Ohikoa den bezala, Gobernuak Nafarroako Aurrekontuen Legearen aurreproiektua KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kideei bidali die hori lantzeko bilera baino hiru egun baliodun lehenago soilik. Eta, ziurrenera, ohikoa izaten ari den bezala, KESen bileraren ostean, Gobernuak dokumentu horixe bera igorriko du Parlamentura, batere aldaketarik egin gabe. Horregatik, LAB sindikatuak ez du gaurko saioan parte hartu.
LABek salatu nahi du KESen saioa eszenifikazio huts gisa hartu dela berriz: KESeko kideek ez dute denbora materialik saioa behar bezala prestatzeko eta ekarpen zehatz eta bideragarriak egiteko; eta Nafarroako Gobernuak KESen saioa izapide sinboliko huts moduan hartzen du. Eta gizarte eragileek zer esaten duten ere, zer ekartzen duten ere, KESera ailegatzen den zirriborro bera bidaliko dute Parlamentura.
Beraz, Nafarroako Gobernuak KES gutxiesten segitzen duela kontuan hartuta, LAB sindikatuak gaurko saioan ez parte hartzea erabaki du. Ildo horretan, Gobernuari eta Parlamentuko taldeei eskatzen diegu defizit demokratiko hori konpontzeko eta Nafarroako aurrekontuak lantzean parte-hartze soziala bermatzeko bide errealak ezar ditzaten.
Era berean, aditzera ematen dugu mobilizatzeko asmoa dugula, Nafarroako Aurrekontuek eskaera soziosindikal nagusiei erantzun diezaieten, hala nola, pentsiorik apalenen osagarriari (1.080 euroraino), Nafarroako batez bertzeko soldataren %60aren pareko izanen den gutxieneko soldata ezartzeari, enplegu publikoaren sustapen eta egonkortzeari, zaintza lanen sistema publiko komunitario bat ezartzeari, eta kapitalaren, ondasunen eta enpresa-irabazien errentei zerga handiagoa jarriko dizkien erreforma fiskalari.
Euskal Herrian industrian gertatzen ari denaren balorazioa egin dute LAB sindikatuko sektoreko ordezkari Iratxe Azkuek eta Zorion Ortigosak. Kezkaz ikusten dugu patronalak erakundeen bermearekin abian jarri duen erasoaldia, bereziki Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, bere etekinak handitzea beste helbururik ez duena.
Lehenik eta behin, gogoratu behar dugu pandemia iritsi zen arte hazkunde ekonomikoko urteetatik gentozela. Hala ere, hazkunde hori ez zen islatzen lan-baldintzen hobekuntzan. Inposatutako lan-erreforma erabiltzen jarraitu da, langileak erabili eta botatzeko kleenex gisa erabiltzeko helburu bakarrarekin. Legeak langileei arrazoia eta enpresei bizkarra eman dien aldi bakanetan ere, Tubacex edo PCB kasu, epaiak urratzen dituzte lanpostuak suntsitzen eta lan-baldintzak okertzen jarraitzeko helburu bakarrarekin, eta horrek guztiak ez du inolako ondoriorik enpresa horientzat eta haien administrazio-kontseiluentzat.
Pandemiaren kudeaketan, enpresa-jarduera osasunaren aurrean babestu dute. Kalean, eskolan, tabernetan edo aireztatutako espazioetan ere kutsatzen ginela errepikatu digute, lanpostuan inoiz ez. Langileek badakite hori ez dela egia.
Etengabe aipatzen dute zein garrantzitsua den Gizarte Erantzukizuna, Ingurumen Erantzukizuna, Enpresen Partaidetza, Berdintasunarekiko Konpromisoa… baina ikusten duguna da inporta duen gauza bakarra enpresa-berekoikeria dela, enpresa-etekinak beste edozeren aurretik jartzea, langileen bizitzaren gainetik ere bai. Aurten 52 langilek galdu dute bizia lanpostuan. Berdintasunaz hitz egiten dute, eta errealitatea da sexu-jazarpenaren aurkako berdintasun-planak eta protokoloak dauden enpresetan legeak hala aginduta, langileek hala eskatuta edo sektoreko hitzarmenek hala eskatzen dutelako gertatzen dela.
