2026-07-15
Blog Page 344

Basogintza lanetan hildako langilea izan dugu gogoan, urteko 61. hildakoaren berri izan dugun egunean

Beste langile bat hil da, Sarrigurenen oraingoan, bertako okidengi batean. Hilda aurkitu zuten atzo arratsaldean, eta urteko 61. lan heriotza da; Nafarroan gertatutako 17. lan istripu hilgarria. Gaur izan dugu honen berri eta gaur bertan egin dugu Gernikan elkarretaratze bat, euskal gehiengo sindikalak, aste honetan basogintza lanetan hildako langilea gogoan.

Prekaritateak hil egiten duela salatu dugu berriro, Egurmendi enpresaren egoitza aurrean kasu honetan, bertako langilea baitzen asteartean Aulestin zendutakoa.

Berlys okindegi batean

LAB sindikatuak gaur jakin duenez, atzo arratsaldean Sarrigurengo Berlys okindegi batean langile batek bizia galdu zuen. Azken horrekin 61 lirateke aurten Euskal Herrian lanean edo laneko bidean hildako langileak, horietako 17 Nafarroa Garaian. Lehenik eta behin sindikatu honek bere elkartasun osoa eta doluminak helarazi nahi dizkie hildakoaren senide, lankide eta gertukoei.

LABek bildu duen informazioaren arabera, ezbeharra 18:00ak aldera gertatu zen. Langileak “kamarista” lanak egiten zituen, Monbake taldearen Berlys enpresak Sarrigurenen duen okindegian. Sasoi honetan, okindegiak buru-belarri sartuta daude Eguberrietako kanpainan eta lan erritmo azkarrek zein lan karga handiek arrisku faktoreak areagotzen dituzte. Dena dela, istripuaren jatorria edozein izanik ere, patronalaren ardura da langile guztien osasuna bermatzeko beharrezko baliabide guztiak jartzea.

Lan osasunari eta lan istripuei dagokienez, azken urteetan LAB sindikatua bereziki salatzen ari da ez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta ez Lan Ikuskaritzak ez dituztela enpresak lan osasuneko eginkizunak betetzera behartzen. Patronala lasai dabil arauk bete gabe. Eta batzuen utzikeriaren eta bertze batzuen zitalkeriaren ondorio da langileek haien bizitzekin ordaintzen dutela hau guztia.

LAB sindikatuak bertze behin ere Nafarroako Gobernuari, NOPLOIri eta Lan Ikuskaritzari dei egiten die beharrezkoak diren bitarteko guztiak jar ditzaten enpresetan lan osasun neurriak betetzen direla bermatzeko.

Zazpi greba egun deitu ditugu Bizkaiko nagusien egoitzetan, Aldundiari eta patronalei lan-baldintzak parekatzea eta ratio duinak exijitzeko

Bizkaiko egoitzetako 5.000 langile baino gehiagoren egoerak okerrera baino ez du egin, Aldundiak inposatzen duen zerbitzuaren pribatizazioak plantillak itotzen ditu, lan-baldintzak prekarizatzen ditu eta egoiliarren zaintza alde batera uzten du.

Gaur, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuari eta sektoreko enpresei nazkatuta gaudela esateko agerraldia egin dugu Bilbon; nazkatuta gaudela, adinekoen duintasunarekin negozioa egiteaz eta gure lan-baldintzekin negozioa egiteaz.

Egoitzen egoera itogarria da, eta egungo ratioak  jasanezinak dira. Gure adinekoek logela partekatu behar dute intimitatea galduz, ez zaie eguneroko dutxa ziurtatzen, ez zaie gosaria edo afaria ordu onargarrietan ematen, pardel-aldaketetan edo postura-aldaketetan berandutzeak izaten dira… eta jarraitu ahal izango genuke. “Lehen pertsona zinen, orain 15 minutu zara” Bizkaiko bertsolari txapeldunak kantatu zuen moduan.

