2025-12-21
Blog Page 39

Tolosaldeko osasungintzak %100ean publikoa izan behar du, zerbitzu guztiekin eta Asuncion Klinikako langileekin

Azken egunotan publiko egin da EAEko Osasun Mahaia azken txanpan dagoela, eta litekeena dela hilabete hau amaitu baino lehen akordioa lortzea. Badirudi eztabaidatzen ari diren gaietako bat osasun-sistemako lankidetza publiko-pribatuaren gaia dela. Eta hor sartzen da bete-betean Tolosaldearen etorkizun sanitarioa.

Bai Asuncion Klinikako langileek, bai Tolosaldeko herritarrek urte asko daramatzate eskualdeak ospitale eta osasun-zerbitzu publikoak izan ditzan mobilizatzen, Gipuzkoako gainerako ESIek duten bezala.

Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikitzea erabaki zuen 2019an. Horretarako, plan funtzional bat jarri zuen martxan, 2023an jendaurrean aurkeztu zena. Plan honek ez ditu inoiz jaso Asuncioneko langileen eta gizartearen aldarrikapenak.

Plan funtzional hori labur gelditzen da zerbitzuei dagokienez; adibidez, ez du garbiketa-zerbitzua aipatzen, ezta sukaldea ere; ospitaleratzea ekarriko lukeen kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, eta ez da egongo pediatriako larrialdirik ezta obstetriziarik gabe. Hori guztia erreferentziazko Eskualdeko Ospitale izatetik oso urrun geratzen da. Gainera, baditugu Eibarko edo Gernikako kasuak, eskualdeko ospitaleen antzik ez dutenak. Era berean, ez du aipatzen hainbeste urtetan zerbitzu hori eman duten langileekin zer gertatuko den.

Beraz, eta Osasun Mahaiaren balizko akordio baten aurrean, Asuncion Klinikako enpresa batzordeak (LAB-ELA) Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hasierako plan funtzionala baztertzeko eta langileen aldarrikapenak kontuan hartzeko:

– Ospitalea %100 publikoa, hau da, langile eta zerbitzu guztiak publikoak izatea.

– Zerbitzu guztiak dituen ospitalea izatea: eskualdeko erreferentziazko ospitalea izatea, Tolosaldeko herritarrei arreta integrala eman ahal izateko.

– Asuncioneko langileak ospitale publikoan subrogatzea. Subrogazio-prozesu hori posible da, Onkologikoan gertatzen ari den bezala. Borondate politikoa baino ez da behar.

Osasun sailburua den Alberto Martinezi dei egiten dio Asuncion Klinikako enpresa-batzordea bilerara dei dezan, orain arte ez baitu jaso biltzeko egin dituen eskaeren erantzunik, ez eta gure egungo eta etorkizun hurbileko egoerari buruzko informaziorik ere.

Azkenik, LABek eta ELAk dei egiten diete AsunciĂłn klinikako langile guztiei eta, oro har, Tolosaldeko herritar guztiei hilaren 14an Tolosan TOPA (Tolosaldea Osasungintza Publikoaren alde) plataformak, 12:00etan, Triangulotik hasita, egingo duen mobilizazioan parte hartzera; eta %100ean publikoa izango den eskualdeko ospitale baten alde borrokatzen jarraitzera, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileen subrogazioarekin.

Euskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoak eskatu dizkie euskal alderdiei

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek bilera erronda abiatu dute euskal alderdiekin, gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoa har dezaten. Atzo EAJrekin egin bezala, gaur EH Bilduren ordezkaritza batekin elkartu dira sindikatuotako ordezkariak.

Zehazki, bi dira alderdiei eskatu dizkieten konpromisoak. Alde batetik, egungo legediaren arabera egingarria den lanbidearteko akordioa negoziatzeari Confebask eta CENek emandako ezezkoari aurre egitea.