Enpresa-zikoizkeriaren beste froga bat da, hazkunde-garaitik etorri arren, sektoreko langile guztientzako eskubideak bermatzen dituzten sektoreko hitzarmenak, aberastasuna modu bidezkoagoan banatzen dutenak, antolaketari eta borrokari esker baino ez direla posible izan, Bizkaiko metalaren kasuan bezala.
Eta orain? Orain, berriz ere hazkunde ekonomikoaren fasean gaudenez, festarekin jarraitu nahi dute, ezer ordaindu gabe.
Industrian arazoren bat eragiten duen edozein gertakari langileek ordaindu behar dutela dioen iritzi-egoera sortzen ari da. Berdin dio urteetan zehar mundu osoan banatutako fabrikazioaren eta deslokalizazioaren apologia egin izana. Berdin dio patronalak eta erakunde publikoek beren politika industrialekin osagai faltaren eragile izan diren. Osagaiak falta direla? Langileek ordain dezatela. Erabaki dutela mikrotxipak beste sektore batzuetara bideratzea, eta ez automobilgintzara? Langileek ordain dezatela.
Volkswagenen eta Mercedesen geldialdien aurrean, osagai faltagatik eta horien mende dagoen automobilgintzaren sektore osoagatik, badirudi erabat normaltzat hartu behar dugula ABEEak aplikatzea, behin-behineko langileen kaleratzeak eta malgutasun basatia. Hala ere, gaur datu batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean, ikusteko ezin dugula onartu langileen eskubideen aurkako eraso hori normala dela. Mercedes eta Volkswagen mozkin errekorrak izaten ari dira. Volkswagenen, 2020ko mozkina 66 milioi eurotik gorakoa izan zen. Mercedesen mozkina 276 milioikoa izan zen 2020an. Mercedesen eta Volkswagenen iaz pandemia betean dibidenduak banatu zituztenean, ez ziren gogoratu mikrotxipen hornidura faltaz, eta are gutxiago langileez, beno bai, ABEEak aplikatzeko, behin-behineko langileei kontratuak ez berritzeko eta malgutasun-neurriak aplikatzeko. Ondorio latzenak, ohikoa den moduan azpikontratetako eta enpresa hornitzaileetako langileentzat izaten ari dira.
Eta datu horiekin, gure galdera honako hau da: langileek ordaindu behar al dute hori?
Hori gutxi balitz, argiaren prezioa izugarri igo da. Gure etxeetan pairatzen dugulako dakigu hori, eta orain langileek argiaren prezioaren igoera hori bi aldiz ordaintzea ere nahi dute. Arcelor eta Sidenorreko azpikontratetako langileek, batzuek 1.000 eurora iristen ez diren soldatak dituztenek, inork baino hobeto dakite hori. Etikoa iruditzen zaigu Arcelor bezalako enpresa batek gobernuei presioa egitea langileen eskubideak erabiliz? Ba al dakizue argindarraren prezioa baino gehiago igo dela altzairuaren prezioa? Eta badakizue nor ari den izaten azken 13 urteetako etekinik handiena? 2021eko lehen sei hilabeteetan, Arcelor Mittalek 5.322 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, azken 13 urteetako emaitzarik onena. Duela aste batzuk ohartarazi genuen argiaren kostua merkatzeko presioa egiteaz gain egoera lan-eskubideei erasotzeko erabiliko zela. Gertatu berri da: enpresa-batzordeak lan-baldintzak aldatzea onartu ez duenez, Arcelor Mittalek 70 pertsona kaleratu ditu Sestaon.
Azken 4 urteetan Sidenorrek 103.650.000 euro banatu ditu bere akziodunen artean. Orain bidezkoa al da langileek ordaintzea? Bidezkoa al da beren lan-baldintzak beherantz negoziatzearen xantaiaren mende egotea? LABek ezetz esan du. Hau beraiek ordaindu behar dutela.
