2026-04-21
Blog Page 437

Krispin Lazkanoren lan heriotza salatu dugu Getarian, lan istripu hilgarrien odolustearen azken biktima

Joan den ostiralean izandako lan istripua salatzeko mobilizatu gara Getarian, euskal gehiengo sindikalak deituta. LAB sindikatutik elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu gure delegatu ohi Krispin Lazkanoren senide eta lagunei.

Getarian izandako lan heriotzarekin, gutxienez, Euskal Herrian aurten 32 izan dira hildako langileak. Hortaz, ostiralean gertatutakoa ez da berria, urtero honelako lan istripuak ditugulako; alegia, urtero traktoreekin lotutako lan-istripuak gertatzen dira. Ezaguna izan arren, praktikan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Antza, administrazio publikoetako arduradunek ez dute honen berri, edo ez dute honi buruz ezer jakin nahi. Non daude administrazioko arduradunak heriotz berri hau salatzeko? Zein aldaketa eta zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu hiltzaile hau geldiarazteko? Lan heriotza bakoitzaren atzean izen eta abizenak daude, familiak daude, arduradunak daude. Bada garaia arazo larri hau agenda politikoan kokatzeko.

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira. Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintzen eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Odolustearekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, eta lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu bat.

Blokeoa amaitzeko garaia da, Kubako herriaren subiranotasuna eta duintasuna errespetatzeko

LAB sindikatuak dei egiten die langileriari eta jendarte osoari Kubari elkartasuna adierazteko antolatutako mobilizazioetara, besteak beste, bihar, uztailaren 15ean, 19:00etan, Iruñeko Sarasate pasealekuan egingo den mobilizazioan parte hartzera.

Gainera:

-Irmoki salatzen dugu Estatu Batuek Kubari ezarritako blokeo ekonomikoa, 60 urte baino gehiagoz luzatzen dena. Salatzen dugu, halaber, bere helburu nagusia Kuba politikoki ezegonkortzea dela, herriaren beharrak garatzeko zailtasunak sortuz. Beraz, LABek blokeoa eta Kuban injerentzia eta ezegonkortasuna lortzeko beste edozein saiakera amaitzea eskatzen du.

-Herrien autodeterminazioarekiko eta subiranotasunarekiko errespetua aldarrikatzen dugu, eskubide besterenezinak eta funtsezkoak baitira lan eta bizitza duinak bermatzeko.

-Ondorioz, LAB sindikatuak erabateko babesa eta elkartasun iraultzailea erakusten die Kubako herriari, LABekin batera Munduko Sindikatu Federazioko kide den Kubako Langileen Zentral historikoari (CTC) eta, bere subiranotasunaren eta Iraultza Sozialistaren alde kalera ateratzen ari den langile kubatar guztiei, enegarren eraso kapitalista eta inperialistaren aurrean.

Hitzarmen duin bat exijitu dugu Arabako Zurgintzan, mahai negoziatzaile berri baten atarian

Gaur, uztailak 14, hainbat langile mobilizatu dira, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuon deialdiari erantzunez, Arabako Zurgintzan hitzarmen duin bat exijitzeko. Horrekin batera, sindikatuetako ordezkariok ehunka langileren sinadura helarazi dizkiete SEAko arduradunei, non langileek Zurgintzako aldarrikapenak jasoko dituen hitzarmen bat eskatzen duten.

Konzentrazioa SEA patronalaren egoitzaren aurrean egin dugu, “Arabako zurgintzan, por un convenio justo” lelopean, eta bertan hainbat langilek parte hartu dute. Gogorarazi nahi dugu, Zurgintzako sektoreak 500 langile inguru dituela Araban eta momentu hauetan sektoreko hitzarmena negoziatzen ari dela.

SEAk bere azken proposamenean ez ditu sektorearen arazo nagusi batzuei erantzuten, besteak beste, soldata duinak, lanaldiaren jaitsiera (Arabako industriako altuena da) eta bajetako osagarrien hobekuntzak (langileek ez dute ezer kobratzen lehen egunetan eta lan istripuetan osagarririk gabe gelditzen dira 10. hilabetetik aurrera).

