Atzo eguerdian, Altsasun basolanetan ziharduen 45 urteko langilea lan istripuz hil zen pago baten adarrak jo zuenean. Beste bi langile hil dira baldintza ezberdinetan. Bata Eskoriatzan gaur, basolanetan ari zela. E.A.M.C. adar batek jota hil da. Eta bestea atzo Donostian, lorezaintza lanetan ari zen 65 urteko J.M.E.G. langileak istripu ez traumatikoa izan zuen eta lanpostuan bertan hil zen. Belar txarrak kentzen ari zen, belauniko. Hauekin, 31 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.
LABek jakin ahal izan du atzo Altsasun hildako langilea Logroñoko enpresa batek kontratatua zela. Honek esan nahi du hildako langile hau ez dela Nafarroako kontabilitate ofizialean jasoko eta heriotza gertatu ez balitz bezala jokatuko duela Txibiteren exekutiboak. Bestalde, langilea bakarrik ari zen basolanetan, hau da, hilkortasun handiena erakusten duen lanbidean, derrigorrezkoa den errekurtso prebentiborik ez lankiderik gabe. Hau sektorean dagoen muturreko prekaritatearen beste adibide bat besterik ez da.
Azken urteetako istripu tasa izugarrien atzean enpresek lanerako araudia ez betetzea dago, atzoko heriotzarekin gertatu den bezala. Heriotzen atzean, beraz, arduradunak daude, nahiz eta gobernuek arduradun horiek, enpresariak, itsuki babesten jarraitzen duten.
Eskoriatzan hildako langilearen inguruan LABek ez du beste daturik. Ofizialki aitortua izan dela soilik.
Azkenik, istripu ez traumatikoan Donostian hildako langilearen inguruan, bere adina azpimarratu beharra dago Baldintza kaskarretan azpikontratatuta zegoen eta beropean ziharduen lanean. Parques HistĂłricos 2023 Aldi Baterako Enpresen Elkarterako ari zen lanean Aieteko lorategi batean, Udalak azpikontratatuta, hain zuzen.
Patronalak zein gobernuek absentismoaren mamua zabaltzen duten bitartean, langileok bizitza galtzen dugu lanean. Prebentzio falta da heriotzen arduradun bakarra. Langileok hiltzen gara, ez enpresariak. Gero eta nabarmenagoa da, gainera, prebentzio araudiaren ez betetzea orokortua dagoela eta honen aurrean neurri gogorrak hartu beharra dagoela.
ELAk eraikuntzan erdietsi duen akordioak ez ditu langileon osasuna eta etorkizuneko lan baldintza egokiak bermatzen. ELAk patronalarekiko otzan jokatu du, borrokari uko egin dio eta sektoreko langileen beharrak albo batera utzi ditu akordio bat erdiestearren.
Akordioaren edukiei dagokienez, kontuan hartuta Gipuzkoako eraikuntzako enpresen egoera ona dela eta gainera, etorkizunean hobetzeko aurreikuspena dagoela, ELAk borrokari uko egin ondoren 4 urterako bake soziala oparitu dio ADEGIri. Akordioak dituen ustezko aurrerapausoak ez dira errealak izango sektoreko langile gehienentzat. Izan ere, akordioak ez dio erantzuten eraikuntza sektorean dauden arazo handienei: hitzarmena ez da betetzen sektorearen zati handi batean, eta sektoreko lan-istripu eta heriotza kopurua ikaragarria da. LABen ustez, hitzarmenak errealitate horri erantzun beharko lioke. Beraz, argi dago edukiek ez dietela sektorearen errealitateari eta langileen beharrei erantzuten.
LABek hasieratik mahai gainean jarri dituen eskaerak ez dira inongo momentutan aintzat hartu eta sektoreak dituen arazoek berdin jarraituko dute. LABen erronkak argiak izan dira, KPIaren gaineko soldata igoerak, lan eta bizi baldintzak erdigunean jarriko lukeen lanaldi murrizketa, hitzarmena aplikatzeko bermeak, azpikontratazioari mugak jartzea eta lan osasuna bermatzeko neurriak.
