2026-11-28
Blog Page 4

Salatzen dugu Correoseko bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela kontrataziorik egin ez delako

Posta bidezko botoa onartzeko azken eguna bihar izango da, eta LABen atal sindikalak salatu du bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela, hauteskunde-kanpainak eragindako jarduera-igoeraren eta kontratazio faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du, beste behin ere, enpresaren aurreikuspen eta plangintza falta.

Hauteskunde-jarduera, haren epeak eta horrek sortzen dituen langile-beharrak enpresak ezin hobeto ezagutzen ditu. Hala ere, beste behin ere, Correosek ez du plantillaren tamaina behar bezala egokitu, eta egoerari aurre egiteko nahikoa ez diren konponbideetara jo du; horrela, bere plangintza faltaren ondorioak langile guztien bizkar utzi ditu.

Gainera, egoera hori Black Friday kanpainarekin batera gertatzen ari da, eta horrek paketeen bolumena nabarmen handitzea dakar. Horren ondorioz, langileek ezin diote hauteskunde-kanpainak sortzen duen lan-karga osoari aurre egin, eta, aldi berean, ohiko zerbitzuei erantzuten jarraitu. Gutunak, administrazio-jakinarazpenak, ziurtagiriak eta gainerako ohiko zerbitzuak pilatzen ari dira.

Gutxieneko plantillekin ezin da kalitatezko posta-zerbitzu publikoa bermatu, ezta hauteskunde-prozesu bati behar bezala erantzun ere.

Salatzen dugu FVEMek Bizkaiko metalgintzako negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela eta langileek eros-ahalmena gal dezaten dela bere asmoa

Patronalak eskasegia den soldata-proposamenari eusten dio eta malgutasun handiagoa eskatzen du, sektoreko 57.000 langile baino gehiagoren aldarrikapenei muzin eginez.

Azaroaren 11ko greba orokorretik astebetera, FVEMk beste behin erakutsi du ez duela Bizkaiko Metaleko langileen beharrei erantzungo dien hitzarmen bat lortzeko borondaterik.

Negoziazio-mahaiaren hamaikagarren bileran, patronalak 2026rako %3ko soldata-igoeraren proposamenari eutsi dio. Kopuru hori guztiz eskasa da bizi-kostuaren garestitzeari aurre egiteko. Bizkaiko urte arteko KPIa %5,2koa izanik, proposamen horrek langileen erosteko ahalmena galtzea dakar.

Soldata-bermerik ezari FVEMk lan-malgutasuna handitzeko duen temakeria eta atzerapausoak mantentzeko asmoa gehitu behar zaizkio. Jarrera hori are onartezinagoa da sektoreko enpresen %80k irabaziak dituztela patronalak berak uztailean aurkeztutako datuen arabera kontuan hartuta.

LABen ustez, onartezina da ia urtebeteko negoziazioaren ondoren eta sindikatuek plataforma bateratua adostu ostean, FVEMek sektorearen aldarrikapenak baztertzen jarraitzea eta bere proposamenaren kostua langileen bizkar jartzen saiatzea.

Azaroaren 11ko greba orokorrak berriro ere agerian utzi zuen bizi-baldintza duinak bermatzeko beharra. Soldatek duintasunez bizitzeko aukera eman behar dute, eta ez erosteko ahalmena galtzea, bereziki enpresen irabaziak handitzen diren bitartean.

Bizkaiko Metalaren hitzarmenak langileen bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko balio behar du, ez langileen disponibilitatea handitzeko edo enpresen etekinei bazka emateko.

Aurreko hitzarmena 11 greba-egunen ondoren lortu zen. FVEMen jarrerak berriro ere negoziazioa konfrontazio-eszenatoki batera bultzatzen du, eta patronalak kontuan izan beharko luke hori.

LABek sektorea antolatzeko eta aktibatzeko lanean jarraituko du. Ez du atzerapauso berririk ekarriko duen hitzarmenik onartuko. Bizkaiko Metalak hitzarmen duina merezi du, eta hori lortzeko borrokan jarraitzeko asmoa agertu du sindikatuak.