Hau guztia dela eta, lau sindikatuok dinamika propio bat abiatu dugu Zurgintzako sektorean. Hortaz, 300 bat langilek idatzi bat sinatu dute non patronalari eskatzen zaion aldarrikapen nagusiak hitzarmenean sartzea. Sinadura horiek gaur ere helarazi dizkiegu SEA patronalaren arduradunei. Horrekin batera, gaurko mobilizazio propio honetara deitu ditugu langileak, hitzarmen duin bat exijitzeko.

Bihar bilduko da berriro negoziazio mahaia eta bertan ikusiko da zein den patronalaren jarrera.

Arabako garbiketako hitzarmenaren defentsan mobilizatu gara

Elkarretaratzea egin dugu LAB, CCOO, ELA, UGT eta USO sindikatuok, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, sektoreko langileentzat lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

2020. urtearen hasieran negoziazioari ekin genion, baina geldiarazi egin behar izan genuen COVID-19ren egoera zela-eta. Negoziazioa berrabiatu ondoren, eta 6 hilabete baino gehiago horretan eman ondoren, blokeo-puntu batean gaude, eta, horren ondorioz, mobilizatu egiten gara, entzun gaitzaten.

Arabako garbiketa-sektorea erabat feminizatutako sektore laburbiltzen bat da: %90 baino gehiago emakumeak dira, 17.541,90 euroko soldata ziztrinarekin, %83a baino gehiagoko partzialtasuna, eta egoera guztiz prekarioak, lanaldi oso bat osatzeko gehienak hiruzpalau enpresa ezberdinetan aritzen dira, horrek suposatzen duen lan kargarekin. Denok dakigunez, pandemiaren ondorioz, garbiketa-sistema funtsezkotzat jo zen, eta lantokietako garbiketa indartu zen (lanaldi- igoerarik ez, ordea). Ordura arte bigarren mailakoa hartutako garbiketa, egoerarekin zerbitzu garrantzitsuenetarikoa izatera pasa zen. (errefortzuak,desinfekzioak…)

Garbitzaileek lanaldi nekagarriak egin zituzten jendea lantokietara joan zedin. Zentroz aldatu zituzten denetara iritsi ahal izateko. Txandak aldatu zizkieten. Atsedenaldiak aldatu zizkieten. Txandak bikoiztu zituzten lankideek baja hartzen zutenean eta kontratatzeko langilerik ez zegoenean. Norbera babesteko ekipamendurik gabe egiten dute lan, ez zitzaien maskararik ematen, zenbatek entzun behar zuten “urrun samar garbitu eta kito”. Garbitzaileak COVID-19an positibo eman zuten bulego, komun edo aretoetan sartzen ziren, euren babes bakarrarekin alegia euren borondate onarekin.

Egoera ikaragarria izan zen, horrek dakarren karga fisiko eta emozionalarekin, baina txintik esan gabe, eta muturreko profesionaltasunarekin, egoera aurrera ateratzen lagundu zuten.

Funtsezkoak, baina ez praktikan

Enpresek, antzinatasuna murriztu nahi izateaz gain (soldata apur bat igoarazten duen gauza bakarra), eta aldi baterako ezintasunaren osagarriak jaitsi nahi izateaz gain, ez dute dagoen partzialtasuna murrizteko aukera negoziatu nahi (zer erretiro izango dute emakume hauek?), ezta soldatak duindu ere.

2020an ez dute soldata-igoerarik eskaintzen bizi izan duten urterik gogorrena izan arren. Beraientzat oso txarra izan dela uste dute, galerak izan dituztela, etab. Gogoratu behar da, nahiz eta ABEE gutxi batzuk izan, langileak lanean jarraitu zutela. 2021ean %0,5 eskaintzen dute, hau da, 5,8 €-ko igoera hilean.

Tubacex-ek epaia ez errespetatzea erabaki du, egoeraren konplize den Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin

Tubacexeko zuzendaritzak arduragabekeriaz erabaki du gatazka luzatzea, kaleratutako langileak lanera itzultzea onartu gabe utziz. Berriro ere, zuzendaritza honek harrokeri eta inpunitatez justifikaezina egiteko gai ikusten du bere burua, kasu honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren zentzua ez betetzea.

