2026-05-05
Blog Page 334

Bideragarritasun plan bat eta enpleguari eustea eskatu dugu Navarra sin Fronteras enpresako langile guztientzat

Navarra Sin Fronteras elkarteko zuzendaritzak Enpresa Batzordeari jakinarazi dio enpresaren berehalako itxiera. Horretarako, ehunka mila euro alegatzen ditu 2020tik aurrerako galeretan. LAB sindikatuak 9 ordezkaritik 7 ditu Batzordean, eta enpresari bideragarritasun-plana eskatu dio, baina ixteko erabakia irmoa dela jakinarazi zaio. LABek gizarte-zerbitzuak publifikatzearen alde egiten jarraitzen du, ez dago prest enplegua suntsitzeko, eta, lehen protesta gisa, bihar 12:30ean kontzentratuko da Nafarroako Parlamentuaren aitzinean.

Navarra Sin Fronteras elkartea enpresa pribatu bat da, 150 pertsona inguru enplegatzen ditu eta, bertzeak bertze, egoera zaurgarrian dauden pertsonei arreta emateko Administrazioak azpikontrataturiko funtsezko gizarte-zerbitzuak kudeatzen ditu, baita Albernia Enplegu Zentro Berezia ere, desgaitasunen bat duten pertsonei lana ematen diena.

Zuzendaritzak itxieraren berri eman dio Enpresa Batzordeari, eta adierazi du azken urteotan galera ekonomikoak izan dituela. Zehazki, 237.000 € 2021ean eta bertze 216.000 € 2020an; 2022rako, berriz, 500.000 €-ko galera aurreikusi du. LAB sindikatuak ez du ulertzen ahal nola iritsi den enpresa puntu horretara; izan ere, zuzendaritzak ez daki azaltzen arazoaren arrazoi zehatzak. Alegatu dute Administrazioak ez duela nahikoa finantzatu, baina hori ulertzen zaila da, batik bat bertze enpresa batzuk antzeko zerbitzuak inolako arazorik gabe kudeatzen ari direlako.

Milioi askoko galerak izan dira urtetik urtera, eta ez da ikusi egiazko kezkarik edo jarrera proaktiborik, ezta erabaki horren berri emateko eta plantillari aurpegia emateko ere; komunikazioaren erantzukizuna baliabideak kudeatzen dituzten koordinatzaile eta arduradunen esku utzi dute. Ulertezina da.

LABek bideragarritasun-plan bat eskatu du, eta zuzendaritzak erantzun du erabakia irmo hartua dela: enpresak ateak itxiko ditu, baina ez dakite noiz. Administrazio kontratatzaileei jakinarazi diete uko egiten diotela kudeatzen jarraitzeari, eta zerbitzuen kudeaketan eskualdaketa egitea planteatzen dutela.

Nafarroako Gobernuak LAB sindikatuari jakinarazi dio bere asmoa dela kudeaketa ahalik eta azkarren eskualdatzea eta plantilla subrogatzea. Arazoa da plantilla osoa ez dagoela baldintza-agirietara atxikita eta, beraz, langile guztiak ezin direla subrogatu; horregatik, baliteke angile batzuek lana galtzea. Horren aurrean, sindikatu honen aldarrikapena argia da: langileek ez dute arazo hau sortu eta ez dute egoera honen galtzaile izan behar; horregatik, ez dugu onartuko enplegua suntsitzea.

LAB sindikatuak jarraitzen du pentsatzen publifikazioaren alde egin behar dela behingoz eta betiko, modu serio, irmo eta ausartean. Funtsezko gizarte-zerbitzuen kudeaketa pribatizatuz horrelako egoerak gerta daitezen laguntzen baita. Gizarteak kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditu, esku eta interes pribatuen kudeaketatik kanpo. Alde horretatik, LABek bihar, irailaren 13an, elkarretaratzea eginen du 12:30ean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, pribatizazio horiek guztiak bukatzeko eskatzeko.

Autonomoak ezin dira babesik gabe utzi

Irailaren 10ean altueretatik eroritako 44 urteko langilea hil da, zauri larrien ondorioz. LAB sindikatutik gure samina eta gertutasuna eskeini nahi diegu senide, lagun eta gertukoei.

Iturengo etxe bateko horman toldo bat jartzen ari zen langile autonomoa, eta baimendutako altuera bikoiztuz eskuko eskilara bat erabiliaz ari zelarik erorita gertatu zen ezbeharra. Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.   

