2026-01-23
Blog Page 349

Apirilaren 8an eta maiatzaren 16an beste bi greba egun egingo ditugu Osakidetzan

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Osakidetzako esparru guztietan deitutako azken greba egunetik hilabete bat pasa denetik, Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko. Osakidetzak azken asteetan egin duen gauza bakarra izan da EPE eskas baten azterketa datak iragartzea. 1.611 plaza besterik ez daude deituta, duela urtebete eskas behin- behineko 24.600 langile baino gehiago egon arren, 10etik ia 6.

Inoiz baino argiago dago, propaganda hutsaz gain, ez dagoela aurrera egiteko eta plantillaren lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik. Eta lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik.

Hori gutxi balitz, Osakidetzak ez du aurpegia ematen eta inolako edukirik ez duen Mahai Sektorialaren atzean ezkutatuta jarraitzen du. Gainera, osasun larrialdia amaitu den arren, modu telematikoan egiten saiatzen da, pantaila baten atzean ezkutatuz.

Gogora dezagun azken asteetan deitutako mobilizazioek langileen eta herritarren aldarria islatu dutela. Zalantzarik gabe, bizi dugun egoeraren larritasunaren eta berehalako eta sakoneko konponbideak abiaraztearen zantzurik onena dira.

Lehen Arretak azken hamarkadan pairatu duen desegitearen ondorioak jasaten jarraitzen du: sistematikoki gainezka dago eta askotan, kolapso egoerara heltzen da. Lehen Arretaren etorkizuna dago jokoan, batez ere kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira.

Gainerako arreta mailek ere jasaten dituzte ondorioak, bai Lehen Arretaren egoera larriaren ondorioak, bai Eusko Jaurlaritzaren osasun politiken ardatz nagusia izan diren austeritate eta lan baldintzen debaluazioaren ondorioak.

Gaur, Sagardui Sailburuak greba aurreko egunean egindako propaganda adierazpenak hobeto baloratu ditzakegu eta are argiago ikusten dugu horien helburu bakarra zela mobilizazioa desaktibatzea. Gogora dezagun joan den abenduaren 31n beteta egon behar zen akordio bat erabili zuela propaganda egiteko, Garapen Profesionalerako deialdi berri batera 300 milioi euro baino gehiago bideratuko zirela adierazi zuenean. Iragarpen horrekin bat esan zuen errekuperaziorako eta elkarrizketarako unea zela. Hitz horietatik ia hilabete igaro ondoren, oraindik ez da ez gauza bat ez bestea bete, iragarritako deialdia ez baita egin, eta ez dago inolako elkarrizketarik, ezta errekuperaziorik ere.

Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugitzea lortzen duen tresna bakarra; izan ere, mobilizazioen intentsitateak behera egiten duen heinean, Osakidetzaren erantzun bakarra inmobilismoa da.

Behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala bide antzua bihurtu dela, eta Osakidetzak propagandarako erabiltzen duela. Horregatik, joan den martxoaren 9an, LHKn bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari. Mahai horretan, gutxienez, negoziazio metodologia bat adostea zen helburua, hartu beharreko premiazko neurriei modu duinean aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera joan.

Langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai deitutako mobilizazioen jarraipen masiboetan, baita betelako gatazka ugarietan ere: Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Donostia Ospitaleko Mantenua, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko sukaldea, Basurtuko bihotzeko Kirurgia eta Gurutzetako Ospitaleko Mantenua, besteak beste. Gatazka horiek hilabeteak edota urteak daramatzate, eta, kasu askotan, hainbat greba egun egin dira. Hala ere, Osakidetzak ez du horiek konpontzeko inolako asmorik.

Testuinguru honetan, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT eta ESK sindikatuok erabaki dugu beste bi greba egun deitzea Osakidetzan:

-Apirilaren 8an Lehen Arreta osoan.

-Maiatzaren 16an, ospitale guztietan eta osasun mentalean.

