2026-01-19
Blog Page 305

Lau greba egun deituko ditugu Gipuzkoako grafikagintzan, ADEGIk blokeatuta duelako negoziazio mahaia

ADEGIk blokeatuta du grafikagintza sektoreko negoziazio-mahaia. Honen aurrean, sektoreko langileok mobilizazioetara eta grebara joatea beste erremediorik ez dugu. Horrela, sektoreko lehen indarra den LABek, lau greba deituko ditu Gipuzkoako grafikagintzan: irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an. Era berean, irailaren 16ean elkarretaratzea egingo du 11:00etan, Tolosako SAM enpresaren aurrean eta 20an Elduaienen, 11:00etan, CORENSOren aurrean.

Azken bilera maiatzean izan zen eta hartan patronalak soldata igoera oso eskasak proposatu zizkigun, eta gainerako edukien inguruan ere, inolako aurrerapenik eskaini gabe.

Hauxe da ADEGIren azken proposamena: 4 urtetako iraupena eta soldatei dagokienez, % 3ko igoera 2022rako; KPIaren igoera 2023rako, % 2ko mugarekin; KPIaren igoera 2024rako, % 1eko mugarekin eta KPIaren igoera 2025erako, % 1eko mugarekin.

Soldata hauek ez dute inondik inora sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzen, are gehiago langileon poltsikoetan bizitzaren garestitzea nabaritzen ari garen honetan.

Horregatik, argi dugu patronala mugitu nahi badugu eta gure hitzarmenean hobekuntzak lortu nahi baditugu, hau da sektore osoa kalera irten eta bizi dugun egoera salatu behar dugun unea. Bestela, inolako hobekuntzarik gabe jarraituko dugu, eta hitzarmena erabat blokeatuta.

Borrokatzeak beti merezi duelako, dei egiten diegu sektoreko langileei greba eta mobilizazioetan parte hartzera.

Jaurlaritza eta Administrazio Publikoak interpelatu ditugu Arabako metalgintzak bizi duen prekaritatearekin amaitzeko

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, bere erantzukizuna bere gain har dezan eskatzeko, bai bere kontratazio-eremuan, bai Arabako metalgintzaren prekaritate-egoeraren aurrean.

Sindikatuok hiru greba egun deitu ditugu Arabako metalgintzan irailaren 21, 22 eta 23rako, sektorea duintzeko eta hitzarmena desblokeatzeko. SEAk urrats ausartak eman behar ditu akordio batera iritsi ahal izateko. Prekaritate-egoera jasanezina da, eta inflazioaren gorakada egoera hori sakontzen ari da.

Horren aurrean, sindikatuon arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Administrazio Publikoek posizionatu behar dute, Arabako metalgintzak diruen lan baldintzak kontutan hartuta: hileko 1400 eurotik beherako soldatak, inguruko metal-lanaldi altuena, subrogazio-eskubiderik gabe, malgutasun handiarekin. Hori guztia 25.000 pertsonari eragiten dien hitzarmen batean.

KPIren araberako igoerak jaso behar dira tauletan zein soldata errealetan, lanaldia nabarmen jaitsi behar da, baja medikoen osagarriak hobetu behar dira, subrogazioa jaso behar da, malgutasuna mugatu behar da eta bizitza erdigunean jarriko duten neurriak hartu behar dira, laneko osasunean eta berdintasunean hobekuntzak egitearekin batera.

Administrazio publikoek hitzarmen hau hobetu dezakete eta hobetu behar dute. Gaur egun, Administrazioek kontratatzen edo azpikontratatzen dituzten lan asko Arabako metalgintzaren baldintzen babespean daude, eta horrek esan nahi du Administrazioak berak, enpresaburu eta patronala den aldetik, baldintza prekarioez baliatzen dela.

