2026-01-14
Blog Page 313

Borrokak eraginkortzeko, sindikalismo berriaren garaia da

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak LAB sindikatuaren 2021-2022 ikasturteko ekintza sindikalari buruzko txostena aurkeztu dute prentsaurrekoan. Kurtso honetan 168 borroka eman dira. Horrela, borrokak %32,28 areagotu dira aurreko txostena oinarri hartuta. Horietatik 94tan, greba presente egon da.

Aranbururen esanetan, ikasturte honetan prezioak igo egin dira, bizitza garestitu egin da eta langileek eta pentsiodunek erosteko ahalmena galdu dute. Langile-klasea pobretu egiten da, eta gobernuek eta erakundeek hartzen dituzten neurriak ez dira nahikoak prekarizazio eta pobretze hori geldiarazteko.

Pandemiaren ondoren eta Ukrainako gerra aitzakiatzat hartuta, fase kapitalista berri batean sartu gara. Munduko ordena berri baterantz goaz eta oligarkiak eta elite ekonomikoak dira munduaren norabidea zehazten dutenak.

2008ko krisian bankuak erreskatatu ziren. Pandemia garaian farmazeutikak aberastu egin dira, eta Europako Funtsak diru publikoa oligopolio energetikoa eta enpresa transnazional handien esku uzteko modu bat dira. Orain, Ukrainako gerra aitzakiatzat hartuta, arma enpresak aberastuko dira.

Diru gehiago bizitzak suntsitzeko, jendearen bizi-baldintzak hobetzeko erabiltzen ez den dirua. Izan ere, nondik aterako da gastu militarra handitzeko dirua? Zerbitzu publikoak desegitetik, pentsio publikoak ahultzea eta pribatizatzetik, gizarte-prestazioak murriztetik edo bultzatu nahi den errenta-itunetik.

Ez dago borondate politikorik beste eredu ekonomiko eta sozial bateranzko eraldaketari ekiteko, ez zaio ekin nahi lanaren banaketari eta aberastasunaren birbanaketari. Soldatak hobetu behar dira eta fiskalitatea aldatu behar da.

Langileoi geratzen zaiguna antolakuntza eta borroka dira. LABentzat, ikasturte honetako lehentasun nagusia mobilizazio-ziklo berri bat aktibatzea beharrezkoa zenaren ideia elikatzea izan da. Gure zeregina borroka horiek antolatzea izan da, grebak eta mobilizazioak ugaritzen laguntzea. Txostenaren datuek berretsi egiten dute borroka sindikalen aktibazio hori errealitate bat dela.

Eta hori egiten ari gara sindikalismo berri bat praktikan jarriz. Sindikalismo horrek langile guztien errealitatea kontuan hartzen du, sindikalismo feminista eginez, gazteen prekaritateari aurre eginez eta arrazakeriaren aurkako sindikalismorako bidea irekiz.

Eta sindikalismo berriak borrokarako estrategiak eta moldeak berritzea dakar. Eraginkortasunean irabazteko eta gatazkak ez luzatzeko.

Ikasturte honetan, nabarmentzekoa da greba eta mobilizazio kopuruak gora egin duela. Patronalek eta erakundeek egiten duten moderaziorako deiak ez du eraginik izan Euskal Herriko langileengan. Krisi-egoera hori ez dugu guk sortu, eta ez dugu onartuko ondorioak langileok pairatzea.

Gorakada horrek joera bat markatzen du. Langileok borrokatzen badugu, beti egiten dugu aurrera. Borroka horiek guztiek zuzeneko eragin positiboak dituzte borrokan ari diren kolektiboetan, eta, zeharka bada ere, langile-kolektibo osoan.

Gatazkak areagotu egin dira, eta hiru ondorio atera daitezke honetatik:

(1) Aberastasuna banatzeko eta bidezko gizarte-eredua eraikitzeko borrokak dira.

Irekita dauden borroka horien guztien bidez bidaltzen diren mezuak oso argiak dira: soldata duinak nahi ditugu, ez dugu enpleguaren malgutasuna eta prekarizazioa bermatuko, ezta lan-harremanetan sortzen diren dualizazioa eta arrakalak ontzat eman ere.