Era berean, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, jadanik bi greba egun egin dituen kolektiboan, lau greba egun gehiago deituko ditugu apirilaren 19tik 22ra. Kasu honetan ere ez da inolako urratsik egin langileen aldarrikapenei erantzuteko.

Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu berriro ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu.

EAEko Hezkuntza Saileko hezitzaileontzat ere abian egongo da ordezkagunea #LortuDugu

Gaur, martxoak 28, EAEko Hezkuntza Sailarekin izandako mahai negoziatzailean ordezkagunearen akordioa sinatu dugu. Sinaturiko akordioaren ondorioz, EAEko Hezkuntza Saileko hezitzaileontzat ere martxan egongo da Ordezkagunea maiatzetik aurrera, LAB sindikatuak egin dituen ekarpen gehienak kontuan hartu baitituzte.

LAB sindikatuak, 2018ko akordioan sinatutakoari jarraiki, ordezkapen guztiak lehen egunetik, gardentasunez eta ahalik eta modurik eraginkorrenean betetzea bermatuko duen Ordezkagune sistema ezartzea lortu dugu Heziketa Berezian. Gainera, gure kolektiboari egokitutako ezaugarrietara egokitzea eta irakasle zerrendetara pasatzeko dugun eskubidea bermatu dugu.

Egunero eskainiko diren lanpostu guztiak bere lehentasunen arabera aukeratu ahalko dituzte ordezkoek. Neurri honekin, Heziketa Berezian azken urteetan ordezkapenekin ematen ari ziren irregulartasunak amaituko dira.

Era berean, LAB sindikatuak eskatu duen Ordezkoen araudiaren negoziazioaren bitartez lortuko ditugun hobekuntzak Ordezkagunean eguneratuko dira.

Aurreikusten da maiatzaren 9tik aurrera martxan jarriko dela. Gauzak horrela, lehenbailehen lotura honen bidez, Ordezkagunean helbidea, emaila eta telefonoa betetzea ezinbestekoa da.

Arabako metalgintzan lanuzteak eta grebak bultzatuko ditugu

Gaur, martxoak 25, berriro bildu da Arabako Metalaren Negoziazio Mahaia. Bileran ez da inolako aurrerapenik egon, patronala ez baita mugitu. Horrenbestez, LABek bultzatuko ditu, beste sindikatu batzuekin batera, lanuzteak eta grebak bultzatuko ditu epe motzean, ordua baita metaleko langileek beraien eskubideak eta lan baldintzak irmoki defendatzeko.

SEAk aukera paregabea galdu du sektoreko arazoei erantzuteko (soldata baxuak, lanaldi eta malgutasun handiak, prekaritatea azpikontratetan, aldibatekotasuna eta iruzurra kontratazioan, lan osasun falta, bajan egonda soldata galtzea,…), eta ez da batere mugitu.

Horren ordez, sindikatuoi mugimenduak eskatu dizkigu, noiz eta patronalak ez duenean erakutsi negoziatzeko borondate erreala. Itxurazko aldaketa txikiak, apenas kosterik gabekoak, besterik ez.

Hori dela eta, LABek, beste sindikatu batzuekin batera, bultzatuko ditu lanuzteak eta grebak eta hortaz, espero dugu epe motzean iragartzea. Arabako Metalak hilabeteak daramatza borrokan eta langileei deialdia egiteko ordua da, beraien eskubideak eta lan baldintza duinak aktiboki eta irmoki aldarrikatzera. 

Gipuzkoako papergintzan soldatak igo beharko ditu Adegik #LortuDugu

Gaurkoan jakin ahal izan dugunez, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du berresten duela Donostiako Sozialeko 1. Epaitegian irabazi genuen epaiketa: Gipuzkoako Papergintzako Sektore Hitzarmenean, 2021 urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzerakoan, Adegi patronalak, KPI negatiboa zenez, ez zuen %1,25ko soldata igoera aplikatu nahi izan: KPIa -%0,5koa izan zela argudiatuta %0,75eko igoera aplikatu nahi zuen. Gipuzkoako Papergintza sektorean adostu zena, KPIaren igoeraz gain, %1,25ko soldata igoera izan zen. 

Hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuetako bik, LABek eta CCOOk, epaitegira jo genuen Adegiren erabakiarekin ados ez geundelako. Orain berretsi den epaiak argi uzten du papergintzako langileek %1,25eko soldata igoera edukitzeko eskubidea dutela, bere egin baititu aurkeztu genituen argudioak. 

Oinarrizko produktuetan gertatzen ari den garestitze izugarriak ezinbesteko egiten du ekintza sindikalean, negoziazio kolektiboan nahiz epaitegietan aberastasunaren banaketaren alde egitea eta langileen eros ahalmenaren alde borrokatzea.  LABek horretan jardungo du. 

“Euskal Herriak Gerrari ez! Elkarrizketa. Bakea. Bizitza. Burujabetza” manifestuarekin bat egiteko deia egin dugu

“Euskal Herriak Gerrari ez! Elkarrizketa. Bakea. Bizitza. Burujabetza” manifestua adostu dugu hainbat eragilek, LABek barne, Guernica Gernikara herri dinamikaren baitan. Bada, idatziarekin bat egitera eta manifestua bera sinatzera dei egin ditugu euskal langileak.

Era berean, apirilaren 2an Gernikako Pasealekuan deitutako elkarretaratzera animatu nahi ditugu herritarrak. 12:30ean izango da hitzordua.

Gure parte hartzea etengo dugu Enpleguko Borondatezko Gizarte-Aurreikuspen Erakundeetan

25 urte pasa dira LABek enpleguko Borondatezko Gizarte-Aurreikuspen Erakundeetan (BGAE) (Elkarkidetza, Itzarri eta Geroa nagusiki) parte hartzea erabaki zuenetik. Orain, gure kidegoarekin BGAE-n inguruko eztabaida fase bat burutu berri dugu, BGAE-en eginkizunari buruz eta LABek BGAE-en inguruan izan beharreko posizioari buruz, hain zuzen ere.

Eztabaida bukaturik, ondorio moduan esan dezakegu, BGAE-ak LABek defendatzen duen ereduaren kontrako norabidean garatu direla. Izan ere prestazioak ez dira unibertsalak, ez dira langileen arteko elkartasunean oinarritzen, langileen arteko desberdintasunak areagotzen dituzte, langileriaren gutxiengoari ematen diote estaldura, ez dute lortu pentsio sistemaren osagarri izatea edo osagarri duinak eskaintzea, inbertsioek ez dute bertako ekonomia sarean modu estrategikoan eragiteko anbizio eta gaitasunik oro har eta ez dute balio izan sistema publiko propio baten sorreran urratsak emateko. Langile batzuei onura indibidualak ekarri dizkietela ezbaian jarri gabe, ez dute balio izan tresna kolektibo gisa.

Gainera, datozen hilabeteetan Espainiako Estatuak enpleguko pentsio planei legez bultzada eta zabalpena emango die, eta bertan eztabaidatzen ari diren eredua LABek defendatzen dituen irizpideen kontrakoa da. Pentsio sistema publikoa ahulduko du batetik, eta bestetik, ekarpenak egin ezin izango dituztenak soldata baxuenak dituzten kolektiboak izango direnez, jendartean dagoeneko badauden arrakaletan gehiago sakonduko da.

Hori guztia kontuan harturik, LABek, eztabaida eta parte hartze fase baten ondoren enpleguko BGAE-tan zuzendaritzako organoetako bere parte hartzea etengo du. Erabaki hori BGAE bakoitzeko batzar orokorretan gauzatuko du. LABek, pentsio sistema propio, publiko, unibertsal eta justu baten alde lan egiteko konpromisoa berresten du.