Inork ezin du zalantzan jarri zerbitzu publikoa ematen dugula, funtsezko langileak garela. Patronalak eta Aldundiak negoziatzeari uko egin diote eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatu dute. Hauek dira eskatzen ditugun eskubideetako batzuk:

  • Benetako urratsak soldatak Gizarte Urgazpenek Foru Erakundearekin parekatzeko. Gure lan bera egiten duen langile publiko batek baino % 50 inguru gutxiago kobratzen dugu. Horrez gain, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak gara.
  • Gure lan-bizitzako azken urteei aurre egiteko neurriak 55 urtetik aurrera: murrizketa konpentsatuak, erretiroen alde egitea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…
  • % 100eko baja-osagarria.
  • Bajak lehen egunetik ordezkatzea.
  • Lan-osasunari buruzko neurri errealak, arrisku psikosozialei buruzkoak, besteak beste.
  • Egoilarren eta langileen duintasuna bermatuko duten ratioak ezartzen dituzten neurriak.

Patronalaren eta Aldundiaren negoziazio-borondate ezaren aurrean, eta iazko mobilizazio eta greben ondoren, LABek borroka-ziklo berri bati ekingo dio. Ziklo berri hau abendura arte luzatuko da. Martxan jarriko ditugun beste ekimen batzuen artean, Bizkaiko egoitzen sektore osorako 7 greba erregistratu ditugu urriaren 26 eta 27rako, azaroaren 17 eta 18rako eta abenduaren 14, 15 eta 16rako.

Ziklo berri honen helburuak honako hauek dira:

  • Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, antolatzea eta honetan ekarpena egitea.
  • Bizkaiko Aldundiaren eta Patronalaren aurkako presioa eta salaketa areagotzea.
  • Eskaintzen dugun zerbitzua publifikatzeko beharra agenda sozialean jartzen laguntzea.

LABen ustez, borroka honetan aliantza sindikalak eta mugimendu sozialak ezinbestekoak dira.

Aliantza sindikalei dagokienez, sektore honetako gehiengo sindikalarekin ekintza-batasuna bilatzen jarraituko dugu, haien gehiengoa errespetatuz eta orain arte izan dugun zintzotasun berarekin. LABen ustez, egungo batasun sindikalik eza ez da desiragarria, baina guk ez diogu inolako biderik ixten sektoreko langileen kolektiboa indartsuago bilakatuko duen edozein agertokiri. Gehiengoa duen sindikatuari erantzukizuna eta ikuspegi zabala eskatzen dizkiogu, geure buruari eskatzen dizkiogun bezala.

Aliantza sozialei dagokienez, zaintza-zerbitzu publiko komunitarioaren ereduaren alde borrokatzen duten sektoreekin espazioak sortzen eta partekatzen saiatuko gara, gatazka honi agenda sozialean zentralitatea ematen laguntzeko eta gizarte osoari eragiten dion nahi batean gure ekarpena egiteko asmoarekin.

Gure eskubideen borrokaren aldeko gure determinazioa helarazi nahi diogu gizarteari, eta argi utzi nahi dugu Aldundiak eta Patronalak benetako negoziazioa ireki arte gure borrokak aurrera jarraituko duela eta areagotu egingo dugula.

Amaitzeko, besarkada bat bidali nahi diegu egoitzetako langile guztiei, borroka-eskaintza hori bere egin eta kalera indarrez ateratzeko. Ahal dugun egoitza guztietan batzarrak antolatuko ditugu, borroka-ziklo hau zuekin zuzenean partekatzeko.

ADEGIren partetik negoziazio mahaian mugimendurik gabe jarraituko bagenu, beste mobilizazio fase berri bat ireki beharko genuke Gipuzkoako grafikagintzan

Laugarren greba eguna egin dugu Gipuzkoako grafikagintzan. Hemen bukatu ditugu lehen fase honetako mobilizazioak, baina borrokak aurrera darrai. Izan ere, ADEGIren partetik negoziazio mahaian mugimendurik gabe jarraituko bagenu, beste mobilizazio fase berri bat ireki beharko genuke. Eta hau guztia nola burutu eta indartu baloratzeko datozen egunetan sektoreko langileekin kontsultatuko genuke, zeren eta argi dugu mobilizaziorik gabe ez dugula hitzarmen duin bat lortuko.

“Metalgintzako langileak berriz ere gutxietsi dituzte”

Egunotan aurreratu bezala, beste hiru greba egun egingo ditugu Bizkaiko metalgintzan, urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an. Sindikatu deitzaileok agerraldia egin dugu Bilbon, FVEM patronalaren egoitza aurrean.

LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuon oharra:

Dakizuenez, Bizkaiko metalaren sektoreko negoziazioa 2021eko azarotik dago irekita. Harrezkero, 12 bilera izan ditugu negoziazio-mahaian.

Bilera horietan, sindikatuok negoziazioan aurrera egiten saiatu gara, akordio duin bat lortzeko. Hala ere, FVEM patronala geldirik dago, eta bertan gerta daitekeen edozein aurrerapen blokeatzen du.

Patronalak uko egin dio sindikatuek mahai gainean jartzen dituzten planteamenduei heltzeari. Uko egiten dio sektoreko langileen eros ahalmena bermatzeari, eta, horrekin pozik ez dagoenez, atzera urratsak planteatzen jarraitzen du malgutasuna eta bajak bezalako gaietan. Patronalaren diru-gosea ez da inoiz asetzen, sektoreko langileekiko mespretxua nabaria da, pobre nahi gaitu. Baina aitzakiak amaitu zaizkio, Arabako metalean lortutako akordioa da adibidea; eros ahalmena bermatuko duen hitzarmen bat egin daiteke, lanaldia murriztuko duen hitzarmen bat egin daiteke, subrogazioa beste kolektibo batzuetara zabalduko duen hitzarmen bat egin daiteke… aurrerapen horiek guztiek ez dute enpresen bideragarritasuna arriskuan jarriko, FVEMek sinetsarazi nahi digun bezala.

Ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean, Bizkaiko metalaren sektorea grebara joan zen, patronalak negoziazio mahaia blokeatu zuelako.

Greba egun horiek historikoak izan ziren. Benetako indar erakustaldia. Sektorea gelditu egin zen, eta langileek mezu argia eta zuzena bidali zioten patronalari: horrela ez! Aski da! Akordio duin bat nahi dugu eta ez gara geldituko lortu arte!

Sektoreko sekulako inflazio tasak eta lan karga handiak jasaten ari gara. Enpresek inflazioaren kostuak beren produktuetan aplikatu dituzte, horrek eragin dezakeen kaltea minimizatuz. Hala ere, uko egiten diote soldatak inflazio horien arabera igotzeari. Eta hortik ez gara pasako!Ekaineko eta uztaileko greben ondoren ohartarazi genuen, berriro negoziazioekin hasterakoan eta mahaian edukirik ez izan ezkero, sektore osoa prest zegoela mobilizazio gehiago egiteko. Eta horretan ari gara!

FVEM mahaira itzuli da bere jarrera berdinarekin, harrokeriaz. Aurrera egiteko inolako asmorik gabe. Metalgintzako langileak berriz ere gutxietsi dituzte. Eta hori onartezina da!

Hori dela eta, negoziazio mahaian gehiengoa duten sindikatuek Bizkaiko metalaren sektorean 3 greba egun berri deitu ditugu (urriaren 27an, 28an eta azaroaren 2an), eta FVEMi eta sektore osoari jakinarazten diegu, hiru greba egun horien ostean akordiorik ez badago, greba berriak deitzen jarraituko dugula.

Horregatik guztiagatik, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek, gurekin dauden delegatuekin batera, dei egiten diegu sektoreko langile guztiei greba egunetan eta iragartzen joango garen mobilizazio egutegi osoan parte hartzeko.

Euskal eskola publiko komunitarioranzko trantsizioa aldarrikatu dugu

EAEko Hezkuntza Legearen harira mobilizazioa egin du LAB sindikatuak Gasteizen, zeinean azpisektore desberdinetako ordezkariek parte hartu duten: eskola publikoko irakasleak, heziketa bereziko langileak, sukaldari eta garbitzaileak, haurreskolak, ikastolak, gizarte ekimena, jangelak eta eskola garraioa.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok oso kritiko azaldu da Hezkuntza Legearen zirriborroarekin (Irailean egindako prentsaurrekoan xedapen gehigarriak proposatu genituen, EAEko Hezkuntza Legeak langileen eskubideak berma ditzan): “Eskuin eskuarekin idatzita dago, PNVk hezkuntzaren gainean duen ikuspegi neoliberala antzematen zaio. Eta PSEri eta Elizari mesede egitearren, atzerapausoak egon dira udaberritik hona euskarari edota laikotasunari dagokionean”.