Langileoi presio egiten ari zaigu erosteko ahalmenaren galera onar dezagun, eta erantzuna ezezko biribila izan da. Hona hemen erantzuna: ez dugu ontzat emango KPIaren igoera kontuan hartzen ez duen soldata-igoerarik. Hori da irekita dauden gatazka askotan jokoan dagoen gai nagusietako bat.

Malgutasuna areagotzea ez da lan-harremanak modernizatzea, prekarizatzea baizik. Ez dugu Mercedesek aldarrikatzen duen modernizazio hori nahi. Enpresa horrek, dituen dimentsioekin eta lortzen dituen onurekin, eredu izan beharko luke, eta enplegu duina bermatu.

Mercedeseko langileek badakite zer den malgutasuna eta zer dakarren berarekin, kontziliatzeko ezintasuna eta prekaritatea. Multinazionalak xantaia egiten die langileei eta langileak ez dira kikiltzen, oso argi hitz egiten ari dira, enpresa geldiarazten ari dira.

Eta horretan guztian, sumingarriena eta lotsagarria EAJ-Confebask binomioak gobernatzen dituen erakundeen jarrera da. Urkullu jaunak, xantaia egiten duen multinazional baten egoitzan bertan, prekaritatea onartzeko eskatu digu. Beti enpresen alde, inoiz ez langileen alde.

Dualizazioari eta lan-munduan gertatzen diren arrakalei ezetz esaten ari gara. Horrek azaltzen du sektore feminizatuetan, sektore berrietan, hala nola riderretan edo etxeko langileetan, gatazkak asko areagotu izana.

(2) Borroka-eremuak eta -moduak zabaltzen ari dira.

Esan bezala, atomizazioak eta prekaritateak borroka sindikala zailtzen dute, baina aktibatzea zailagoa den eremuetan ere sortu dira borrokak.

Langile-klasea askotarikoa da, prekarizazioak forma desberdinak hartzen ditu eta aniztasun horrek borroka horietako bakoitzera egokitzea eskatzen du. Borrokak ahalik eta eragin handiena izan dezan, garrantzitsua da sektore edo enpresa bakoitzean biderik egokiena aukeratzea patronalari ahalik eta presio handiena egiteko, bai eta interpelazio politiko instituzionala ere.

(3) Indarren arteko korrelazioak hobetzeko, garrantzitsua da ezberdinen arteko akordioak bilatzea eta aliantzak sortzea.

Interes korporatiboak alde batera utzi behar dira. Guk fronte sozioindikalak artikulatzearen aldeko apustua egin dugu:

• Jakina da hainbat estrategia sindikal daudela. Gure apustua kointzidentziak bilatzea izango da, batu gaitzakeena bilatzea, eta borroka-helburuak partekatzen ditugun lekuetan, gure apustua ahalik eta anitzenak izango diren intersindikalak sortzea izango da.

• Borrokak gizarteratzearen alde egiten dugu, gatazka enpresatik herrira eta eskualdera zabaltzeko eta elkartasuna lantzeko. Gizarte-eragileekin lankidetzan arituz eta borroken elkarguneak bilatuz. Adibidez, Aiaraldean, intersindikalekin eta osasun plataformekin, edo Irizarren gatazka, non gazteen elkartasuna landu den…

“Ikasturte honetan markatu du honezkero datorren ikasturteak ekarriko duena”, amaitu du bere hitzartzea LABeko koordinatzaile nagusiak.

Errepide mozketa bat egin dugu Cementos Rezolaren aurrean borrokaren balioa aldarrikatu eta jazarpen sindikala salatzeko

Cementos Rezolak 6 langile auzitara sartu ditu, “greba eskubidearen gehiegizko erabilera” argudiatuta,  eta bihar epaituko dituzte. Egoera honen aurrean, langileek Añorgako enpresa parean dagoen errepidea moztu dute salaketa moduan.

Bihar osteguna, uztailaren 7an, 09:30ean kontzentrazioa egingo dugu Donostiako epaitegietan, Teresa de Calcuta plazan, auziperatuei babesa erakutsi eta jazarpen sindikala salatzeko.

