2026-05-03
Blog Page 35

Beira bilketako greba Gabonetan: LABek zazpi eguneko lanuzte deialdia egin du Enviserren

LAB sindikatuak zazpi greba egun deitu ditu Nafarroa osoan beira biltzeaz arduratzen den Enviser enpresan, 2025eko abenduaren 24, 26, 29, 30 eta 31n, baita 2026ko urtarrilaren 2 eta 5ean ere.

LABen arabera, dagoeneko ia lau urte igaro dira azken kontratua Enviserri esleitu zitzaionetik, eta bitarte horretan hainbat negoziazio egin dira enpresa ituna berritzeko, 2022ko urtarrilean amaitu zena.

Negoziazioak denboran luzatu direla salatu du sindikatuak. Negoziatzeko azken bileren ondoren —zeinetan itxura guztien arabera, akordioa itxiko zen urtea amaitu baino lehen— enpresak prozesua blokeatu zuen, neurrigabekoak eta murriztaileak diren klausula batzuk ezartzen saiatu zenean. Klausula horien artean, sindikatuak azpimarratu du adostutako soldata-kostuen eta -igoeren aplikazio eraginkorraren eta administrazio-kontratu berrian sartzearen arteko lotura.

LABek azpimarratu duenez, hiru urte baino gehiagoko negoziazioen ondoren eta Enviserreko zuzendaritzaren seriotasun falta ikusita, sindikatuak, aho batez, erabateko lanuzteen egun hauek deitzea erabaki du, egoeraren behin betiko ebazpena bilatzeko

EAJk eta PSEk higiezinen patronalaren neurrira egindako legea salatu du LABek

Premiazko neurrien legea gaur onartu dute Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, eta ez du jasoko neurri bakar bat bera ere langileak babesteko eta etxebizitza prezioen igoera etengabea gelditzeko. Eraikitzaileei etekinak biderkatzeko aukera biderkatu beharrean, alokairu publiko, merke eta iraunkorra sustatu beharra dago, LABen ustez.

Etxebizitza krisia bizi dugu, eta, ondorioz, geroz eta langile sektore gehiago pobretzen ari dira. LABek egindako diagnostikoarekin bat egiten dute hainbat eremutatik egindako txostenek, azken asteetan albiste izan direnak; hala nola, Foessa eta Caritas fundazioenak, Zedarriak-ena eta herritarron erantzunak biltzen dituen Soziometroarena. Etxebizitza prezioa da krisi hau areagotzen duen oinarrizko faktorea. Erosketa zein alokairu prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta langileon ahalegin ekonomikoa geroz eta handiagoa da; are nabarmenagoa pertsona migratu, emakume eta gazteen artean.

Gauzak horrela, LABek EAJren eta PSEren premiazko neurrien legea gogor salatzen du. Izan ere, urgentziaz egiturazko neurriak hartu behar direla esan bai, baina hartutako norabidearekin orain arteko etxebizitza politika berean sakonduko dute: eraikitzaileek, promotorek eta, finean, etxebizitzarekin negozioa egiten dutenek etekinak handitzeko neurriak hartuko dituzte.

Etxebiden ia 100.000 herritar daude izena emanda, eta gehien-gehienek alokairu publikoa dute lehentasun. 30.000 etxetara iristen ez den babestutako parke publikoa guztiz ez-nahikoa da (Alokabidek kudeatzen dituen 17.000 gehituko bagenitu ere), eta datozen urteetan iragarritako 7.000 etxebizitza berriei babesa galdu eta merkatu pribatura pasako diren 5.000 inguru (2003ko legearen aurrekoak) kendu behar zaizkio kopuru horri.

Egoera horri gehiago eta azkarrago eraikita eman nahi dio aterabidea Denis Itxasoren sailak, horretarako promozioen babes publikoko etxeen legezko kopurua murriztu eta natur inpaktuak malgutu behar baditu ere. Arazoa eskariaren eta eskaintzaren artekoa dela saldu nahi dute, eta promotoreei eta eraikitzaileei errentagarritasun handiagoa bermatu behar omen zaie eskaintza handiagoa izan dadin —hau da, oinarrizko eskubide batekin negozio gehiago egitea—. Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko presio fiskalaz, negozioa egiteko bahitutako pisu turistikoez, sasoiko alokairuez edota lehentasunez administrazioak erosteko duen gaitasuna biderkatzeko ekinaldiez ezer gutxi diote, ezer ez ez esateagatik.