Negoziazio-mahaiaren hurrengo bilera abenduaren 14an izango da.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek ez dute etsitzen beren lan-baldintzak lantokian bertan erabakitzeko aldarrikapenarekin

Dagoeneko bost aste baino gehiago daramatzaten greba mugagabean, hitzarmen propioaren alde eta enpresak inposatu nahi dien akordio markoaren aurka. Gaur Zamudiora bertaratu dira eta mobilizazioa egin dute multinazionalak aurkezten zuen marka berriaren ekitaldiaren bueltan.

Lantokiak 180 langile ditu, eta orain arte lan-baldintzen negoziaketa Asteasuko plantan bertan egin izan duten arren, orain zuzendaritzak aukera hori kendu eta estatu mailako lantoki guztietarako akordio markoa inposatu nahi die gipuzkoarrei. Erabaki horren helburua, langileen ustez, Asteasuko langileen erabakimena ezabatu eta bertako lan baldintzak kaskartzea da.

Bada, egoera horren aurrean, Asteasuko langileak tinko mantentzen dira honako hiru baldintza hauek beteko dituen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin:

1.⁠ ⁠Autonomia izaten jarraitzea beraiei eragiten dieten puntuetan negoziatzeko eta erabakitzeko.

2.⁠ ⁠Ultraaktibitate egoeran dagoen hitzarmeneko punturik ez okertzea.

3.⁠ ⁠Gipuzkoako hitzarmenaren erreferentzialtasuna mantentzea.

Egoera honetan, gaur Zamudion bildu dira, Siemens Gamesaren bueltako Omterra konpainiaren marka berriaren aurkezpen egunean, enpresari exijitzeko, egoeraren arduradun den heinean, gatazka desblokeatzeko urratsak eman ditzala.

Ipar Euskal Herrian alternatiba gara

Agerraldia egin dugu gaur Baionan, abenduan 3tik 10era, hauteskunde sindikalak egingo baitira Frantses Estatuko funtzio publikoko hiru esparruetan. LAB sindikatua indartsu sartuko da horietan, 180 hautagai baino gehiago aurkeztuz, Parisko zentral sindikalen aurrean benetako alternatiba bat proposatuz.

Hona hemen arloz arloko egoera eta erronka nagusiak:

1. Lurralde Funtzio Publikoa (70 hautagai baino gehiago)
Ipar Euskal Herriko herriko etxeak: LABek bere presentzia sendotuko du Hendaia, Urruña, Kanbo, Hazparne eta Euskal Hirigune Elkargoan. Aurten, gainera, zerrenda berriak aurkeztuko ditugu Uztaritzen eta Baionan

Herri txikien defentsa: LABek Kudeaketa Zentroan ere hautagaiak izango ditu, herri txikietako langileen ahotsa eramateko eta haien eskubideak babesteko.

2. Ospitaleko Funtzio Publikoa (50 hautagai baino gehiago)
Osasun arloko lan-baldintzen okertzeari aurre egiteko, borroka bi gune nagusitan zentratuko da. Horrela, Baionako egitura nagusian (CHCB – Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroa) eta Garaziko Osasun Zerbitzu Publikoan (EPS Garazi) aurkeztuko ditugu hautagaitzak.

3. Hezkuntza (60 hautagai baino gehiago)
Sektore honetan, LABen estrategia bikoitza erabiliko dugu frantses eredu zentralista arrakalatzeko. Ipar Euskal Herriko irakasleei eragiten dieten instantzia guztietan aurkeztuko ditugu hautagaitzak, eskola publikoan zein pribatuan, eta lehen zein bigarren Hezkuntzakoetan zerrendak aurkeztuko ditugu lehen aldikotz. 7 batzorde desberdinetan aurkeztuko gara Akitania mailan.

