2026-01-26
Blog Page 399

GarbiƱe Aranburu: “Aietek bake eta elkarbizitzarako ibilbide orria markatu zuen; aurreratu da, baina asko dago egiteko”

Bakea eraikitzeko oztopo eta aukerei buruzko nazioarteko topaketarekin egin dugu bat, Aieteko Konferentziaren 10. urtemugan. Hain zuzen ere, “Aiete hamar urte, irakaspenak eta erronkak” nazioarteko topaketa abian da, eta osteguna eta larunbata bitartean gauzatuko da, partaide garen Foro Sozial Iraunkorraren, Bake Bidearen, Conciliation Resources-en eta Berghof Fundazioaren eskutik.

Lehen egunean, Donostiako Aieteko jauregian antolatutako solasaldietan, LAB sindikatuko idazkari nagusi GarbiƱe Aranburu izan da, gonbidatutako beste eragiletako ordezkariekin batera. Bere hitzetan, “Aietek bake eta elkarbizitzarako ibilbide orria markatu zuen; aurreratu da, baina asko dago egiteko. Eremu sindikalean era pairatu izan dugu gatazka, eta LABek bere ekarpena egiten jarraituko du elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko, Foro Sozialean egin moduan”.

Donostian eta Baionan

2021eko urriaren 17an hamar urte beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia, Aieteko Konferentzia izenez ezaguna dena, egin zenetik. Konferentzia hori bide-orri zabalago baten baitan kokatzen zen, eta Euskal Herrian bakea lortzeko agertoki berri baterako bidea ireki zuen. Zentzu honetan, egunotan antolatutako Nazioarteko jardunaldien helburua euskal bake prozesuaren irakaspenak balioestea, bakearen eraikitze prozesuari dagozkion oztopoak eta aukerak aztertzea eta gatazkak konpontzeko erronka globalez hausnartzea da, eta LAB sindikatuak bertan hartuko du parte, prozesu honetan guztian ekarpena egin dugun eragileetako bat izanik.

Aieteko jauregian egindako irekiera solasaldien ostean, jardunaldiek ostiralean izango dute jarraipena Donostiako Kursaalen, eta larunbatean Baionako Arte Eskolan.

Hauteskunde sindikal libreak eskatu ditugu Saltoki Logistika Araban, enpresaren xantaien eta manipulazioen aurrean

Joan den irailaren 21ean, LABek lehenengo hauteskunde sindikalak sustatu zituen Saltoki Logistika Araba enpresan. 84 langile daude bertan. Data horretatik aurrera, enpresak maniobra batzuk hasi zituen hauteskunde-prozesua eta hauteskunde sindikalen emaitzak oztopatzeko.

Horrela, Saltoki Logistika Arabaren zuzendaritzak mehatxu egin die langile batzuei, enpresaren aldeko hautagaitza aurkeztu ahal izateko abalak lortzeko.

Era berean, enpresa kontratua amaitzen zaien behin-behineko langileak kaleratzen ari da, eta horien ordez ABLE bateko langileak ari da jartzen.

Egoera horren aurrean, LABek argi eta garbi esaten du Saltokiko langileek eskubidea dutela hauteskunde sindikal libreak egiteko eta datozen lau urteetan enpresaren aurrean ordezkatuko dituztenak inolako derrigortzerik gabe aukeratzeko. Horregatik, xantaia eta presioak amaitzea eskatzen dugu, baita aldi baterako langileen kaleratzeak gelditzea ere.

LABek etorkizunean enpresan gerta daitezkeen egoera antidemokratiko guztiak salatzen jarraituko du, hauteskunde sindikalak askatasun osoz, derrigortzerik eta mehatxurik gabe egin ahal izateko helburu bakarrarekin.

Ildo horretan, iragarri nahi dugu sindikatu honek dituen baliabide sindikal eta juridiko guztiak aktibatuko ditugula, ez enpresa honetan ez beste inon hauteskunde sindikal libreak izateko eskubidea zapaldu ez dadin.