LABek salatu duenez, zirriborroan Eusko Jaurlaritzak uko egin dio hezkuntza eskumen osoak eta, besteak beste, Euskal Curriculuma, eskuratzeko asmo historikoari; euskarari dagokionez erabat lausoa da; Estatuak ezarritako hezkuntza-sistemaren antolaketa duala mantendu eta betikotu egiten du; eta diru publikoz finantzatutako ikastetxeek bete beharreko baldintzak zehazteari uko egiten dio.

Hezkuntza Lege zirriborroak eskola publikoaren beharrak ez dituela aintzat hartzen salatu du Arroyok: “Hamarkadetan zehar utzikeria handiz jokatu du Eusko Jaurlaritzak, eta bada garaia eskola publikoari zor zaiona emateko. Ekintza sindikalari esker, hezkuntza langile gehiago kontratatzea lortu du LABek, irakasleen plantilla esleitzeko irizpideak berrituz. Orain premiazkoa da azpiegituretan inbertsio handi bat egitea, ikastetxeei euren hezkuntza egitasmoa garatzeko baliabide eta eskumen gehiago ematea, langileen egonkortze prozesua bururaino eramatea, 0-3 eskaintza publiko, doakoa eta unibertsala bermatzea”. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin, urtea amaitu aurretik eskola publikoaren garapenerako plan estrategikoa garatzea exijitu du LABek, eta datorren urterako aurrekontu proiektuan bertan inbertsio handiagoa jasotzea.

Itundutako eremuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak “kafea denontzat” eman nahi duela salatu du LABek: “Badira bokazio edo izaera publikoa duten ikastola eta ikastetxeak, euskal sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berria eraikitzeko ekarpena egin dezaketenak. Baina badira helburu ebanjelizatzailea edota ekonomikoa dutenak eta helburu horri eutsi nahi diotenak”.  

LABen iritziz, EAEko hezkuntza esparruan trantsizioa egiteko tresna izan beharko luke Hezkuntza Legeak: hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabe batera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik, euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze sistema batera; bi saretan oinarritutako hezkuntza eredu dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira, hau da, LABek ortzimugan duen Euskal Eskola Publiko Komunitariora.

Lan baldintzei dagokionez, berriz, Legeak oinarri bat finkatu beharko luke, gerora negoziazio kolektiboaren bidez garatuko dena. Ildo honetan, LABek bost xedapen jasotzea proposatu du: eskola publikoetan dagoen lanpostu zerrenda blindatzea; itundutako langileen lan baldintzen homologazio prozedura irekitzea; sarbide gardenerako araubidea garatzea; soldata arrakalarekin bukatzeko neurriak ezartzea; eta eskola publiko nahiz itunduetan pribatizatutako zerbitzuetako langileen errebertsiorako plangintza egitea.

Neurri hauek guztiak indarrean jartzeko, hezkuntzaren aldeko apustu estrategikoa aldarrikatu du LABek, Barne Produktu Gordinaren %6 hezkuntzan inbertituz.

Hauteskunde sindikalen erronkari ilusioz eta indarrez heldu diogula agerian utzi dugu, Gasteizen ere

Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoan murgilduta gaude bete-betean, eta gaur Gasteizen bildu gara sindikatuko delegatuekin, esku artean ditugun erronken berri emateko. Ekitaldia Aldabe gizarte etxean izan da, eta Bilbon eta Donostian egindako ekitaldietan erakutsitako borroka grina bera erakutsi dute bertaratutakoek. Bihar Iruñean izango gara, Labrit pilotalekuan, 18:00etan. Nafarroako delegatuak bilduko dira bertan.

Gasteizen, aurreko ekitaldietan bezala, agerian geratu da LABeko kideek hauteskundeen erronkari ilusioz eta indarrez heldu diotela. Zentzu honetan, ekitaldian bertan adierazitakoaren arabera, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berria inoiz baino indartsuago heldu da garai trinkora. Hala adierazi du Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Oihana Lopetegik.

