2026-06-22
Blog Page 434

Lan Kode eta Gizarte Segurantzaren lege propioaren gure proposamena erregistratu dugu Nafarroako Parlamentuan

LAB sindikatutik Lan Kode eta Gizarte Segurantzaren lege propioaren proposamen integrala osatu berri dugu, eta gaur, Gasteizko Legebiltzarrean duela bi aste egin bezala, erregistratu dugu Nafarroako Parlamentuan, Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoaren eskutik.

Proposamenak erreformei buelta ematea eta murrizketa gehiagori atea ixtea aldarrikatzen du, eta bizitza- eta lan-baldintzak aldatzeko neurri zehatzak jasotzen ditu; neurri zehatzak, errealak eta egingarriak egungo eskumenetatik abiatuta, eta, gainera, subiranotasunaren bidean aurrera egiten laguntzen dutenak.

Euskal Herrian ez daukagu kalitatezko enplegu berria sortzeko behar dugun baliabiderik

Enplegua errekuperazio zantzuak erakusten hasi da urrian. Adin tarte guztietan eta emakume zein gizonezkoen artean irailean baino langabezia gutxiago zenbatu da, irailean baino 1.623 langabe gutxiago dauzkagu egun. Urte arteko bilakaera aztertuz gainera, iaz data hauetan baino 26.822 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Beraz, enplegua errekuperatzen ari dela esan dezakegu.

Zein da, ordea, errekuperatzen ari den enplegua? Aurreko asteko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak konfirmatu ditugu gaurkoan. Izan ere, iazko urtearekin alderatuz, 25 urte azpiko gazteak izan dira enplegua gehien errekuperatu dutenak, batez beste %15 jaitsi bada langabezia; gazteen kasuan %26 izan da aipatu jaitsiera. Gogoan izan behar dugu pandemia lehertu osteko lehen hilabeteetan gazteen enplegua izan zela gehien galdu zena alde handiarekin, eta egun ere, 2019ko datuekin alderatuz, gazteak dira langabezia datu okerragoak metatzen dituen kolektiboa.

Gazteen enplegua ari da errekuperatzen, beraz, sektore kalteberenen enplegua, prekarioa, behin-behinekoa. Aurtengo urrian egin diren kontratu guztietatik %92 behin-behinekoa izan da. Datuek beren kabuz hitz egiten dute.

Atzo jaso genuen berriaren arabera lan erreforma indargabetuko dute Espainiako Estatuan. Kalitatezko enplegua sortzeko ezinbesteko baldintza da hori, lan erreforma indargabetzea, eta arau berriak ezartzea. Titularretatik haratago, indargabetze hori nolakoa izango den, nolako enplegu araudia adostuko duten, patronalaren interesei aurre egiten ausartuko diren… ikusteke dago oraindik. Hainbatetan esan dugun moduan, lan erreforma indargabetzea ezinbesteko baldintza da kalitatezko enplegua sortzeko, baina ez bakarra.

Politika sozioekonomiko guztiek errotiko aldaketa eskatzen dute. Egun gertatzen ari den produkzio sistemaren krisia ikusi besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Esku-lan merkea bilatuz eta kutsadura beste herrialde batzuetara esportatuz bertako industria beste herrialde batzuetara, Asiara batik bat, lekualdatu zuten. Orain, mikrotxip-ez gain hainbat lehengaien falta dugun honetan beste herrialde batzuetako produkzioari diogun menpekotasuna agerian geratzen ari da, Euskal Herriko eta mundu osoko produkzio sistema ez dela sostengarria. Are gehiago, sostengarria ez izateaz gain aberastasuna esku gutxi batzuetan metatzea errazten du, bertako eta beste herrialde batzuetako langileen kontura milioi askotako irabaziak izan dituzten enpresek erruz banatu baitituzte dibidenduak, eta orain, lehengai falta dutela argudiatuz euren burua kaltetu gisa aurkezten digute, langileen aurkako neurriak hartuz.