Tamalgarria da eskualde oso batean eta langile guztiek ospatutako epai bat onartu eta bete nahi ez izatea. Tubacexeko zuzendaritzak ez du inolako eskrupulurik, eta gai da lan-gatazka bat luzatzeko eratzukizunik ez hartzeagatik, nahiz eta aparteko kostuak bere gain hartu behar izan.

Enplegu Erregulazio Espedienteen baliogabetzeen berri izan ondoren, Tubacexeko langileekiko eta haien borrokarekiko, eskualde oso batekiko eta baita auzitegiekiko ere prestigio-galtze kanpaina bat bizi izan dugu. Prestigioa kentzeko kanpaina hori, patronalak antolatzeaz gain, hainbat komunikabidek babestu eta Eusko Jaurlaritzak berak ere parte hartu du. Haren konplize izan da azken hau.

Argi esan behar da erabaki hori ez zela hartuko Eusko Jaurlaritzaren babesik gabe, eta EAJ eta Urkullu lehendakaria horren erantzule zuzenak direla. Berriro ere, argi geratu da langileen eta eskualde baten interesen gainetik, patronalaren eta haren diru-gosearen alde daudela.

LABetik borrokarako konpromisoan berresten gara, kaleratutako pertsona guztiak beren lanpostuetara itzuli eta iragarritako errekurtsoa erretiratu arte. Helburu horiek lortzeko borroka eta mobilizazioa da Tubacexen enplegua eta Aiaraldean bizitza eta enplegu duinak defendatzeko berme bakarra.

Dinamika mobilizatzaileak planteatzen jarraituko dugu Arabako Metalgintzaren hitzarmenaren defentsan, SEA patronalaren jarrera dela-eta

Gaur, uztailak 13, Arabako Metalgintzaren hitzarmena negoziatzeko mahaia bildu da berriro, eta, gaurkoan ere, ikusi da alde handia dagoela SEA patronalaren proposamenaren eta LABen plataformaren artean.

Lau urte dira hitzarmenik gabe, eta SEAk jarrera immobilista bera izaten jarraitzen du sektoreko langileen lan eta soldata baldintzak duintzeko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren gaien aurrean.

Lan-baldintzak duintzeak aurrera egitea eta adostea dakar, gutxienez, honako hauek:

– Soldata-igoera duinak

– Lanaldi murrizketa

– Kontratetako langileen subrogazioa bermatzea

– Lan-kontratazioko iruzurrari aurre egitea

– Ordaindutako baimenak hobetzea

– Sektore honetan emakumearen diskriminazioarekin amaitzeko benetako konpromisoak hartzea

Sektorea suspertzea inoiz baino beharrezkoagoa da, eta, horregatik, LABek dinamika mobilizatzaileak eta salaketa dinamikak planteatzen jarraituko du, negoziazioaren blokeoaren aurrean eta SEAk hitzarmenaren negoziazioan modu serioan aurrera egiteko duen borondate ezaren aurrean.

100 langile baino gehiago utzi ditzake kalean Nafarroako Gizarte Eskubideen Departamentuaren adingabeen plegu berriak

Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak adingabeen plegu berria argitaratu berri du, Nafarroan adingabeei arreta emateko zerbitzu gehienak lizitatzeko. Plegu horietan, zerbitzuak emateko kategoriak eta titulazioak modu arbitrarioan aldatu dira, inongo negoziaziorik izan gabe, baita hizkuntzetako baldintzetan ere, euskaraz arreta jasotzeko eskubidea beste behin ahaztuz. Plegu horiek martxan jartzeak kalean jartzen ditu, zuzenean, sektorean urteak daramatzaten 100 langile baino gehiago.

Hori dela eta, LAB sindikatutik jakinarazten dugu plegu hauek ez ditugula onartuko. Eta hala adierazi dugu Iruñean, Gizarte Eskubideen Departamentuaren egoitza aurrean egindako elkarretaratzean, departamentuaren berarekin hitzartutako bilera dela-eta.