Hilkortasun tasa beldurgarriak dituen sektore honek behin eta berriz erakusten du altueretako erorketak neurriak ez hartzeagatik gertatzen direla eta LABek neurrien inplementazio tasatua eskatzen zuen. Soilik 2024ean, 11 langile hil ziren altueretatik erorita. Enpresek araudia ez dute betetzen kontrol neurri faltarengatik, eta akordio honen sinaduraren ondoren lan-istripuek gora egiten jarraituko dute.
LABek langileen ondoan jarraituko du, akordio honek ez dituelako bermatzen langileen osasuna eta lan baldintza duinak. Borrokan jarraituko du.
Ur eta hondakin azpiegiturak eraiki eta tratatzen dituen Nilsa enpresa publikoko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, aspalditik enpresan dagoen soldata eta lan diskriminazio egoera larriagatik protesta egiteko. Profil tekniko eta esperientzia handiko profesional horiei Nilsan sartu zirenetik blokeatu egin diete soldata-progresioa, bai aldi baterako kontratuen bidez, bai praktiketako kontratuen bidez, bai mugagabe bihurtu ondoren.
Nilsako Enpresa Batzordeak (LABeko hiru delegatuk eta UGTko bik) eta Nilsako langile talde handi batek Nilsaren egoitzaren ondoan salatu dute aipaturiko praktika horrek diskriminazio argia eta iraunkorra dakarrela gainontzeko langileekiko ordainsarietan, nahiz eta balio berdineko funtzioak bete. Egoera hau urgentziaz zuzendu ezean, langileek ohartarazi dute Nilsako plantilla osatzen duten pertsona guztien eskubideak defendatzeko beharrezko ekintza kolektiboak gauzatzen jarraituko dutela.
2021eko maiatzetik, enpresak unilateralki ezarri zuen soldata-eskalen sistema bat, sarbide-kontratu mota eta antzinatasuna zigortzen dituena, eta, horrela, balio bereko lanagatik soldata berdintasunaren printzipioa urratzen duena, zeina jasota dagoen Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan, Langileen Estatutuaren 17. artikuluan eta Nafarroako Bulego eta Langelen Hitzarmenaren 5. artikuluan. Soldata-eskala hauek langileen ordezkariekin negoziatu eta adostu gabe eta Administrazio Kontseiluaren onespenik gabe ezarri ziren, enpresa barnean soldata-eskala bikoitza edo hirukoitza sortuz, edozein ikuspegi legal, etiko edo sozialetik justifikatu ezin daitekeena.
Enpresak unilateralki sortutako bere soldata-taulak egiteaz gainera, ez ditu bete, antzinatasunari lotutako igoera progresiboak langileei jakinarazi dituen arren. Praktikan ez ditu aplikatu, ezta eskatutako urteak bete dituztenei ere. Enpresa Batzordeak eta egoera honetan dauden langileek askotan eskatu diote enpresari egoera honen zergatia eta azalpena emateko eta batez ere, beren egoera erregularizatzearen beharra, baina enpresaren partetik jaso dituzten gauza bakarrak aitzakiak eta bete gabeko hitzemateak izan dira. Langile-politika honek, praktikan, bi langile-mota sortzen ditu enpresa publiko beraren barruan, eta soldata-arrakala oso handia sortzen du, legez kanpokoa ez ezik, erabat ez-morala dena baita ere.
Ordainsarien eta gardentasunik ezaren politika hori sektore publikoko lan-baldintzak prekarizatzeko eta pribatizatzeko estrategia baten ondorio da. Nafarrroako Gobernuaren estrategia hau, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (NEKP) bidez aplikatutakoa, Nilsaren kooperazioarekin erakunde publikoei eskatu behar zaizkien oinarrizko balio guztien aurka egiten du: osotasuna, objektibotasuna, zintzotasuna, berdintasuna eta gardentasuna.
