2026-01-16
Blog Page 347

Arabako kirol-jardueretako langileek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Arabako kirol-jardueren sektoreko langileok 2 urte daramatzagu hitzarmenik gabe. Igaro den denbora luzea izan arren eta bilera ugari burutu diren arren, ez dugu lortu enpresek gure lan-baldintzak duintzeko plantillen eskaera nagusiei jaramonik egitea.

Enpresek gure soldata 2 urtez izoztea planteatzen dute, eta egiten dituzten eskaintza ekonomiko urriek ez dute loturarik KPIarekin. Gainera, proposatzen dituzten hobekuntza apurrak 2023ko urritik aurrera aplikatzea proposatzen dute.

Lan-baldintza duinik ez izateak benetako profesionalizazioa eragozten digu, eta, beraz, sektorean bizimodua aurrera ateratzea, ondorioz eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea kaskartu egiten da. Lankide batzuek soldata mileuristak dituzte eta lurraldeko urteko lanaldi luzeenetako bat dute; ez zaizkigu esperientzia-urteak konpentsatzen; gaixoaldi- bajan gaudenean zigortu egiten gaituzte; kasu askotan, enpresaren esanetara gaude goizetik gauera arte, egiazko lanordu gutxi batzuk egiteko,…

Zentzu horretan, negoziazio mahaian egin ditugun aldarrikapen nagusiak hurrengoak dira: KPIari lotutako soldata igoerak; urteko lanaldiaren jaitsiera; joan-etorriak eta etenak saihesten dituzten koadranteak egitea; 1.200 €ko gutxieneko soldata; antzinatasun plusa izatea; ITgatiko osagarriak izatea; eta formakuntza jasotzea.

Egoera hori, besteak beste, administrazio publikoek (hauen artean Gasteizko Udalak) erabiltzen duten azpikontratazio-sistema negargarriaren ondorio da, non eskaintzarik baxuena aurkezten duen enpresak zerbitzua bereganatzen duen kasu gehienetan. Horrek zuzenean eragiten die langileen lan-baldintzei; izan ere, enpresek ausarkeriaz jokatzen dute haien eskaintzak egiterakoan, eta, gero, zerbitzua eskuratzen dutenean, ez dute marjinarik plantillaren baldintzak duintzeko.

Horregatik, sektoreko langileok nahikoa dela esan dugu. Zentzu horretan, aste batzuk daramatzagu gure egoera kaskarra gizarteratzen, eta gaur bertan, hainbat lankidek Gasteizko Udaleko Batzordean gure gatazka jorratzen duten bitartean, mobilizatu egin gara sektorean lan-baldintza duinen alde.

Arrazakeria gaitzesten dugu TUVISAn

LAB sindikatutik publikoki adierazi nahi dugu gaitzetsi egiten dugula TUVISA enpresa publikoaren 5-Salburua autobus-lineako gidariak zerbitzu hori erabiltzen zuten bi emakume arrazializaturi atzo egindako eraso arrazista. Zerbitzua Gasteizko Udalak kudeatzen du.

Sare sozialetan zabaldutako bideoan ikusten den bezala, gertaera bi aldiz larria da: ez bakarrik gertatzen denagatik, baizik eta egileagatik ere. Autobuseko gidaria da eraso arrazista egiten duena. Zerbitzu publiko bat emateko aginpidea eta/edo erantzukizuna duen inork ez luke eduki edo sinetsi behar erabiltzaile bati tratu txarrak emateko edo diskriminatzeko ahalmenik duenik.

LABek gaitzetsi egiten ditu eremu publikoetan egindako mota guztietako indarkeria xenofoboak, eta, zehazki, Gasteizko erabilera publikoko garraioan gertatutakoak.