Bien bitartean, oraindik eremu tentsionatuetarako irizpideak ezartzeko prezioen indizea argitaratu gabe dute bi alderdiok gobernatzen dituzten Bizkaiko eta Arabako aldundiek, prezioen igoera mugatzen hasteko aukera emango lukeena. Eta hori ez da okerrena. Prezioak jaisteko inolako neurririk ez dute proposatu. Merkatuan esku hartu beharra dagoeneko inork gutxik jartzen du zalantzan, eta urgentziazko neurriak norabide honetan kokatu behar dira ezinbestean.

Alokairu publiko, merke eta iraunkorra da sustatu beharrekoa. Horretarako, eraikitzaileei etekinak biderkatzeko aukerak ireki beharrean, merkeak diren eta haiekin espekulatzea ezinezkoa izango den etxebizitza parkea handitzeko araudia da benetan premiazkoa dena. Etxebizitzak bizitzeko izan daitezen eta ez negozioa egiteko. Horixe da krisi egoera betean langileon aldeko neurriak hartzea. Baina, beste behin ere, EAJk eta PSEk patronalarekin lerratzeko erabakia hartu dute. Enegarrenez.

LABek gaur onartutako neurri sorta ezaguna zaigun eta porrot egin duen ereduan oinarritzen dela salatu nahi du. Era berean, antolakuntza eta borrokarako deia ere luzatzen du. Sindikatuak elkarrekin ekintza sindikalaren bidez baldintzak duintzeko deia luzatzen die alokairua berritu eta prezioa biderkatu edo etxetik botatzeko arriskua dutenei, babestutako etxearen kalifikazioa galdu eta merkatu pribatura pasako diren bizilagunei eta, oro har, etxebizitzaren negozioaren ondorioak pairatzen dituzten langileei.

LABek gogor salatzen du administrazioak kontratatu ahal izateko hizkuntza-klausulen aurkako EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia

Oldarraldi judiziala hedatzea eta larriagotzea dakarren epai berria ezagutu dugu. Duela egun gutxi, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunak kolokan jartzeko Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuela ezagutu eta gero, gaur, auzitegi berak administrazio publikoarekin lan egin ahal izateko enpresek euskararen gutxieneko erabilera izan beharra atzera bota duela jakin dugu.

Jendarte berdinzaleago eta hobe bat lortzea helburu, beste hainbat eremurekin egiten den bezala (ingurugiroaren zaintzarako edo genero berdintasuna lortzeko klausulak ezarrita, adibidez) euskararen erabilera eremu sozioekonomikoan sustatzeko hizkuntza-klausulak dira epaitegiak atzera botatakoak. Hau da, euskararen sustapena bide horretatik egin ahal izatea ukatzen zaie administrazioei. Are larriago, klausula horien bidez une honetan sustatu nahi dena enpresek euskararen gutxieneko erabilera egitea da. Ez dira iristen espainierak duen eskakizun maila bera ezartzera, baina, azpitik egonda ere, are gehiago azpiratu nahi dute euskara. Epaile eta eragile euskarafoboek argi uzten dute, etengabe, ez dutela nahi euskara normalizatua izango duen eta espainieraren maila berean onartua izango den jendarte bat. Euskarak menpekotasunean, bigarren mailan, jarrai dezan nahi dute.

Hori horrela, LABek gogor salatzen du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai berri hau. Beste behin, agerian geratu da epaileak dagozkien eskumenetatik harago doazela, eta, euskal herritarron gehiengoaren eta eragile soziopolitikoen gehiengoaren borondatearen aurka, euskararen aurkako hizkuntza politika egiten dutela, modu kontziente eta militantean.