Ez da kasu bakarra, Nafarroako Gobernuak enpresa publikoetan zein sektore publikoan oro har ezarri nahi duen estrategia koordinatu bat baizik. Horren erakusgarri dira sektore publikoan zein beste enpresa publiko batzuetan egiten ari diren mobilizazioak. Hartara, Nilsako langileek beren elkartasun osoa helarazi nahi diete guztiei, eta bereziki Intiako langileei. Gainera, beste enpresa publikoei dei egiten diete beren egoera publikoki salatzeko urratsa egin dezaten.
Beraz, Nilsako Enpresa Batzordeak irmotasunez salatzen du diskriminazio hau, eta honako hau eskatzen du:
– Diskriminazio egoera honetan dauden langile guztientzako berehalako soldata-parekatzea, lan-harremana hasi zenetik duten benetako antzinatasuna aitortuz eta sartzeko kontratu motaren araberako bereizketa oro ezabatuz.
– Nilsaren soldata-politikak premiaz berrikustea, eta sozietate publiko honetan berdintasun- eta gardentasun-printzipioa betetzen dela bermatzea.
– Nafarroako Gobernuak eta NEKP-ek benetako konpromisoa hartzea beren enpresa publikoetan desberdintasun hauek modu eraginkorrean desagerrarazteko, indarrean dagoen legeriak eta balio demokratikoek eskatzen duten bezala.
ELAk, CCOOk eta UGT sindikatuek eta AENKOMER patronalak2025 eta 2026 urteak arautzeko sinatutako akordioak, beste behin ere, langileen baldintzak hobetzeko asmo falta dakar.
Hainbat hilabeteetan mobilizaziorik egin gabe negoziatu ondoren, lortutako akordioak ez du benetako aurrerapenik eragiten, eta horrela prekaritateari eusten dio. Emaitza horrek berretsi egiten du LABek 2023an hitzarmena sinatzean ohartarazi zuena, 2025 eta 2026 urteak negoziatzeke geratzean.
Soldatei dagokionez, 2025 eta 2026 urteetarako KPIa gehi %0,6 eta %0,5eko igoera aurreikusten du, hurrenez hurren. LABen iritziz, kezkagarria da sektoreak negoziazio prozesuaren hilabeteetan mobilizaziorik egin ez izana. Kontzentrazio eta bestelako mobilizazio ezak presio-ahalmena ahuldu du. Inplikazio eta mobilizazio handiagoa egin izan balitz, ziur gaude hobekuntza esanguratsuagoak lor zitezkeela.
Lanaldiari dagokionez ere ez dago hobekuntzarik. Asteko 40 orduko lanaldia mantenduko da, hau da, 1744 ordu urtean, lanaldi bera 2021etik lanaldi berdina mantentzen da. Azken 8 urteetan 4 ordu baino ez dira murriztu urteko lanaldian. Berriz ere alde batera utzi da sektore honetarako ezinbestekoak diren atsedenerako eta kontziliaziorako beharrak.
Ildo beretik, oporrek bere horretan jarraituko dute, 30 egun natural, 2018ko berberak; hobekuntza horrek geldirik jarraitzen du.
Bi urte hauetarako sinatutako akordio honek berresten du alferrik galdu dela aukera bat sektoreko langileak mobilizatzeko eta lan-baldintzen eta bizitza duintzeko alde borroka egiteko. Gainera, inertziak eragindako jarrera erosoa izan da protagonista.
LABetik azpimarratu nahi dugu akordio horiek 2023an egindako negoziazioetan itxi behar zirela. Hori dela eta, berriro finkatu da prekaritatea sektorean. Langileek beren baldintzak hobetuko dituzten soldata igoerak behar dituzte eta lanaldiek kontziliaketa duina eta eraginkorra bermatu behar dute.
LAB langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko borrokan egongo da beti, hori baita sindikalismoa ulertzeko duen modu bakarra.
Sektore feminizatua da supermerkatuena, emakumeak* dira langile gehienak, eta lanaldi partzialetara kondenatuta daude. Lan karga handiak dituzte, bajak ez dira ordezkatuak izaten eta geratzen diren langileek bete behar dutelarik lan zama guzti hori. Horrek, langileen ordutegi eta egutegiak moldatu beharra dakar, eta ondorioz, ez dute inongo aukerarik kontziliaziorako.