Ezaguna den bezala, lehen bilkuran mahaia sortzeari uko egin zion Confebaskek eta, 1.500 euroko gutxieneko soldataren proposamena mahai gainean jarri ondotik egindako bigarren deialdira joateari uko egin zion. CENek berriz, uko egin zion bilkuran parte hartzeari, kasu honetan UGT eta CCOOekin batera. LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuen iritziz, alderdiek eta bereziki Gobernuek lan egin dezakete Patronala negoziazio mahaira eser dadin lortzeko.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen berri eman diete sindikatuok alderdiei eta berau aurrera ateratzeko konpromisoa eskatu diete.

Langileen Estatutua aldatzea eskatzen du Herri Ekimen Legegile honek eta, behin herritarren sinadurak jasota, EAEko Legebiltzarrera iritsiko da. Nafarroaren kasuan, berriz, Parlamentuko Mahaiak tramitera onartu ez zuenez, jasotako sinadurak alderdien esku jarriko dira, hauek tramiteari ekin diezaioten. Kasu bietan, sindikatuon eskaera bera da: alderdi politikoek lege aldaketaren alde egin dezaten, legebiltzarretan aldeko bozka emanez eta behin legebiltzarrek onartuta Espainiako Kongresuan herri ekimen legegilearen defentsa eginez.

Ildo honetan, Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura emateko deia berretsi dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek; gero eta sinadura gehiago jaso, orduan eta aukera handiagoak egongo baitira gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko.

LABek salatu du Txibiteren Gobernuak gezurra erran zuela, Nafarroako osasun sistema pribatizatzeko mutualitateekin sinaturiko Espainiako hitzarmenean sartzea onartu baitu

LAB sindikatuko Zerbitzu Pribatuen federazioko dozenaka delegatu mobilizatu dira gaur Mutua Navarrak Iruñeko Landaben industrialdean duen egoitzaren aitzinean, salatzeko, LABek 2023ko martxoan azaleratu bezala, badela Espainiako Gobernuaren plan bat mutualitateen bidez osasunaren pribatizazio handiena gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak onartu duena. Hala jasoa dago berriki sinatu duten Nafarroako enplegu planean, zeinak CENeko enpresarien eta UGT eta CCOO kontzertazio sindikatuen babesa baitu. LABek aldarrikatu du jarraitu beharreko bidea enplegu planak markatzen duenaren kontrakoa dela, eta mutualitateak publifikatzearen eta Gizarte Segurantzak erakunde horiei ematen dien dirua Osasunbidea indartzera bideratzearen alde egin du.

2023ko martxoan, LAB sindikatuak Espainiako Osasun Ministerioak Nafarroako Gobernuari bidalitako hitzarmenaren lehen zirriborro-dokumentua azaleratu zuen. Bertan, bertze gai larri batzuen artean, Nafarroako osasun sistema publikoaren aurkako erasorik handiena jasotzen zen. Dokumentu haren arabera, osasun zerbitzu publikoek mutualitateen esku utziko lukete langileen kontingentzia arrunten arreta.

LABen salaketa irmo eta egiazkoak konpromisoan jarri zuen Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministro bera, eta berehala atera zen plana errefusatzera, eta ziurtatu zuen hitzarmena ez zegoela Gobernuak “balioztatuta”. Egun batzuk geroago, oihartzun mediatikoaren eta LABek eginiko presioaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak –ez zuen gezurtatu zirriborro salatuaren existentzia–, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiaren bitartez, ziurtatu zuen Nafarroak “ez duela asmorik” mutualitateekin sinaturiko Espainiako hitzarmenean sartzeko.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPN eta Vox-en aurkako botoekin, ebazpen bat onartu zuen, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen baitziren bazter zezaten Gizarte Segurantzako Ministerioaren eta mutualitateen elkartearen arteko akordioa, langileen gaixotasun arruntak mutualitateen esku uzten zituena.