Euskararen normalizazioaren aurkako epai larri honen aurrean, LABek dei egiten die herritarrei eta langileei euren eskubideen defentsan mobilizatzen jarraitzera, eta bat egiten du epaiari erantzuteko datozen egunetan deituko diren mobilizazioekin. Era berean, euskal gehiengo sindikalak datozen aste eta hilabeteetarako administrazio publikoan deitu dituen mobilizazioak indartzera dei egiten du; horien artean, abenduaren 16an Iruñean eta abenduaren 17an Gasteizen egingo ditugun mobilizazioak.

Mercedeseko lantegiko lan-harremanen narriaduraren aurrean: mobilizazioak abian jartzeko deia

Enpresa Batzordeak egoera “onartezina” dela salatu, eta abenduan mobilizazio-kanpaina bati ekingo diola iragarri du.

Mercedeseko Enpresa Batzordeak, ELA, LAB eta ESKren babesarekin, dei zuzena egin die langileei enpresan gertatzen ari den lan-harremanen gainbeherari aurre egiteko. Gehiegizko lan-kargak, akordioen etengabeko urraketak eta kontziliazioaren zailtasunak tartean direla, abenduan mobilizazioak hasiko dituzte, lanuzteak ere baztertu gabe.

2025eko abenduaren 1eko Enpresa Batzordearen osoko bilkuran, ELAk, LABek eta ESK-k honako egoera kezkagarriak mahaigaineratu zituzten: enpresaren akordio-hauste jarraiak, arrisku psikosozialen inguruko jarrera arduragabea, langileen sinaduren mespretxua 9. orduaren aurka, fabrikarako mugikortasunaren okertzea eta ETT bidez kontratatutako langileek baldintza berdinak ez izatea. Horri guztiari gehitu behar zaio lan-harremanen judizializazio gero eta handiagoa.

Sindikatuen proposamenaren bozketa honela geratu zen:
Alde: ELA, LAB eta ESK (20) — Abstentzioa: UGT, CCOO eta EKINTZA (9).

Gehiengoak erabaki du abenduan mobilizazio-dinamika bati heltzea, lan-uzteak barne hartzeko aukera zabalik utzita. Datozen egunetan zehaztuko dira ekimenak.

Batzordearen esanetan, iritsi da unea langileek eta Batzordeak elkarrekin esateko: aski da! Enpresaren jarrerak erakusten du, eguneko presioa horrelakoa bada, are okerragoa izango dela etorkizun hurbilean. Ez dago hurrengo hitzarmenerako zain egoterik: gaur egun bete gabe dauden konpromisoak bete daitezen borrokatu behar da.

Langileek bizi dituzten egoeren artean daude gozamen-egunen ukapena, lan-presio etengabea, kontziliazio-zailtasunak, osasun mentalaren mespretxua, aparkatzeko arazo larriak, autobus-zerbitzuaren okertzea, dagokien lizentzien ukapena edo malgutasun gehiegizkoa. ETT batek ustiatutako lankideak izatea ere ohiko bihurtzen ari da.

Horregatik, Batzordeak argi dio:
Banaka kexatzea alferrikakoa da. Protesta kolektibo eta antolatua da enpresari argi eta ozen esateko bide bakarra: ASKI DA!

Absentismoaren buloaren kontura eskubide murrizketarik ez duela onartuko ohartarazi dio LABek patronalari

Patronalak baja osagarriak ezabatu nahi ditu hainbat sektoretan, soldata igoeren truke. Hala adierazi du Bizkaian irekita dauden hainbat hitzarmenen negoziazioan; hala nola, eraikin eta lokalen garbiketan, metalaren merkataritzan, salgaien garraioan edo kolektibitateetako kudeaketa zuzenean. Horren aurrean, LABen apustua da lan osasuna eta gutxieneko soldata duinak bermatzea, eta sindikatuak adierazi du ez duela onartuko eskubideetan atzera urratsik. Mobilizazioa egin du Bilbon hori eskatuz, Plaza Eliptikotik Confebasken egoitzaraino. 

Mobilizazioan izan da Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra, eta salatu du patronalaren ofentsiba honen helburua dela soldata baxuak mantentzea, lan baldintza kaskarrei eutsi eta merketzen jarraitzeko. Horrela, patronalak ezabatu egin nahi ditu bajan egoteagatik langileek jasotzen dituzten soldata osagarriak.