Bizkaiko aniztasun funtzionaleko sektoreko langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute

LABek mobilizazioa egin du EHUko Bizkaiko campusean egindako ekitaldi baten aurrean, aniztasun funtzionaleko sektoreko mahai negoziatzailean enpresei esertzea eta lehen hitzarmena negoziatzea eskatzeko.

3.000 langile ari dira aniztasun funtzionaleko sektorean, Gorabide, FEKOOR, APNABI, Madres Mercedarias eta Gaude bezalako enpresa eta elkarteetan, eta hauetan ez dira ari euren hitzarmenak negoziatzen. Enpresa eta elkarteez gain, udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia ere egoera honen erantzule direla salatu dute langileek.

Gaurko mobilizazioaren harira igorritako prentsa oharra:

Gaur, aniztasun funtzionalaren sektorean lan egiten dugun langileok Leioako EHUn mobilizatu gara, sektoreko enpresek unibertsitateko ikasleei zuzendutako boluntariotza-jardunaldiak antolatzen zituzten egun berean. Jardunaldi horien helburua  boluntarioak erabiliz etekinak lortzea da, hau da, eskulana doanik. Eta hori ez da harritzekoa, gure lan-baldintzak prekarioak baitira.

Horregatik EHUra etorri gara gaur gure lan-baldintzak hobetzeko eskatzera. Ziur gaude hobekuntza hauek sektore honen hitzarmen sektorial propio baten eskutik etorriko direla, eta gaur egun ez daukagu hitzarmen hori. Horregatik, LABek aniztasun funtzionalaren eremuko lehen hitzarmen kolektibo sektorialaren aldeko apustua egin du. Badakigu hori historikoa dela kolektiboarentzat, eta, horregatik, gaur egin dugun aldarrikapenaren aldeko apustu garbia egiten dugu: negoziazioa orain.

Sektoreko enpresen, udalen, eta Aldundiaren konpromiso eta borondate faltaren aurrean, Gaude, Fekoor, Apnabi, Madres mercedarias, Gorabide eta beste hainbat elkartek sektoreko langileei aldarrikapen eta mobilizazio marko bat eskaintzeko apustua egiten jarraituko dugu. Ez dugu gurea ez den ezer eskatzen, geurea dena baizik.

Sektore honetako ordezkari sindikalak gero eta indartsuagoak gara eta elkartuago gaude. Eta horrek antolakuntzan eta borrokan laguntzen digu. Horregatik, gure elkarteetan eta kaleetan presioa egiten jarraituko dugu sektoreko hitzarmen probintzial baten alde, eta hori mugarri historikoa da sektore honentzat.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartu beharko luke Sin Fronteras elkarteak gaur egun kudeatzen dituen zerbitzu eta langileen etorkizuna

Navarra Sin Fronteras elkarteko langileek bi elkarretaratze egin dituzte gaur Iruñean: lehenbizikoa enpresaren egoitzaren ondoan, eta bigarrena Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren egoitza ondoan.

Langileek haien egoera salatu dute eta gizarte zerbitzuen publifikazioa eskatzeko. Gogoratzekoa da enpresak iragarri duela bere ateak itxiko dituela eta horrek ataka estuan jarri dituela 150 lanpostu. Nafarroako Gobernuak bere gain hartu beharko luke Sin Fronteras elkarteak gaur egun kudeatzen dituen zerbitzu eta langileen etorkizuna. 

Ez dago porrot egoeran

Irailaren hasieran jakinarazi ziguten Sin Fronteras itxi behar zutela. Ordutik ez gara geldirik egon, eta hauxe da egindako lanaren laburpena:

Kontu ekonomikoak aztertu ditugu, eskura dugun informazioaren arabera. Egiaztatu dugu enpresa ez dela errentagarria, baina ez dago porrot egoeran, inola ere. Zuzendaritzak ez du egin bere esku zegoen guztia enpresaren bideragarritasuna bermatzeko, 2020an eta 2021ean 200.000 eurotik gorako galerak izan ondoren. Egia da azken urteotan diru-sarrerak igo direla, baina langile-gastuak oraindik gehiago handitu dira. Gure iritziz, enpresa bideragarria egiteko borondaterik ez da egon. Antzeko programak kudeatzen dituzten enpresek ez dituzte Sin Fronterasek alegatzen dituen zailtasunak. Jarrera hori ulertu gabe segitzen dugu, ez digutelako inolako azalpenik eman.

