2025-12-17
Blog Page 38

LABek salatzen du pribatizazioaren aldeko lobbyak estatu kolpea eman duela Osasun Mahaian

Gaurko mahaian Jaurlaritzak Osakidetza eraldatzeko itunerako aukerak lurperatu ditu.

Gaurko egunez burutu da Gasteizen Osasun Mahaiaren 10. bilera. Bertan, Osasun Sistema Publikoa indartzeko eta orain arteko politikak eraldatzeko abiaturiko bideari bukaera eman dio Jaurlaritzak, Osakidetza gainbeherara eraman duten pribatizazio politikak blindatzeko lobby pribatizatzailearekin lerrokatuz; hau da, EAJ, PSE, PP, Confebask eta elkargo profesional batzuk (medikuena edota famazeutikoena, besteak beste).

Gaurko mahaian 24 ildo estrategietako azken bi gaietan landutako dokumentuak aurkeztu behar ziren; publiko-pribatu kolaborazioaren lan-taldearena eta zerbitzu zorroarena, alegia. Alabaina, lan-taldeetako dokumentuak aurkeztean orain arte gertatu gabeko zerbait egin du Jaurlaritzak: estatu kolpea eman du gustuko ez dituen bi helburu atzera botatzeko.

Publiko-pribatu lan-taldean gehiengoz erabakitakoa atzera botatzeko kontraproposamen bat aurkeztu du, lan-taldean bertan eztabaidatu izan diren proposamenak gainditzen dituena eta helburutzat duena kolaborazio publiko-pribatua mantentzea, gaur eguneko pribatizazioaren portzentaiari helduz. Eta horretaz gain, zerbitzu zorroko lan-taldean kontsentsua zuen dokumentuaren helburuetako bat atzera bota du publiko-pribatuarekin duen harremana aitzakiatzat jarrita.

Kontsentsua eta adostasuna irudikatu nahi duen Gobernuak beraz, betoa inposatzen du bere gustukoak ez diren proposamenetan, pribatizazioarekin harremana duten elementu guzti horietan. Hau da, Osasun Sistema Publikoaren zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eskaintzeko, sektore pribatuarekiko duen menpekotasuna murrizteko eta hau salbuespenezko egoeretara mugatzeko helburua lurperatu dute. Gainerako lan-taldeetan egon diren desadostasunen inguruan ez du inolako arazorik izan. Alta, kolaborazio publiko-pribatua salbuespenezkoa izateko erabakiaren aurrean zein zerbitzu-zorroa publifikatzeko plan bat martxan jarri behar izatearekin ez dago ados Gobernua ezta osasun sistema publikoa eraldatzeko bokazioz Osasun Mahaia martxan jarri zuen Pradales ere.

Osasun Mahaiaren ituna bera lurperatu dute,. Lobby pribatizatzailearen osasun politikak mantendu eta ezarri nahi dituzte inposizio eta betoekin, pribatizazioa eta osasunarekin negozioa egitea, alegia. Osakidetza gainbeherara eraman zuten politika pribatizatzaileekin Osakidetza ahultzen jarraitzea besterik ez da lortuko. Gobernuan urtebete bete duen Pradalesek eta haren gobernuak osasun sistema publikoa indartu eta aldaketa estrukturalei bide eman ahal zieten erabakiei betoa jarri eta estatu kolpea eman dute mahaian.

LAB sindikatuak adierazten du gogor salatuko duela, dituen medio guztiez baliatuta, Jaurlaritzak inposatu nahi digun iruzurra, eta Osakidetzako langileei zein erabiltzaile guztiei dei egiten die mobilizazio dinamikan jarraitzera. Pradalesek Urkulluren politikak mantendu eta ondo lotu nahi ditu.

Konpromiso errealak eta borondate politikoa eskatu dizkie LABek administrazioei, zaintzak negozio izateari utz diezaion

Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko “apustu argia” eskatu du LABek, eta zaintza eztabaida politikoaren erdigunera eramateko lan egingo duela ziurtatu du.

