2026-01-23
Blog Page 422

Animaliak Babesteko Zentroan izan diren jazarpen sexual eta sexistaren salaketen aurrean, Gasteizko Udalaren kudeaketa gaitzesten dugu

Gasteizko Udalaren Animaliak Babesteko Zentroan jazarpen sexual eta sexistaren inguruan izan diren salaketen aurrean, eta gertaera horiengatik epaiketa egiten ari den une hauetan, LABetik gure erabateko gaitzespena adierazten dugu edozein indarkeria matxistaren aurrean.

Gure elkartasuna helarazi nahi diegu egoera hori salatu duten emakume guztiei, argi eta garbi esaten dugu sinesten ditugula.

Salaketa horien aurrean, Gasteizko Udalak egindako kudeaketa tamalgarria salatu nahi dugu, ez baitu abian jarri sexu- jazarpeneko kasuetarako udaleko protokoloa, sindikatu honek hasieratik eskatu bezala.

Ez da lehenengo aldia Gasteizko Udalak zabarkeriaz jokatzen duela horrelako gertakarien aurrean. LABek behin baino gehiagotan salatu du hori.

Udalari eskatzen diogu indarkeria matxistaren prebentzioaren arloan dauden protokoloak aplika ditzala eta indarkeria mota hori erabiltzen ari direnei babesik ez ematea.

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Euskotreneko zuzendaritzaren hizkuntza politika salatzeko eta euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko

Euskotreneko LABen sail sindikaletik atsekabez eta arduraz bizitzen ari gara Euskotreneko zuzendaritza azken urte hauetan euskararen inguruan egiten ari den kudeaketa. Gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok Euskotrenen bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko hartzen ari diren erabakiak.

Honen adibide garbia da Tranbiako Aginte Postuko barne deialdiko oinarrietan, B2 euskara hizkuntz eskakizuna derrigorrezko izateko, Euskotreneko LABen sail sindikaletik egindako alegazioari zuzendaritzatik jasotako ezezkoa. Lanpostu honetako funtzioetako bat bezeroei arreta ematea izango dela kontuan izanik, Gasteizko tranbiako erabiltzaileen hizkuntz eskubideen urraketa gertatzeko ateak parez pare zabaltzen dira, Araban eta Gasteizen azken hamarkadetan izandako bilakaera soziolinguistikoari balazta bat balitz bezala eraginez.

Nabaria da, beraz, euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman beharrean, Euskaraldiaren bigarren edizioa oharkabean pasatzen utzi duen zuzendaritzak, euskararen aurkako erabakiak normalizatzeko apustua egin duela. Egoera honen aurrean, Euskotreneko LAB sail sindikaletik bi aukera posible ikusten ditugu, eskubideak urratzen dituen euskalduntasun diglosiko eta iruzurti baten gidaritzapean jarraitu edo justizia sozial eta berdinatsunean oinarrituko dena aldarrikatu. LABek aspaldi egin zuen bere hautua, eta, bide horretan, Gasteizko Legebiltzar aurrean elkarretaratze bat egin dugu, zuzendaritzaren hizkuntz politika salatzeko eta euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko.

Aurreikusi bezala, Eusko Jaurlaritzak langile publikoon aldarrikapenei muzin egin die

Mahai Orokorraren bileran aurreikusita zegoen enplegu publikoaren gaiak ez du ustekaberik ekarri, sindikatuoi eta mobilizazioetan parte hartu duten langileei mespretxu hutsa izan da. Bilera eskaerari ez erantzun eta negoziazio mahaiak propaganda egiteko erabiltzea erabat salagarria da, Gobernuak ez duelako inolako proposamen seriorik aurkeztu.

Sindikatuon adostasunik ez duen kidego eta eskalen legearen lehen xedapenean oinarritzea proposatu dute konponbide bakar bezala, lanpostuan esperientzia zerbait balioestea alegia. Gogoratu behar da, euskal administrazioetan enpleguaren egoera kezkagarria dela, batez ere behin-behinekotasun tasak onartezinak direlako. Jaurlaritza baieztapen honekin bat datorrela esaten badu ere, egoera larria bere horretan mantentzeko jarrerari eutsi dio.