Iaz, Mercadonak 1.384 miloi euroko irabaziak izan zituen eta hori ez da islatzen inondik-inora langileen lan-sarian, nahiz eta beraien izerdiaz lortuak diren aipaturiko irabazi horiek.
Gainera, Mercadonak nahiago du dirua mutualitateetan gastatu, langileen prebentzioan baino. Maiz, langileak erabat osatu gabe eta osasun egoera txarrean bueltatu izan direla lanera, jaso duten presioa medio. Eta hori onartezina da.
Hori dena gutxi balitz, egun Mercadonak enpresako hitzarmena dauka eta berau Madrilen negoziatzen dute. LAB sindikatuak garbi du hemen lan egiten duen langile orok hemen erabaki behar duela, hitzarmenak bertan negoziatuta. Horrela soilik lortuko dutelako hemen dugun errealitatean oinarrituriko hitzarmena izatea.
Horrelako jarreraren aurrean, LAB sindikatua aurrez-aurre izango du Mercadonak. “Langileei esan nahi diegu egoera hau aldatu eta irauli daitekeela. Horretarako antolatzera eta borrokatzera dei egiten diegu. Bide horretan langileak LAB sindikatua bidelagun izango dute. Langile, elkarrekin lortuko dugu!”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek gaurko mobilizazioan.
Administrazioaren euskalduntzean atzera egiteko arriskuari ateak irekitzen dizkio.
EAJk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko Lege Proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, bere hitzetan, “hizkuntza-eskakizunak erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzeko, proportzionaltasun-irizpideekin”, eta nahitaez bete beharreko inolako indizerik ezabatuz. Administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizial betean, ekinbide honek hautaketa-prozesu publikoetan euskara babestu eta horien segurtasun juridikoa bermatu nahi omen du.
Aldiz, LABen ustez, ateak parez pare irekitzen dizkiote Lege Proposamenean jasotzen diren neurriek guztiz aurkakoa gertatzeko arriskuari. Proposamenak ez du jasotzen administrazioek bete beharreko inolako irizpide zehatz eta egiaztagarririk, neurrien zenbatekoa “proportzionaltasun-irizpide” zehaztugabe eta arbitrarioen eremu lausoan kokatuz. Hau da, Derrigortasun Indizearen muga objektiboa kenduz gero, unean uneko arduradun instituzionalaren borondatearen esku geratuko da hizkuntza-eskakizuna izango duten lanpostuen ehunekoa ezartzea. Mugarik gabe gorantz, baina bete beharreko gutxienekorik gabe ere beherantz. Izan ere, neurri politikoak ezartzea euskara normalizatzeko inolako borondaterik ez duten eragileen esku inolako mugapenik gabe uzten denean, horren emaitza euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen kalterako izaten da. Administrazioek euskalduntzearen aldeko hizkuntza-politika egokitzeko autonomia izatea defendatzen du LABek; baina autonomia hau ezin da inola ere euskararen eta euskaldunon aurkako hizkuntza-politika egiteko baliatu.
Administrazio bakoitzak bete beharreko Derrigortasun Indizea, administrazio horren barruko euskaldunen ehunekoa eta ia-euskaldunen ehunekoaren erdia batuta lortzen da egun. Une honetan kopuru horrek ezartzen du administrazio horren lanpostu guztien artean euskarazko hizkuntza-eskakizuna izan behar duten lanpostuen ehunekoa (ez dugu ahaztu behar lanpostuen % 100ak gaztelerazko hizkuntza-eskakizuna duela).
EAJren ekimenak proposatzen duen bezala, Derrigortasun Indizea kentzeak ez du ezer konponduko, ezta epaitegien kolpe judizialak mugatuko ere. Alderantziz, Derrigortasun Indizea izan da epaileen ebazpenek gainditu ezin zezaketen muga bakanetakoa.