Egoera honetan Madrilera begira soilik jarraitu ahal dugu: lan erreforma indargabetzen duten, nolako erreforma adosten duten, aldaketarik badagoen politika ekonomikoetan… edota horrez gain, Euskal Herrian, bertako errealitateari erantzungo dion proposamenak eraikitzeari ekin. LABek bigarren honen aldeko hautua egiten du, Euskal Herriak behar duen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan proposamenak eta urratsak eginez eta langileon lan eta bizi baldintzen duintzea lortzeko eztabaidak irekiz.

Ez dugu Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren saioan parte hartu, Nafarroako aurrekontuen lanketan benetako parte-hartze soziala ez dagoela salatzeko

Ohikoa den bezala, Gobernuak Nafarroako Aurrekontuen Legearen aurreproiektua KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kideei bidali die hori lantzeko bilera baino hiru egun baliodun lehenago soilik. Eta, ziurrenera, ohikoa izaten ari den bezala, KESen bileraren ostean, Gobernuak dokumentu horixe bera igorriko du Parlamentura, batere aldaketarik egin gabe. Horregatik, LAB sindikatuak ez du gaurko saioan parte hartu.

LABek salatu nahi du KESen saioa eszenifikazio huts gisa hartu dela berriz: KESeko kideek ez dute denbora materialik saioa behar bezala prestatzeko eta ekarpen zehatz eta bideragarriak egiteko; eta Nafarroako Gobernuak KESen saioa izapide sinboliko huts moduan hartzen du. Eta gizarte eragileek zer esaten duten ere, zer ekartzen duten ere, KESera ailegatzen den zirriborro bera bidaliko dute Parlamentura.

Beraz, Nafarroako Gobernuak KES gutxiesten segitzen duela kontuan hartuta, LAB sindikatuak gaurko saioan ez parte hartzea erabaki du. Ildo horretan, Gobernuari eta Parlamentuko taldeei eskatzen diegu defizit demokratiko hori konpontzeko eta Nafarroako aurrekontuak lantzean parte-hartze soziala bermatzeko bide errealak ezar ditzaten.

Era berean, aditzera ematen dugu mobilizatzeko asmoa dugula, Nafarroako Aurrekontuek eskaera soziosindikal nagusiei erantzun diezaieten, hala nola, pentsiorik apalenen osagarriari (1.080 euroraino), Nafarroako batez bertzeko soldataren %60aren pareko izanen den gutxieneko soldata ezartzeari, enplegu publikoaren sustapen eta egonkortzeari, zaintza lanen sistema publiko komunitario bat ezartzeari, eta kapitalaren, ondasunen eta enpresa-irabazien errentei zerga handiagoa jarriko dizkien erreforma fiskalari.

Egoera eta edozein aitzakia aprobetxatuz enplegua suntsitu eta lan-baldintzak prekarizatu nahi dituzten enpresei aurre egiteko kanpaina jarriko dugu abian Industria sektorean

Euskal Herrian industrian gertatzen ari denaren balorazioa egin dute LAB sindikatuko sektoreko ordezkari Iratxe Azkuek eta Zorion Ortigosak. Kezkaz ikusten dugu patronalak erakundeen bermearekin abian jarri duen erasoaldia, bereziki Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, bere etekinak handitzea beste helbururik ez duena.

Lehenik eta behin, gogoratu behar dugu pandemia iritsi zen arte hazkunde ekonomikoko urteetatik gentozela. Hala ere, hazkunde hori ez zen islatzen lan-baldintzen hobekuntzan. Inposatutako lan-erreforma erabiltzen jarraitu da, langileak erabili eta botatzeko kleenex gisa erabiltzeko helburu bakarrarekin. Legeak langileei arrazoia eta enpresei bizkarra eman dien aldi bakanetan ere, Tubacex edo PCB kasu, epaiak urratzen dituzte lanpostuak suntsitzen eta lan-baldintzak okertzen jarraitzeko helburu bakarrarekin, eta horrek guztiak ez du inolako ondoriorik enpresa horientzat eta haien administrazio-kontseiluentzat.