Hainbat mobilizazio eta greba egun bat egin ondoren, etsigarria da gobernuak negoziazio mahaietan duen jarrera. Momentuz, ez da gai izan behin-behineko langileak lanpostuetan kontsolidatzeko proposamen eraginkorrik egiteko. Bide beretik, lanpostuak sortzeko arazoekin topatzen ari gara, baita ezkutuan dauden lanpostuak azalarazteko arazoekin ere. Jaurlaritzak iragarritako kopuruekin enplegu publikoa suntsitzen jarraituko du. LABek azken urteetan aldarrikatzen duen ildotik, enplegua sortu eta egonkortzeko tresna legal propioak behar dira; ezinbestekoa da Legebiltzarrak Kontsolidazio Lege propio bat onartzea. 

Bilerako gai honek ematen duena ikusita, LABeko kideok mahaitik altxatu egin gara ELAko eta CCOOko kideekin batera. Bilera antzuak pasata, LABen gero eta garbiago dugu egoera konpondu nahi badugu mobilizazioekin jarraitu behar dugula, eta udazkenean horretan jarraituko dugula.

Lan heriotzen odolustea salatu dugu, hildako azken garraiolaria gogoan

Laudioko Guardian enpresako azpikontrata den Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko langile bat hil zen joan den astean, Orozkoko BP gasolindegian, karga gainera erorita. Lan istripu hilgarri hau salatzeko elkarretaratzea egin dugu Oiartzungo Lanbarren industria gunean, euskal gehiengo sindikalaren izenean. Aurten, guxienez, 27 langile hil dira Euskal Herrian.

Koronabirusarekin harremana duten EHUko langileak berehala txertatzea eskatzen dugu

Komunikabideen bidez berriki ezagutu dugunez, SARS-CoV-2 birusarekin harreman zuzena duten dozenaka ikertzaile daude gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan txertorik jaso gabe. Gauza ezaguna da (eta EHUk onartua ere) koronabirusarekin harremanetan dauden langile horietako batzuk EHUn ari direla lanean.

Egoera horren oinarrian, antza, Estatu espainiarreko Osasun Ministerioak txertaketa-estrategian langile horiek sartu ez izana aurkitzen da, eta, beraz, pertsona horiek hilabeteak eman dituzte “birusa zuzenean erabiltzen, immunizatu gabe, baita gaixotasun horren aurkako txertoak garatzen ari diren taldeen artean ere”.

SARS_CoV-2 edo 2. arnas sindrome akutuaren koronabirusa 3. taldean sailkatutako agente biologikoa da, langileak lanean agente biologikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzko 664/1997 Errege Dekretuaren arabera. Talde horretan sailkatzen dira “gizakiarengan gaixotasun larria eta langileentzako arrisku larria, kolektibitatera hedatzeko arriskua eta, oro har, profilaxi edo tratamendu eraginkorra” eragin dezaketen agente biologikoak.

Aipatutako 664/1997 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluaren arabera, “agente biologikoekiko esposizioagatiko arriskua dagoenean eta horretarako txerto eraginkorrak daudenean, horiek langileen eskura jarri beharko dira, eta txertoaren abantaila eta desabantailen berri eman beharko zaie”.

Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa aplika daitekeen jardueren artean sartzen ditu “laborategi klinikoetan, albaitaritzakoetan, diagnostikokoetan eta ikerketakoetan egindako lanak”. Horietakoak ere egon badaude EHUn.

Bestalde, LABek jakin ahal izan duenez, EHUko Prebentzio Zerbitzuak behin baino gehiagotan eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Zuzendaritzari txertatu gabeko langile horiek (ikertzaileak zein laborategi eta Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonaleko langileak) txertatzeko, ezezko borobila jasoz erantzun gisa, nahiz eta bere burua eskaini ere EHUko Prebentzio Zerbitzu propioaren bitartez langilea horiei txertoa jartzea.

Horretaz gain, LAB sindikatuak jakin badaki koronabirusarekiko esposizio egoera horretan aurkitzen diren EHUko zenbait langile txertatuak izan direla Eusko Jaurlaritzak Basurtuko zein Santamarina Ospitaletan gertatu ziren txertaketa irregularren ondoren txertaketa adin-tartearen arabera egitea erabaki baino lehen. Beraz, koronabirusarekin harreman zuzeneko arrisku talde berekoak izanik ere, EHUn badaude koronabirusaren aurka txertoa jaso dutenak eta oraindik txertatzeke daudenak. Egoera onartezina, LABen aburuz.

Honengatik guztiagatik, EHUko Zuzendaritzari koronabirusarekiko arriskua duten langileak lehentasunez txertatuak izatea eskatzen diogu, langile guzti horien eskubidea izateaz gain, unibertsitate publikoaren betebehar legala ere baita.

