2025-12-21
Blog Page 33

LABek borroka sindikalak bultzatzen jarraituko du pribatizazioari aurre egiteko eta arlo publikoa indartzeko

LABek batzarra egin du gaur Gasteizen prekarizazioaren kontrako borroketan murgilduta dauden pribatizatutako sektore eta enpresetako langileekin. Hauek beren egoera partekatu dute, elkartasuna aktibatzeko, elkar babesteko eta guztien artean borrokak indartzeko modua aztertzeko. Ondoren, manifestazioa egin dute, Arabako Foru Aldundiaren aurretik pasatu ostean, udaletxearen aurrean amaitu dena.

Batzarrean parte hartu dutenen artean daude Enviser eta Sacyr-eko langileak. Biak ala biak Gasteizko Udalaren azpikontratak dira, lehenak lorezaintzakoak eta bigarrenak estolderien mantenuaz arduraratzen direnak, eta greban dauden hitzarmen propio eta duina hemen negoziatzeko.

Arabako adinekoen egoitzetako langileek herrialde mailako lehen sektore hitzarmenaren alde egiten ari diren borrokaren berri eman dute, egun pribatua den sektorea publiko bihurtzea duena helburu. Esku-hartze soziala eta aniztasun funtzionaleko langileek sektore publikoko langileekiko ekiparazioa aldarrikatzeko piztu dituzten dinamikez hitz egin dute, publifikazioa dutenak helburu. Anbulantzietako langileek, euren aldetik, publifikazioa eskatzeko dinamika baten berri eman dute, Nafarroan honezkero lortu den zerbait.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko eta Gasteizko Udaleko langileek bi erakundeek dituzten asmo pribatizatzaileen aurre egiteko egiten ari diren borroka azaldu dute. Azkenik, Gazteriaren Foru Erakundekoek, borrokaren bidez zerbitzu publiko hau indartzeko astelehenean lortu zuten akordioaren berri eman dute.

Batzarrean eta argi gelditu da pribatizazioak lan baldintzen prekarizazioa dakarrela eta honi aurre egin behar zaiola borroka sindikalen bitartez, sektore eta enpresa hauetako langileak egiten ari den bezala. Horrekin batera, gaurkoa bezalako ekimenetan elkartzearen beharra azpimarratu dute bertaratutakoak, guztien artean borrokak indartu ditzaketela sinetsita. Hortaz, antzeko ekimenetan sakontzeko asmoa adierazi dute batzarrera bertaratutakoek. Azkenik, lan baldintzak hemen erabakitzearen garrantzia azpimarratu dute, estatalizazioaren aurpegi desberdinek, hitzarmen estatalek zein Estatuak ezarritako mugek, langileen lan baldintzak kaltetzen dituztelako.

Instituzioei interpelazioa

Beste alde batetik, LABeko kideek salatu dute EAJ eta PSEren eskuetan dauden instituzioek pribatizazioa bultzatzen dutela, oinarrizko zerbitzuak eta zaintza lanak negozio bihurtuz. Horrela, batzarra bukatzean mobilizazioa egin dute LABeko kideek langileen lan baldintza duinak exijitzeko eta arlo publikoa indartzeko beharra aldarrikatzeko. Manifestazioa, Foru Aldunditik pasatu ondoren, Gasteizko udaletxe aurrean bukatu da. Bi instituzio hauen asmo pribatizatzaileak salatu ditu LABek, honen inguruan duten ardura azpimarratuz. Sindikatuko ordezkariek gaineratu dute instituziook ez dutela gatazken konponbidean inplikatu nahi. Are gehiago, grebetan gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eskatzen dituztela salatu dute, ondoren, esku berdinetan dagoen Eusko Jaurlaritzak onartzen dituenak, hauek desaktibatzeko asmoz.

Honenbestez, LABek borroka sindikalak bultzatzen jarraituko du, pribatizazioari aurre egiteko eta arlo publikoa indartzeko, baita gaurkoa bezalako ekimenak antolatzen ere, langileak elkartu eta lan baldintzen eta eskubideen defentsan aurrera egiteko.

Langabeziaren jaitsierak gero eta handiagoa den enpleguaren prekarizazioa ezkutatzen du

Langabeziak behera egin du, aurreko urteko ekainarekin alderatuta 3.760 langabetu gutxiago izanik. Halaber, azken hilabetean %1,5eko jaitsiera erregistratu da, eta une honetan 131.619 pertsona daude enplegu-eskatzaileen zerrendetan izena emanda. Uda garaian ohikoa da langabezia jaistea, baina sortu den enplegua oso prekarioa da eta datuek lan-merkatuaren prekarizazio-prozesuan sakontzen ari garela adierazten dute.