Herri eta langileen eskubideak aldarrikatu ditugu sindikatu subiranistok Bilbon

LAB sindikatuak antolatuta, Europako Batasunean dauden estaturik gabeko nazioetako sindikatuen topaketa egin da gaur Bilboko Euskalduna Jauregian.

Honako sindikatu hauetako kideak bildu dira: Trade Unionist for a New and United Ireland, EIS Eskozia, USTKE Kanakia, STC Korsika, CSS Sardinia, SAVT Aosta, Intersindical Catalunya, IAC Catalunya, Intersindical Valenciana, Intersindical Canaria, CIGa Galiza, CUT Galiza, CUT AragĂłn eta CSI Asturies.

Euskal Herriko gonbidatu gisa, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuko ordezkariak egon dira presente.

LABen helburuetako bat izan da beste nazioetako sindikatu soberanistekin harremanak estutu eta gogoeta komunak sustatzea. Ildo honetan, 2004an Topaketa soberanistak antolatu zituen Donostian. Oraingo honetan, Bilbon antolatu ditu Topaketak, krisi sistemikoaren zantzuak gero eta nabarmenagoak direnean, sindikatu soberanisten diagnostikoa eta erronkak eguneratzeko asmoz.

Sarrera hitzaldian, Europan zabaltzen ari den gerraren, desjabetze prozesuen eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean ezkerretik eta subiranismotik alternatiba eraiki beharra aldarrikatu du Garbiñe Aranburu LABeko Idazkari Nagusiak.

Honela, birbanaketaren aldeko borroka eta burujabetzaren aldekoa uztartzearen alde egin du: â€śnazio bakoitzean langileok aldaketa sozial eta politikoaren alde borrokatu behar dugu”. LABek Euskal Lan Kode proposamenean jasotako â€śbanaketa hirukoitza” izeneko proposamena gogoan hartuz, â€śnazio bakoitzean enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzeko burujabetza prozesuak jarri behar dira martxan” adierazi du Aranburuk.

Bide horretan, Patronalaren neurriko elkarrizketa sozialak porrot egin duela baieztatu du LABeko Idazkari Nagusiak, eta kontrabotere sindikalismoaren garrantzia azpimarratu. Era berean, nazio ezberdinetako sindikatu soberanisten arteko hartu-emanen garrantzia defendatu du.

Sarreraren ondotik, bi izan dira parte hartzaileek egindako ariketak. Lehenik eta behin, nazioarteko eta bereziki Europako egoeraren inguruko irakurketa partekatu dute. Nork bere ñabardurekin, sindikatu parte hartzaileak bat etorri dira lan eta bizi baldintzen prekaritatea sustatzen duten politika neoliberalen kritikan, kapitalismoak eragindako aberastasunaren banaketa desorekatuaren salaketan nahiz interes geopolitikoen araberako gerrekiko arbuioan. Emakumeek pairatzen duten diskriminazioa salatu eta zaintza lanen aitortza eta kudeaketa publikoa aldarrikatu dute, baita krisi ekologikoari irtenbide emateko ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzeko beharra ere. Gerra, arpilaketa nahiz krisi ekologikoen ondorioz migratzera behartutako langileak ere hartu dituzte gogoan.

Bigarrenik, diagnostiko horren aurrean sindikalismo soberanistak egin beharreko ekarpenaz aritu dira. Nork bere herrialdean langileon eskubideak defendatu, herri burujabetza aldarrikatu eta aldaketa soziala sustatzearen garrantzia azpimarratu dute. Tokian tokiko alternatiba zehatzak eratzearekin batera, Europako testuinguruan nazio ezberdinetako sindikatuen arteko elkarlana sustatzearen garrantzia ondorioztatu dute.

Era berean, bi erresoluzio zehatz onartu dira, bata Sahararen autodeterminazioaren aldekoa, Espainiako Gobernuaren irizpide aldaketa salatuz. Bigarrena, Mendebaldeko Papuaren autodeterminazioaren alde eta Indonesiaren okupazioaren kontrakoa.