Bi laneko heriotza egon dira aste honetan

Lehenengoa Bankan (Nafarroa Beherea), astelehenean, hilak 4, gertatu zen. 56 urteko abeltzain bat hil zen gidatzen ari zen traktorea irauli zenean, inguru malkartsu batean. Eta bigarrena Orioko ordainlekutik gertu gertatu zen atzo: Grupo Azkuneko 51 urteko kamioilari bat, eraikuntzarako hormigoia garraiatzen zuena, hil egin zen Orioko ordainlekuaren sarreraren aurreko biribilgunean, gidatzen zuen kamioak biratu, irauli eta lehertu zenean. Azken bi hauekin, gutxienez 44 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Gaur bertan, Zornotzako Aludium enpresako langileek bi ordutako lanuztea eta kontzentrazioa egin dituzte uztailaren 1ean bertan hil zen langilearen heriotza salatzeko.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoen senide eta lankideei.

Urtez urte errepikatzen dira horrelako istripuak. Urtero gertatzen dira istripu hilgarriak traktoreak iraultzeagatik, baina sektorearen egoera, osaera eta beharrak aztertu gabe jarraitzen dute, baita lan-osasunaren arloan ere.  Hau eta sektoreko beste arazo batzuk desagerrarazteko erakundeak inplikatzea era falta da.

Eta zer esanik ez garraioaren sektoreaz. Argi dago, salatu dugun bezala, enplegu- eta lan-baldintzek (erritmo altuek, entrega-epeek, lanaldi luzeek eta abarrek) istripuak, osasun-galerak eta heriotza eragiten dituztela sektoreko langileen artean.

Istripuen arrazoiaj ezagutzen direnean eta horiek saihesteko konponbiderik jartzen ez denean, arduragabekeria politiko argia dago, Iruñea, Gasteiz edo Pabe, Madril edo Paristik beste aldera begira jarraitzen baitute, istripu horien guztien benetako kausetan eragin gabe.

LAB sindikatutik argi dugu, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena ekonomia- eta ekoizpen-irizpideen gainetik. Horretarako, lanean jarraituko dugu lan-istripu hauei eta guztiei erantzuteko, kontzientziazioa eta mobilizazioa baitira bide bakarra.

Akordioa Gipuzkoako ostatuetan greba bezperetan #LortuDugu

Gipuzkoako ostatuetako langileek erakutsitako irmotasunari esker, euren lan baldintzak nabarmenki hobetzea lortu dute. Azken erredakzioa ikustearen zain, gaur, ekainak 5, patronalak baiezkoa eman die langileen eskakizunei.

Soldatei dagokionez, KPIaren igoerak datozen urteetarako (2022-2024) eta gaueko txandaren prezioa %25ean ezartzea lortu da. Bestlade, LAB sindikatuarentzat bereziki garrantzitsua da okerren daudenekiko hobekuntzak egitea. Horrela, pisuetako kamarera deritzenentzat, 7 orduko murrizketa urte bakoitzean eta ratioak ezartzeko obligazioa lortu dira.

Testuari azken ikutuak biharko bileran emango zaizkion arren, greba bertan behera geratzen da. LABentzat zoriontzekoa da langileek erakutsi duten irmotasuna eta batasuna. Beste behin ere, antolakuntza eta borrokaren balioa erakutsiz, lortu dugu!

Mobilizazioa egin dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartarekin Jaurlaritzaren DSBEren proiektua salatzeko

Hainbat sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak batu gara Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean egindako kontzentrazioan proiektua bertan behera uzteko eta 2008ko legea aplikatu dadin eskatzeko. Gainera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako HELn jasotakoa betetzea eskatu dugu eta gaiaren inguruko eztabaida soziala sustatzea. Pobreziaren aurrean, aberastasunaren banaketa aldarrikatuko dugu.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oharra

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak salatu nahi du Eusko Jaurlaritzaren propaganda. Garaipen sozial bezala saltzen dute 2012tik DSBEan mantentzen diren murrizketak, ez baitira 2008ko legea errespetatzen ari.