Garraio publikoaren erabilera eta honetarako sarbidea oinarrizko gizarte-eskubidetzat hartuta, EAEko eta Nafarroako administrazio publikoei, aldundiei eta udalei eskatzen diegu eskubide hori berma dezatela pertsona guztientzat baldintza berdinetan. Eta, eskatzen dugu berehala ezar daitezela tratu txarren eta/edo indarkeria matxista, klasista eta arrazisten mota guztietako egoerak kontrolatzeko, jarraitzeko eta zigortzeko protokoloak, Eremu horietan inork ez luke egon behar arriskuan edo ez luke bortxatua izan behar jatorri geografikoagatik, larru-koloreagatik, erlijioagatik, janzkeragatik, hizkuntzagatik edo/eta administrazio-egoeragatik.

Arrazakeria instituzionalaren aurka, sindikalismo antirrazista.

Gipuzkoako liburutegi eta artxiboetan lan egiten duten langileek lan hitzarmena izateko aurreakordioa sinatu dugu, sektoreko lana aitortzeko eta duintzeko ezinbestekoa #LortuDugu

Informazioa eta dokumentazioaren kudeatzaileen Gipuzkoako lehen hitzarmen kolektiborako aurreakordioa sinatu dugu. Hitzarmen hau aitzindaria izango da, Euskal Herrian ez dago parekorik, ez eta Espainiako estatuan ere. LABek %60ko ordezkaritza dauka sektorean. 

Sektoreko erreferentziazko hitzarmenik ezean, hainbat hitzarmen desberdin aplikatu diete sektoreko langileei, honek langileen arteko arrakala eta prekaritatea areagotu duelarik. LABetik errealitate guzti hauei irtenbidea bilatu nahi izan diogu, eta honengatik, 2021. urteko abenduan, negoziazio mahaira deitu genituen sektorea ordezkatzen duten enpresa eta sindikatuak, sektorea prekaritatetik urrundu eta lan baldintzak duinduko dituen hitzarmena lortzeko asmotan. 

Negoziazio guztian zehar, LAB-ek  sektore guztiko langileak izan ditu jomugatzat, hau da langile guztiak, edozein delarik lanpostua, lantokia edota enpresa kudeatzailea, guzti hauen egoera hobetzea izan da gure nahi nagusia. 

Gipuzkoako liburutegi eta artxiboetako langileei eragingo dien hitzarmen honek, 2021-2023 urte bitarteko iraunaldia izango du. Hitzarmen berririk negoziatu ezean, iraunaldia bermatuta izango duen hitzarmena da. 

Negoziazioen emaitza positiboa izan dela uste dugu, LABetik hasieratik zehaztutako helburu nagusiak lortuko ditugu. Sektorea erregulatuko duen lurralde mailako hitzarmen kolektibo bat hitzartzea izan da asmo nagusia, langileen beharretatik sortutakoa. Hau lortzeko bidean, gutxienezko eduki hauek barneratuko dituen hitzarmena sinatuko dugu:

Lanbidearen profesionaltasunabermatuko duen lan kategorien mailaketa bat jasoko da. Lan teknikoei dagokien garrantzia emanez.

  • Langileen funtzioetan edo egin beharreko lanetan oinarrituko den lan kategoria behar du izan. Funtzio horiek bete ahal izateko, gutxienezko gaitasun akademiko eta lan esperientzia finkatuz.
  • Lan kategorien arteko barne promozioa ahalbideratzea, lan esperientziak ematen duen jakinduriaren bidez.

Lan kategorien araberako soldaten erregulazioa. Langile guztien egoera hobetuko duena, sektore honetan lan egiten duen langile ororen, gutxieneko urteko soldata 22.260 eurotan finkatzen da, hau da, gutxieneko soldata kategoria baxuenetako langileentzat 1.484 euro gordin hilabetean izango da (15 ordain saritan). Sektoreko langileen soldata bataz beste %20an igoko da. 

Horrez gain, 

  • Langilearen erosteko ahalmena gutxituko ez duen KPI-ren araberako urteroko soldata igoera bermatuko da. 2022an KPI eta 2023an, KPI+ 0,75 igoera hitzartuko da. 
  • Bestelako plusak: antzinatasun plusa, koordinazio plusa eta garraio plusa ere zehaztuko dira. 