57 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko, 14 Nafarroan. 8. hildakoa altueretatik erorita. Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Kasu honetan, gainera, langilea autonomoa izanda, lan osasuneko araudiak ez du babesten. Nola liteke autonomoek babes hori ez izatea? Zerk bultzatzen du langile bat beharrezkoak ez diren arriskuak hartu behar izatea, hauek ezagututa ere?

Honekin dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari autonomoak ere babesteko beharrezkoak diren neurriak har ditzan, lan osasuneko protokoloetan langile hauek ere barnebildu ditzan. Autonomoak ezin dira babesik gabe utzi. Lan osasuna bermatzeko, har daitezen neurriak behingoz!

Nafarroako Gobernuari exijitu diogu behar diren neurri guztiak ezartzeko emakume langileen aurkako arrisku-egoera oro saihesteko

Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Vianako Printzea kontsulten zentroan egindako elkarretaratzean parte hartu dugu gaur, Osasunbidean gertatutako azken eraso matxista salatzeko.

Joan den astean, Osasunbideko langile batek (Arcasa enpresaren bidez kontratatua zegoen) sexu erasoa jasan zuen. Hori dela eta, dozenaka lagun bildu dira gaur langileari elkartasuna adierazteko eta, aldi berean, indarkeria matxistak berekin dakarren giza eskubideen zapalketa larria salatzeko.

Elkarretaratzea Vianako Printzea kontsulten zentroaren aurrean izan da, eta bertan LABeko ordezkari askok parte hartu dute. LAB sindikatuak emakumeen eta langileen aurkako indarkeria-ekintza guztiak irmoki gaitzesteaz gain, azpimarratu du kasu honetan erasoa are larriagoa dela, “plantillako langile gehienak emakumezkoak direlako”. Horregatik, LABeko ordezkariek Nafarroako Gobernuari exijitu diote “behar diren neurri guztiak ezar ditzala Nafarroako emakume langileen aurkako arrisku-egoera oro saihesteko”.

Gurekin egitekoa zuen bilerara ez da joan Idoia Mendia

LAB sindikatua, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta zuzendaritzako kide Oihana Lopetegi eta Endika Perezen eskutik, alde biko bilera egitekoa zen gaur Idoia Mendia sailburuarekin. Bilera hori ez da gauzatu, Mendia andreak agenda arazoak argudiatuz, parte hartzeari uko egin baitio azken unean.

Enplegu eta Lan Saileko beste ordezkari batzuk izan dira LABeko kideak hartu dituztenak, eta haiek, bileran bertan eman diete huts egitearen berri LABeko ordezkariei, sindikatuaren harridura eta haserrerako.

Seriotasun falta eta arinkeria honen aurrean, gertatuak agerian uzten du Mendia andreak gaurkoan argazki soil bat besterik ez zuela bilatzen. LAB ez dago argazki hutsaletarako, langileok behar ditugun proposamenak eztabaidatu eta borrokatzeko baizik.

Gaurko bilera ez du ontzat ematen sindikatuak eta hitzordu berri bat eskatuko du Mendiarekin. Bilera data berria izango denerako proposamenak prest ditu LABek.

Langile bat hil da karretilaz harrapatuta Olaztin, urteko 55. lan heriotza

Eguerdian Olaztiko Camentos Portland Valderribas enpresan langile bat hil da lan istripu batean. 55 urteko langilea zamak eramateko karretila baten harrapatu du momentuz ezagutzen ez diren baldintzetan. 2022ko 55. hildakoa Euskal Herrian eta Nafarroako 12.a, odol isuriak ez du etenik.

Beste laneko heriotza bat, beste famili bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.

Ezagunak dira karretilen erabilpenak sortzen dituen arriskuak eta ezagunagoak arrisku hauek saihesteko ezarri beharreko neurriak. Salatu dugu azken asteotan lan osasunerako txostenak egin bai, baina bertan adierazitako neurriak ez direla aplikatzen. Ezaguna da lantokietako pasabideek margoturik egon behar dutela oinezkoen eta ibilgailuen arteko harrapaketak ekiditeko.  

Ezberdindurik al zeuden? Arau berdinak arautzen du ere beharrezko seinalizazioa eta argitasunaren intentsitatea. Ba al zegoen nahikoa argi? Behar bezala mantendurik dago karretila? Jaso al dute langileek beharrezko formakuntza? Ba al dago lantokian, arrisku altuko aktibitatea izanik, errekurtso prebentiboa dena ikuskatzen? Pasa al dute langileek behar den bezalako lan osasun zaintza? Faktore guzti hauen edo batzuen huts egiteak eragin du langilearen heriotza. Guzti horien kontrola enpresariarena da, beti.