Hori kenduz gero, epaileen borondate hutsak ezarriko du eskakizunaren zenbatekoa; borondate euskarafoboa behin eta berriz erakutsi duten bezala. Indizearen arabera, une honetan ezarri beharreko ehunekoa euskaldunak eta ia-euskaldunen erdia batuta izan behar bada, hori ezabatuz gero, zerk galaraziko dio epaile bati agintzea euskara-eskakizuna izan behar duten lanpostuen ehunekoa soilik euskaldunen ehunekoa izan behar dela (ia-euskaldunak kontuan hartu gabe), hau “proportzionalagoa” denaren argudioarekin. Edo koxka bat jaitsita, agintzea ehunekoa administrazio horrekin harremana euskaraz izatea eskatuko duten herritarren ehunekoaren araberakoa izan behar dela. Edo beste koxka bat jaitsita, agintzea ehunekoa kaleko erabileraren araberakoa izan behar dela. Lege erreforma honekin epaileen borondate euskarafoboak ez du inolako mugarik izango; edozein euskara-eskakizun “desproportzionatua” iruditu dakieke. Eta eragile batzuek Lan Eskaintza Publiko bakoitzarekin bataila politiko-judiziala planteatzeko arriskuari ateak irekitzen zaizkio era berean.
Finean, proposamen egileek adierazi dutenaren aurka, Lege Proposamen honek administrazioan euskara normalizatzeko prozesua eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak segurtasun juridikorik gabe uzten ditu.
LABen ustez Enplegu Publikoaren Legea erreformatzea ezinbestekoa da oldarraldi judizialari aurre egin eta administrazio publikoaren euskalduntzean jauzi egiteko. Baina erreforma hori norabide egokian izan behar da, ez edozein erreforma. Norabide egokia bere aldetik EH Bilduk aurkeztu duen erreforma-proposamenak jasotzen duena da: euskararen hizkuntza-eskakizunak lanpostu publiko guztietarako ezartzea, gaztelerarekin egiten den bezala, hau da, euskara- eta gaztelera-eskakizunak parekatzea; kudeaketa malgua ezartzea testuinguru soziolinguistikoaren arabera, eta, langile publiko guztien euskalduntzea ahalbidetzeko baliabideak eta liberazioak areagotzea.
LABek dei egiten die alderdi eta sindikatu euskaltzaleei zein euskalgintzari adostasunak eraiki eta elkarlanean administrazioa osoki euskalduntzeko paradigma berri bat indarrean jartzera.
Elkarlana sustatzeko, euskaldunon hizkuntza-eskubideetan inolako atzerakadarik gertatzearen aurka eta administrazioaren euskalduntzean jauzi kualitatibo berriak aldarrikatzeko, datorren ikasturtean mobilizazio sendoak sustatuko ditu LABek.
Usansoloko eta Gernikako larrialdi-zerbitzuek bizi duten egoera larria Osakidetzako Zuzendaritzak aurreikuspenik, antolaketarik eta erantzuteko borondaterik ez izatearen ondorio zuzena da.


Urteetan zehar, osasun-sistema publikoa ahultzen joan da, murrizketetan eta pribatizazioan oinarritutako kudeaketa-eredu baten ondorioz. Giza baliabideen plangintza egokirik ezak eta egiturazko neurri eraginkorren faltak, pixkanaka zerbitzuen kolapsoa ekarri dute, bereziki larrialdi-zerbitzuetan.
Asistentzia-presioaren igoeraren aurrean, langileak aparteko orduen bidez gainkargatzea izan da Zuzendaritzaren erantzun bakarra, benetako konponbiderik eman gabe, eta plantillak behar bezala indartu gabe. Adabakiak jartzeko estrategia horrek, arazoak konpontzetik urrun, ezinegon sakona sortu du profesionalen artean, aspalditik, estresa, higadura emozionala eta desafekzioa jasaten baitituzte.


Larrialdi-zerbitzuan, errealitate hori Laneko Osasunera eraman da, eta laneko osasun-azterketak egin ondoren, txosten bat helarazi du langileen zuzendaritzara. Emaitzak direnak izanik, Zuzendaritzak ez du neurri sendorik hartu, eta ez du langileen ongizatearekiko eta arretaren kalitatearekiko konpromisorik erakutsi.