Langileen osasunalehenetsiko duena:

  • Mediku baja guztiak osasun publikoaren bidez kudeatuko dira, mutualitateen partaidetza alboratuz.
  • Baja mediku guztiak, lehengo egunetik, soldataren %100an ordainduko dira. 
  • Urteroko mediku azterketaz gain, doako azterketa ginekologikoak adostuko dira. 

Egonkortze laboralahelburu izaki, kontratazio mugagabea eta langileen subrogazioa bermatuko dira.

Kontziliazioaerraztuko duten neurriak jasoko dira:

  • 35 orduko lan asteak (1.592 ordu urtean).
  • 33 egun naturaleko oporrak.
  • Ordaindutako lizentzia edo lan baimenen zabaltzea, zaintzari behar duen zentraltasuna emanez.

Euskaraz lan egitea lehenetsiko duen hitzarmena izango da, euskara hutsean lan egiten ez duten enpresetan derrigorrezkoa izango dute Euskara Plana negoziatzea eta garatzea. 

Kapitalak hainbatetan gure eskaerei jartzen dizkien aitzakiak gainditu daitezkeela ikusi dugu, horren adibide dira bizitzaren garestitzearen araberako soldata igoerak izatea, gutxieneko 1.400 euro gordinetik gora irabaztea, gizarte segurantzari dagokion aitortza eskaintzea eta euskaraz lan egitea ahalbideratzea. Lorpen guzti hauek langileon borrokari esker lortuko dira. Nahiz eta hainbat aldarrikapen bidean geratu, hauen aitortzaren alde lanean jarraituko dugu. Sektoreko langileen oniritzia aintzat hartuz lortuko den akordioa da honakoa. 

Hau guztia dela eta, LAB sindikatuan argi daukagu sektoreko langileen lana aitortzeko eta duintzeko ezinbestekoa den hitzarmena sinatuko dugula. Langileon lan eta bizitza balioan eta erdigunean jarriko ditugu, gure helburuak bete ditugularik.

LABek borrokan jarraituko du lan eta bizitza duin baten alde. 

Bizkaiko metalgintzaren patronalak sektorearen ikuspegi faltsua helarazi du sektoreko lan-baldintzak duintzea saihesteko

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzaren negoziazio-mahaiaren bosgarren bilera. FVEMek azken bileran aurkeztutako proposamenari eutsi dio. Proposamen horretan egungo hitzarmenarekiko atzerapausoak jasotzen dira eta sektoreko langileek erosteko ahalmena galtzea dakar.

Berriz ere beldurraren estrategia erabili du FVEMek bere posizioetan mantentzeko. Ziurgabetasun-egoeraz eta lehengaien eta energiaren garestitzeaz hitz egin du. LABek datu batzuk jarri ditu mahai gainean, sektoreari buruz helarazi nahi diguten ikuspegia errealitatearekin bat ez datorrela erakusteko.

FVEMen 2022rako koiuntura ekonomikoari buruzko azken txostenaren arabera, sektoreko enpresen %77,9ak irabaziak izatea edo handitzea espero du, %17,5ak mantentzea eta %4,7k soilik espero ditu galerak. Txosten horretan bertan honakoa aipatzen da: “enpresaren tamainaren araberako urteko datuak kontuan hartuta, denek pentsatzen dutela 2020-2022 aldian beren mozkin-maila hobetzea”.

FVEMen aurreikuspenak horiek diren bitartean, mahaian lehengaien eta energiaren kostu handiaz hitz egiten digu, eta, justifikazio horrekin, sektoreko langileek eskubideei uko egitea eta erosteko ahalmena galtzea nahi du. LABek gogorarazi dio norbait energiaren eta, oro har, bizitzaren kostu handiak jasaten ari bada langileak direla. Azken urtean soilik etxebizitza, argi, ur, gas eta bestelako erregaien gastuak %25,42 igo direla, eta elikadurakoak %5,62 (INEren datuak).