Neurri hori gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa eta langile horiek beren lanpostuetan egunero aurre egin behar dioten arriskuaren aitortza baino ez da behar.

Petronor, Bilboko Argiak, Tubacex, Novaltia eta ITP-PCB-ko langileek egindako deialdiarekin bat egiten dugu

Argi dago gaur egungo politikak eta bai EAE zein Madrilen gobernatzen dutenek patronalaren eta kapitalaren mesedetan dihardutela. Horren ondorio argia da, enpresa hauetan jasaten ari diren enplegu suntsiketa eta lan baldintzen okertzea. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritza eta Arantxa Tapia itsu, mutu eta gor dago. Are gehiago, aktiboen dagoen saila, Segurtasunekoa dela salatu behar dugu. Politika hauen oinarria borroka duinak kolpatzea eta langile borrokalariak atxilotzea izaten ari da.

LABetik argi esan nahi dugu. Erreformen derogazioa ezinbesteko urratsa dela uste badugu ere, askoz harago joan behar dugu. Bada garaia Urkulluren gobernuak bertako langileak defendatzeko erabakia hartzeko. Berton erabaki behar dugu bertoko langileen etorkizuna, bizitza eta pertsonak erdigunean izango dituzten politiketaz hitz egiteko garaia da.

Horregatik guztiagatik, eta langile batasuna txalotuz, LABetik Bilboko ostiraleko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu, 10:00etan abiatuko dena, EITBren egoitzatik udaletxeraino.

Tubacex-eko piketean identifikatuak izan ondoren Amurrioko epaitegian deklaratu beharko duten hiru pertsonei gure babesa adierazten diegu

LABetik gure babes osoa adierazi nahi diegu bihar osteguna, ekainaren 17an Amurrioko epaitegian deklaratu beharko duten 3 pertsonei. Elkartasuna adieraztea izan da egin duten delitu bakarra eta Tubacex-eko langileei martxoaren 25eko piketeetan laguntzea, Aiaraldeko zein beste eskualde batzuetako enpresetako ehundaka langilek egin duten moduan. Langileen arteko elkartasuna ez da delitua.

Oraingoan eurei tokatu zaie, baina kontziente izan behar dugu babes eta elkartasuna adierazteko Laudio eta Amurrioko enpresa sarreretatik pasatu garen edozein langile egon gintezkeela egoera beretsuan.

Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egin Tubacex-eko lanpostuak defendatzeko. Enpresa-batzordea eta langile kaleratuekin ere ez du bilerarik izan eta publikoki Tubacex-eko zuzendaritzaren argudioak defendatzen zituen bitartean, Ertzaintza bidaltzen zuen langileak jipoitzera, euren borroka eta enpleguaren defentsan Aiaraldeko langile guztiek egiten ari zirena kriminalizatuz.

Horregatik, dei egiten dugu bihar, ekainaren 17an, Tubacex-eko enpresa-batzordeak Amurrioko epaitegietan 11:30etik 13:00etara bitartean egingo duen kontzentrazioan parte hartzera.

Era berean, enpresa-batzordeak, datozen ekainaren 21 eta 22an, EEEaren epaiketen aurrean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten dugu. Datorren astelehenean, ekainaren 21ean, Laudio eta Amurrioko Tubacex TTIko EEEaren epaiketa egingo da EAEko Auzitegi Nagusiak, Bilbon (Albiako lorategiak) eta enpresa-batzordeak kontzentrazioa egingo du 09:30ean. Ekainaren 22an aldiz, hirugarren lantegiko EEEaren epaiketa egingo da, Aceria de Alava. Egun horretan, martxa egingo dute Bilboraino 06:00etan Laudioko enpresa-sarreratik abiatuta eta 11:30ean enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du Albiako epaitegien aurrean 11:30ean.

Ustezko bi delitu salatu ditugu Donostiako Hondalea eraikuntzaren prozesuan

Joan den astean Hondalearen eraikuntza lanak bideratzeko orduan izan diren irregulartasunak salatzeko LABek Eneko Goia alkateari eta Fiskaltzari emaniko txostenak ekarri dituen isiluneak eta erantzunak ikusita, Udaleko talde politiko guztiekin biltzeko eskaera egin eta gero, LABeko Sail Sindikaleko ordezkariak PP, Podemos, EH Bildu eta PSEren ordezkariekin bildu dira, sindikatuaren ustez tramitazio prozesuan izan daitezkeen bi delitu ezberdinen berri emateko. Ildo horretan, Eneko Goiari gaia argitzeko hartu behar diren neurriak bidera ditzala eskatu dio, besteak beste, gaia argitu arte Proiektu eta Obretako arduradunaren izendapenaren behin-behineko etena bideratzea eta Batzorde Informatibo baten sorrera.