Ekainean hilero gertatzen den egoera bat errepikatu da: aldizkako kontratu finkoak dituzten langileen %19,52k euren kontratua eten dute, eta horien artean %77,97 emakumeak* dira. Datu horien atzean ikastetxeetako sukalde garbiketan diharduten emakume* langileak daude, udako hilabeteetan lanik eta kontraturik gabe geratzen direnak. Horren ondorioz, zerbitzu-sektorean 14.650 afiliatu gutxiago zenbatu dira azken hilabetean.

Industrian, datu kezkagarriak agertu dira: azken urtean, 43 pertsona gehiago gehitu dira langabeen zerrendetara eta 300 afiliatu galdu dira sektorean. Gaur jakin dugunez, Tubos Reunidos enpresak 850 langileri eragingo dien Aldi Baterako Enplegu-Erregulazio Espedientea (ABEEE) iragarri du. Hala ere, ABEEEek ez dute berehalako eraginik langabeziaren eta afiliazioaren estatistiketan, eta horrek zaildu egiten du sektorearen benetako egoera neurtzea. Aiaraldea da, besteak beste, ABEEE kopuru handiak jasaten dituen lurraldeetako bat. Testuinguru horrek trantsizio ekosozial baten premia nabarmen uzten du agerian.

Langabeziaren banaketa generoaren arabera aztertuta, emakumeak* dira gehiengoa: langabeen %58,98 emakumeak* dira, eta aurreko enplegurik izan ez duten pertsonen artean, portzentaje hori %67,84ra igotzen da. 25 urtetik gorako langabeen artean, berriz, %78 emakumeak* dira. Datu horiek argi erakusten dute lan-merkatuan genero-arrakala sendoa dagoela oraindik ere.

Pertsona migratuen artean langabeziak behera egin du, baina aurreko enplegurik izan ez dutenen artean 395 pertsona gehiago daude langabezian (%4,92ko igoera). Azken hilabetean 688 langabe gutxiago zenbatu dira, horietatik gehienak zerbitzu-sektorean. Migratu langabetuen %51,58k zerbitzuetan bilatzen dute lana, eta %31,91k ez dute aurreko lan-esperientziarik.

Ekainean 18.102 kontratu gehiago sinatu dira aurreko urteko hil berarekin alderatuta; horietatik %79,54 aldi baterakoak izan dira, udako lan-denboraldiaren ondorioz. Kontratuen %77,56 zerbitzu-sektorean sinatu dira. Guztira, aurreko ekainarekin alderatuta %9,64ko hazkundea izan da kontratazioan (7.079 kontratu gehiago), baina hazkunde hori ez da enplegu egonkor eta duinaren erakusgarri, baizik eta prekarizazioaren adierazle garbia.

2025eko ekainaren amaieran, 1.071.887 pertsona zeuden erregimen orokorrean afiliatuta, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta 13.591 afiliatu gutxiagorekin. Zerbitzu-sektorean izan ezik, gainerako sektoreetan afiliatu kopurua igo da hilabete honetan. Azken urtean, sektore gehienetan izan da igoera (7.550 afiliatu gehiago), industria izan ezik, non 300 langile gutxiago zenbatu baitira. Azken hilabeteetako bilakaera nabarmena izan da eraikuntzan (%3,41eko hazkundea) eta lehen sektorean (%7,55eko hazkundea), eta zerbitzuetan 5.705 afiliatu gehiago daude.

Lan-merkatuak genero eta adinaren araberako aldeak ere azaleratzen ditu: gizonen artean, %77,9k jardunaldi osoko kontratua dute, eta emakumeen* artean portzentaje hori %56,3ra jaisten da. Jardunaldi partzialeko kontratuen kasuan, gizonen %11,5k eta emakumeen* %25,3k dituzte halako kontratuak. Azken urteetan, gainera, 25 eta 50 urte arteko pertsonen afiliazioa gutxitzen ari da, eta joera horrek bereziki emakumeei* eragiten die.