LABek eskatu dio patronalari utz ditzala aitzakiak alde batera eta erantzun diezaiola sindikatu guztiak gure plataformetan jasotzean bat etorri garen gaiei, hala nola: KPIaren gainetik dauden soldata-igoerak, lanaldi- murrizketa, aldi baterako ezintasunen osagarriak, ordaindutako lizentzien hobekuntza, jarduera guztietarako subrogazioa, errelebo-kontratuaren aplikazioa, aparteko orduei buruzko neurriak, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzeko neurriak , telelanaren erregulazioa…

Beldurra da patronalak beti izan duen tresna bakarra langileok lan- eta gizarte-eskubideei uko egin diezaiegun, eta, oraingo honetan ere, FVEMek tresna bera erabiltzen jarraitzen du. Patronalaren estrategiaren aurrean, LABek, aurreko negoziazioan egin zuen bezala eta eduki duinak dituen hitzarmena berreskuratzeko gakoa izan zen bezala, sektorea aktibatzearen eta aliantzak sortzearen aldeko apustua egiten du. Ildo horretan, LAB gainerako sindikatuekin harremanetan jarriko da, hitzarmenaren negoziazioaren egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko iritziak partekatzeko.

Apirilaren 8an, bi orduko lanuzteak egingo ditugu Arabako metalgintzan

Arabako metalgintzan lanuzteak eta grebak bultzatuko genituela jakinarazi genuen ostiralean, mahai negoziatzaileren ostean. Bada, gaur, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok deituta, datozen asteetan gauzatuko dugun mobilizazio dinamikaren lehen lanuzteak iragarri ditugu.

Hain zuzen ere, Arabako Lan Delegaritzaren aurrean egindako agerraldian, bi orduko lanuzteak erregistratu ditugu apirilaren 8rako.

Aipatutako bost sindikatuek aurrerapauso bat ematea erabaki dugu eta, esan bezala, apirilaren 8rako bi orduko lanuzteak deitu ditugu. Lanuzteen orduak honako hauek izango dira: 4:00etatik 6:00etara; 12:00etatik 14:00etara; eta 14:00etatik 16:00etara.

Lanuzte hauek mobilizazio batzuen lehen urratsa dira, eta, SEA patronalak ez badu erremediorik jartzen, mobilizazioetan sakonduko dugu. Aurrerago zehaztuko dugu zeintzuk diren urrats mobilizatzaileak.

Deialdi honen testuingurua kontuan hartu behar dugu; SEA patronalak ez du negoziatzeko benetako borondaterik erakutsi, bosgarren urtean baikaude hitzarmena bukatu zenetik. Negoziazio mahaia biltzen hasi zenetik 4 urte pasa dira, eta 22 bilera egin dira.

Bost sindikatuon ustez, jauzi kualitatibo bat emateko unea da, langileei borroka-proposamen sendoagoa eskaintzeko unea. Arabako metalgintzako langileek ezin dute gehiago itxaron.

Gonbidapen zintzoa egiten diegu gainerako sindikatuei (ELA eta UGT) deialdi honekin bat egin dezaten.

Argi daukagu soilik lanuzteekin eta grebekin lortuko ditugula lan-baldintza duinak sektorean:

-Soldata duinak, erosteko ahalmena galdu gabe

-Lanaldi jaitsiera

-Azpikontratetan benetako subrogazioa

-Prekarietatearekin amaitzea

-Lan osasunaren arloko neurri eraginkorrak

-Benetako berdintasuna eta diskriminaziorik eza

Apirilaren 8an eta maiatzaren 16an beste bi greba egun egingo ditugu Osakidetzan

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Osakidetzako esparru guztietan deitutako azken greba egunetik hilabete bat pasa denetik, Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko. Osakidetzak azken asteetan egin duen gauza bakarra izan da EPE eskas baten azterketa datak iragartzea. 1.611 plaza besterik ez daude deituta, duela urtebete eskas behin- behineko 24.600 langile baino gehiago egon arren, 10etik ia 6.

Inoiz baino argiago dago, propaganda hutsaz gain, ez dagoela aurrera egiteko eta plantillaren lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik. Eta lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik.