Bodegas Eguiako gure delegatua izan dugu gogoan Eltziegon, eta lan heriotzen odolustea salatu dugu

Eltziegoko herriko plazan mobilizatu gara, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, joan den ostiralean, Bodegas Eguiako 56 urteko langile eta gure delegatua zendu zen, errobot-makina bat gainera erori eta harrapatuta gelditu ondoren.

Aurten, gutxienez, 49 langile hil dira Euskal Herrian. Sarraski honen aurrean erakundeek ez dutela inolako neurririk hartzen salatu dugu elkarretaratzean.

Santurtziko Serantes Kultur Aretoko langileei esku-hartze sozialeko hitzarmena aplikatzea lortu dugu #LortuDugu

Euren lan baldintzen defentsan mobilizazioei esker, Santurziko Serantes Kultur Aretoko (SKA) langileek dagokien hitzarmena aplikatzea lortu dute, esku-hartze sozialekoa, hain zuzen ere. Orain arte, Langileen Estatutua aplikatzen zieten. COVID-a aitzaki, murrizketak ezarri zizkieten, euren lana oraindik eta gehiago prekarizatuz.

SKA Santurtziko udalaren zerbitzua izan arren, azpikontratatutako enpresa batek kudeatzen du. Hau da bertako udal gobernuaren egiteko era, lan baldintzak okertzea eta kultur eskaintza murriztea.

Langileen aldarrikapen nagusienetako bat esku-hartze sozialeko lan hitzarmenaren aplikazioa zen. Orain arte, Langileen Estatutoa aplikatzen zitzaien. Mobilizazioei esker lortu dugu, borrokak merezi duela argi utziz.

Migrazio politika arrazistak hil egiten du

Gaur Ziburun, goizaldeko 05:30ak aldera, hiru gazte hil dira eta laugarren bat larriki zauritua izan da. Pertsona horiek migrazio-bidean zeuden, Ziburu eta Donibane-Lohizune lotzen dituen trenbidearen ertzean lo egiten. Horietako biri buruz ezagutu ahal izan dugu Aljeriatik zetozela eta 28 eta 36 urte zituztela.

2021ean, gutxienez zazpi hildako izan dira. Heriotza hauek ez dira gertakari isolatu bat. Hendaia-Baiona tartean gertatzen dira bereziki, militarizatua dagoen muga batean, egunero etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrol selektiboak egiten diren muga batean. Ez da urriaren 12ko efemeride bat, baizik eta migrazio-politika arrazista batzuen ondorio sistematiko bat, LAB sindikatutik salatu eta arbuiatzen ditugu.

Migrazioaren eta neo-kolonialismoaren arteko loturak egon badaude. Prozesu beraren parte gisa, harresi den Europak Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioen konplizitatearekin batera bazterketa prozesu hori erreproduzitzen du; aldi berean, milaka langile migraturen oinarrizko eskubideak urratzen ditu; herriak eta lurraldeak arpilatzen eta kolonizatzen ditu. Lurralde horiek dira pertsona hauetako askoren jatorrizko herriak, eta migrazio-proiektuak bizirauteko eta bizi-baldintza hobeak bilatzeko estrategia gisa abiatzen dituzte.

Epaiketa irabazi dugu Elecnor-en #LortuDugu

Movistarreko azpikontrata den Gasteizko Elecnor enpresan, lan sindikala oztopatzeko asmoz, sail sindikala osatzea ukatu zion enpresak LABi. Horretarako, trikimailu bat erabili zuen 2020an: sekzio sindikala osatzeko Espainiako estatuko langile guztien %10 eskatzen zion.

LABek argi zuen eskaera hori zentzugabea zela. Arabako langileak hartu behar zirela kontuan defendatzen zuen, eta auzitara jo zuen. EAEko Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion LABi lehen epaiketan. Enpresak errekurritu egin zuen epaia, eta orain, Espainiako Auzitegi Gorenak lehen epaia berretsi eta arrazoia eman digu: LABek sail sindikala osatzeko eskubidea du.