CEBEKen arabera, soldatak eguneratzeko absentismoa murriztu behar da. Aranburuk argi utzi du LABek ez duela “xantaia” onartuko, “prebentzioa baita absentismoa murrizteko bidea”. Gaineratu du lan osasuna ez dela lehentasuna patronalarentzat, eta ez dagoela plan eraginkorrik arrisku psikosozialak edo arazo muskuloeskeletikoak prebenitzeko. Horrela, laneko gaixotasunei ez zaie trataera egokia ematen, gaixotasun arruntzat jotzen direlako.

“Patronalak langileen arteko arrakaletan sakondu nahi du”, nabarmendu du Aranburuk, bere aurpegirik gordinena sektore feminizatu eta prekarizatuenetan erakustea kasualitatea ez dela azpimarratuz.

Erasoaldi horren lehen helburua hitzarmen merkeagoak lortzea da, baina Aranbururen arabera, baditu bestelako helburu batzuk ere. Batetik, absentismoaren buloa modu artifizialean puztea eta gutxieneko soldata propioaren eztabaidarekin nahastea. Horrekin lotuta, Aranburuk adierazi du maila intersektorialean gutxieneko soldata propioaren eztabaidari ateak itxi dizkiola patronalak, hiru aldiz esan baitio ezetz gaiaren inguruko negoziazio mahai bat eratzeari. 

Bestetik, mutualitateei bajen kontrolerako gero eta eskumen gehiago eman nahi dizkie patronalak: langileei presioa handitu, gaixorik edo osatu gabe egon arren lanera bueltatzeko. Horrek osasun sistema publikoa ahultzea dakar eta sistema pribatua indartzea.

Patronalak EAJren eta PSEren babesa duela gaineratu du Aranburuk: “Azken hilabeteetan Confebasken eta Jaurlaritza osatzen duten alderdien arteko aliantza sendotu egin da. Confebaskek ez du soldata duinik nahi, eta negoziazioari uko egiten dio. Eta Jaurlaritza enpresarien alde jarri da. Gutxieneko soldata propio baterako Herri Ekimen Legegilearen eztabaidari ateak itxi dizkio legebiltzarrean, eta bere egin du patronalak absentismoaren inguruan egiten duen diskurtsoa”.

Borrokaren aldeko apustuan berretsi da Aranburu: “Xantaiek ez gaituzte kikilduko, ez dugu atzera urratsik onartuko eta tinko jarraituko dugu hitzarmen duinen aldeko borrokan”. Era berean, aipatutako sektoreetan gatazkak sortzeko antolatzen ari da sindikatua, argitu duenez, baina baita “soldaten defentsan erantzun orokorrago bat” emateko prestatzen ere, “murrizketa berrien eta prekarizazioaren kontra”. 

LABek ez du parte hartuko bihar egingo den segregazio mahaiaren bileran Jaurlaritzak Hezkuntza Legearen aldekotasuna inposatu nahi baitigu

Hirugarren bileran segregazioari aurre egiteko printzipio eta balioak landu baziren ere, Jaurlaritzak eragileok bertan landutakoak baztertu ditu eta Hezkuntza Legeak jasotzen dituen printzipioak aurkeztu ditu 2. fasearen ondoriotzat.

Segregazio Mahaiaren laugarren bilera burutuko da bihar Gasteizen. Bertan, Hezkuntza Sailak 2. fasea bukatutzat emango du eta 3. faseari ekingo dio, eskola-segregazioari aurre egiteko garatuko diren lan-lerroak eta proiektuak definitzearen faseari, alegia.

Azaroaren 12an gogorarazi eta salatu genuenez, Hezkuntza Sailak aldebakarrez onartu zuen segregazioaren diagnostikoaren dokumentua. Bada, oraingo honetan, printzipioen fasea ere aldebakarrez itxi du, Jaurlaritzak hezkuntza eragileoi Hezkuntza Legearen aldekotasuna inposatu nahi digularik. Kasu honetan, gainera, inolako lotsarik gabe azaroaren 12an mahaian parte hartu genuen eragileok segregazioari aurre egiteko printzipio eta balioen lanketari egin genizkion ekarpenak guztiz baztertu ditu eta Hezkuntza Legearen printzipioak aurkeztu ditu ondoriotzat.