Garbiñe Aranburu: “Izenetatik harago, Espainiako Gobernuak zein politika egingo dituen ikusi nahi dugu”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk elkarrizketa egin du Radio Euskadiko Boulevard saioan, eta, bertan, aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egin du. Besteak beste, Espainiako Gobernuaren barruan egondako aldaketei buruz galdetu diote: “Izenetatik harago, Espainiako Gobernuak zein politika egingo dituen ikusi nahi dugu eta ea lan erreforma indargabetzen duen eta zein neurri hartuko dituen pentsioen gaiarekin. Era berean, ikusi nahi dugu zein politika egingo dituen herri honek bizi duen gatazka politikoarekiko eta ea behingoz epaiketa politikoak egiteari uzten dioten”. Azken honi buruz, 13/13 sumarioko epaiketak ez duela inondik inora lekurik eta logikarik aipatu du, ezta bestelako sumarioak irekitzeak ere: “Termino politikoetan ez zaio gatazka politikoari heldu, eta, horretatik harago, herri honetako sektore independentisten aurkako kultura errepresiboak bere horretan darrai”.

Beste gai batzuk ere izan ditu hizpide; Tubacex-eko langileen aldeko epaia, kasu. Albistea bikaina dela esan du, baina enpresak helegitea jarri izanak borrokarekin jarraitzeko beste biderik ez duela uzten azpimarratu du: “Epai hau ez litzateke existituko sindikalismo borrokalari bat egongo ez balitz”. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera lotsagarria azaldu du. Hasieratik patronalarekin lerrokatu dela adierazi du, eta, hori gutxi balitz, Ertzaintza langileak kolpatzera bidali duela ekarri du gogora: “Negoziazio bat ezin da abiatu ERE bat mahai gainean jarrita. Xantaia hutsa da hori”.

Azkenik, aldaketa garaia dela nabarmendu du, eta egungo egoerak mobilizazioak indartzeko beharra eskatzen duela berretsi du; Greba Orokor bat tarteko. Honi buruz luze eta zabal hitz egin du honako iritzi artikuluan

[IRITZIA] Aldaketarako indarrak askatzeko unea

Garai berri batean sartzen ari gara. Osasun krisia gainditzen doan neurrian, krisi ekonomiko eta sozialari erantzun egoki bat emateko premia areagotzen ari da. Unea da patronala eta instituzioen aurrean indarrez agertzeko, mezu argi bat bidaltzeko eta neurri zehatzak eskatzeko.

Batzuk “normaltasunarekin” amets eginez oporrak antolatzeari ekin diote. Aurreko krisiaren aitzakian inposaturiko lan erreforma, pentsio erreforma, murrizketa zein zerbitzu publikoen merkantilizazio eta pribatizazio politiken eraginez, beste askorentzat, ordea, oporrak eta normaltasuna, biak, dira ameskeria, gutxieneko bizitza duin bat ezinezko zaien honetan.

Pandemiaren datuek horretarako tartea uzten dutenean, labana gurinetan bezala mezu baikorrak sartzen ari zaizkigu alde guztietatik. Okerrena pasa dela, ekonomiak hazkunde handia eta azkarra izango omen du, langabezia tasak murriztu, ostalaritzan eta merkataritzan dena lehengora itzuli. Logika kapitalistari erantzuten dion Barne Produktu Gordinari (BPG) begira jarri nahi gaituzte. Guri ez digu adierazle horrek balio: lan merkatu araututik kanpo geratzen diren zaintza lanak ez ditu kontuan hartzen, ez du sortzen den aberastasuna modu orekatuagoan banatzea bermatzen, ez du lan duina ziurtatzen, ez du zerbitzu publikoen kalitatea neurtzen eta ez du aberastasuna sortzeko aztarna ekologikoa zein den kontuan hartzen.

Aldaketak beharrezkoak dira, trantsizio ekosozialista eta feminista da gure bidea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko. Sektore publikoak izan behar du ekonomia jardueraren ardatza; lan guztiak aitortu eta banatu zein ondasuna banatzeko politikak bultzatu behar dira eta indarrean dagoen produkzio eta kontsumo eredua auzitan jarri behar da.