Bideragarritasun plan bat eta enpleguari eustea eskatu dugu Navarra sin Fronteras enpresako langile guztientzat

Navarra Sin Fronteras elkarteko zuzendaritzak Enpresa Batzordeari jakinarazi dio enpresaren berehalako itxiera. Horretarako, ehunka mila euro alegatzen ditu 2020tik aurrerako galeretan. LAB sindikatuak 9 ordezkaritik 7 ditu Batzordean, eta enpresari bideragarritasun-plana eskatu dio, baina ixteko erabakia irmoa dela jakinarazi zaio. LABek gizarte-zerbitzuak publifikatzearen alde egiten jarraitzen du, ez dago prest enplegua suntsitzeko, eta, lehen protesta gisa, bihar 12:30ean kontzentratuko da Nafarroako Parlamentuaren aitzinean.

Navarra Sin Fronteras elkartea enpresa pribatu bat da, 150 pertsona inguru enplegatzen ditu eta, bertzeak bertze, egoera zaurgarrian dauden pertsonei arreta emateko Administrazioak azpikontrataturiko funtsezko gizarte-zerbitzuak kudeatzen ditu, baita Albernia Enplegu Zentro Berezia ere, desgaitasunen bat duten pertsonei lana ematen diena.

Zuzendaritzak itxieraren berri eman dio Enpresa Batzordeari, eta adierazi du azken urteotan galera ekonomikoak izan dituela. Zehazki, 237.000 € 2021ean eta bertze 216.000 € 2020an; 2022rako, berriz, 500.000 €-ko galera aurreikusi du. LAB sindikatuak ez du ulertzen ahal nola iritsi den enpresa puntu horretara; izan ere, zuzendaritzak ez daki azaltzen arazoaren arrazoi zehatzak. Alegatu dute Administrazioak ez duela nahikoa finantzatu, baina hori ulertzen zaila da, batik bat bertze enpresa batzuk antzeko zerbitzuak inolako arazorik gabe kudeatzen ari direlako.

Milioi askoko galerak izan dira urtetik urtera, eta ez da ikusi egiazko kezkarik edo jarrera proaktiborik, ezta erabaki horren berri emateko eta plantillari aurpegia emateko ere; komunikazioaren erantzukizuna baliabideak kudeatzen dituzten koordinatzaile eta arduradunen esku utzi dute. Ulertezina da.

LABek bideragarritasun-plan bat eskatu du, eta zuzendaritzak erantzun du erabakia irmo hartua dela: enpresak ateak itxiko ditu, baina ez dakite noiz. Administrazio kontratatzaileei jakinarazi diete uko egiten diotela kudeatzen jarraitzeari, eta zerbitzuen kudeaketan eskualdaketa egitea planteatzen dutela.

Nafarroako Gobernuak LAB sindikatuari jakinarazi dio bere asmoa dela kudeaketa ahalik eta azkarren eskualdatzea eta plantilla subrogatzea. Arazoa da plantilla osoa ez dagoela baldintza-agirietara atxikita eta, beraz, langile guztiak ezin direla subrogatu; horregatik, baliteke angile batzuek lana galtzea. Horren aurrean, sindikatu honen aldarrikapena argia da: langileek ez dute arazo hau sortu eta ez dute egoera honen galtzaile izan behar; horregatik, ez dugu onartuko enplegua suntsitzea.

LAB sindikatuak jarraitzen du pentsatzen publifikazioaren alde egin behar dela behingoz eta betiko, modu serio, irmo eta ausartean. Funtsezko gizarte-zerbitzuen kudeaketa pribatizatuz horrelako egoerak gerta daitezen laguntzen baita. Gizarteak kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditu, esku eta interes pribatuen kudeaketatik kanpo. Alde horretatik, LABek bihar, irailaren 13an, elkarretaratzea eginen du 12:30ean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, pribatizazio horiek guztiak bukatzeko eskatzeko.

Autonomoak ezin dira babesik gabe utzi

Irailaren 10ean altueretatik eroritako 44 urteko langilea hil da, zauri larrien ondorioz. LAB sindikatutik gure samina eta gertutasuna eskeini nahi diegu senide, lagun eta gertukoei.

Iturengo etxe bateko horman toldo bat jartzen ari zen langile autonomoa, eta baimendutako altuera bikoiztuz eskuko eskilara bat erabiliaz ari zelarik erorita gertatu zen ezbeharra. Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.   