Aliantza estrategikoa Bretainiarekin:
Estatu mailan, LABek bat egitea erabaki dugu Bretainiako SLB (Syndicat des Travailleurs de Bretagne) sindikatuarekin. Aliantza estrategiko honekin fronte komun bat eraiki nahi da frantses Estatuaren aurrean, gure herriak, hizkuntzak, kulturak eta lurraldeak erdigunean jartzeko eta Parisko zentralismoari aurre egiteko.

LABek, ELAk, UGTk, CCOOk eta ESK-k greba-egunak deitu ditugu Petronorren azpikontratetan, negoziazioaren blokeoaren aurrean

Petronorren azpikontratetako langileek urteak daramatzate lan-baldintza oso gogorrak jasaten. Soldata duinak, enplegu-egonkortasuna, atsedenaldi egokiak, lan-arriskuen prebentzioa eta lan-baldintza duinak aldarrikatzea ez da pribilegioak eskatzea: findegiaren jarduera egunero posible egiten duten langileentzako eskubideak eta bidezko hobekuntzak dira.

Hala ere, hainbat negoziazio-bilera egin ondoren, enpresek ez diete aldarrikapen guztiei erantzuten, eta uko egiten diote langileen lan-baldintzak hobetzeko aurrerapausoak emateari. Blokeo horren aurrean, ordezkaritza sindikal bateratuak grebara deitu dugu abenduaren 1, 2 eta 3rako. Ez dugu onartuko negoziazioa denbora galtzeko tresna bihurtzea, ezta enpresek prekarietatea mantendu nahi izatea ere.

Egoera horri beste gertaera onartezin bat gehitu behar zaio: kontratetako langileek 25 egun baino gehiago daramatzate aldageletan ur berorik gabe. Findegi batean lan egiten duten langileak dira, industria-jarduera gogor batek dakartzan arriskuen eraginpean daudenak, eta ez dute oinarrizko zerbitzu bat ere. Bien bitartean, Petronorrek eta enpresa kontratistek elkarri pasatzen diote erantzukizuna. Lotsagarria da, eta instalazioetan lan egiten dutenekiko mespretxuaren erakusgarri argia.

Petronorrek eta enpresa kontratistek beren erantzukizunak beren gain hartu behar dituzte. Findegiak sortzen duen aberastasuna ezin da azpikontratetako langileen prekarietatearen kontura sortu.

Borroka da lan-baldintza duinak lortzeko bidea. Langileek pausoa eman dute. Orain enpresei eta Petronorri dagokie erantzutea. Ez dugu onartuko batzuen irabaziak besteen prekarietatearen kontura lortzea. Benetako aurrerapausorik ezean, mobilizazioak izango dira. Azpikontratetako langileen lan-baldintzak ere defendatu egin behar dira.

Bertako LGS behar dugu, Euskal Herriko langileen errealitateari erantzuteko

Espainiako Gobernuak gaur onartu du Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoera, baita langile publikoen soldaten %4,5eko igoera ere. LABen ustez, erabaki horiek langile batzuen egoera ekonomikoa hobetuko badute ere, Hego Euskal Herrian eragin mugatua izango dute, eta ez diete gure langileen beharrei erantzungo. Gainera, langile publikoen soldaten igoera Madrildik inposatua eta ez-nahikoa da.

Estatuko LGSaren igoerak langile batzuen soldatak hobetuko ditu, baina Hego Euskal Herrian langile gutxiri eragingo die. Ez da nahikoa prekaritateari, soldata-arrakalei eta langileen pobreziari aurre egiteko. Hego Euskal Herriak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa behar du, bertako bizi-baldintzei eta errealitate sozioekonomikoari erantzungo diena.

Aldarrikapen horrek babes sozial zabala du Hego Euskal Herrian. Euskal langileriak argi adierazi zuen hori Maiatzaren 17ko greba orokorrean: gutxieneko soldata propioa behar dugu, eta horretarako urratsak emateko garaia da.