Jaurlaritzaren helburu bakarra eragileak mahaian parte hartzen ari direla irudikatzea izan da. Izan ere, segregazioaren mahaiko bigarren bileran eragile askok metodologia kritikatu izanaren ondorioz, inprobisazioari helduz metodologia guztiz aldatu zuten, helburu bakar gisa parte hartzea zuen metodologia planteatuz azken bileran. 

Alabaina, metodologia aldatu eta eragileok talde txikietan gure proposamenak azaldu eta eztabaidatu genituen arren, emaitza bestelakoa izan da, printzipio eta balioak aldebakarrez inposatzea. Badirudi edukiek ez zutela axola. Segregazioari aurre egiteko muinari heldu gabe, soilik PNV eta PSEk onartu zuten Hezkuntza Legea eragileoi saltzea izan da asmoa.

LABek publikoki aurkeztu zituen bere proposamenak, dekalogo batean jaso zituenak, eta mahaira eraman ditu, gaur gaurkoz, inolako eztabaidarik gabe eta maltzurki ezkutatu eta baztertu egin direnak.

Hortaz, Jaurlaritzaren aldebakartasuneko jokaera honen aurrean biharko bileran ez parte hartzea erabaki du LABek. Izan ere, seguruenik Hezkuntza Sailak bileraren emaitza gisa iragarriko baitu 2. fasea, printzipio eta balioena, itxi eta bukatu egin dela Hezkuntza Legeak jasotzen dituen printzipioetan fokua jarriz. Eta LABek ez du onartuko mahaian ekarpenak egiten egon eta hauek aldebakarrez baztertzeaz gainera, Jaurlaritzak maltzurki nahi duen errelatoa inposatzea.

Berriro ere Jaurlaritzari exijitzen diogu itxurakeriak uzteko eta langileon ordezkari guztiokin gaiari sakontasunean heltzeko, horretarako, segregazioari aurre egiteko printzipioak eta neurri zehatzak mahai negoziatzaileetan landuz. 

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak langileengana eta sektore prekarioenetara gerturatzeko beharra eta mugimendu sozialekin aliantzak egitekoa nabarmendu ditu. 

Abenduaren 4an eta 5ean Nikosian egin du PEO zentral sindikalak bere kongresua. 1941ean sortua, PEO Zipreko zentral sindikal nagusiena da, eta garrantzi handia du LAB kide den MFS Munduko Federazio Sindikalean: PEOko idazkari nagusi izandako Pambis Kyritsis da MFSko egungo burua eta nazioarteko erakunde horren bulego nagusia Nikosian dago kokatua. 

Nazioartetik hainbat herrialdetako gonbidatuak bertaratu dira kongresura; besteak beste, Txina, India, Palestina, Grezia, Italia, Portugal eta Galizakoak. Euskal Herriko ordezkari gisa, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak hartu du parte. LABek eta PEOk harreman estua dute aspalditik, eta, bakoitzak bere errealitatea izanik ere, estrategia sindikalari dagokionez irizpide asko partekatzen dituzte.

PEOko 500 ordezkarik hartu dute parte kongresuan, eta Sotiroula Charalambous hautatu dute berriz ere idazkari nagusi. Langileon lan eta bizi baldintzen aldeko klase borrokarekin batera, Zipreren batasuna eta autodeterminazioa aldarrikatu ditu hark. Izan ere, 1974an Turkiak iparraldea armaz hartu zuenetik, uhartea erdibituta dago. PEOk estatu konfederal burujabea aldarrikatzen du, uhartean diren bi komunitate nagusien (greziar kulturakoa bata, eta turkiar kulturakoa bestea) elkarbizitza ahalbidetuko duena. Batasunaren aldeko aldarrikapenak Zipreko langileen artean duen sostenguaren erakusgarri da sindikatu turkiar-zipretarren ordezkari den DEV-IS kongresuan presente egon izana eta hitza hartu izana. 