Bereziki kezkagarria da Gernikako egoera, larrialdietako zerbitzuaren irekiera kolokan baitago. Zuzendaritzak aukera hori publikoki ukatu duen arren, irtenbide zehatzik ez izateak eta etengabeko inprobisazioak arduragabekeria larria islatzen dute. Profesionalak etsi-etsian bilatzen dira, baita ohiko esparrutik kanpo ere, estrategia sendo eta iraunkor bat ezarri beharrean.


Uda iristeak are larriagoa egiten du jada kritikoa den egoera bat, eta Zuzendaritzak oraindik ez du erakutsi sistemaren premien benetako ezagutzarik, ezta arazoari errotik aurre egiteko borondaterik ere. Langileak indartzeari eta epe ertaineko plangintzari lehentasuna eman beharrean, modu erreaktibo eta deskoordinatuan jarduten jarraitzen du.


Plantilla aspalditik ari da noraezaz ohartarazten eta aldaketak eskatzen. Gaur egungo egoera ez da ezustekoa, baizik eta asistentzia-errealitatetik deskonektatutako kudeaketa ez-eraginkor baten emaitza zuzena.


LABek salatu nahi du egungo egoera urteetako murrizketen, kanporatzeen eta irizpide ekonomikoetan soilik oinarritutako kudeaketaren ondorio zuzena dela. Osakidetzako Zuzendaritzak ez die jaramonik egin langileen eta sindikatuen ohartarazpenei, eta egiturazko neurriak hartu beharrean, gainkarga eta higadura profesionala larriagotzen duten aldi baterako konponbideak aukeratu ditu.

Berehalako eta benetako erantzuna eskatzen du LABek: langileak indartzea, epe luzerako plangintza egitea eta osasun publikoarekin eta honi egunero eusten diotenekin konpromiso sendoa hartzea.
Trantsizio ekosozialerako industria politika garatzeko proposamena aurkeztu du LABek, lurraldearen behar sozialei erantzungo diena eta ekologikoki jasangarria izango dena. Jaurlaritzaren plana enpresa pribatuei diru publiko gehiago ematera baina betebehar gutxiago ezartzera bideratuta dagoela salatu du sindikatuak.
Trantsizio ekosozialari erantzungo dion industria politika zein oinarriren gainean eraiki behar litzatekeen jasotzen duen proposamena aurkeztu du LABek, Bilbon. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, modu honetan labur daitezke egungo politikak: “diru publiko gehiago eta betebehar gutxiago enpresentzat”. Horrek, baina, ez ditu ez trantsizio ekosoziala eta ezta enplegua bermatzen ere, azaldu duenez: “Enpresek laguntza gehiago eskatzen dituzte, irabaziak lehenesten, trantsizioa moteltzen eta enplegua prekarizatzen duten bitartean”.
Horren aurrean, 180 graduko aldaketa behar dela nabarmendu du Arroyok eta gure lurraldearen behar sozialei erantzungo dien ekologikoki jasangarria izango den eta, aldi berean, langileen enplegurako eskubidea bermatuko duen industria politika garatu. Horretarako, hainbat sektore eraldatu beharko lirateke, isuriak, energia eta materialak gutxituz, azaldu duenez.
Lau oinarriren gainean egin behar litzateke industria politikak behar duen aldaketa, LABen ustez:
1. Armagintza industriaren hedapenari ez, sozialki beharrezkoa eta ekologikoki jasangarria den industriari bai. Armagintza sektorearen hedatzearen aurka dago LAB, sozialki beharrezkoak diren baliabideak lapurtzen baititu eskalada belizista elikatzeko, eta irmo kritikatzen du Eusko Jaurlaritzaren hipokrisia, bakeaz eta balioez hitz egiten duen bitartean gerra makineria bultzatzen duelako. Berrarmatzeak ez du segurtasuna areagotzen, alderantziz baizik.