LABen ustez, Proiektu Bateratuaren idazketa eta birgaitze lanak zuzentzeko ardura LKS-Fhecorri lizitaziorik gabe eman izana irregularra da. Izan ere, proiektua onartzeko bideratu zen txostena onartu zuen Udalak, baina bertan ez zen inolako zuzendaritzarako edota idazketarako adjudikaziorik finkatzen. Proiektu eta Obretako arduraduna izan zen egoera horretan lan hori LKS- Fhecorri tramitatzearen ustezko arduraduna. LKS berak aitortu du lan hori Udalaren “enkarguz” egin duela. Gure ustez jokabide horretan bere funtzioen abusua ematen da eta prebarikazio kasua ere izan daiteke.

Bestetik, LKS-Fhecorren birgaitzelanen zuzendaritzari dagokion gastua ALFA ARTE enpresak ordaindu omen du, ALFA ARTE enpresak aurkeztu zuen proiektuan eta aurrekontuan LKS-Fhecor enpresek egin duten zuzendaritza lana ordaintzeko diru partidarik ez zegoenean. ALFA ARTEk bere diru partidatik gastu horiek ordaindu baditu, ustez Proiektu eta Obretako arduradunak hori egitea eskatu duelako izan da. Gure ustez, bigarren irregulartasunaren aurrean gaude, Udal Aurrekontuaren eta beraz diru publikoaren erabilera okerra egin da.

Horregatik, guztiarengatik, Batzorde Informatibo bat martxan jar dezala eskatzen diogu Eneko Goia alkateari eta, emaitzak etorri bitartean, Proiektu eta Obretako arduradunaren izendapena etetea eskatzen du LABeko Sail Sindikalak.

Azkenik, LABek argi utzi nahi du eginiko salaketa honetan ez duela zer ikusirik Hondalea arte lanak, baizik eta berau irlan jartzeko egin den lanaren kudeaketaz ari garela.

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu EAEko Hezkuntza Sailak pandemian egindako kudeaketaren makillaje lana salatu eta baliabide gehiago eskatzeko

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuon ohar bateratua:

EAEko Hezkuntza Sailak langileek ikasturte honetan egindako lana eta ahalegina eskertzeko ekitaldia egin du Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean gaur. Bertan kontzentratu gara LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuetako kideak, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-ekitaldia salatu eta baliabide gehiago galdegiteko.

Hezkuntzan ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi genuen, Hezkuntza Sailari aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostua bermatzeko beharrezko baliabide zein neurriak hartzea exijituz. Lehenagotik ere urgentziazkoak ziren eta pandemiarekin are ageriagoan geratu ziren lan-kargak eta ratioak murrizteko eskatu genion, baliabide gehiago jartzeko exijitzearekin batera. Ikasturtea amaitzear dago eta esan dezakegu gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dela sakoneko aldaketarik egon.

Komunikabideetan, pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izan bazaigu ere, errealitatea oso bestelakoa izan da. Aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan bada bertako langileek eginiko lanaren, dedikazioaren eta gain-karga fisiko zein emozionalaren ondorioa izan da. Osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, heldutakoak ere erabat ez- nahikoak izan dira eta ratioak ez dira era orokortuan jaitsi. Beraz, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da. Ikasturtea greba batekin hasi eta greba batekin amaitu behar izan dugu. Horrela, apirilaren 22an enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko eta pribatizazioarekin bukatzeko sektore publiko osorako deitutako grebak babes zabala izan zuen Hezkuntza publikoan. Izan ere, Hezkuntza publikoak plantilla gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago beharrezkoak ditu bere erronkei aurre egiteko, kalitatezko hezkuntza bermatzeko.

Horregatik, sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu propaganda albo batera utz dezala, eta langileoi eskerrak ematearekin batera, hezkuntzak hain beharrezko dituen baliabide, ratio jaitsiera, enplegu sorrera eta kontsolidazioa gauzatzeko beharrezko pausoak eman ditzala.

Pausorik eman ezean mobilizazio dinamikak indartu eta bultzatu beste biderik ez digu utziko.