Kongresuaren bezperan egindako nazioarteko konferentzian, Igor Arroyo mintzatu da LABen izenean. LABek Zipreren batasunaren eta burujabetzaren aldarrikapena gertu sentitzen duela adierazi du Arroyo, Euskal Herrian ere herri borondatearen ondorio ez baizik kanpo potentzien erabakiaren ondorio den muga baitago ezarria. Era berean, klase borroka indartzeko bi ideia nabarmendu ditu: batetik, sindikatuak langileengana gerturatzeko ahalegina, bereziki sektore prekarioenetara; bestetik, mugimendu sozialekin (hala nola feminismoa, ekologismoa edo antirrazismoa) elkarlanean aritzearen garrantzia, faxismoaren gorakadari aurre egingo dioten aliantza zabalak sortuz. 

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal izatea. Herritarrei eta langileei euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izateko eskubidearen alde mobilizatzeko deia egiten die LABek, eta gehiengo sindikalak abenduaren 16an eta 17an Iruñean eta Gasteizen egingo dituen mobilizazioetan parte hartzekoa. 

EAEko Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoa iragarri du, horretarako aitzakitzat hartuta PPk eta VOXek lege hori garatzeko dekretuari ezarritako helegitea.

Kasualitate oso susmagarria da lege hori Auztiegi Konstituzionalera eramateko iragarpena egitea Eusko Legebitlzarrean aipatu legea aldatu eta administrazioaren euskalduntzea blindatzeko eztabaida prozesua ireki denean. Noiz eta aitzaki gisa erabili den dekretuaren onarpenetik eta horren aurkako helegiteak sartu zirenetik jada urte eta erdi igaro denean. Epaitegien denborak eta erritmoak baino, irudi luke erabaki hori hartu duten epaileek pultsio politiko batek gidatuta hartu dutela erabakia; beste behin ere, epaitegietatik hizkuntza-politika egiteko pultsioa. Izan ere, euskararen kontrako oldarraldi judizialak dirauen bost urte hauetan eta ehun inguru epai eta ebazpen judizialetan behin eta berriz erakutsi dute epaileek hizkuntza politika egiteko pultsioa, dagozkien eskumenetatik harago joanez, hauteskundeetatik ateratako ordezkaritza parlamentario zilegiaren eta herritarren gehiengoaren borondatearen gainetik eta horiek azpiratuz, epaileek beraien ideologia politikoa ezarriz. 

Era berean, ez da kasualitatea prozedura hau abiarazi duten helegiteen egileak PP eta Vox alderdiak izatea, oso adierazgarria izatearekin batera. Oldarraldi judizialaren sustatzaile eta defendatzaileek behin eta berriz adierazi dute epaitegietan helegiteak sartu dituztenak “egoera prekarioan zeuden langile xumeak” zirela, norbere egoera konkretuari eragiten zion lan-deialdiari sartutako helegiteak zirela. Horrelako kasu konkretuak egon, egon dira, baina zati txiki bat izan dira soilik. Aldiz, beste helegite askoren egileak auziarekin lotura zuzenik ez zuten pertsona, sindikatu eta alderdiak izan dira. Inork defendatuko al du, PPk eta Voxek helegiteak sartzen dituztenean, langile prekario xumeen interesak defendatzeagatik egiten dutela? Langile horien interesak defendatzen dituztela eta, era berean, administrazioaren euskalduntzea ere nahi dutela dioten sindikatu eta alderdi aurrerakoiek aukera dute oraingoan PP eta Voxen ekinbide hau salatzeko, eta, behingoz, langileek administrazioan lan egiteko duten eskubidea eta herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea babesteko.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartu duen erabaki honek administrazioaren euskalduntzearen aurkako ekinbide politiko-judiziala beste maila batera igotzea dakar. Konstituzionalak lanpostu publiko guztiei euskarazko hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurkako ebazpena emango balu, EAEko administrazio publiko osoaren euskalduntzea kolokan jarriko luke. Ezer baino lehen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du ebatziko lanpostu publiko guztietan, esplizituki ala inplizituki, gazteleraren ezagutza derrigorrezkoa izan beharko denik. Gaztelera derrigorrezkoa da jada, eta euskara aukera bat; inposizio hori ez dute auzitan jarriko. Baina, hortik harago, langile publiko guztiak euskaldunak izan beharra eta funtzio publikoan euskaraz lan egin ahal izatea guztiz mugatu lezake ebazpenak. Hau da, euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal izatea debekatu.

