2026-01-22
Blog Page 332

Larunbatean Donostian egingo den “Euskara aurrera” manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu

Langileok ere “Euskara aurrera!” esateko ordua da. LABek larunbatean Donostian egingo den “Euskara aurrera” manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. Mobilizazioa 17:30ean hasiko da Antiguoko tuneletik eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa buru duen sindikatuko ordezkaritza zabal batek ere bertan parte hartuko du.

Gazteek ahotsa altxatu dute. Euskaraz egin nahi eta ezin. Euskaraz bizi nahi eta trabak edonon. Aisialdirik ez euskaraz, euskarazko edukirik ez pantailetan, egunerokoan euskaraz aritzeko oztopoak… Berreuskalduntze politikak ez dira espero zen fruitua ematen ari eta horretaz aski dakite gazteek, politika horien muinean hazitakoak baitira asko. Ageriko kontua da aspalditik. Baita politika horien erantzule direnen begietara ere. Eta zer esan euskara guztiz diskriminaturik eta isildurik dagoen zonaldeetako egoeraz!

Behin eta berriro esan dugu euskaraz bizi nahi dugula. Behin eta berriro altxatu dugu ahotsa: ez dago euskaraz bizitzerik, lan mundua euskalduntzen ez bada. Euskaldunon eskubide linguistikoak sistematikoki zapaltzen diren eremua da lan mundua. Hala ere, euskararen alde argazkiak ateratzen dituzten berberak dira bidegabekeria honekin amaitu nahi ez dutenak. Patronalak balizko euskara planen inguruan hitz egiten hasteko mahaian jesartze hutsari ere ezetza eman dio.

Eta gobernu eta administrazioak ez dira atzean gelditzen. Batzuek alboz jartzea arte bihurtu dute, dena boluntarismoaren esku utzita. Baina ez dago aurrera egiterik neurri eta erabaki eraginkor eta ausartik hartzen ez bada. Eta jakin badakite. Ezin dugu ahaztu ere Euskal Herriko punta batetik bestera pairatzen ari garen oldarraldi judiziala, inboluzio legal batean gaude.

Hala ere, hainbat eta hainbat gure hizkuntzak atzera egiteko ahaleginetan tematzen diren bitartean, guk “Euskara aurrera!” ozen aldarrikatzen dugu, egunero, nork bere eremutik. Larunbateko manifestazioan aho batez oihukatuko dugun bezala. Euskaraz bizitzeko determinazio osoa daukan komunitatea gara, erasoak eraso eta oztopoak oztopo, mendeetan aurrera egitea lortu duen komunitatea eta amore emateko prest ez dagoena.

Grebara deitu dugu maiatzaren 30ean Bizkaiko egoitzetan, sektore publikoarekiko ekiparazioa eta langile gehiago eskatzeko

Sektorean egindako aurreko hiru greba-egunen ondoren, egoerak ez du hobera egin. LABek Bizkaiko Foru Aldundiari egindako interpelazioek ez dute erantzunik jaso.

Azken hilabete honetan, LABek Batzar Nagusietan parte hartu du sektorearen egoera larria azaltzeko. Era berean, bilera bat izan genuen Asier Alustiza, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Pertsonen Autonomia Sustatzeko zuzendari nagusiarekin. Bilera honetan, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aktiboki parte hartzeko eskatu genion Aldundiari. Aldundiak diru publikoa bideratzen du enpresa pribatuetara, eta horregatik, langileen lan-baldintzen ardura izan behar dute.

Greba-egun berri honekin, 5.000 langileri eragiten dien gatazka honetan Aldundiaren pasibotasuna eta inplikaziorik eza salatuko ditugu. Aldundiak sektoreko langileekin erakutsitako hitz hutsak eta enpatia falta ere salatuko ditugu. Laugarren greba egun honekin sektorearentzako gure aldarrikapen nagusiak defendatzen jarraituko dugu: parekatzea eta ratio duinak.