Pentsioduna ez den pertsona batek 2022an 727,41 euro kobratzen ditu. Aldiz, 2008ko legearekin 1.026 euro kobratuko lituzke. Lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du, 2022an baino zerbait gehiago, baina ez du betetzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera. Gainera, salatu dute bi urteetan etxebizitzaren prestazio osagarria desagertzearen planteamendua. Kriminalizazio neurriak ere bertan behera gelditzeko eskatu dute, horrek bakarrik eskuin muturraren diskurtsoa eta xenofobia elikatzen baititu.

Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestak honela dio: pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik prestazio sistemak 30 pertsona pobreziatik kanpo uzten ditu, 37 pertsona babesatu bai, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen, eta geratzen den %33 soilik ateratzen da pobrezia egoeratik. Beraz, sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago.

Ondorioztatu dute, egungo pobrezia egoera kronifikatu eta jasangarri egiten duen eredua baino, benetako eztabaida beharrezkoa dela modu duinean bizitzeko babes sistema eraikitzeko. Diru sarrerak bermatzeko sistemaren eztabaida marko orokor horren baitan kokatu behar da.

Hori guztia dela eta, hurrengo aldarrikapenak plazaratu dituzte:

  • Proiektua bertan behera uztea.
  • 2008ko legearekiko aplikatzen ari diren murrizketak bertan behera uztea.
  • Karta Sozialaren Pobrezia eta Bazterketa Sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotzen ziren neurriak onartzea, eta talde parlamentarioek neurri horiek defendatzea.
  • Babes sitemaren inguruko benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea irekitzea.

Intersindical Valencianarekin bilera izan dugu bi sindikatuon arteko harremana estutzeko helburuarekin

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Koldo Saenz nazioarteko idazkariak bilera izan dute gaur Valentzian, Intersindical Valencianako ordezkaritza batekin, Beatriu Cardona bozeramailea, Vicent Mauri bozeramaile ohia, Marc Candela, Marco Llerena, Pedro Rovira eta Manel Álamok osatua. Bileran, egun bizi dugun testuinguruaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, sindikalismo soberanista saretzeko eman beharreko pausoak eta bi sindikatuen arteko harremana estutzeaz aritu gara.

Langabeziak behera egin arren, enpleguaren kalitatea da kezka iturri nagusia

Hego Euskal Herrian 2.423 langabetu gutxiago daude ekainean, maiatzean baino %1,7 langabe gutxiago. Lurraldeka, Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia (%2,8 ), ondoren Nafarroan %2,2a jaitsiz.

Gizon eta emakumeen artean ezberdintasunak daude, emakumeen langabezia %0,6 jaitsi den bitartean, gizonezkoena %3,1a jaitsi baita. Aldea 25 urtetik beherakoen kasuan areagotu egiten da. Izan ere, adin tarte honetan emakumezkoen langabeziak %2,9 egin du gora. Egungo sistemaren ezaugarritzearen ondorioz, lan merkatuak emakumea eta gaztea izatea modu bikoitzean zigortzen du, lan baldintza prekarioetara eta langabezia tasa handiagoetara zigortuz.

Maiatzean aldizkako finkoen kontratuak %926 hazi dira urtarrilarekin alderatuta. Dena den, Hego Euskal Herrian aldizkako kontratu finkoak maiatzean sinatu diren kontratuen %20,7a dira (espainiar estatuko %43tik oso urrun). Lanaldiari erreparatuta, urtarriletik maiatza bitarte sinaturiko kontratu partzialak %131 igo dira.

Langabeziak behera egin arren, enpleguaren kalitatea okertzen ari da progresiboki eta etenik gabe, horren adibide garbia dugu kontratu partzialen gorakada. Egoera honi langileok erosahalmenean izaten ari garen galera gehitu behar zaio, oinarrizko produktuak garestitzen ari diren bitartean, soldatak edota pentsioak KPI-aren azpitik eguneratzen ari direlako. INE-k aurreraturiko datuen arabera, ekaineko inflazioa %10,2-koa izango da eta epe ertainean goranzko joerarekin jarraituko du. Honek guztiak langile klase osoari eragiten badio ere, egoera zaurgarrian daudenei modu bortitzagoan eragiten die: emakume migratuak nagusi diren sektore feminizatuetan lan baldintza prekarioak; gazteei zabor-enpleguak aukera bakar gisa salduz, etorkizun duina eraikitzeko aukerak murriztuz; zahartzaroan ere pentsio ez-nahikoekin bizirautera kondenatuz… Espainiako lan erreformak ezegonkortasun forma berriak zabaltzea ekarri du aldizkako kontratu finkoen ugaritzearekin.