Pandemiaren kudeaketan, enpresa-jarduera osasunaren aurrean babestu dute. Kalean, eskolan, tabernetan edo aireztatutako espazioetan ere kutsatzen ginela errepikatu digute, lanpostuan inoiz ez. Langileek badakite hori ez dela egia.

Etengabe aipatzen dute zein garrantzitsua den Gizarte Erantzukizuna, Ingurumen Erantzukizuna, Enpresen Partaidetza, Berdintasunarekiko Konpromisoa… baina ikusten duguna da inporta duen gauza bakarra enpresa-berekoikeria dela, enpresa-etekinak beste edozeren aurretik jartzea, langileen bizitzaren gainetik ere bai. Aurten 52 langilek galdu dute bizia lanpostuan. Berdintasunaz hitz egiten dute, eta errealitatea da sexu-jazarpenaren aurkako berdintasun-planak eta protokoloak dauden enpresetan legeak hala aginduta, langileek hala eskatuta edo sektoreko hitzarmenek hala eskatzen dutelako gertatzen dela.

Enpresa-zikoizkeriaren beste froga bat da, hazkunde-garaitik etorri arren, sektoreko langile guztientzako eskubideak bermatzen dituzten sektoreko hitzarmenak, aberastasuna modu bidezkoagoan banatzen dutenak, antolaketari eta borrokari esker baino ez direla posible izan, Bizkaiko metalaren kasuan bezala.

Eta orain? Orain, berriz ere hazkunde ekonomikoaren fasean gaudenez, festarekin jarraitu nahi dute, ezer ordaindu gabe.

Industrian arazoren bat eragiten duen edozein gertakari langileek ordaindu behar dutela dioen iritzi-egoera sortzen ari da. Berdin dio urteetan zehar mundu osoan banatutako fabrikazioaren eta deslokalizazioaren apologia egin izana. Berdin dio patronalak eta erakunde publikoek beren politika industrialekin osagai faltaren eragile izan diren. Osagaiak falta direla? Langileek ordain dezatela. Erabaki dutela mikrotxipak beste sektore batzuetara bideratzea, eta ez automobilgintzara? Langileek ordain dezatela.

Volkswagenen eta Mercedesen geldialdien aurrean, osagai faltagatik eta horien mende dagoen automobilgintzaren sektore osoagatik, badirudi erabat normaltzat hartu behar dugula ABEEak aplikatzea, behin-behineko langileen kaleratzeak eta malgutasun basatia. Hala ere, gaur datu batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean, ikusteko ezin dugula onartu langileen eskubideen aurkako eraso hori normala dela. Mercedes eta Volkswagen mozkin errekorrak izaten ari dira. Volkswagenen, 2020ko mozkina 66 milioi eurotik gorakoa izan zen. Mercedesen mozkina 276 milioikoa izan zen 2020an. Mercedesen eta Volkswagenen iaz pandemia betean dibidenduak banatu zituztenean, ez ziren gogoratu mikrotxipen hornidura faltaz, eta are gutxiago langileez, beno bai, ABEEak aplikatzeko, behin-behineko langileei kontratuak ez berritzeko eta malgutasun-neurriak aplikatzeko. Ondorio latzenak, ohikoa den moduan azpikontratetako eta enpresa hornitzaileetako langileentzat izaten ari dira.

Eta datu horiekin, gure galdera honako hau da: langileek ordaindu behar al dute hori?

Hori gutxi balitz, argiaren prezioa izugarri igo da. Gure etxeetan pairatzen dugulako dakigu hori, eta orain langileek argiaren prezioaren igoera hori bi aldiz ordaintzea ere nahi dute. Arcelor eta Sidenorreko azpikontratetako langileek, batzuek 1.000 eurora iristen ez diren soldatak dituztenek, inork baino hobeto dakite hori. Etikoa iruditzen  zaigu Arcelor bezalako enpresa batek gobernuei presioa egitea langileen eskubideak erabiliz? Ba al dakizue argindarraren prezioa baino gehiago igo dela altzairuaren prezioa? Eta badakizue nor ari den izaten azken 13 urteetako etekinik handiena? 2021eko lehen sei hilabeteetan, Arcelor Mittalek 5.322 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, azken 13 urteetako emaitzarik onena. Duela aste batzuk ohartarazi genuen argiaren kostua merkatzeko presioa egiteaz gain egoera lan-eskubideei erasotzeko erabiliko zela. Gertatu berri da: enpresa-batzordeak lan-baldintzak aldatzea onartu ez duenez, Arcelor Mittalek 70 pertsona kaleratu ditu Sestaon.