Hori gutxi balitz, Osakidetzak ez du aurpegia ematen eta inolako edukirik ez duen Mahai Sektorialaren atzean ezkutatuta jarraitzen du. Gainera, osasun larrialdia amaitu den arren, modu telematikoan egiten saiatzen da, pantaila baten atzean ezkutatuz.

Gogora dezagun azken asteetan deitutako mobilizazioek langileen eta herritarren aldarria islatu dutela. Zalantzarik gabe, bizi dugun egoeraren larritasunaren eta berehalako eta sakoneko konponbideak abiaraztearen zantzurik onena dira.

Lehen Arretak azken hamarkadan pairatu duen desegitearen ondorioak jasaten jarraitzen du: sistematikoki gainezka dago eta askotan, kolapso egoerara heltzen da. Lehen Arretaren etorkizuna dago jokoan, batez ere kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira.

Gainerako arreta mailek ere jasaten dituzte ondorioak, bai Lehen Arretaren egoera larriaren ondorioak, bai Eusko Jaurlaritzaren osasun politiken ardatz nagusia izan diren austeritate eta lan baldintzen debaluazioaren ondorioak.

Gaur, Sagardui Sailburuak greba aurreko egunean egindako propaganda adierazpenak hobeto baloratu ditzakegu eta are argiago ikusten dugu horien helburu bakarra zela mobilizazioa desaktibatzea. Gogora dezagun joan den abenduaren 31n beteta egon behar zen akordio bat erabili zuela propaganda egiteko, Garapen Profesionalerako deialdi berri batera 300 milioi euro baino gehiago bideratuko zirela adierazi zuenean. Iragarpen horrekin bat esan zuen errekuperaziorako eta elkarrizketarako unea zela. Hitz horietatik ia hilabete igaro ondoren, oraindik ez da ez gauza bat ez bestea bete, iragarritako deialdia ez baita egin, eta ez dago inolako elkarrizketarik, ezta errekuperaziorik ere.

Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugitzea lortzen duen tresna bakarra; izan ere, mobilizazioen intentsitateak behera egiten duen heinean, Osakidetzaren erantzun bakarra inmobilismoa da.

Behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala bide antzua bihurtu dela, eta Osakidetzak propagandarako erabiltzen duela. Horregatik, joan den martxoaren 9an, LHKn bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari. Mahai horretan, gutxienez, negoziazio metodologia bat adostea zen helburua, hartu beharreko premiazko neurriei modu duinean aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera joan.

Langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai deitutako mobilizazioen jarraipen masiboetan, baita betelako gatazka ugarietan ere: Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Donostia Ospitaleko Mantenua, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko sukaldea, Basurtuko bihotzeko Kirurgia eta Gurutzetako Ospitaleko Mantenua, besteak beste. Gatazka horiek hilabeteak edota urteak daramatzate, eta, kasu askotan, hainbat greba egun egin dira. Hala ere, Osakidetzak ez du horiek konpontzeko inolako asmorik.

Testuinguru honetan, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT eta ESK sindikatuok erabaki dugu beste bi greba egun deitzea Osakidetzan:

-Apirilaren 8an Lehen Arreta osoan.

-Maiatzaren 16an, ospitale guztietan eta osasun mentalean.

Era berean, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, jadanik bi greba egun egin dituen kolektiboan, lau greba egun gehiago deituko ditugu apirilaren 19tik 22ra. Kasu honetan ere ez da inolako urratsik egin langileen aldarrikapenei erantzuteko.

Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu berriro ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu.

EAEko Hezkuntza Saileko hezitzaileontzat ere abian egongo da ordezkagunea #LortuDugu

Gaur, martxoak 28, EAEko Hezkuntza Sailarekin izandako mahai negoziatzailean ordezkagunearen akordioa sinatu dugu. Sinaturiko akordioaren ondorioz, EAEko Hezkuntza Saileko hezitzaileontzat ere martxan egongo da Ordezkagunea maiatzetik aurrera, LAB sindikatuak egin dituen ekarpen gehienak kontuan hartu baitituzte.

