2026-01-22
Blog Page 339

Egoerak sakoneko aldaketak eskatzen ditu: enplegua, zaintza eta ondasunak banatzea

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak egin dira publiko. Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekotik nabarmen egin du gora langabe kopuruak, 4.500 langabe gehiago, 124.400 langabe orotara.

Datu zehatzak aztertuz, emakumeen langabezia izan da igoera handiena jasan duena. Izan ere, igo den langabe kopuruaren % 95,55 emakumeak dira, 4.300 pertsona hain zuzen ere. Datu hori bat dator sektorekako azterketa kontuan hartzen badugu, zerbitzuen sektorea izan baita langabezia igoera handiena jasan duena. Zerbitzuetan daude sektore feminizatu gehienak, sektore horiek dira enplegu ezegonkorrena sortzen dutenak. Koiunturaren arabera inpaktu azkarrena jaso eta gora beherak pairatzen dituzte enplegu horien ezaugarriengatik: behin- behinekoa edo enplegu ezegonkorra eta, oro har, prekarioa. Erabili eta botatzeko enplegua da, merkatuaren arabera sortu eta desagertzen dena: urte garaiaren arabera, edo sortzen diren krisi desberdinen arabera.

Bestetik, langile migratuen langabezia tasa izugarria azpimarratu behar dugu, tasa orokorraren (% 10,44 Nafarroako Foru Erkidegoan eta % 8,69 Euskal Autonomia Erkidegoan) hirukoitzera iritsi baita hiruhileko honetan (% 31,69 eta % 24,24 hurrenez hurren). Langile migratu eta kasu askotan arrazializatuek pairatzen dituzte lan merkatuaren ondorio ankerrenak: esplotazio maila altuenak, lan prekarioak eta langabezia zein pobrezia tasa altuenak ere bai. Maiz lan baldintza horiek legez kanpo egon arren, atzerritarren legearen ondorioz sortzen den errealitatea da, kapitalak esku-lan merkea baliatzen baitu irabaziak handiagoak metatzeko.

Epe-luzeko langabeziari dagokionez, azken urteetan gero eta langile gehiago daude egoera honetan, urte bete edo gehiago lan bila. 2020an langabetuen % 40,30 baziren, 2022an % 53,86ra igo da, langabe guztien erdia baino gehiago epe luzekoak izanik. Lan merkatu dinamiko bat saldu nahi badigute ere, datuok argi erakusten dute egoera estrukturala dela eta behin langabezian egonik, lanpostu bat lortzea oso zaila dela, hainbat baldintza determinanteak izanik: adina, ikasketa maila, sexu-generoa, jatorria…

Egoera larria da. Langabeziak gora egin du, inflazioak gora, erosahalmenak behera, pentsioen errebalorizazio ez- nahikoa… Eta arazoaren muinera jo ordez langileon soldata jarri da jo puntuan patronalaren eta instituzioak kudeatzen dituzten alderdien aldetik.

Gaur, nazioarteko lan osasunaren eguna da. Bada garaia langileon beharrak, langileon osasuna, erdigunean kokatzeko. Igandean mundu osoko langileriak kaleak beteko ditu Maiatzaren Lehenean, langileon eskaera eta aldarrikapenen bozgorailu izango da. Erronka globala da, baina herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Euskal Herrian egin ahal izateko estatu tresnak behar ditugu: Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantza. Burujabetza eskuratu behar dugu, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal izateko. Egin dezagun posible.

Lanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Lan Segurtasun eta Osasunaren Egunean

Prekaritateak langileak hiltzen dituela eta lan heriotzak salatzeko, LAB, ELA, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok manifestazio bana egin dugu Bilbon eta Iruñean, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, eta lore eskaintza banarekin omendu ditugu hildako langileak. LABetik ere Donibane Lohizunen egin dugu elkarretaratzea, Ipar Euskal Herriko zenbait sindikaturekin batera.

Murrizketen eta Covidaren ondorioz lan jarduerak behera egin duen arren, Hego Euskal Herrian lan ezbeharren kopuruak gora egiten jarraitzen du, modu kezkagarrian: 2021ean %10,2ko igoera izan da EAEn eta  %16,7koa Nafarroan. Iaz, gutxienez, 68 langile hil ziren lanean, 48 EAEn eta 20 Nafarroan, eta aurten jada 20 langile hil dira Hego Euskal Herrian, 17 EAEn eta 3 Nafarroan.

Lan gaixotasunei dagokionez, azpi erregistroa salatzen jarraitzen dugu estatistika ofizialetan. Hego Euskal Herrian bakarrik, gutxienez, 17 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako gaixotasunen ondorioz, esaterako.