Multinazional handiek bidea ireki dute, baina badakigu patronalaren estrategia bat dagoela egoera aprobetxatzeko eskubideak murrizteko eta enplegua suntsitzeko.
Jendartea erosteko ahalmena galtzen ari da, eta prezioak, bizitzaren kostua izugarri igotzen ari dira.
Estatistikako Institutu Nazionalaren datuetan oinarritutako kalkulu bat egin dugu erosteko ahalmenaren bilakaerari buruz, eta batez beste, 2019an 228 euro berreskuratu diren arren, aurreko 10 urteetan 6.000 euro baino gehiago galdu dira biztanleko. Ez da harritzekoa kolektibo kaltetuena, gehien pobretu dena 35 urtetik beherako gazteak izatea, 25.000 euro galdu baitituzte 2008 eta 2019 artean.
Sortzen den aberastasunaren eta aberastasun horretatik soldatetara bideratutako kopuruaren arteko alderaketak argi eta garbi erakusten du langile klaseak izan duen erosteko ahalmenaren galera handia.
Langileak prekarizatzea eta lan-baldintzei edozein preziotan erasotzea normalizatzen ari da. Industria aurreratuarekin bateraezina den industria low-cost bat sortu nahi dute. Horrela ez dugu aurrera egingo eraldaketa industrialean, edozein egoera aprobetxatuz eskubideak murrizteko eta prekarizatzeko. Argi utzi nahi dugu: ez badago lan-baldintza aurreraturik, hau da, duinik, ez da industria aurreraturik egongo, ez da etorkizuneko industriarik egongo.
Enpleguaren eta lan-baldintzen aurkako eraso hori ezin duela patronalak egin erakundeen onespenik eta laguntzarik gabe, bereziki Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe. Enpresa horietako askok irabaziak handitzeko eta enplegua eta lan-baldintzak suntsitzeko erabili den diru publikoa jaso dute, diru publikoa ematen da kontrapartidarik eskatu gabe, lanpostuei eta lan-baldintzei eusteko eskatu gabe. Txeke zuriak patronalarentzat.
Horregatik, LABek argi eta garbi esaten du: erronda hau zuen kontura izango da, patronalaren eta erakundeen kontura. Kanpaina bat hasiko dugu lantokietan, egoera eta edozein aitzakia aprobetxatuz enplegua suntsitu eta lan-baldintzak prekarizatu nahi dituzten enpresei aurre egiteko. “HAIEN KONTURA! ¡ESTA RONDA QUE LA PAGUEN ELLOS!”. Murrizketen aurka egingo dugu eta etekina eta lana banatzeko garaia dela aldarrikatuko dugu.
Badakigu horretarako dagoen alternatiba bakarra langileen antolakuntza, aktibazioa eta borroka direla. Gaur egun Fudike, CAF, SDA Factory, PCB, Cementos Rezola, Productos Tubulares edo Erom enpresetan egiten ari diren bezala.
Elkarretaratzeak egin dituzte Algortan eta Erandion, bi supermerkatu aurrean, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, bost mobilizazio egun iragarri ditugu datozen egunetarako, lan baldintza duinen defentsan.
LAB sindikatuak EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan-hitzarmena salatu du, eta aldi berean, hitzarmen berri baterako negoziazio mahai bat irekitzeko eskatu die Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei.
Hogeita zortzi eguneko greba egin ondoren sinaturiko oraingo hitzarmenak hurrengo abenduaren 31n indarraldia galduko du, eta salatu ezean, patronalek negoziatu gabe jarraitu ahalko zuten gutxienez beste urtebetez. LABek behin eta berriz adierazi dugun bezala, lan-hitzarmen horrek ez ditu sektoreak dituen oinarrizko arazoak konpontzen, ezta langileen aldarrikapen nagusiak asetzen ere. Gainera, patronalek beraiek bertan jasotako zenbait gauza ez betetzeko asmoa azaldu dute, esaterako, aurreko asteetan salatu dugun moduan, HH eta Lanbide Heziketako tutoretza osagarria ordaintzekoa.