2. Esku-hartze publikoa, industria-trantsizioa planifikatzeko: jabetza publikoa, baldintzazkotasuna eta deslokalizazioaren aurkako legeria. Inbertsioak sozializatu eta etekinak pribatizatzen dituen logika perbertsoa amaitu egin behar da. Korporazio handiak politika fiskalaz, laguntzez, azpiegituraz eta ABEEz baliatzen dira, eta haien jarduera ez da lurraldera itzultzen. LABek benetako planifikazio industrial bat eskatzen du, sindikatuen parte hartze erreal eta loteslearekin. EAEko eta Nafarroako gobernuek, bestalde, jabetza publikoa duten proiektu industrialak garatu behar dituzte, eta laguntzak jasotzen dituzten enpresei jarritako baldintzetan egon behar dute dibidenduak banatzea galaraztea eta enplegua bermatzea. Era berean, deslokalizazioen kontrako legeria indartu behar da, eta eragotzi laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek enplegua suntsitu edo kaxkartzea. Hala izanez gero, zigorra jaso behar dute.
3. Negoziazio kolektiboa deskarbonizaziora eramatea eta inbertsio pribatua leihatzea. Enpresek enpleguari buruzko erabakiak hartzen dituzte deskarbonizazio planetan oinarrituta, baina plan horiek betetzeko inolako bermerik ez dago. Industriaren deskarbonizazioan sindikatuek parte hartzeko aukera eman behar da. Horrez gain, milioi askoko irabaziak dituzten enpresek irabaziok trantsizio energetikoak eskatzen duen inbertsio produktibora bideratu behar dituzte.
4. Lanaldiaren murrizketa eta enplegu duina: banatu, birmoldatu eta birkualifikatu. 30 orduko lan asterantz egin behar dugu aurrera, lan karga birbanatzeko eta eraldaketak arintzeko. Era berean, industrian emakumeen* kontratazioan eta sustapenean diskriminazio oro ezabatzearen aldeko apustua egiten du LABek. Horrekin batera, enpresek enplegua duintzen duten lan hobekuntzak bultzatu behar dituzte; hala nola azpikontratazioa mugatzea, subrogazioa eta lan arriskuen prebentzioa. Produkzio-segmentu berrietarako trantsizioa egiteko prestakuntza eta birkualifikazioa ziurtatu behar dira, eta berrindustrializazio-mahaiek nahitaezkoak izan behar dute jarduera ixtea edo murriztea aurreikusita duten enpresentzat.
Jaurlaritzak, lehengo lepotik burua
LABen proposamenaren zutabe nagusiak aurkezteaz gain, berriki Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Industria Plana ere baloratu du LABek; ez onerako, LABek bere proposamenean eskatzen duen eraldaketari ez baitio erantzuten, Kris Gete LABeko Industria Federazioko arduradunaren esanetan. Izan ere, Jaurlaritzak aurkeztutakoa azken hamarkadetako industria politikaren jarraipena dela esan du Getek: “Errezeta orain arteko berbera da: enpresa pribatuei diru publiko gehiago ematea eta betebehar gutxiago ezartzea”. Egun ondo doakien industriei bideratutako plana dela azaldu du, eta, gainera, ez dituela finantzaketa publikorako kontrol publikoa eta plangintza industriala areagotuko, ezta eraldaketa prozesuetan enplegua mantentzen dela bermatuko ere.
Hain justu, planifikazio industrial egoki baterako Jaurlaritzaren plana ez da nahikoa, Geteren esanetan, hainbat arrazoirengatik: planak barne hartzen dituen proiektu eraldatzaileek dagoeneko martxan dauden enpresa handien proiektuei erantzuten dietelako nagusiki; deskarbonizazio industrialeko plangintza sinesgarri bat izatetik urrun dagoelako; trantsizio energetikoa eta azpiegituren garapena irabazi pribatuen menpe jartzen duelako; industria eraldaketa premiazkoenei buruzko plangintzarik ez dagoelako; eta industria militarrari aipamen espliziturik ez zaiolako egiten, nahiz eta Europa mailan industria militarrari eman nahi zaion bultzada baliatzeko borondatea agertu duen Jaurlaritzak.