Ez da hau krisiari eman nahi zaion erantzuna. Merkatuaren logika gailendu da berriro. Enpresa transnazionalen mesedetan Europako Funtsek ezarri dute garai berrirako joko-zelaia. Diru publikoa erruz jarriko da esku pribatuetan, inolako baldintza sozialik eta konpromisorik eskatu gabe. Ekonomia ulertzeko ikuspegi androzentrikoa nagusitzen da. Pandemiak oso argi utzi du bizitza sostengatzeko ezinbesteko lanak zeintzuk diren, baina zaintzaren aferak irtenbide egokirik gabe jarraitzen du, oinarrizko lanetan ari diren sektore feminizatu eta prekarioek aitortza politiko, ekonomiko eta sozialik gabe. Enplegu duina bermatu edota zerbitzu publikoak hobetzea ere ez daude politika publikoen lehentasunen artean.

Funts horietatik dirua jaso nahi duten estatuek baldintza batzuk bete behar dituzte eta fin ari dira horretan Euskal Herriko langileon lan eta bizi baldintzen gaineko erabakiak inposatzen dizkiguten bi estatuak. Lan erreformak bertan behera utzi behar dira, kalitatezko enplegu publikoa sortzeko apustua egin eta enplegu hori egonkorra izan dadin bermatu. Madrilgo Gobernuak ez du horrelakorik egingo, neurri zuzentzaileren bat hartuko balu gaitz erdi, baina askoz gehiago behar da, negoziazio kolektiboaren zentralizazioari mugak jarri eta enplegu duina bermatzeko. Gauza bera pentsioekin, pentsio erreformek ezarritako murrizketak ez dira lehengoratzen eta kapituluka dator pentsio sistema publikoan murrizketa berriak ekarriko dituen erreforma. Parisen ere, bide beretsutik, langabezia prestazioak mugatuko dituen erreforma lantzen ari dira eta pentsioen erreforma berri baten aukera berriro zabaldu da. Langileei bizitza duina bermatzeko, lan harremanek eta pentsio eta babes sozial sistemek eraldaketa sakona eskatzen dute. Eta, zalantzarik gabe, Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propio baten aldeko olatua sortzeko garai ezin aproposagoa da hau. 

Egun ditugun eskuduntzekin gehiago egin daiteke. Kontzertu Ekonomikoak ematen dituen aukerak herritarren zerbitzura jartzeko eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Bada garaia zerbitzu publikoak indartzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa bultzatzeko eta zerga erreforma sakona sustatzeko.

Langileok behar ditugun erantzunak ez dira elkarrizketa mahai baten bueltan adostuko, aldaketak borrokatu eta irabazita baizik, ezker subiranismoaren eta langileen lidergotik. Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna ortzimugan, herri burujabetza prozesua bultzatuz egin behar dugun bidea da.

Euskal Herrian, borroka sindikal eta sozial ugari ditugu piztuta, lantokiak, auzoak eta herriak zipriztintzen ari diren borroka eredugarriak, Tubacexeko gatazkatik abiatuta Aiaraldean sortu den dinamika soziosindikala, kasu (kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia irabazi berritan, langile borrokalari guztiei zorionak lerro hauetatik, borrokak merezi du!). Iazko urtarrilaren 30ean egin genuen azken Greba Orokorra. Ez zen erantzun greba bat izan, ofentsibara planteatu genuen greba izan zen eta pandemiak ez gaitu kaleetatik atera. Momentuak greba eta mobilizazio berriak deitzea eskatzen du. Zentzu berean hitz egin zuten pentsionistek maiatzaren 29ko manifestazioetan. Gisa honetako deialdi batek eskatzen dituen gehiengo eta adostasunak eraikitzeko saiakeran jarraituko dugu LABetik, borroken konfluentzia momentua bilatzeko prest gaude.

Garaia da, erreforma eta murrizketa berrien zain egon gabe, indarrean daudenak atzera bota eta bidean direnak baldintzatzeko. Garaia da eraldaketa sozial eta aldaketa politikoaren aldeko indarrak askatzeko.