Mutualitateak eta enpresak dira egoera horren erantzule nagusiak. Prebentzio zerbitzuen eta mutualitateen jardunbide txarren aurrean, baina, erakundeek ez dute behar besteko kontrol eta neurririk hartzen. Giza baliabide gehiago behar dira, bikoiztu behar dira inspektoreak, esaterako.

Horregatik, kaleetan aldarrikatu dugu lanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela, eta prebentzio neurriak bermatu ezean, milaka langilek jarraituko dute behar besteko babesik gabe; bereziki, prekarioen daudenak.

Ertzaintza sindikatuaren eta langileen kontrako tresna moduan ez erabiltzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari

Gaur goizean Ertzaintzak, LAB sindikatuko Eskumaldeko Industria arduradun Aritz Azkona Dominguez jipoitu eta erretenitu du. Egin duen bakarra Irizar Group Taldekoa den Berangoko Alconza enpresan greban dauden langileekin batera kontzentrazio batean parte hartzea izan da. Jipoien ondorioz ospitalera joan behar izan du.

Ertzainek gogor jipoitu eta erretenitu dute, eta gerora aske utzi duten arren, auzibidea irekitzeko mehatxua egin diote. Zorionez ikusi ahal izan diren irudiek argi erakusten dute erasotzaile bakarrak ertzainak izan direla, eta izatekotan hauek izan beharko luketela epaituak.

59 egun daramatzate Alconzako langileak greban. Aste honetan enpresak produkzioari berrekin nahi izan dio. Astelehenetik hasita, Ertzaintzak jarrera erasokorra eta bortitza izan du grebalarien eta elkartasuna adieraztera joan diren herritarren aurka.

LABentzat ez da zorizkoa Azkonari emandako jipoia eta Ertzaintza lan gatazketan edukitzen ari den jarrera. Eusko Jaurlaritza, lan gatazketan enpresarien alde lerratzea nahikoa ez dela konturatu da. Izan ere, Tubacex edo PCB moduko lan gatazketan, kaleratzeak publikoki babestu dituzten arren, langileek ez dute etsi eta borrokan jarraitu dute.Hortaz,Jaurlaritzakerabakidulangatazketanpoliziaerabiltzealangileenkontra .

LAB sindikatuko kideen kontrako isun, mehatxu eta jipoiak ugariak izaten ari dira lan gatazketan, funtsezko eskubideak urratzen ari zaizkie. Konfrontaziozko sindikalismoa da gurea, eta langileen lan eta bizi baldintzen defentsan lehen lerroan egon garela eta egongo garela demostratu dugu, eta patronala zein Eusko Jaurlaritza horren beldur dira.

LABek, borrokan diren langileei elkartasuna adierazteaz gain, Azkonaren kontrakoa erasoa ikertu eta bere kontra auzibiderik ez irekitzea exijitzen dugu. Ertzaintza LABen eta langileen kontrako tresna moduan ez erabiltzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Sindikalismo borrokalariarekin horrela amaitu nahi badute, jai dute. Alconzan kaleratzerik ez!

Greba eguna izan dute Nafarroan; mahai negoziatzailea Gipuzkoan

Borrokan dira Hego Euskal Herriko helduen egoitzetako langileak. Bada, greba eguna izan dute Nafarroan, hitzarmen duin baten defentsan. Bizkaian eta Araban ere daude borrokan, eta, Gipuzkoan, Lan Harremanen Kontseiluan elkarretaratzea egin dugu sindikatuok Donostian. Izan ere, mahai negoziatzailea bildu da bi urte geroago, berriro hitzarmena negoziatzen hasteko, hainbat greba egunen ostean

Donostia Ospitalean mobilizatu gara, kalitatezko osasungintza publiko baten defentsan

Sindikatuok mobilizazioekin jarraitzen dugu, osasungintza publikoaren defentsan. Donostia Ospitalearen aurrean bildu gara oraingoan, Osakidetzaren mahai sektorialaren bilera deituta zegoen egunean; joateari uko egin diogun hitzordua, alegia. Elkarretaratzearen ondoren, ospitaleko sarrera okupatu dugu, eta bertako gerentearekin hitz egin ahal izan dugu.

Hain zuzen ere, sindikatuok iragarri genuen mahai sektorialera ez ginela joango ez bada aldaketarik ematen langileek aldarrikatutako norabidean, eta protestekin jarraituko dugula berretsi genuen. Halaxe egin dugu gaur, Donostia Ospitalaren sarrera okupatuta, langileen aldarriak ozen entzun daitezen.