Pribatizatutako zaintzako langileek mobilizazio nazionala egin dute Donostian, euren izaera publikoa aldarrikatzeko. Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatu du LABek, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatu.

Mobilizazioan izan dira, beste hainbat sektoretako langileekin batera, Gipuzkoako helduen egoitzetakoak. Lau lanuzte deituak ditu LABek sektorean, eta gaur izan da lehenengoa. Hain justu, haiei zuzendu dizkie lehen hitzak mobilizazio amaieran Ane Escondrillas LABen Soziokomunitario sektoreko arduradunak: “Borroka eta duintasun eredu izan zarete beti, eta gaurkoan ere patronalaren utzikeria salatzeko kalera atera zarete. Zuen ondoan izango gaituzue”.

Patronalaz ez ezik, administrazio publikoen arduraz ere hitz egin du Escondrillasek, ordea. Zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak erabakitzen dituztenak direla salatu du. “Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, eta, euren politika pribatizatzaileen bidez, patronalekin negoziatzera behartzen gaituzte, eta eskuak garbitzen dituzte diru publikoa xahutzen duten bitartean”. Horregatik, administrazioei eta agintariei mezu zuzena bidali die: “Ez dizuegu mediazioa eta enpresei oparitzen diozuen dirua kontrolatzea soilik eskatzen; konpromiso errealak eta borondate politikoa exijitzen dizkizuegu zaintzak negozio izateari utz diezaion”.

Horretarako, zaintza langileen lan eta bizi baldintzak “eztabaida sozialaren eta politikoaren erdigunera” eraman beharraz mintzatu da Escondrillas, eta datozen bi urteetan horren aldeko lanean konprometituko dela LAB. Sindikatuaren aldarrikapen nagusia argia da: pribatizatutako zaintza langileek, zerbitzu publiko bat ematen duteneez, administrazio publikoaren kudeaketa zuzeneko langileak izan behar dute. Bide horretan, baina, “erronka estrategiko” bat du sindikatuak, Escondrillasek gogora ekarri duenez: lan baldintzen ekiparazioa: “Lan berdina egiteagatik lan baldintza berdinak exijitzen ditugu”.

Horren alde borrokatuko du LABek, lantokietan, kalean eta instituzioetan. Azken horiei erreferentzia eginez, Escondrillasek nabarmendu du instituzioak “giltza” direla, zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko bidean, “aldaketa sakon batzuk egituratu ahal izateko”. Horrekin batera, ordea, dei egin die langileei, bide hori “hauspotzen” jarraitzera eta estrategia hori elikatzera. Etorkizuneko Euskal Herria “zaintzen duten langileekin” eraiki beharra nabarmenduz amaitu du hitzartzea: “Bizitzak sostengatzeak aitortza merezi duelako, zaintza sistema publiko komunitarioa erdigunean egongo den Euskal Herria aldarrikatzen dugu eta zerbitzu publiko duin, bidezko eta indartsuak dituen Euskal Herri batekin amesten dugu”.

Borondate politikorik ezean, “hitzontzikeria”

Ildo beretik, zaintza krisiari heldu eta zaintzarekin negozioa egiteari utzi beharraz aritu da, irmo, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra: “Ez dirudi instituzioen kezka nagusien artean dagoenik. Zaintzarekin negozioa egiten da, zaintza eredu duina ez da bultzatzen eta zaintza langileen prekaritate egoeren aurrean beste aldera begiratzen dute instituzioek. Inoiz ez da zaintza sistema publiko komunitariorik bere osotasunean garatu”. Instituzioen “hitzontzikeria” salatu du, “ezin baita berdintasunaz hitz egin aitortzarik egin gabe, desfamiliarizaziorik gabe, zaintzak banatu eta demorkatizatu gabe”. Orain arteko politikak irauli egin behar direla esan du, eta, horretarako, zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko “apustu argia” egin beharra dagoela.