LAB sindikatuak, 2018ko akordioan sinatutakoari jarraiki, ordezkapen guztiak lehen egunetik, gardentasunez eta ahalik eta modurik eraginkorrenean betetzea bermatuko duen Ordezkagune sistema ezartzea lortu dugu Heziketa Berezian. Gainera, gure kolektiboari egokitutako ezaugarrietara egokitzea eta irakasle zerrendetara pasatzeko dugun eskubidea bermatu dugu.

Egunero eskainiko diren lanpostu guztiak bere lehentasunen arabera aukeratu ahalko dituzte ordezkoek. Neurri honekin, Heziketa Berezian azken urteetan ordezkapenekin ematen ari ziren irregulartasunak amaituko dira.

Era berean, LAB sindikatuak eskatu duen Ordezkoen araudiaren negoziazioaren bitartez lortuko ditugun hobekuntzak Ordezkagunean eguneratuko dira.

Aurreikusten da maiatzaren 9tik aurrera martxan jarriko dela. Gauzak horrela, lehenbailehen lotura honen bidez, Ordezkagunean helbidea, emaila eta telefonoa betetzea ezinbestekoa da.

Arabako metalgintzan lanuzteak eta grebak bultzatuko ditugu

Gaur, martxoak 25, berriro bildu da Arabako Metalaren Negoziazio Mahaia. Bileran ez da inolako aurrerapenik egon, patronala ez baita mugitu. Horrenbestez, LABek bultzatuko ditu, beste sindikatu batzuekin batera, lanuzteak eta grebak bultzatuko ditu epe motzean, ordua baita metaleko langileek beraien eskubideak eta lan baldintzak irmoki defendatzeko.

SEAk aukera paregabea galdu du sektoreko arazoei erantzuteko (soldata baxuak, lanaldi eta malgutasun handiak, prekaritatea azpikontratetan, aldibatekotasuna eta iruzurra kontratazioan, lan osasun falta, bajan egonda soldata galtzea,…), eta ez da batere mugitu.

Horren ordez, sindikatuoi mugimenduak eskatu dizkigu, noiz eta patronalak ez duenean erakutsi negoziatzeko borondate erreala. Itxurazko aldaketa txikiak, apenas kosterik gabekoak, besterik ez.

Hori dela eta, LABek, beste sindikatu batzuekin batera, bultzatuko ditu lanuzteak eta grebak eta hortaz, espero dugu epe motzean iragartzea. Arabako Metalak hilabeteak daramatza borrokan eta langileei deialdia egiteko ordua da, beraien eskubideak eta lan baldintza duinak aktiboki eta irmoki aldarrikatzera. 

Gipuzkoako papergintzan soldatak igo beharko ditu Adegik #LortuDugu

Gaurkoan jakin ahal izan dugunez, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du berresten duela Donostiako Sozialeko 1. Epaitegian irabazi genuen epaiketa: Gipuzkoako Papergintzako Sektore Hitzarmenean, 2021 urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzerakoan, Adegi patronalak, KPI negatiboa zenez, ez zuen %1,25ko soldata igoera aplikatu nahi izan: KPIa -%0,5koa izan zela argudiatuta %0,75eko igoera aplikatu nahi zuen. Gipuzkoako Papergintza sektorean adostu zena, KPIaren igoeraz gain, %1,25ko soldata igoera izan zen. 

Hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuetako bik, LABek eta CCOOk, epaitegira jo genuen Adegiren erabakiarekin ados ez geundelako. Orain berretsi den epaiak argi uzten du papergintzako langileek %1,25eko soldata igoera edukitzeko eskubidea dutela, bere egin baititu aurkeztu genituen argudioak. 

Oinarrizko produktuetan gertatzen ari den garestitze izugarriak ezinbesteko egiten du ekintza sindikalean, negoziazio kolektiboan nahiz epaitegietan aberastasunaren banaketaren alde egitea eta langileen eros ahalmenaren alde borrokatzea.  LABek horretan jardungo du.