Hala ere, sinatu berri duten Nafarroako enplegu planak jasotzen du mutualitateek tratatuko dituztela traumatologia izaerako bajak, “autonomia-erkidego bakoitzeko Osasun Kontseilaritzen, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileen eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmenak eginez”. Hala, Nafarroako enplegu planak agerian uzten du Maria Txibiteren Gobernuak gezurra erran ziola Nafarroako gizarteari eta entzungor egin ziola Nafarroako Parlamentuari. Espainiako Gobernuak ere egin zuen, eta Escrivaren ordezkoa, Elma Saiz ministroa, osasungintza pribatizatzeko hitzarmenaren inplementazio lanak gidatzen eta zuzentzen ari da.

Neurri honek aurrera egiten du langile klasearen osasuna enpresarien esku uzteko estrategian. Ondorioz, sistema pribatizatzeko ezagutu dugun prozesurik handienaren aurrean gaude, langileen osasun eta osotasun fisikorako eskubidearen kaltetan. Gaur egun Osasunbidearen bidez kudeaketa publikokoak diren traumatologiako jarduera guztiak (interbentzioak, tratamenduak, errehabilitazioa, jarraipenak eta alta-proposamenak) mutualitateen esku geldituko lirateke (diru publikoarekin finantzatutako irabazi-asmoa duten enpresa-elkarteak), haien enpresa-politika ezagunaren arabera: alta goiztiarrak eta tratamendu lasterrak eraginkorrak baino lehen.

Osasunbidearen zati garrantzitsuenetako baten desegite hau Nafarroako enplegu planaren barnean iragarri da, non enpresariek Txibiteren Gobernuari, eta UGT eta CCOO sindikatuei inposatzen baitiete osasun arloa pribatizatzeko elkarlan publiko-pribatuaren estrategia.

Zalantzarik gabe, Espainiako Estatuak autonomiei eskaintzen dien zirriborroaren bertze kapitulu bat da hau. Eredu neoliberalaren agindupean dauden gobernuek egonezina sortzen dute osasun sistema publikoa deseginez, horrela gehiengo sozialak ontzat eman dezan bere osasuna istripu eta gaixotasun profesionalak eragiten liderrak diren enpresen esku uztea.

LAB sindikatuaren iritziz, langileen osasuna ez da negozio bat, eta ez du onartuko Osasunbidea hankaz gora jar dezaten. LAB ez dator bat inolaz ere Nafarroako Gobernuak, CENeko enpresariek eta UGT eta CCOO kontzertazio sindikatuek proposatzen duten osasun publikoaren aurkako proiektuarekin.

LABek osasun publikoaren eta Osasunbidearen alde egiten du, eta, horregatik, mutualitateak nazionalizatzearen alde egiten du, Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorraren azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusten dena, eta Gizarte Segurantzak erakunde horiei ematen dien dirua Osasunbidea indartzera bideratzearen alde dago. Neurri subsidiario gisa, publifikazio osoa lortu arte, enpresek kontingentzia guztiak Gizarte Segurantzarekin berarekin kontratatu behar izatea proposatzen du LABek, horrela, Osasunbideak indartuko luke langile guztiei kontingentzia guztietarako arreta eskaintzeko bermea.

LABek Avanzako jazarpen sindikala salatu du Arrasaten

Elkarretaratzea egin du Zalduspeko autobus geltokian. Izan ere, azken hilabeteotan hainbat mehatxu eta zigor espediente jaso dituzte LABeko afiliatu eta ordezkari sindikalek. Hori gutxi ez, eta hitzarmenaren negoziaketa betean dagoen LABeko ordezkari sindikalak 21 eguneko enplegu eta soldata gabeko zigorra jaso du, apirilean izandako nahigabeko istripu baten ondorioz.

LABek arbitrario, neurrigabe eta aurrekaririk gabekotzat jotzen ditu orain arte jasotako zigor espedienteak. Guztiek helburu bakarra dute: Avanzako langileen lan baldintza hobeen alde borrokan diharduten langileak zigortzea. Hilabete asko dira Hitzarmen Kolektibo baten negoziaketan hasi zirela. Grebak, mobilizazioak, enpresaren immobilismoa… eta ez dira gutxi izan ordutik jasotako mehatxuak. Horrek ordea, ez du LAB kikilduko eta eraso guztien aurrean parez-pare izango da.