57 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko, 14 Nafarroan. 8. hildakoa altueretatik erorita. Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Kasu honetan, gainera, langilea autonomoa izanda, lan osasuneko araudiak ez du babesten. Nola liteke autonomoek babes hori ez izatea? Zerk bultzatzen du langile bat beharrezkoak ez diren arriskuak hartu behar izatea, hauek ezagututa ere?

Honekin dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari autonomoak ere babesteko beharrezkoak diren neurriak har ditzan, lan osasuneko protokoloetan langile hauek ere barnebildu ditzan. Autonomoak ezin dira babesik gabe utzi. Lan osasuna bermatzeko, har daitezen neurriak behingoz!

Nafarroako Gobernuari exijitu diogu behar diren neurri guztiak ezartzeko emakume langileen aurkako arrisku-egoera oro saihesteko

IruƱean, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Vianako Printzea kontsulten zentroan egindako elkarretaratzean parte hartu dugu gaur, Osasunbidean gertatutako azken eraso matxista salatzeko.

Joan den astean, Osasunbideko langile batek (Arcasa enpresaren bidez kontratatua zegoen) sexu erasoa jasan zuen. Hori dela eta, dozenaka lagun bildu dira gaur langileari elkartasuna adierazteko eta, aldi berean, indarkeria matxistak berekin dakarren giza eskubideen zapalketa larria salatzeko.

Elkarretaratzea Vianako Printzea kontsulten zentroaren aurrean izan da, eta bertan LABeko ordezkari askok parte hartu dute. LAB sindikatuak emakumeen eta langileen aurkako indarkeria-ekintza guztiak irmoki gaitzesteaz gain, azpimarratu du kasu honetan erasoa are larriagoa dela, ā€œplantillako langile gehienak emakumezkoak direlakoā€. Horregatik, LABeko ordezkariek Nafarroako Gobernuari exijitu diote ā€œbehar diren neurri guztiak ezar ditzala Nafarroako emakume langileen aurkako arrisku-egoera oro saihestekoā€.

Gurekin egitekoa zuen bilerara ez da joan Idoia Mendia

LAB sindikatua, GarbiƱe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta zuzendaritzako kide Oihana Lopetegi eta Endika Perezen eskutik, alde biko bilera egitekoa zen gaur Idoia Mendia sailburuarekin. Bilera hori ez da gauzatu, Mendia andreak agenda arazoak argudiatuz, parte hartzeari uko egin baitio azken unean.

Enplegu eta Lan Saileko beste ordezkari batzuk izan dira LABeko kideak hartu dituztenak, eta haiek, bileran bertan eman diete huts egitearen berri LABeko ordezkariei, sindikatuaren harridura eta haserrerako.

Seriotasun falta eta arinkeria honen aurrean, gertatuak agerian uzten du Mendia andreak gaurkoan argazki soil bat besterik ez zuela bilatzen. LAB ez dago argazki hutsaletarako, langileok behar ditugun proposamenak eztabaidatu eta borrokatzeko baizik.

Gaurko bilera ez du ontzat ematen sindikatuak eta hitzordu berri bat eskatuko du Mendiarekin. Bilera data berria izango denerako proposamenak prest ditu LABek.

Langile bat hil da karretilaz harrapatuta Olaztin, urteko 55. lan heriotza

Eguerdian Olaztiko Camentos Portland Valderribas enpresan langile bat hil da lan istripu batean. 55 urteko langilea zamak eramateko karretila baten harrapatu du momentuz ezagutzen ez diren baldintzetan. 2022ko 55. hildakoa Euskal Herrian eta Nafarroako 12.a, odol isuriak ez du etenik.

Beste laneko heriotza bat, beste famili bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.

Ezagunak dira karretilen erabilpenak sortzen dituen arriskuak eta ezagunagoak arrisku hauek saihesteko ezarri beharreko neurriak. Salatu dugu azken asteotan lan osasunerako txostenak egin bai, baina bertan adierazitako neurriak ez direla aplikatzen. Ezaguna da lantokietako pasabideek margoturik egon behar dutela oinezkoen eta ibilgailuen arteko harrapaketak ekiditeko.  

