako gai zerrendan ez ziren agertu lantaldeetan gaur bertan aurkeztuko zirela adierazi eta baieztatu zituzten bi gai garrantzitsu: zerbitzu-zorroarena eta lankidetza publiko-pribatuari dagokiona.
Mahaiaren nondik norakoak, aurkeztuko diren lantaldeetako dokumentuak eta metodologia bera etengabe aldatzen ari dira mahaiaren ardura duten koordinatzaileak eta Alberto Martinez sailburua berak. Badirudi haiek diseinaturiko metodologiak aurpegian eztanda egin diela eta lantaldeetako dokumentuetan erabakitako zenbait gauza atzera botatzeko modua bilatzen ari direla.
Metodologia momentuaren arabera moldatzen ari dira, eta aldaketak etengabe ezartzen dituzte, aldebakarrez. Mahaia gidatzen ari diren arduradunen komenigarritasunaren arabera aurkezpen epeak aldatu dituzte, dokumentu horiei ekarpenak egiteko epe berriak jarri edo bozketa berriak planteatu. Lantaldeetan erabakiak hartzeko eredua bera zalantzan jarri dute. Izan ere, gauza bakarra dago argi: lantalde batzuetan kontsentsurik ez dagoela. Eta, kontsentsu ezaren aurrean, lantaldearen gehiengoarekin hartu dira erabakiak.
Atzo hedabide batzuek filtratu zuten moduan, lankidetza publiko-pribatuaren lantaldean gehiengoz erabaki bat hartu zen: osasun sistema publikoak herritarren beharrei erantzuteko eta Osakidetzak autosufizientzia handitu dezan, orain arteko politika pribatizatzaileak lehengoratzea, horretarako osasun zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eskainiz eta sektore pribatuarekiko duen dependentzia progresiboki murriztuz, eta azken aukera hori soilik salbuespen egoeratan baliatuz. Salbuespen egoera horiek administrazioak, erabiltzaileek, langileen ordezkariek, eta kolegio profesionalek aztertu eta onartu beharko dituzte, eta inondik inora ere ez enpresariek. LAB hedabideetan zabaldutako erabakien jakitun zen talde horretan parte hartzen duelako eta erabaki horien parte izan delako. Osasun Sailak, ordea, ez du talde horretan erabakitakoa mahaira ekarri, erabakiak ez duelako bat egiten beraiek bultzatu nahi duten lerroarekin; hau da, pribatizatzen jarraitzea.
Zerbitzu-zorroari loturiko lantaldean, berriz, pribatizaturiko zerbitzu-zorroaren diagonostiko bat egin eta publifikazio plan progresibo bat egiteko erabakia hartu zen. Kanpora ateratako, hitzartutako, azpikontratatutako edo egungo zerbitzu-zorroan sartuta ez dauden asistentzia-zerbitzu guztien diagnostikoa egitea jaso zen; zerbitzuok pixkanaka integratzeko plana, alegia, pribatizaturiko zerbitzu guztien publifikazioa egiteko kronograma barnebiltzen duena.
LABek argi du bi eredu antagoniko lehiatzen eta azaleratzen ari direla lantaldeetan. Osasun sistema publikoa eraldatzeko zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eman eta sektore pribatuaren esku hartzea murriztu eta salbuespen egoera adostuetara eraman nahi dutenena, batetik, eta lankidetza publiko-pribatuarekin jarraitu eta berau bultzatu nahi dutenena, bestetik; hau da, Confebask, PNV, unibertsitate pribatuak, eta beraien negozioa kolokan ikusiko luketen beste eragile batzuek.
Hortaz, LABek eskatzen du talde horietan gehiengoz erabakitakoa errespetatzea eta gobernuak dokumentuetan jasotakoa ezkutatzeko eta atzera botatzeko trikimailuak erabiltzeari uztea. Erabiltzaile, herritar eta langileok osasun sistema publikoa daukagu jokoan, eta horren defentsari tinko eutsiko diogu.