Borondate politikorik ezak, era berean, patronala eramaten du horretaz aprobetxatzera, Aranbururen arabera: “Diru publikoaz baliatzen da eta hitzarmenen negoziazioak blokeatzen ditu”. Gipuzkoan Adegik helduen egoitzetako negoziazioan duen jarrera jarri du adibidetzat, eta argi adierazi: “Ez gaitezen despistatu; eskubideak patronalarekin konfrontatuz lortzen dira”.

Zaintzaren sektorean prekarizazioaren arrazoi nagusietako bat langileen soldata baxua ere badela gogoratu du Aranburuk, eta, horregatik, balioan jarri du gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka, eta horretan LABek egin duen ekarpena: “Borroka hau bizirik mantendu dugu, emakume, gazte eta langile migratuen soldatak duintzeko eta aberastasunaren banaketa orekatuagoa lortzeko. Eta lortu dugu gehiengo sindikala estrategikoa den gai honetan elkarlanean aritzea”. Confebaskek gutxieneko soldata propioa ezartzeko mahaiari ezetz esan dio, etxeko langileen hitzarmenari nola, “esplotatzaileak” direla erakutsiz, Aranburuk deitoratu duenez. Hala ere, LABek hurrengo ikasturtean, zaintzarekin batera, gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria borroka sindikalen erdigunera eramango duela ziurtatu du.

Hain justu, sindikatuak feminismoa sindikalismora gerturatzeko egindako ahalegina gogoratu du Aranburuk, bere hitzartzean: “Sistemak bazterrean mantendu nahi dituen emakumeen* artean borrokak piztu, eta borroka horiek erdigunera ekartzearen aldeko apustua egin genuen. Sindikalismo feminista praktikara eramaten aitzindariak izan gara, eta, erabaki horiei esker, sektore feminizatuetako langileak, zaintzako langileak, borroka honetan subjektu aktibo zarete”. Sindikalismo feministaren garrantziaz ez ezik, sindikalismo antiarrazistaren garrantziaz ere aritu da eta zaintza eremuan ematen den arrazismo laborala salatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dela adierazi du.

LABek bere haserrea erakusten du Arabako egoitzetako patronalaren jarreraren aurrean

Astelehenean egin zuten bilera sindikatuek eta Arabako egoitzetako patronalak, langileen ordezkariek beren azken proposamena bidali zutenetik bi hilabete pasatu direnean. Bere momentuan, hurrengo bilerarako erantzungo zuela adierazi duen patronalak, baina ostiral arratsaldean, azken orduan, bidali zuen bere erantzuna, sindikatuei behar den bezala aztertzeko inolako aukerarik eman gabe.

Honen aurrean, LAB oso haserre dago, eta horrela adierazi dio patronalari. Pentsa liteke negoziaketak denboran luzatzea beste helbururik ez duela patronalak, izan ere, edukiaren aldetik ez baita sumatzen inolako aurrerapen esanguratsurik aurretik egindako proposamenekin alderatuta.

Inflexio puntu baten aurrean egon gintezke herrialdeko lehen hitzarmenaren aldeko borrokari dagokionean. Horrexegatik, presiorik gabe baina arduraz, orain arteko ibilbidearen eta egungo egoeraren inguruko hausnarketa partekatzeko asmoa du LABek sektoreko ordezkari eta afiliatu guztiekin batera. Lorpenetaz jabetuta, egon badaudelako, honakoa zehaztea litzateke helburua: urteetako mobilizazio ziklo eredugarriaren ostean zer aldatu ala gehitu behar den irabazteko, borrokak badirauelako.

Tolosaldeko osasungintzak %100ean publikoa izan behar du, zerbitzu guztiekin eta Asuncion Klinikako langileekin

Azken egunotan publiko egin da EAEko Osasun Mahaia azken txanpan dagoela, eta litekeena dela hilabete hau amaitu baino lehen akordioa lortzea. Badirudi eztabaidatzen ari diren gaietako bat osasun-sistemako lankidetza publiko-pribatuaren gaia dela. Eta hor sartzen da bete-betean Tolosaldearen etorkizun sanitarioa.