Azken 4 urteetan Sidenorrek 103.650.000 euro banatu ditu bere akziodunen artean. Orain bidezkoa al da langileek ordaintzea? Bidezkoa al da beren lan-baldintzak beherantz negoziatzearen xantaiaren mende egotea? LABek ezetz esan du. Hau beraiek ordaindu behar dutela.

Multinazional handiek bidea ireki dute, baina badakigu patronalaren estrategia bat dagoela egoera aprobetxatzeko eskubideak murrizteko eta enplegua suntsitzeko.

Jendartea erosteko ahalmena galtzen ari da, eta prezioak, bizitzaren kostua izugarri igotzen ari dira.

Estatistikako Institutu Nazionalaren datuetan oinarritutako kalkulu bat egin dugu erosteko ahalmenaren bilakaerari buruz, eta batez beste, 2019an 228 euro berreskuratu diren arren, aurreko 10 urteetan 6.000 euro baino gehiago galdu dira biztanleko. Ez da harritzekoa kolektibo kaltetuena, gehien pobretu dena 35 urtetik beherako gazteak izatea, 25.000 euro galdu baitituzte 2008 eta 2019 artean.

Sortzen den aberastasunaren eta aberastasun horretatik soldatetara bideratutako kopuruaren arteko alderaketak argi eta garbi erakusten du langile klaseak izan duen erosteko ahalmenaren galera handia.

Langileak prekarizatzea eta lan-baldintzei edozein preziotan erasotzea normalizatzen ari da. Industria aurreratuarekin bateraezina den industria low-cost bat sortu nahi dute. Horrela ez dugu aurrera egingo eraldaketa industrialean, edozein egoera aprobetxatuz eskubideak murrizteko eta prekarizatzeko. Argi utzi nahi dugu: ez badago lan-baldintza aurreraturik, hau da, duinik, ez da industria aurreraturik egongo, ez da etorkizuneko industriarik egongo.

Enpleguaren eta lan-baldintzen aurkako eraso hori ezin duela patronalak egin erakundeen onespenik eta laguntzarik gabe, bereziki Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe. Enpresa horietako askok irabaziak handitzeko eta enplegua eta lan-baldintzak suntsitzeko erabili den diru publikoa jaso dute, diru publikoa ematen da kontrapartidarik eskatu gabe, lanpostuei eta lan-baldintzei eusteko eskatu gabe. Txeke zuriak patronalarentzat.

Horregatik, LABek argi eta garbi esaten du: erronda hau zuen kontura izango da, patronalaren eta erakundeen kontura. Kanpaina bat hasiko dugu lantokietan, egoera eta edozein aitzakia aprobetxatuz enplegua suntsitu eta lan-baldintzak prekarizatu nahi dituzten enpresei aurre egiteko. “HAIEN KONTURA! ¡ESTA RONDA QUE LA PAGUEN ELLOS!”. Murrizketen aurka egingo dugu eta etekina eta lana banatzeko garaia dela aldarrikatuko dugu.

Badakigu horretarako dagoen alternatiba bakarra langileen antolakuntza, aktibazioa eta borroka direla. Gaur egun Fudike, CAF, SDA Factory, PCB, Cementos Rezola, Productos Tubulares edo Erom enpresetan egiten ari diren bezala.

Bizkaiko Elikagaigintza sektoreko langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute

Elkarretaratzeak egin dituzte Algortan eta Erandion, bi supermerkatu aurrean, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, bost mobilizazio egun iragarri ditugu datozen egunetarako, lan baldintza duinen defentsan.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeen lan-hitzarmena salatu eta negoziazio-mahaia irekitzeko eskatu diegu patronalei

LAB sindikatuak EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan-hitzarmena salatu du, eta aldi berean, hitzarmen berri baterako negoziazio mahai bat irekitzeko eskatu die Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei.