Sortzen ari den enplegua gero eta prekarioagoa da, eta industriaren egoerak kalitatezko lanpostuen galera eragiten du. Hego Euskal Herrian, bi herritarretik batek ez du bizitza duina bermatzeko adinako diru-sarrerarik, enplegua izan arren. Gaurko langabezia datuen atzean, errealitate hori ezkutatuta dago: zerbitzu-sektorean kontratu asko sinatzen dira, baina gehienak aldi baterakoak dira, BBK Live bezalako ekimenek sortzen duten enplegu prekarioaren antzera.

Testuinguru honetan, LAB sindikatuarentzat premiazkoa da Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzea, lan-baldintza duinak bermatzeko funtsezko urrats gisa.

Ikaztegietako MAN enpresako langileek grebari ekin diote

Ikaztegietako MAN enpresako langileak greban izango dira, uztailaren 4ra bitarte, lan baldintza duinak exijitzeko. Enpresa hitzarmenaren negoziazioa eten egin da, eta enpresaren azken eskaintza ez nahikotzat jo zuen langileen batzarrak.

Ondorioz, langileek grebari ekitea erabaki zuten. Enpresak kamioien eta autobusen konponketak egiten ditu, eta langile batzuk gutxieneko zerbitzuak egitera behartu nahi zituen, autobus batzuek garraio publikoarentzat lan egiten dutela argudiatuz. Momentuz, Eusko jaularitzako Lan eta Enplegu Sailak ez ditu dekretatu gutxieneko zerbitzu horiek, eta LABek espero du langile guztien grebarakoi eskubidea bermatuko dela.

LABen ustez, Sidenorrek Israelekin dituen merkataritza-harremanak etetea Euskal Herrian Palestinarekiko dagoen elkartasunaren garaipen bat da

Duela aste batzuk, Sidenorrek Israelgo armadarekin harreman komertzialak zituela jakin zen. Ordutik hona, Sidenorri presioa egiteko hainbat bide ireki dira, bai Euskal Herrian, bai nazioartean ere, eta presio horren ondorioz, Sidenorrek Israelekin dituen merkataritza-harremanak eten dituela adierazi du gaur.

LABek adierazi nahi du adi egongo dela Sidenorren iragarpena bete dadin, eta dei egiten die Confebaski eta CENi norabide berdinean ekiteko, Israelgo gerra-makineriarekiko lankidetza oro bertan behera utziz. Ez du onartuko negozioa egitea genozidio baten kontura.

Joan den ekainaren 25ean, LABen ekimenez, Sidenorreko enpresa batzordearen ezohiko bilera bat deitu zen, eta, horren ondoren, LAB, ELA eta ESK sindikatuek enpresari informazio hori egiazkoa zen argitzea eta Palestinako biztanleriaren genozidioan nahiz haren lurraldearen okupazioan inplikatutako Israelgo edozein enpresa edo erakunderekin lankidetzan aritzeari uzteko konpromisoa hartzea eskatu zioten. Enpresa-batzordearen dei horrekin bat egin zuten Munduko Sindikatuen Federazioak, Portuko Langileen Nazioarteko Kontseiluak (IDC) eta, azkenik, BDS mugimenduak sindikatuekin batera.

Aduana-dokumentazioaren, portu-agintaritzen erregistroen eta kazetaritza-ikerketen bidez lortutako froga sinesgarriek erakusten zuten Sidenorrek, 2024ko abuztutik, gradu militarreko 1.200 tona altzairu baino gehiago esportatu zituela Israel Military Industries enpresarentzat (IMI Systems). Azken bidalketa ZIM Luandak operatutako itsasontziaren bidez egitekoa zen Haifara, eta Bartzelonako portutik uztailaren 1ean abiatzeko programatuta zegoen. IMI Systems Israelgo arlo militar-industrialeko aktore nagusietakoa da da, eta munizio astunen ekoizpenaren erantzule zuzena da, Gazako eta Zisjordaniako biztanleria-dentsitate handiko eremuetan hedatutako artilleria eta sistema blindatuak barne.

Laguntza material horren berri Nazioarteko Justizia Gorteak (CIJ) Hegoafrika Israelen kontra kasuan egindako aurkikuntzen testuinguruan jaso zen. Bertan, Gorteak, 2024ko urtarrilaren 26ko, martxoaren 28ko eta maiatzaren 24ko Behin-behineko Neurrien Aginduetan, zehaztu zuen oinarri onargarri bat dagoela, 1948ko Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioaren arabera. Israel genozidioa diren ekintzak egiten ari dela pentsatzeko. Komeni da azpimarratzea, halaber, Nazioarteko Zigor Gortearen Erromako Estatutuaren 25 (3) (c) artikuluaren arabera, krimen baten laguntzailea edo bultzatzailea den edozein pertsona fisiko edo juridiko — baita krimen hori egiteko baliabideak ematen dituena ere — penalki erantzuletzat jo daiteke.