Azken asteotan, zenbait bilera izan ditugu zuzendaritza-taldearekin eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuarekin. Idazki hau aprobetxatu nahi dugu zuzendaritza-taldearen jarrera salatzeko; izan ere, azkeneko hiru bilerak bertan behera utzi ditu jakinarazi beharreko informaziorik ez zegoela argudiatuz. Badakigu beste enpresa batzuekin biltzen ari direla, baina, beste behin ere, ez dakigu zertaz hitz egiten ari diren, deus ere esaten ez digutelako. Sin Fronteras beste enpresa batzuekin negoziatzen ari da Nafarroako Gobernuaren kontratu administratiboen lagapena, bai eta Albernia enplegurako zentro bereziaren etorkizuna ere, baina azkeneko bi asteotan ez digu horren gaineko inolako informaziorik eman.

Nafarroako Gobernuak guri informazioa emateko konpromisoa hartu zuen, baina ez du bere hitza bete, informazioa espresuki eskatu badiogu ere. Prozesua Sin Fronterasen esku utzi du, eta Gobernua, ustez, prozesua gainbegiratzen ari da. 

Gauza bat da pazientzia izatea eta beste bat prozesu hori guztia langileen eta Enpresa Batzordearen atzetik egitea. Puntu honetara iritsita, eta ikusirik zuzendaritzaren jarrera eta lortu ditugun ondorio ekonomikoak, jendaurrean exijitu nahi dugu Administrazioak bere gain har dezala prozesu hau lehenbailehen. Gure ustez, plantillaren eta kudeatzen ditugun zerbitzu publikoen etorkizuna ezin da zuzendaritza honen esku gelditu, ez baitu beharrezkoa den guztia egin enpresaren jarraipena bermatzeko. Zerbitzuen eta langileen etorkizuna EZIN DA gelditu esku pribatuetan. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren berehalako tutoretza eskatzen dugu, zerbitzu publikoen arduradun gorena den aldetik.

Azkenik, eskatu nahi dugu zerbitzu publikoak kudeatzearen ondorioz Sin Fronteras elkarteak lortu dituen ondasunak arlo publikora itzultzea. Ildo horretan, erreklamatzen dugu Sin Fronterasek diru publikoa erabiliz eskuratu dituen higiezinak sistema publikora bueltatzea, zehazkiago, Nafarroako Gobernuaren eskuetara. 

Arabako Probintzia-Auzitegiak berretsi egin du Osakidetzako aurreko zuzendaritzaren zigorgabetasuna

Arabako Probintzia-Auzitegiak ezetsi egin du Gasteizko instrukzioko 2. epaitegiak hartutako erabakiaren aurkako LABen errekurtsoa, eta, beraz, ezingo da epaitu Osakidetzako fakultatiboen EPEan filtrazioen sare osoa asmatu, planifikatu, antolatu eta gauzatzeko ardura duen muin operatiboa. Erabaki horrek zigorgabetasunaren atea zabalik utzi du Osakidetzako lehengo zuzendaritzarentzat.

Paradoxikoa da, hogei bat pertsona ikertu diren arren, filtrazioz beteta egon den EPE baten diseinuan erantzukizuna izan duen pertsona bakar batek ere inputatu gisa deklaratu ez izana.

LAB sindikatuarentzako jarraibide honetan badira agerian jarri beharreko zenbait elementu garrantzitsu:

Osakidetzako zuzendaritzen lankidetza-eza etengabea izan da hasierako minututik. Hartutako jarrera, epaitegiak LABenbultzadazetatantakaeskatutakoinformazioaemateaizanda,askotanberanduetaosatugabea. Horrela, eta azken Autoaren ostean, Osakidetzak zaintzen dituen eta judizializatuta dauden kategoria gehienetako azterketak aztertu ezin izatea lortu du epaitegiak.