Hori dela eta, LABentzat eta sektoreko langileentzat, egindako hitzarmenaren salaketarekin eta ondoren irekiko den negoziazio-mahaiarekin, eszenatoki berri bat irekiko da: kategoria prekarioenen eta feminizatuenen lan-baldintzak hobetzeko, enpleguari eusteko, langileen kontratazioan gardentasuna lortzeko eta diru publikoa gardentasunez kudeatzeko, ikastetxeak euskalduntzeko eta lanbide heziketako langileen lan baldintzak hobetzeko urratsak emateko. Azken batean, Euskal Eskola Publiko komunitariorantz urratsak emateko gune bat irekitzen da.
LABek babesa eta atxikimendua adierazi die ADAVANek eta ASVIAMIEk amiantoaren biktimak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatzeko azaroaren 4an Iruñean, Donostian, Laudion eta Bilbon deitutako mobilizazioei. Era berean, enpresa-batzordeei mobilizazioekin bat egiteko deia egin die. Funts hori Europako beste leku batzuetan ere badago, eta, horregatik, Gizarte Segurantza EAEra eta Nafarroara transferitzea eskatzen dugu, Hego Euskal Herri mailako funtsa sortzeko.
Argi daukagu gertaera horrek berebiziko garrantzia duela amiantoaren biktima diren langileek, haien familiek eta gizarte-inguruneak jasaten duten kalbarioaren zati bat arintzeko. Gainera, beste arazo erreal batzuk landu eta konpondu behar dira, Euskal Herrian hainbat hamarkadatan amiantoa masiboki eta kontrolik gabe erabiltzearen ondorioei aurre egiteko, hala nola:
• Amiantoa osasun publikoko arazotzat hartzea. • Amiantoaren inportazioaren eta horren ondoriozko gaixotasunen arteko lotura ezartzea. • Osasunbidean eta Osakidetzan amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko programa bat ezartzea, profesionalentzako berariazko prestakuntzarekin, gaixotasun profesionalaren susmoen jakinarazpenen erregistroarekin eta kontingentziaren zehaztapenak aktibatzearekin. • Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2015eko irizpena betetzeko ezarritako amiantoaren kontrola, 2032rako amiantoa erabat erauztea eskatzen duena. • Amiantoaren ondoriozko gaixotasunen erregistro bat sortzea, irizpide epidemiologikoekin, Osasunbidea, NOPLI, Osakidetza eta Osalanen parte-hartzearekin. • Amiantoarekin lan egin duten enpresen erregistroa sortzea. • Amiantoaren biktimei laguntza soziala eta psikologikoa ematea. • Babesa zabaltzea esposizio ez-profesionaletik eratorritako kasuetara, hau da, etxeko eta ingurumeneko esposizioetara. • Amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko gaixotasunen erregistroa sortzea eta deklarazioa sustatzea, epaitegietara jo beharrik gabe. • Erregistro hori sortzen den bitartean, epaitegi espezializatuak izan daitezela amiantoaren ondoriozko erreklamazioez arduratzen direnak. • Osasuna zaintzeko programak zabaltzea. • Amiantoaren eraginpean dauden pertsonen erretiro aurreratua.
Neurri horiek guztiak beharrezkoak dira benetan erantzun bat eman nahi badiogu iraganeko, oraingo eta are etorkizuneko amiantoaren problematikari, bestela, ematen du zerbaitetan ari garela ezer egin gabe. Kontua ez da beste bati egiteko eskatzea eskuak garbitzeko, baizik eta EAEko eta Nafarroako gobernuek eurek gidatu behar dutela borroka hori beren eremuan, beste instantzia batzuetan egin beharrik gabe. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.
Gaur izandako Mahai Orokorrean Eusko Jaurlaritzak ez du inolako negoziazio borondaterik erakutsi. Soldata igoera zein langileen kontsolidazio gaietan ez da Madrilen erabakitzen den bidetik aldentzen. Hori guztia gutxi balitz, komunikabideetan aurretik zabaldu du gaurko mahaian aurkeztu duen erabakia.