Loiuko FCC Aqualiako langileek greba mugagabea hasi dute lan baldintzak parekatzea eskatzeko

Bilbao Bizkaiko Ur Partzuergoaren (BBUP) azpikontrata da Loiun kokatuta dagoen FCC Aqualia enpresa, eta 150.000 biztanleri ur-hornidura zerbitzua emateaz arduratzen da Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdean. Langileak euren lan-baldintzak hobetzeko ari dira borrokan, eta greban egon dira ekainaren 4tik. Orain arte, ez dute enpresarekin adostasunik lortu eta gatazkak konpondu gabe jarraitzen duenez, greba mugagabeari ekin diote gaur. Horrela, mobilizazioa egin dute Bilbon, BBUPren egoitzaren aurrean.

LABen antolatuta dauden langile hauek Bakion, Erandion, Gorlizen, Larrabetzun, Leioan, Mungian, Plentzian, Sondikan, Sopelan eta Urdulizen eskaintzen dute ur-hornidura zerbitzua.

BBUPak Bizkaiko lurraldea hiru lotetan banatuta dauka, herrialde osoari zerbitzua bermatzeko, eta horietako batez arduratzen dira Loiuko FCC Aqualiako langileak. Gainontzeko loteetako langileek Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena duten bitartean, Loiuko FCC Aqualiakoek ur zikloaren Espainiako estatuko hitzarmena dute. Ondorioz, bertako langileen lan baldintzak askoz ere okerragoak dira. Soldata taulak konparatuz gero %50eko aldea dago, gutxi gorabehera. Berdina gertatzen da aintzinatasunarekin, aldi baterako ezintasunekin, lizentziekin, jardunaldiarekin, plusekin, eta abar. Horrela, grebalariek beste azpikontratetan lan egiten duten langileek dituzten lan-baldintza berdinak izatea eskatzen dute.

Langileek enpresari lan-baldintzak parekatzea eskatzen diote, lan berdinari baldintza berdinak egokitzea bidezkoa dela iritzita. Aldi berean, BBUPri dei egiten diote gatazka honetan ardura politikoa har dezan eta bitartekari lanetan aritu dadin, 2026an indarrean jarriko den pleguan lan-baldintzak parekatzeko.

Bestalde, langileek salatu dute enpresak ez dituela bete greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak eta, gainera, greba-eskubidea urratu duela. Hori dela eta, salaketa formala aurkeztu dute Lan Ikuskaritzan eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean.

Riderren erregularizazioaren aldeko kanpaina Hego Euskal Herrian lurreratuko du LABek

Kontu partekatuen bidez Glovon eta Uber Eatsen lanean aritu diren langileen erregularizaziorako kanpaina bat abiatu du sindikatuak, RidersxDerechos plataformako beste sindikatuekin batera. Lan-legepeko bihurtzeko prozesuak langile guztiak babes ditzan du helburu kanpainak, haien egoera edozein administratiboa edozein dela ere.

Glovon eta Uber Eatsen kontu partekatuen bidez lanean aritu diren pertsonen erregularizazio administratiborako bideak bilatzeko egitasmo bat jarri da abian. RidersxDerechos plataforma sindikalak, LAB eta IAC sindikatuek, TAS behatokiak, Turba! komunikazio-agentziak eta Luis Creo zinemagileak bat egin dute Riderrak erregularizazioaren alde kanpaina abiarazteko. Hego Euskal Herrian LABek hartuko du bere gain kanpainaren garapena.

Hasieratik lege laboral guztiei aurre egitea erabaki zuten plataforma bidezko banaketa enpresek ondo asko dakite milaka langilek ez duela administrazio baimenik. Kontziente izateaz harago, beren eredua errealitate horretan oinarritu dute, eta errealitate horrek aukera ematen die premia handiena izan duena gehiago estutzeko.