Premiazkoa da sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzea, eta horregatik, sektoreko langile guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu.

Sindikatuak berriro altxatu gara osasungintzako mahai sektorialetik, edukirik eza eta Osakidetzaren jarrera inposatzailea ikusita

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua:

Osasuneko Mahai Sektorialeko kide garen sindikatuok kapitulu berri bat bizi izan dugu gaurkoan, edukirik ez daukan foro horren historian.

Hori dela eta, edukirik ez daukalako, pasa den urtarrilean mahaitik altxatu ginen, eta salatu genuen informazio foro baten aurrean gaudela, ez negoziazio esparru batean, eta gainera, Osakidetzak ez dituela errespetatzen lortzen diren akordio apurrak.

Gogora dezagun pasa den astean Eusko Jaurlaritzak iragarri zuela Gobernu Kontseiluak onartu zuela, joan den uztailean Mahaiko kide batzuen abala jaso zuen Garapen Profesionalerako aparteko deialdia. Iragarpen horren ondoren, Osakidetzak aparteko Mahai bat deitu du gaurko. Mahai horrek bi puntu zituen gai-zerrendan: garapen profesionala eta Basurtuko Bihotz-kirurgia.

Harrigarria bada ere, eta berriro ere bere fede txarra eta negoziatzeko borondate eza erakutsiz eta propagandaren bidean sakonduz, Osakidetzak adierazi digu ez dakiela noiz jarriko duen martxan pendiente dagoen deialdia. Era berean, eta deialdian izandako atzerapenaren ondorioz, osagarri hori kobratu zezaketen pertsona batzuk kanpoan gera zitezkeela ikusita, Osakidetzak adierazi du “batzuk kanpoan geratuko direla eta beste batzuk sartuko direla”. Horrelako planteamenduak onartezinak dira eta argi erakusten digute Osakidetzak langileekiko daukan errespetu falta.

Gogora dezagun uztailean sinatu zen akordio baten aurrean gaudela, eta iazko abenduaren 31n gauzatu behar zela. Osakdietzak 6 hilabete daramatza bete gabe, eta gaur adierazitakoa ikusita, oraingoz, bete gabe jarraituko du. Soldata-murrizketa hau 2012tik dago indarrean.

Osasun Sailak sinatutakoari ematen dion balio ezaren adibide ona da hau. Osakidetzak, alde bakarrez, edukirik gabe uzten ditu akordio hauek hala komeni zaionean.

Egoera hori ikusita, Mahaian gauden sindikatu guztiok bilera uztea erabaki dugu.

Hori gutxi balitz, azpimarratu eta salatu nahi dugu Osakidetzak ez dituela sartu gaurko bileraren gai-zerrendan, behin ta berriz mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak. Aldarrikapen horien inguruan hainbat greba-egun deitu ditugu sindikatuok, azkena astelehen honetan.

Lakuan mobilizatu gara, Hezkuntza Sailaren aldebakarreko jokabidea salatzeko

Ikastetxeen egunerokoa baldintzatuko duten erabakiak hartzerako orduan Hezkuntza Sailak izan duen aldebakarreko jokabidea salatu dugu LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.

Ikastetxeen egonkortasuna bermatzeko estabilizazio-prozesuak ezinbestekoak dira. Eta akordioen bidez adostu nahi diren bestelako lan baldintzen gaineko erabakiak hartzeko, negoziazioa beharrezkoa da. Halaxe salatu dugu gaurko mobilizazioan. Horrez gain, lan zama arintzeko neurri gehiago ezarri ditzan exijitu diogu Hezkuntza Sailari.

Mobilizatzea ezinbesteko deritzogu irakasleon lan-baldintzetan eragin zuzena izango duten neurrien aurrean.