Kalitatezko enplegua eta langileen parte hartzea bermatzeko neurrien gabezia “erabatekoa” dela salatu du Getek. Enpresa pribatuei beren eraldaketa industriala bultzatzeko emango zaizkien laguntza publikoetarako baldintzetan ez zaio aipamenik egiten lanpostuak mantentzeari, ezta deslokalizazioa eragozteko hartuko diren neurriei ere. Getek azaldu duenez, gainera, planaren garapenean industriako langileen parte hartzerik ez da izan: “Haien ordezkaritzarik gabeko plana da”.
Amaitzeko, ekintza sindikalaren garrantzia nabarmendu du Getek, “enplegurako eskubidea bermatzeko eta Euskal Herrian benetako trantsizio energetikoa lortzeko”.
Pribatizazioaren aldeko lobbyak agintzen duenaren menpe ari da Osasun Saila, berak mahaian ezarritako metodologia nahieran aldatuz.
Asteartean eta asteazkenean bildu ziren hurrenez hurren kolaborazio publiko-pribatuaren lan-taldea eta zerbitzu zorroari buruzkoa. Lan-talde hauek haien egitekoa bete eta proposamenak txosten batean jaso ondoren ekainaren 11an Osasun Mahaian aurkeztu bazituzten ere, Osasun Sailari eta Jaurlaritzako gobernua osatzen duten alderdiei ez zitzaien gehiengoen bitartez lortutako adostasuna gustatu. Gustuko ez dutena aldatzeko inolako erreparorik gabe, adostu ziren bi helburu atzera bota eta lobby pribatizatzaileari men eginez Osasun Sailak pribatizazioarekin jarraitzeko ikuspegia inposatu nahi digu.
Kontsentsua eta adostasuna irudikatu nahi duen Gobernuak beraz, betoa inposatzen du bere gustukoak ez diren proposamenetan eta pribatizazioari eusteko erabakia ezarri du lan-taldeetan. Kolaborazio publiko-pribatuaren lan-taldean gehiengoz adostu genuen helburua lurperatu du; Osasun Sistema Publikoa baliabide publiko eta propioekin eskaintzea eta sektore pribatuarekiko duen menpekotasuna murriztea, hau salbuespen egoeratan erabiliz soilik. Eta zerbitzu zorroaren lan-taldean, berriz, bertako partaideok erabateko adostasunarekin onarturiko dokumentua moldatu du, zerbitzu-zorroa publifikatzeko plan bat martxan jartzeko helburu eta ekintzak guztiz baztertu dituelarik.
Osasun Sailak ondo antolatu du bere inposaketaren antzerkia. Batetik, kolaborazio publiko-pribatuaren lan-taldeko dokumentua adostasunik gabea izan dela asmatu du. Antza, adostasun zabalak bere gustuko erabakiak daudenean soilik balio dio. Eta bigarrenik, itxurakeria horrekin jarraitzeko, bere proposamenak bozkatzera eramatea inposatu du, lan-taldeetan parte hartu ez duten eragile guztiak deituz eta bozketa berriak eginez. Pribatizazioaren aldeko lobbyari men egiteko dinamika honek ez dauka mugarik.
Bi eredu antagoniko defendatzen dugun eragileak gaude parez pare Osasun Mahaian; Osasun Sistema Publikoa indartu eta orain arteko politika pribatizatzaileak eraldatu eta murriztu nahi dugunak eta pribatizazioari eutsi eta honekin negozioa egiten jarraitu nahi dutenak.
Sistema publikoaren alde egiteko zein pribatizazio eta kontzertazio politikekin amaitzeko borondate eta konpromiso zehatzak beharrezkoak dira. Korapilo nagusia kolaborazio publiko–pribatua izendatu dutena da, eta tamalez, aste honetan, korapilo hori askatu baino gehiago lotu egin da. Iragarri genuen bezala, LABentzat hori erabakigarria da osasun itunean egon ala ez, posizioa finkatzeko. Datozen egunetan iragarriko du sindikatuak bere erabakia.