Ondorioz, autonomo izatetik besteren konturako langile izatera pasatzeko unean Glovoren ez-betetzeen aurrean antolatzea beharezkoa da. Izan ere, ez ditu errespetatzen ez antzinatasuna, ez lanaldiaren ehunekoa, ez aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa, eta horrek langileek beren kontratua sinatzeko bete beharko lituzketen baldintzak banan-banan jakinaraztera eta oinarrizko eskubidea eta kopuruak urratzeagatik eskaerak erregistratzera behartzen gaitu. Orain, halaber, premiazkoa da prozesu horretan bazterrean geratuko diren pertsona guztien eskubideak defendatzea ere.

Horregatik, eta justiziazkoa eta legezkoa delako, beharrezkoa da Glovok eta Uber Eatsek iragartzen duten lan-legepeko bihurtzeko prozesuak babesa eman diezaien lan hori gauzatu duten pertsona guztiei, haien administrazio egoera edozein dela ere. Era berean, haien administrazio egoera erregularizatu behar da, lan egindako aldiak aitortuz.

Hori dela eta, web orri bat prestatu da: observa-tas.org/riders-x-regularizacion/. Bertan, modu anonimoan eta konpromisorik gabe, kasuistika ordenatzen lagunduko duten galdera sorta bat planteatzen da, modu eraginkorragoan ekin ahal izateko, hala erabakitzen duten langileak antolatzeko eta laguntzeko.

Sidenorrek ez badie sindikatuon eskaerei erantzuten, LABek enpresaren aurkako neurri gogorrak aktibatuko ditu

LABek Sidenorri eskatu dio argitzeko ea Israelgo industria militarrarentzat lan egiten duen, eta, hala balitz, lehenbailehen hori egiteari utzi eta Israelgo industria militarrarekin harreman oro eteteko. Bi eskari horietakoren bati asteazkena baino lehen erantzun ezean, LABek ekintza sindikala abiaraziko du.

Pasa den astean, hainbat hedabidek jakinarazi zuten Sidenor enpresak Israelgo industria militarrarentzat lan egiten duela. Gertakari horren larritasuna kontuan hartuta, LAB sindikatuak Enpresa Batzordearen ezohiko bilera deitu zuen, bi eskaera egiteko asmoz: alde batetik, argitaratutako informazioa baieztatzea, eta bestetik, Israelgo industria militarrarekin harreman oro etetea.

Hala ere, UGT, CCOO, USO eta ordezkari independenteek uko egin zioten bilera horretan parte hartzeari, adieraziz gai politikoa zela eta ez zela sindikatuen ardura. Ondorioz, LAB, ELA eta ESK sindikatuok baino ez gintzaizkion enpresari zuzendu, eta aipatutako bi eskaerak helarazi genizkion, horiek betetzeko astebeteko epea ezarriz. Epe hori asteazken honetan amaitzen da, eta LABen ustez, enpresak ez badie eskaerei erantzuten, Sidenorren aurkako neurri sindikal sendoak hartzeko unea izango da.

Hedabideetan plazaratutako informazioa egiaztatuko balitz, Sidenor egoera oso larrian legoke, eta nazioarteko legediaren arabera, enpresa genozidio baten konplize izateagatik salatua izateko arriskuan egon liteke.

Sindikatuon ustez, egoera honek ardura etiko eta juridiko zuzena dakar. Batetik, gure konpromiso etikoak Palestinaren aurkako genozidioa salatzera eta genozidioarekin kolaboratzen duten eragileak publikoki salatzera behartzen gaitu. Bestetik, nazioarteko auzitegi batek Israelgo agintarien aurkako prozedura penala abiarazi duela kontuan hartuta, gerra makinaria hornitzen duten enpresek ondorio penalak jasan ditzakete. Horregatik, Sidenorrek ez baditu gure eskaerak betetzen asteazkenerako, ekintza sindikala aktibatuko ditugu. Era berean, gainerako sindikatuei dei egiten diegu elkarlanean aritzeko eta erantzun sendo eta bateratua emateko.

Bestalde, Sidenorrek Israelgo industria militarrarekin harremanak baditu eta horiei eusten badie, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatzen diegu neurriak har ditzatela. Enpresak instituzio publikoengandik jasotzen dituen laguntza ekonomiko guztiak baldintzatu behar dira Sidenorrek bere jarrera zuzendu arte. Genozidio baten kontura negozio egitea ez da zilegi, eta administrazioek ezin dute jarrera horren konplize izan.

Azkenik, LAB sindikatuak dei egiten die langileei eta herritarrei datozen egunetan Sidenorren aurkako mobilizazioetan parte hartzera, enpresari bere erantzukizunak exijitzeko eta genozidioarekin amaitzeko presioa egiteko.

Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko Arabako zerbitzuaren murrizketen aurrean, LABek politika feministak eta zaintza-sistema publikoa eskatzen ditu

Urtebete ere ez da igaro Gizarte Politiketako foru diputatuak, foru gizarte-zerbitzuen antolaketa-egitura modernizatzeko prozesu baten barruan, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko berariazko Arlo bat sortuko zuela iragarri zuenetik.

Sei hilabete ere ez dira pasa, Arlo berri honetako zuzendariak bere kargua hartu zuenetik. Emaitzak ikusten hasi dira, baina ez dira nahi zirenak.

LABek salatzen du Gizarteratze eta Indarkeria Matxistaren Arloko Zuzendariordetza Tekniko berri honen lehen erabakietako bat izan dela aurrekontua % 30 murriztea bere arloak kudeatzen duen zerbitzu baterako, CARMErako, hau da, aldi baterako ostatu-zerbitzurako, babesgabetasun-egoeran dauden indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak* artatzeko, eta murrizketa horrek arriskuan jartzen ditu, bai zerbitzuan eskainitako arreta, bai bertan lan egiten duten profesionalak.

Erabaki horrek gizarte-zerbitzuen kudeaketa-eredu batean sakontzen eta berau sendotzen du, zehazki, indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako* arreta-zerbitzuena, erabat eskasa dena eta aipatutako zerbitzuan ematen ari den egoeratik harago doana.

Nahikoa ez izate horren adibide da EAJ eta PSEk osatutako gobernu-taldeak nahiago duela indarkeria matxista jasaten duten emakumeei* hoteletan egonaldiak ordaintzea arreta emateko foru ostatu-zerbitzuak handitzea baino.

Horregatik, LABek salatu egiten du eredu horren zabarkeria, emakumeenganako* indarkeria betikotzen duelako, eta ez dituelako behar adina baliabide ematen, eta, beraz, artatutako kolektiboaren beharrei erantzutea eragozten duelako. EAJ eta PSEren zaintza-ereduak arduragabekeriaz erantzuten die Araban indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen* beharrei.

Era berean, LABek salatu egiten du pribatizazioan eta, horrekin batera, zerbitzu hauetan lan egiten duten langileen prekarizazioan oinarritutako eredu hau; eta honen kontra dagoela adierazten du. Esku-hartze sozialeko langileak langile publikoak dira.

Honekin lotuta, LABek azalpenak eskatzen ditu murrizketa horri buruz, zergatik egin den, aurrekontuan aldez aurretik jasota zegoen diru hori nora joango den, zerbitzuari zer zentzutan eragingo dion eta zer emakumek* beharko duten eta zer ondorio izango dituen kontratatutako langileengan.

LABek zaintza sistema publiko bat aldarrikatzen du, berriro ere, bizitzak erdigunean jarriko dituena, kasu honetan, indarkeria matxista jasan duten emakumeenak* eta horiek artatzen dituzten langileen bizitzak. Beraz, Arabako Foru Aldundiari konpromiso eta politika feministak exijitzen dio, Arabako lurralde historikoak baliabide publiko nahikoak izan ditzan egiturazkoa den emakumeen* kontrako indarkeriari aurre egiteko baliabide eta politika integralekin.

Prekaritatea ezkutatzeko baliatzen den ke lainoa da absentismoa

Azkenaldian areagotu egin da patronalak elikatzen duen mezu bat: langileak iruzurgileak direla, bajak ez direla benetakoak eta absentismoaren arazoa larriagotzen ari dela. Lan merkatuaren arazo nagusia, ordea, beste bat da: lan eta bizi baldintzen prekaritatea, Hego Euskal Herrian bi herritarretik batek pairatzen duena.

Ipar Hegoa Fundazioak egindako Ikusmiran azterketak absentismo deitzen diotenaren atzean dagoen errealitatea erakusten du. Azterketa horren bidez, fundazioak baieztatu du absentismoa kapitalaren interesak defendatzen dituen patronalak asmatutakoa eta eragindakoa dela, patronala baita istripuen eragile masiboa eta laneko gaitzen sortzaile nagusia. Era berean, eskubideetan murrizketak egiteko edota benetako gaitza den prekaritatea ezkutatzeko baliatzen den ke lainoa da absentismoa.