Zaharrak berri Euskal Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean. Urtero lez, gobernu kontseiluak aurrekontuak langileekin hitz egin gabe autoritarismo hutsez onartu ditu, eta negoziazio mahaia izan beharko lukeen Mahai Orokorra informazio truke hutsera mugatua izan da. Penagarria da, beste behin ere, estatuko gobernuak euskal langile publikoen soldata igoera zuzenean erabakitzea; oso erosoa da inposizioa onartu eta besteari errua botatzea, aitzitik, negoziazio kolektiboaren ukazioa agerikoa da. Langile publikoon soldatetan egindako murrizketak ere ezin ditugu ahaztu. LABek ez du murrizketa hau bere horretan mantentzea onartuko. Halaber, trasladatu duten %2ko igoerarekin eros-ahalmen galera handituko dela salatu nahi dugu.
Langileen kontsolidazioari dagokionez, zehaztasun eta anbizio gutxiko proposamen bat jaso dugula esan behar dugu: MadrilenetordaitezkeenaraualdaketakEAEnegokitzea,hitzezhitz. LABekhainbatetanaldarrikatuduenenplegu plan integral bat adosteari eta zehazkiago bertako negoziazio kolektibo markoari uko egin dio beste behin ere.
Era berean, erretiro partzialerako akordioa berritzeko proposamena ekarri du gobernuak mahai gainera. Aurreko urteetan esan genuen moduan, langile finkoentzat soilik egiten den proposamen bat da, legeak jasotzen dituen minimoei erabat lotuta. Guk lan-kontratudun langile guztiei aplikagarria izatea eskatu dugu, baita ordezkoa finkoa bihurtzea ere. Gobernuak gure ekarpenak onartu gabe jarraitzen du.
Telelanaren dekretuaren zirriborroaren aurkezpena ere egin da. Testuaren aukerak eta arriskuak aztertu eta gure ekarpenak egiteko prestutasuna erakutsi dugu, beti ere lan ez-presentziala emakumeei soilik bideratua izan ez dadin garbi izanda, eta honek langileari eragin diezaizkiokeen gastuak kontuan edukitzea.
Amaitzeko, zerbitzu publikoen defentsan eta enplegu publikoa sortu eta egonkortzeko norabidean lan egiten jarraituko dugula argi adierazi nahi dugu. Gobernuaren azken urteetako jarrera ikusita, are okerrago bere burua gehiengoan eta inposizioak aldebakarrez ezartzeko gai ikusten duenean, mobilizazioak areagotzea besterik ez zaigu gelditzen; atzo bertan Parlamentuaren aurrean egin bezala, hain zuzen ere.Hori guztia dela eta, greba orokorraren prestaketan ari gara, beste sektoreetako langileekin batera, zerbitzu publikoen defentsan eta langileon eskubideen alde kaleak bete daitezen.
Biztanleria Aktiboaren Inkestak eskaini dizkigun datuen arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoan baino 25.700 enplegudun gehiago daude Hego Euskal Herrian. Hala eta guztiz, epe berean baino 3.000 langabe gehiago ere baditugu, enplegua bilatzen modu aktiboan ari diren langileen igoerak eraginda, Nafarroa Garaian %10,70eko langabezia tasa metatuz eta Euskal Autonomia Erkidegoan %9,91koa.
Datuak adinaren arabera aztertzen baditugu, 35 urte baino gehiago dituzten langileen okupazioak behera egin duela ikusten dugu, gazteagoak direnen mesedetan, eta fenomeno bera agertzen zaigu langabeziaren datuetan ere, 25 urte azpikoen artean langabetu gutxiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, baita epe bereko iazko datuekin alderatuz. Edonola ere, 25 urte azpiko langabezia tasak batez bestekoarenak baino nabarmen altuagoa izaten jarraitzen du, Nafarroa Garaian %16,30ekoa eta EAE-n %27,72koa.
Datu hauek honako bi gogoeta egitera garamatza. Batetik, adinean gora egin ahala enplegua bat aurkitzeko gero eta zailtasun handiagoak daudela. Gainera, epe luzeko langabezia azken urtean izugarri hazi da eta gaurko datuen arabera langabetuen %45 baino gehiago daude egoera horretan.