Topaketen ondorio orokorrak atxikitutako dokumentuan jaso dira.

Petronorreko kontratetan lortutako akordioaren balorazio positiboa egiten dugu #LortuDugu

Gaur, Petronorreko kontratetako “Enpleguaren egonkortasunerako itunaren” eraginpean dauden langileen batzarrak, asteartean sindikatuek eta greba-batzordeak sinatutako aurreakordioa berretsi du bozketa bidez.

LABek oso positibotzat jo du lortutako akordioa, ezinezkoa izango litzatekeena egindako borrokarik eta grebarik gabe; izan ere, agerian geratu da kontratetako langilerik gabe Petronorrek ez duela funtzionatzen. Halaber, balio handia ematen dio gatazka osoan izandako batasun sindikalari, zalantzarik gabe kolektibo osoa indartu baitu.

Akordioaren edukiari dagokionez, oso hobekuntza garrantzitsuak eman dira aurreko Itunarekiko, eta gainera, hasieratik ezarri genituen lehentasunezko helburuak lortu dira. Funtsezko helburu horiek kolektibo osoaren lan- baldintzen hobekuntza bermatzen dute, nahiz eta kontrata bakoitzak egoera desberdinak izan:

1.- Kontratu guztietako langile guztiak lotzen dituen akordioa, bai findegian etengabe lanean ari direnak, bai geldialdira bakarrik datozenak, baita Estatuko beste leku batzuetakoak ere.

2.- Petronorren etengabe lan egiten duten pertsona guztien subrogazioa bermatzen da, bai kontratu irekiekin, bai kontratu puntual eta jarraituekin (900 langile inguru).

3.- Bizkaiko sektoreko hitzarmenen gutxieneko baldintzak bermatzen diraa, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, bai bestelakoei dagokienez ere. Bazen garaia, batez ere, kanpoko hitzarmenekin datozenek, beti baldintza eskasagoetan, hemen lan egiten badute hemen ezarritako baldintzak aplikatzeko eskubidea izan zezaten.

4.- Bermatzen da geldialdiagatiko plusaren balioa handitzea eta plus hori kobratzen ez zuten eta geldialdietan lan-karga handitzen zaien kolektiboetara zabaltzea. Petronorrek historikoki ikusezin bihurtu dituenak eta ia guztiak emakumez osatuak daudenak.

5.- Laneko segurtasuna eta osasuna zentroan jartzeko konpromisoa. Gogor egingo dugu lan Petronorreko Segurtasun eta Osasuneko Kontratuen arteko Batzordean. Gure osasunarekin ez du inork jolastuko.

Azken batean, ituna ez da besterik gabeko akordio bat, akordio on bat da, kolektibo horrek egunero pairatzen duen prekaritatearen eta desberdintasunen aurkako borrokan aurrera egiten duena, eta are gehiago Petronorren programatutako geldialdietan, 2.000 langile inguruk pairatzen dituztenak.

Gipuzkoako eta Nafarroako helduen egoitzetako langileek beste greba egun bat egin dute hitzarmen duin baten alde

Borrokan dira Hego Euskal Herriko helduen egoitzetako langileak. Bada, greba eguna izan dute Gipuzkoan eta Nafarroan, hitzarmen duin baten defentsan. Bizkaian eta Araban ere daude borrokan.

Gipuzkoako kasuan, Lan Harremanen Kontseiluan elkarretaratzea egin dugu sindikatuok Donostian, eta, bertan, orain arte erantzunik jaso ez duen bilera eskaera berri bat erregistratu dugu, apirilaren 5erako oraingoan, Adegi, Lares, Matia eta Garen patronalei eta Aldundiari zuzenduta.

Nafarroan, berriz, elkarretaratze zaratatsua egin dugu Iruñean, Lares patronalaren egoitza aurrean.