Zergatik ematen da egoera hau? Patronalari merkea ateratzen zaiolako langile baten heriotza eta hauek sortzen duten presio eta segurtasun ezez baliatzen da mozkinak handitzeko. Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik. Patronalaren jokaera hau ahalbidetzeko ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuaren onespena. Izan ere, patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du. Erabaki politiko bat dago honen atzean, azken instantzian Maria Chiviteren erabaki politikoa.

Honela, dei egiten dugu datozen orduetan gehiengo sindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzera, bai senide eta lagunei babesa eskaintzeko eta bai behingoz neurriak har daitezen aldarrikatzeko.

SEAk beste aukera bat galdu du negoziazioa bideratzeko; grebara goaz Arabako metalgintzan

Gaur, irailaren 8an, berriro ere Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea batu da, intersindikalak irailaren 21, 22 eta 23 eguntarako deituta dauden greba egunen aurretik.

Mugimenduak egon diren arren, beti bezala txikiak izan dira. Behin eta berriro errepikatuko dugu SEAk sektoreko grebak ekidin nahi baditu, edukiak ekarri beharko dituela mahaira. Gaur gaurkoz, eta bileretan 4 urte badaramazkigu ere, oraindik ere lan orduen jaitsiera ez dago mahai gainean, Hego Euskal Herriko altuena izan arren. KPIa bera ere ez dago bermatuta hitzarmenaren indarraldiaren bitartean.

Horrenbestez LABen borrokari eutsi behar diogula uste dugu. Bai gure kabuz eta baita intersindikaleko gainontzeko sindikatuekin batera ere dinamikak garatzen jarraituko dugu Arabako metalgintzako langileek behar eta merezi duten hitzarmena posible egin arte. Besteak beste, asteleheanean, irailaren 12an, LABen delegatuen asanblada egingo dugu eta gero, gainontzeko sindikatuekin batera Lakuan Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea burutuko dugu 12:00etan, instituzioen ardura handia delako gai honetan, eta asko egin dezaketelako, adibidez, sektore publikoan kontratatuta dauden metaleko langileen subrogazioa bermatzea.

Inoiz baino gehiago, orain borrokarako garaia da. Soilik sektore mobilizatuak lortuko duelako eros ahalmena galduko ez duen, jardunaldia murriztuko duen, bajen osagarriak hobetuko dituen, subrogazioa bermatuko duen edota berdintasunean aurrera egingo duen hitzarmena. Mahai negoziatzailean hurrengo bilera irailaren 19an egingo da, greben bezperetan.

Garbiñe Aranburu: “Langileei ezin zaigu esfortzu gehiago eskatu”

LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu Hamaika Telebistan izan da, aktualitateari buruz hitz egiteko. Hainbat gai izan ditu hizpide elkarrizketan, eta, bertan, besteak beste, berretsi du sindikatua ez dela egongo langileen eros ahalmena bermatuko ez duen inolako errenta itunetan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “langileei ezin zaigu esfortzu gehiago eskatu. 2011tik langileek eros ahalmenean 6.000 euroko galera izan dugu”. Hala, aberastasunaren bidezko banaketaren eztabaidari ezinbestean ekin behar zaiola nabarmendu du.

Superberriak-eko zuzendaritzak langile guztientzako eta denda guztietarako EEEa jakinarazi du

Joan den abuztuaren 30ean, Superberriak-eko zuzendaritzak premiazko bilera bat egiteko deia egin zigun. Bilera horretan, langile guztientzako Enplegu-Erregulazioko Es- pedientea eta denda guztien itxiera jakinarazi zizkiguten.

Enpresak formalki irailaren 7an kontsulta-aldia hasiko dela jakinarazten digu; izan ere, bere asmoa da Superberriak SLko dendetako langile guztientzat, Amurrioko, Laudioko, Ugaoko eta Bilboko Alde Zaharreko BM Shop dendetako 70 langileentzat enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztea. Lau denda horiez gain, Roxima 2020 S.L. enpresarentzako, hau da, Barakaldoko BM Shop dendarentzako eta Grupo Basele S.L. enpresarentzako enplegu-erregulazioko espedientearen berri ere eman ziguten.

Beraz, gaur hilak 7, hasiko da kontsulta-aldia, eta bertan, Superberriak-eko zuzendaritzak enpresaren egoerari eta Enplegu-Erregulazioko Espedienteari buruzko hainbat agiri eman beharko dizkie langileen ordezkariei.