Enpleguaren prekarizazioak langileon eta lurralde osoaren pobretzea ere dakar ondorio gisa, aberastasunaren banaketa ez baita modu orekatuan banatzen eta bertako herritarron arteko ezberdintasunak handitzen ditu. Hori dela eta, LAB sindikatuak langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntza eta herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko prestatuago egongo den eredua borrokatzen jarraituko dugu.

Negoziazioan aurrerapausorik egon ezean, sindikatuok beste 4 greba egun deitu ditugu Arabako esku-hartze sozialeko sektorean

Ekainean greba-jardunaldi batzuk egin ondoren, Arabako esku-hartze sozialeko sektorearen parte handi bat mobilizatu dutenak, eta langile guztien haserrea entzun ondoren, gaur, uztailak 4, berriro biltzen gara gatazkaren egungo egoeraren berri emateko.


Grebaren lehen egunean, ekainaren 17an, esku-hartze sozialeko sektoreak Gasteizko Udalean aurkeztutako mozioaren eztabaidara joan ginen. Bertan, udalaren osoko bilkurari eskatu genion, beharrezko finantziazioa berma zedin, AISA patronalak eta sindikatuok sinatzen dugun hitzarmen kolektiboaren aplikazioa bermatuz. Mozioa aho batez onartu zen.


Ekainaren 23an, eta azken greba egunaren ondoren, AISAk negoziazio mahaian jakinarazi zigun ez zuela proposamen berririk, eta berretsi egiten zela greba egunak baino lehenago egindako azken proposamenean. Gaur, berriro ere, sindikatuok patronalari eskatzen diogu hurrengo bilerarako, uztailaren 6rako, behingoz proposamen berri bat aurkez dezala, non sektorearen aldarrikapenak jasotzen diren.


Joan den astean, sindikatuok Emilio Sola diputatuarekin eta bere taldearekin elkartu ginen, eta jaso dugun erantzun bakarra AISAk ematen digun informazioaren kontrakoa da. Beraz, beste behin ere, pilota elkarri pasatzen diote, eta erakundeen eta patronalaren gelditasunaren ondorioak betikoek jasaten dituzte, SEKTOREKO LANGILEEK.


Horregatik, eta gaur egun patronalaren mugimendurik ez dagoenez, sindikatuok iragartzen dugu garaiz eta forman erregistratu ditugula 4 GREBA egun gehiago: uztailaren 14an eta irailaren 13an, 14an eta 15ean.


Sektorearen aldarrikapena argia da: KPIa BAI ala BAI, sektorearen balioa orain aitortu behar da, eta langileen erosteko ahalmena bermatu behar da.

Bi laneko heriotza izan dira bi egunetan

Lehenengoa ekainaren 30ean izan zen, Luiaondon. Furgoneta bateko gidaria trafiko-istripu batean hil zen, antza denez Portugaleteko azoka txikian salmentalanak egin ondoren etxera itzultzen ari zela. Eta bigarrena uztailaren 1ean, Zornotzako
Aludium (garai bateko Alcoan). Makineria mantenuan ari zen azpikontrata bateko langile batek bizia galdu du makina gainera erori zaionean. Azken bi hauekin, gutxienez 42 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoen senide eta lankideei.

Gertatutakoa ez da berria, urtero ditugu honelako lan istripuak. Azpikontratako langileak hil egiten dira lan baldintza kaskarrengatik. Ez dago aitzakiarik hiru lanegunetik behin langile bat hiltzeko. Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena ekonomia- eta ekoizpen-irizpideen gainetik.

Horretarako, lanean jarraituko dugu lan-istripu hauei eta guztiei erantzuteko, kontzientziazioa eta mobilizazioa baitira bide bakarra