Bestetik, sortzen ari den enpleguaren kalitatearen inguruko hausnarketa egin beharrean gaude, eta gogora ekarri, adinaren araberako soldata arrakala handitzen ari dela azken urteetan, eta azken datuen arabera, 35 urte azpikoen soldatak batezbestekoaren %20 baxuagoak direla.
Zantzu guztien arabera sortzen ari den enplegua prekarioa da, eta horrek, pobreziaren hedapena dakar. Izan ere, pobrezia beti ez dago langabezia edota enpleguaren eremutik kanpo geratzearekin loturik. Enplegua izateak pobrezian ez egotea laguntzen du, izan ere, heldu guztiak langabezian dauden bizi unitateen %43 benetako pobrezia egoeran dago. Baina era berean, enplegua duten eta pobrezia egoeran dauden pertsonek osaturiko bizi unitateen zenbatekoa ere oso esanguratsua da, enplegua izan arren, oinarrizko premiak asetzeko soldata duinik jasotzen ez dutenena alegia.
Zehazki, enplegu jarduerarekin duten loturaren arabera, honela banatzen dira benetako pobrezia-egoera jasaten duten bizi unitateak:
• Pobrezia jasaten duten bizi unitateen %28,3an enplegua duen pertsonaren bat dago, baina ez dute okupazio egonkorrik bizikidetza-unitateko kide guztiek.
• Pobrezia egoeran dauden bizi unitateen %14an pertsona heldu guztiek enplegu-jarduera bat garatzen dute eta, gainera, okupazio egonkorra dute.
Azken batean, benetako pobreziaren dauden bizi unitateen hamarretik lautan enplegua duen pertsona heldu bat behintzat badago. Enpleguaren prekarizazioak eta lan-baldintzen okertzeak, enpleguaren izaera integratzailea ahuldu dute, zenbaitetan bazterkeria-faktore bihurtzeraino.
Era berean, enplegua sortzea ez da nahikoa pobrezia desagerrarazteko edo nabarmen murrizteko. Egun, enplegua sortzeko enplegu-politikek edozein enplegu mota hartzen dute aintzat, lan-baldintzak kontuan hartu gabe. Eta horrek,
azken hamarkadan gertatu den legez, pobrezia eta bazterketa sozial handiagoetara eraman gaitzake, ez baditugu egiturazko aldaketak behartzen. Horretarako, ezinbestekoa da lan erreforma indargabetzea, baina ez nahikoa. Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak duindu nahi baditugu beharrezkoa da Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan urratsak ematea, eztabaida piztuz, proposamenak eginez eta mobilizazioak bultzatuz. Lan horretan ari da LAB.
Greba eguna egin dugu Gipuzkoako Helduen Egoitzetan, eta LABek honako hau jakinarazi nahi du:
Goizeko 8:00etan Piketea egin dugu Txara I erresidentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiken egoitzaren aurrean. Bertan honako hau salatu dugu:
1. Txara I erresidentzian egindako inspekzioak agerian utzi ditu gaur egungo zaintza sistemaren gabezia estrukturalak. Argi diogu Txara I-eko egoera ez dela salbuespen bat, eta Gipuzkoan bezalaxe berdin ematen direla antzerako egoerako gainontzeko lurralde historikoetako erresidentzietan ere (arduradun nagusiak hau izkutatzen saiatu badira ere).
2. 2006. urtetik berritu ez den Ratioen Katalogoa aldatzea marra gorri bat da LAB Sindikatuarentzat. Gehiegizko lan kargak eta egoilarrak behar bezala hartatzeko pertsonal falta ukaezinak dira. Egoilarrek jasotzen duten zerbitzua ez ezik, langileen lan baldintzak hobetzeko ere ratioak aldatu beharko dira.
3. Beste behin ere, %100eko Zerbitzu Minimoen bitartez Grebarako eskubidea urratu digute langileoi. Harrigarria badirudi ere ohiko lan egunetan baina jende gehiagok egingo du lan Greba Egun honetan.