Hogeita zortzi eguneko greba egin ondoren sinaturiko oraingo hitzarmenak hurrengo abenduaren 31n indarraldia galduko du, eta salatu ezean, patronalek negoziatu gabe jarraitu ahalko zuten gutxienez beste urtebetez. LABek behin eta berriz adierazi dugun bezala, lan-hitzarmen horrek ez ditu sektoreak dituen oinarrizko arazoak konpontzen, ezta langileen aldarrikapen nagusiak asetzen ere. Gainera, patronalek beraiek bertan jasotako zenbait gauza ez betetzeko asmoa azaldu dute, esaterako, aurreko asteetan salatu dugun moduan, HH eta Lanbide Heziketako tutoretza osagarria ordaintzekoa.

Hori dela eta, LABentzat eta sektoreko langileentzat, egindako hitzarmenaren salaketarekin eta ondoren irekiko den negoziazio-mahaiarekin, eszenatoki berri bat irekiko da: kategoria prekarioenen eta feminizatuenen lan-baldintzak hobetzeko, enpleguari eusteko, langileen kontratazioan gardentasuna lortzeko eta diru publikoa gardentasunez kudeatzeko, ikastetxeak euskalduntzeko eta lanbide heziketako langileen lan baldintzak hobetzeko urratsak emateko. Azken batean, Euskal Eskola Publiko komunitariorantz urratsak emateko gune bat irekitzen da. 

Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funts bat sortzea eskatzen dugu Hego Euskal Herrian

LABek babesa eta atxikimendua adierazi die ADAVANek eta ASVIAMIEk amiantoaren biktimak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatzeko azaroaren 4an Iruñean, Donostian, Laudion eta Bilbon deitutako mobilizazioei. Era berean, enpresa-batzordeei mobilizazioekin bat egiteko deia egin die. Funts hori Europako beste leku batzuetan ere badago, eta, horregatik, Gizarte Segurantza EAEra eta Nafarroara transferitzea eskatzen dugu, Hego Euskal Herri mailako funtsa sortzeko.

Argi daukagu gertaera horrek berebiziko garrantzia duela amiantoaren biktima diren langileek, haien familiek eta gizarte-inguruneak jasaten duten kalbarioaren zati bat arintzeko. Gainera, beste arazo erreal batzuk landu eta konpondu behar dira, Euskal Herrian hainbat hamarkadatan amiantoa masiboki eta kontrolik gabe erabiltzearen ondorioei aurre egiteko, hala nola:

• Amiantoa osasun publikoko arazotzat hartzea.
• Amiantoaren inportazioaren eta horren ondoriozko gaixotasunen arteko lotura ezartzea.
• Osasunbidean eta Osakidetzan amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko programa bat ezartzea, profesionalentzako berariazko prestakuntzarekin, gaixotasun profesionalaren susmoen jakinarazpenen erregistroarekin eta kontingentziaren zehaztapenak aktibatzearekin.
• Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2015eko irizpena betetzeko ezarritako amiantoaren kontrola, 2032rako amiantoa erabat erauztea eskatzen duena.
• Amiantoaren ondoriozko gaixotasunen erregistro bat sortzea, irizpide epidemiologikoekin, Osasunbidea, NOPLI, Osakidetza eta Osalanen parte-hartzearekin.
• Amiantoarekin lan egin duten enpresen erregistroa sortzea.
• Amiantoaren biktimei laguntza soziala eta psikologikoa ematea.
• Babesa zabaltzea esposizio ez-profesionaletik eratorritako kasuetara, hau da, etxeko eta ingurumeneko esposizioetara.
• Amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko gaixotasunen erregistroa sortzea eta deklarazioa sustatzea, epaitegietara jo beharrik gabe.
• Erregistro hori sortzen den bitartean, epaitegi espezializatuak izan daitezela amiantoaren ondoriozko erreklamazioez arduratzen direnak.
• Osasuna zaintzeko programak zabaltzea.
• Amiantoaren eraginpean dauden pertsonen erretiro aurreratua.