Horregatik, Konstituzionalaren ebazpenaren zain egon gabe, herritarrak administrazioan euskaraz artatuak izateko eskubidea eta langile publikoek euskaraz lan egin ahal izateko eskubidea urratzen direlako, LABek dei egiten die herritarrei eta langileei euren eskubideen defentsan mobilizatzen jarraitzera. Zehazki, euskal gehiengo sindikalak datozen aste eta hilabeteetarako administrazio publikoan deitu dituen mobilizazioak indartzera dei egiten du: abenduaren 16an Iruñean eta abenduaren 17an Gasteizen egingo dituen mobilizazioak. 

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian gaur iluntzean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu die langileei. 

LABek kezkaz bizi du gure kaleetan ikusten ari garen jarrera xenofobo eta arrazisten areagotzea, eta irmoki gaitzetsi nahi du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi dituen erabaki politiko-instituzionala. 2026ko otsailerako iragarrita zegoen kaleratzea gaur bertan gauzatzea erabaki dute, eraikin horretan bertan bizirauten ari zirenei inolako bidezko irtenbiderik bermatu gabe. 

Donostian 500 lagunetik gora dira behartuak kale egoeran bizirautera, eta hiru hilean behin bost egunez aterpea izatea da Donostiako Udalak eskaintzen dien aukera bakarra. 

Indarrean dagoen hotzaren protokolo delakoa ere gogor salatu nahi du LABek, eta 100 plaza eskura dituen La Sirena izenez ezagutzen dugun Ondarreta Gazte Aterpetxea urte osoan zehar egunero irekia egon dadin exijitzen du.

Hausnarketa sakona egiteko unea izateaz gain, antolakuntza eta borrokarako espazioen bidez, kulturartekotasuna oinarri duten egitasmo anitzak sortu eta elikatzeko momentua ere bada. Elkar ezagutza sareak osatu, helburu komunak ezarri eta egitasmo konpartituekin ikusezintasunari aurre egin eta kalera irteteko garaia da.

Ustezko segurtasun ezak inguruko iritzi emaile gehienen diskurtsoa kutsatu du, herritar ororentzako bizi baldintza duinen aldeko jarrera hauspotu beharrean, behar gehien izan ditzaketen herrikideak jomugan ezartzeko hautua egina baitute aspaldian. Migrazioa eta delinkuentzia bateratzea hipokrisia ariketa miserablea da, errealitateari iskin egin eta aporofobia, xenofobia, klasismoa eta arrazismoa elikatzeko helburu argia duena, behartsuen arteko gerrari bide eman eta pribilegioak ukitu gabe uztera bideraturik dagoen estrategian oinarrituta. Bertan bizi garenon bizitza bizigarriak izateko eskubidea bermatu ezean, ordea, ezin izango dugu, inoiz, benetako segurtasunaz hitz egin. 

Jakina da loraldia bizi duen eskuin muturrak bere proiektu kriminalari bizia emateko beldurraren kultura sustatu nahi duela, eta egitasmo maltzur horri hortzak erakutsi eta egoera iraultzeko bere konpromiso irmoa adierazi nahi du LABek.

Elkar zaintza sareak ezinbestekoak dira, borroka konpartituak, langileen arteko elkartasun eta elkar ekintza loturak. Autodefentsarako unea da eta aliantza estuak eratzekoa. Horrekin batera, instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu eta horiei dagokien erantzukizun politikoa salatu, erakundeek badituzte eta egoera iraultzeko baliabideak. Autokonplazentzia alboratu eta gaiari osotasunean heltzeko momentua iritsi da. 

Horrengatik guztiagatik, LABek bat egiten du hainbat eragilek deituta 19:00etan Donostian, Egiako epaitegitik, irtengo den manifestazioarekin, eta Donostiako langileria osoari parte hartzeko deia luzatu nahi dio. Era berean, atxilotuak lehenbailehen aska ditzaten exijitzen du.