Bizkaiko garbitzaileen borroka are eta ikusgarriago egin du Gora Garbitzaileak kolektiboak

Hirugarren greba eguna dute Bizkaiko garbitzaileek, lan baldintza duinen defentsan. Bada, LAB eta ESK sindikatuok sustatutako Gora Garbitzaileak kolektiboak itxialdia egin du gauean, Bilboko Alde Zaharreko Hika Ateneoan, grebalarien borrokarekin bat.

Helburua ez da soilik protesta ekintza bat izatea, baizik eta topaketa, hausnarketa eta ahalduntze kolektiborako ekintza bat izatea ere. 12 ordu inguru iraun du itxialdiak eta bertan pasatu dute gaua, asteazkeneko goizeko 08:00ak arte. Ekimenak grebaren sugarrari bizirik eusteko balio izan du, baina baita langileen esperientziak trukatzeko eta kolektiboak aurretik dituen erronkei buruz eztabaidatzeko ere. Gainera, ordu batzuetan zehar baino ez bada ere, emakume hauek garbitzaile, zaintzaile eta etxekoandre izateari utzi diote, lanaldi osoko grebalariak izateko.

Gaurko greba-egun berri bati hasiera eman dioten piketeetara joatea zuten aurreikusita ondoren.

Ekimen hau Gora Garbitzaileak hilabete hauetan sektorearentzako hitzarmen duin baten alde egiten ari den parte da, LAB eta ESK sindikatuen babesarekin. Jakitera eman zuten bezala, hitzarmen duin baten alde borrokatzeko jaio ziren, eta pultsuari eutsiko diote behin betiko sinadura lortu arte.

Bilbon eta Iruñean mobilizatuko gara Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean

Apirilaren 28a Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, eta, urtero bezala, Hego Euskal Herriko kaleetan mobilizatuko gara. Aurten, euskal gehiengo sindikalaren izenean, manifestazioak egingo ditugu Bilbon (11:30, Moyua plaza) eta Iruñean (11:30, autobus geltoki zaharra).

“Egonkortasuna denontzat BAI, segurtasun juridiko falta EZ”

Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin du azaltzeko Ingelesez Ikasteko Programako irakasleak egonkortzeko proposamena. Horren karietara, Irakaskuntzako sindikatuok (LAB, Steilas, ELA eta UGT) elkarretaratzea egin dugu, lelo honekin: “Egonkortasuna denontzat BAI, segurtasun juridiko falta EZ”. 

Sindikatuon oharra:

Nafarroako irakasle funtzionarioen lanpostuak hautatzeari eta betetzeari buruzko foru legearen zirriborroak xede hau du: irakasleen talde bat sortzea (foru funtzionarioak), atzerriko hizkuntzaren eskakizuna dutenak, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren mendean baizik ez daudenak; gainerako irakasle funtzionarioak estatuaren mendekoak dira. Beraz, eginkizun berdinak eta lan-eskubide desberdinak dituzten bi irakasle mota sortuko dituzte.

Hori da Nafarroako administrazioak eta, bereziki, Hezkuntza Departamentuak hogei urtez egindako plangintza negargarriaren ondorioa. Horrenbestez, saiatu dira egiten LEP berezi eta berariazko bat, irakasleen kidegoetara sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuarekin talka egiten duena.

Arras kezkatzen gaitu erabat baztertzailea den foru lege berri honen bidez egonkortze plazetara iristen diren funtzionarioek izan dezaketen ziurgabetasun juridikoak; izan ere, baldintza gisa, Nafarroako eta Estatuko hizkuntza ofizialen gainetik egonen den atzerriko hizkuntzaren titulazioa eskatuko du, eta hori, noski, Konstituzioaren aurkakoa izan daiteke.

Sindikatu garen aldetik, urte asko daramatzagu Hezkuntza Departamentuari eskatzen egiturazko lanpostu guztiak egonkortzeko eta Europako Zuzentaraua betetzeko, bitartekotasuna % 8tik beherakoa izan dadin, hori baita Nafarroako irakaskuntza publikoari benetako kalitatea emateko modua. Hala ere, uste dugu egonkortze hori ezin dela nolanahi gauzatu, gainerako irakasle funtzionarioen araudiak kontuan hartu gabe eta, orobat, gehituz langileen egonkortzea zailtzen duten baldintzak.

Horregatik, sindikatu sinatzaileok eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari egiazko negoziazio bat bideratzea hezkuntza publikoko irakasle guztiak egonkortzeko, eta aipatutako lege proiektua Parlamentuko izapidetik kentzea.