Neurri horiek guztiak beharrezkoak dira benetan erantzun bat eman nahi badiogu iraganeko, oraingo eta are etorkizuneko amiantoaren problematikari, bestela, ematen du zerbaitetan ari garela ezer egin gabe. Kontua ez da beste bati egiteko eskatzea eskuak garbitzeko, baizik eta EAEko eta Nafarroako gobernuek eurek gidatu behar dutela borroka hori beren eremuan, beste instantzia batzuetan egin beharrik gabe. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.

Eusko Jaurlaritzak Estatuan erabaki den soldata igoera inposatu eta aplikatu ziren murrizketak bere horretan mantendu nahi ditu

Gaur izandako Mahai Orokorrean Eusko Jaurlaritzak ez du inolako negoziazio borondaterik erakutsi. Soldata igoera zein langileen kontsolidazio gaietan ez da Madrilen erabakitzen den bidetik aldentzen. Hori guztia gutxi balitz, komunikabideetan aurretik zabaldu du gaurko mahaian aurkeztu duen erabakia.

Zaharrak berri Euskal Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean. Urtero lez, gobernu kontseiluak aurrekontuak langileekin hitz egin gabe autoritarismo hutsez onartu ditu, eta negoziazio mahaia izan beharko lukeen Mahai Orokorra informazio truke hutsera mugatua izan da. Penagarria da, beste behin ere, estatuko gobernuak euskal langile publikoen soldata igoera zuzenean erabakitzea; oso erosoa da inposizioa onartu eta besteari errua botatzea, aitzitik, negoziazio kolektiboaren ukazioa agerikoa da. Langile publikoon soldatetan egindako murrizketak ere ezin ditugu ahaztu. LABek ez du murrizketa hau bere horretan mantentzea onartuko. Halaber, trasladatu duten %2ko igoerarekin eros-ahalmen galera handituko dela salatu nahi dugu.

Langileen kontsolidazioari dagokionez, zehaztasun eta anbizio gutxiko proposamen bat jaso dugula esan behar dugu: MadrilenetordaitezkeenaraualdaketakEAEnegokitzea,hitzezhitz. LABekhainbatetanaldarrikatuduenenplegu plan integral bat adosteari eta zehazkiago bertako negoziazio kolektibo markoari uko egin dio beste behin ere.

Era berean, erretiro partzialerako akordioa berritzeko proposamena ekarri du gobernuak mahai gainera. Aurreko urteetan esan genuen moduan, langile finkoentzat soilik egiten den proposamen bat da, legeak jasotzen dituen minimoei erabat lotuta. Guk lan-kontratudun langile guztiei aplikagarria izatea eskatu dugu, baita ordezkoa finkoa bihurtzea ere. Gobernuak gure ekarpenak onartu gabe jarraitzen du.

Telelanaren dekretuaren zirriborroaren aurkezpena ere egin da. Testuaren aukerak eta arriskuak aztertu eta gure ekarpenak egiteko prestutasuna erakutsi dugu, beti ere lan ez-presentziala emakumeei soilik bideratua izan ez dadin garbi izanda, eta honek langileari eragin diezaizkiokeen gastuak kontuan edukitzea.

Amaitzeko, zerbitzu publikoen defentsan eta enplegu publikoa sortu eta egonkortzeko norabidean lan egiten jarraituko dugula argi adierazi nahi dugu. Gobernuaren azken urteetako jarrera ikusita, are okerrago bere burua gehiengoan eta inposizioak aldebakarrez ezartzeko gai ikusten duenean, mobilizazioak areagotzea besterik ez zaigu gelditzen; atzo bertan Parlamentuaren aurrean egin bezala, hain zuzen ere.Hori guztia dela eta, greba orokorraren prestaketan ari gara, beste sektoreetako langileekin batera, zerbitzu publikoen defentsan eta langileon eskubideen alde kaleak bete daitezen.