Ondoren, eguerdiko 11:00etan egin dugun Prentsaurreko bateratuaren bitartez, bilera eskaera formal eta publiko bat egin diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Patronalari LAB, ELA eta Gipuzkoako Senidea-ek. Gatazka honi irtenbide bat bilatzeko urgentziazkoa baita impasse egoera hau desblokeatzea; alderdi ezberdinen arteko elkarrizketa sustatuz eta Negoziazio Kolektiboa berraktibatuz.
Bide horretan ari gara lanean LAB Sindikatutik eta presio soziala biderkatzeko deia luzatu nahi genuke. Horregatik, batasun sindikalaren alde ez ezik, elkarte, eragile eta mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzen jarraitzeko borondatean ere berresten gara; hau ez delako lan-gatazka soil bat, jendarte osoari eragiten dion auzia baizik. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza jasotzeko, bai eta zaintza lanak baldintzarik duinenetan ematekoa ere.
Azkenik, gatazka honen oinarria zerbitzu publikoen pribatizazioa eta lan feminizatuen errekonozimendu sozial eta ekonomiko eza direla azpimarratu nahi genuke. Diru publikoz finantzatutako enpresak aberasten ari dira menpeko helduen eskubideen eta langileen esplotazioaren kontura. Aski da! Zaintza lanak aitortu eta duindu!
Industria Federazioko kide Zorion Ortigosak eta Nazioarteko idazkari Koldo Saenz-ek iritzi artikulua idatzi dute, egungo industria ereduari buruz, Euskal Herriko eta Nazioarteko ikuspegitik:
Palestina 1948tik Israelek okupatuta eta kolonizatuta dago. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak, 1947an, Palestinako lurraldea bi estatutan zatitzea erabaki zuen eta 1948an Israelgo estatua sortu zen. Urte guzti hauetako balantzea ezin da dramatikoagoa izan: 750.000 desplazatu eta errefuxiatu 1948-1950 artean, Palestinako lurren etengabeko lapurreta, palestinarren aurkako apartheidegoera arrazista, esklabotzaren antza duten lan baldintzak, errekurtso naturalen lapurreta, Gazaren kontrako setio eta bonbardaketak mundu mailako kontzentrazio eremu handiena bihurtuz…
Azkenaldian, Euskal Herriko enpresek nazioartean jokatzen duten papera salatu izan dugu, eztabaida honetan CAF ilegalki okupaturiko Palestinako lurretan eraikitzen ari den tranbia egiteko lanek zentraltasuna hartu dutelarik. CAFeko langileek zuzendaritzari behin eta berriz nazioarteko legeria, giza eskubideak eta Palestinako herriaren eskubideak errespetatzeko eginiko eskarietan erakutsitako duintasuna azpimarratzekoa da. Palestinako lurretan izaera kolonizatzailea duen tranbia ez dugu Euskal Herrian eraikitzea nahi. Baina zoritxarrez ordea, CAF ez da giza eskubideak urratzen diren herrialdeetan negozioak egiten dituen enpresa bakarra, eta uste dugu CAFen adibideak Euskal Herrian ekoiztu behar dugunaren eztabaida irekitzeko balio behar duela.
Oraindik jasaten dugun sindemia egoera gogor eta latzak irakaspen batzuk utzi dizkigu: askatasunaren, elkartasunaren eta osasunaren garrantzia eta bizitzaren zaintzarako lanen beharra eta garrantzia esaterako. Pandemiaren hasieran ohartu ginen, esaterako, behar-beharrezko zenbait osagai, musukoak esaterako, ez genituela Euskal Herrian ekoizten, edota automobilgintza sektorean osagaiek mundu osoa zeharkatzen dutela, eta nahikoa dela Italiako hornitzaile batek eskaerak ez betetzea Nafarroan milaka langile lanik gabe uzteko.
Mikrotxipen gaia da beste adibide bat. Erabaki geopolitikoen ondorioz, ekoiztutako txipak automobilgintzara ez bideratzea erabaki dute. Ondorioa? Euskal Herriko milaka langile lanik gabe; asko Enplegua Erregulatzeko Espedienteekin, eta egoera okerrenean dauden langile azpikontratatu asko enplegua galtzeko arriskuan.