LABek ez dugu jazarpenik onartuko eta eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu bidegabekeria guzti hauei aurre egiteko.

Etxebizitzaren inguruko hitzaldiak antolatu ditu LABek Bilbon eta Donostian Jaime Palomera ikerlariarekin

Langileon eta herri sektore zabalen lehen mailako arazo bilakatu da etxebizitza. EAEn 2015eko Legeak eskubide subjektibo moduan aitortzen badu ere, prezioen etengabeko igoerak, parke publiko eskasak eta hamarkadetan norabide okerrean zuzendutako politikek etxebizitza izatea geroz eta zailago bihurtu dute.

Tokiko problematika izatetik urrun, etxebizitzaren egiturazko arazoak ezaugarri antzekoak ditu Mendebaldeko herrialde eta hirigune nagusietan. Gaiaren inguruko joerak ikertu eta hauen arrazoiak aztertzen dihardu Jaime Palomera antropologo, ikerlari eta irakasleak. Etxebizitza eskubidetzat jotzen du eta ez finantza aktibotzat eta hiriak bizitzeko, eta ez espekulatzeko, direla dio. Bartzelonako Hiri Ikerketako Institutuko eta Maizterren Sindikatuko kide da, besteak beste. El secuestro de la vivienda liburua argitaratu berri du.

2025eko urtarrilean, etxebizitza eremuan ere antolatzen hasi dela iragarri zuen LABek. Ordutik, hamarnaka gatazka sindikal antolatzen aritu da etxebizitzaren funtzio sozialaren defentsan eta honekin egiten den negozioaren aurka. Hitzaldi hauekin, bizi dugun testuinguruan aditu eta arituen ahotsa ekarri nahi izan du sindikatuak Euskal Herrira.

Bi hitzaldi emango ditu Palomerak Euskal Herrian. Horrela, ekainaren 16an Bilbon izango da, 18:30ean, La Bolsa auzoetxean (Pilota, 10) eta 17an, ordu berean, Donostian, Alde Zaharreko Kripta aretoan (San Jeronimo, 18).

Osakidetzako hautaketa eta hornidura prozesuen egoera negargarria salatu dugu

Osakidetzako sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu gaur goizean ospitale eta osasun zentroetan, behin-behinekotasun neurrigabea, kudeaketa tresnen pribatizazioa eta horrek giza baliabideen kudeaketa prozesuetan dituen ondorio larriak salatzeko, zerbitzu honetako langileen lana pikutara botaz. Osakidetzak egonkortzeko EPEa 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebazteko legezko betebeharra izan arren, 6 hilabete geroago ebatzi gabe jarraitzen du.

Sindikatuok salatu dugunez, gaur egun Osakidetzako plantillari eragiten dioten hautaketa eta hornikuntza prozesu guztiak atzerapenak izaten ari dira, eta kontratazio zerrendetan akatsak daude, kontratuen esleipenari eragiten diotenak. Gainera, horien kudeaketa kaotikoa izaten ari da, eta horrek eragin zuzena du Osakidetzako langileen lan-baldintzetan.

· EPE: egonkortzeko EPEak 2024ko abenduaren 31n amaituta egon beharko luke, legeak ezartzen duen moduan. Sailburuak prozesu berriak iragartzen jarraitzen duen bitartean, plantillaren zati batek oraindik ez daki noiz hasiko den lanean bere lanpostuan, eta plantillaren beste zati batek ez daki noiz amaituko den bere kontratua langile finkoak lanean hasiko direlako.

· Kontratazio-zerrendak: kontratazio-zerrendak kudeatzen dituen tresnaren (Deloitte) pribatizazioak kaosa eragin du zerrenden kudeaketan. Horrek eragin zuzena du kontratazioetan, eta pertsona batzuek eskubidea izango luketen kontratuak galtzea eragiten du. Horri deitzen diote batzuek “lankidetza publiko-pribatuaren onurak”.