Enplegu prekarioa zabaltzeak pobrezia areagotzea dakar

Biztanleria Aktiboaren Inkestak eskaini dizkigun datuen arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoan baino 25.700 enplegudun gehiago daude Hego Euskal Herrian. Hala eta guztiz, epe berean baino 3.000 langabe gehiago ere baditugu, enplegua bilatzen modu aktiboan ari diren langileen igoerak eraginda, Nafarroa Garaian %10,70eko langabezia tasa metatuz eta Euskal Autonomia Erkidegoan %9,91koa.

Datuak adinaren arabera aztertzen baditugu, 35 urte baino gehiago dituzten langileen okupazioak behera egin duela ikusten dugu, gazteagoak direnen mesedetan, eta fenomeno bera agertzen zaigu langabeziaren datuetan ere, 25 urte azpikoen artean langabetu gutxiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, baita epe bereko iazko datuekin alderatuz. Edonola ere, 25 urte azpiko langabezia tasak batez bestekoarenak baino nabarmen altuagoa izaten jarraitzen du, Nafarroa Garaian %16,30ekoa eta EAE-n %27,72koa.

Datu hauek honako bi gogoeta egitera garamatza. Batetik, adinean gora egin ahala enplegua bat aurkitzeko gero eta zailtasun handiagoak daudela. Gainera, epe luzeko langabezia azken urtean izugarri hazi da eta gaurko datuen arabera langabetuen %45 baino gehiago daude egoera horretan.

Bestetik, sortzen ari den enpleguaren kalitatearen inguruko hausnarketa egin beharrean gaude, eta gogora ekarri, adinaren araberako soldata arrakala handitzen ari dela azken urteetan, eta azken datuen arabera, 35 urte azpikoen soldatak batezbestekoaren %20 baxuagoak direla.

Zantzu guztien arabera sortzen ari den enplegua prekarioa da, eta horrek, pobreziaren hedapena dakar. Izan ere, pobrezia beti ez dago langabezia edota enpleguaren eremutik kanpo geratzearekin loturik. Enplegua izateak pobrezian ez egotea laguntzen du, izan ere, heldu guztiak langabezian dauden bizi unitateen %43 benetako pobrezia egoeran dago. Baina era berean, enplegua duten eta pobrezia egoeran dauden pertsonek osaturiko bizi unitateen zenbatekoa ere oso esanguratsua da, enplegua izan arren, oinarrizko premiak asetzeko soldata duinik jasotzen ez dutenena alegia.

Zehazki, enplegu jarduerarekin duten loturaren arabera, honela banatzen dira benetako pobrezia-egoera jasaten duten bizi unitateak:

• Pobrezia jasaten duten bizi unitateen %28,3an enplegua duen pertsonaren bat dago, baina ez dute okupazio egonkorrik bizikidetza-unitateko kide guztiek.

• Pobrezia egoeran dauden bizi unitateen %14an pertsona heldu guztiek enplegu-jarduera bat garatzen dute eta, gainera, okupazio egonkorra dute.

Azken batean, benetako pobreziaren dauden bizi unitateen hamarretik lautan enplegua duen pertsona heldu bat behintzat badago. Enpleguaren prekarizazioak eta lan-baldintzen okertzeak, enpleguaren izaera integratzailea ahuldu dute, zenbaitetan bazterkeria-faktore bihurtzeraino.

Era berean, enplegua sortzea ez da nahikoa pobrezia desagerrarazteko edo nabarmen murrizteko. Egun, enplegua sortzeko enplegu-politikek edozein enplegu mota hartzen dute aintzat, lan-baldintzak kontuan hartu gabe. Eta horrek,

azken hamarkadan gertatu den legez, pobrezia eta bazterketa sozial handiagoetara eraman gaitzake, ez baditugu egiturazko aldaketak behartzen. Horretarako, ezinbestekoa da lan erreforma indargabetzea, baina ez nahikoa. Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak duindu nahi baditugu beharrezkoa da Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan urratsak ematea, eztabaida piztuz, proposamenak eginez eta mobilizazioak bultzatuz. Lan horretan ari da LAB.