Bestalde, LABek salatu nahi du Espainiako Gobernuak langile publikoentzat agindutako %4,5eko soldata-igoera inposatua eta ez-nahikoa dela. Igoera horrek ez ditu langileen erosahalmenaren galerak berreskuratuko, eta, aurreikuspenen arabera, ez du aurtengo KPIa ere estaliko. Horrela, azken urteetan metatutako galera handitzen jarraituko dute langile publikoek. LABek hasieratik ohartarazi zuen Madrilen sinatutako akordioak KPIarekiko lotura bermatu gabe uzten zituela soldatak, eta Euskal Herriko negoziazio kolektiborako esparru propioa ere ukatzen zuela.

Kontraesan nabarmena da, gainera, Madrilen akordio hori sinatu zuten sindikatuek Euskal Herrian soldata-igoera handiagoak eskatzen jarraitzea. EAJri dagokionez, hauteskunde politikoen kanpaina betean negoziazio kolektiborako marko propioa aldarrikatu du, baina bere jarduna kontrako norabidean doa: berak kudeatzen dituen erakundeetako langileen lan-baldintzak Madrilen menpe uzten jarraitzen du, egoera horrek eskaintzen dion erosotasunetik.

Gaurko erabakiek, beraz, agerian uzten dute lan-baldintzak hemen erabakitzeko beharra. Langileen lan-baldintzak hobetzeko, ezinbestekoa da Euskal Herriko lan-harremanen esparrua indartzea. Estatuko negoziazio-esparruen inposizioak eta estatalizazioak prekarizazioa sustatzen dute, eta gure lan-baldintzak hobetzeko gaitasuna mugatzen dute.

Euskal Herriko langileen beharrei erantzuteko, bertan erabaki nahi dugu. Bertako LGS eta bertako lan-baldintzak erabakitzeko gaitasuna behar ditugu. Ez dugu Madrildik inposatutako erabakien menpe jarraitu nahi.

Beste mobilizazio egun bat Osakidetzan

Mahai Sektorialean aurrerapauso nahikorik ez dagoenez, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzeak deitu ditugu gaur lan zentro guztietan: 11:00etan ospitaleetan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretan.

Mobilizazio eguna da gaur Osakidetzan. Gaurko mobilizazioak LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok irailean iragarri genuen greba eta mobilizazio dinamikaren barruan kokatzen dira; dinamika horren helburua da Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea.

Pasa den urriaren 30eko greba-egunean gertatu zen bezala, langileak argi eta garbi ari dira beraien haserrea erakusten, eta Osakidetzari sakoneko hobekuntzak eskatzen ari zaizkio. Langileak egiten ari diren presioak behartu du Osakidetza urratsak ematen hastera. Hala ere, sindikatuok pasa den ostiralean egindako Mahai Sektorialaren ostean adierazi genuen bezala, aurkeztutako proposamenak ez dira nahikoa Lan Baldintzen Akordioa berritu gabe daramatzan ia bi hamarkadetako gainbeherari erantzuteko. Hori dela eta, gehiengo sindikalak adierazi du aurreikusitako mobilizazio-egutegiarekin aurrera jarraituko duela.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk profesionalen beharrak asetzen dituzten proposamenak eskatu ditugu gaur ere, 17 urtez baino gehiagoz lan-baldintzak eguneratu gabe egon ondoren. Negoziazioak ez du aurrera egingo planteamendu eskasekin edota planteamendurik gabe, gai batzuekin gertatzen ari den bezela. Osakidetzako Zuzendaritzak eta Osasun Sailak negoziazioaren edukia aldatu behar dute, proposamen zehatzekin eta konpromisoekin, Lan Baldintzen Akordio berri bat lortzeko bidean.

Orain arte egindako proposamenek ez dituzte funtsezko gaiak barneratzen, hala nola erosteko ahalmena bermatzea eta metatutako galera berreskuratzea (2010etik, %20tik gorakoa); urteko lanaldiaren murrizketa; aldi baterako enpleguaren egonkortzea; lan-kargen murrizketa; edo kanporatutako zerbitzuak ordinatzera bideratzen den gastuaren itzulera, Osakidetzak urtean 400 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu horretara. Era berean, ez da neurri zehatzik planteatu Osakidetzaren antolaketa-eredua eraldatzeko, pribatizazioak geldiarazteko edo Lehen Mailako Arreta indartzeko.