Ez dugu ulertzen hain oldarkor eta presazko erabaki hau; izan ere, joan den uztailaren bukaeran, bi aldeek bilera eta negoziazioak adostu genituen irailaren erdialderako edo amaierarako; eta bestetik urtebete eta hilabete gutxi pasa dira, Superberriak-eko zu- zendaritzak BM taldera bere denda guztiak frankizia gisa aldatu zituenetik.

LAB Superberriak-eko ordezkari guztiekin eta langile guztiekin lanean hasi da, prozesu honi ahalik eta modu egokienean erantzuteko eta aurre egiteko.

Goiz da xehetasun gehiago emateko, baina argi dago ez dugula etsiko erabaki horren aurrean, eta baliabide, mekanismo eta ekimen sindikal guztiak martxan jarriko ditugu, lanpostuak defendatzeko eta enplegu-erregulazioko espedientea geldiarazteko.

Polonian bidegabe atxilotutako Pablo Gonzalez kazetariari elkartasuna erakutsi diogu hainbat sindikatuk

Sindikatu sinatzaileak:

Alternativa Sindical de Clase, ASC

Central Unitaria de Trabajadoras CUT Galiza

Colectivo Unitario de Trabajadores CUT Aragón

Comisiones Obreras, CCOO

Confederación Intersindical

Confederación Intersindical Galega, CIG

Confederación Nacional del Trabajo CNT

Confederación Sindical Solidaridad Obrera

Coordinadora Obrera Sindical COS Països Catalans

Corrientes Sindical de Izquierda, CSI Asturies

ELA Sindikatua Euskal Herria

ESK Sindikatua Euskal Herria

Intersindical Alternativa de Catalunya, IAC

Intersindical Canaria

Intersindical Catalana

Intersindical Valenciana

LAB Sindikatua Euskal Herria

Organización Sindical de Trabajadores de Aragón OSTA

Plataforma Sindicat EMT

Unión General de Trabajadores UGT

Unión Sindical Obrera, USO

Sindicato 25 De Marzo de Extremadura

Sindicato Andaluz de Trabajadores SAT Andalucia

Sindicato Asambleario de la Sanidad SAS

Sindicato CO.BAS

STEI Balears 

STEILAS Euskal Herria

Sindikatuon adierazpena:

Pablo Gonzalez euskal kazetaria, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren ondorioen berri ematen ari zela, Polonian atxilotua izan zen otsailaren 28an, Errusiako inteligentzia militarrarentzat jarduerak egitea egotzita. Atxiloketa honen ondorioz, hamar urtetako espetxe zigorra jaso dezake.

Pasa den Abuztuaren 23an, Rzeszówko Apelazio Auzitegiak, Pablo Gonzalezen abokatuak euskal kazetariaren atxiloketa beste hiru hilabetez luzatzeko erabakiaren aurka Polonian jarritako errekurtsoa atzera bota zuen.

Gaur egun praktikan inkomunikatuta jarraitzen du. Familiak kartzelan bisitatzeko baimena eskatu du, baino oraingoz ez du erantzun ofizialik jaso, eta sei hilabete hauetan telefono bidezko kontakturik izateko baimenik ere ez dute izan. Atxilotua izan zenetik, soilik bost eskutitz jaso ahal izan ditu, eta denak atzerapen handiarekin. Oraingoz kontaktu bakarra bere abokatuarekin eta Espainiar Estatuko kontsularekin izan du soilik.

Idatzi hau sinatzen dugun sindikatuok, Europako nahiz Nazioarteko Kazetarien Federazioak eta Nazioarteko Prentsa Institutuak adierazi zuten bezala, Pablo Gonzalez kazetariaren egoerarekin biziki larrituta gaude; egunetik egunera gero eta larriagoa bilakatzen ari den egoera anti-demokratiko eta bidegabe bat dela uste dugulako. 

Aipaturiko guztiagatik, sinatzaile garen sindikatuok, kargu gabe eta berehala Pablo González aska dezatela exijitzen diegu Poloniako agintariei. Inolako frogarik gabe, eta modu hain arbitrarioan estatu batek kazetari bat atxilotzea onartezina dela deritzogu. Prentsa askatasunaren eta demokraziaren kontrako eraso bat da, eta hortaz, Espainiar Estatuari eta Europar Batasunari, bidegabekeria honekin amaitzeko beraien eskuetan dagoen guztia egitea exijitzen diegu.