Bai Asuncion Klinikako langileek, bai Tolosaldeko herritarrek urte asko daramatzate eskualdeak ospitale eta osasun-zerbitzu publikoak izan ditzan mobilizatzen, Gipuzkoako gainerako ESIek duten bezala.

Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikitzea erabaki zuen 2019an. Horretarako, plan funtzional bat jarri zuen martxan, 2023an jendaurrean aurkeztu zena. Plan honek ez ditu inoiz jaso Asuncioneko langileen eta gizartearen aldarrikapenak.

Plan funtzional hori labur gelditzen da zerbitzuei dagokienez; adibidez, ez du garbiketa-zerbitzua aipatzen, ezta sukaldea ere; ospitaleratzea ekarriko lukeen kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, eta ez da egongo pediatriako larrialdirik ezta obstetriziarik gabe. Hori guztia erreferentziazko Eskualdeko Ospitale izatetik oso urrun geratzen da. Gainera, baditugu Eibarko edo Gernikako kasuak, eskualdeko ospitaleen antzik ez dutenak. Era berean, ez du aipatzen hainbeste urtetan zerbitzu hori eman duten langileekin zer gertatuko den.

Beraz, eta Osasun Mahaiaren balizko akordio baten aurrean, Asuncion Klinikako enpresa batzordeak (LAB-ELA) Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hasierako plan funtzionala baztertzeko eta langileen aldarrikapenak kontuan hartzeko:

– Ospitalea %100 publikoa, hau da, langile eta zerbitzu guztiak publikoak izatea.

– Zerbitzu guztiak dituen ospitalea izatea: eskualdeko erreferentziazko ospitalea izatea, Tolosaldeko herritarrei arreta integrala eman ahal izateko.

– Asuncioneko langileak ospitale publikoan subrogatzea. Subrogazio-prozesu hori posible da, Onkologikoan gertatzen ari den bezala. Borondate politikoa baino ez da behar.

Osasun sailburua den Alberto Martinezi dei egiten dio Asuncion Klinikako enpresa-batzordea bilerara dei dezan, orain arte ez baitu jaso biltzeko egin dituen eskaeren erantzunik, ez eta gure egungo eta etorkizun hurbileko egoerari buruzko informaziorik ere.

Azkenik, LABek eta ELAk dei egiten diete Asunción klinikako langile guztiei eta, oro har, Tolosaldeko herritar guztiei hilaren 14an Tolosan TOPA (Tolosaldea Osasungintza Publikoaren alde) plataformak, 12:00etan, Triangulotik hasita, egingo duen mobilizazioan parte hartzera; eta %100ean publikoa izango den eskualdeko ospitale baten alde borrokatzen jarraitzera, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileen subrogazioarekin.

Euskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoak eskatu dizkie euskal alderdiei

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek bilera erronda abiatu dute euskal alderdiekin, gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoa har dezaten. Atzo EAJrekin egin bezala, gaur EH Bilduren ordezkaritza batekin elkartu dira sindikatuotako ordezkariak.

Zehazki, bi dira alderdiei eskatu dizkieten konpromisoak. Alde batetik, egungo legediaren arabera egingarria den lanbidearteko akordioa negoziatzeari Confebask eta CENek emandako ezezkoari aurre egitea.

Ezaguna den bezala, lehen bilkuran mahaia sortzeari uko egin zion Confebaskek eta, 1.500 euroko gutxieneko soldataren proposamena mahai gainean jarri ondotik egindako bigarren deialdira joateari uko egin zion. CENek berriz, uko egin zion bilkuran parte hartzeari, kasu honetan UGT eta CCOOekin batera. LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuen iritziz, alderdiek eta bereziki Gobernuek lan egin dezakete Patronala negoziazio mahaira eser dadin lortzeko.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen berri eman diete sindikatuok alderdiei eta berau aurrera ateratzeko konpromisoa eskatu diete.