Gehiengo sindikalak ohartarazi duenez, abenduaren 2ko mahai sektorialean aurrerapausorik ematen ez bada, abendurako deitutako greba egunei eutsiko diete: abenduaren 9an Araban, 10ean Bizkaian, 11an Gipuzkoan eta 14an Osakidetza osoan.

Langileek beren mobilizazioarekin erakutsi dute aldaketa eskatzen dutela eta beren eskubideak defendatzeko prest daudela. Sindikatuok langileei adierazi nahi diegu mobilizazioa dela bidea, eta Osakidetza pausoak ematen hasi bada, plantilla mobilizatzen hasi delako dela. Orain, Osakidetzari eta Osasun Sailari dagokie haien proposamenak hobetzea eta akordio bat lortzeko behar diren baliabideak eta konpromisoak mahai gainean jartzea.

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreak beste bi greba egun iragarri ditu Hego Euskal Herrian, azaroaren 26an eta 27an

LABek, ikuskizun eta ekitaldien sektorean Nafarroan ordezkaritzaren %100 duen sindikatuak, EAEko beste sindikatuekin batera (Teknikariok, ESK, ELA CCOO, UGT eta CNT) bi greba egun berri deitu ditu negoziazioak desblokeatzea eta sektoreko lehen hitzarmen kolektiboa sinatzea eskatzeko. Deialdi bateratuak Hego Euskal Herri osoan partekatzen den aldarrikapen bati erantzuten dio: prekarizatutako sektore baten erregulaziorantz aurrera egitea.

Sindikatuak salatu duenez, nahiz eta bi negoziazio-esparru horietan mahaiak osatu, EUKIK (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta AESTANEK (Nafarroa) elkarrizketak blokeatuta mantentzen dituzte. Egoera honek langileen lan eskubideak bermatzeko sindikatuak beharrezkotzat jotzen duen hitzarmen baten negoziazioa geldituta mantentzen du.

LABek adierazi du 2023an hasitako negoziazioek aurrerapauso esanguratsurik gabe jarraitzen dutela hiru urte geroago. Era berean, urriaren 10ean egindako greba egunaren ostean,patronalak egoera aldatzeko erakutsitako borondate falta kritikatu du. Deialdi berri honen erregistroaren aurrean, patronalak bilera deitu du. LABek positibotzat jo du keinu hori, baina azpimarratu du negoziazioak oraindik ez duela aurrera egin: “Mezua argia da: lehen hitzarmena dagoeneko sinatzea nahi dugu”.

“Negoziazioa luzatzen den bitartean, enpresek plantillen lan eskubideak modu sistematikoan urratzen jarraitzen dute”, ohartarazi du sindikatuak; bere ustez, enpresek etekina atera diote urteetan sektorearen desarautzeari eta, horregatik, “edozein akordio kontzesio handi bat bezala ulertzen dute eta, ondorioz, pribilegioen galera bat”. Egoera horren aurrean, sindikatuak aldarrikatu du kontziliazioa hobetzeko eta enpresen beharrizanen menpe dauden langileen etengabeko eskuragarritasunarekin amaitzeko beharra.

Deialdiak zuzenean interpelatzen ditu administrazio publikoak ere, haien plantillen eskubideak urratzen dituzten enpresak kontratatzeagatik: “Ikuskizun bakoitzaren atzean, ekitaldi bakoitzaren atzean, eskubiderik gabeko jendea dago, gero eta baldintza prekarioagoak dituen jendea. Nafarroako Gobernua, udalak… noiz arte utziko duzue hori alde batera?”