Ezberdindurik al zeuden? Arau berdinak arautzen du ere beharrezko seinalizazioa eta argitasunaren intentsitatea. Ba al zegoen nahikoa argi? Behar bezala mantendurik dago karretila? Jaso al dute langileek beharrezko formakuntza? Ba al dago lantokian, arrisku altuko aktibitatea izanik, errekurtso prebentiboa dena ikuskatzen? Pasa al dute langileek behar den bezalako lan osasun zaintza? Faktore guzti hauen edo batzuen huts egiteak eragin du langilearen heriotza. Guzti horien kontrola enpresariarena da, beti.

Zergatik ematen da egoera hau? Patronalari merkea ateratzen zaiolako langile baten heriotza eta hauek sortzen duten presio eta segurtasun ezez baliatzen da mozkinak handitzeko. Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik. Patronalaren jokaera hau ahalbidetzeko ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuaren onespena. Izan ere, patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du. Erabaki politiko bat dago honen atzean, azken instantzian Maria Chiviteren erabaki politikoa.

Honela, dei egiten dugu datozen orduetan gehiengo sindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzera, bai senide eta lagunei babesa eskaintzeko eta bai behingoz neurriak har daitezen aldarrikatzeko.

SEAk beste aukera bat galdu du negoziazioa bideratzeko; grebara goaz Arabako metalgintzan

Gaur, irailaren 8an, berriro ere Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea batu da, intersindikalak irailaren 21, 22 eta 23 eguntarako deituta dauden greba egunen aurretik.

Mugimenduak egon diren arren, beti bezala txikiak izan dira. Behin eta berriro errepikatuko dugu SEAk sektoreko grebak ekidin nahi baditu, edukiak ekarri beharko dituela mahaira. Gaur gaurkoz, eta bileretan 4 urte badaramazkigu ere, oraindik ere lan orduen jaitsiera ez dago mahai gainean, Hego Euskal Herriko altuena izan arren. KPIa bera ere ez dago bermatuta hitzarmenaren indarraldiaren bitartean.

Horrenbestez LABen borrokari eutsi behar diogula uste dugu. Bai gure kabuz eta baita intersindikaleko gainontzeko sindikatuekin batera ere dinamikak garatzen jarraituko dugu Arabako metalgintzako langileek behar eta merezi duten hitzarmena posible egin arte. Besteak beste, asteleheanean, irailaren 12an, LABen delegatuen asanblada egingo dugu eta gero, gainontzeko sindikatuekin batera Lakuan Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea burutuko dugu 12:00etan, instituzioen ardura handia delako gai honetan, eta asko egin dezaketelako, adibidez, sektore publikoan kontratatuta dauden metaleko langileen subrogazioa bermatzea.

Inoiz baino gehiago, orain borrokarako garaia da. Soilik sektore mobilizatuak lortuko duelako eros ahalmena galduko ez duen, jardunaldia murriztuko duen, bajen osagarriak hobetuko dituen, subrogazioa bermatuko duen edota berdintasunean aurrera egingo duen hitzarmena. Mahai negoziatzailean hurrengo bilera irailaren 19an egingo da, greben bezperetan.

GarbiƱe Aranburu: “Langileei ezin zaigu esfortzu gehiago eskatu”

LABeko koordinatzaile nagusi GarbiƱe Aranburu Hamaika Telebistan izan da, aktualitateari buruz hitz egiteko. Hainbat gai izan ditu hizpide elkarrizketan, eta, bertan, besteak beste, berretsi du sindikatua ez dela egongo langileen eros ahalmena bermatuko ez duen inolako errenta itunetan.

GarbiƱe Aranbururen hitzetan, “langileei ezin zaigu esfortzu gehiago eskatu. 2011tik langileek eros ahalmenean 6.000 euroko galera izan dugu”. Hala, aberastasunaren bidezko banaketaren eztabaidari ezinbestean ekin behar zaiola nabarmendu du.