· Lekualdatze-lehiaketa: Osakidetzak denbora darama lekualdatze-lehiaketa prozesurik deitu gabe, Osakidetzaren araudiaren beraren kontra. Gainera, berriki egin direnak kategoria jakin batzuetarako izan dira soilik, eta ez guztietarako.

Hori dela eta, sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu Osakidetzako zentroen aurrean, berehalako konponbideak exijitzeko, behin behinekotasun tasa murrizteko eta prozesu ezberdinen kudeaketa modu eraginkorrean antolatzeko, hori guztia langileen eskubide guztiak bermatuz.

Propaganda utzi, akordioa bete eta ikastetxeak baliabidez hornitzeko exijitu dio LABek EAEko Hezkuntza Sailari

Hezkuntza publikoa indartuko duten eta hitzarmenean 2025-26 ikasturterako adostu ziren baliabideak ezarri ditzan exijitu du LABek, eta irakasleei ekainaren 12an lanuzteak eta mobilizazioak egiteko deia berretsi die.

Gaur Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenei erantzunez, LABek akordioa bere osotasunean bete dezan exijitu dio Sailari. Izan ere, 2025-26 ikasturterako zuzendaritzek osatu beharreko Lanpostu Zerrendetan ez dira adostutako irizpideak ikastetxe eta etapa guztietan ezarri.

Gaurkoan ere, greba eta mobilizazioen testuinguruan egin bezala, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, baliabideen garrantzia erdigunean jartzeaz gain, goraipatu egin ditu; esaterako, euskara indartzeko neurriak diren EUSLE programa indartzea edota datozen ikasturteei begira sortu berri den Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileak. LABek gogorazi nahi du alor horretan egon diren lorpenak sindikatuak irmoki defendatu ondotik etorri direla, eta LAB izan zela adostasunera iristeko baliabideak ezinbestekotzat jo zituena, ez Hezkuntza Saila. Izan ere, herri bezala ditugun erronkei erantzuteko behar-beharrezkotzat jotzen du LABek aniztasunari erantzutea, euskalduntzean sakontzea eta hezkidetza bultzatzea.

LABek, hezkuntza publikoko lehen indarra izaki, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuekin batera borroka fase berri bat abiatu zuen urtarrilean, helburu zehatz batekin: lan baldintzak hobetzea, hezkuntza publikoa indartzea eta hezkuntza kalitatea hobetzea. 9 greba egun eta hamaika mobilizazioren ondoren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleetan lortutako akordioa irmoki defendatuko duela adierazi nahi du. Akordioa bere osotasunean betetzeak ikastetxeek egunerokotasunean bizi duten errealitateari erantzutea eta ehunka lanpostu sortzea esan nahi du, gaur-gaurkoz Hezkuntza Saila urratzen ari dena.

Izan ere, arestian aipatutako baliabidez gain, datorren irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu lektiboak 23tik 22ra jaitsi behar dira, eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehieneko orduak 18tik 17ra murriztu. Era berean, HEDATZE programako orduak gehieneko 17 ordu lektiboen barnean txertatu behar dira. Ondorioz, ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortu behar ditu,, eta Lanpostu Zerrendan eragin zuzena izan.

Horrek planifikazioa eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa egitea dakar berarekin. Eta Sailburuak hori behin eta berriz errepikatu arren, propaganda egiteari utzi behar dio, eta adostutakoa bete. Horrez gain, azken asteetan Hezkuntza Sailak izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez dituela sortu salatu du LABek, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.

Horregatik, urtarriletik hezkuntza publikoko irakasleek erakutsitako konpromisoaren eta indarraren bitartez, maiatzean erdietsitako hitzarmenaren alde determinazio berdinarekin borrokatzera dei egiten du LABek, eta ekainaren 12an lanuztea eta mobilizazioak egitera dei egiten du. Era berean, sindikatu sinatzaileak akordioaren defentsan batasun sindikala mantentzera deitzen ditu.