Irizar E-Mobility-ko garaipenaren ostean, gazte prekaritatea borrokatzeko tresna izateko konpromisoa berretsi dugu #LortuDugu

Irizar E-Mobilityko enpresa batzordean 9 ordezkaritik 8 dira LABekoak. Sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo LABeko ordezkariekin batera azaldu da prentsaurrean, akordioaren edukien berri eman, jasotako babesa eskertu eta gazte prekaritatearen aurka borroka sindikal gehiago pizteko apustua adierazteko.

22 greba egun ostean, Irizar E-Mobilityko langileek onura garrantzitsuak dakartzan akordioa lortu dute enpresarekin. Langileen determinazioa eta batasuna, egindako greba aktiboa nahiz inguruko eskualdeen elkartasuna, funtsezkoak izan dira horretarako. Hona hemen akordioaren edukiak:

-Promozio prozedurak objektiboak eta automatikoak izatea lortu da, lan berdinak soldata berdina izango duela bermatuz.

-Malgutasuna nabarmen mugatu da.

-Kontzialiazioan hobekuntzak lortu dira.

-Txandakako plusa ezartzea lortu da.

-Lan osasunean konpromisoak lortu dira.

-Soldata igoera garrantzitsuak lortu dira, KPItik gorakoak 3 urterako.

-Bidaietarako baldintzak hobetu eta berdindu dira.

Egindako borroka balioan jartzearekin batera, Irizar Taldean irekita dagoen beste auzia konpontzeko deia egin diote E-Mobilityko langileek Irizarreko zuzendaritzari, Alconzan planteatutako 25 kaleratzeak bertan behera utziz.

Baina gainera, E-Mobilityko borrokak gazte prekaritatearen auzia agerian utzi duela nabarmendu du LABek. Izan ere, bataz besteko adina 27 urtekoa izanda, langile hauen lan baldintzak zegokiena baino kaskarragoak ziren, grebari ekin aurretik. Emakumeen edota langile migranteen kasuan bezala, gazteen kasuan ere lan baldintzetan arrakala nabarmena ematen dela argi dago:

-25 urte azpiko langabezia tasa %28koa da.

-25 urte azpiko gazteek, urtean 13.000 euro gordin baino ez dituzte jasotzen, batazbesteko soldata bainokasik 16.000 euro gutxiago. 10 urtetan, arrakala hau %63 hazi da.

-Emakume gazteen kasuan, adinaren araberako arrakalari sexuaren araberakoa gehitzen zaio. Izan ere, 25urte azpiko emakumeek adin bereko gizonezkoek baino %14 soldata baxuagoak dituzte.

Gazte prekaritatea, lan esku merkean oinarritutako eredu ekonomiko baten ondorioetako bat da. Patronalak estrategia desberdinak erabiltzen ditu etekinak areagotzeko: azpikontratazioa, soldata eskala bikoitza, kontratu partzialak, kaleratze merkea, uberizazioa, ABLEak…

Marko legala da Patronalari trikimailu hauek erabiltzea errazten diotena. 80ko hamarkadatik hona Patronalari mesede egiteko hamaika neurri hartu dira lan erreforma bakoitzean. Azken kolpea, PPren lan erreforma izan zen eta Espainiako Gobernuak eutsi egin dio erreforma horren osagai nagusiei, hala nola, estatalizazioa eta kaleratze merkea.

Egoera hau iraultzeko antolakuntza eta borroka sindikala egitea ezinbestekoa da, Irizar E-Mobilityn egin duten bezala. Kasu honetan, langileak LABekin antolatu eta grebara jotzea erabaki dute, enplegu duina bermatuko duen lan ituna lortu arte. Ez da nolanahiko greba izan, gainera: greba zabal eta aktiboa izan da, lantegitik harago zabaldu dena, elkartasuna bilatu duena, gazte esparruan aliantzak bilatu eta aurkitu dituena. Irizarren borrokatu duten langileek, nagusiki gazteak, argi utzi dute, ez daudela prest bizi osorako prekaritatera kondenatu nahi dituen lan harreman eredu hau ontzat emateko. Horregatik, beraien borroka eredu bilakatu da gazte askorentzat. Horrelako borrokak eta horrelako grebak sustatu nahi ditu LABek abian den borroka ziklo berri honetan.