Langileen Estatutua aldatzea eskatzen du Herri Ekimen Legegile honek eta, behin herritarren sinadurak jasota, EAEko Legebiltzarrera iritsiko da. Nafarroaren kasuan, berriz, Parlamentuko Mahaiak tramitera onartu ez zuenez, jasotako sinadurak alderdien esku jarriko dira, hauek tramiteari ekin diezaioten. Kasu bietan, sindikatuon eskaera bera da: alderdi politikoek lege aldaketaren alde egin dezaten, legebiltzarretan aldeko bozka emanez eta behin legebiltzarrek onartuta Espainiako Kongresuan herri ekimen legegilearen defentsa eginez.

Ildo honetan, Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura emateko deia berretsi dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek; gero eta sinadura gehiago jaso, orduan eta aukera handiagoak egongo baitira gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko.

LABek salatu du Txibiteren Gobernuak gezurra erran zuela, Nafarroako osasun sistema pribatizatzeko mutualitateekin sinaturiko Espainiako hitzarmenean sartzea onartu baitu

LAB sindikatuko Zerbitzu Pribatuen federazioko dozenaka delegatu mobilizatu dira gaur Mutua Navarrak Iruñeko Landaben industrialdean duen egoitzaren aitzinean, salatzeko, LABek 2023ko martxoan azaleratu bezala, badela Espainiako Gobernuaren plan bat mutualitateen bidez osasunaren pribatizazio handiena gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak onartu duena. Hala jasoa dago berriki sinatu duten Nafarroako enplegu planean, zeinak CENeko enpresarien eta UGT eta CCOO kontzertazio sindikatuen babesa baitu. LABek aldarrikatu du jarraitu beharreko bidea enplegu planak markatzen duenaren kontrakoa dela, eta mutualitateak publifikatzearen eta Gizarte Segurantzak erakunde horiei ematen dien dirua Osasunbidea indartzera bideratzearen alde egin du.

2023ko martxoan, LAB sindikatuak Espainiako Osasun Ministerioak Nafarroako Gobernuari bidalitako hitzarmenaren lehen zirriborro-dokumentua azaleratu zuen. Bertan, bertze gai larri batzuen artean, Nafarroako osasun sistema publikoaren aurkako erasorik handiena jasotzen zen. Dokumentu haren arabera, osasun zerbitzu publikoek mutualitateen esku utziko lukete langileen kontingentzia arrunten arreta.

LABen salaketa irmo eta egiazkoak konpromisoan jarri zuen Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministro bera, eta berehala atera zen plana errefusatzera, eta ziurtatu zuen hitzarmena ez zegoela Gobernuak “balioztatuta”. Egun batzuk geroago, oihartzun mediatikoaren eta LABek eginiko presioaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak –ez zuen gezurtatu zirriborro salatuaren existentzia–, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiaren bitartez, ziurtatu zuen Nafarroak “ez duela asmorik” mutualitateekin sinaturiko Espainiako hitzarmenean sartzeko.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPN eta Vox-en aurkako botoekin, ebazpen bat onartu zuen, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen baitziren bazter zezaten Gizarte Segurantzako Ministerioaren eta mutualitateen elkartearen arteko akordioa, langileen gaixotasun arruntak mutualitateen esku uzten zituena.

Hala ere, sinatu berri duten Nafarroako enplegu planak jasotzen du mutualitateek tratatuko dituztela traumatologia izaerako bajak, “autonomia-erkidego bakoitzeko Osasun Kontseilaritzen, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileen eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmenak eginez”. Hala, Nafarroako enplegu planak agerian uzten du Maria Txibiteren Gobernuak gezurra erran ziola Nafarroako gizarteari eta entzungor egin ziola Nafarroako Parlamentuari. Espainiako Gobernuak ere egin zuen, eta Escrivaren ordezkoa, Elma Saiz ministroa, osasungintza pribatizatzeko hitzarmenaren inplementazio lanak gidatzen eta zuzentzen ari da.