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko intersindikalak Departamentuari exijitu dio sektorearen etorkizuna zehaztuko duen negoziazio mahaian parte hartzen uzteko

Nafarroako 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-zikloko intersindikalak –LAB, ELA, Steilas, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuek osatua– berriz ere eskatu du gaur, oraingoan Iruñean emandako prentsaurreko baten bidez, utz diezaiotela parte hartzen Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) osatzen duten negoziazio-mahaian. Ekainaren 12an elkarretaratzea eginen dute 17:30ean Nafarroako Jauregiaren aitzinean.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, urtebete daramate negoziazio mahai horretan egon ahal izateko lanean, eta Hezkuntza Departamentuak hala ezarrita, mahai horretatik kanpo daude. NUKFrekin batzartu dira, hainbat instantzia bidali dituzte, Arartekoari erreklamatu diote, Parlamentuaren eta Departamentuaren aitzinetan kontzentratu dira. Baina deus ez. Departamentuak ez du erantzunik eman.

“Ekintza horien guztien aurrean, ez dugu inolako erantzunik jaso Hezkuntza Departamentuaren aldetik”, adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. “Intersindikalean uste dugu langileen ordezkari garen heinean, foro horretan parte hartzea funtsezkoa dela, haien interesak zaindu ahal izateko, eta hori ezin dugu egin jokoz kanpo bagaude. Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Maria Txibite lehendakariari eskatzen diegu Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin esku hartzeko, bere gobernuak hartutako konpromisoa bete dezan”.

Sindikatuek aipaturiko konpromiso hori 2022an hartutakoa da, zikloaren hezkuntzako alderdia eta kudeaketa komuna lantzeko organismo bat sortzea. Bere garaian, NUKF-k adierazi zuen ados zegoela sindikatuak horren parte izatearekin. “Ulertezina da langileen ordezkariak zikloaren etorkizuna eztabaidatzen ari den foro batean ez egotea”, gaineratu dute. “Batzorde honetan gure ekarpena funtsezkoa da: langileen ahotsa ordezkatzen dugu eta 0-3 zikloaren egunerokotasuna bizi dutenen ikuspegi erreala ematen dugu. Horregatik guztiagatik, berriz eskatzen dugu lan eta erabaki eremu horretan parte hartzea”.

Azkenik, sindikatuek iragarri dute heldu den ekainaren 12an, ortzegunarekin, elkarretaratzea eginen dutela Iruñean, 17:30ean Nafarroako Jauregiaren aitzinean.

LABek lanuzte eta mobilizazioei ekin die Arabako Gazteriaren Foru Erakundean, inbertsio gehiago eskatzeko

Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko (GFE) langileek ordubeteko lanuztea eta kontzentrazioa egin dituzte gaur Gasteizen, euren lan zentroaren aurrean, euren egoera salatzeko. Langile gehienek egin dute bat lanuztearekin. Ekainaren 14an, 17an eta 21ean errepikatuko dizute lanuzte eta mobilizazioak.

Azken hitzarmen kolektiboa 2017an sinatu zenetik izan den luzapen egoerari honako hauek gehitu behar zaizkio:

– Azken urteotan izan den langile falta eta enplegu suntsipena.

– Hainbat programatako inbertsioen murrizketa, gazteei plaza gutxiago eskaintzea dakartenak, hala nola Udaraba (Udalekuak) edo Ikasgelak (Barria, Espejo eta Zuhatzako aterpetxeetan egindako egonaldiak, Arabako ikastetxeetako ikasleei zuzenduak).

– Lurrikara programarako inbertsio eskasa (landa inguruneko gazteak parte hartzera eta emantzipatzera bideratutakoa).

Langileek badakite mobilizazioek eragina izan dezaketela gazteengan eta GFEren aterpetxeetako gainerako erabiltzaileengan, baina benetako eta ageriko borondatearekin, konponbidea laster iritsi beharko litzateke.

Espero dute GFEren Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Diputatuak (haren esku dago erakundea) gatazka konpontzeko premia ulertzea eta gazteei zuzendutako programetan eta plantilla honetan inbertitzea erabakitzea. Izan ere, beren onena ematen jarraitzen dute gazteenekiko konpromisoa aurrera eramateko.