Ildo honetan, kontutan hartu beharra dago antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak ez direla berberak lantokiz lantoki eta eremuz eremu: fabrika batean, ostatu batean, riderren gisa edota etxeko langile gisa. LAB eredu sindikala egoera berrietara egokitzen ari da, birpentsatzeko ariketa etengabea eginez. Gauzak horrela, eremu bakoitzari egokitutako antolakuntza eta borroka eskaintza egitea da LABen konpromisoa. Beti egoera bakoitzari egokituriko borroka molde eranginkorrenak bilatuz. Adunako lantegi batean enpresako itunaren alde egindako borroka honetan bezala, praktiketan ari diren ikasleen eskubideak bermatzeko, riderren harreman laborala aitortzeko edota etxeko langileen lehen hitzarmena ezartzeko borroka egingo du LABek, gazte prekaritateari muga jarri eta enplegu duinaren alde urratsak emateko.

Borroka laboralak sustatzearekin batera, LABek berretsi egiten du Euskal Herriko instituzioetatik egiturazko neurriak hartzeko beharra. Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propio bat eraiki beharra dago, gazte prekaritatea eta oro har lan esplotazioa gure herritik ezabatu ahal izateko.

Arabako metalgintzak argi esan dio SEA patronalari nahikoa dela eta hitzarmen duin bat behar duela orain

Gaur Arabako metalgintzako lehenengo greba eguna izan da, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok deituta, eta oso jarraipen garrantzitsua izan du enpresa handi zein txikietan. Horrekin, sektoreak mezu argia helarazi dio SEA patronalari: Nahikoa da, hitzarmen duin bat orain! Eguerdiko manifestaldian ere, milaka eta milaka pertsonek parte hartu dute, egun historiko honen isla moduan.

Gogorarazi nahi dugu, apirilaren 8an 5 sindikatuk deitutako lanuztea lehenego pausua izan zela langileen aktibazioan eta erraztu egin zuela orain greben fasean sartzea, gaur hasi dena, modu ezin hobean gainera. Izan ere, Arabako metalgintzako langileak grebara deituta zeuden eta LABen ustez jarraipena oso garrantzitsua izan da:

Grebak eragin handia izan du enpresa handienetan: Mercedeseko produkzioa ohikoaren 1/3 bat izan da gutxi- gorabehera, SIDENORreko sekzio batzuk produkziorik gabe egon dira, TUBOS REUNIDOSen bezala, AERNNOVAn ere nabaria izan da sekzio batzuetan eta TUBACEXen produkzioa geldirik egon da. Mercedesi dagokionez, salatu nahi dugu enpresak ez diela sartzen utzi greba komiteko kideei, grebarako eskubidea urratuz. Hori dela eta, sindikatuok salatu egingo dugu gertaera hau.

Gainontzeko enpresetako askotan, ertainak eta txikiak, jarraipena masiboa izan da : Ferrovial Servicios (Michelin), Condesa Fabril, SDA Factory, Alestis, TLAn, Talleres Legutiano, Elecnor, Talleres Betoño, Laminaciones Arregui – Urbina, Detesa,…

Esan dezakegu egun historikoa izan dela Arabako metalgintzan, sektoreak masiboki egin duela bat grebarekin eta milaka eta milaka lagunek parte hartu dutela eguerdiko manifestaldian. Gasteizko manifestazio jendetsuenen pareko izan da gaurkoa, SEAren sasi-datu tamalgarriak agerian utziz. Orain, pilota bere teilatuan dago berriro, sektoreak aldarrikapenekin bat egin baitu aktiboki:

  •  Soldata igoera duinak, langileen erosahalmenari eutsi ahal izateko eta bajan egonda soldata ez galtzeko.
  •  Lanaldia jaitsi eta bestelako neurriak, baimenetan eta abar, pertsonak erdigunean jartzeko eta zaintza laneiheltzeko, kontziliazioa eta erantzukidetasuna erraztuz.
  •  Prekaritatearekin amaitzea: subrogazio eraginkorra azpikontratetan, ABLEei eta ebentualitateari mugakjartzea,…
  •  Neurri eraginkorrak berdintasun errealari begira, emakumeen eta beste kolektibo batzuendiskriminazioarekin bukatzeko.
  •  Neurri eraginkorrak lan osasunean, sektorean urtero ia 2.000 lan istripu baitaude.

Horregatik, SEA patronalak konpromiso irmoak hartu behar ditu, inmobilismoa alde batera utzita eta sektoreak dituen arazoei erantzungo duen hitzarmen bat adosteko. Edonola ere, SEAk jarrera arduragabea mantentzen duen bitartean sektoreak borrokan jarraituko du eta hurrengo astean beste 2 greba egun deituta daude, maiatzaren 24 eta 26an. LABek deialdi horietan, gaur bezala, langileak modu masiboan parte hartzera deitzen ditu, borrokaren bidez lortuko baitugu metalgintzako hitzarmen duin bat.

Garbiñe Aranburu: “Zuzendaritza eredu parte hartzaileago baten aldeko apustua egin dugu”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak aktualitateko gaiei buruz hitz egin du Bizkaia Irratian, eta, aldi berean, ekainaren 16 eta 17an Baiona-Miarritzen egingo dugun Biltzar Nagusia izan du hizpide. Hain zuzen ere, X. Biltzar Nagusira bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugula adierazi du, idazkari nagusi baten ordez.

Aldaketa sindikalgintza feminista eta gertuago baten aldeko apustuan kokatu du Garbiñe Aranburuk: “Zuzendaritza eredu parte hartzaileago baten aldeko apustua egin dugu”

Laneko osasuna zentzu integralean ulertu gabe, hilekoaren minagatiko bajaren neurria anekdotikoa bihur daiteke

Neurri hori jasotzen duen testu zehatzaren zain, eta komunikabideen bidez zabaldu den informazioan oinarrituta, LABek honako irakurketa hau egin du. Lege-aurreproiektuaren behin betiko testua argitaratzen denean, azterketan sakontzen jarraituko dugu.

LAB sindikatuak positiboki baloratzen du Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legearen erreformaren zirriborroan eta haurdunaldiaren borondatezko etetearen zirriborroan jasotako hilekoaren minagatiko bajarekin lotutako neurria.

Lorpen hau, Mugimendu Feministaren urteetako borrokaren eta emakumeon bizitzak, gorputzak eta osasuna lehen planoan jartzearen emaitza dela uste dugu. Emakumeon lan merkaturatzea beti izan da zaila eta oztopoz betea, gizonen neurrira diseinatuta dagoelako; hau da, lan merkatua androzentrikoa da, heteropatriarkala eta kapitalista izateaz gain, eta elementu horiek guztiek gure jarduera bertan guztiz baldintzatzen dute.

Hilekoagatiko ezintasun berezia izateak, azkenean, baldintza egokietan ez bagaude lanera ez joateko eskubidea aitortzea dakar. Osasunaren aurrean presentzialismoa lehenestea izan da orain arte gai honetan ezarri den irizpidea, eta neurri horrek joera hori aldatzea ekarriko luke.

Bestetik, neurri hau emakumeen gorputzen zikloak desestigmatizatzeko eta normalizatzeko aukera gisa ere ikusten dugu, ulertuta hilerokoa ez dela gaixotasun bat, ezta ere lotsatzeko edo ezkutatzeko arrazoi bat.