Neurri honek aurrera egiten du langile klasearen osasuna enpresarien esku uzteko estrategian. Ondorioz, sistema pribatizatzeko ezagutu dugun prozesurik handienaren aurrean gaude, langileen osasun eta osotasun fisikorako eskubidearen kaltetan. Gaur egun Osasunbidearen bidez kudeaketa publikokoak diren traumatologiako jarduera guztiak (interbentzioak, tratamenduak, errehabilitazioa, jarraipenak eta alta-proposamenak) mutualitateen esku geldituko lirateke (diru publikoarekin finantzatutako irabazi-asmoa duten enpresa-elkarteak), haien enpresa-politika ezagunaren arabera: alta goiztiarrak eta tratamendu lasterrak eraginkorrak baino lehen.

Osasunbidearen zati garrantzitsuenetako baten desegite hau Nafarroako enplegu planaren barnean iragarri da, non enpresariek Txibiteren Gobernuari, eta UGT eta CCOO sindikatuei inposatzen baitiete osasun arloa pribatizatzeko elkarlan publiko-pribatuaren estrategia.

Zalantzarik gabe, Espainiako Estatuak autonomiei eskaintzen dien zirriborroaren bertze kapitulu bat da hau. Eredu neoliberalaren agindupean dauden gobernuek egonezina sortzen dute osasun sistema publikoa deseginez, horrela gehiengo sozialak ontzat eman dezan bere osasuna istripu eta gaixotasun profesionalak eragiten liderrak diren enpresen esku uztea.

LAB sindikatuaren iritziz, langileen osasuna ez da negozio bat, eta ez du onartuko Osasunbidea hankaz gora jar dezaten. LAB ez dator bat inolaz ere Nafarroako Gobernuak, CENeko enpresariek eta UGT eta CCOO kontzertazio sindikatuek proposatzen duten osasun publikoaren aurkako proiektuarekin.

LABek osasun publikoaren eta Osasunbidearen alde egiten du, eta, horregatik, mutualitateak nazionalizatzearen alde egiten du, Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorraren azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusten dena, eta Gizarte Segurantzak erakunde horiei ematen dien dirua Osasunbidea indartzera bideratzearen alde dago. Neurri subsidiario gisa, publifikazio osoa lortu arte, enpresek kontingentzia guztiak Gizarte Segurantzarekin berarekin kontratatu behar izatea proposatzen du LABek, horrela, Osasunbideak indartuko luke langile guztiei kontingentzia guztietarako arreta eskaintzeko bermea.

LABek Avanzako jazarpen sindikala salatu du Arrasaten

Elkarretaratzea egin du Zalduspeko autobus geltokian. Izan ere, azken hilabeteotan hainbat mehatxu eta zigor espediente jaso dituzte LABeko afiliatu eta ordezkari sindikalek. Hori gutxi ez, eta hitzarmenaren negoziaketa betean dagoen LABeko ordezkari sindikalak 21 eguneko enplegu eta soldata gabeko zigorra jaso du, apirilean izandako nahigabeko istripu baten ondorioz.

LABek arbitrario, neurrigabe eta aurrekaririk gabekotzat jotzen ditu orain arte jasotako zigor espedienteak. Guztiek helburu bakarra dute: Avanzako langileen lan baldintza hobeen alde borrokan diharduten langileak zigortzea. Hilabete asko dira Hitzarmen Kolektibo baten negoziaketan hasi zirela. Grebak, mobilizazioak, enpresaren immobilismoa… eta ez dira gutxi izan ordutik jasotako mehatxuak. Horrek ordea, ez du LAB kikilduko eta eraso guztien aurrean parez-pare izango da.

LABek ez dugu jazarpenik onartuko eta eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu bidegabekeria guzti hauei aurre egiteko.

Etxebizitzaren inguruko hitzaldiak antolatu ditu LABek Bilbon eta Donostian Jaime Palomera ikerlariarekin

Langileon eta herri sektore zabalen lehen mailako arazo bilakatu da etxebizitza. EAEn 2015eko Legeak eskubide subjektibo moduan aitortzen badu ere, prezioen etengabeko igoerak, parke publiko eskasak eta hamarkadetan norabide okerrean zuzendutako politikek etxebizitza izatea geroz eta zailago bihurtu dute.