Ba al du zentzurik osagaiak mundu osoan zehar ibiltzeak, ingurumenari egiten zaion kaltea kontuan hartuta? Ekoizpenaren birlokazioaren eztabaida egin behar da, eta administrazioak interes publikoa bermatu. Herri gisa estrategikoa izango den hori zehaztu eta gure esku egongo dela bermatu behar da.
Norabide horretan kokatzen dugu eraiki nahi dugun Euskal Herrian zer nolako eredu produktiboa nahi dugun eta hor kokatzen ditugu lurraldearekiko lotura dituzten enpresak, lan eta bizi baldintza duinak bermatzen dituztenak, giza eskubideak Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo errespetatzen dituztenak eta planetaren jasangarritasuna bermatzen dutenak.
Industriaren trantsizioa eslogan eta propaganda marka bilakatzen ari den arren, jakin badakigu industria trantsizio baten atarian dela, digitalizazio prozesuak eta adimen artifizialaren hedapenak azkartuta. Eta trantsizio hori Euskal Herrian diseinatzeko beharra nabarmentzen ari zaigu: zer ekoiztu eta zer ekoiztuko ez dugun ere erabaki beharra dago, noski. Trantsizio horretan, arma ekoizpena, industria kutsagarria eta giza eskubideen kontrako eta ingurumena larriki kaltetzen duten lanen inguruko eztabaida kokatzen dugu, esate baterako.
Ezin dugu gutxietsi sektore horiek ekonomian daukaten garrantzia, eta ezin dugu langileon bizkar jarri trantsizio horren ardura. Euskal Herrian, armak edota produktu kutsatzaileak produzitzen dira, eta milaka dira sektore hauetan lan egiten duten langileak. Gai tabua da, batez ere eztabaida langileen bizkar jarriz egiten delako, eta ez bere osotasunean. Guk ez dugu Palestinari ilegalki okupatutako lurretan tranbia bat eraikitzea nahi, baina ezta mundu osoan banatzen diren lehergailuak, Israelgo armadarentzat tankeak edo Estatu Batuetako armadarentzat helikopteroak ekoiztea ere. Industriaren trantsizioa (etikoa, kasu honetan), bultzada publikoko prozesu orokorra izan behar da, langileen eskubideen bermearekin eta era adostu eta mailakatu batean egin behar da.
Enpresetan arazoak daudenean sarritan entzuten dugu enpresa denok osatzen dugula. Gauzak ondo doazenean ordea, eskulana soldataren truke saltzen dugunak omen gara. Parte hartzearen mirariak. Ekoizpen erabakietan ez diete langileei erabakirik hartzen uzten eta gure ustez industriaren trantsizioan langileen eskubideek presente egon behar dute eta ahotsa izan behar dute.
Sistema kapitalistan eta negozioa helburu bakarra duen eredu neoliberal honen parte diren enpresek, giza eskubideen eta lan eta bizi baldintzen gainetik, haien mozkin ekonomikoak jartzen dituzte, produzitzen denak eta produzitzen den moduak herrialde horietako pertsonengan eta ingurugiroan eragiten dituen kalteak kontuan izan gabe. Jabetzaren doktrina ezin da auzitan jarri. Diru publikoa beti da ongi etorria, hori bai. Europako funtsetatik etor daitekeena ere bai.
LABetik osatu dugun Programa Sozioekonomikoan eredu berri baterako proposamen bat jarri dugu mahaiaren gainean eta halaber, eredu berri horretarako trantsizioa egiteko hausnarketa bat ere. Programa Sozioekonomikoa herri-erronka nagusiei heltzeko ariketa kolektibo bat da, Euskal Herrian nahi eta behar dugun ereduaren norabidea marrazteko ariketa. Alorrez alor nahi eta behar dugun Euskal Herria amestea baita hura gauzatzeko lehen urratsa. Aurretik dugun erronka ez da makala; denon artean pertsonak, lurraldea eta planeta erdigunean jarriko duen Euskal Herrirako eredua eraikitzea.