Era berean, neurri honen trataerari buruzko zalantza batzuk ditugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu eskubide gisa aitortua izatea; horretarako, beste gauzen artean, ziurtatu beharra dago neurri horrek ez duela emakumeen diskriminaziorik ekarriko kontratatazio garaian, kontratuak berritzerakoan, lan-karrera sustatzeako garaian, etab.

Ez dugu nahi egoera honek gure gorputzen gaineko kontrol gehiago ekartzeak edo gehiegizko medikalizazioa bultzatzea, ezta artatzen gaituen medikuaren borondatearen mende geratzea ere.

Gure ustez, baimen horrek ezin du absentismo-tasa orokorretan gaixotasunagatiko baja gisa kontabilizatu, ezta generoaren arabera bereizitako aldi baterako ezintasun estatistiketan ere. Hilekoa ez da gaixotasun bat, ezta haurdunaldia ere; beraz, gure gorputzetako zikloetan ematen diren aldaketek erabat normalak diren prozesu fisiologiko gisara tratatuak izan behar dute.

Baja horrek, estatuak ekonomikoki estalita egoteaz gain, ezin du ekarri arrazoi horrengatik egin gabe geratzen diren lanak baimen hori behar duten pertsonentzako lan karga bilakatzea. Alegia, baja horiek betetzeko behar diren mekanismoak bilatu beharko dira, edo, bestela, lana behar bezala antolatu, inorentzat eguneroko lan karga handitu ez dadin.

Nolanahi ere, oso urrun gaude oraindik lantoki osasungarriak lortzetik eta emakumeon osasunaren berezitasunak kontuan hartzetik. Sektore feminizatuetako gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuta eta ez dira kontuan hartzen; bai zeregin errepikakorrekin eta karga-zereginekin lotutakoak sistema muskulo-eskeletikoan eragin zuzenak dutenak, bai eta aitortu gabeko zaintza lanei lotutako arrisku psikosozial guztiak, osagai emozional oso altuak dituztenak. Noiz iritsiko da lan-osasuna ikuspegi feminista batetik ulertzeko unea? Laneko osasuna zentzu integralean ulertu gabe, neurri hori anekdotikoa bihur daiteke.

X. Biltzar Nagusirako komite exekutiborako hautagaitza aurkeztu dugu

X. Biltzar Nagusia egingo dugu ekainaren 16 eta 17an Baiona-Miarritzen. Biltzar Nagusiari dagokion prozesuaren baitan, komite exekutiboa osatzeko hautagaitza aurkeztu da. 14 kidek osatutako lantaldea izango da, tartean, eta lehen aldiz, idazkari nagusi baten ordez bi koordinatzaile orokor izendatzea proposatu da. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira taldearen buru izateko aurkezten diren hautagaiak.

Hautagaien izen-abizenak eta kargua, argazkiaren ezkerretik eskubira:

-MAIDER JAUREGI SARASOLA. Komunikazio arduraduna

-OIHANA LOPETEGI ARANGUREN. Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduraduna

-KRIS GETE ETXEBERRIA. Industria Federazioko arduraduna

-DABID LIZARRALDE PALACIOS. Eraketa bokalia

-MADDALEN DORADOR RUBIO. Zerbitzu Pribatuetako Federazioko arduraduna

-ARGITXU DUFAU BERHO. Ipar Euskal Herriko bokalia

-IGOR ARROYO LEATXE. Koordinatzaile orokorra

-GARBIÑE ARANBURU IRAZUSTA. Koordinatzaile orokorra

-ENDIKA PEREZ GOMEZ. Ekintza Sozialeko arduraduna

-XABIER UGARTEMENDIA APRAIZ. Zerbitzu Publikoetako Federazioko arduraduna

-IZASKUN GARCIA BORDAGARAI. Antolakuntza arduraduna

-AIORA IMAZ GABILONDO. Parte Hartzea eta Barne Komunikazio arduraduna

-ARANTZA VAZQUEZ RODRIGUEZ. Zeharlerroetako arduraduna

-IMANOL KARRERA TURRILLO. Nafarroako bokalia