Azterketak argi uzten du absentismoa patronalak kapitalaren alde erabiltzen duen tresna ideologikoa dela, lan eta bizi baldintzak prekarizatzeko.

Absentismo tasa residuala da: benetan azalpenik gabe lanetik huts egiten duten langileen kopurua ez da esanguratsua. Absentismo deiturikoaren zati handiena, ordea, langileek eskubide gisa erabiltzen dituzten egunak dira: lan osasunari lotutako bajak, gurasotasun baimenak, ordu sindikalak… 2024ko datuen arabera, aldi baterako ezgaitasunek absentismoaren %75 osatzen dute, gurasotasun baimenek %11,7 eta ordu sindikalek %0,4.

Bestalde, aipatzen ez den errealitatea da beste hau: langileek aparteko orduak sartzen dituzte, baina ordu horietako asko ez zaizkie ordaintzen. 2020ko datuen arabera, lan egindako aparteko orduetatik %63,58 ordaindu gabe geratu ziren. Soldatapekoen artean, %26,8k egiten dituzte ordu estrak ordaindu gabe. Horrek patronalari 3.893 langileren soldatak aurreztea dakarkio; beste era batera esanda, banatzen ez duten lanagatik ia 4.000 langilek ez dute gizarte segurantzan kotizatzen.

Lan merkatuaren benetako arazoa ez da absentismoa, prekaritatea baizik. Lan eta bizi baldintzak prekarizatu egiten dira, eta horrek eragiten du osasun arazoak eta lan gatazkak areagotzea. Hego Euskal Herrian bi pertsonatik batek bizi du prekarietate egoera, nahiz eta enplegua izan. Osasun sistema publikoaren murrizketek egoera okertu dute, itxaron zerrendak eta itunpetze sanitarioek zerbitzuaren kalitatea okertzen dute, eta lan gaixotasunek gora egiten dute.

Prebentzio sistemak ez du behar bezala funtzionatzen. Osalanen arabera, 2025eko apirilean lan gaixotasunen igoera %8,8koa izan da. Hala ere, prebentzio zerbitzuek gero eta gutxiago jakinarazten dituzte kasu horiek. Kanpo prebentzio zerbitzuek, zehazki, isilarazi egiten dute lanaren ondoriozko kaltea.

Horrez gain, mutualitateek enpresen interesak babesteko duten rol aktiboa salatu behar da: laneko gaitzak kontingentzia arrunt modura sailkatzen dituzte, langileari kalte eginez. Kontingentzia aldaketa bat eskatzea erabakitzen duen langileak urtebete pasa dezake epaiketan, bere patrikatik mediku eta abokatuak ordainduz, mutualitatearen aparatu juridiko boteretsuaren aurka. Hori da benetako iruzur masiboa: ez langileena, patronal eta mutualitateena baizik.

Presentismoa ere salatu beharra dago: langile askok ez dituzte beren eskubideak erabiltzen, ez dituzte baimenak hartzen edo gaixo egon arren lanera joaten dira, enpresaren errepresaliak saihesteko. Absentismoari buruz hitz egiten den bitartean, presente dagoen errealitate horrek isilpean jarraitzen du, nahiz eta osasunean eta lan harremanetan ondorio larriak izan.

Ipar Hegoak aurkeztutako azterlana, LAB sindikatuak salatzen duen egoerarekin bat dator eta bere aldarrikapenak indartu egiten ditu. Absentismoa ez da soilik langileen huts egitea, baizik eta patronalak erabilitako tresna bat eztabaida kapitalaren interesetara eramateko eta langileen eskubideetan murrizketak egiteko. Tresna ideologikoa ere bada, lan baldintzak prekarizatzeko. Benetako arazoa lan merkatuaren egiturazko prekaritatea da, gure osasuna, bizi baldintzak eta aukerak kaltetu eta arrakalak sakontzen dituena; eta, azkenik, egoera horren atzean erantzukizun politiko argiak daude, baina erabakiak aldatu daitezke eta, hala eginez gero, langileon bizi eta lan baldintzak hobetzeko aukera erreala dago.

Azterketak argi erakusten du absentismo deitzen dioten kontzeptuaren atzean dagoen errealitatea oso bestelakoa dela, esaten denarekin alderatuta. Patronalak sortutako ke laino bat da, langileon eskubideak murrizteko tresna bat, eta enpresen lan osasunaren prebentzioan hutsuneak ezkutatzeko estalkia.