Enpresaren jarrerak azalpen argia du: mendekua. Sekulako irabaziak dituen enpresari lan baldintzak duintzea eskatzeko borrokan egon baitziren langileak, 43 egun luzatu zen greba egin zuten, besteak beste. Grebari esker lan baldintzak hobetzea lortu zuten, eta oraingoan, beste garaipen bat da, juridikoa, kasu honetan.

LABek tresna guztiak jarriko ditu enpresetan antolatzen jarraituko du eta lan baldintzak hobetzeko borrokatzen.

Uruguaiko PIT CNT sindikatuarekin bildu gara, elkarren arteko harremanetan sakontzeko

LAB sindikatuak Uruguai-ko PIT CNT zentral sindikaleko Nazioarteko harremanetarako idazkari Jorge Bermudez-en bisita jaso du gaur. Euskal Herriko eta Uruguai-ko testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoaren inguruan hitz egin eta bi sindikatuen arteko harremanetan sakontzeko baliatu dugu topaketa.

Euskal Herria eta Uruguai harreman historiko dituen bi herri gara, historikoki elkarrekiko elkartasun handia izan dioguna.

Euskal Herria eta Uruguai, bi herrialdeen arteko harreman historikoengatik eta bi herrialdeen artean izan den elkarrekiko elkartasunagatik, milaka kilometrotara egonik ere elkarrengandik oso hurbil sentitzen diren bi herrialde dira. Ziur gaude bi sindikatuen arteko harremanek gure estrategia sindikalak hobetzeko balioko dutela, langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetzen laguntzeko bidean.

Sidenorren ere langileek ordaintzea nahi dutela salatu du GarbiƱe Aranburuk

IruƱerriko Urban Sons dendetako langileek enpresak hasitako kaleratze kolektiboaren enplegu erregulazio espedientea salatu dute, euren lanpostuek indarrean jarraitzen baitute

Urban Sons markako langileek elkarretaratzea egin dute, orain Denin and Friends izena duen IruƱeko dendako atearen aurrean, euren egoera salatzeko.

Bi aste dira Urban Sons enpresak Nafarroako enpresak IruƱerrian dituen 3 dendak (Karlos III.a etorbidea, Morea eta Itaroa) itxi dituela. Baina ezustekoa etorri da, hain zuzen ere, kontratuak iraungitzeko enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldiko lehen egunean, hiru dendetatik bik ateak ireki zituztenean beste langile batzuekin, lan-jarduera bera izan arren: arropa eta osagarriak saltzea.

Denda horietako langileek, guztiak emakumeak izanik, beren lanpostua nola desagertu den entzun behar izan dute, dendak beste izen batekin funtzionatzen duen bitartean, baina altzari berberak erabiltzen jarraitzen dute, pertxa berberak, maniki berberak eta baita alfonbratxo bera ere, buelta emanda hori bai.

Beren egoera bidegabea onartezina da. Urban Sons enpresaren jabeak, Banur enpresa eraikitzailearen jabea ere badenak, enpresen ondorengotza ukatzeaz gain, langileek jaso beharko lituzketen kaleratzeagatiko kalte-ordainak ere ukatzen ditu, Fogasara joatera behartuz.

Egoera onartezina da, eta legeak baimentzen badu ere, argi dago marka horren jabeak, nahi izan balu, alde batetik, marka eskualdatzea negozia zezakeela, langileek beren lanpostuetan jarrai zezaten, edo, nahi izanez gero, legeak kaleratzeagatik ezartzen dituen kalte-ordainak ordain zitzakeela, bere jabetzako beste enpresa batzuen bidez.

Langileek beren lanpostuen alde mobilizatzen jarraituko dute. Lanpostu horiek egon, badaude, baina ukatu egiten zaizkie. LABen ustez, ez da onargarria enpresariek darabilten inpunitatea, legeek, gobernuek eta auzitegiek langileek jasaten dituzten gehiegikeria hauen aurrean justiziarik egin gabe.