Bi greba egunek mota guztietako ikuskizun eta ekitaldiei eragingo diete Hego Euskal Herrian, kongresuak, kontzertuak eta kanpaina amaierak barne. LABek lanuzteak egiteko deia egin die langileei eta egun horietarako antolatutako ikuskizun, ekitaldi eta ekitaldi politikoetara ez joateko eskatu dio publikoari, prekarietatea betikotzen laguntzea ekiditzeko eta mobilizazioari ikusgarritasuna ez kentzeko. Era berean, antolatzaileei, taldeei, antzerki konpainiei, sustatzaileei eta sektoreko gainerako eragileei greba babesteko gonbita egin die, bi egun horietan aurreikusita zeuden ekitaldiak bertan behera utziz.

Mobilizaziorako deia egin dugu, Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako

Hamar hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ostean, LAB, ELA eta ESK sindikatuok aurrerapausorik ez dagoela salatu dugu, eta abenduan bi elkarretaratze eta 2027an balizko grebak iragarri ditugu, Gizardatz patronalak aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu.

LAB, ELA eta ESK sindikatuok salatu dugunez, Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmena negoziatzen hamar hilabete baino gehiago eman ondoren, Gizardatz patronalak ez die erantzun zehatzik ematen sektoreko langileen aldarrikapenei. Patronalak berak eskatuta, hiru sindikatuok negoziazioan aurrera egiteko edukien proposamen bateratua aurkeztu genuen arren, orain arte ez da aurrerapauso nabarmenik eman.

Lan-baldintzak eta soldatak zaintzaren sektore publikokoekin parekatzea, lanaldia murriztea, plantillak indartzea eta lan-osasuna hobetzea aldarrikatzen dugu. Salatu dugu esku-hartze sozialak, zainketei eta laguntzari zuzenean lotutako interes publikoko lana garatu arren, pribatizazioak eta prekarietateak markatuta jarraitzen duela.

Ildo horretan, hitzarmen berriak sektore publikoarekin parekatzeko bidean aurrera egiteko tresna izan behar duela defendatzen dugu. Gaur egun, bi eremuen arteko soldata-arrakala 15.500 eurokoa da, batez beste, urtean. Zaila da ulertzea sektore berean, zaintzan eta laguntzan, soldata-alde handiak egotea. Arrakala hori ez da kasualitatea, pribatizazio-eredu bati erantzuten baitio, zerbitzu horiei eusten dietenen lan-baldintzak ere prekarizatzen dituena. Gogorarazi behar da badirela parekatze hori posible dela frogatzen duten aurrekariak, hala nola Katalunian lortutako akordioa, esku-hartze sozialeko sektore pribatuko soldatak eremu publikokoekin parekatzen dituena.

Plataforma sindikalak kontziliazioa hobetzeko, hizkuntza-eskubideak bermatzeko, euskara- planak bultzatzeko eta berdintasun-planak indartzeko neurriak ere jasotzen ditu. Kontratazioari dagokionez, aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzea, nahi ez den partzialtasunari aurre egitea eta lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak debekatzea eskatzen dugu. Gaueko lana, zaintzak eta langileek beren gain hartutako erantzukizunak aitortzeko hobekuntzak ere proposatu ditugu, besteak beste.

Lan-osasuna negoziazioaren beste ardatz nagusietako bat da. Sindikatuok langileen legezko ordezkariekin adostutako arrisku psikosozialen ebaluazioak egitea eskatzen dugu, baita plantilla nahikoa bermatzeko neurri zehatzak ere. Horien artean, hezkuntza-bikoteak ezartzea eta absentziak gehiago estaltzea proposatzen dugu. Langile-faltak lan-kargak handitzea eragiten due, eta horrek eragin zuzena du plantillen osasunean eta erabiltzaileek jasotzen duten laguntzaren kalitatean.

Gizardatz patronalaren aldetik erantzunik eta aurrera egiteko borondaterik ez dagoenez, LAB, ELA eta ESK sindikatuok konpromiso zehatzak eskatu ditugu eta patronalari presio egiteko mobilizazio berriak hasiko direla iragarri dugu. Abenduan bi elkarretaratze egingo ditugu: bata Gizardatzen egoitzan, eta bestea Bizkaiko Foru Aldundian. Aurrerapenik ezean, mobilizazioek gora egingo dute.