Tokiko problematika izatetik urrun, etxebizitzaren egiturazko arazoak ezaugarri antzekoak ditu Mendebaldeko herrialde eta hirigune nagusietan. Gaiaren inguruko joerak ikertu eta hauen arrazoiak aztertzen dihardu Jaime Palomera antropologo, ikerlari eta irakasleak. Etxebizitza eskubidetzat jotzen du eta ez finantza aktibotzat eta hiriak bizitzeko, eta ez espekulatzeko, direla dio. Bartzelonako Hiri Ikerketako Institutuko eta Maizterren Sindikatuko kide da, besteak beste. El secuestro de la vivienda liburua argitaratu berri du.

2025eko urtarrilean, etxebizitza eremuan ere antolatzen hasi dela iragarri zuen LABek. Ordutik, hamarnaka gatazka sindikal antolatzen aritu da etxebizitzaren funtzio sozialaren defentsan eta honekin egiten den negozioaren aurka. Hitzaldi hauekin, bizi dugun testuinguruan aditu eta arituen ahotsa ekarri nahi izan du sindikatuak Euskal Herrira.

Bi hitzaldi emango ditu Palomerak Euskal Herrian. Horrela, ekainaren 16an Bilbon izango da, 18:30ean, La Bolsa auzoetxean (Pilota, 10) eta 17an, ordu berean, Donostian, Alde Zaharreko Kripta aretoan (San Jeronimo, 18).

Osakidetzako hautaketa eta hornidura prozesuen egoera negargarria salatu dugu

Osakidetzako sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu gaur goizean ospitale eta osasun zentroetan, behin-behinekotasun neurrigabea, kudeaketa tresnen pribatizazioa eta horrek giza baliabideen kudeaketa prozesuetan dituen ondorio larriak salatzeko, zerbitzu honetako langileen lana pikutara botaz. Osakidetzak egonkortzeko EPEa 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebazteko legezko betebeharra izan arren, 6 hilabete geroago ebatzi gabe jarraitzen du.

Sindikatuok salatu dugunez, gaur egun Osakidetzako plantillari eragiten dioten hautaketa eta hornikuntza prozesu guztiak atzerapenak izaten ari dira, eta kontratazio zerrendetan akatsak daude, kontratuen esleipenari eragiten diotenak. Gainera, horien kudeaketa kaotikoa izaten ari da, eta horrek eragin zuzena du Osakidetzako langileen lan-baldintzetan.

· EPE: egonkortzeko EPEak 2024ko abenduaren 31n amaituta egon beharko luke, legeak ezartzen duen moduan. Sailburuak prozesu berriak iragartzen jarraitzen duen bitartean, plantillaren zati batek oraindik ez daki noiz hasiko den lanean bere lanpostuan, eta plantillaren beste zati batek ez daki noiz amaituko den bere kontratua langile finkoak lanean hasiko direlako.

· Kontratazio-zerrendak: kontratazio-zerrendak kudeatzen dituen tresnaren (Deloitte) pribatizazioak kaosa eragin du zerrenden kudeaketan. Horrek eragin zuzena du kontratazioetan, eta pertsona batzuek eskubidea izango luketen kontratuak galtzea eragiten du. Horri deitzen diote batzuek “lankidetza publiko-pribatuaren onurak”.

· Lekualdatze-lehiaketa: Osakidetzak denbora darama lekualdatze-lehiaketa prozesurik deitu gabe, Osakidetzaren araudiaren beraren kontra. Gainera, berriki egin direnak kategoria jakin batzuetarako izan dira soilik, eta ez guztietarako.

Hori dela eta, sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu Osakidetzako zentroen aurrean, berehalako konponbideak exijitzeko, behin behinekotasun tasa murrizteko eta prozesu ezberdinen kudeaketa modu eraginkorrean antolatzeko, hori guztia langileen eskubide guztiak bermatuz.