Egia bilatzeko anbizio eta determinazio faltak inguratu du jada lau urte dirauen instrukzio hau, non LAB sindikatuak traktore gisa jokatu duen gainerako akusazioen ekimen falta harrigarriaren aurrean. Konstante bat da praktika ustelak eta “eskularru txuriko” delituak ez jarraitzea eta ez zigortzea, Txirritak bere momentuan aurreratu zuen bezala: “Lapur txikiak kastigatzeko, nonahi badago kartzela. Haundiak hor ikusten ditut, paseoan dabiltzala”

Gainerako akusazioen babes falta funtsezko eginbideetan harrigarria izan da eta oraindik ere ez dugu ulertzen nola zuzendaritza publikoki seinalatu dutenek eta sare klientelarrari buruz hitz egin dutenek ez duten inoiz eskatu zuzendaritza zaharraren egozpena. Hala, prozesua galbideratu egin da, batzuetan ibilbide laburreko ikuskizun mediatikora murriztu baitute.

21 kategoria ikertu dituen instrukzio baten amaieran, Osakidetzako eta HAEEko goi-zuzendariek filtrazioak ezkutatzeko tratuak planteatzeko filtratzaileekin egindako bilerak argitara eman ditugu. Frogatu dugu zuzendaritzak aldez aurretik izan zuela filtrazioen berri eta ez zuela ezer egin ez gertatu aurretik, ez ondoren, LABek 19 kategoria konprometitu zituen analisi estatistikoa argitaratu zuen arte. Lortu dugu jakitea zuzendaritzak proben anonimotasuna haustea ahalbidetzen zuela modu zuzenean eta frogatu dugu EPEaren diseinuan nola erabili zuten HAEE tresna gisa azkenean Osakidetzak banan-banan erabaki zezan zeintzuk izango ziren azterketak Euskal Institutuaren izenean egingo zituzten adituak. Magistratuak eskatu dituen azterketa bakanetan, dopatutako oposiziogileek jarraitutako kontsignak zein ziren argitzea lortu dugu.

Gaur, jakin dugunez, Osakidetzako zuzendaritzaren jarduerak ezin izango dira judizialki zigortu eta dimisioekin garbituko dira, LABentzat nahikoa ez direnak iruzurraren larritasuna kontuan hartuta.

Bestalde, jakin badakigu epaiak gaiaren muineraino joateko aukerak zapuzten dituela eta iruzurra diseinatu zutenen zigorgabetasuna sendotzen duela, baina ikusten dugu hurrengo fakultatiboen EPEetarako agertokia nabarmen aldatu dela LABek egindako ekintza sindikal eta judizialaren ondorioz.

Harro gaude gure lanaz, autoak berak ere hala aitortzen baitu; gizarteak eta Osakidetzako langileek, gure jarduera prozesalari esker, gertatutakoa ezagutu ahal izan dute eta Osakidetzan enplegu publikoa lortzeko prozesuak aldatzen ari zirenaren uste osoa orokorra da. Duela hamarkada batzuetatik hona ematen ari zen errealitate horri mozorroa kentzea izan da alde honek bete duen erronketako bat.

Prozedura ez da amaitu eta aukera asko daude epaiketa bat egiteko. Ikertuen artean partaidetza-maila desberdinak daude eta gradurik baxuenak epaituko diren arren, LABek ez dio uko egiten EPEa diseinatu zuten pertsonek bertan egindako jarduerak azaldu behar izateari eta zigor penalik jaso ezin badute ere, gizarteak horien berri izateari.

Ezin dugu ahaztu gurekin harremanetan jarri diren eta urte hauetan Osakidetzako filtrazioekin amaitzeko lankidetzan aritu diren pertsona guztiei eskerrak ematea eta gure elkartasuna adieraztea. Era berean, egungo hainbat arduradunen jarduerak gaitzesten ditugu, jarduera horiek eta beste jarduera ustel batzuk salatu dituztenak itotzen dituztenak, hain zuzen ere.

Talentudunaren aurkako tratu txarrak eta ustelaren aldeko laguntasuna, oso ohikoa da hori Osakidetzan eta agerian geratu da oraingoan ere. Horrek zerikusi handia du osasun publikoaren eta Osakidetzan lan egiten duen plantillaren egungo egoerarekin.

Lanean jarraituko dugu ekintza sindikalak, mobilizazioek, gizarte-kontzientzia eta erantzukizunen garbiketa bateratzeak Osakidetzako gobernantza-eredua alda dezan.